Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

48. zk., 2022ko martxoaren 8a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
1112

EBAZPENA, 2022ko otsailaren 17koa, Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioaren zuzendariarena, 656/2017 Errege Dekretua aplikatzeko irizpideak ezartzen dituena, produktu korrosibo eta/edo toxikoen biltegiak ordezteko izapidetzeei dagokienez.

Estatuko Aldizkari Ofizialean, 2017ko uztailaren 25ean, ekainaren 23ko 656/2017 Errege Dekretua argitaratu zen, Produktu Kimikoak Biltegiratzeko Erregelamendua eta horren jarraibide tekniko osagarriak (MIE APQ 0tik 10era) onartzen dituena. Erregelamendu horrek likido korrosiboak eta toxikoak ontzi finkoetan biltegiratzeari buruzko APQ 6 eta APQ 7 jarraibide tekniko osagarriak ematen ditu, hurrenez hurren.

Erregelamenduaren 2. artikuluak ezartzen du erregelamenduaren aplikazio-eremuan daudela lehendik dauden instalazioen moldaketak, eta moldatutako zatiak erregelamendu hori bete behar duela.

Ontzien bizitza erabilgarria mugatua denez, ohikoa da zerbitzuan dauden deposituen ordez antzeko ezaugarriak dituzten beste batzuk jartzea, baina instalazioaren gainerako baldintzak ez aldatzea. Gainera, instalazioa aldatu eta ordezten ez den ontzi batek baino gehiagok osa dezakete; beraz, instalazioan aldatutako zati bakarra fluido korrosiboa edo toxikoa hartzen duen depositua da, eta ontzi horrek bete beharko ditu indarrean dagoen araudiaren aginduak; ez, ordea, instalazioaren gainerako zatiak.

Bestalde, aldaketen definizioari eta aldaketa horiek izapidetzeko garatu beharreko dokumentazioari dagokienez, Erregelamenduak aldaketatzat hartzen du biltegiratze-ahalmenaren handitzea, eta, beraz, arriskua areagotzen duen jarduera oro.

Erregelamenduaren definizioen atalak ez du aldaketa gisa jasotzen ontzi bat antzeko ezaugarriak dituen beste batekin ordezkatzea.

Agente jarduleek hainbat kontsulta egin dituzte deskribatutakoa bezalako ordezkapen bat egin den instalazioei eskatu beharreko dokumentazioari eta baldintzei buruz.

Beraz, Zuzendaritza honetako hiru lurralde-ordezkaritzetan jarduteko irizpide uniformea ezartzeko eta instalazio horietan jarduten duten agenteei, titularrei, teknikariei eta kontrol-erakundeei jakinarazteko, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Dauden ekipoak antzeko ezaugarriak dituzten ekipoengatik ordezkatzen badira, ez hartzea produktu kimikoak biltegiratzeko instalazioaren aldaketatzat.

Bigarrena.– Titularrak edo haren ordezkariak ordezkapen horren berri eman beharko dio Administrazioari, martxan dagoen instalazioari dokumentazioa gehitzeko prozeduraren bidez. Izapidetzean, oharren atalean, depositua ordeztuko den instalazioaren erreferentzia identifikatuko da, eta ordezkapenaren deskripzio-dokumentu bat aurkeztuko da, ontzi berriaren ezaugarriak eta haren balio-bizitza adierazita. Instalazioaren titularrak ontziaren fabrikatzaileak emandako eraikitze-ziurtagiria Administrazioaren eskura edukiko du, instalazioaren gainerako dokumentazioarekin batera.

Hirugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Laugarrena.– Ebazpen honen bidez onartutako irizpidea Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan argitaratzeko agintzea.

Bosgarrena.– Ebazpen hau sinatu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Seigarrena.– Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Industriako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, hala xedatuta baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko otsailaren 17a.

Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioaren zuzendaria,

ZIGOR URQUIAGA URQUIZA.


Azterketa dokumentala