Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

48. zk., 2022ko martxoaren 8a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

ARARTEKOA
1099

EBAZPENA, 2022ko otsailaren 23koa, Arartekoarena. Honen bitartez, prozedura bat iragartzen da, administrazio elektronikoaren eta datuak babestearen arloko arduradun izango den teknikari bat hautatzeko.

Arartekoaren zerbitzuko langileen atxikipena arautzen duen araudian ezarritakoaren arabera (Arartekoa sortu eta arautzeko otsailaren 27ko 3/1985 Legearen 38.etik 40.era bitarteko artikuluak, Ararteko erakundearen antolaketa eta funtzionamendurako araudiaren 30. artikulua eta ezarri beharreko gainerako arauak), Arartekoak aske izendatzen ditu bere zereginak betetzeko beharrezkoak diren aholkulariak eta konfiantzako langileak, merezimendu eta gaitasun irizpideei jarraikiz. Langile horiek aldi baterakoak dira.

Aipatutako araudia betez, Arartekoak prozedura bat iragartzen du hautagaien egokitasuna ebaluatzeko. Ondoren, Arartekoak deialdi honen xede den arloko teknikari arduraduna izendatuko du.

Hona hemen deialdiaren oinarriak:

OINARRIAK

Lehenengoa.– Iragarritako lanpostuaren profila.

Deialdi honen bidez, teknikari bat hautatu nahi da administrazio elektronikoaren eta datuak babestearen arloaz arduratzeko. Funtsean, eginkizun hauek izango ditu:

• Arlo hauetako kexez eta kontsultez arduratzea: administrazio elektronikoa eta datuak babestea, gardentasuna, gobernu ona eta herritarren parte-hartzea, eta ebazpen-proposamenak egitea.

• Gai horiekin zerikusia duten txosten eta azterlan berriak koordinatzea, baita lehendik eginda dauden azterlanen bilakaera aztertzea ere.

• Gizarte Harremanetako, Azterlanetako eta Modernizazioko Zuzendaritzari eta Informatika Zerbitzuari laguntzea, administrazio elektronikoa hedatzeko beharrezkoak diren aplikazioei eta sistemei dagokienez, eta Segurtasun Eskema Nazionala betetzetik eratorritako jarduerei dagokienez.

• Datuak Babesteko ordezkariari gai hauen gainean aholku ematea: tratamendu-jardueren erregistroa; datu pertsonalen tratamenduak legitimatzea; arriskuak aztertzea; eragina ebaluatzea; datuak babestearen arloko kontsultak; baita barruko jarraibide egokiak emateko orduan ere.

Deialdi honek eskatzen duen espezializazio maila kontuan hartuta, aukeratutako pertsonak, administrazioko legeria orokorra eta zuzenbide publikoa ondo ezagutzeaz gain, esperientzia egiaztagarria izan beharko du lehen oinarri honetan zerrendatu diren arloetan, administrazio publikoan edo, egin duen lanbide-jardueran, administrazioari edo erakundeei aholku ematen.

Kategoria horretarako ezarrita dagoen ordainsaria, erakundearen aurrekontuan zehaztuta dago. Arartekoaren webean kontsulta daiteke: www.ararteko.eus.

Bigarrena.– Betekizunak.

Deialdi honetan parte hartu ahal izateko, interesdunek Zuzenbidean lizentziatura edo gradua dutela egiaztatzen duen unibertsitate-titulua izan beharko dute eskabideak aurkezteko epea amaitzen denerako.

Gutxienez bost urteko lan-eskarmentua egiaztatu beharko da lehen oinarrian azaldutako eduki funtzionalarekin bat datozen zereginak betetzen, administrazio publikoan edo, egin duen lanbide-jardueran, administrazioari edo erakundeei aholku ematen.

Hirugarrena.– Merezimenduak.

Merezimenduak frogen bitartez egiaztatu beharko dituzte parte-hartzaileek. Oro har, merezimendu hauek hartuko dira kontuan:

1.– Zuzenbide digitalarekin, datu pertsonalak babestearekin eta/edo informatika-sistemekin lotura duten titulu akademikoak.

2.– Administrazioan egindako ibilbidea: zer lanpostu bete dituzten administrazio publikoetan.

3.– Lanbide-jarduera: administrazio edo erakunde publikoei aholku ematea.

Bai administrazioan egindako ibilbideari, bai lanbide-jarduerari (azken batean, aurretiazko eskarmentua) buruzko merezimenduek zerikusia izan beharko dute Zuzenbide digitalaren, datu pertsonalak babestearen eta informatika-sistemen arloetako zereginekin.

Era berean, bereziki baloratuko da urriaren 1eko 39/2015 Legean (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa) eta hori garatzeko erregelamenduan adierazitako azpiegitura teknologikoak erakunde publikoen eremuan ezartzen izandako eskarmentua.

4.– Zuzenbide digitalarekin, datu pertsonalak babestearekin eta informatika-sistemekin lotura duten prestakuntza-ikastaroak.

5.– Euskararen ezagutza.

6.– Ingelesa eta Europar Batasuneko beste hizkuntza ofizial batzuk jakitea.

Balorazio Batzordeak zenbait irizpide ezarriko ditu merezimendu horiek baloratzeko.

Euskararen eta gainontzeko hizkuntza ofizialen ezagutza egiaztatzeko eta ondoren baloratzeko, Batzordeak dekretu hauetan baliokidetzat hartutako titulu eta ziurtagiriak soilik hartuko ditu kontuan: uztailaren 4ko 187/2017 Dekretua (horren bidez aldatu egiten da Euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliozkotzeko eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren mailekin parekatzeko Dekretua) edo ekainaren 30eko 117/2015 Dekretua (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako lanpostuen hautatze- eta hornitze-prozesuetako hizkuntza-titulu eta -ziurtagirien baliokidetasunari buruzkoa).

Laugarrena.– Eskabideak.

Deialdi honetan parte hartzeko eskabideak, ebazpen honekin batera erantsitako ereduaren arabera, Arartekoaren erregistroan aurkeztuko dira (Vitoria-Gasteizko Prado kaleko 9. zenbakian), edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 16. artikuluan xedatutako moduan, 15 egun balioduneko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Parte hartzeko eskaerari honako hauek erantsiko zaizkio:

1.– Nortasun agiri nazionalaren fotokopia edo, bestela, atzerritarren identifikazio zenbakiarena, pasaportearena edo agiri baliokidearena.

2.– Prozesuan parte hartzeko aukera ematen duen unibertsitate-tituluaren fotokopia eta merezimendu gisa adierazitako tituluena.

3.– Esperientzia egiaztatzeko dokumentazioa, administrazio publikoen alorrekoa eta kasuan-kasuan, lanbide-jarduerari dagokiona.

4.– Prestakuntza-ikastaroen eta euskararen eta atzerriko hizkuntzen ezagutzaren ziurtagiriak.

5.– Curriculum-memoria; bertan idatziz jasoko dira egokitzat jotzen diren inguruabar eta kontu guztiak, batik bat adierazi diren merezimenduak eta burutu diren zereginak.

Bosgarrena.– Balorazio Batzordea.

Arartekoak izendatuko du hautapen-prozesuko Balorazio Batzordea, eta honako kide hauek izango ditu:

Batzordeburua:

• Arartekoaren ondokoa.

Batzordekideak:

• Idazkari nagusia.

• Gizarte Harremanetako, Azterlanetako eta Modernizazioko zuzendaria.

• Deustuko Unibertsitateak izendatutako pertsona bat, ahal bada, «IKT espezialitatea» ikastaroko edo «zuzenbide digitaleko aditua» ikastaroko irakaslea.

• Datuak Babesteko Euskal Bulegoko ordezkari bat.

Batzordeak idazkari-lanak egingo dituen kide bat izendatuko du batzordekideen artean.

Arartekoak, hala badagokio, ordezko batzordekideak izendatuko ditu, eta horiek titularrak ordezkatuko dituzte, baldin eta haiek arrazoi bidez zeregin horri uko egiten badiote, edo eginkizun hori betetzerik ez badaukate.

Batzordearen osaera Arartekoaren web-orrian argitaratuko da.

Batzordekide gehienak bertan ez badaude, ezingo da batzordea osatu, ezta jardun ere. Berdinketarik badago, batzordeburuak izango du kalitateko botoa.

Seigarrena.– Hautapen-prozedura.

Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Balorazio Batzordeak erabakiko du eskatzaileak hautapen-prozedurarako onartu ala baztertuko dituen.

Arartekoaren webgunean (www.ararteko.eus) argitaratuko dira onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko erabakia, baita prozedura honi buruz ondoren egiten diren komunikazio guztiak ere.

Argitaratzen diren jakinarazpen orotan, nortasun agiri nazionalaren, atzerritarren identifikazio zenbakiaren, pasaportearen edo agiri baliokidearen zenbaki osoa bakarrik erabiliko da interesdunak identifikatzeko.

Hasieran baztertutako eskatzaileek hamar egun baliodun izango dituzte balizko zuzenketak edo alegazioak egiteko.

Ondoren, Balorazio Batzordeak erabakiko du eskatzaileak behin betiko onartu ala baztertu, eta lehen hautaketa egingo du, hautagai bakoitzak egiaztatutako merezimenduak baloratuz.

Balorazio Batzordeak hautagai guztiei edo haietako batzuei deitu ahal izango die banakako elkarrizketak egiteko, eta, hala, hautagaien ezagupenetatik eta lan-eskarmentutik, lanpostuko eginkizunak betetzeko zer gaitasun dituzten ondorioztatu ahal izateko. Elkarrizketa horietan, beharrezkotzat jotzen bada, berariazko proba idatzi bat egin dadin eskatu ahal izango da, bete beharreko lanarekin lotutakoa.

Merezimenduak baloratu eta, hala badagokio, banakako elkarrizketak eta probak egin ondoren, Balorazio Batzordeak Arartekoari proposamena egingo dio eta adieraziko ditu iragarri den lanpostua betetzeko egokientzat jotzen dituen pertsonak.

Baldintza egokiak betetzen dituen hautagairik ez dagoela irizten bazaio, lanpostua bete gabetzat jo dadin proposatu ahal izango du Balorazio Batzordeak.

Zazpigarrena.– Izendapena.

Balorazio Batzordeak proposatutako pertsonetatik, Arartekoak libreki izendatuko du hautatutako pertsona. Arartekoak, proposatutako hautagaien egokitasuna baloratzeko, beharrezkotzat jotzen dituen elkarrizketak egingo ditu.

Hilabeteko epean hasi beharko du lanean iragarritako lanpostuan, deialdi hau ebatziko duen Arartekoaren ebazpena jakinarazten zaion egunetik aurrera.

Izendatutako pertsona behin-behineko langilea izango da, eta Langileen Estatutuan eta Legebiltzarreko Administrazioaren Araubide Juridikoan Eusko Legebiltzarreko behin-behineko langileentzat ezarritako araubidea ezarriko zaio.

Berehala lanpostua utzi beharko du Eusko Legebiltzarrak izendatutako Ararteko berriak kargua hartzen duenean.

Arartekoaren zerbitzura funtzionario bat lanean hasten bada, zerbitzu bereziko egoeran geratuko da bere jatorrizko administrazioari dagokionez.

Zortzigarrena.– Datu pertsonalak.

Parte-hartzaileek ematen dituzten datu pertsonalak beraien hautagaitza iragarritako hautapen-prozeduran sartzeko bakarrik erabiliko dira.

Tratamendu horrek oinarri juridiko hau du: kontratu aurreko harremana, non interesduna alderdietako bat baita, Ararteko erakundea sortu eta arautzeko otsailaren 27ko 3/1985 Legearen eta Ararteko erakundearen antolaketa eta funtzionamendurako araudiaren arabera.

Datu pertsonalak helburu jakin baterako biltzen dira; horregatik, helburu hori betetzeko behar den denboran gordeko dira, baita xede horren eta datuen tratamenduaren ondorioz sor daitezkeen erantzukizunak argitzeko ere. Gainera, artxibategiei eta dokumentazioari buruzko araudian ezarritako epeetan gordeko dira.

Interesdunek informazio gehigarria eskatu ahal izango dute, eta, kasuaren arabera, datuetara irispidea izateko, datuak zuzendu edo ezerezteko eskubideak baliatu ahal izango dituzte, edo datuak tratatzeari aurka egiteko, tratamendua mugatzeko edo datuak eramateko eskubideak, Datuak Babesteko ordezkariari helbide honetara idazki bat bidaliz (harremanetarako e-posta: lopd@ararteko.eus) edo Arartekoaren egoitza elektronikoaren bitartez.

Arartekoak datuak babesteko araudia betetzeari buruz, informazio gehiago aurkitu ahal izango dute www.ararteko.eus webean pribatutasun politika kontsultatuz.

Orobat, Datuak Babesteko Euskal Bulegora jo ahal izango dute, beraien datuak babes ditzaten eskatu nahi badute.

Bederatzigarrena.– Inpugnazioak.

Balorazio Batzordearen ebazpenei aurka egin ahal izango zaie, Ararteko erakundean, hamar egun balioduneko epean, horiek argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko otsailaren 23a.

Arartekoa,

MANUEL LEZERTUA RODRÍGUEZ.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala