Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

45. zk., 2022ko martxoaren 3a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
1043

EBAZPENA, 2021eko abenduaren 21ekoa, Justizia zuzendariarena, zeinaren bidez ebazten baita espetxean dauden edo baldintzapeko askatasuna duten zigortuak eta zigor askatasun-gabetzailea etenda duten zigortuak gizarteratzeko eta lan-munduan txertatzeko proiektuetarako dirulaguntza-deialdia.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2021eko irailaren 30eko Aginduaren bidez (2021eko urriaren 19ko EHAA, 208. zk.), espetxean dauden edo baldintzapeko askatasuna duten zigortuak eta zigor askatasun-gabetzailea etenda duten zigortuak gizarteratzeko eta lan-munduan txertatzeko proiektuetarako dirulaguntza-deialdia arautzen duten oinarriak ezarri ziren.

Bigarrena.– Eskabideak aztertu ondoren, eta bat etorriz deialdia egiten duen aginduaren 11. artikuluan aurreikusitakoarekin, balorazio-batzordeak, 2021eko abenduaren 17an bilduta, aurkeztutako laguntza-eskabideak balioztatzeko txosten-proposamena onartu zuen.

Hirugarrena.– Gutxienez 30 puntu lortu dituzten eskabideei dagozkien dirulaguntzen zenbateko teorikoak batu ondoren, baturak aurrekontu-erabilgarritasunaren muga gainditu du, eta, beraz, baietsitako eskabide bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa birdoitu behar izan da.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Justizia Zuzendaritzako titularra da eskatutako dirulaguntzak emateko ala ukatzeko ebazpena emateko eta proiektu bakoitzeko dirulaguntzen zenbatekoak zehazteko organo eskuduna, bat etorriz Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2021eko irailaren 30eko Aginduaren 14. artikuluan xedatutakoarekin (agindu horren bidez egiten da espetxean dauden edo baldintzapeko askatasuna duten zigortuak eta zigor askatasun-gabetzailea etenda duten zigortuak gizarteratzeko eta lan-munduan txertatzeko proiektuetarako dirulaguntza-deialdia).

Bigarrena.– Deialdi-aginduaren 12. artikuluak ezartzen du zer irizpideren arabera balioztatu behar diren aurkeztutako eskabideak, eta xedatzen du dirulaguntza jasotzeko, aipatutako irizpideen arabera, eskabideak 30 puntuko gutxieneko puntuazioa gainditu beharko duela.

Hirugarrena.– Honela ezartzen da hitzez hitz deialdi-aginduaren 13.2 artikuluan balorazio-irizpideetan 30 puntu baino gehiago lortu dituzten eskabideen proiektuei dagokien dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko metodoa:

«a) Eskabideak puntuaziorik altuenetik txikienera antolatuko dira. Eskabideren batek 60 puntu (gehieneko puntuazioa) lortzen baditu, eskatutako dirulaguntza zenbatekoaren ehuneko ehuneko (% 100) dirulaguntza ehuneko teorikoa aplikatuko zaio. Artikulu honen lehen apartatuan adierazitakoaren arabera, kontuan hartu behar da aldez aurretik birdoitu egin behar direla erakundeek eskatutako kopuruak, dirulaguntzarik jaso ezin duten gastuei edo proiektuarekin lotuta ez dauden gastuei dagokienez. Gainerako eskaerei balorazio irizpideetan lortutako puntuen araberako ehuneko proportzionala aplikatuko zaie, hurrenez hurren.

b) Kasu bereziak:

1) Dirulaguntzen zenbateko teoriko guztiak batu eta aurrekontuen diru-zuzkidura gainditzen bada, zenbateko guztiak proportzionalki egokituko dira, eta dirulaguntza teoriko guztiei ehuneko berbera jaitsiko zaie. Ehuneko hori honela kalkulatuko da: diru-zuzkidura zati zenbateko teoriko guztia.

2) Dirulaguntzen zenbateko teoriko guztiak batu eta aurrekontuen diru-zuzkidura ez bada gainditzen, berriz, soberakoa eskabide guztien artean banatuko da proportzionalki, aurreko paragrafoan ezartzen den prozedura berari jarraituta. Horrela kalkulatutako zenbatekoak ezingo du inondik inora gainditu diruz lagun daitekeen gastuaren ehuneko ehuna (% 100).»

Bestalde, deialdi-aginduaren 13. artikuluko 3. paragrafoan ezartzen denez, proiektu bati gehienez 50.000 euroko dirulaguntza eman ahal izango zaio.

Horregatik guztiagatik, eta deialdia egiten duen aginduaren 11. artikuluan horretarako izendatutako balorazio-batzordeak onartutako balorazio-proposamenaren txostena ikusita, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Dirulaguntzak ematea I. eranskinean zerrendatzen diren erakunde eta proiektuei; bertan adierazten dira zenbatekoak.

Bigarrena.– II. eranskinean zerrendatzen diren dirulaguntza-eskabideak ezestea, kasu bakoitzean adierazitako arrazoiengatik.

Hirugarrena.– Ebazpen hau interesdunei jakinaraztea eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea, deialdi-aginduaren 14. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

Laugarrena.– Dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hurrengo 5 egunetan erakunde onuradunak kontrakoa adierazten ez badu, dirulaguntza onartu egin duela ulertuko da.

Bosgarrena.– Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko Justiziako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 114. eta 115. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko abenduaren 21a.

Justizia zuzendaria,

EUGENIO ARTECHE PALOMAR.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala