Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

29. zk., 2022ko otsailaren 10a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA
693

EBAZPENA, 2022ko urtarrilaren 31koa, Merkataritzako zuzendariarena, zeinaren bidez Donostiako udalerriko «Alde Zaharra» turista-olde handiko gune izendatzen baita 2022. eta 2023. urteetarako.

Aztertu da Donostiako Udalak aurkeztutako proposamena, Donostiako udalerriko «Alde Zaharra» turista-olde handiko gune izendatzekoa merkataritza-ordutegien ondorioetarako. Hauek dira aurrekariak:

Lehenengoa.– 2021eko abenduaren 23an, Donostiako Udalaren Gobernu Batzarrak 2021eko azaroaren 4an hartutako Erabakia aurkeztu zen Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko Gipuzkoako lurralde-bulegoan; erabaki horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegora igorri zen «Alde Zaharra» turista-olde handiko gune izendatzeko proposamena 2022. eta 2023. urteetarako.

Bigarrena.– Proposamenak gune geografiko hauek barne hartzen ditu: Salamanca Pasalekua; Boulevard zumardiaren alde bikoitia; Urgull Mendia, eta Kaiko Pasealekua.

Aztertu da Merkataritza Zuzendaritzak 2022ko urtarrilaren 27an aurkeztutako memoria-proposamena, zeinak jasotzen baitzuen Donostiako udalerriko «Alde Zaharra» turista-olde handiko gune izendatzea 2022. eta 2023. urteetarako; hona hemen kontuan hartu diren zuzenbideko oinarriak:

Lehenengoa.– Merkataritzako zuzendaria da izendapena egiteko organo eskuduna, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 13/2021 Dekretuaren 9.1.a) artikuluaren bidez esleitutako eskumenaren arabera.

Bigarrena.– Merkataritza-ordutegiei buruzko abenduaren 21eko 1/2004 Legeak, Hazkundea, lehiakortasuna eta efizientzia sustatzeko premiazko neurriak onartzen dituen urriaren 15eko 18/2014 Legeak aldatua, bere 5. artikuluko «Ordutegi-araudi berezia duten establezimenduak» 1. zenbakian xedatzen duenez, Espainiako lurralde osoan askatasun osoa izango dute establezimenduek zabalik egongo diren orduak eta egunak erabakitzeko, gehienbat, gozotegi eta okindegiek, plater prestatu, prentsa, erregai eta karburanteen saltokiek, loradendek eta komenientziakoak deiturikoek, baita mugetan, geltokietan, lurreko, itsasoko eta aireko garraiobideetan eta turismo ugariko eremuetan daudenek ere.

Artikulu horren beraren 4. zenbakiak, berriz, honako hau zehazten du; aurreko paragrafoan ezarrita dagoena betetzeko, autonomia erkidegoek, dagozkien udalek proposatuta, euren lurralde-eremuan turista-olde handiko guneak zeintzuk diren zehaztuko dute. Turista-olde handiko gunetzat hartuko dira honako inguruabar hauetakoren bat duten eremuak, izan udalerri osoa, izan haren zati bat:

a) Nahikoa ostatu-plaza eta turismo-establezimendu izatea, kuantitatiboki zein kualitatiboki, edo nahikoa bigarren etxebizitza, ohiko etxebizitzen kopuruarekin alderatuta.

b) Gizadiaren Ondare izendatua izatea edo historia- eta arte-ondarean kultura-intereseko higiezinen bat izatea bertan.

c) Muga-guneen eragin-eremuak izatea edo haien ondoan egotea.

d) Estatu-mailako edo nazioarteko kirol- edo kultura-ekitaldi handiak egitea.

e) Itsas bidaia turistikoak gelditzen diren eta bisitari asko dituzten portuetatik hurbil egotea.

f) Erakargarritasun nagusia erosketa-turismoa duten guneak izatea.

g) Turista-olde handiko gunea izatea justifikatzen duten inguruabar bereziak daudenean.

Zerrendatutako inguruabarrak betetzen badira eta udal interesdunak turista-olde handiko gune izendatzeko egindako proposamenean denbora- edo lurralde-mugarik badago, proposamenean denbora- edo lurralde-muga hori zertan oinarritzen den justifikatu beharko da, merkataritzaren eta turismoaren interesei jarraikiz eta kontsumitzailearen mesedetan. Autonomia-erkidegoaren ustez, murrizketa hori ez badago behar beste justifikatuta, udalerri osoa izendatuko da turista-olde handiko gune urte osorako.

Hirugarrena.– Bestalde, Merkataritza Ordutegiei buruzko 1/2004 Legearen 5. artikuluko 4. zenbakian hau ezartzen du 3. paragrafoan:

«Legerian xedatutako epean edo, horrelakorik ezean, sei hilabeteko epean autonomia-erkidego eskudunak ez badu ebatzi udal interesdunaren eskabidea, udal horrek proposatutako gunea turista-olde handiko gune izendatutakotzat hartuko da».

Laugarrena.– Merkataritza Ordutegiei buruzko 1/2004 Legearen 5.5 artikuluan zera dago jasota: «Nolanahi ere, 100.000 biztanletik gorako udalerrietan, baldin eta aurreko urtean 600.000 ostatu-gau baino gehiago erregistratu badituzte, edo aurreko urtean 400.000 bidaiari baino gehiago izan dituzten itsas-bidaia turistikoekin lan egiten duten portuak badituzte, eremu bat, behintzat, turismo handiko eremutzat joko da, aurreko paragrafoan aurreikusitako irizpideak aplikatuz. Datu estatistiko horiek lortzeko, Estatistikako Institutu Nazionalaren eta Estatuko Portuen Erakundearen argitalpenak erabiliko dira».

Datuok argitaratu eta sei hilabetera, autonomia-erkidego eskudunek aurreko paragrafoan adierazitako baldintzak betetzen dituen udalerrian ez badute izendatu turista-olde handiko gunerik, udalerri osoa halakotzat hartuko da eta merkatariek erabateko askatasuna izango dute establezimenduak urte osoan zehar irekitzeko.»

Bosgarrena.– Azaldutako esparru juridikoaren babesean, kontuan harturik Donostiako udalerriko «Alde Zaharra» guneak betetzen dituela Merkataritza Ordutegiei buruzko abenduaren 21eko 1/2004 Legearen 5.4 artikuluan adierazitako inguruabarrak,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Donostiako udalerriko «Alde Zaharra» turista-olde handiko gune izendatzea 2022. eta 2023. urteetarako, gune hauetara mugatuta: Salamanca Pasalekua; Boulevard zumardiaren alde bikoitia; Urgull Mendia eta Kaiko Pasealekua.

Bigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Hirugarrena.– Ebazpen honek ez du administrazio-bidea agortzen; beraz, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko zaio Eusko Jaurlaritzaren Turismo eta Merkataritzako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko urtarrilaren 31.

Merkataritzako zuzendaria,

MARÍA ELENA MORENO ZALDIBAR.


Azterketa dokumentala