Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

21. zk., 2022ko urtarrilaren 31, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
503

EBAZPENA, 2021eko abenduaren 14koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez egiten baita Nerbioi ibaiaren ertzeko parkearen proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena. Proiektu hori Bilbao Ría 2000 sozietateak sustatu du, Barakaldon.

AURREKARIAK

2021eko irailaren 24an, Nerbioi ibaiaren ertzeko parkearen proiektuari (Barakaldon) buruzko eskabidea aurkeztu zuen Barakaldoko Udalak Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, ingurumen-inpaktuari buruzko txostena lortzeko, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren barnean, bat etorriz Ingurumen Ebaluazioari buruzko Legearen (abenduaren 9ko 21/2013 Legea) 45. artikuluarekin eta hurrengoekin.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikulua aplikatuta, 2021eko urriaren 15ean, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait txosten jaso dira, eta haien emaitzak espedientean daude jasota. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion hasiera eman zitzaiola izapideari.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Jarduketa horien emaitza aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; izan ere, horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2.a) artikuluan ezarritakoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egingo zaie arau horren II. eranskinean biltzen diren proiektuei. Barakaldoko Nerbioi ibaiaren ertzeko parkearen proiektua II. eranskin horretako 7.b epigrafean dago jasota: «Urbanizazioetako eremu urbanizatuetatik kanpo kokatutako proiektuak, merkataritza-guneak eta aparkalekuak eraikitzea barnean hartuta, azalean 1 ha baino gehiago hartzen badute».

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-agiria zuzena dela eta bat datorrela indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiekin, ingurumen-inpaktuaren txosten hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, bera baita horretarako eskumena duen organoa, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera. Txosten horretan, proiektuak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren proiektua garatu eta ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuari buruzko txostena egitea Nerbioi ibaiaren ertzeko parkearen proiekturako, Barakaldon, honako hauen arabera:

A) Proiektuaren xedea hiri-parke bat garatzea da, Nerbioi-Ibaizabal itsasadarraren ezkerraldearekin mugakidea den eta gaur egun eraldatuta eta gutxiegi erabilita dagoen eremu bati balioa emateko.

B) Ebazpen honetan, zeinaren bidez Nerbioi ibaiaren ertzeko parkearen proiektuaren (Barakaldon) ingurumen-inpaktuaren txostena egiten baita, proiektuaren ingurumen-dokumentuaren edukia aztertzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideei eta espedientean jasotako txostenei jarraikiz:

1.– Proiektuaren ezaugarriak.

Proiektuaren eremua Barakaldoko udal-mugartean dago, Nerbioi itsasadarraren ezkerraldean, ibaiertzaren mugaren eta Labe Garaien hiribidearen ekialdean dauden eraikinen fatxaden lerrokaduraren artean. Barakaldoko 2003ko apirileko HAPOko Galindo-Ekialdea eremuari dagozkion elementuen aldaketako EQ-1 eta ZV-2 lurzatiek eta RES AL-1, ZV-5, ZV-6, EL-5 eta EL-6 lurzatien inguruak osatzen dute, eta 91.000 m2-tik gorako azalera du.

Proposamenaren arabera, azterketa-eremua zabalagoa da; izan ere, jasotzen dira proiektuaren eraginpeko eremuaren eta hiriaren arteko integrazioarekin eta loturarekin zerikusia duten gaiak ere. Ondorioz, eremua 104.000 m2 ingurukoa da.

Proiektuaren xedea hiri-parke bat garatzea da, itsasadarrarekin mugakidea den eta gaur egun gutxiegi erabilita eta eraldatuta (espezie exotiko inbaditzaile ugari ditu) dagoen eta trenbideen tunelak bitan banatzen duen eremuari balioa emateko. Horretarako, proiektu bat landu da, bateragarri egiteko eremuaren erabilera ludikoa eta jarduketaren xede den eremuaren lehengoratzea eta ingurumen-hobekuntza.

Proiektuak goiko terrazaren eta beheko zabalgunearen artean dagoen haustura ezabatzen du, topografia artifizialarekin, eta itsasadarraren ertza eta Barakaldoko ekialdeko hiri-aurrealdea naturaltasunez lotzea ahalbidetzen du. Hala, aurreikusitako hiri-parkean hiru zerrenda sortzen dira: goialdean, zuhaitz-terraza handi bat, hiria itsasadarraren ikuspegien gainean proiektatzen duena; desnibela konpondu eta sarbideak hartzen dituen berezko basalandarediko hegal bat; eta zelai zabal bat, lorategi-eremuen artean dauden bideak dituena, edozein jardueratarako irekia.

Etorkizuneko parkean aisialdi osasungarriko hainbat jarduera proiektatzen dira, hala nola oinezko eta bizikletentzako ibilbideak, plaza berde bat, patinaje-pista bat, piknikgune bat, hiri-baratzeen gune bat, hainbat jolas-gune, abentura-eremua eta abar.

Horrez gain, dartsenaren hegoaldeko ertzean pabiloi txiki bat egingo da, uretako jarduerekin lotutako hainbat erabilera hartuko dituena, bai eta kafetegi bat, komunak eta aire zabalari lotutako espazio polifuntzional bat ere. Eremu horretan bertan, zurezko egitura bat proiektatu da, «hiri-hondartza» gisa. Egitura horretatik, plataforma flotatzaile batekin lotuko duen pasabide bat abiatzen da, aisialdirako, itsasadarrarekin harreman zuzena izateko.

Dartsenaren mendebaldeko ertzean, RES AL-5, 6 eta 7 lurzatien aurrealdea berriki urbanizatuta dago, eta, beraz, proiektuak errespetatu egiten du haren egungo konfigurazioa, eta haietan esku-hartze txikiren bat baino ez da egingo. Dartsenaren iparraldeko ibaiertzeko bideak ere trazadura finkatzen du, baina itsasadarrarekin duen lotura ibaiertzeko hormigoizko egituraren gainean (harmailak) dauden zurezko gela txikiekin aberasten da, zeina orain ordezkapen-prozesuan baitago.

Dartsenaren iparraldean, ontziratzeko eta lehorreratzeko eremu berri bat eraikitzea aurreikusten da. Gainera, handik gertu, urbanizazio-proposamen bat proiektatu da, proiektuaren eremua Erandiorekin lotuko duen etorkizuneko pasabidearen lehorreratzean oinezkoen eta bizikleten fluxuak behar bezala igarotzeko, baina pasabide hori proiektuaren garapenetik kanpo geratuko da.

Zehazki, jarduketa hauen bidez garatuko da proiektua:

– EQ 1 (SGE) eta ZV-2 (SGZV) lurzatien inguruan dauden berdegune gehienak sasiz garbitzea eta moztea.

– Eraisteak: Konpainia Franko-Belgiarraren zamatokira sartzeko eskailera botatzea eta bide-zoruak eraistea, dagoeneko finkatuta dagoen dartsenaren eremu urbanizatua (RES AL-7, RES AL-6, EL-1, RES AL-5 lurzatien aurrealdea) eta RES AL-10 lurzatiko espaloi urbanizatu finkatuak izan ezik.

– Dauden hiri-elementuak desmuntatzea eta birkokatzea.

– Trenbide-lineako tunelaren taula eta hormak iragazgaiztea.

– Lur-mugimendua: lur-ekarpen handia egin beharko da, trenbide-linearen estalduraren lauzaren goiko aldea lorategiz hornitzeko, ekialdeko aurrealdean ezponda irisgarriak eta landareztatzeko modukoak eratzeko eta estalduraren eta parkearen mendebaldean hiriarekin bat egiten duen tokiaren artean geratzen den espazioa betetzeko.

– Hornidura- eta saneamendu-sareak instalatzea aurreikusitako pabiloirako (komunetarako zein etorkizuneko sukalderako) eta instalatu beharreko komun-modulurako.

– Elektrizitate-, telekomunikazio- eta gas-sarea ezartzea pabiloiraino. Era berean, elektrizitatez hornitzeko sare bat proiektatzen da hiriko komun-moduluraino eta ur-jokoetaraino.

– Areka berdeak eta zerrendak erabiliz drainatze-sare bat sortzea.

– Ureztatzeko sare bat proiektatzea zolatutako bideetan zehar. Sare horretatik ura hornituko da berdeguneak ureztatzeko eta, aldi berean, planteatutako ur-elementuak (jokoak, iturriak, ureztatzeko ahoak) urez hornitzeko.

– Ekipamendurako eraikin edo pabiloi berri bat eraikitzea.

– Oinezkoentzako bideak eta bizikleta-bidea sortzea eta urbanizatzea, baita egoteko guneak ere (abentura-guneak, patinaje-eremuak, etab.).

– Hiri-altzariak jartzea; besteak beste, egurrezko egitura («hiri-hondartza»), pasabidea eta plataforma flotatzailea dartsenaren hegoaldeko ertzean, eta harmailak iparraldeko ertzean.

– Lorezaintza-lanak: beharrezkotzat jo den landare-lurra ekartzea eta hainbat zuhaitz eta zuhaixka espezie landatzea.

2.– Proiektuaren kokapena.

Proiektuaren eremua Barakaldoko udalerriaren ekialdean dago, Nerbioi-Ibaizabal itsasadarraren ezkerraldean, ibaiertzaren eta Bizkaiko Labe Garaien hiribidearen ekialdean dauden eraikinen artean.

Lehen adierazi bezala, eremua hiriaren gainerakoarekin hobeto integratu eta lotzeko jarduketa osagarrien esparrua kontuan hartuta, azterketa-eremuak 104.000 m2-ko azalera du guztira.

Eremuaren azaleraren zatirik handiena itsasadarraren ertzean dagoen zelai edo zabalgune artifizial bati dagokio, zeina iraganean industria-jarduerarako erabiltzen baitzen. Eremua bi zatitan banatuta dago, eta zati horiek ez daude lotuta. Izan ere, trenbidearen tunel-trazadurak hegoaldetik ipar-mendebaldera zeharkatzen du eremu hori. Hego-mendebaldeko muturrean dagoen aldapa handiena Arrontegiko muinoaren ekialdeko hegalean dago. Nerbioi-Ibaizabal itsasadarraren eta Portuko dartsenaren arteko mugan, dagoeneko urbanizatuta dauden eremuak daude (oinezkoentzako pasealekuak eta espaloiak itsasadarraren ertzean, kai-muturra, Konpainia Franko-Belgiarraren zamatokia, etab.).

Hauek dira eremuaren ezaugarri nagusiak:

– Proiektuaren xede den eremua Nerbioi-Ibaizabal itsasadarraren ezkerraldean dago (ur-masa: Nerbioi barnealdea trantsizioa, ES111T068010) eta, ondorioz, eremuaren zati bat Itsas-lehorreko Jabari Publikoaren eta haren zortasun-eremuaren barruan dago.

– EAEko itsasertzaren lurralde-plan sektorialak (LPS) Nerbioi-Ibaizabal ibaiaren ibilgua jasotzen du eremuaren ekialdetik igarotzen den tartean, «Itsasadarrak» kategoriaren barruan. Hala ere, eremua LPS horren aplikaziotik kanpo geratzen da.

– Bilboko itsasadarra bisoi europarraren Bizkaiko Kudeaketa Planaren aplikazio-eremuaren barruan dago (Foru Aldundiaren ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretuak babesten du. Dekretuaren bidez, Bisoi Europarraren –Mustela lutreola (Linnaeus, 1761)– Kudeaketa Plana onartu zen Bizkaiko Lurralde Historikoan, galtzeko arriskuan dagoen espeziea izanik babes-neurri espezifikoak behar baititu). Zonifikazioan, tarte hau hobetu beharreko tarte gisa jaso da.

– Eremuan dagoen landaredia landaredi erruderal-nitrofiloa da. Nabarmentzekoa da espezie exotiko inbaditzaileen ale asko daudela, batez ere Cortaderia selloana, bai eta Buddleja davidii, Fallopia japonica eta Robinia pseudoacacia ere. Arundo donax espeziearen aleak ere aurkitu dira.

– Eremuan ez dago ez naturagune babesturik, ez korridore ekologikorik, ez interes geologikoko lekurik. Halaber, ez dago jasota EAEko naturagune garrantzitsuen katalogo irekian, ez Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetako interes naturalistikoko eremuen zerrendan, ez eta Plan Hidrologikoko Gune Babestuen Erregistroan ere.

– Uholde-arriskuari dagokionez, eremuaren zatirik handiena urpean gera daitezkeen eremuetatik kanpo dago, eremuaren iparraldean izan ezik; izan ere, eremu horren zatirik handienak 500 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskua du, eta, zati txiki batek, 10 eta 100 urteko errepikatze-denborako arriskua. Bilboko itsasadarra, eremuarekin bat datorren zatian, Bilbao-Erandioko Uholde Arrisku Handiko Eremuan (UAHE) dago (ES017-BIZ-12-1).

– Eremuak akuiferoen kutsadurarekiko zaurgarritasun txikia eta oso txikia ditu.

– Proiektua presio antropogeniko handia jasan duen hiri-eremu batean garatuko da, eta eremuko lursail guztiak lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan jasotako kokalekuaren gainean egongo dira; kodea: 48013-00017 (industria-motakoa).

– Konpainia Franko-Belgiarraren 3. zenbakiko mineral-zamatokiak (39.1) interes kulturaleko ondasun deklaratzeko proposamena du.

3.– Balizko inpaktuaren ezaugarriak.

Proiektuaren izaera eta ezaugarriak kontuan hartuta, inpakturik esanguratsuenak obra-fasean sortuko dira. Proiektuaren garapenaren ondoriozko jarduketek honako hauek eragingo dituzte: urbanizazio-obrak itsasadarraren ertzean, jarduketak Itsas-lehorreko Jabari Publikoan (hondartza, pasabidea eta plataforma), lur-mugimenduak, makinen joan-etorriak, etab. Jarduketa horien ondorioz, eragin potentzial nagusiak, ziur aski, honako hauek izango dira: solido esekiak, olioak, koipeak eta abar ekartzearen ondorioz, azaleko uren kalitatearen gaineko eragina; ustekabeko isurketen ondorioz, lurzoruaren eta lurpeko uren kalitatearen gaineko eragina; eta isuri atmosferikoek eta akustikoek herritarrei eragindako eragozpenak.

Garapenak eremuan dagoen landaredi erruderal-nitrofiloa kentzea ekarriko du, eta, horren ordez, belardiak eta zuhaitz- eta zuhaixka-landarediak jarriko dira; hala ere, kontuan izan behar da espezie exotiko inbaditzaile asko daudela, eta horrek sakabanatze-arriskua dakarrela.

Era berean, kontuan hartu beharko dira obrak gauzatzearen ondoriozko arriskuak, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan jasotako lurzoruak daudelako.

Ustiapen-fasean, proiektuaren ondoriozko garapenak ibilguak babesteari eta 10, 100 eta 500 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskuari buruzko araudia bete beharko du.

Proiektuak eragin positiboa izango du hiri-paisaiaren ikuspuntutik (eremu degradatu bat berreskuratzea) eta sozioekonomiaren ikuspuntutik (hiri-egiturari lotutako berdegune handi bat sortzea, herritarren aisia eta atsedena ahalbidetzeko).

Eremuaren eta egin nahi diren jarduketen ezaugarriak kontuan hartuta, eta sustatzaileak proposatutako babes- eta zuzenketa-neurriak, bai eta ingurumen-inpaktuaren txosten honetan bertan agindutakoak ere, aintzat hartuta, ez da aurreikusten ingurunearen aipatutako alderdietan inolako eragin negatiborik izango duenik proiektuak.

Bigarrena.– Ebazpen honetan, zenbait neurri babesle eta zuzentzaile ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri adierazgarririk izan ez dezan eta Nerbioi ibaiaren ertzeko parkearen proiektuaren (Barakaldon) ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egiteko beharrik egon ez dadin; betiere, ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

Neurri babesle eta zuzentzaileak gauzatzean, honako hauetan ezarritakoa bete beharko da: indarrean dagoen araudian xedatutakoa, hurrengo apartuetan adierazitakoa, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren aurrean aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa.

Bestalde, neurriak eta kontrolerako langile kopurua nahikoak izango dira ingurumen-agirian finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-txosten honek finkatzen dituenak bermatzeko.

Neurri horiek guztiak obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, jardunbide egokiak ezarriko dira obretan.

Ondoko apartatu hauetan adierazten diren neurriak gehitu beharko dira:

– Urak babesteko neurriak.

Uraren arloan eskumena duten organoek ezarriko dutena errespetatuta, itsas-lehorreko jabari publikoan eta horren babes-zortasunetan eragina duten obretarako, eta euri-urak isurtzeko baimenari dagokionez, babes- eta zuzenketa-neurri hauek hartu beharko dira:

• Oro har, eraikuntza-fasean, sistema hidrologikoa eraldatzea saihestuko da, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, eta drainatze-sarera ahalik eta material xehe eta gai kutsatzaile gutxien isuriko dira.

• Ez da pilaketa-eremurik eta obrako instalazio lagungarririk jarriko (batez ere makineria-parkea eta garbigunea) Nerbioi-Ibaizabalen ibilgutik hurbil dauden eremuetan eta errepikatze-denbora desberdinetako uholde-eremuen eraginpeko lekuetan.

• Olioen eta erregaien eraginez lurzorua eta ura ez kutsatzeko, obrako makina-parkerako eta horren mantentze-lanetarako azalera drainatze naturaleko saretik isolatuko da, eta zolata iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema izango ditu. Zolatatik datozen jariatze-urak hidrokarburo-iragazki batera konektatutako kutxatila bateraino bideratuko ditu, urak isuri aurretik tratatzeko. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta tailerreko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako eremuetatik kanpo egin.

• Nerbioi-Ibaizabaleko uretan solido esekiak areagotzen direla detektatuz gero, lan-plataformetako jariatze-urak bideratzeko gailuak eta sedimentuak atxikitzeko sistemak (luzetarako sedimentazio-hesiak, dekantazio-putzuak, etab.) jartzeko beharra baloratuko da obraren inguruan, obren ondorioz kutsatutako urak bertan biltzeko. Gailu horien neurria zehazteko kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoei ongi eusten dietela bermatzeko, eta, dagokionean, gune jakin batean isurtzen dela bermatzeko, betiere uraren parametro fisiko-kimikoak indarrean dagoen araudiaren eta dagokion isurketa-baimenaren araberakoak direla ziurtatuz.

• Hormigoi-upelak jarduketa-eremutik kanpo garbituko dira. Inola ere ez da baimenduko hormigoi-upelen kanaletak garbitzearen ondoriozko hormigoi-esnea lurrera isurtzea; betiere putzu iragazgaitzak egokituko dira horiek biltzeko. Hormigoi-hondakinak kudeatzeko, hondakinak kudeatzeko aurrerago ezartzen diren baldintzak beteko dira.

• Obretan, hidrokarburoak xurgatzeko gai den material espezifikoa eduki beharko da eskura, istripuzko isuri edo jarioren bat gertatuz gero berehala aplikatu ahal izateko.

– Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko neurriak.

Proiektua Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioari buruzko irailaren 30eko 165/2008 Dekretuan jasotako leku batean garatzen da (48013-00017 kodea).

Horren harira, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeari buruzko ekainaren 25eko 4/2015 Legeak 23. artikuluan xedatzen duena betez, arau horretan adierazitako egoeraren bat gertatzen bada, ingurumen-organoak lurzoruaren kalitatearen deklarazioa egin beharko du, aipatutako ekainaren 25eko 4/2015 Legeak araututako prozedurari jarraikiz.

Lurzorua kutsa dezaketen jarduera edo instalazio bat izan zuten eta gaur egun aktibitaterik gabe dauden lurrak mugitzeko jarduketak aipatutako artikuluan adierazitakoan barne daude, eta, horrenbestez, lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpenaren mendean geratzen dira. Era berean, EAEko ingurumen-organoak aurrez onartu beharko du hondeaketa selektiborako plan bat lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpenaren prozeduraren esparruan.

Aurrekoarekin lotuta, urbanizazio-obrak, eta haien artean indusketa-lanak, hondea-lan selektiboen plangintzari men eginez eta lurzoruaren kalitateari buruzko prozedura horretan ezarritako baldintzetan egingo dira, aipatutako lurzorua aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko. Halaber, lurzoruaren kalitateari buruzko Ebazpen horretan ezartzen diren erabilera-mugak beteko dira. Kasu honetan, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 31.2 artikulua aplikatuko da, eta, beraz, lur-mugimenduak egitea ahalbidetzen duten funtsezko lizentziak edo baimenak eman aurretik eman beharko da adierazpena.

Sobera geratutako lurzoruaren kalitatea eremu horietarako aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatu beharko da une oro.

Aurrekoa eragotzi gabe, obrek dirauten bitartean lurra kutsatzen duten jarduerak edo instalazioak izan dituen beste lekurik aurkitzen bada, edo lurzorua kutsatzen duten gaien zantzu argirik bada, ekainaren 25eko 4/2015 Legean kasu horietarako ezarritakoa beteko da.

– Paisaia babesteko eta ukitutako eremuak lehengoratzeko neurriak.

• Proiektuak Ihobek argitaratutako Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburuko irizpideei jarraitzea gomendatzen da.

• Proiektua gauzatzean eragindako gune guztietan egingo dira paisaia integratzeko lanak (aldi baterako pilaketa-eremuak, aldi baterako lurzoru-okupazio guneak, sarbideak, obrako instalazio osagarriak, eta abar).

• Kanpoko landare-espezie inbaditzaileak sartu eta hedatzea hauteman eta saihesteko kontrol-neurriak hartuko dira. Ildo horretan, obrak hasi aurretik, jarduketa-eremuan detektatutako flora inbaditzailea desagerraraziko da. Gainera, jarduketa-eremutik bertatik datorren landare-lurraren kudeaketa bereizia egingo da, zeinak espezie horien propaguluak izan baititzake; zehazki, lur hori ezin izango da landareztatze-lanetarako berrerabili, eta behar bezala kudeatu beharko da. Halaber, landare-estalkia lehengoratzeko lurren jatorria –kanpotik datozenena– kontrolatuko da, eta, ahal dela, ez da erabiliko horrelako espezieek kutsatu ahal izan duten lurrik.

• Erabiltzen diren makina guztiek garbi egon beharko dute, lokatz- edo lur-arrastorik gabe, halakoetan inguruan koka daitezkeen espezie inbaditzaileen propaguluak edo haziak egon baitaitezke.

• Aurrekontuan jasoko da hutsarteak betetzeko eta landareak behin betiko errotzea lortzeko behar diren mantentze-lanetara bideratutako kontu-sail bat, espezie exotiko inbaditzaileen kimuak desagerraraztea barnean dela.

– Kultura-ondarea babesteko neurriak.

• Konpainia Franko-Belgiarraren 3. zenbakiko mineral-zamatokian –kultura-intereseko ondasuntzat deklaratzeko proposatu da– egingo diren esku-hartzeak kontserbaziorako zaharberritzekoak izatea gomendatzen da, Ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduketa babestuei buruzko abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuaren (abenduaren 31ko EHAA, 249. zk.) I. eranskinean definitzen diren moduan.

• Gainera, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoari jarraituz, lurrak mugitzeko obretan arkeologia-izaerako aztarnarik aurkituz gero, berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari, eta azken horrek zehaztuko du zer neurri hartu behar diren.

– Zaraten eta bibrazioen ondorioak minimizatzera zuzendutako neurriak.

• Lanek iraun artean, beharrezkotzat jotzen diren jardunbide egokiak aplikatuko dira, ordutegien mugaketari, obrako makineriaren mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.

• Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

– Hondakinak kudeatzera bideratutako neurriak:

• Sortutako hondakin guztiak Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, karakterizatu egin beharko dira hondakin mota eta helmugarik egokiena zehazteko.

• Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzeari aurrea hartzea sustatu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkeran kudeatu daitezela, hau da: aurrea hartzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.

• Hondakinak kasu honetan baino ezin izango dira ezabatu: behar bezala frogatzen bada horiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela.

• Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

• Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak bi xedapen hauen arabera kudeatuko dira: 105/2008 Errege Dekretua, otsailaren 1ekoa, Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko dena, eta 112/2012 Dekretua, ekainaren 26koa, Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko dena.

• Zabortegira bidali beharreko hondakinak Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuan eta Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea eta betegarriak egikaritzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutakoaren arabera ere kudeatuko dira.

• Soberakinik badago eta betelanerako erabiltzeko badira, otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan zehaztutako baldintzak bete beharko dituzte.

• Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, beren tipologiarengatik, isurketaren baten ondorioz nahastuz gero, arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, Hondakin Toxiko eta Arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

• Sortzen den olio erabilia ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari, industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duenari, jarraituz kudeatu beharko da. Olio erabiliak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

• Gune jakin bat egokituko da aldi batez hondakin arriskutsuak pilatzeko; hala nola, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

– Airearen kutsadura ahalik eta txikiena izateko neurriak:

Airearen kutsadurari dagokionez, ahalegin handia egingo da ahalik eta hauts gutxien sor dadin. Airearen kalitatean ez eragiteko, materialak garraiatzean eta zamalanak egitean honako neurri hauek hartuko dira, atmosferara partikularik ez igortzeko:

• Aldian-aldian, sarbideak garbituko dira, bai eta, atzemandako hauts-emisioen arabera, ureztatuko ere. Sarbideek egoera egokian egon beharko dute beti.

• Ez da hondakinik erreko, ez eta inolako materialik ere.

– Garbiketa eta obra-akabera.

Obra bukatu ondoren, garbiketa zorrotz bat egingo da; proiektuaren eraginpeko eremua batere obra-hondakinik gabe utzi beharko da, eta aldi baterako instalazio guztiak desegingo dira.

– Ingurumen-aholkularitza.

Obra amaitu arte eta horren berme-aldian zehar, obra-zuzendaritzak ingurumenaren, eta oro har, neurri babesle eta zuzentzaileen inguruan kualifikatutako aholkularitza izan beharko du. Baldintza-agiriak gai horiei buruz esleitzen dizkion funtzioen alorrean obra-zuzendaritzak hartu beharreko erabakiek, aldez aurretik, aholkularitza horrek egindako txostena izan beharko dute.

Ingurumen-aholkularitzak, gainera, jardunbide egokien kontrola egingo du obrek irauten bitartean; besteak beste, proiektuko ekintzen eragina egiaztatuko du, bereziki honako hauei dagokienez: lur-mugimenduak, espezie aloktono inbaditzaileak desagerraraztea eta horien sakabanaketa kontrolatzea, azaleko uren kalitatea, hauts- eta zarata-produkzioa, hondakinen kudeaketa eta ondare eraikia.

– Ingurumena zaintzeko programa.

Sustatzaileak proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egiteko aurkeztu duen dokumentazioan aurreikusitakoaren arabera gauzatuko da ingurumena zaintzeko programa.

Hirugarrena.– Lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta betiere ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak planteatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez izanez gero–, ez da aurreikusten ingurumenean eragin negatibo nabarmenik sortuko denik proiektua gauzatzearen ondorioz. Hori dela eta, ez da beharrezkotzat jotzen Nerbioi ibaiaren ertzeko parkearen proiektuari (Barakaldon) ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea.

Laugarrena.– Ebazpen honen edukia Barakaldoko Udalari jakinaraztea.

Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Seigarrena.– Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.4 artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarra galduko du, eta berezko dituen ondorioak sortzeari utziko dio, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean baimenik ematen ez bazaio aipatutako proiektuari. Halako kasuetan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko abenduaren 14a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala