Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

13. zk., 2022ko urtarrilaren 20a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
315

EBAZPENA, 2021eko abenduaren 30ekoa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Amorebieta-Etxanoko Kalbario plazako 2. zenbakiko eraikinaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2021eko urriaren 6an, Amorebieta-Etxanoko Udalak eskabide bat aurkeztu zuen Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, Amorebieta-Etxanoko Kalbario plazako 2. zenbakiko eraikinaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-txosten estrategikoa egin zedin, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, hala nola, Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.

21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, 2021eko azaroaren 17an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Legezko erantzun-epea amaitu, eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumenean ondorio adierazgarriak eragin ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea da helburua; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko.

Amorebieta-Etxanoko Kalbario plazako 2. zenbakiko eraikinaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia (aurrerantzean, Plana) abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean dago; bertan xedatzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela ondorio esanguratsurik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planaren edo programaren gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra dagoela, ingurumenerako ondorio esanguratsuak ekar ditzakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta betetzen dituela indarreko araudian ezarritako alderdiak, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (huraxe baita organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren plana garatzeko, eta ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Amorebieta-Etxanoko Kalbario plazako 2. zenbakiko eraikinaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, baldintza hauen arabera:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Aztertzen ari garen eremuaren indarreko hirigintza-esparrua bat dator Amorebieta-Etxanoko Plangintzako Arau Subsidiarioekin. Arau horiek 1999ko uztailaren 15ean onartu ziren behin betiko (2001eko urtarrilaren 29ko BAO).

Amorebieta-Etxanoko Kalbario plazako 2. zenbakiko eraikinaren HAPBaren xedea honako hau da: «K2- Kalbario 2» esparruaren antolamendu xehatuaren berariazko ezaugarriak zehaztea, eta lurzatiaren lerrokadurak eta sestrak eta bolumenen antolamendua definitzea.

Gaur egun, 1960tik 1963ra bitartean eraikitako eraikin batek okupatzen du Planaren xede den lurzatiaren zati bat. Eraikin horrek beheko solairua, goiko hiru solairu eta estalkipea ditu, eta kontserbazio-egoera kaskarra du. Gaur egun, goiko solairuetan bizitegi-erabilera du, eta merkataritza-erabilerari eusten dio beheko solairu osoan.

Eremua berroneratu nahi da, eraikina osorik birgaituz eta erabilera bakoitzari dagozkion eraikigarritasunak birbanatuz. Solairuetan eta espazioetan bolumenak eta erabilerak berrantolatuz gero, gehienez ere 6 etxebizitza berri lortu ahal izango dira. Birgaitze integral horrek ez du hirigintza-eraikigarritasuna handituko.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Zer neurritan eragiten duen Planak beste plan edo programa batzuetan, baita hierarkizatuta daudenetan ere: Planaren xedea da eraikina osorik birgaitzea eta eraikigarritasunak birbanatzea; beraz, ondorioztatzen da ez duela eragin aipagarririk izango beste plan edo programa batzuetan.

c) Plana egokia ote den ingurumen-arloan garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren irizpideak barnean hartzeko: Plana egokitzat jotzen da garapen jasangarria sustatzeko ingurumen-irizpideak barnean hartzeko. Dagoeneko eraikita dagoen lurzorua hobeto aprobetxatzea dakar. Halaber, etxebizitza berriek energia-aurrezpena eta -efizientzia sustatzeko neurriak har ditzakete barnean.

d) Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak.

e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko nahiz Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.

2.– Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak.

Plan honen jarduketa-eremua Amorebieta-Etxano udalerriaren erdiguneko lurzoru urbanizatuaren azalera batean dago, Kalbario plazaren parean, hego-ekialdeko muturrean. Lurzatiak 249,00 m2-ko azalera du, eta horietatik 225,99 m2 oinplanoan okupatzen dira lehendik dagoen eraikuntzarekin.

Eremua herrigunean eraikita eta kokatuta dago, eta, beraz, ingurumen-balioa urria da. Ondoren, eremuaren ingurumen-ezaugarri nagusiak azalduko ditugu:

– Udalerriko bizitegi-egituran txertatutako eraikina da.

– Eremuan ez dago ez naturagune babesturik, ez korridore ekologikorik, ez interes geologikoko lekurik. Halaber, ez du bat egiten beste katalogo batzuetako eremuekin (ez EAEko naturagune garrantzitsuen katalogo irekiko eremuekin, ez Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetako interes naturalistikoko eremuen zerrendakoekin), ez eta Plan Hidrologikoko Gune Babestuen Erregistroko elementuekin ere. Ez da identifikatzen Batasunaren Intereseko Habitatik, ezta espezie mehatxaturik ere.

– Eremuan dagoen landaredi bakarra etxearen barruko patioan dago eta erruderal nitrofiloa da.

– Ez Planaren eremuan, ez inguruetan, ez dago ibai-ibilgurik.

– Eremuan ez dago kultura-ondareko elementurik.

– Ingurumen-arriskuei dagokienez, 500 urteko errepikatze-denborako uraldiagatiko uholde-arriskua du eremuak. Ibaizabal ibaia, Amorebieta-Etxanotik igarotzean, Ibaizabal ibaia izeneko Uholde Arrisku Handiko Eremuaren (UAHE) parte da (ES017 BIZ-9-2 kodea), eta, Uholde Arriskua Kudeatzeko Planaren 2. zikloaren berrikuspenean eta eguneraketan, III. taldean sailkatzen da: arrisku nabarmeneko UAHEak, uholdeetatik babesteko egiturazko neurriak lehentasun txikiagoarekin behar dituztenak.

– Planaren eremua akuiferoak kutsatzeko arrisku txikikoa da. Era berean, ez dator bat kutsagarriak izan daitezkeen jarduerak izan dituzten lurzoruen inbentarioan sartutako lurzatiekin, eta ez du higadura-arriskurik.

Plana garatzearen ondorio posibleak eraikina birgaitzeko obrei eta urbanizazio-obra txikiei lotuta daude batez ere. Horrenbestez, gerta daitezkeen inpaktuak honako hauen ondorio izango dira: hondakinak sortzea, makinak erabiltzea eta harat-honat ibiltzea, isurketak, zaratak eta abar; horrek azaleko uretan eta lurzoruetan eragina izan dezake isurketa edo jarioen ondorioz, eta, batez ere, herritarrei eragozpenak eragin diezazkieke isuri atmosferiko eta akustikoengatik, hori guztia hiri-eremuan. Alde horretatik, indarrean dagoen legeria eta, bereziki, zarata, hondakin eta isurketei buruzkoa betetzen den guztietan, eraginak, oro har, txikiak eta aldi baterakoak izango dira.

3.– Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri esanguratsurik izan ez dezan eta Amorebieta-Etxanoko Kalbario plazako 2. zenbakiko eraikinaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, baldin eta ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko arauen arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan adierazitakoaren arabera.

Garapen-proiektuak gauzatzean aplikatuko diren neurriak loturik egongo dira obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, induskatutako lurzoruen kontrolarekin, intereseko balio naturalen babesarekin, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin. Planak azkenean onartzen dituen zehaztapenei erantsi beharko zaizkie.

Besteak beste, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek bete beharko dira Planetik eratorritako obrak gauzatzeko:

– Obrako langileek erabili beharreko jardunbide egokien eskuliburua. Alderdi hauei loturiko alderdiak behintzat hartuko ditu barnean: lanaldiak, makineria, isurketen prebentzioa, ahalik eta hauts eta zarata gutxiena sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea, eta abar.

– Obrak, bai eta lurzoruaren okupazioa berekin dakarten jarduera osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio eremuak, makinak gordetzeko guneak, lan txabolak, landare-lurra eta obrako materialak eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak proiektatzerakoan, ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpidea izango da kontuan.

– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: Hondakin eta Zoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorriak barne.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa Arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

Amorebieta-Etxanoko Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak detektatzearen ondoriozko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeari buruzko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

– Kamioiek obrara sartzeko eta handik irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

– Lurzoruaren eta lurpeko uren babesa: neurri prebentibo eta zuzentzaileak ezarriko dira obra-faserako, ustekabeko isuriek eragindako eraginak saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea, eta abar). Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makinen parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan.

– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako zehaztapenetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatutakoa) eta arau osagarrietan ezarritakora. Obrak egunez egingo dira.

– Hargatik eragotzi gabe Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa, obrak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamenduari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

– Jasangarritasuna etxegintzan:«EAEko etxebizitzen eraikuntza eta birgaitze jasangarriaren gida» agirian jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira eraikinen energia-aurrezpena eta efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, arlo hauetan izan beharko dute eragina:

• Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

• Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortzen den energiaren kontsumoa eta/edo sorkuntza murriztea.

• Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.

• Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

• Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

• Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Amorebieta-Etxanoko Kalbario plazako 2. zenbakiko eraikinaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ondorio kaltegarri esanguratsurik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Amorebieta-Etxanoko Udalari.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta Amorebieta-Etxanoko Kalbario plazako 2. zenbakiko eraikinaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartu ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko abenduaren 30a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala