Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

12. zk., 2022ko urtarrilaren 19a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
280

EBAZPENA, 2022ko urtarrilaren 10ekoa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzeko Erakundeak herri-administrazioetako langileen hizkuntza-prestakuntzarako sinatutako kudeaketa gomendioa.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (IVAP) eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzeko Erakundeak (HABE) kudeaketa gomendio hori sinatu dute; beraz, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artíkulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (IVAP) eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzeko Erakundeak (HABE) herri-administrazioetako langileen hizkuntza-prestakuntzarako sinatutako kudeaketa gomendioa. Hitzarmen horren testua honen eranskinean dago jasota.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko urtarrilaren 10a.

IVAPeko zuzendariaren kargua hutsik dagoelako,

(133/2021 Dekretuaren 8.2.f artikulua eta 40/2015 Legearen 13. artikulua).

IVAPeko idazkari nagusia,

FULGENCIO ALEDO AMORÓS.

ERANSKINA
HERRI ARDURALARITZAREN EUSKAL ERAKUNDEAREN (IVAP) ETA HELDUEN ALFABETATZE ETA BERREUSKALDUNTZERAKO ERAKUNDEAREN (HABE) ARTEKO KUDEAKETA-GOMENDIOA, HERRI-ADMINISTRAZIOETAKO LANGILEEN EUSKARA IKASTAROAK BIDERATZEKO
ALDERDIAK:

Alde batetik, Egoitz Laburu Rodríguez, IVAPeko zuzendaria.

Bestetik, Jokin Azkue Arrastoa, HABEko zuzendaria.

ADIERAZI DUTE:

Euskara, Euskal Herriaren berezko hizkuntza, hizkuntza ofiziala da EAEn eta, Autonomia Estatutuaren 6. artikuluaren arabera, eta Autonomia Erkidegoko herritar guztiek dute bi hizkuntzok jakiteko eta erabiltzeko eskubidea. Bestalde, Autonomia Erkidegoko erakunde komunek bi hizkuntzok erabili ahal izatea bermatu beharko dute, ofizial izatea arautuz. Eta horrekin batera, beharrezko neurriak hartu eta baliabideak bideratuko dituzte, euskararen ezagutza ziurtatzeko.

Aipatutako Estatutua garatzeko, azaroaren 24ko 10/1982 Legeak, Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizkoak, gaztelaniaren eta euskararen ofizialtasuna berretsi zuen, bai eta herri-aginteek herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko betebeharra ere.

Betebehar horien artean daude honako hauek: herri-administrazioari atxikitako langileak euskalduntzeko neurriak hartzea, hizkuntza biak ezagutzeko derrigortasuna duten lanpostuak zehaztea eta gainerako lanpostuak lortzeko euskaraz jakitea meritutzat hartzea.

Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizko Legearen xedapenak euskal herri-administrazioen eta horien zerbitzura dauden langileen errealitatera egokitzeko, 1989ko uztailaren 6ko Euskal Funtzio Publikoaren Legeak ezartzen ditu herri-administrazioetan eta jarduera administratiboaren hainbat sektoretan aplikatu beharreko oinarrizko ildoak.

Halaber, Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizko Legea nahiz Euskal funtzio publikoaren Legea garatzeko, hainbat arau eman dira; horien artean, hitzarmen honen xederako, apirilaren 15eko 86/1997 Dekretua, Euskal Autonomia Elkarteko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautuko duena, azpimarratu behar da.

Arau horiek, herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari (IVAP) nahiz Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeari (HABE) esleitzen dizkiete eskumenak.

HABE administrazio-erakunde autonomiadunaren helburuak azaroaren 25eko 29/1983 Legean daude zehaztuta eta, besteak beste, hauexek dira:

Euskara irakastea helduei, eta helduen alfabetatzea eta euskalduntzea sustatzea, Jaurlaritzako hizkuntza-politikaren arloan eskumena duen organoak emandako jarraibideen ildotik.

Berezkoak dituen helburuak lortzeko bideak, moduak eta tresnak aztertzea eta bilatzea.

Ikasmaterialak sortu eta argitaratzea.

Helduak euskaldundu eta alfabetatzeko programak ikastegietan erabiltzea.

Euskaltegiak era daitezen sustatzea, arrazoizko plangintzari jarraikiz eta irizpide soziolinguistikoak kontuan hartuta.

Helduak euskaldundu eta alfabetatzeko lanak egiten dituzten erakunde publiko zein pribatuen aldeko laguntzak ematea, eta plan zehatzak egiteko hitzarmenak izenpetzea.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen erakunde autonomo administratiboaren helburuak uztailaren 27ko 16/1983 Legean, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen Lege Jaurpideei buruzkoan, biltzen dira eta helburu horien artean nabarmenenak, kudeaketa-gomendio honen xedearekin duten loturagatik, honako hauek dira:

Euskararen Erabilera Arauzkotzeko Oinarrizko Legean agintzen dena betez, euskara herri-administrazioan sarraraztea, hedatzea, erabiltzea eta arauzkotzea, baita administrazio-hizkera zehaztea ere.

EAEko Administrazioak eta beste edozein herri-administraziok edo araubide juridikok bere esku utz dezakeen funtzionarioen eta kontratudunen prestakuntza eta hobekuntza.

Halaber, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legeak berariaz esleitzen dizkio hizkuntza-eskakizunak ebaluatu eta egiaztatzeko eskumenak Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari (IVAP):

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak erabakiko ditu kasu bakoitzean beharrezko izango den euskararen jakintza haztatzeko saioen edukia eta nolakoa, eta horiek euskal Administrazio Publiko guztientzat berdinak eta guztiek ezarri beharrekoak izango dira.

Erakunde horretako ordezkari bat izango da epaimahaikide deian eskatutako hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko saioetan. Lanpostuak betetzeko lehiaketak epaitzeko batzordeen osaketan ere, ordezkotza hori, ondorio beretarako, beharrezko izango da.

Euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailekin parekatzeko 297/2010 Dekretuan, azaroaren 9koan, ezarritakoaren arabera, Kultura Sailaren helduei euskara irakasteko oinarrizko curriculumak ezarritako euskara-mailen ziurtagiriek eta IVAPek emandako hizkuntza-eskakizunen ziurtagiriek baliokidetasunak dituzte hala Europako Markoan –eta, maila horien arteko baliokidetasunaren bidez– nola elkarren artean.

Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak (HABE) eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (IVAP) zortzi hitzarmen sinatu dituzte:

Lehen hitzarmena, 1987ko otsailaren 9an sinatu zuten (1988ko martxoaren 10ean eta 1989ko otsailaren 24an berritu), eta EAEko herri-administrazioari atxikitako langileak euskaraz jarduteko gaitzeari buruzkoa zen.

Bigarren hitzarmena 1989ko abenduaren 21ean sinatu zuten eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen (HABE) eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen (IVAP) arteko lankidetza ezartzen zuen, urriaren 17ko 224/1989 Dekretuaren 24. artikuluaren eta Seigarren Xedapen Gehigarriaren arabera, eta zati batean barne hartzen zuen 1987ko otsailaren 9ko hitzarmena (1989ko otsailaren 24an berritua).

Hirugarren hitzarmena erakunde autonomo biek 1999ko ekainaren 22an sinatu zuten, herri-administrazioetako langileak euskalduntzeko.

Laugarren hitzarmena, herri-administrazioetako langileak euskalduntzekoa, erakunde biek 2003ko otsailaren 5ean sinatu zuten, eta 2006ko ekainaren 28ko Addendak aldatu zuen, alegia, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (IVAP) eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak (HABE) herri-administrazioetako langileak euskalduntzeko sinatutako hitzarmena aldatzekoak, eta 2007ko azaroaren 28an sinatu zuten lehen aipatutako hitzarmenaren aldaketa.

Bosgarrena 2010eko abenduaren 14an izenpetu zen eta herri-administrazioetako langileen hizkuntza-prestakuntzarako eta Hizkuntza-gaitasunaren ebaluaketarako kudeaketa-gomendio forma izan du, 2015eko abenduaren 31ra arteko indarraldia izan duelarik.

Seigarrena 2016ko abenduaren 19an izenpetu zen eta herri-administrazioetako langileen hizkuntza-prestakuntzarako kudeaketa-gomendio forma izan du, 2016ko abenduaren 31ra arteko indarraldia izan duelarik.

Zazpigarrena 2017ko urriaren 10ean izenpetu zen eta herri-administrazioetako langileen Hizkuntza-prestakuntzarako kudeaketa-gomendio forma izan du, 2020ko abenduaren 31ra arteko indarraldia izan duelarik.

Azkenik, zortzigarrena 2021eko urtarrilaren 25ean izenpetu zen eta herri-administrazioetako langileen hizkuntza-prestakuntzarako kudeaketa-gomendio forma izan du, eta 2021eko abenduaren 31ra arteko indarraldia.

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11.1 artikuluak esaten duenez, «Administrazioko organoen edo zuzenbide publikoko entitateen eskumeneko jarduera materialak edo teknikoak administrazio bereko edo beste bateko organoen edo entitateen gomendio utz daitezke, jarduera horiek haien eskumenen barruan badaude, eraginkortasunari begira komeni bada, edo jarduera horiek gauzatzeko baliabide tekniko egokirik ez badago».

IVAPek kudeaketa-gomendio honetan aurreikusten diren lan guztiak egiteko behar diren baliabide teknikoak ez dituela eta, ondorioz, bidezkoa dela helburu horretarako baliabideak dituen erakundeari, hau da, HABEri, ematea.

Hori guztia ikusita, IVAP eta HABE honako akordio honetara iritsi dira:

AKORDIOA

Lehenengoa.– EAEko herri-administrazioetako langileei euskara ikastaroak antolatzeko, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen (IVAPen) eskumenekoak diren jarduera material eta teknikoak Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeari (HABEri) kudeaketa-gomendioa ematea.

Bigarrena.– Kudeaketa-gomendio hori burutzeko baldintza zehatzak akordio honen eranskinean jasotzea.

Hirugarrena.– Akordio honen testua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Laugarrena.– Kudeaketa-gomendio honek eragina izango du 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera, beti ere EHAAn argitaratu ondoren, eta 2022ko abenduaren 31ra arte izango du indarra.

Esandakoarekin bat datozela frogatzeko, bi aldeek kudeaketa-gomendio hau izenpetzen dute,

Vitoria-Gasteizen, sinadura digitalaren datan.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen izenean,

EGOITZ LABURU RODRÍGUEZ.

Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen izenean,

JOKIN AZKUE ARRASTOA.

AKORDIOAREN ERANSKINA
GOMENDIOAREN HELBURUA ETA NONDIK NORAKOA

Lehenengoa.– Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluak xedatzen duenaren baitan, HABEk eta IVAPek adostu dute, efikaziaren mesedetan, EAEko herri-administrazioetako langileei euskara ikastaroak antolatzeko, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen eskumenekoak diren jarduera material eta teknikoak Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeari (HABEri) kudeatzeko gomendioa ematea.

Kudeaketa-gomendioa hurrengo arlo honetan gauzatuko da:

Herri-administrazioetako langileentzako euskara ikastaroak antolatzea, bai aurrez aurrekoak eta bai autoikaskuntza bidezkoak ere, hizkuntza-eskakizunetan ezarritako mailak gainditzeko.

Bigarrena.– Kudeaketa-gomendio honen barruko lanak, araubide juridikoak alderdi bakoitzari aitortzen dizkion eskumenak errespetatuz burutuko dira. Beraz, kudeatzeko gomendio horrek ez du esan nahi ez eskumenaren titulartasuna, ez eskumen horretaz baliatzeko funtsezko elementuak, lagatzen direnik.

Hirugarrena.– Herri-administrazioetako langileentzako euskara ikastaroen deialdiak IVAPek egingo ditu, eta berak jaso eta bideratuko ditu parte hartzeko eskariak.

Laugarrena.– Herri-administrazioetako langileentzako euskara ikastaroak bat etorriko dira HABEk homologatzen dituenekin eta IVAPek bere deialdian zehazten dituen moduluekin.

Bosgarrena.– Ikasturtea hasi aurretik IVAPekin euskara ikastaroetara artean joan ez den eskatzailerik balego, HABEk, IVAPen eskariz, behar diren mailaketa probak antolatuko ditu, eskatzaile bakoitza bere mailan taldekatu ahal izateko.

Seigarrena.– Ikasturtearen hasieran herri-administrazioetako langileez osatzen diren berariazko taldeen aurreikuspena aplikazio informatikoan eskura jarriko dio IVAPek HABEri. Aurreikuspen hori batera egingo dute IVAPek eta HABEk, hamahirugarren klausulan ageri den jarraipen-batzordearen baitan; gutxienez, bi erakundeen ordezkari banak parte hartuko du.

Ikasturte bakoitzaren hasieran, IVAPek ikastaroetarako onartu diren herri-langileen zerrenda zehaztua jarriko du HABEren eskueran. Zerrenda horretan, gutxienez, honako datu hauek azalduko dira: izen-abizenak, NAN, ikasiko den euskara-maila eta prestakuntza zein herritan jasoko den. Zerrenda horretan gertatzen diren alten, bajen, eskola-uzteen eta gainerako aldaketen zehaztapen eguneratua izango du ikusgai IVAPek bere aplikazio informatikoan, HABEk kontsulta dezan eta behar diren egokitzapenak egin ditzan.

Zerrenda horretan sartutako herri-langileek, Kudeaketa-gomendio honen ondorioetarako, eskolak hartzen hasten direnetik eskuratzen dute ikasle-izaera.

Ikastaroetarako onartuta dauden baina hainbat arrazoirengatik berariazko ezein taldetan lekurik ez duten ikasleei, matrikula-orria igorriko die IVAPek, bakoitzak bere matrikula kudea dezan euskaltegi publiko edo pribatu homologatu batean. Kasu horretan, euskaltegiari egokituko zaio matrikula-orria behar bezala beteta HABEri igortzea, hark IVAPi bidal diezaion.

Autoikaskuntza sistema hautatzen duten eta baimentzen zaien ikasleak matrikula-orri bidez eskolatuko dira.

Autoikaskuntza modulua onartua duten ikasle horien berri zehatza emango dio IVAPek HABEri ikasturtearen hasieran.

IVAPek matrikula-orriek zehazten dituzten baldintzapeko ikastaro edo moduluak bakarrik onartuko ditu.

Zazpigarrena.– HABEk euskara ikastaroak emateko giza bitartekoak eta baliabide materialak ipiniko ditu.

HABEk ziurtatuko du EAEko herri-administrazioetako langileek osatutako taldeei euskarako eskolak emateaz arduratzen diren irakasleek beharrezko profesionaltasuna eta esperientzia daukatela, kalitateko irakaskuntza ziurtatzeko.

Zortzigarrena.– HABEk ikastaroen ikuskaritza eta jarraipen tekniko-pedagogikoa egingo ditu, bai eta ikasleen bertaratzearen eta aprobetxamenduaren kontrola ere, eta hartara behar diren giza bitartekoak eta baliabide materialak ipiniko ditu. Egoki jotzen denean edo erakunderen batek eskolatutako bere langile baten azalpenak eskatzen dituenean edo beste beharren bat sortzen denean, IVAPek berariazko txostenak eska diezazkioke HABEri. Eginkizun horiek guztiak betetzeko, HABEk beharrezko datuak bildu eta mekanizatuko ditu, eta informazio osagarria prestatu.

Edonola ere, ikasleen ikasprozesuari jarraipena, ahalik eta osoena eta banakakoena, egiteko, IVAP eta HABE koordinatuko dira, beharrezko sistemak eta metodoak garatzeko.

Halaber, ikasleen matrikulen kudeaketari dagokionez, euskaltegiek igorritako matrikula-orriak jaso, aztertu, zuzenarazi hala badagokio, onartuko ditu HABEk eta IVAPi bidaliko dizkio.

Bederatzigarrena.– Kudeaketa-gomendio honen urteko zuzkidura ekonomikoa zehazteko aurreko urteko datuak izango dira oinarria, eta erabiliko den erreferentzia ikasle-orduak izango dira.

Ikasle-ordu horien informazio egokia izateko, ikastaro bakoitzaren hasieran HABEk IVAPi bidaliko dizkio ikasle-ordu nominalak, hau da, ikasle bakoitzaren ikastaro osoko ordu kopurua, matrikula-orrien bidez eskolaratzen diren ikasleen kasuan.

Administrazio taldeetako ikasle bakoitzaren ikasturte osorako orduen aurreikuspena eta ikasle horien eskola-orduen hilez hileko kitapena ere bidaliko dizkio HABEk IVAPi.

Ikasle solte eta administrazio taldeetako ikasleen informazio hori guztia jasotzeko hilero eguneratuko den euskarria zein izango den adostuko dute HABEk eta IVAPek.

Hamargarrena.– HABEk IVAPen eskueran jarriko ditu herri-administrazioetako langileen hileko bertaratzeari eta aprobetxamenduari buruzko datuak. Datuen transmisio elektronikorako egitura eta diseinu egokia duen bide bat ezarriko da, dagozkien aplikazio informatikoen arteko komunikazioa ahalbideratzen duena.

Era berean, HABEk langile guztien eguneko/orduko bertaratzea bidaliko du, modu mekanizatuan eta hilean behin, erakundeek informazio hori laneko bertaratzearen eta gorabehera justifikatuen kontrolari buruzkoarekin erka dezaten.

IVAPeko ikasleen euskalduntzea ordu-kreditu sistema baten menpe dago. Ordu-kreditu hori Agindu batek arautzen du eta betiko urratsen (101...112) sisteman oinarritzen da. IVAPek agindua egokitzen duen arte ikasle bakoitzaren ibilbide formatiboa, mailaketa-proben emaitzak eta beste. HABEren Helduen Euskalduntzearen Oinarriko Curriculumak (HEOC-k) ezartzen dituen mailekin eta horiei zegozkien urratsekin helaraziko zaizkio IVAPi.

Jarraipen-batzordeari egokituko zaio bidalitako informazioa aztertzea eta neurri zuzentzaileak edo hobekuntzakoak proposatzea, bai edukiari dagokionez, bai bidaltze-prozesuari dagokionez.

Hamaikagarrena.– HABEk izendaturiko koordinatzaile bat edo arduradun nagusi bat egongo da gutxienez, HABEren eta IVAPen arteko koordinazioa errazteko. Orobat, lurralde historikoetan ere koordinatzaile bana egongo da, HABEk izendaturik.

Hamabigarrena.– Akordiokideek egoki jotzen dituzten ebaluazio-sistemak adostuko eta abian jarriko dituzte, ikasprozesuan parte hartzen dutenen asebetetze-maila ezagutzeko. Hain zuzen, ikasturtearen amaiera aldera, herri-langileek osatutako taldeetan galdetegi bat banatuko da. Galdetegi horretan, beste neurkizun batzuen artean, oro har, ikastaroarekiko –eta, bereziki, irakasleekiko– duten asebetetze-maila neurtuko da. Horretarako, galdetegiak anonimoak izango dira, baina egin direneko talde zehatzei lotuta joango dira. Horrela, inkestaren emaitzak dagokion euskaltegi edo irakaslearekin lotu ahal izango dira.

Irakasleei buruzko informazioa eta balorazioa garrantzi berezikoa izango da, jarraipen-batzordeak irakasleak hobetzeko neurriak objektibatzeko, eta, puntuazio baxuak badituzte, programan jarraitu behar duten edo ez erabakitzeko.

JARRAIPEN-BATZORDEA

Hamahirugarrena.– Jarraipen-batzorde bat eratuko da, IVAPeko eta HABEko kideek osatua, Kudeaketa-gomendio hau behar bezala kudeatu eta interpretatu ahal izateko, bai eta antolaketa-gaien eta abarren inguruan sor litezkeen arazoak konpontzeko ere. Jarraipen-batzordearen egitekoak honako hauek dira:

– Ikastaro bakoitzaren hasieran eratu daitezkeen herri-langileen berariazko taldeei buruzko aurreikuspena egitea. Horretarako nahikoa izango da bi erakundeetako kide banak, gutxienez, parte hartzea.

– Ikasketa-prozesuak hizkuntza-eskakizunak egiaztatzearen inguruan aztertzea, bien arteko koherentzia bilatuz.

– Jarraipen-batzordeari egokituko zaio irakasleek hobetzeko eta birziklatzeko dituzten benetako beharrizanak aztertzea, bereziki Kudeaketa-gomendio honen mende dagoen ikasleen berariazko ezaugarrietara egokitzeari dagokionez; era berean, batzorde horri dagokio helburu hori lortzera bideratutako ekintzak proposatzea.

– Informazioa elkartrukatzeko prozesuak aztertzea eta antzemandako arazoak konpontzeko neurriak proposatzea.

– Ikasleen gogobetetze-mailari buruzko inkesten emaitzak aztertzea eta identifikatutako hobekuntza-esparruetako hobekuntza-ekintzak proposatzea eta bultzatzea.

– Oro har, kudeaketa-gomendio honetan adostutakoak gauzatzeko orduan sor daitezkeen oztopo eta arazoak aztertu eta konpontzeko bideak proposatzea eta bideratzea.

– Jarraipen-batzorde honek bilerak egingo ditu martxoan, ekainean, irailean eta abenduan, eta, horretaz gain, HABEk edo IVAPek beharrezko jotzen duten guztietan.

Jarraipen-batzorde horrek honako osaera hau izango du:

– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen (IVAP) izenean:

a) IVAPeko Hizkuntza Prestakuntza eta Normalizazio zerbitzuburua.

b) IVAPeko Hizkuntza Prestakuntza arloko arduraduna.

c) IVAPeko Hizkuntza Prestakuntza arloko teknikari bat.

– HABEren izenean:

a) HABEko Kudeaketa Zerbitzuko burua.

b) HABEko Ikuskatzailetza arloko arduraduna.

c) HABEko Ikuskatzailetza arloko teknikari bat.

FINANTZAKETA, ORDAINALDIAK ETA XEDAPEN OROKORRAK.

Hamalaugarrena.– Kudeaketa-gomendio honen jarduerak finantzatzeko IVAPek guztira 3.800.000,00 euro ordainduko dizkio HABEri 2022. urtean herri-administrazioetako langileen euskalduntzeak dakartzan ikasleen matrikula-orriak estaltzeko eta egiturazko gastuetarako. Zenbateko horrek barne hartzen du 200.000 euroko gehigarri bat, COVID-19ak eragindako ikasle-ratio txikiagoa eta autoikaskuntza tutorizatuko ikasle-kopuru handiagoa konpentsatzeko.

Diru-zenbateko horretan sartuko dira kudeaketa-gomendio honen pean HABEk IVAPi emango edo egingo dizkion zerbitzu guztiak.

Hala badagokio, hurrengo urteko talde-orduak eta ikasle-orduak zehazteko, aurreko azaroan aztertuko dute IVAPek eta HABEk, Jarraipen-batzordean bildurik urteko ikasle eta ikastaroen eboluzioa.

Hamabosgarrena.– Urtean hiru ordainaldi berdinetan ordainduko dio IVAPek HABEri, martxoaren, uztailaren eta azaroaren bukaeran. Azaroko ordainketan egingo da, Jarraipen-batzordean adostu ondoren, urteko kitapena.

Gehienez ere, 21 egun naturaleko epea ezartzen da, HABEk faktura aurkezten duenetik hasita, IVAPek datuok EIKA sisteman sar ditzan eta HABEk fakturatutako zenbatekoari dagozkion gastuen kudeaketa-agiria izapidetu dezan.

Faktura horiek lurraldekako gastuak jaso eta erakutsiko dituzte.

Beste aldetik, kudeaketa-gomendio honen aplikaziorako, HABEK 2022ko maiatzaren 1erako eskuratuko dizkio IVAPi 2021. urteko ikasle-orduen datuak, lurraldeka, mailaka, moduluka eta euskaltegika, IVAPek datu base egokia sor dezan.

Hamaseigarrena.– Kudeaketa-gomendio honen egikaritzea ondorengo arauak betez burutuko da: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzkoa eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko den abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa.

Gomendioa egiten duen erakundea (IVAP) datuen tratamenduko Arduraduna izango da, eta kudeaketa-gomendioa jasotzen duen erakundea (HABE) tratamenduko Eragilea izango da; bi erakundeen artean, hitzarmen honen eranskinean agertzen den tratamendu-enkarguaren kontratua sinatu beharko da.


Azterketa dokumentala