Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

12. zk., 2022ko urtarrilaren 19a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
279

EBAZPENA, 2021eko abenduaren 21ekoa, Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendariarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkaritza duten erakunde sindikalei dirulaguntzak emateko aukera arautzen duen Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuaren 2021eko irailaren 1eko Agindua ebazten baita.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– Otsailaren 11ko 1/2021 Legeak, 2021eko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituenak, 12. atalean, 3112. Programan (Lana)ondokoa ezartzen du: kreditu bat erakunde sindikalentzat, erakunde sindikal guztiek garatzen dituzten jardueretarako dirulaguntzak emateko, haien ordezkaritza mailaren arabera.

Bigarrena.– Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuak Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkaritza duten erakunde sindikalei dirulaguntzak emateko aukera arautzen duen 2021eko irailaren 1eko Agindua eman zuen.

Hirugarrena.– 2021eko irailaren 1eko Agindua 2021eko irailaren 9an argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren 180. zenbakian, eta, 4.1 artikuluan xedatu bezala, dirulaguntzen eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Laugarrena.– Aginduan esleitutako 1.034.978 euroko aurrekontu-zuzkidura proportzionaltasunez banatuko da eskaera garaiz eta behar den moduan aurkeztu duten erakunde sindikalen artean, 2020ko abenduaren 31n duten ordezkaritza kontuan izanda eta lehen aipatutako aginduaren 2. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituztela egiaztatuta.

Bosgarrena.– Ebazpen honen xedapenetan aipatutako erakunde sindikal guztiek garaiz eta behar bezala aurkeztu dute beharrezko eskaera, baita aginduaren 5. artikuluan eskatutako dokumentazioa ere.

Seigarrena.– Sail honen Erregistro, Gordailu eta Zabalkunderako Bulego Publikoaren esku dauden datuen arabera, erakunde eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoan 2020ko abenduaren 31n duten ordezkaritza sindikala ebazpen honen xedapenetan dagoena da.

Zazpigarrena.– Dirulaguntza hori erakunde eskatzaileei ordaintzeko era ondokoa da, 2021eko irailaren 1eko Aginduaren 12. artikuluan jasotakoaren arabera:

a) Lehenengo ordainketan dirulaguntzaren % 80 ordainduko da, gorago aipatutako aginduaren 11. artikuluak adierazten duen memoria aurkeztu ondoren.

b) Bigarren igorpena dagokio dirulaguntzaren gastu osoa justifikatu eta gero egindako likidazioaren ondoriozko zenbatekoari, eta 2022ko konpromiso-kredituaren kontua ordainduko da.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

I.– Deialdi hau ebazteko eskumena Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendariari dagokio, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuaren 2021eko irailaren 1eko Aginduaren 9. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz. Agindu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkaritza duten erakunde sindikalei dirulaguntzak emateko aukera arautzen da.

II.– Gorago aipatutako arauetan ezarritakoarekin bat, eta aurkeztutako eskaera ikusita, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuaren 2021eko irailaren 1eko Aginduan kontsignatutako zenbatekoa banatuko da dirulaguntza-eskaera garaiz aurkeztu eta arau horretan eskatutako baldintzak betetzen dituzten erakunde sindikalen artean; zenbatekoa 1.034.978 eurokoa da, eta erakunde sindikalek 2020ko abenduaren 31n zuten ordezkaritza elektoralaren arabera zehaztuko da (Aginduaren 2.1 artikulua).

III.– Deialdi hau izapidetzean, indarreko legerian araututako legezko aginduak (formaz eta edukiz) hartu dira kontuan, eta, batez ere, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorraren Araubidearen Testu Bateginean jasotakoak.

EBAZTEN DUT:

Aipatutako lege aginduak eta aplikazio orokorreko gainerakoak ikusirik, Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendari naizen aldetik, hauxe ebazten dut:

Lehenengoa.– 1.034.978 euroko partida banatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 27ko 13/2019 Legeak, bere 12. ataleko 3112. Programan (Lana), esleitutako moduan. Partida hori Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde sindikal eskatzaileen ohiko funtzionamenduaren ondoriozko gastuak diruz laguntzera egongo da bideratuta, eta honela banatuko da:

(Ikus .PDF)

Bigarrena.– 15 eguneko epea ematen zaie erakunde sindikal onuradunei dirulaguntza onar dezaten, eta jakinarazten zaie ezen, 2021eko irailaren 1eko Aginduaren 11.2.a) artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita, epe horretan erakunde sindikal onuradunak berariaz eta idatziz uko egiten ez badio, onartutzat joko dela.

Hirugarrena.– 2021eko irailaren 1eko Aginduaren 11.1 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, 2021eko azaroaren 30a baino lehen, erakunde sindikalek dirulaguntzen helburua bete dela justifikatu beharko diote Lan eta Justiziako Saileko Laneko eta Gizarte Segurantzako Zuzendaritzari, 2021ean egindako jarduerak eta gastuak azaltzen dituen memoria aurkeztuz. Emandako dirulaguntzaren zenbatekoaren % 80 gutxienez justifikatu beharko da.

Laugarrena.– Gainerako ehunekoari dagozkion gastu eta fakturen justifikazioa, dirulaguntza osoa justifikatu ez bada, 2022ko urtarrilaren 1etik martxoaren 31ra bitartean egin beharko da, eta azalpen memoria ere aurkeztu beharko da.

Memoria horiei erantsiko zaizkie ohiko gastuen eta funtzionamendu-gastuen zerrenda, nominak, fakturak, jatorrizkoak edo horien kopia konpultsatuak eta, hala badagokio, Gizarte Segurantzari kotizatu izana egiaztatzen duten TC kotizazio-dokumentuak, kontratatutako langileei buruzkoak.

Bosgarrena.– Dirulaguntza jasotzeko, aipatutako aginduaren betebeharrak bete behar dira.

Seigarrena.– Ebazpen hau Lan eta Justizia Saileko Zerbitzu Zuzendaritzari jakinaraztea, ondorioak izan ditzan. Era berean, beharrezko izapideak egitea, emandako dirulaguntzen erakunde sindikal onuradunen zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadin.

Jakinaraz bekie ebazpen hau interesdun diren erakunde sindikalei, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan ezarritako moduan. Halaber, jakinaraziko zaie ebazpenak ez diola amaierarik ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakiokeela Laneko eta Gizarte Segurantzako ko sailburuordeari, hilabeteko epean, jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta horrekin bat datozenetan xedatukoaren arabera.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko abenduaren 21a.

Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendaria,

ANGEL LAPUENTE MONTORO.


Azterketa dokumentala