Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

12. zk., 2022ko urtarrilaren 19a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
273

EBAZPENA, 2022ko urtarrilaren 3koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena, Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurumenaren Ingeniaritza Sailaren Arautegia onartzekoa.

Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurumenaren Ingeniaritza Sailaren oraingo arautegia 2013ko otsailaren 1ean argitaratu zen EHAAn. UPV/EHUko sailen berrantolaketak ez dio eragin sailari, baina sailak erabaki du bere arautegia egokitzea indarrean dagoen UPV/EHUko sailen esparru arautegira, zeina 2019ko urriaren 3ko EHAAn argitaratu baitzen.

Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurumenaren Ingeniaritza Saileko Kontseiluak aldaketa onartu zuen 2021eko urtarrilaren 30ean, eta aldeko txosten juridikoa du.

Sailen Esparru Arautegiko 4.3 artikuluari jarraituz, idazkari nagusiari dagokio sailen arautegiaren aldaketak onartzea, Gobernu Kontseiluak horretarako eskumenak eskuordetuta, betiere txosten guztiak aldekoak badira eta inork eskatu ez badu proposamena Gobernu Kontseiluan aurkezteko. artikulu horretan zehaztutakoaren arabera, bestalde, honako hauek dute hori eskatzeko eskubidea: Gobernu Kontseiluko kideek; arautegiak eragin egiten diela uste duten sailetako kontseiluek; eta kasuan kasuko saileko kideen % 15ek, gutxienez.

Adierazitakoagatik guztiagatik, honako hau

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– Onartzea Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurumenaren Ingeniaritza Sailaren Arautegia, eranskinean jaso bezala.

Bigarrena.– Agindu ematea ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko.

Hirugarrena.– Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurumenaren Ingeniaritza Sailaren Arautegia argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Leioa, 2022ko urtarrilaren 3a.

Idazkari nagusia,

AITOR ZURIMENDI ISLA.

ERANSKINA
UPV/EHUKO INGENIARITZA KIMIKOA ETA INGURUMENAREN INGENIARITZA SAILAREN ARAUTEGIA

1. artikulua.– Sailen Esparru Arautegiko 3.1 artikuluaren zehaztapena.

1.– Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurumenaren Ingeniaritza sailaren egoitza Bilboko Ingeniaritza Eskolan dago (Torres Quevedo Ingeniariaren plaza 1, 48013 Bilbao – Bizkaia).

2. artikulua.– Sailen Esparru Arautegiko 8.2 artikuluaren zehaztapena.

2.– Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurumenaren Ingeniaritza Sailak hiru sail atal ditu:

a) Bizkaiko Campuseko Sail Atala, Bilboko Ingeniaritza Eskolan egoitza duen campus horretako ikastegietan egon eta sailari atxikita dauden langile guztiak barne hartzen dituena.

b) Arabako Campuseko Sail Atala, Vitoria-Gasteizko Ingeniaritza Eskolan egoitza duen campus horretako ikastegietan egon eta sailari atxikita dauden langile guztiak barne hartzen dituena.

c) Gipuzkoako Campuseko Sail Atala, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolan egoitza duen campus horretako ikastegietan egon eta sailari atxikita dauden langile guztiak barne hartzen dituena.

3. artikulua.– Sailen Esparru Arautegiko 10.1 artikuluaren zehaztapena.

1.– Hauek izango dira Saileko Kontseiluko kideak: zuzendaria, idazkaria, irakasle-ikertzaile iraunkor guztiak eta irakasle doktore ez-iraunkor guztiak. Sailari atxikitako gainerako irakasleek ordezkari bat izango dute hiru kideko.

Kontseiluko kideak izango dira, baita ere, ikasleen bi ordezkari ziklo bakoitzeko eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat hiru kideko.

4. artikulua.– Sailen Esparru Arautegiko 13. artikuluaren zehaztapena.

Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurumenaren Ingeniaritza Sailaren batzorde iraunkorrak, kontseiluko kideek osaturik, eta beste kide hauek ere izango ditu: zuzendaria, bertako buru izango dena; idazkaria, sail ataletako koordinatzaileak eta irakasleen bederatzi ordezkari, azken horiek kasuan kasuko sail atalean hautatuko dira, ataleko kontseiluaren barruan. Irakasleek Batzorde Iraunkorrean duten ordezkaritzaren ehunekoa zenbatzeko, ez dira kontuan hartuko ataleko koordinatzaileak.

Honako hauek ere izango dira Batzorde Iraunkorreko kideak: ikasleen ordezkari bat eta administrazio eta zerbitzuetako langileen beste bat, bi kasuotan, kontseiluko kideen artetik hautatuta.

Batzorde Iraunkorreko ordezkariak hautatzeko era eta ordezkari izateari uzteko arrazoiak sailen oinarrizko arautegian ezarritakoak izango dira.

5. artikulua.– Sailen Esparru Arautegiko 14.1 artikuluaren zehaztapena.

1.– Batzorde Iraunkorrak eskumena izango du izapidetze gaiak ebazteko, baita Kontseiluak unean-unean eskuordetzen dituen beste gai batzuk ere, baita Kontseiluaren eskuordetzaz berariaz baimendutako honako eginkizun hauek ere:

d) Proposatzea unibertsitateko titulu propioak lortzera edo-ez bideratutako master, doktoregoko ikasketak eta gainerako ikasketak. Horretarako, proposamenak landu eta ezarpenaz eta programen koordinazio akademikoaz arduratu beharko da, emandako erantzukizunaren arabera.

e) Onartzea doktorego tesiak ebaluatu behar dituzten pertsonak izendatzeko proposamenak, legeak baimendutako baldintzetan, baita bestelako epaimahaietako kideak izendatzekoak ere.

f) Irakasle-ikertzaileen ikerketa jarduerak eta ekimenak babestea eta koordinatzea.

g) Plaza berriak eskatzea eta saileko langileen lanpostuen zerrendan egin beharreko aldaketak proposatzea, Gobernu Kontseiluak berretsi beharko duena.

h) Esleitutako baliabideen banaketa onartzea.

i) Irakasleen lanari buruzko txosten arrazoituak egitea, irakaskuntza merezimenduak esleitu eta kontratuak berritze aldera.

j) Baimena ematea, haren eskumenen esparruan eta Gobernu Kontseiluak onartutako arautegiarekin bat etorrita, Estatutuetako 97. artikuluan aipatzen diren kontratuak egiteko zientziaren, teknikaren edo artearen alorreko lanak egin daitezen.

Eskuordetze horrek ez du inola ere eraginik izango zuzendariaren izendapenean, ezta sailaren arautegia onartzean ere, ezta estatutuek edo unibertsitate legeria orokorrak eskumen esklusibotzat jotzen dituzten eta eskuordetu ezin diren horietan ere.

6. artikulua.– Sailen Esparru Arautegiko 19.2 artikuluaren zehaztapena.

2.– Kide anitzeko organoko kideek eskubidea dute beren eginkizunak behar bezala betetzeko saileko idazkaritzan dagoen dokumentazio eta informazio guztia eskatu eta eskuratzeko. Horretarako, idatziz aurkeztu beharko diote eskaera idazkari akademikoari, eta horrek, gehienez ere, zazpi eguneko epean bidaliko du informazio hori.

7. artikulua.– Sailen Esparru Arautegiko 27.4 artikuluaren zehaztapena.

3.– Zuzendariaren agintaldia lau urtetakoa izango da, ohiko prozeduraren bidez bigarren agintaldi batekin luza daitekeena. Emandako botoen bi herenak beharko dira hirugarren agintaldi baterako.

8. artikulua.– Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 4.3 artikuluaren zehaztapena.

Saileko Kontseiluan eta Batzorde Iraunkorrean hutsune bat sortzen denean, zerrenda bereko hurrengo kide ez-hautetsiak beteko du lekua, hamar eguneko epean, organoko idazkaria jakitun jartzen denetik hasita.

9. artikulua.– Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 4.3 artikuluaren zehaztapena.

Ordezkoek kide anitzeko organoko titularrak ordezkatuko dituzte titularrak kanpoan edo gaixorik daudenean, eta, oro har, arrazoi justifikaturen bat dagoenean. Ordezkoak izendatu ahal izateko, egoera horietako batean dauden titularrek kide anitzeko organoko buruari jakinarazi beharko diote egoera behar bezala arrazoituta eta adieraziz zenbat iraungo duen egoera horrek (hilabetetik gorakoa izan behar du).

10. artikulua.– Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 7 artikuluaren zehaztapena.

Botoa aldez aurretik ematea onartuko da, Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 7. artikuluan zehaztutakoari jarraituz.


Azterketa dokumentala