
10. zk., 2022ko urtarrilaren 17a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (502 KB - 28 orri.)
- EPUB (909 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LAN ETA ENPLEGU SAILA
235
EBAZPENA, 2021eko azaroaren 18koa, Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendariarena, «Rothenberger SAU Enpresako 2020-2023rako Hitzarmena» erregistratu, gordailutu eta argitaratzen duena.
AURREKARIAK
Lehenengoa.– 2021eko urriaren 28an, REGCONen, aipatu hitzarmenari lotutako dokumentazioa aurkeztu da, zeina 2021eko urriaren 27an negoziazio-mahaian sinatu baitzuten empresa-ordezkaritzak eta ordezkaritza sozialak.
Bigarrena.– Aipatutako hitzarmeneko sinatzaileek erregistro, gordailutze eta argitalpenerako izapide-eskabidea egingo duen pertsona izendatu dute.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituenak eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituenak, bere 2. artikuluan Lan eta Enplegu Saila sortzen du, eta bere 6. artikuluan departamentu honen funtzioen artean jasotzen du lan-arloko legeek lan-harremanei buruz ezartzen dutena egikaritzea. Bestalde, urtarrilaren 19ko 7/2021 Dekretuak (uztailaren 6ko 167/2021 Dekretuak aldatua), Lan eta Enplegu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duenak, bere 10.1.i) artikuluan, Euskal Autonomia Erkidegoko Hitzarmenen, Lan eta Akordio Kolektiboen Erregistroa telematikoki zuzendu eta kudeatzeko eginkizuna esleitzen dio, Dekretuan zedarritutako baldintzei eta indarrean dagoen gainerako araudiari jarraikiz.
Bigarrena.– Prozedura honetan aplikagarri den funtsezko araudia xedapen hauetan jasotzen da: 713/2010 Errege Dekretua, maiatzaren 28koa, laneko hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistro eta gordailutzeari buruzkoa, eta 9/2011 Dekretua, urtarrilaren 25ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Hitzarmenen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroa eta gordailutzeari buruzkoa.
Hirugarrena.– Aurkeztu den akordioa egintza inskribagarria da Laneko hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistro eta gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713 /2010 Errege Dekretuaren 2.1.a) artikuluan ezartzen duenaren arabera, eta Langileen Estatutuko Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 23ko 2/2015 Errege Dekretu Legegilearen 85., 88., 89. eta 90. artikuluetan ezarritako betekizunei jarraikiz sinatu da.
Behin inskribatze-eskabidea eta erantsitako dokumentazioa aztertuta, egiaztatu da, legezko betekizun guztiak betetzen dituela, eta beraz, Euskal Autonomia Erkidegoko Hitzarmenen eta Lan Akordio Kolektiboen Erregistroa eta gordailutzeari buruzko urtarrilaren 25eko 9/2011 Dekretuaren 9. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Hitzarmenen eta Lan Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatu eta gordailutzea, eta alderdiei jakinaraztea.
Bigarrena.- Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.
Vitoria-Gasteiz, 2021eko azaroaren 18a.
Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendaria,
ANGEL LAPUENTE MONTORO.
ROTHENBERGER SAU ENPRESAKO 2020-2023 HITZARMENA
I. KAPITULUA
BALDINTZA OROKORRAK
1. artikulua.– Ezarpen-eremua.
Eremu pertsonala, funtzionala eta lurraldekoa.
Hitzarmen kolektibo honek Rothenberger SAU enpresak Abadiñon (Bizkaia) eta Vitoria-Gasteizen (Araba) dauzkan lantokietan zerbitzuak ematen dituzten enpresa horren langile guztietan izango du eragina.
Edonola ere, honako langile hauek hitzarmen kolektibo honen ezarpen-eremutik kanpo geratuko dira: lan-arloko legeriak araututako arlotik kanpo dauden langileak (Langileen Estatutuko 1.3.c artikulua) eta goi-zuzendaritzako langileak (abuztuaren 1eko 1382/1985 Errege Dekretuaren bidez araututakoa).
2. artikulua.– Indarraldia, iraupena eta luzapena.
Hitzarmen hau sinatzen den egunetik hasi eta 2023ko abenduaren 31ra bitartean egongo da indarrean, dagokion aldizkari ofizialean argitaratzen deneko data gorabehera.
2023ko abenduaren 31n automatikoki baliogabetuko da hitzarmen kolektibo hau, eta 2024ko urtarrilean zehar hasiko dira hura ordezkatzeko hitzarmen kolektibo berrirako negoziazioak. Enpresaren hitzarmen kolektibo berria onetsi arte, hitzarmen kolektibo honen eduki osoa mantenduko da, aurreraeraginarekin eta denbora mugarik gabe.
3. artikulua.– Osoko lotunea eta ordezko araubidea.
Bi alderdiek berariaz hitzartzen dute hemen zehazten diren arau guztiak ezarriko dituztela indarrean dirauten bitartean.
Hitzarmen honetan araututako gai guztiek osotasun orekatu, organiko eta banaezina eratzen dutenez, klausularen batean aldaketa nabaria egingo balitz, hitzarmena bera oso-osorik berrikusi beharko litzateke.
Hitzarmen kolektibo honetan arautu ez diren gaietan, Gipuzkoako Industria Siderometalurgikoaren 2020-2022ko Hitzarmen Kolektiboko indarreko testuan adierazitakoa hartu beharko da kontuan (aurrerantzean, Gipuzkoako Metalgintzarako 2020-2022ko Hitzarmena).
Era berean, hitzarmen honen eraginpean dauden langileei ordezkagarritasunez ezarriko zaizkie Gipuzkoako Industria Siderometalurgikoaren Hitzarmen Kolektiboan etorkizunean txertatu daitezkeen gai berriak, betiere, sektore horretan 2020-2022 aldirako onartutako azkena ordezkatzen bada eta gai horiek Gipuzkoako Industria Siderometalurgikoaren 2020-2022ko Hitzarmen Kolektiboan edota hitzarmen kolektibo honetan araututa edo zehaztuta ez badaude.
Beraz, ez da gai berritzat hartuko Gipuzkoako Industria Siderometalurgikoaren etorkizuneko hitzarmen kolektiboan gai zehatz baten inguruan egin daitekeen beste arauketa bat, sektore horretako 2020-2022 aldirako hitzarmen kolektiboan edo hitzarmen kolektibo honetan aurretiaz araututa dagoenean.
Hitzarmen kolektibo honek oso-osorik eta ondorio guztietarako ordezkatuko du orain arte indarrean egon den Enpresa Ituna.
Kontratatzeko modalitateei dagokienez, enpresaren jarduera-sektoreko (metalgintzako) ohiko arautegian xedatutakoa hartuko da kontuan.
4. artikulua.– Lekualdatzeagatiko plusa eta garraio kolektiboko joan-etorriak.
Lekualdatzeagatiko plusa honako langile hauei baino ez zaie ezarriko: Eibarko, Elgoibarko eta Mutrikuko antzinako lantokietatik etorritako langileak, 1976ko apirilaren 28an sinatutako itunaren arabera; eta Elorrioko antzinako lantokitik etorritako langileak, 1988ko uztailaren 14an lekualdaketari buruz sinatutako enpresa-itunaren arabera.
Hona hemen 2020. eta 2021. urteetan lekualdatzeagatiko plus horretan ezarri beharreko zenbatekoak honako ibilbide hauetako batean benetan egindako joan-etorriko laneguneko, lekualdatutako taldea kontuan hartuta:
– Eibar-Abadiño: 10,18 euro gordin eguneko.
– Elgoibar-Abadiño: 13,90 euro gordin eguneko.
– Elorrio-Abadiño: 4,95 euro gordin eguneko.
– Mutriku-Abadiño: 23,10 euro gordin eguneko.
2022. eta 2023. urteetarako, lekualdaketa-sariaren zenbatekoa igoko da, aurreko urtean estatu mailan izandako KPI errealaren arabera.
Eibarko, Elgoibarko eta Mutrikuko antzinako lantokietatik etorritako langileek, 1976ko apirilaren 28an sinatutako itunaren arabera, eta Elorrioko antzinako lantokitik etorritako langileek, 1988ko uztailaren 14an lekualdaketari buruz sinatutako enpresa-itunaren arabera, garraio kolektiboa erabiltzeko eskubideari eutsiko diote euren udalerritik Abadiñoko lantegira joateko orduan. Garraio kolektiboa erabiltzeko eskubide horri eta bertan gertatu daitezkeen atzerapenei dagokienez, 1976an eta 1988an lekualdatzeagatik sinatutako itun horiek indarrean jarraituko dute, Eibarko, Elgoibarko, Mutrikuko eta Elorrioko lantokietatik etorri diren eta, hurrenez hurrez, itun horien eraginpean dauden langileen lan-harremana amaitu arte.
l. eranskinean (autobusaren geltokiak eta ordutegiak) adierazi dira ordutegiak zein geltokiak.
Lanpostuko lanaldia oso-osorik bete dadin, beharrezkoa den guztietan berrikusiko dira ordutegi horiek.
II. KAPITULUA
LANALDIA
5. artikulua.– Lanaldia, lan-ordutegia.
Hona hemen benetan garatutako urteko lanaldiaren iraupena ondoren adierazten diren urteetarako, hitzarmenaren hasierako indarraldia kontuan hartuta:
– 2020. urteko lanaldia: 1.665 ordu.
– 2021. urteko lanaldia: 1.657 ordu.
– 2022. urteko lanaldia: 1.657 ordu.
– 2023. urteko lanaldia: 1.657 ordu.
Abadiñoko lantegiko lanaldi zatitua zatitutzat joko da, jateko egindako eguneko etenaldia 45 minutukoa izan arren.
Bi txandako edo txanda gehiagoko lanaldia lanaldi zatitua bezalakoa izango da urtean benetan lan egindako orduen kopuruari begira. Bi txandako edo txanda gehiagoko lanaldi horretan, lanpostuan eman beharreko 8 orduetan, 15 minutuko atsedenaldia ezarriko da. Gainera, lehen aipatutako eta benetan lan egindako lanaldien barruan egongo denez, ordainpekoa izango da.
Honako hauek izango dira goizeko, arratsaldeko eta gaueko lan-txanden ordutegiak:
– 6:00etatik 14:00etara, goizeko txandan.
– 14:00etatik 22:00etara, arratsaldeko txandan.
– 22:00etatik 6:00etara, gaueko txandan.
Etengabe benetan lan egindako 6 ordutik gorakoak ez diren eguneko lanaldietan, ez da 15 minutuko eguneko atsedenaldia egiteko eskubiderik egongo.
Enpresako langileek lanpostuko lanaldi osoa beteko dute eguneko lanaldiaren hasieran nahiz amaieran: sarrerak/irteerak, jateko aldiarekin lotutako sarrerak/irteerak barne. Horren ondorioz, ez da benetan lan egindako denboratzat joko lanerako arropa janzteko eta eranzteko erabilitako denbora, ezta norbere garbitasunerako erabilitako denbora ere.
Lanaldi zatitua duten langileek lanegunaren baitan ordutegi malgura batzeko aukera izango dute, enpresaren beharrizanen arabera posible bada eta arloko zuzendariak hala adierazi badu.
Aipatutako inguruabarrak suertatuz gero, honako hauek izango dira ordutegi malguak:
– Astelehenetik ostegunera: lanera sartzeko ordutegi malgua 7:30etik 9:00etara izango da; lanetik ateratzeko ordutegi malgua, berriz, 16:15etik 17:45era. Ordutegi finkoa, enpresan bertan egotea eskatzen duena, 9:00etatik 12:30era eta 14:00etatik 16:15era izango da, jantokiko txanden arabera: 1. txanda 12:30etik 13:15era eta 2. txanda 13:15etik 14:00etara.
– Ostiraletan: lanera sartzeko ordutegi malgua 7:30etik 9:00etara izango da; lanetik ateratzekoa, aldiz, 13:30etik 15:00etara.
Ordutegi malgua arestian adierazitako baldintzetan aplikatu arren, ezingo da inolaz ere 8 ordutik beherako lanaldia egin astelehenetik ostegunera bitartean. Ostiraletan, aldiz, ezingo da 6 ordutik beherako lanaldia egin.
6. artikulua.– Lanaldi malgua edo ordu erabilgarriak.
2020., 2021., 2022. eta 2023. urteetarako lan-egutegiaren malgutasuna 10 lanegunera artekoa izango da, eta, urte bakoitzean, dataz aldatu ahal izango dira, ekoizpen-ahalmena merkatuaren eskarira egokitzeko asmoz. Malgutasun hori hitzarmenaren aurreraeraginean ere ezarri beharko da.
Honako baldintza hauen arabera ezarriko da malgutasuna:
a) Langile interesdunei eta langileen legezko ordezkariei 3 egun lehenago jakinarazi beharko zaie (ezinbestean izan ezik), eta hori justifikatzen duten arrazoiei buruzko informazio idatzia eman beharko zaie.
b) Larunbatean egin beharreko lanaldiak 14:00etara arte baino ez du iraungo (arratsaldeko 2ak arte).
c) Malgutasun hori erabiliz gero, egutegian aldatzen diren egunetako lanaldia eguneko 7 ordukoa izango da.
d) Zuzendaritzak erabakitzen badu ez dela lan egin behar egutegian lanegunak diren egun jakin batzuetan, zuzendaritzak berak erabakiko du zer egunetan lan egin beharko den egun horiek konpentsatzeko.
e) Zuzendaritzak erabakitzen badu ez dela lan egin behar egutegian lanegunak diren egun jakin batzuetan, dagozkion konpentsazio-egunak 7 lanegun lehenago eskatuko dizkiote langileek, bere irizpidearen arabera, ordubete eta 2 egun artean hartzen badituzte, eta 15 egun natural lehenago, 2 egun baino gehiago hartzen badituzte. Horretarako, bere saileko edo sekzioko arduradunari egin beharko diote eskaera, hark oniritzia eman dezan. Norberaren egun/ordu libreak eskatzeko ere epe berak aplikatuko dira.
f) Aurkakoa edo txarrerako ez den guztian, Gipuzkoako Industria Siderometalurgikoaren 2020-2022ko Hitzarmen Kolektiboan xedatutakoa hartuko da kontuan.
Egun horiek ezin izango dira hartu norberaren aukerako egunetarako salbuetsitako egunetan.
7. artikulua.– Aparteko orduak.
Zuzendaritzak eta langileen legezko ordezkariek enpresako aparteko orduak ezinbesteko gutxienekora murrizteko erabakia hartu dute, eta egiten diren aparteko orduak honako irizpide hauen araberakoak izango dira:
a) Artapen-lanetarako egin beharreko aparteko orduak ordu arruntaren balioaren % 150 ordainduko dira, eta langileek ezin izango dute urteko 80 orduko legezko gehienekoa gainditu. Ordu-kopuru hori gaindituz gero, astialdiaren bidez konpentsatuko dira, eta, horretarako, 1,5 ordu emango dira lan egindako orduko.
b) Aparteko ordu moduan garatu behar diren gainerako lanak astialdiaren bidez konpentsatuko dira, eta, horretarako, 1,5 ordu emango dira lan egindako orduko.
c) Ekitaldiaren amaierako premiei aurre egiteko egun horiek lanegun moduan aurreikusten dituen egutegian kontuan hartu ez diren langileek abenduko azken egunetan biltegian egindako orduak salbuetsiko dira. Ordu horiek konpentsatzeko, 1,5 ordu ordainduko dira lan egindako orduko, edo, langile interesdunekin hala adostuz gero, aurreragoko egunetan hartzeko aukera ere izango dute, urte bateko aparteko orduak ezin izango direlako hurrengo urteko orduekin konpentsatu.
d) Aparteko orduei buruzko edozein gai jorratzeko, batzorde paritarioa sortuko da lantoki bakoitzean, eta honako hauek osatuko dute: langileen legezko ordezkaritza-organoetan ordezkaritza duen sindikatu bakoitzeko kide bat eta enpresako bertako ordezkarien kopuru bera. Batez ere, beste sekzio batzuetako langileek egin beharreko ustezko artapen-lanak jorratuko dira batzorde horretan. Batzorde horretan jorratu beharreko kasu guztietan, hartu beharreko edozein erabakiren inguruko adostasuna lortzeko ahalegina egin beharko da.
e) Era berean, erabaki honek ez du inolako eraginik edukiko ezinbestean egin beharreko aparteko orduetan, halakoetan Langileen Estatutuen 35. artikuluan zehaztutakoa ezarriko delako.
III. KAPITULUA
LIZENTZIAK
8. artikulua.– Lizentziak.
Ordaindutako lizentziak Gipuzkoako Industria Siderometalurgikoaren 2020-2022ko Hitzarmen Kolektiboan zehaztutakoak izango dira, honako salbuespen hauek kontuan hartuta:
a) Aiten, aman, neben edo arreben gaixotasun larriagatik: 3 egun natural.
b) Aitona politiko edo amona politikoen gaixotasun larriagatik: 2 egun natural.
c) Aiten, aman, neben edo arreben heriotzagatik: 3 egun natural.
d) Aitona politiko edo amona politikoen heriotzagatik: 2 egun natural.
Senideen gaixotasun larri edo heriotzagatiko lizentzien aurreko kasuetan, soldata osoa ordainduko da (saria barne).
Lizentzia horiek erabiltzeko, ezinbestekoa izango da kasuan kasuko eskabide-orria eta beharrezko egiaztagiria aurkeztea.
Senide zuzenen gaixotasun larriak bere horretan badirau, ondoz ondoko egunetako lizentzia hartzeko aukera aztertuko da interesdunaren, zuzendaritzaren eta enpresa-batzordearen artean.
IV. KAPITULUA
SOLDATEN BALDINTZAK
9. artikulua.– Soldaten taulak eta soldaten igoera.
II. eranskinean, 2020ko eta 2021eko Soldaten taulak agertzen dira. III. eranskinean, jardueren taulak azaltzen dira, lanpostu-kategoriaren/makinaren eta jarduera-mailaren arabera ekoizpen-lanpostuekin lotutako saria kalkulatu ahal izateko.
600 euroko ordainsaria adostu da 2020. eta 2021. urteetarako, igoera lineal gisa. Iraunaldiarekiko proportzionala izango da eta 2021ean ordainduko da. 2022ko ordainsari gordinean kontsolidatuko da igoera hori.
2022. urtean honako hau izango da hitzarmenaren eragin-eremuan sartzen diren langile guztien soldata-igoera: aurreko urtean estatu mailan izandako KPI erreala + % 1,25.
2023. urtean honako hau izango da hitzarmenaren eragin-eremuan sartzen diren langile guztien soldata-igoera: aurreko urtean estatu mailan izandako KPI erreala + % 1.
KPI negatiboa bada, erreferentziazko oinarria 0 izango da.
Igoera hori aipatutako urte bakoitzerako izango da bateragarria.
10. artikulua.– Txandaren plusa.
Honako hauek dira 2020. eta 2021. urteetarako txandaren plusak:
– 6,37 euro gordin laneguneko, espezialista eta ofizialentzat.
– 7,01 euro gordin laneguneko, arduradunentzat.
Txandaren plusa hileko epealdietan bermatuko da, hilabete horretan txandaka lan egindako egunen kopurua edozein dela ere.
2022. eta 2023. urteetarako, txandaren plusak gora egingo dute, soldatek 2022rako eta 2023rako gora egingo duten ehuneko berean, hau da, aurreko urtean estatu mailan izandako KPI erreala + % 1,25 eta aurreko urtean estatu mailan izandako KPI erreala + % 1, hurrenez hurren.
11. artikulua.– Gaueko lanaren plusa.
Gaueko lanaren plusa ordaintzeko erabilitako formula erreferentziatzat hartuta, Gipuzkoako Industria Siderometalurgikoaren 2020-2022ko Hitzarmenean zehaztutako indarreko ehunekoa % 20tik % 25era igoko da. Gaueko lanaren plus hori txandaren plusa bezala tratatuko denez, hileko epealdietan ordainduko da, edozein dela ere epealdi horretan gauez lan egindako egunen kopurua.
12. artikulua.– Antzinatasunagatiko saria.
2020. eta 2021. urteetan, honako zenbateko hauek kontuan hartuko dira «antzinatasunagatiko sari» moduan:
a) 10 urteko antzinatasuna betetzean: 297,82 euro gordin.
b) 5 urte gehiago igarotzean: 148,92 euro gordin.
c) 25 urteko antzinatasuna betetzean: 575 euro gordin.
Zenbateko horiek behin baino ez dira ordaindu eta ordainduko kasuan kasuko antzinatasuna betetzen den hileko nominan.
2022. eta 2023. urteetan, estatuko aurreko urteko benetako KPIaren arabera egingo du gora sarien zenbatekoak.
13. artikulua.– Soldata-kostuen banaketa.
Hilekodunak ez diren langileek egunsari moduan jasotzen duten urteko soldataren kostuak hamabi hilabete naturalekin gehi aparteko bi ordainsariekin bat datozen hamalau zati berdinetan banatuko dira. Sariak eta beste soldata-kontzeptu batzuk, ordea, orain arte bezala banatuko dira.
14. artikulua.– Aurrerakinak.
Hilaren 15ean, 400 euro-ko aurrerakina ordainduko da nominaren kontura, betiere, langileak eskatzen duenean.
V. KAPITULUA
ONURA SOZIALAK
15. artikulua.– Laguntza familiarra.
Enpresak honako zenbateko hauek laguntza familiar moduan ordainduko ditu urteko hamabi ordainsaritan, enpresako hitzarmen honek indarrean dirauen bitartean:
– Emazte/senarreko: 8,77 euro gordin hileko.
– Seme/alabako: 5,29 euro gordin hileko.
16. artikulua.– Etxebizitza erosteko edo zaharberritzeko laguntzen funtsa.
80.000 euro-rainoko funtsa eratuko da, langileei etxebizitza (altzariak barne) erosten edo zaharberritzen laguntzeko.
Zaharberrikuntzarako aurrekontua edo, hala badagokio, salerosketako kontratua aurkeztu ondoren, enpresak eskatzaileari 4.000 euro-ko gehieneko zenbatekoa emango dio maileguan, eta nominan bertan hilero egindako 80 euro-ko deskontuaren bidez itzuliko dio (aparteko ordainsariak barne), inolako interesik sortu gabe. Kontratua amaitzen bada, langileak itzuli gabe dagoen zenbateko guztia ordaindu beharko du lan-harremana amaitu baino lehen.
Zerga-irizpidearen arabera langileei legezkoa baino interes txikiagoan ematen zaizkien maileguak gauzen bidezko ordainketatzat hartzen direnez (legezko interesarekin dagoen aldearen zenbatekoagatik), langileek ordaintzen ez dituzten interes horiek enpresak gauzen bidez egindako ordainketa moduan agertuko dira diru-sarreren eta atxikipenen ziurtagirietan (10T modeloan).
17. artikulua.– Istripu eta gaixotasunagatiko bajak.
Enpresak soldata osoa (saria barne) eratu arteko osagarria ordainduko du honako baja hauetan:
a) Laneko istripu edo gaixotasun profesionalagatiko baja, ospitaleratu gabeko «in itinere» istripuetan izan ezik. Era berean, osagarritik kanpo ere geratuko dira segurtasunari buruzko arauak ez betetzeagatik sortu diren istripuak, saileko buruari edo lanpostuko arduradunari idatziz jakinarazi zaienean, ezohiko lanpostura lan egitera joatean edo banakako babeserako ekipamenduak behar bezala ez erabiltzean.
b) Gaixotasun arruntagatiko baja, ospitaleratu beharra dagoenean edo ebakuntza kirurgikoa egin behar denean, betiere, enpresako absentismoa guztira % 5tik gorakoa ez bada.
Absentismo-indize hori hiru hilean behin kontuan hartuko da enpresa osorako.
18. artikulua.– Gabonetako saskia.
Abenduan, «Gabonetako saskia» emango zaie enpresako langile guztiei. 2020. eta 2021. urteetan, bere balioa 105,41 euro-koa izango da gutxi gorabehera, eta, 2022. eta 2023. urteetan, estatuko aurreko urteko benetako KPIko gehikuntza ezarriko da bertan, hurrenez hurren.
19. artikulua.– Ibilgailuaren bermeak.
Bere ibilgailuaz enpresarentzako zerbitzuren bat egiten dagoenean langileak trafikoko istripurik badauka, enpresak ibilgailua konpontzeko gastuak ordainduko ditu aseguruak estaltzen ez dituenean.
Modu berean jokatuko da batzordeak egindako joan-etorrietan, gastuak enpresaren konturakoak direnean.
Enpresako egutegiko lanegunetan enpresara norberaren ibilgailuan joatea ez da «enpresarentzat egindako zerbitzutzat» hartuko, enpresak berak langileari berariaz eskatu ez badio.
VI. KAPITULUA
SAILKAPEN PROFESIONALA, KONTRATAZIOA ETA LANERAKO ZEIN BABESERAKO JANTZIAK
20. artikulua.– Lanpostuen balioespena.
Lanpostuak balioesteko orduan, 2002-2004ko Itunean erantsitako eskuliburuan zehaztutako irizpideak eta horrela osatuko den eta erabakiko duen balioespen-komiteak adierazitakoa hartuko dira kontuan:
– Kalifikazioko teknikaria.
– Lantegiko burua, saileko burua edo haiek izendatutako pertsona.
– Balioetsi beharreko lanpostuko arduraduna, taldeko burua edo haiek izendatutako pertsona.
– Balioetsi beharreko lanpostuko langilea.
– Langileen legezko ordezkaritzako kidea.
Kasuan kasuko balioespenaren emaitza zein den erabakitzeko, honako boto hauek edukiko dituzte komite horretako kideek:
– Balioetsi beharreko lanpostuko langilea: banakako boto bat.
– Langileen legezko ordezkaritzako kidea: banakako boto bat.
– Lantegiko burua edo saileko burua, taldeko arduraduna edo burua eta kalifikazioko teknikaria: 2 boto guztira.
Bozketan berdinketa egoteagatik adostasunik lortzen ez bada, kalifikazioko teknikariaren irizpidea izango da nagusi.
Balioespenean 200 puntu gehiago lortzen direnean, kategoria bat igoko da Abadiñoko lantegian balioetsitako lanpostua.
21. artikulua.– Lanerako eta babeserako jantziak.
Enpresak lanerako zein babeserako jantziak emango dizkie langileei, indarreko arautegia kontuan hartuta. Arautegi horren interpretazioan sortu daitezkeen zalantzak enpresako Laneko Segurtasun eta Osasuneko Komiteetan argituko dira.
22. artikulua.– Txanda-kontratuak.
Hitzarmen hau indarrean dagoen bitartean, enpresak 18 errelebo-kontratu formalizatuko ditu gutxienez. Enpresak izango du kontratu horiek egiteko irizpideak, datak eta kontratu motak zehazteko ardura, antolaera eta ekoizpen aldetik dauden beharrizanak kontuan hartuz eta errelebatu den langile kopurua errelebolari kopuruarekin parekatuz.
Enpresak artikulu honen arabera sinatu beharreko 18 kontratuen kasuan, errelebo-kontratua iraupen mugatuko modalitatean sinatu bada eta erretiro partziala hartu duen langileak erretiro arrunta hartzen duenean enpresak errelebo-kontratu hori mugagabe ez bihurtzea erabakitzen badu, momentu horretan kontratu mugagabe bat sinatzeko konpromisoa hartuko du enpresak, errelebolariaren iraupen mugatuko kontratua bukatu izanak sortutako enplegu maila mantentzeko.
23. artikulua.– Langileen igoera.
Enpresako zuzendaritzaren eskumena baino ez da izango egon daitezkeen lanpostu hutsak betetzeko langileak hautatzea.
Langile guztiei lanpostu huts horien berri emango zaie, behar besteko eskakizunak betetzen badituzte hautatuak izateko aukera eduki dezaten.
Isilekotasunagatik salbuespenen bat egin behar ez bada, artikulu honek enpresako lanpostu guztietan edukiko du eragina, honako hauen lanpostuetan izan ezik: presidentea, zuzendariak, saileko buruak edo baliokideak eta saileko arduradunak edo baliokideak.
24. artikulua.– Enplegua babestea eta mantentzea.
Akordio hau sinatu duten alderdiek lehentasunezko helburutzat dute enplegua mantentzea. Horretarako, beren esfortzu eta baliabideak lehiakortasuna etengabe hobetzera bideratzeko konpromisoa hartu dute, enpresak ahalik eta egonkortasun handiena lor dezan, une bakoitzean dagoen merkatuaren egoerara egokituta.
VII. KAPITULUA
PRESTAKUNTZA
25. artikulua.– Euskara ikastea.
Euskarako klaseak jaso nahi dituzten langileentzako irakasleen gastuen % 75 ordainduko du enpresak. Dirulaguntza hori jasotzeko, enpresaren izenean doan % 75eko zenbatekoaren faktura aurkeztu beharko dute.
VIII. KAPITULUA
BESTE BATZUK
26. artikulua.– Gatazkak konpontzeko prozedurak.
Bi alderdiek gatazka kolektiboak konpontzeko borondatezko prozedurei buruz 2000ko otsailaren 16an onartutako eta 2000ko apirilaren 4ko EHAAn (66. zk.) argitaratutako erabakia hartzen dute euren gain.
Bitartekaritzarako eta arbitrajerako prozedura ezartzeko, ezinbestekoa izango da bi alderdiak hori egiteko ados egotea.
Alderdietako batek ORPRICCEn, CCNCCen edo antzeko organoan zehaztutako arbitraje-prozedurara jo nahi badu, ezinbestekoa izango da bi alderdiak ados egotea.
27. artikulua.– Lan-baldintzak ez ezartzea.
Enpresak Enpresako Hitzarmen honetan eta Gipuzkoako Industria Siderometalurgikoaren Hitzarmen Kolektiboan hitzartutako lan-baldintzak ezarri beharko ditu nahitaez, Langileen Estatutuaren 82.3 artikuluan zehaztutako gaiak eta bertan xedatutakoa kontuan hartuta.
Nolanahi ere, enpresak apartatu honetan adierazitakoa eta 26. eta 28. artikuluetan xedatutakoa beteko ez balu, neurriak ezdeus izango dira eskubide osoz.
28. artikulua.– Batzorde paritarioa.
Batzorde paritarioa sortuko da, eta honako hauek osatuko dute: langileen legezko ordezkaritza-organoetan ordezkaritza duen sindikatu bakoitzeko kide bat eta enpresako bertako ordezkarien kopuru bera. Bertan, hain zuzen ere, hitzarmen hau indarrean dagoen bitartean hitzarmenaren beraren interpretazioari eta ezarpenari buruz sortu daitezkeen desadostasunak izango dituzte eztabaidagai. Eztabaida sortu zenetik hasita hamabost laneguneko epean batzordea batzartu ondoren desadostasunak bere horretan badirau, PRECOra jo ahal izango dute alderdiek.
Bitartekaritzarako eta arbitrajerako prozedura ezartzeko, ezinbestekoa izango da bi alderdiak hori egiteko ados egotea.
Batzorde paritarioan bertan erabakiak hartzeko orduan, alderdi bakoitzaren gehiengoa lortu beharko da: enpresa eta alderdi soziala.
Batzorde paritarioen bilera guztiak amaitu ondoren, aktak idatzi eta sinatuko dira.
IX. KAPITULUA
BERDINTASUNA ETA EZ-BEREIZKERIA
29. artikulua.– Berdintasuna eta ez-bereizkeria.
Alderdiek badakite adierazpideek ez dutela ilundu behar, nahigabe bada ere, emakumeek berdintasunaren arloan eduki beharreko agerpena.
Hori dela eta, hitzarmen hau idaztean uste sendo hori benetan gauzatzen saiatu arren, berariaz adierazten dute izaera, jarduera, eginkizuna edo talde profesionala zehazteko erabilitako adierazpide guztiek bi sexuetako pertsonak hartzen dituztela kontuan.
Alderdiek gizonen eta emakumeen ez-bereizkeriaren alde lan egiteko borondate apurtezina dute enplegua eskuratzeko aukeraren, sustapenaren, prestakuntzaren eta ordainsarien arloan. Hori dela eta, hori lortzeko beharrezkoak diren neurriak zein jarduketak zehazten dira, eta sexuagatiko lan-bereizkeria ekiditen da une oro.
RSS