Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

262. zk., 2021eko abenduaren 31, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
6480

EBAZPENA, 2021eko abenduaren 13koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitaratzen baita 2022rako dirulaguntza-deialdia, kontratazio-konpromisoa dakarten Euskal Autonomia Erkidegoko langile langabeentzako prestakuntza-ekintzak egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren esparruan.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2021eko abenduarenaren 13ko bileran harturiko erabaki baten bidez, erabaki du 2022rako dirulaguntza-deialdi bat argitaratzea, kontratazio-konpromisoa dakarten langile langabeentzako prestakuntza-ekintzak egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuan ezarritako esparruan. Hala, Lanbideren Estatutuak onartzeko maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren 10.2 artikuluko o) letran ezarritakoaren arabera, erakunde autonomo honetako zuzendari nagusiari dagokio deialdia argitaratzea.

Azaldutakoagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– 2022rako dirulaguntza-deialdia argitaratzea, kontratazio-konpromisoa dakarten langile langabeentzako prestakuntza-ekintzak egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren esparruan, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak onartu baitzuen 2021eko abenduaren 13ko bileran hartutako erabakiaren bidez. Deialdia ebazpen honen eranskin moduan jasota dago.

Bigarrena.– Jakinaraztea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango dituela ondorioak laguntza-deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiak.

Hirugarrena.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiaren aurka, zeinaren bidez deialdia onartzen baita, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko abenduaren 13.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

MARÍA GLORIA MÚGICA CONDE.

ERANSKINA
DIRULAGUNTZA-DEIALDIA, LEHENTASUNEZ EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO LANGILE LANGABEENTZAKO DIREN KONTRATAZIO-KONPROMISOA DAKARTEN PRESTAKUNTZA-EKINTZAK EGITEKO 2022. URTEAN, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN ENPLEGURAKO LANBIDE HEZIKETA ARAUTZEN DUEN MAIATZAREN 31KO 82/2016 DEKRETUAREN ESPARRUAN

Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren 2. artikuluan ezartzen duenez, Enplegurako Lanbide Heziketa Lanbide Heziketaren sistemetako bat da enpresen artean eta langileen artean (langabeak nahiz lanean ari direnak) lehiakortasun- eta kualifikazio-beharrizanei erantzuteko (hurrenez hurren) prestakuntza bultzatzea eta zabaltzea xede duten tresna eta ekintzez osatua. Prestakuntza horrek, halaber, gizartea kohesionatzen eta ekonomia garatzen lagunduko du, ezagutzan oinarritutako ekonomiaren esparruan.

Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituenak eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituenak), Lan eta Enplegu Sailari esleitzen dio enplegu-politika, bai eta enplegurako lanbide-heziketa ere, dekretu honen 10.1.b) artikuluan ezarritakoaren arabera (lanbide-heziketaren esparru osoaren zuzendaritza, antolaketa eta plangintza egitea, Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legearen 19.1 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, nautika, arrantza eta nekazaritzaren sektoreko lanbide-heziketa ez-arautuan eta enplegurako lanbide-heziketan eskumena daukaten sail eta organismoekin lankidetzan), Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lankidetzarekin, bere erantzukizunei jarraikiz.

Bestalde, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoari (Lan eta Enplegu Sailari atxikita dago) dagokio, besteak beste, enplegu-programen, enplegurako prestakuntza-programen eta autoenplegua eta enpresen sorkuntza sustatzeko programen kudeaketa. Egiteko horren barruan dago dirulaguntzetarako deialdiak onartzea eta izapidetzea, hala ezarrita baitago maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuak onarturiko erakunde autonomoaren estatutuen 3.b) artikuluan. Enplegurako prestakuntzaren barruan, pertsona langabeei zuzendutako prestakuntza dago.

Kontratatzeko konpromisoarekin egiten den lanbide-heziketarako programaren xedea da prestakuntza espezializatua eta egokia ematea Euskal Autonomia Erkidegoan ezarrita dauden edo ezarri berri diren enpresek sortutako lanpostu berriei, kontuan hartuta prestakuntza-ekintzen lehentasunezko helburua dela langile langabeak laneratzea edo berriz laneratzea produkzio-sistemak behar dituen enpleguetan.

Eskuratutako konpetentziak maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuak araututako Euskal Autonomia Erkidegoko Konpetentzien Erregistroan jasoko dira, dekretuaren 17. artikuluak esaten baitu erregistroaren xedea izango dela Euskal Autonomia Erkidegoko langile guztien prestakuntza-curriculuma barne hartzea, prestakuntza-ibilbideak diseinatzeko tresna eraginkor bat antolatzeko, bat etorriz Bizialdi Osoko Ikaskuntzaren Europako Estrategiarekin.

Ez da ahaztu behar, COVID-19aren krisiaren ondorioz sortu den nahasmendu ekonomiko eta sozial masiboak EAEko biztanle aktibo eta enpresa gehienei eragiten diela, eta eragiten jarraituko duela, epe labur eta ertainean. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak lagundu nahi du, bere eskumenen baitan, enpleguaren, enpresen eta jarduera ekonomikoaren berreskurapenean.

Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren proposamenez, erakunde autonomo horretako Administrazio Kontseiluak, 2021eko xxaren xxeko bilkuran, 2022rako dirulaguntza-deialdia egitea onartu zuen, Euskal Autonomia Erkidegoko langile langabeentzako kontratazio-konpromisoa dakarten prestakuntza-ekintzak egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren esparruan, honako baldintza hauekin:

1. artikulua.– Xedea eta baliabide ekonomikoak.

1.– Deialdi honen xedea da arautzea Euskal Autonomia Erkidegoko langile langabeentzako kontratazio-konpromisoa dakarten prestakuntza-ekintzak 2021ean finantzatzeko laguntzak, Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren esparruan.

2.– Deialdi hau finantzatzeko, 3.000.000 euroko diru-baliabideak bideratuko dira: horietatik 1.500.000 euro 2021eko ordainketa-kredituari dagozkio eta 1.500.000 euro 2022ko konpromiso-kredituari.

Guztira emango diren laguntzen bolumenak ez du gaindituko aipatutako kopurua edo hori eguneratzetik ateratzen dena, baldin eta indarreko legeriarekin bat aurrekontu-aldaketak onartzen badira, eta, hala bada, testuinguru hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez eman beharko da argitara EHAAn.

3.– Lanbiderekin elkarlanean diharduten erakunde kolaboratzaileei lan-eskaintzak biltzeagatik, erregistratzeagatik eta kudeatzeagatik dirulaguntzak emateko eta enpresei praktikaldiko kontratuak eta kontratu mugagabeak egite aldera dirulaguntzak emateko 2022ko ebazpenentzako kreditu nahikoa eta egokia egon behar da 2022. urterako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan, betiere Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluaren ondorioetarako; agindu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Nagusien kontura egiteko diren gastu-espedienteen aurreratutako tramitazioa araupetu zen.

4.– Deialdi honen xedean dauden dirulaguntzak osorik edo zati batean kofinantzatu ahal izango ditu Europako Gizarte Funtsak, 2014-2020 aldiko EAE EGF Programa Operatiboaren esparruan, baita zehazki REACT-UE ardatzaren barruan ere, Europar Batasunak COVID-19 pandemiari eman beharreko erantzunaren baitan, edo 2021-2027 aldiko EAE EGF Plus Programa Operatiboaren esparruan. Hauta daitezkeen gazteen kasuan, Gazte Enplegurako Programa Operatiboa 2014-2020 delakoaren barruan emango dira laguntzak.

2. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Deialdi honetan bildutako laguntzen onuradun honako hauek izan ahal izango dira:

a) Euskal Autonomia Erkidegoan lantokia duten enpresak, haien forma juridikoa edozein dela ere, lan-kontratuak egiteko konpromisoa dakarkien prestakuntza-ekintzak egiteko. Baztertuta geratuko dira aldi baterako laneko enpresak, outsourcing direlako enpresak eta langileen zerbitzu anitzeko enpresak. Prestakuntza egin ahal izango dute:

a.1.– Enpresek, baliabide propioekin:

– Eman beharreko prestakuntzaren xedea bada profesionaltasun-ziurtagiriak lortzea, egiaztatuta egon beharko dute prestakuntza-ekintza hasten denean.

– Gainerako prestakuntza-ekintzetan, alta emango zaie behin-behinean Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatzen duen prestakuntza-erakundeen erregistroan. Prestakuntza-ekintza amaituta, enpresari baja emango zaio automatikoki.

a.2.– Enpresek, langileak kontratatuta, helburu horretarako egokiak izanez gero.

b) Prestakuntza-erakunde pribatu edo publikoen bidez, baldin eta prestakuntza-ekintzaren eskabidea aurkeztu den datan egiaztatuta eta/edo inskribatuta badaude Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatutako prestakuntza-erakundeen erregistroan, autonomia-erkidegoren bateko prestakuntzarako beste erakunde-erregistro batean edo Prestakuntza Erakundeen Estatuko Erregistroan, dirulaguntza eskatzen den prestakuntza-ekintzei dagozkien espezialitateak irakasteko.

2.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak lortzeko, enpresek eta prestakuntza-erakundeek laguntzaren xede diren prestakuntza-ekintzak egiteko behar diren pertsonak eta bitarteko materialak izan beharko dituzte, edo dirulaguntza esleitu ondoren, prestakuntza-jarduera hasten denean, haiek lortzeko konpromisoa hartu beharko dute.

Instalazio eta baliabide horiek propioak edo hirugarren erakunde pribatu edo publikoenak izan ahal izango dira, eta EAEko lurraldean baliatu beharko dira.

Informazio hori egiaztatzeko, erakundearen legezko ordezkaritzak erantzukizunpeko adierazpena bete beharko du. Dokumentu hori eskabidean dago. Edonola ere, erakunde eskatzaileak adierazpen horretan jasotako datuak egiaztatzeko dokumentazioa prest izan beharko du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarentzat.

3.– Ezingo dira onuradun izan honako egoera hauetako batean diren erakundeak:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez izatea.

Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla, dirulaguntza eman eta ordainketa bakoitza egin baino lehen. Hala ere, eskatzaileak berariaz aurka egin diezaioke egiaztatze horri, eta, halakorik egiten baldin badu, baldintza hori betetzen duela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.

b) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta ez edukitzea.

c) Eskatzaileak zigor- edo administrazio-zehapenen bat izatea, dirulaguntzak edo laguntza publikoak eskuratzeko aukerarik gabe uzten duenik, edo horretarako ezgaitzen duen lege-debekuren bat izatea, honako hauengatik gertatutakoak barnean direla:

– Sexu-bazterkeriagatik zigorren bat jaso izana, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak edo Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eraginkorrerako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoak ezarritakoaren arabera.

– Abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuak (Lan-arloko arau-hausteei eta zehapenei buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak) 46.1.b) eta 46.bis.1.b) artikuluetan xedatutako zehapen osagarri batek hala ezarri izana.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan xedatzen diren gainerako egoeraren batean egotea.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ez badu egiaztatzen 3. apartatuan xedatutako eskakizunen bat, erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatu beharko da; adierazpen hori eskabide-orrian jasota dago.

4.– Ondorengo hauek ezin izango dute dirulaguntzarik jaso prestakuntza-ekintzak egiteagatik. Batetik, baldintza hau bete ez duen enpresak edo erakundeak: aurreko hiru ekitaldietan kontratatzeko konpromisoa zuten prestakuntzarako dirulaguntzen deialdiren batean, Lanbidek diruz lagundutako prestakuntza-ekintzetan hartutako kontratazio-konpromisoak % 70 baino gehiago ez betetzea. Bestetik, deialdi horietan prestakuntza hasi zuten ikasleen % 30 kontratatzea lortu ez duten erakundeek ere albo batean utzita prestakuntza utzi edo gainditu duten ala ez.

3. artikulua.– Diruz lagun daitekeen jarduera.

1.– Diruz lagundu ahal izango dira 2. artikuluan deskribatutako erakunde onuradunek garatu behar dituzten kontratazio-konpromisoa dakarten prestakuntza-ekintzak, eranskineko espezialitateei buruzkoak.

Prestakuntza-ekintza programagarriak honela sailkatzen dira:

a) Prestakuntza egiaztagarria: Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalari lotutako ekintzak, profesionaltasun-ziurtagiriak lortzera bideratutakoak, ibilbide osoen arabera programatu daitezkeenak –espezialitatearen ordu guztietarako–, edo prestakuntza-moduluen arabera. 1., 2. edo 3. kualifikazio-mailakoak izan daitezke.

b) Prestakuntza-ekintza kualifikatzaile ez-egiaztagarria: Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalari lotuta ez dauden prestakuntza-ekintza kualifikatzaileak dira. Ekintza horiek honako behar hauei erantzutera eta/edo aurrea hartzera zuzenduta daude: produkzio-sistemaren kualifikazio-beharrak –bereziki sektore berritzaileenak eta/edo enplegu-aurreikuspen onenak dituztenak garatzera bideratutakoak– edo erregulazio espezifikoak dituzten produkzio-sektoreekin lotutako beharrak (lanbide-txartelak).

c) Era berean, eranskinean sartuta ez dauden beste espezialitate batzuk ere programatu ahalko dira; betiere, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Espezialitateen Katalogoak jasotzen baditu enpresen berariazko prestakuntza-premiei erantzuteko.

Dirulaguntza eskuratzeko, honako baldintza hauek bete behar dira:

1) Erakunde edo enpresa eskatzaileek egiaztatu beharko dute, dirulaguntza eskatu aurretik, kontratatu behar dituzten langintza eta profiletan izena emanda dauden langabeak ez direla aski. Horretarako, informazio hori eskatu behar dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bulego egokian (LanF aplikazioan eskura dagoen ereduaren arabera). Eskatutako profila ezingo da izan prestakuntza amaitu ondoren lortuko dutena baino handiagoa.

Izangai aski ez dagoela ulertuko da kontrata daitezkeen langabeen kopurua txikiagoa bada enpresak kontratatutako pertsonen kopurua halako lau baino.

2) Prestakuntza-ekintza amaitzen duten pertsonen % 50, gutxienez, kontratatzeko konpromisoa hartu behar dute enpresa edo erakundeek, eta kontratazio horiek ezaugarri hauek izan behar dituzte:

– Lanaldia: osoa edo partziala; gutxienez % 50ekoa.

– Kontratuaren iraupena:

• Lan-kontratua, lehentasunez, mugagabea izango da.

• Lanaldi osoko kontratua bada, etengabeko sei hilekoa izango da gutxieneko iraupena.

• Lanaldia % 50ekoa bada, etengabeko urtebetekoa izango da gutxieneko iraupena.

• Lanaldia partziala bada, baina % 50etik gorakoa, dagokion zati proportzionala izango da gutxieneko iraupena.

Kontratuak hasierako data jasoko du beti, eta amaierakoa aldi baterako kontratuetan.

3) Kontratazio-konpromisoa bete dadin, kontrataziotzat hartuko da ikasleak bazkide-langile edo lan-bazkide gisa sartzea kooperatiba-sozietate batean, edo lan-sozietate batean bazkide-langile gisa sartzea. Horretarako, sozietate horretan sartu dela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dira.

4) Laneratzea prestakuntza-ekintza egiteko eskabiderako oinarritzat hartutako enpresetan baino ez da egin behar izango. Enpresa horietako batean sartzea eragozten duten kausak –agiri bidez justifikatuak– daudenean soilik onartu ahal izango da beste enpresa batzuetan laneratzea, eta enpresa horiek konpromiso-agiria sinatu beharko dute. Kontratazio horiek Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietan egingo dira.

5) Kontratazio-konpromisoaren ondorioz egiten diren lan-kontratuek laneko arautegiaren araberakoak izan beharko dute. Kontratu hauek ez dira baliozkotzat hartuko kontratazio-konpromisoa bete dela justifikatzeko: prestakuntza- eta ikaskuntza-kontratuak, eta merkataritzako kontratuak.

6) Kontratazioa irakatsitako prestakuntza-espezialitatearekin zerikusia duen langintza eta maila batean egin beharko da. Alde horretatik, lanpostu egokitzat hartuko da aurretiazko prestakuntzan eskuratutako ezagutza teoriko-praktikoei lotutako lanak egitea xede duena.

7) Lan-kontratua prestakuntza-ekintza amaitu eta hurrengo 3 hilabeteetan hasi beharko da.

Horretarako, parte-hartzaile baten prestakuntza-ekintza amaitutzat joko da honako kasu hauetan:

– Helburua profesionaltasun-ziurtagiria lortzea bada, prestakuntza-modulu praktikoa amaitutakoan.

– Gainerako prestakuntza-ekintzetan, diruz lagundutako ekintza teoriko/praktikoa amaitutakoan.

Prestakuntza-ekintzaren % 75 amaitu ondoren, kontratazioak onartu ahal izango dira. Ekintza amaitu baino lehen egiten bada kontratazioa, prestakuntza-ekintza amaitzen denean hasiko da kontratazio-konpromisoa betetzeko eskatzen den aldia.

2.– Prestakuntza-ekintzak emateko modalitatea presentziala baino ez da izango.

3.– Profesionaltasun-ziurtagiri bat lortzera bideratuta ez dauden prestakuntza-ekintzetan gehieneko iraupena 300 ordukoa izango da, eskabidea prestakuntza-proiektu espezifikoa duen enpresa batek aurkeztu duenean eta kontratazioa Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak baimentzen duenean izan ezik.

Profesionaltasun-ziurtagiriak lortzera bideratutako prestakuntza-ekintzek, askoz jota, 510 orduko iraupena izango dute (ordu-kopuru horretatik kanpo dago lanekoak ez diren lanbide-praktiken modulua).

4.– Diruz lagunduko diren prestakuntza-ekintzak 2022ko ekitaldian hasi beharko dira, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta 2 hilabeteko epean gehienez, eta 2023ko uztailaren 31 baino lehen amaitu beharko dira (lantokian egingo den prestakuntza praktikoaren modulua edo prestakuntza praktikoa barnean hartuta).

5.– Prestakuntza-ekintzak gehienez ere 20 parte-hartzaileentzat eta gutxienez 10entzat onartuko dira. Hala ere, laguntza jasoko dutenez gain, beste bi parte-hartzaile ere onartu ahal izango dira prestakuntza-ekintzetan, prestakuntza-zentroak kopuru hori hartzeko egiaztatuta edo inskribatuta badaude. Partaide gehigarri horiek ez dute dirulaguntzarik jasoko.

Ezingo da abian jarri 10 partaide baino gutxiagoko prestakuntza-ekintzarik.

6.– Prestakuntza-ekintzaren zati teoriko-praktikoa soilik lagunduko da diruz.

Ez dira diruz lagunduko lantokian egingo den prestakuntza praktikoaren modulua, profesionaltasun-ziurtagirien kasuan, eta enpresetan egingo diren praktikak, gainerako espezialitateetan.

4. artikulua.– Prestakuntzaren hartzaileak.

Deialdi honen babespean diruz lagundutako prestakuntza-ekintzetan parte hartu ahal izango dute, lehentasunez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan enplegu-eskatzaile gisa izena emanda dauden langile langabeek edo Gazte Bermearen Sistema Nazionalaren fitxategian izena emanda daudenek. Era berean, beste autonomia-erkidego bateko enplegu-zerbitzu publikoan izena emanda dauden langile langabeek ere parte hartu ahal izango dute.

Era berean, eta lehentasunik gabe, prestakuntza-ekintza hauetan parte hartu ahal izango dute langile landunek. Hala ere, ezingo dute inola ere gainditu prestakuntza-ekintza bakoitzean programatutako partaide guztien artean ehuneko 30, eta beti egon beharko dira bere egungo lanpostuaren berezko kualifikazio profesionalekin lotuta ez dauden espezialitateetan. Halaber, prestakuntza-ekintza hasten den unean lanean diharduten enpresa berak ezin izango ditu kontratatu. Horretarako, ekintzetan parte hartzen duten pertsonak langabe edo landun diren zehazteko, prestakuntzaren hasieran duten lan-egoera hartuko da kontuan.

Ondorio horietarako, honako hauek sartuko dira langabeen taldean: lanaldi partzialeko kontratu batekin ari diren langileak, baldin eta beren lanaldia lanaldi osoz aritzen den pertsona batek duenaren herena baino laburragoa bada –konparagarriak izan behar dute–.

5. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1.– Prestakuntza-ekintza bakoitza parte-hartzaileko eta prestakuntza-orduko kostuaren arabera finantzatuko da, deialdi honen eranskinean aurreikusitako modulu ekonomikoen arabera.

2.– Modulu ekonomiko bakoitzak hiru ditu: horietako bi zuzeneko kostuei dagozkienak –langileak (A) eta funtzionamendua (B)– eta hirugarrena zeharkako kostuei (C) dagokiena –kostu zuzenei dagozkien moduluen baturari % 10eko ehunekoa aplikatuz kalkulatua–.

Azkenean aplikatu beharreko modulu ekonomikoek ezin izango dituzte inola ere gainditu martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduan aurreikusitako gehienekoak (uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretua garatzen du agindu horrek), eta, profesionaltasun-ziurtagiriak lortzera zuzenduta dauden prestakuntza-ekintzen kasuan, gehieneko muga urriaren 10eko ESS/1897/2013 Aginduan jasotakoa da (horren bidez garatzen da 34/2008 Errege Dekretua, urtarrilaren 18koa, profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituena).

Ondorioz, aplikatu beharreko azken modulua osatzen duten hiru moduluen batura handiagoa balitz aipatutako araudietan aurreikusitakoak baino –edo, hala badagokio, horien ordez ezartzen diren eta deialdi hau argitaratzen denean indarrean dauden araudietan aurreikusitakoak baino–, azken horiek aplikatuko dira.

3.– Ekintzak osorik edo partzialki finantzatuko dira, irakatsi beharreko espezialitatearen modulu ekonomikoa osorik estaltzeko falta den zenbatekoan, beste erakunde publiko edo pribatu batzuekin batera finantzatzen direnean, baterako finantzaketa hori nahikoa bermatuta badago.

6. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Deialdi honen esparruko dirulaguntzak jasotzeko eskabideak elektronikoki izapidetuko dira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren prestakuntza-aplikazio informatikoaren bidez (LanF). Aplikazio horretara sarbiderik ez duten erakundeek edo enpresek Lanbideren web-orriaren bidez eskatu ahal izango dute: www.lanbide.euskadi.eus

Helbide honetan https://www.euskadi.eus/servicios/1060605 egongo da eskuragarri, izapidetza elektronikoak egiteko administrazio-prozeduraren argibide fitxa.

Ordezkari baten bidez, eskabideak elektronikoki izapidetu ahal izango dira. Horretarako, ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordeskariak

2.– Dirulaguntza-eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu behar dira:

a) Kontratazio-konpromisoari dagokion dokumentua (LanF aplikazioan eskura dagoen ereduaren arabera):

– Eranskina (enpresa): enpresa dirulaguntzaren onuraduna bada.

– Eranskina (prestakuntza-erakundea): prestakuntza-erakundea bada konpromisoaren sustatzailea. Era berean, enpresa kontratugileko pertsona sinatzaileak ordezkaritza-gaitasuna duela egiaztatzen duen agiria ere erantsi beharko da.

b) Prestakuntza-proiektuaren memoria, LanF aplikazioan eskuragarri dagoen ereduan, honako hauek jasoko dituena:

– Enpresaren jarduerari dagokionez, prestakuntza gauzatzeko eta gero parte-hartzaileak enpresan kontratatzeko beharraren txosten arrazoitua, honako hauek jasoko dituena:

– Kontratatu nahi diren pertsonen profila: ezaugarriak eta betekizunak. Ezingo da zehaztu sexua, adina edo kontratatu nahi den lanbiderako egokia ez den edozein betekizun, kontratazio hori programa bereziren baten barruan egin ezean.

– Egingo den kontratu-mota eta berorren iraupena.

– Kontratazioa zer langintzatan eta lanbide-kategoriatan egingo den.

– Lanpostuaren edo lanpostuen kokapena.

– Kontratatutako pertsonek zerbitzuak bete behar dituzten enpresen zerrenda.

– Lanekoak ez diren praktiken planaren deskribapena, egoki izanez gero (edukia, iraupena, eta abar).

c) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, proiektuaren berezitasunen arabera, eskatutako beste edozein informazio.

d) Prestakuntza-ekintzaren kontratazioaren kasuan, kontratazio-proposamena, hiru eskaintza eskatu izana eta azken aukeraketa justifikatuta, hala badagokio, bai eta Lanbideri aldez aurretik eskatutako baimena ere, 11. artikuluko 11. zenbakian adierazitako kasuetan.

Dokumentazio hori geroago aurkeztu ahal izango da, baina beti prestakuntza-ekintza hasi aurretik.

e) 3.1.1 artikuluak aipatzen duen izapidearen emaitzari buruz Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bulegoak egindako txostena, kontratatu nahi den langintza eta profilean behar adina langabe izena emanda ez dagoela egiaztatzeko.

3.– Eskabideak ez baditu baldintza guztiak betetzen, enpresa edo erakunde interesdunari jakinaraziko zaio 10 egun balioduneko epea duela hutsunea edo akatsa zuzentzeko, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera. Hala egin ezean, eskabideari uko egin diola ulertuko da, hala xedatzen duen ebazpena egin ondoren.

4.– Dirulaguntzak jasotzeko eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2022ko urriaren 14an bukatuko.

7. artikulua.– Prozedura eta ebazpena.

1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendaria da prozedura bideratu eta ebazteko organo eskuduna.

2.– Dirulaguntzak emateko prozedura segidako konkurrentzia izango da.

Eskabideek deialdi honetako eskakizunak betetzen dituztela egiaztatutakoan, ordenan emango dira laguntzak, espedientea osatzen den unearen arabera, jarduketa horietarako 1.2 artikuluan xedatutako aurrekontu-zuzkidura amaitu arte.

Dirulaguntza ukatzeko arrazoi izango dira:

– Behar adina langabe izena emanda egotea kontratatu beharreko langintza eta profilean (Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak emandako txostenean adierazitakoaren arabera).

– Aurreko deialdietan onartutako prestakuntza-ekintzetan hartutako kontratazio-konpromisoak bete ez izana, 2.4 artikuluan xedatutakoaren arabera.

– Deialdi honen 3.3 artikuluan ezarritako iraupen-mugak gainditzen dituzten prestakuntza-ekintzetarako dirulaguntza-eskabidea.

Hasierako aurrekontu-zuzkidura eta balizko handitzea amaitu ondoren, geratzen diren eskabideei ezezkoa emango zaie, eta EHAAn argitaratuta emango da horren berri, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketaren zuzendariaren ebazpen bidez.

Eskabideak ebazteko eta ebazpenak jakinarazteko gehieneko epea sei hilekoa da, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren erregistroan eskabidea sartzen denetik aurrera; epe hori igarota, enpresa edo erakunde interesdunari ez bazaio ebazpenik jakinarazi, dirulaguntza-eskabidea ezetsi dela ulertuko da.

3.– Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariaren ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari. Beraz, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

4.– Publikotasun-printzipioa betetzearren, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketaren zuzendariaren ebazpen bidez, argitara emango da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian deialdi honen babespean emandako laguntzen onuradun diren erakundeen zerrenda, espresuki adierazita jasotako zenbatekoak, eta aipatuta Europako Gizarte Funtsaren baterako finantzaketa, 2014-2020ko EAE EGF Programa Operatiboaren esparruan, baita zehazki REACT-UE ardatzaren barruan ere, Europar Batasunak COVID-19 pandemiari eman beharreko erantzunaren baitan, edo 2021-2027 aldiko EAE EGF Plus Programa Operatiboaren esparruan. Hauta daitezkeen gazteen kasuan, Gazte Enplegurako Programa Operatiboa 2014-2020 delakoaren barruan emango dira laguntzak.

8. artikulua.– Prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonen hautaketa.

1.– Honako hauek izan daitezke prestakuntza-ekintza bakoitzean parte hartzeko hautagaiak:

a) Enplegu-eskatzaileak (eta diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenak), baldin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Orientazio Zerbitzuek prestakuntza-ekintza egitea agindu badiete haien prestakuntza-ibilbidearen barruan.

b) Nire Lanbidenet-en bitartez ikastaro batean izena eman duten enplegu-eskatzaileak, beren prestakuntza-kontuko prestakuntza-aholkularitzaren bidez.

c) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak deitutako enplegu-eskatzaileak, prestakuntza-aholkularitzako edo ebaluazioko prozesu baten ondoren agindu zaien prestakuntza egiteko, lan-esperientziaren edo prestakuntzako bide ez-formalen bitartez eskuratutako konpetentzia profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozeduran.

d) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak deitutako enplegu-eskatzaileak, lan-merkatuan eskaria duen profesionaltasun-ziurtagiri baten egiaztapena osatzeko falta dituzten prestakuntza-moduluez eratutako prestakuntza-ekintza bat egiteko.

e) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan izena emanda ez dauden landunak, baldin eta Lanbideren sareko bulegoren batean eskabidea aurkeztu badute, edo eskabidea erakunde autonomo horren webgunean bete badute (www.lanbide.euskadi.eus). Prestakuntza-ekintzak, haietan izena emateko epea eta eskatzaileek bete behar dituzten sarbide-baldintzak adieraziko dira webgunean, bai eta prestakuntza-ekintza bakoitzaren xehetasunak eta ezaugarriak ere.

2.– Enpresak eskabidearekin batera aurkeztu beharreko prestakuntza-proiektuaren memorian adierazitako pertsonen profila kontuan hartuko da, bat etor dadin kontratazio-beharrekin.

3.– Profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko prestakuntza-ekintzetan parte hartzeko, pertsonek Profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituen urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuaren 20. artikuluan bildutako baldintzak bete behar dituzte, lanbide-kualifikazioaren 2. eta 3. mailei dagokienez. Era berean, prestakuntza-espezialitateen katalogoan jasotako prestakuntza-espezialitateren bateko prestakuntza-ekintzetan parte hartu nahi dutenek katalogoan espezialitate bakoitzerako ezarritako sarbide-baldintzak bete behar dituzte.

4.– Azken hautaketa enpresa edo erakunde onuradunak egingo du, LanF aplikazioan (Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Prestakuntza Kudeatzeko aplikazioan) agertzen diren aurrematrikulatuetatik abiatuta.

Hautaketa-prozesua prestakuntza-ekintzak hasi baino lehenago egingo du, garaiz, eta behar diren berme guztiekin.

Aurrematrikulatutako partaide nahikoa ez egoteak ez du esan nahi zentro edo erakundeak ez dituela hautagai berriak bilatu behar edo prestakuntza-ekintza gauzatu behar. Edonola ere, 3.5 artikuluan adierazitako gutxieneko partaide-kopurua betetzen ez bada, ezin izango da prestakuntza-ekintza hasi.

Beharrezkoa duten prestakuntza-ekintza guztietan, hautaketa-proba bat ere egingo dute, egoitzan bertan, Lanbideko teknikariekin aurrez adostuta, ikasleek ekintza behar bezala aprobetxatuko dutela ziurtatzeko eta ikusteko kualifikazio-ekintzetako helburuak lortzekotan, aurretik izan behar duten jakintza ba ote duten. Proba hori LanF aplikazioaren dagokion atalean erantsiko da.

5.– Prestakuntza-ekintzara sartzeko eskakizunak betetzen dituzten eta, aurreko atalean deskribatu bezala, dagokien hautaproba gainditzen duten pertsonen artean, kolektiboen araberako lehentasun batzuk ezarri dira, hurrenkera honetan:

1.a– Lehenik, eta lehentasun-maila berdinarekin, lan-merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten langabeak. Lehentasuna emango zaie kualifikazio-maila baxua duten pertsonei: 30 urte arteko gazteak; emakumeak, langabeen kolektiboan duten proportzio berean (langabezian dauden pertsona guztien % 55); luzaroko langabeak; 45 urtetik gorakoak; desgaitasunen bat duten pertsonak; gizarteratzeko errenta aktiboaren eta diru-sarrerak bermatzeko errentaren onuradun diren langabeak; terrorismoaren eta genero-indarkeriaren biktimak; eta aparteko langabezia-sorospenaren hartzaileak.

2.a– Bigarrenik, gainerako langabeak, oro har.

3.a– Hirugarrenik, langile landunak, prestakuntza-ekintzan parte hartzeko ordutegia libre dutenak, eta soilik baldin eta ikastaroan parte hartzeko baldintzak betetzen dituzten langabe nahikorik ez egoteagatik plaza hutsak badaude.

6.– Langile landunek, lehentasunezkoak ez direnez, ikastaroan parte hartzeko baldintzak betetzen dituzten langabe nahikorik ez egoteagatik plaza hutsak daudenean bakarrik parte hartu ahal izango dute.

7.– Pertsona batek ezin izango ditu bi ikastaro batera egin, ikastaroan sartzeko baldintzak betetzen dituzten pertsonen eskabideak izanez gero.

8.– Hautaketa amaitu ostean, enpresa eta erakunde onuradunek emaitza jakinarazi beharko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, LanF kudeaketarako aplikazio informatikoaren bitartez, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak horretarako emandako jarraibideak aintzat hartuta.

9.– Hautatuak izan direnen eta ikastaroetan parte hartzeko erreserba-egoeran gelditu direnen zerrendak erakutsi behar dituzte prestakuntza-erakundeek beren instalazioetan, prestakuntza-ekintzak abiarazi baino 24 ordu lehenago gutxienez eta hautagaiei aldez aurretik adierazi zaien leku batean. Horrekin batera, prestakuntza-ekintzak non, noiz eta zer ordutan egingo diren adierazi behar dute.

Aurrez esandakoari eragin gabe, prestakuntza-zentroek egoki iritzitako bestelako bitartekoak balia ditzakete ikasleei ikastaroetan parte hartuko dutela jakinarazteko.

9. artikulua.– Prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonen eskubideak eta betebeharrak.

1.– Prestakuntza-ekintzak doakoak dira ikasleentzat, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak zein Europako Gizarte Funtsak diruz lagunduko dituzte.

2.– Ikasleek aseguru-estaldura izango dute, ikastaroetan eta enpresako prestakuntza praktikoan, edo haietara joateko bidean, dituzten arriskuetarako. Eusko Jaurlaritzak sinatutako polizak istripuak eta erantzukizun zibila estaliko baititu.

3.– Parte-hartzaileek ikastaroaren egutegia, prestakuntza-ekintzaren programa eta ikasleen eskubide eta betebeharrei buruzko dokumentua jasoko dituzte lehen eskola-egunean, eta jaso izanaren agiria sinatuko dute.

Halaber, informazio idatzia jasoko dute honako hauek direla eta: geroko kontratazioa, zerbitzuak beteko dituzten enpresak, egin asmo diren kontratuen kopurua eta baldintza zehatzak (lantokia non kokatuta dagoen, lanbide-kategoria, ordainsaria, lanaldia eta lan-ordutegia, kontratuaren iraupena, eta abar).

4.– Ikasleek prestakuntza-ekintzetara joan beharko dute, eta haiei etekina atera beharko diete. Horretarako, enpresa edo erakunde onuradunek eguneroko bertaratze-partea egin beharko dute, eta irakasleak zein parte-hartzaileek sinatu beharko dute. Profesionaltasun-ziurtagirien kasuan, eguneroko parte hori bereiz egingo da prestakuntza-modulu bakoitzeko.

5.– Partaideek ezingo dute ikastaro batean baja eman beste prestakuntza-ekintza bat hasteko. Ezin izango dute jarduera utzi harik eta bukatzen den arte, baina salbuespena izango dira honako kasu hauek: enplegua aurkitu badute, eta horrek prestakuntza-ekintzara joatea eta probetxua ateratzea galarazten badie, edo bat-bateko familia-egoera larriren bat sortzen bazaie edo Lanbidek zehaztutako eta onartutako beste edozein inguruabar gertatzen bazaie. Jarduera justifikaziorik gabeko beste arrazoiren barengatik utziz gero, gerta liteke pertsona hori lehentasunezkoa ez izatea etorkizuneko deialdietako prestakuntza-ekintzetan.

10. artikulua.– Ikasleak baztertzeko arrazoiak eta prozedura.

1.– Honako hauek izango dira ikasleak baztertzeko arrazoiak:

a) Prestakuntza-ekintzaren iraupen osoan % 25etik gorako ez-bertaratzea biltzea, dena delako arrazoiengatik, justifikatuta egon zein ez.

b) Ekintzatik etekinik ez ateratzea, edo ekintza behar bezala egitea eragozten duen jokabide desegokia izatea, osasun- eta higiene-arauak ere kontuan hartuta.

c) Hilean, hirutan baino gehiagotan ikastarora ez joatea justifikatu gabe.

Prestakuntza-zentroak prestakuntzako teknikariari jakinaraziko dio baztertzeko arrazoietako bat gertatu dela, horretarako ezarri den eredua erabiliz. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak arrazoi hori aztertuko du, eta ontzat ematen badu, Enplegurako Lanbide Heziketaren zuzendariak baztertzeko prozedura hasteko erabakia hartuko du. Ikaslea baztertzeko proposamenaren arrazoia azalduko da erabaki horretan, eta ikasleak bost egun balioduneko epea izango du alegazioak aurkezteko. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketaren zuzendariak ebatziko du prozedura, gehienez hamabost eguneko epean. Egoerak hala eskatzen badu, baztertze-prozedurari ekiteko erabakian behin-behineko neurriak har daitezke prestakuntza-jardueraren jarraipen egokia bermatzeko. Neurri horietako bat izan daiteke ikaslea ikastarotik behin-behinekoz baztertzea, prozedura abiatzeko erabakia jakinarazten zaionetik prozedura ebazten den bitartean. Errekurtso-bideak adieraziko dira ematen den ebazpenean.

Asteren batean prestakuntza-ekintzako partaideren baten hutsegiteak prestakuntza-ekintzaren ordu-kopuruaren % 25 baino gehiago badira, prestakuntza-zentroak horren berri emango dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketaren Zuzendaritzari, ikaslea baztertzeko prozedura has dezan. Modulu oso bat geratzen bada egiteko, eta % 25etik gorako asistentzia-faltak arrazoi justifikatu batengatik gertatu badira (adibidez, gaixotasuna izatea edo lanean hastea), pertsona horrek geratzen den modulua egiteko aukera izatea aztertu ahal izango da.

Baldin eta ikasleren batek utzi egiten badio prestakuntza-ekintzara joateari eta ez-bertaratzeen % 25 gainditzen baldin badu, zentroak egoera horren berri emango dio Lanbideri, eta ofizioz emango zaio baja, baztertze-prozedura erabili beharrik izan gabe.

11. artikulua.– Prestakuntza-jarduerak gauzatzea eta lortutako gaitasunak egiaztatzea.

1.– Dirulaguntzaren erakunde edo enpresa onuradunak prestakuntza-ekintzak egin beharko ditu, deialdi honetan ezarritakoari jarraituz, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ematen dituen ereduen arabera, erakunde autonomo horrek eskura jartzen duen prestakuntzarako aplikazio informatikoa (LanF) baliatuta, prestakuntza-ekintza bakoitzaren hasiera, geroagoko edozein aldaketa (gertatzen den une berean) eta amaiera jakinarazteko. Halaber, parte-hartzaileen bertaratzeak kontrolatuko ditu. Oro har, eta aurkako jarraibiderik ematen ez bada, 7 egun balioduneko epean egin beharko zaizkio jakinarazpenak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

Prestakuntza-ekintza hasi baino lehen, enpresek enpresan langileen legezko ordezkari-lanetan diharduten pertsonei jakinarazi beharko diete kontratazio-konpromisoa duen programa onartu dela, baita proposatutako kontratazioko oinarrizko baldintzak zein diren eta prestakuntza-ekintzan parte hartuko duten pertsonen zerrenda zein den ere.

Prestakuntza-ekintzak ezingo dira hasi Lanbidek aldez aurreko baimena eman gabe, LanF aplikatiboaren bidez jakinarazita.

2.– Lanbidek baimendu beharko ditu, eta prestatzaileen fitxategian sartu, deialdi honetan prestakuntza ematen duten pertsonak, indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzen arabera.

Profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko ez diren prestakuntza-ekintzetan, enpresek eman behar badituzte zuzenean, ez da beharrezkoa izango Lanbidek prestatzaileak baimentzea. Irakasle horiei ez zaie alta emango Lanbideren fitxategian.

3.– Prestakuntza-ekintzan parte hartu ahal izango dute, baimendutakoez gain, beste bi pertsonak ere, beroriengatik dirulaguntza jasotzeko eskubiderik gabe, prestakuntza-erakundeek hala eskatzen badute prestakuntza-ekintzaren hasiera jakinarazten dutenean (prestakuntza-ekintza hasi baino zazpi egun lehenago, gutxienez), baldin eta instalazio eta ekipamendu nahikoak badituzte, eta ikasle guztiek baldintza berak izango dituztela bermatzen badute. Baimena eman aurretik ikusiko da instalazio eta ekipamendu egokirik eta eskatutako parte-hartzaile kopururako egiaztapenik dagoen ala ez, profesionaltasun-ziurtagiri bat izanez gero.

4.– Langile langabeek ezingo dute prestakuntza-ekintzetan egunean 8 ordu baino gehiagoz parte hartu. Nolanahi ere, astebeteko guztizko iraupenak ezingo du 40 ordutik gorakoa izan. Muga horien barruan sartuta egongo dira, hala dagokionean, profesionaltasun-ziurtagiri bakoitzari dagokion lantokiko prestakuntza praktikoko moduluaren orduak edo profesionaltasun-ziurtagiriez kanpoko ekintzen praktikak ere.

5.– Prestakuntza-erakundeak ahaleginduko dira prestakuntza-ekintzak ordutegi zentzuzkoetan programatzen, batez ere kolektibo ahulentzako ekintzen kasuan, ikasleek prestakuntza eta bizitza pertsonala bateratzeko aukera izan dezaten.

Prestakuntza-ekintza hasi ondoren, erregulartasunez emango da, eta ezingo da aldi batez eten, behar bezala justifikatutako eta Lanbidek onartutako ezinbesteko kasuetan izan ezik.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak prestakuntza-ekintza bat kautelaz eten ahal izango du, baldin eta prestakuntza emateko ohiko garapenean eragin nabarmena duten anomaliak hautematen badira.

6.– Ikastaro bakoitzaren hasieran, enpresa eta erakunde onuradunek gutxienez honako material hau emango diete prestakuntza-ekintzetan parte hartzen duten guztiei:

– Eskuliburu bat, argitaratua edo euskarri informatikoan, espezialitateko eduki guztiak bilduko dituena.

– Ikastaroa behar bezala egiteko behar den idazmahaiko materiala.

– Beharrezkoak diren babes-elementuak.

– Geroagoko kontratazioari buruzko informazio idatzia, 9.3 artikuluan xedatutakoaren arabera.

Orobat, 9. eta 10. artikuluetan araututako eskubide eta betebeharrak eta baztertzeko arrazoiak eta prozedurak jakinaraziko zaizkie ikasleei.

Aurreko puntuen gaineko informazioa ikasleei berariaz eman zaiela jasota geratuko da, jasotze-agiriaren bidez. Erakunde onuradunak jasotze-agiri horiek igo beharko ditu LanF aplikazio informatikora.

7.– Ikasleek prestakuntza-ekintza uzten badute, beste pertsona batzuk sartu ahal izango dira haien ordez. Ordezkapen hori honako baldintza hauen arabera egingo da:

a) Profesionaltasun-ziurtagiriei lotutako prestakuntza-ekintzetan, ordezkapena onartu egingo da prestakuntza-ekintzaren lehen bost irakastegunetan egiten bada, eta iraupen osoaren % 25 baino gehiago eman ez bada.

b) Profesionaltasun-ziurtagiriei lotuta ez dauden prestakuntza-ekintzetan, ordezkapena onartu egingo da prestakuntza-ekintzaren iraupenaren % 25 eman aurretik egiten bada.

Hasita dagoen prestakuntza-ekintza bati eransten zaizkion ikasleek maila jakin bat izan beharko dute, ikastaroari etekina ateratzeko gaitasuna badutela eta ikastaroaren garapen normala ez dutela eragotziko bermatzeko adinakoa. Beraz, prestakuntza-ekintzari etekina ateratzeko eta ekintza normaltasunez garatzeko, partaideen hautaketa-prozesuak irizpide batzuk ezarri beharko ditu, ikasleek prestakuntza-ekintza behar bezala jarraitzeko eskatzen den gutxieneko maila badutela bermatze aldera.

8.– Prestakuntza-jardueran parte hartuko duten langabeei dagokienez, batez ere langabezia-prestazioa edo -subsidioa edo Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen badute, prestakuntza emateaz arduratzen diren enpresa eta erakunde onuradunek berehala eman beharko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari parte-hartzaileen ukoen, ez-bertaratzeen eta uzteen berri, gertaera horien arrazoiak zehaztuta.

9.– Prestakuntzaren xedea ez bada profesionaltasun-ziurtagiria lortzea, parte-hartzaile bakoitzari asistentzia-ziurtagiria edo diploma emango zaio, prestakuntza gainditu badu eta ebaluazioa positiboa izan bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ezarritako ereduaren arabera. Agiri horretan, gutxienez datu hauek adieraziko dira: prestakuntza-ekintzaren izena, prestakuntza-edukiak, zer modalitatetan eman den, zer egunetan hasi eta amaitu den, eta ikasleak guztira jaso dituen prestakuntza-orduak, bai eta Europako Gizarte Funtsaren baterako finantzaketari buruzko aipamena ere.

10.– Prestakuntzaren xedea profesionaltasun-ziurtagiriak lortzea bada, ikasleak egiten duen modulu bakoitza ebaluatuko da, ikasketaren emaitzak eta, horrenbestez, lanbide-konpetentziak eskuratu direla egiaztatzeko.

Ebaluazioa sistematikoki egingo da, aldez aurreko plangintza baten arabera, zeinean honako hauek adieraziko baitira, gutxienez, modulu bakoitzarentzat: ebaluazioa zer egunetan egitea kalkulatu den, zer tokitan egingo den, zer ebaluazio-tresna erabiliko diren, eta zenbat denbora iraungo duen (LanF aplikazio informatikoan eskura dagoen ereduaren arabera). Ebaluazio-tresna horiek eta parte-hartzaile bakoitzak egindako probak eskaneatu egingo dira eta aplikazioan gordeko dira.

Prestakuntza-moduluetan egiaztatu beharreko ikaskuntzaren emaitzak haien gaitasunetan eta ebaluazio-irizpideen jasotako ezaguerei eta trebetasun praktikoei dagozkienak izango dira; horrela, osotasunean, lanbide-gaitasunak eskuratu direla egiaztatu ahalko dute.

Konpetentzia-unitateen egiaztapena jasotzeko, emaitza positiboarekin gainditu beharko dituzte haiekin lotutako prestakuntza-moduluak, «gai» direla adierazita.

Prestatzaileek txosten batean jasoko dituzte ikasleek prestakuntza-modulu bakoitzaren ebaluazioan lortutako emaitzak. Txosten horretan adieraziko dira ikasle bakoitzaren jarduna, aplikatutako ebaluazio-tresnen arabera, egindako zuzenketak eta lortutako puntuazioak (LanF aplikazio informatikoan eskura dagoen ereduaren arabera).

Modulua eman eta gero, ebaluazio-akta bete beharko da LanF informatika-aplikazioaren bidez, parte-hartzaile bakoitzak lortutako emaitzarekin: «gai», «gai, ez-egiaztagarria» edo «ez gai».

Lantokiko prestakuntza praktikoko modulua egiten den bitartean prestakuntza-ekintzan parte hartzen duten ikasleen jarraipena eta ebaluazioa batera egingo dute prestakuntza-zentroak eta enpresak izendatutako tutoreek. Modulu hori gainditzen duten ikasleek ziurtagiri bat jasoko dute LanF aplikazio informatikoaren bitartez.

Ikastaroa bukatzean, gainditutako prestakuntza-moduluei dagokien Egiaztapen Partzial Metagarria emango zaie parte-hartzaileei, eta profesionaltasun-ziurtagiria lortzeko prozedura hasiko da, osorik burutu badute.

Prestakuntza-ekintzan parte hartzen duen ikasle batek ikastaroa amaitzen badu, baina ebaluazioa negatiboa bada, asistentzia-ziurtagiria emango zaio, bai eta, hala badagokio, gainditu dituen prestakuntza-moduluen Egiaztapen Partzial Metagarriak ere.

Profesionaltasun-ziurtagiriei dagozkien prestakuntza-ekintzak ematen dituzten prestakuntza-zentroek honako datu edo agiri hauek sartu beharko dituzte Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren LanF aplikazioan:

– Ikastaroa hasi aurreko zazpi egun balioduneko epean, hasieraren jakinarazpenean:

• Ebaluazioaren plangintza, Lanbidek ezarritako ereduaren arabera (LanF aplikazio informatikoaren bitartez eskainiko da).

• Erabili beharreko ebaluazio-tresnak, horiek zuzentzeko eta puntuatzeko dagozkien euskarriekin.

– Ikastaroa bukatu ondoko 7 egun balioduneko epean:

• Ikasleen emaitzak biltzen dituen dokumentazioa LanF aplikazioan, Lanbidek ezarritako ereduaren arabera (LanF aplikazio informatikoaren bitartez eskuratu ahalko da eredu hori).

• Ebaluazio-aktak betetzea.

11.– Dirulaguntzen prestakuntza-erakunde onuradunek zuzenean gauzatuko dituzte prestakuntza-ekintzak, eta ezingo dute hirugarren erakunderik azpikontratatu horretarako. Horretarako, onuradunak diruz lagundutako prestakuntza emateko irakasleak (pertsona fisikoak) kontratatzea ez da azpikontrataziotzat hartuko.

Onuraduna enpresa bat izanez gero, bitarteko propioak baliatuta eman dezake prestakuntza, edo kontrata dezake, helburu horretarako egoki izanez gero. Halaber, behin bakarrik azpikontratatu ahal izango du prestakuntza-ekintza erakunde egiaztatu eta/edo inskribatu batekin (onuraduna bera halakoa denean izan ezik), eta ez da azpikontrataziotzat joko irakasleak (pertsona fisikoak) kontratatzea diruz lagundutako prestakuntza emateko.

Kontrataziora joz gero, enpresa onuradunak hiru eskaintza eskatu beharko ditu gutxienez, kontratuen zenbatekoak gainditzen badu Sektore Publikoko Kontratuena den azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 118. artikuluan kontratu txikientzat ezarritako zenbatekoen muga, ezaugarri bereziak izatearen ondorioz zerbitzu hori ematen duten erakundeen kopurua merkatuan nahikoa ez den kasuetan izan ezik. Aurkeztutako eskaintzen arteko aukeraketa eraginkortasun- eta ekonomia-irizpideen arabera egingo da, eta berariaz justifikatuko da memoria batean, aukeratutakoa ez bada proposamen ekonomiko onena.

Azpikontrataziorik badago, enpresa onuradunak aurretiazko baimena eskatu beharko dio hura eman behar duen organoari, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 29. artikuluko 3 eta 7.d) ataletan ezarritakoaren arabera. Horretarako, eskabidearekin batera, aurreikusitakoaren arabera formalizatzekoa den kontratua aurkeztuko da.

Dirulaguntza eman duen organoak 20 eguneko epean ebatziko du baimena, izapidetzeko eskabidea organo eskudunaren erregistroan sartzen den egunetik aurrera. Ebazpenik ematen ez badu, baimena eman duela ulertuko da.

Nolanahi ere, 11. zenbaki honetan aurreikusi ez den guztian zuzenean aplikatuko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. eta 31.3 artikuluetan xedatutakoa.

12. artikulua.– Lanekoak ez diren praktika profesionalak.

1.– Prestakuntzaren helburua profesionaltasun-ziurtagiriak lortzea ez bada, justifikatu egin beharko da lanekoak ez diren praktika profesionalak egin izana. Praktika horien iraupena ezingo da izan prestakuntza-ekintzarako orduen % 50 baino handiagoa. Gehienez ere 200 ordukoa izango da, eta prestakuntza-ekintza amaitu ondorengo bi hileko gehieneko epean hasi beharko dira. Epe hori 3.3 artikuluan adierazitakoak baldintzatuko du.

2.– Prestakuntzaren helburua profesionaltasun-ziurtagiria lortzea bada:

– Praktiken iraupena eta edukiak bat etorriko dira profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituen Errege Dekretuaren II. eranskinean ezarritako lantokiko prestakuntza praktikoko moduluarekin. Enpresak iraupena eta eduki horiek nahikoa ez direla irizten badio, praktika luzatu ahalko du, lanez kanpoko praktikaren akordio osagarri baten bitartez; hala ere, praktika biek batera ezingo dute gainditu 200 orduko iraupena.

– Prestakuntza-erakundeek edo enpresek lantokiko prestakuntza-modulu praktikoa egitea aurreikusi beharko dute, ikasten ari diren moduluarekin lotutako lanetan, ikastaroetan parte hartzen duten ikasle guztientzat, salbu eta ikasleren bat Profesionaltasun Ziurtagiriak arautzen dituen urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuaren 5.bis artikuluan xedatzen diren salbuesteko egoera batean ez badago.

– Lehentasunez, lanbide-praktikak gainerako prestakuntza-moduluak bukatutakoan egingo dira, ebaluazio positiboarekin gainditu badira, eta azken modulua amaitu eta 4 hilabeteko gehieneko epean hasi behar dira. Epe hori 3.3 artikuluan adierazitakoak baldintzatuko du.

Salbuespenezko arrazoiek bultzatuta eta justifikatuta baldin badago, lanbide-praktikak gainerako prestakuntza-moduluak irakatsi bitartean egitea baimen dezake Lanbidek. Prestakuntza-ekintza emaitza positiboarekin gainditu duten ikasle guztiek lanekoak ez diren praktikak edo lantokiko prestakuntza praktikoko modulua egin ahal izango dute, beren administrazio-egoera edozein izanik ere.

Praktikak prestakuntza-ekintza egiten ari diren bitartean hasi dituzten eta azken emaitza negatiboa lortzen duten ikasleek praktiketan jarraitzeko aukera izango dute. Prestakuntza-ekintza uzteak, berriz, berari atxikitako lanez kanpoko lanbide-praktika utzi behar izatea ekarriko du.

3.– Profesionaltasun-ziurtagiri osoa ematen ez bada, lanekoak ez diren praktikak egin ahal izango dira, baina ez lantokiko prestakuntza-modulua, langileak gainerako prestakuntza-moduluak egiaztatuta izan ezean.

4.– Lanekoak ez diren praktikak enpresen eta prestakuntza-erakundearen artean sinatuta dituzten eta prestakuntza-zentroek dinamizatuko dituzten hitzarmenen edo akordioen bidez arautuko dira. Hitzarmen horiek Lanbideri bidaliko zaizkio LanF aplikazioaren bitartez, baimendu ditzan, praktikak benetan hasi baino zazpi egun lehenago, gutxienez. Praktikak hasi baino lehen, akordio horren berri eman beharko zaie enpresako langileen legezko ordezkari-lanetan dihardutenei. Baldintza hori bete den ziurtatzeko, langileen legezko ordezkariek hitzarmenari buruzko informazioa jaso dutela adierazteko dokumentua erantsi beharko da (eredu ofiziala erabili beharko da horretarako, LanF aplikaziotik hartuta). Gainera, parte hartzen duten ikasleen zerrenda bat ere erantsi beharko da.

5.– Praktikak Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietan egin beharko dira, behar bezala justifikatutako arrazoirik ez bada, betiere Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aurretiazko baimenarekin.

6.– Ikasleek ezin izango dute kontratu-harremanik izan praktikak egingo diren enpresa, instituzio edo erakunde publiko edo pribatuarekin, Lanbidek horretarako baimena eman ezean.

7.– Praktiken eguneko lanaldia ezin izango da 8 ordutik gorakoa izan.

8.– Lanbidek praktiken hitzarmena baliozkotzea ezinbesteko baldintza da, eta hori lan-zentroetako prestakuntza-modulua hasi aurretik egin beharko da. Hori betetzen ez bada, nahitaezko baimena ez duten praktikak baliogabetu ahalko dira.

13. artikulua.– Prestakuntza-ekintzen jarraipena, kontrola eta in situ egiaztapenak.

1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, prestakuntza ematen duen zentroarekin lankidetzan, prestakuntza-ekintzen jarraipena eta kontrola egingo ditu. Zeregin horiek ez dira mugatuko eskakizunak eta alderdi formalak betetzen direla egiaztatzera, barnean hartuko baitute prestakuntzaren emaitzen ebaluazioa; hartara, kalitatea bermatzeko balio izango dute. Horretarako, bisitak egingo dira prestakuntza-ekintza egingo den zentrora, eta dirulaguntza onartzeko ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatuko da (instalazioak, zuzkidura eta ekipamendua, bitarteko didaktikoak, irakasleak, ikasleentzako Informazioa, eta abar), edo aurkitutako irregulartasunak, halakorik balego, berariaz adieraziko dira, zuzen daitezen.

2.– Ikasturtean, gutxienez bi bisita egiten saiatuko da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua: Ekintzaren hasieran. Honako hauek egingo ditu Lanbideko teknikariak bisita horretan:

– Prestakuntza ematen duen zentroaren baldintzak egiaztatuko ditu, Lanbideren finantzaketak sortzen duen komunikazio-betebeharra barnean hartuta.

– Ikasleei jakinaraziko dizkie ikastaroari buruzko datu guztiak, ikastaroaren edukia eta garapena, bai eta zer eskubide eta betebehar dituzten eta Europako Gizarte Funtsak baterako finantzaketan parte hartu duela ere.

– Berariaz egiaztatuko du ea ikasleei idatziz jakinarazi zaien ondoren kontratatu egingo direla, eta ea informazio hori bat datorren erakunde onuradunak ekintzaren hasieran eman duen informazioarekin: zein baldintza beteko diren, zein enpresatan emango diren zerbitzuak, zenbat kontratu aurreikusten diren, eta zeintzuk izango diren kontratu horien ezaugarri zehatzak (lanpostuaren kokapena, lanbide-kategoria, ordainsaria, lanaldia, ordutegia, kontratuaren iraupena...).

– Ikasleen zalantza eta kontsultei erantzungo die.

Ekintzaren amaieran. Honako hauek egingo ditu Lanbideko teknikariak bisita horretan:

– Prestakuntza ematen duen zentroaren baldintzak egiaztatuko ditu, Lanbideren eta Europako Gizarte Funtsaren finantzaketak sortzen duen komunikazio-betebeharra barnean hartuta.

Ikasleei lagundu egingo die 14.A) artikuluan aurreikusitako asebetetze-inkesta (amaierakoa) betetzen, erakunde onuradunak horretarako prestatzen duen salan.

– Ikasleei orientazioa emango die jasotako prestakuntzak ematen dizkien aukerei buruz eta une horretan dituzten prestakuntza-ibilbideei edo enplegu/prestakuntzako beste ekintza batzuei buruz, lan-merkatura errazago sar daitezen.

3.– Europako Erkidegoko araudiak xedatu bezala, Europako Gizarte Funtsak kofinantzatutako prestakuntza-ekintzen lagin batean egiaztapen-bisitak egingo dira in situ, Europako funtsek parte hartzearen ondoriozko baldintzak betetzen direla egiaztatzeko.

4.– Ikastaroa ematen duen zentroak, prestakuntza-ekintzaren % 25 egiten denean, ikastaroaren funtzionamendu egokiari buruzko erantzukizunpeko adierazpen bat beteko du LanF aplikazioan, eta egiaztatuko du homologazio-baldintzak eta Ikastaroaren Hasierako Komunikazioan adierazitakoa betetzen direla, bai eta une horretan ekintzan jarraitzen duten pertsonen kopurua ere.

14. artikulua.– Prestakuntza-ekintzen ebaluazioa.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak deialdi honen babesean emandako prestakuntza-ekintza guztien kalitatea ebaluatuko du, ebaluazio-sistema misto bera baliatuz. Ebaluazio-sistema misto horrek bereizitako bi iturritako informazioa bilduko du:

A) Ikasleek betetako galdetegietatik lortutako batez besteko emaitzak, enplegurako prestakuntza-ekintzen kalitatea ebaluatzeko galdetegiak argitaratzen dituen Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2009ko apirilaren 27ko Ebazpenean xedatutakoaren arabera (2009ko ekainaren 11ko BOE). Telematikoki beteko dituzte galdetegi horiek ikasleek.

Prestakuntza ematen duen erakundearen edo enpresaren ardura da kalitatearen galdetegia betetzen dela bermatzea, eta gela bat jarri beharko da partaideen esku, diruz lagundutako ikastaroa amaitzen duten ikasle adina ordenagailurekin, inkesta telematikoa bete ahal izan dezaten. Partaideek ez badute inkesta betetzen, prestakuntza-ekintzaren likidazioan jaitsiera bat egongo da, 16. artikuluan adierazitako baldintzetan.

B) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko teknikariak prestakuntza-ekintzaren amaieran egindako bisitan emandako puntuazioa.

Nolanahi ere, eman diren prestakuntza-ekintzen kalitatea ebaluatzeko, nahitaezkoa izango da sintesi-adierazle bat egitea, prestakuntzarako zentro/erakundeak emandako prestakuntza-ekintza bakoitzerako. Adierazitako bi informazio-iturrietatik eskuratutako emaitzak haztatuko ditu sintesi-adierazle horrek, formula honen arabera:

A = Ikasleek betetako galdetegietan lortutako batez besteko puntuazioa, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2009ko apirilaren 27ko Ebazpenaren arabera, zeinaren bidez argitaratzen baitira enplegurako prestakuntza-ekintzen kalitatea ebaluatzeko galdetegiak.

Atal horrek adierazlearen puntuazioan % 60ko pisua izango du.

B = Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko teknikariak emandako guztizko puntuazioa, LanF aplikazio informatikoaren bidez eskura jarriko den ereduaren arabera.

Atal horrek adierazlearen puntuazioan % 40ko pisua izango du.

Hala eta guztiz ere, beste informazio-iturri batzuk ere aintzat hartu ahalko dira, behar badira; adibidez, prestakuntza-zentroei edo -erakundeei edo kanpo-erakundeei agindutako kalitatea ebaluatzeko ekintzetan lortutako emaitzak.

15. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.

1.– Bi zatitan ordainduko da dirulaguntza:

a) Lehenengo ordainketa (% 50) diruz lagundutako prestakuntza-ekintza hasi ondoren egingo da, bai eta Lanbidek egiaztatu ondoren ere behar diren eta, hala egokituz gero, enplegurako lanbide-heziketari buruzko araudiak eskatzen dituen baliabide teknikoak, materialak eta giza baliabideak dituztela, prestakuntza-ekintzak dirulaguntza ematea erabaki zen unean proposatu bezala gauzatu ahal izateko.

Prestakuntza-ekintza enpresek kontratatuz gero, 11. artikuluko 11. apartatuan xedatutakoaren arabera, 6. artikuluko 2.f) apartatuan adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko da, eskabidea egitean aurkeztu ez bazen, egindako kontratuaren kopia barnean hartuta.

b) Bigarren ordainketa, gainerako % 50a, 2023ko ekitaldian ordainduko da, prestakuntza-ekintza amaitu eta gero, hots, kontratuak aurkeztu, prestakuntza-ekintza justifikatu eta likidatu ostean.

2.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izan ditzan, erakunde eskatzaileak Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren datu-basean agertu beharko du.

Erakundea ez badago erregistratuta, edo Ekonomia eta Ogasun Sailaren hirugarrenen erregistroko banku-datuak aldatu nahi baditu, https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/ web-orriaren bidez egin beharko du.

16. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa eta likidazioa.

1.– Ikastaroa amaitu duten parte-hartzaileen arabera eta benetan egin dituzten eskola-orduak kontuan hartuta egingo da prestakuntza-planak gauzatzeko emandako dirulaguntzaren justifikazioa eta likidazioa, ezarritako modulu ekonomikoei jarraituz.

Likidazioak ez du inola ere gaindituko prestakuntza-plana gauzatzeko hasiera batean onartu zen dirulaguntzaren zenbatekoa.

Likidatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, ez da aintzat hartuko ezarritako epeen barruan dagokien lantokian prestakuntza praktikoaren modulua amaitu ez duten ikasleek jasotako prestakuntza.

Likidazioa honela kalkulatuko da:

– A modulua 15 ikaslez biderkatuko da –baldin eta prestakuntza hasi zuten ikasleen kopurua 3.5 artikuluan aurreikusitako gutxieneko eta gehieneko mugen barruan badago–, eta emandako prestakuntza-orduez.

– Aurrez aipatutako zenbatekoari gehituko zaio B moduluaren eta ekintzak dituen ordu-kopuruaren arteko biderketaren emaitza, ekintza amaitu duten ikasleen kasuan –prestakuntza-ekintza bukatu duten ikasletzat hartuko dira gutxienez ekintzaren % 75era joan direnak; ondorio horietarako, halakotzat joko dira enplegua aurkitu dutelako prestakuntza-ekintza utzi beharrean gertatzen diren langile langabeak, bai eta behar bezala egiaztatutako gaixotasun edo istripuagatik uzten dutenak ere, baldin eta, azken bi kasu horietan, gutxienez prestakuntza-jardueraren % 25 egin badute–; eta B moduluaren eta prestakuntza-ekintzan parte hartu duten ordu-kopuru errealaren arteko biderketaren emaitza, ekintza amaitu ez duten ikasleen kasuan. Ekintza bakoitza ikasle-kopuru batentzat onartutakoa da, eta kalkulua muga horiek errespetatuz egingo da.

Ez da gehituko ekintza benetan amaitu duten ikasleen B moduluaren zenbatekoa, hau da, ekintzaren iraupenaren % 75era gutxienez joan direnena eta 14.A artikuluan zehaztutako kalitatearen gaineko ebaluazioaren galdetegia bete ez dutenena.

– Aurreko bi eragiketak eginda ateratzen den azken balioari % 10 gehituko zaio, zeharkako gastuei dagokiena.

Ekintzaren iraupenaren % 25 betetzean, hura hasi zuten parte-hartzaileen % 75ek jarraitzen ez duten prestakuntza-ekintzak likidatzeko, oinarritzat hartuko da ekintzak amaitu dituzten ikasleetatik ateratako A + B + C moduluen zenbatekoa. Prestakuntza-ekintza bukatu duten ikasletzat hartuko dira gutxienez ekintzaren % 75era joan direnak; ondorio horietarako, halakotzat joko dira enplegua aurkitu dutelako prestakuntza-ekintza utzi beharrean gertatzen diren langabeak, bai eta behar bezala egiaztatutako gaixotasun edo istripuagatik uzten dutenak ere, baldin eta, azken bi kasu horietan, gutxienez prestakuntza-jardueraren % 25 egin badute. B modulua kalkulatzeko, baztertu egingo dira kalitatearen gaineko ebaluazioaren galdetegia bete ez duten ikasleak.

2.– Kontratazioa egiteko hiru hilabeteko epea igaro ondoren, dirulaguntzaren enpresa edo erakunde onuradunak 15 eguneko epea izango du justifikazio-memoria bidaltzeko LanF aplikazioaren bitartez. Aurretik, kontratazio-konpromisoa betetzeko partaideei egindako lan-kontratuak erantsi beharko ditu, eta aipatu aplikazioan eskatutako datuak bete.

Ezarritako epeak amaitzen badira dokumentazio egokia aurkeztu gabe, organo eskudunak 15 eguneko epea emango dio onuradunari agiri horiek aurkez ditzan. Azken epe horretan justifikaziorik aurkeztu ezean, itzulketa-prozedura hasiko da.

17. artikulua.– Jarraipena eta kontrola: erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Erakunde onuradunaren betebehar izango dira, deialdi honetako artikuluetan ezarritakoez gain, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan oro har ezarritakoak, baita Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsiak) 50.2 artikuluan jasotakoak ere.

2.– Bereziki, laguntzen onuradunek egiaztatze- eta kontrol-jarduerak onartu beharko dituzte, zehazki honako erakunde hauek egindakoak: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, Ekonomia eta Ogasun Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak; hala, lokal eta instalazioetarako sarbidea errazteaz gainera, prestakuntza-ekintzetako parte-hartzaileekin eta elkarrizketatzea egoki irizten dioten beste edozein pertsonarekin harremanetan jartzen utzi beharko die.

EGFk finantzatzen lagundutako prestakuntza-ekintzek Europako Erkidegoko araudiaren ondorioz Lan eta Gizarte Ekonomiako Ministerioak, Europako Batzordeak eta Europako Kontuen Auzitegiak egiten dituzten egiaztapen- eta kontrol-jarduerak onartu beharko dituzte.

3.– Kontrol-jarduera horiek onartzeko betebehar orokor horren barruan, onuradunak honako hauek egin beharko ditu:

– Ekimen finantzatuak egikaritu izanari edo ekintza horien bideragarritasunari buruzko informazioa ematea, baita jarraipena egiteko eskatzen zaizkion agiriak betetzea eta igortzea ere.

– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea beste erakunde batzuetatik dirulaguntzak edo laguntzak eskatu edo lortu direla, deialdi honetan diruz lagundutako ekintza guztiei edo batzuei eragiten dietenak.

– Diruz lagundutako jardueraren xedea edo nondik norakoa nabarmen aldatzen duen edozein gertaera jakinaraztea, bai eta dirulaguntza emateko orduan kontuan hartutako edozein inguruabarren aldaketa ere.

4.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, ekintzaren jarraipena egiteaz gain, auditorien eta ikuskaritzen urteko plan bat ezarri ahalko du deialdian ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko eta diruz lagundutako ekintzak benetan zer baldintzatan gauzatzen diren aztertzeko.

5.– Diruz lagundu daitezkeen gastuek Europako Gizarte Funtserako aukeratuak izateko baldintzak beteko badituzte, erakunde onuradunak laguntzarekin zerikusia duten transakzioak identifikatu beharko ditu, aparteko kontabilitate-identifikazio batekin eta kontabilitate-kode egoki batekin.

6.– Erakunde onuradunaren ordezkariak edo ahaldunak sinatu beharko du, dirulaguntza onartzeko unean, izaera pertsonaleko datuei dagokien konpromisoa, datu horien tratamenduaren arduradun diren aldetik. Konpromiso hori nahitaez onartu beharko dute deialdiaren erakunde onuradun guztiek, arlo hori arautzen duen indarreko legerian ezarritako baldintzen arabera.

7.– Erakunde onuradunek irakasleei eta prestakuntza-ekintzako partaideei helarazi beharko diete 22. artikuluan aipatzen den datu pertsonalen babesari buruzko informazioa.

8.– Prestakuntza ematen duen erakundeak edo, hala badagokio, enpresak partaideen esku jarri beharko du gela bat, diruz lagundu den ikastaroa amaitu duten ikasleak adina ordenagailu dituena, 14. artikuluan aipatutako inkesta telematikoa bete dezaten. Erakundea bera izango da inkesta behar bezala betetzen dela zaintzeaz arduratuko dena.

18. artikulua.– Lanbideren finantzaketagatik eta EGFk lagundutako finantzaketagatik sortutako komunikazio-betebeharrak.

Diruz lagundutako jarduera guztietan Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzutik jasotzen duten finantzaketa berariaz adierazi beharko dute erakundeek, bai eta horien ondoriozko ekintzetan ere, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren komunikazio-eskuliburuan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte (LanF prestakuntza-aplikazioaren bidez erakunde onuradunen eskura jarriko da eskuliburu hori).

Prestakuntza-ekintza guztiek Europako finantzaketa jasoko dutela aurreikusita, erakundeek berariaz adierazi beharko dute Europako Gizarte Funtsaren baterako finantzaketa hori, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Komunikazio Eskuliburuan jasota dagoen EGF logoaren bidez, sortzen diren material didaktiko guztietan nahiz bestelako materialetan, bai eta diruz lagundutako jardueren berri emateko, hedatzeko eta/edo publizitatea egiteko ekintzetan ere.

Halaber, erakunde onuradunen zerrenda jasoko da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 115. artikuluko 2. apartatuak arautzen duen zerrenda publikoan.

19. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan aldaketarik gertatuz gero, emandako dirulaguntza aldatu ahal izango da, betiere deialdi honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunei eutsiz. Baldintzen aldaketa horren ondorioz dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, hasiera emango zaio itzultzeko prozedurari.

20. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Deialdi honen xede diren laguntzak bateragarriak izango dira beste edozein dirulaguntza edo laguntzarekin; nolanahi ere, hainbat finantzaketa-iturritatik jasotako laguntzen zenbateko osoak ezin izango du gainditu deialdi honen babespean emandako dirulaguntzaren zenbatekoa. Zenbateko hori gaindituz gero, dirulaguntzaren zenbatekoa murriztuko da.

21. artikulua.– Dirulaguntza itzultzea.

11.– Dirulaguntzaren ordainketa ezingo da eskatu, eta, hala badagokio, jasotako zenbateko guztiak edo haien zati bat itzuli beharko dira, dirulaguntza ordaindutako unetik aplikatutako berandutze-interesak eta guzti, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan adierazitako kasuetan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsiak) 53.1 artikuluan jasotako egoeretan. Eta, bereziki, honako hauetan:

a) Jarduera egin izana eta laguntza ematea edo baliatzea baldintzatzen duten baldintza eta betekizunak bete izana justifikatu beharra ez betetzea.

b) Dirulaguntza lortzea horretarako eskatutako baldintzak bete gabe.

c) Jarraipen- eta kontrol-jardunak ukatzea edo oztopatzea.

d) Diruz lagundutako ekintzak egikaritzeko baldintzei buruzko datu faltsuak ematea, errealitatearekin bat ez datozenak.

e) Deialdi honetan zehaztutako beste edozein betebehar, baldintza edo betekizun ez betetzea.

2.– Balizko ez-betetzeen maila honako irizpide hauen arabera zehaztuko da:

a) Emandako dirulaguntzaren % 100 itzultzea eragingo dute erabateko ez-betetzeek, halakotzat jota honako hauek:

– Dirulaguntzaren helburua ez osorik betetzea.

– Dirulaguntza justifikatzeko betebeharra ez osorik betetzea.

– Diruz lagundutako jarduerak ez lortzea helburuen % 25, adierazle honen bidez neurtuta: prestakuntza-orduen kopurua bider amaitu duten ikasleen kopurua.

– Prestakuntza-ekintza bat amaitu duten langileen % 30 baino gutxiago kontratatzea, edozein kausagatik, betetzea eragotzi duten ezinbesteko kasuetan izan ezik, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan behar bezala justifikatuz gero. Ezinbesteko kasutzat joko dira Kode Zibilaren 1.105 artikuluan xedatutakoaren araberakoak.

b) Emandako dirulaguntzaren aldaketa edo itzultze partziala eragingo dute ez-betetze partzialek, halakotzat jota honako hauek:

– Dirulaguntzaren helburua partez ez betetzea.

– Dirulaguntza justifikatzeko betebeharra partez ez betetzea.

– Prestakuntza-ekintza amaitzen duten pertsonen kontratazio-ehunekoa % 30 eta % 50 artekoa denean. Kasu horretan, dirulaguntzaren ehuneko hauek likidatuko dira:

Kontratatuak = % 45 eta < % 50: Dirulaguntzaren % 80.

Kontratatuak = % 40 eta < % 45: Dirulaguntzaren % 70.

Kontratatuak = % 35 eta < % 40: Dirulaguntzaren % 60.

Kontratatuak = % 30 eta < % 35: Dirulaguntzaren % 50.

Kontratazioari uko egin izana kontuan hartuko da, soilik arau-haustea justifikatzeko, baldin eta kontratazioa prestakuntza-ekintza amaitu duten ikasleen % 30etik beherakoa bada eta kontratatzeko moduan pertsona gehiago ez badago. Kasu horretan, likidazioaren zenbatekoa dirulaguntzaren % 50a izango da.

3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketaren zuzendariak abiaraziko du itzultzeko prozedura, eta laguntza jaso duen enpresa edo erakunde onuradunari jakinaraziko dio, ez-betetzea eragin duen edo duten gertaeraren edo gertaeren berri emateko. Hori ez ezik, jakinaraziko dio hamabost eguneko epea duela egokitzat jotako alegazioak edo egiaztagiriak aurkezteko.

4.– Alegazioak aurkeztu ondoren edo alegazio horiek egiteko epea igaro ondoren, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketaren zuzendariak ebazpena emango du.

Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

5.– Ebazpenean ez-betetzeren bat izan dela iritziz gero, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdutzat emango da, eta, hala badagokio, ebazpena jakinarazten denetik aurrera gehienez bi hilabeteko epean dagozkion diru-zenbatekoak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari itzuli beharra ezarriko da. Epe hori borondatezko epetzat joko da.

Itzulketa borondatezko aldian egiten ez bada, itzuli beharrekoak premiamendu bidez berreskuratzeko izapideak hasiko dira.

22. artikulua.– Datuen babesari buruzko informazioa.

Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bi xedapen hauen arabera jokatuko du: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (EB 2016/679 Erregelamendua) eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoa. Lortutako datu pertsonalak «Enplegurako eta enplegu-prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren barruan egongo dira. Jarduera horren arduraduna Lanbide da, eta haren helburua da Lanbideren eskumen diren enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea, bai eta iruzurra jazartzea eta datuak estatistiketarako erabiltzea ere. Bildutako datuak beharrezkoak dira Lanbidek egotziak dauzkan botere publikoak balia ditzan eta lege-betebeharrak bete ditzan; gainera, arloan eskumenak dituzten administrazio publikoei haien berri eman ahalko zaie.

Datuen titularrek eskubidea dute beren datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta tratamenduaren aurka egiteko eta tratamendua mugatzeko ere. Horretarako, idatzizko komunikazio bat bidali behar dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura (Jose Atxotegi kalea 1, 01009 Vitoria-Gasteiz).

Datuen babesari buruzko informazio gehiago dago hemen: https://www.lanbide.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/074300-capa2-eu.shtml

23. artikulua.– Aplikatu beharreko arauak.

1.– Laguntza-programa honi honako arau hauetan bildutako dirulaguntzei buruzko araubide juridikoa aplikatu behar zaio: Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen Erregelamendua, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartuta; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.

2.– Europako Gizarte Funtsak kofinantzatuak direnez, dirulaguntza hauei xedapen hauetan ezarritakoa aplikatuko zaie: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 Erregelamendua (EB); Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1304/2013 Erregelamendua (EB), Europako Gizarte Funtsari buruzkoa eta Kontseiluaren 1083/2006 Erregelamendua (EE) indargabetzekoa; ESS/1924/2016 Agindua, abenduaren 13koa, Europako Gizarte Funtsak 2014-2020 programazio-aldian diruz lagundu ditzakeen gastuak zehazten dituena, eta kasuan kasuko dagokion araudia 2014-2020ko EAE EGF Programa Operatiboaren esparruan, baita zehazki REACT-UE ardatzaren barruan ere, Europar Batasunak COVID-19 pandemiari eman beharreko erantzunaren baitan, edo 2021-2027 aldiko EAE EGF Plus Programa Operatiboaren esparruan. Hauta daitezkeen gazteen kasuan, Gazte Enplegurako Programa Operatiboa 2014-2020 delakoaren barruan emango dira laguntzak.

3.– Deialdi honetan xedatu ez den guztian, honako lau hauek aplikatuko dira: Bat, 30/2015 Legea, irailaren 9koa enplegurako lanbide-heziketaren sistema arautzen duena lan arloan. Bi, 694/2017 Errege Dekretua, uztailaren 3koa, lan-arloan enplegurako lanbide-heziketaren sistema arautzen duen irailaren 9ko 30/2015 Legea garatzen duena. Hiru, 818/2021 Errege Dekretua, irailaren 28koa Enplegu Sistema Nazionalaren enplegua aktibatzeko programa erkideak arautzen dituena. Eta lau, TMS/368/2019 Agindua, martxoaren 28koa irailaren 9ko 30/2015 Legea garatzen duen uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretua garatzen duena.

Profesionaltasun-ziurtagiriak lortzea xede duten prestakuntza-ekintzei dagokienez, arau hauek aplikatuko zaizkie: urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretua, Profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituena, eta urriaren 10eko ESS/1897/2013 Agindua, errege-dekretua arautzen duena, deialdi honetan ezarritako alderdi guztiei dagokienez, araudi horietan baldintza bereziak ezartzen baitira.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala