Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

247. zk., 2021eko abenduaren 13a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
6168

68/2021 EBAZPENA, azaroaren 24koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, «Euskariana – Euskal Kulturaren Liburutegi Digitala»ren nortasun espezifikoaren ikurra onartzen duen Erabakia argitaratzeko dena.

2021eko azaroaren 23ko batzarrean, Gobernu Kontseiluak «Euskariana – Euskal Kulturaren Liburutegi Digitala»ren nortasun espezifikoaren ikurra onartzen duen Erabakia onartu zuen. Hori horrela, behar bezalako publikotasuna izan dezan, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea «Euskariana – Euskal Kulturaren Liburutegi Digitala»ren nortasun espezifikoaren ikurra onartzen duen Erabakiaren testua (honen eranskinean dago jasota)

Vitoria-Gasteiz, 2021eko azaroaren 24a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN AZAROAREN 24KO 68/2021 EBAZPENARENA
ERABAKIA, «EUSKARIANA – EUSKAL KULTURAREN LIBURUTEGI DIGITALA»REN NORTASUN ESPEZIFIKOAREN IKURRA ONARTZEN DUENA

XII. legegintzaldian sortutako gobernu berriak euskal kulturaren digitalizazioa garatu eta bultzatu nahi du. Hala jasota geratu da 2020-2024 Legegintzaldiko gobernu-programan, 18. jarduketa-eremuan, 115 programa-konpromisoaren bidez, hau da, kulturaren berrikuntza eta digitalizazioa sustatzea. Konpromiso hori betetzeko, hainbat ildo bete behar dira, eta horietako bat honako hau da: Euskal Kulturaren Atari Digitala (Euskariana) abian jartzea eta garatzea, Euskadiko erakunde, kultura-ekipamendu eta sormen-eragile guztiek partekatutako proiektu batean, euskal kulturaren alderdi guztietara iristeko plataforma bateratu gisa, Europako Liburutegi Digitalarekin (Europeana) lotuta.

Kultura Ondarearen Zuzendaritzak Euskadiko Liburutegi Digitalaren proiektua jarri du abian. Horretarako, Euskal Kultura Ondarea edozein euskarritan biltzea, digitalizatzea, kontserbatzea eta zabaltzea helburu duen zerbitzu bat sortu du, izen berarekin.

Euskariana atari bat da, eta hor, hainbat kultur erakundek emandako mota guztietako euskarrien erregistroak aurki daitezke. Atari horrek euskal kultura-ondarerako sarbide bateratua izan nahi du.

Euskariana markak sarbide-puntu hori identifikatzeko aukera emango die publikoari, orotarikoari zein espezializatuari. Horregatik, marka sortzearen helburua da edozein erabiltzaileri aukera ematea munduko edozein tokitan, edozein unetan, Euskariana euskal kultura digitalizatu eta eskuragarriaren kontzeptuarekin identifikatzeko.

Marka espezifiko bat ezartzearen alde egiten dugu, herritarrari bistaratze erraz eta azkar bat eskaintzeko ere balioko duena, euskal kultura-ondare digitalizatuaren kontzeptuarekin denboran zehar modu egonkorrean identifikatzea ahalbidetuko duena.

Identifikazio bisual hori garatzerakoan, Euskariana markaren asmoa izan da, besteak beste, etorkizuna duen proiektu bat dela transmititzea, non teknologiak garrantzi handia duen, helburu gisa erakundeek emandako edukien konexioa eta agregazioa bilatzen den, Euskariana proiektua eraikitzen ari den eta etengabe eboluzionatzen ari den prozesua baita. Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuak hirugarren artikuluko lehenengo paragrafoan ezartzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailek eta haren administrazio-unitateek, herri-komunikazioko adierazpen guztietan, erakunde-nortasunaren eskuliburuan jasotako elementuak soilik erabiliko dituzte identifikatzeko, bertan jasotako zehaztapen teknikoen eta erabilera-irizpideen arabera.

Bestalde, artikulu bereko bigarren paragrafoak ezartzen duenez, zerbitzu edo jarduera publiko jakin batzuetarako beste nortasun-marka edo ikur espezifiko batzuk erabiltzea xedatu ahal izango da, Gobernu Kontseiluaren erabaki bidez (erabaki hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da) eta Lehendakaritzako idazkariak aldeko txostena eman ondoren.

Lehendakaritzaren idazkari nagusiak aldeko txostena eman du, eta bertan justifikatzen da zenbait zerbitzu edo jarduera publikotarako beste nortasun-ikur espezifiko batzuk erabiltzeko eskatutako baldintzak betetzen direla.

Ondorioz, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren proposamenez, eta 2021eko azaroaren 23ko bilkuran aztertu ondoren, Gobernu Kontseiluak honako erabaki hau hartu du:

ERABAKIA

Lehenengoa.– Erabaki honen eranskin gisa erantsi den «Euskariana – Euskal Kulturaren Liburutegi Digitala» nortasun-marka onartzea.

Bigarrena.– Jaurlaritzaren Idazkaritzak erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko aginduko du.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala