Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

245. zk., 2021eko abenduaren 9a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
6144

EBAZPENA, 2021eko azaroaren 15ekoa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Irungo Oilakineta kaleko lurzatiaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2021eko maiatzaren 26an, Irungo Udalak eskabide bat aurkeztu zuen, Irungo Oilakineta kaleko lurzatiaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren (aurrerantzean, plana) ingurumen-txosten estrategikoa egin zedin, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, hala nola, Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.

21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien administrazio publiko ukituei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Irungo Udalari prozedura hasi zela jakinarazi zitzaion.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumenean ondorio adierazgarriak eragin ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea da helburua; era horretan, ingurumenaren babes maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko.

Irungo Oilakineta kaleko lurzatiaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia (aurrerantzean, Plana) abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasatu behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, berau baita eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera. Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio adierazgarririk izan dezakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edo, bete behar ez badu, Plana garatzeko zer baldintza ezarri behar diren ingurumena behar bezala babestearren.

Hauek guztiak aztertu dira: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; eta 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Irungo Oilakineta kaleko lurzatiaren Hiri Antolamenduko Plan Berezirako (aurrerantzean, plana) ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, jarraian zehazten den moduan:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Planaren eremua Irungo hirigunearen mendebaldean dagoen lurzati pribatu bat da, Oilakineta kalean. 1.514 m2-ko azalera duen hiri-lurzoru finkatugabeko orube bat da.

Eremua arautzen duen hirigintza-araudia Hiri Antolamenduko Plan Orokorra da (aurrerantzean, Irungo HAPO), 2015eko urtarrilaren 28an behin betiko onartua. HAPOren arabera, planaren eremuak RU-3 «familia bakarreko bizitegi-eremua 3. mailako lurzatian» kalifikazioa du, eta 0,30 m2/m2-ko eraikigarritasun-koefizientea ezartzen du lurzati garbiaren gainean, lurzatiaren gutxieneko tamaina 1.200 m2-ra mugatuta, eta lurzati bakoitzeko bi familiako eraikin bakarra planteatu ahal izango da. Horri esker, bi familiako eraikin bakarra planteatu ahalko da eremuan, sestra gaineko 227,10 m2-ko (t) etxebizitzekin.

Planaren helburua HAPOk aurreikusitako eraikuntza-maila eta esparruaren antolamendua aldatzea da, etxebizitzen ezaugarriak, azalerak eta salmenta-prezioak higiezinen merkatura egokiago doitu ahal izan daitezen. Alde horretatik, Planak 2 lurzati pribatu definitzen ditu bat beharrean, guztira 4 etxebizitza (2 etxebizitza lurzati bakoitzeko) izango dituztenak, tamaina txikiagokoak. Eremurako proposatutako antolamenduak eutsi egiten dio sestra gaineko hirigintza-aprobetxamendu osoari (450 m2/t).

Jarraian, Planak proposatutako jarduketak laburbiltzen dira:

– Gutxieneko lurzatiaren tamaina 1.200 m2-tik (HAPO) 570 m2-ra jaisten da.

– Lurzati bakoitzeko sestra gaineko gehieneko eraikigarritasuna 225,00 m2-koa izatea.

– Bi lurzatietan S+BS+1 profileko eraikinak ezartzea.

– Lurzatietarako sarbidea Oilakineta kaletik egitea, eta garajeetarako ibilgailuen sarrera bera izango dute bi lurzatiek.

– Bizitegi-erabilerako lurzati guztietan baimendutako sestra gaineko gehieneko aprobetxamendua 450,00 m2/t da.

– Sestra azpiko gehieneko eraikuntza-aprobetxamendua 270,00 m2/t-koa da. Ibilgailuak aparkatzeko eta erabilera osagarrietarako izango da.

Planak eremua garatzeko hiru alternatiba aztertzen ditu: 0 alternatiba edo jarduketarik ezarena, hots, egungo egoerari eustea, garatu gabe; 1. alternatiba, HAPOn ezarritako antolamenduarena; eta 2. alternatiba, hautatu dena. 2. alternatiba hautatzea justifikatzen du, eremuaren garapena ahalbidetzen duelako, eta etxebizitza txikiagoekin, higiezinen merkatuan bideragarritasun handiagoa dutenez.

Planaren aldaketa garatzeko, dagozkion lurzatiak berrantolatzeko proiektua eta eraikuntza-proiektua egingo dira, baita urbanizazio-obra osagarriak ere.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokionez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Planak zenbateraino eragiten dien beste plan edo programa batzuei, hierarkizatuta daudenei barne: Planaren eremua bizitegitarako gisa kalifikatutako hiri-lurzoruko lurzatia da, 1.514 m2-ko azalerakoa, zeina Irungo udal-planean zehaztuta baitago. Planak HAPOn aurreikusitako eraikuntza-maila eta esparruaren antolamendua aldatzea proposatzen du, lurzati eta etxebizitza txikiagoak antolatzeko, higiezinen merkatuan bideragarritasun hobea dutenez. Planaren ezaugarriak kontuan hartuta, ez du ingurumen-eragin nabarmenik izango beste plan edo programa batzuetan. Ez da aurkitu bateraezintasunik plangintza hierarkikoki nagusiarekin.

c) Plana egokia ote den ingurumen-arloan garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barne hartzeko: Plana egokitzat jotzen da garapen jasangarria sustatzeko irizpideak barnean hartzeko. Aldez aurretik hiri-lurzoru gisa kalifikatuta eta Irungo hirigunean txertatuta dagoen lurzorua okupatzea dakar, eta garapen berriek aurrezpen eta efizientzia energetikoa sustatzeko neurriak gehi ditzakete.

d) Planari loturiko ingurumen-arazo esanguratsuak: Plana exekutatzeak ez du ingurumen-arazo esanguratsurik eragingo, baldin eta afektazio-eremuan egin behar diren esku-hartzeak eta jarduerak gauzatzen badira, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari, kutsadura akustikoari eta kultura-ondarearen babesari dagokienez indarrean dagoen araudia betez.

e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europako nahiz Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.

2.– Ondorioen eta ondorio horiek nozitu ditzakeen eremuaren ezaugarriak:

Planaren xede den eremua Irungo hirigunetik mendebaldera dago, eta muga hauek ditu: iparraldean, Oilakineta kalea; mendebaldean, Txumarraga baserria; eta hegoaldean eta ekialdean, Urdanibia industrialdearen ondoko espazio libre publikoak. Eremua, gaur egun, erabilera zehatzik ez duen lurzati bat da, belardi bat eraikinik gabekoa, salbu eta etxebizitza-salmentarako modulu prefabrikatu bat, gaur egun jarduerarik ez duena. Eremu horretatik telefoniako eta hornidura elektrikoko aireko linea bat igarotzen da.

Ingurumen-balio garrantzitsurik ez duen hiri-eremua da. Lurzatian dagoen landaredia belarkara da, antzinako landa izaerarekin eta zelai gisa erabiltzearekin lotua. Planaren eremuan ez dago naturagune babesturik, espezie mehatxaturik edo hezegunerik. Ez dago interes geologikoko gunerik ere. Ez dago Korridore Ekologikoen Sareko elementurik ere.

Egoera akustikoari dagokionez, gaur egun zarata-iturri nagusia sektoretik hurbil dauden komunikazio-bideen zirkulazioa da, batez ere Oilakineta kalea eta GI-2134 eta GI-636 errepideak. Horri dagokionez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Zarataren Mapa Estrategikoen arabera, eremua GI-636 errepidearen zortasun akustikoko eremuaren barnean dago zati batean. Hala ere, aurkeztutako azterketa akustikoaren arabera, gaur egungo egoeran bete egiten dira bizitegi-erabilera nagusi den sektoreetarako (A mota) kalitate akustikoko helburuak aztertutako hiru aldietan (goiza, arratsaldea eta gaua), Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuak ezarritakoaren arabera.

Egon daitezkeen arriskuak kontuan hartuta, ez da gainazalean ur-masarik identifikatu, ez eremuan ez haren ingurunean, ez eta lotutako jariatzerik ere; beraz, arloan ez dago uholde-arriskurako aukerarik. Aztertutako eremua ez da lurzorua kutsa dezaketen jarduerak dituen edo izan dituen inbentariatutako ezein lurzati. Lurzatia kalteberatasunik gabeko eremuan dago, akuiferoaren kutsadurari dagokionez.

Era berean, eremuan ez dago kultura-ondarearen elementurik.

Planaren esparruko jarduketen inpaktuak eraikin berrien eraikuntzatik eta urbanizazio-obra osagarrietatik eratorriak izango dira. Jarduketa horien ondorioz, giza habitataren kalitatea murriztuko da (zarata, hautsa, bibrazioak, etab.) eta hondakinak sortuko dira, aldi baterako eta eremu jakin batean baino ez bada ere.

Eremuaren eta proposatutako garapenaren ezaugarrien arabera, eta hainbat arlotan eskumena duten erakundeek egindako txostenak kontuan hartuta, ez da aurreikusten eragin garrantzitsurik izango duenik intereseko beste ingurumen-balio batzuetan. Hala ere, prebentzio-neurri egokiak hartu beharko dira, sor daitezkeen inpaktuak saihesteko edo murrizteko.

Aurkeztu den inpaktu akustikoari buruzko azterlanaren arabera, etorkizunean (20 urte barru), lurzatiaren zonakatze akustiko xehatua kontuan hartuta, aztertutako hiru aldietan (goiza, arratsaldea eta gaua), urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritako kalitate akustikoko helburuak betetzen dira, bai kanpo-ingurunean bai fatxadako hargailuetan.

Ustiapen-fasean, garapen-proposameneko elementuak gutxi direnez (4 etxebizitza berri), ez da uste eragin nabarmenik izango denik eremuan bizitegi-jarduera gehigarriaren ondorioz.

Ondorioz, ingurumen-dokumentu estrategikoak planteatzen dituen neurri zuzentzaileak eta jasangarritasunaren aldekoak aplikatuta, eta aurrerago zehazten diren neurri prebentibo, babesle eta zuzentzaileak ere aplikatuta, ez da espero jarduketek ingurumenean ondorio adierazgarririk izango dutenik, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean aurreikusitakoari jarraikiz.

3.– Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri esanguratsurik izan ez dezan eta Irungo Oilakineta kaleko lurzatiaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, baldin eta ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dauden arauen arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Planean bertan adierazitakoaren arabera. Besteak beste, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek bete beharko dira Planetik eratorritako obrak gauzatzeko:

– Obrak eta lurzoruaren okupazioa dakarten gainerako operazio osagarriak proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideetan oinarrituz egingo dira beharrezkoak diren mozte- eta eskokatze-lanak, obra-sarreren irekierak eta kontratistaren instalazio-guneak –makineria-parkea, obra-etxolak, obra-materialak, landare-lurren eta hondakinen behin-behineko pilaketen eremuak barne–.

– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: Hondakin eta zoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorriak barne.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen Dekretuan (112/2012, ekainaren 26koan) xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa Arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

Obretan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

Irungo Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak detektatzearen ondoriozko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

– Lurzoruak eta lurpeko urak babestea: prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak ezarriko dira dagokion obra-faserako, istripuzko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea). Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makinen parkea azalera iragazgaitzetan kokatuko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan.

– Kamioiek obrara sartzeko eta handik irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

– Obren zarata: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Eguneko lan-ordutegian egingo dira obrak.

– Euskal Kultura Ondarearen Legean (6/2019, maiatzaren 9koan) ezarritakoa gorabehera, jarduketak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

– Paisaian integratzea: ingurunearen ingurumen-ezaugarriak kontuan izanda, eta garapen berria inguruko paisaian integratzeko asmoz, zenbait eraikuntza-baldintza zehaztuko dira (materialak, koloreak, morfologia, altuerak, bolumenak, etab.), bat etorriko direnak inguruneko eraikinen eta estetikaren tipologiarekin.

– Obrek kaltetutako eremuak leheneratzea: proiektua gauzatzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak leheneratuko dira. Landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira, ekiditeko higadura-prozesuak, solidoak drainatze-sarera arrastatzea eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizazioa. Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua gutxitzearren. Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana. Lehengoratze-lanetan erabilitako landare-lurrak flora inbaditzaileko propagulurik ez duela bermatuko da.

– Espazio libreen tratamendua: espazio libreak landareztatzeko, «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak erabiliko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egin zuen. Espezie autoktonoak erabiliko dira, hariztiaren eta baso misto atlantikoaren ezaugarriak lehenetsiz.

– Eraikuntzaren jasangarritasuna: eraikuntza eta eraikingintza jasangarriagoak egiteko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan (https://www.ihobe.eus/argitalpenak) jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen aurrezki eta efizientzia energetikoa eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurri horiek, gutxienez, honako alderdi hauetan eragin beharko dute:

• Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

• Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortutako energiaren ekoizpena edo energiaren kontsumoa murriztea.

• Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

• Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

• Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

• Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, baita sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Irungo Oilakineta kaleko lurzatiaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Irungo Udalari.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-ebaluazio estrategikoak indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean Irungo Oilakineta kaleko lurzatiaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko azaroaren 15a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala