Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

240. zk., 2021eko abenduaren 2a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
6079

AGINDUA, 2021eko azaroaren 24koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez onartzen diren ziurtatutako ekoizpen ekologikorako trantsiziorako laguntzetarako 2021eko deialdiaren oinarriak.

Ingurumen aldetik jasangarriak diren ekoizpen-metodoetarantz aurrera egitea lehentasun politikoa da sailburuordetza honentzat. Eta ez bakarrik Europako herritarren eskaera sozialengatik, baserritik mahaira estrategian edo biodibertsitatearen estrategian islatzen direnak, eta Europar Batasun osoko nekazaritza azaleraren % 25 ekoizpen ekologikora bideratzea edo banaketa lerroetan produktu ekologikoen eskaria handitzea aldarrikatzen dutenak.

Konbentzimendu osoz egindako apustua da. Izan ere, nekazaritza-sektoreak garapen jasangarriko eta 2030 agendako helburuak betetzen lagundu behar du gure esku dauden esparruetan, hala nola klima-aldaketaren aurkako borrokan, elikadura osasungarri eta arduratsuaren sustapenean edo lurzoruaren eta ekosistema naturalen babesean.

Nekazaritzak aurrekaririk gabeko erronkari egin behar dio aurre, elikagai eta zuntz gehiago ekoitzi behar ditu, mende amaierako proiekzio demografikoen arabera 10.000 milioi pertsonara irits daitekeen munduko biztanleria gero eta handiagoa elikatzeko; horrek esan nahi du baliabideen eskaria % 70 handituko dela. Gainera, elikagaien ekoizpenaren hazkunde hori klima-aldaketaren testuinguruan gertatu behar da, baliabide naturalen gero eta eskasia handiagoarekin, eskulan gutxiagorekin eta gero eta hiritarragoa den mundu batean. Kalkuluen arabera, biztanleria osoaren % 60 izatera iritsiko da hirietako biztanleria, 70eko hamarkadan % 40 baino ez zenean.

Horren ondorioz, elikagaiak ekoizteko egungo sistemen jasangarritasuna zalantzagarria da; izan ere, urteetan zehar, ekoizpena handitzeko helburu argiarekin, baliabideen erabilera intentsiboa egin da, eta horrek ingurumen-inpaktu konponezinak eragin ditu. Elikagaien ekoizpenak eragin du mundu mailan emandako biodibertsitate galeraren % 60, baita berotegi-efektuko gasen isurketen % 24. Era berean, biodibertsitatearen galera hori, klima-aldaketa eta lurzoruaren degradazioa elikadura-segurtasunean eragin zuzena duten arazo handiak dira, etorkizuneko elikadura-segurtasuna bera arriskuan jartzeraino. Hala ere, kontuan hartu behar da nekazaritza, ingurumen-arazoaren parte izan arren, ingurumen-erronken konponbideen zati garrantzitsu ere badela.

Horregatik guztiagatik, zalantzarik gabe, nekazaritza jasangarriago baterako trantsizioa egin behar da, elikatze-kateko eragile guztiak kontuan hartuko dituen trantsizioa. Zehazki, lehen sektoreak azkarrago eraldatu behar ditu bere ekoizpen-metodoak, eta ahalik eta modurik onenean erabili behar ditu irtenbide teknologikoak, digitalak eta naturan oinarritutakoak, ingurumen-emaitza hobeak lortzeko, klima-aldaketaren aurreko erresilientzia handitzeko eta sargaien erabilera murriztu eta optimizatzeko. Etorkizuneko edozein agertokik proteina iturri berriak eskatzen ditu, barazkiak ekoizteko ur, ongarri eta fitosanitario eskari txikiagoko sistemak, baita elikagai galera eta hondakinak geldiaraztea ere.

Baina aldaketa hori ezinezkoa da erakunde publikoen inplikaziorik gabe. Ildo horretan, Euskal Autonomia Erkidegoan, eragileen arteko lankidetza funtsezkoa da nekazaritza berde, digital eta erresistentea bermatuko duen ezagutza sortzeko, eta, aldi berean, jakintza hori helaraziko duten eta elikagaien ekoizpenaren ondoriozko ingurumen-arazo nagusiei irtenbidea emango dieten ingurumen-politikak diseinatzeko.

Uste sendo horretatik bultzatu nahi da gure Autonomia Erkidegoan ziurtatutako ekoizpen ekologikoaren hedapena, bere garaian ekoizpen integratuari eman zitzaion bultzadatik harago joanez, eta jakitun izanez uneotan Euskadiko ziurtapen ekologikopeko laboreen azalera (7.500 hektarea gutxi gorabehera, % 11) urrun dagoela 2030erako EBko biodibertsitate estrategiak markatutako parametroetatik, hau da, nekazaritzako azaleraren gutxienez % 25 izatetik.

Horregatik, laguntzen Agindu honen helburua da gure ekoizpen konbentzionalaren zati bat ekoizpen ekologikorako trantsizioan jartzea sustatutako duten jarduerak bultzatzea, betiere, ekoizpen-ereduen arteko liskarrik eragin gabe eta bi ekoizpen-sistemetako ekoizleen arteko errezeloak gainditzen laguntzea helburu.

Horretarako, bi motako laguntzak proposatzen dira: batetik, aholkularitzarekin eta ezagutza eta informazio transferentziarekin lotutakoak, Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 Erregelamendua (EB) aintzat hartuta –nekazaritza eta basogintza sektoreetarako eta landa eremuetarako laguntza kategoria jakin batzuk barne merkatuarekin bateragarriak deklaratzen ditu, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz (193. EBAO, 2014ko uztailaren 1ekoa)–; eta, bestetik, nekazaritza ekologikoko proiektu pilotuekin lotutakoak, zenbait jarduketa bilduz, Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 Erregelamendua (EB) aintzat hartuta –Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzetan aplikatzeari buruzkoa (352. EBAO, 2013ko abenduaren 24koa)–.

Laguntza-deialdi honek aurrekontu-estaldura nahikoa du, Euskal Autonomia Erkidegoko 2021eko ekitaldiko aurrekontu orokorrak onartzen dituen 2021eko otsailaren 11ko 1/2021 Legeak baimendutako kredituen arabera.

Era berean, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2021eko martxoaren 17ko Aginduak (Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren 2021erako, 2022rako eta 2023rako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartzen du agindu horrek) onetsitako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa aldatzen duen 2021eko ekainaren 30eko Aginduaren barruan dago dirulaguntzen deialdi hau, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8. artikuluan adierazitakoarekin bat etorriz.

Eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearekin bat etorriz (lege horren 26.4 artikuluaren arabera, Jaurlaritzako kide gisa dagozkien eskumenei kalterik egin gabe, sailburuek beren sailari dagozkion gaietan administrazio-xedapen orokorrak eta ebazpenak emateko eskudantzia izango dute), honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Deialdia.

Onartzea, ziurtatutako ekoizpen ekologikorako trantsiziorako laguntzetarako 2021eko deialdiaren oinarriak. Agindu honen eranskinean jasota daude oinarriok.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean. Kasu bietan, agindua argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da epea.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko azaroaren 24a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

ERANSKINA
I. KAPITULUA
ZATI OROKORRA

1. oinarria.– Laguntzaren xedea.

Agindu honen xedea da ziurtatutako ekoizpen ekologikorako trantsiziorako laguntzen deialdia egitea 2021eko ekitaldirako.

2. oinarria.– Laguntza-lerroak.

Ziurtatutako ekoizpen ekologikorako trantsiziorako laguntzen barruan, honako ildo hauek ezarriko dira:

1.– «Ekoizpen ekologikoan sartzeko gidak» sortzen laguntzea, oinarrion II. kapituluan garatu bezala.

2.– Proiektu integratzaileen bideragarritasun azterlanak egiten laguntzea, oinarrion III. kapituluan garatu bezala.

3.– Erakusketa eta bisita jarduerak laguntzea, oinarrion IV. kapituluan garatu bezala.

4.– Ekoizpen ekologiko bihurtzeko aholkularitza integrala, oinarrion V. kapituluan garatu bezala.

5.– Ekoizpen ekologikoan espezializatutako aholkularitza, oinarrion VI. kapituluan garatu bezala.

6.– Nekazaritza ekologikoko proiektu pilotuak garatzea, oinarrion VII. kapituluan garatu bezala.

1 eta 5 puntuen arteko laguntzok, II. kapitulutik VI. kapitulura garatuta daudenak, Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduko 22. artikuluan araututakoen artean daude. Erregelamendu horrek nekazaritza eta basogintza sektoreetarako eta landa eremuetarako laguntza kategoria jakin batzuk barne merkatuarekin bateragarriak deklaratzen ditu, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

Laguntza horiek Tratatuaren 108.3 artikuluan ezarritako jakinarazpen-betebeharretik salbuetsita daude, Erregelamenduaren 9. artikuluan ezarritakoari kalterik egin gabe.

Bestalde, 6. puntuko laguntza, VII. kapituluan garatuta dagoena, Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 Erregelamenduan (EB) araututakoen artean dago. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzetan aplikatzeari buruzkoa da.

Laguntza horiek Tratatuaren 108.3 artikuluan ezarritako jakinarazpen-betebeharretik salbuetsita daude.

3. oinarria.– Finantzaketa.

1.– II., III., IV., V., VI. eta VII. kapituluetan aurreikusitako laguntzak osorik Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kontura finantzatuko dira.

2.– Agindu honen bidez deitutako laguntzak finantzatzeko, 500.000 euroko aurrekontu-kredituak erabiliko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura, honela banatuta:

– 30.000,00 euro II. kapituluko laguntzetarako.

– 70.000,00 euro III. kapituluko laguntzetarako.

– 40.000,00 euro IV. kapituluko laguntzetarako.

– 120.000,00 euro V. kapituluko laguntzetarako.

– 40.000,00 euro VI. kapituluko laguntzetarako.

– 200.000,00 euro II. kapituluko laguntzetarako.

3.– Jarduketa baterako aurreikusitako funtsak estaltzen ez badira, funts gehiago behar dituen beste jarduketa batera transferitu ahal izango dira, 7.2 oinarriko azken paragrafoan ezarritakoari jarraituz.

4. oinarria.– Betekizun orokorrak.

1.– Agindu honetan iragarritako edozein laguntzaren onuradun izateko, oinarri honetan ezarritako betekizunak bete behar dira. Betekizun horiek Dirulaguntzei buruzko abenduaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko betekizunak jasotzen dituzte. Hauek dira:

a) Epai irmo bidez, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorra jaso ez izana edo prebarikazio, eroskeria, diru publikoen erabilera bidegabea, influentzia-trafiko, iruzur eta ordainarazpen ilegal edo hirigintza-delituak direla eta zigorra jaso ez izana.

b) Konkurtso-deklarazio borondatezkorik eskatu ez izana, edozein prozeduratan kaudimengabetzat deklaratuta ez egotea, konkurtsoan deklaratuta ez egotea, salbu eta horretan eraginkortasuna hitzarmen batek hartu badu, esku-hartze judizialaren eraginpean ez egotea edo desgaitua ez egotea Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.

c) Kausaren batean errudun deklaratua izateagatik, Administrazioarekin egindako edozein kontraturen amaiera ebatzita ez izatea.

d) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo pertsona juridikoen ordezkaritza legala dutenak, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzeko martxoaren 30eko 3/2015 Legean edo Herri-administrazioen Zerbitzura dauden Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean aipatutako kasuren batean sartuta ez egotea edo Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautetsiak ez izatea, bertan ezarritako baldintzetan edo arlo horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudietan ezarritakoetan.

e) Egunean izatea indarrean dauden xedapenen bidez ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Eskakizun hori bete beharko da hala onuradun izateko nola izaera horri eusteko dirulaguntzaren likidazioa egin arte. Hori dela eta, beharrezko egiaztapenak egingo dira bai dirulaguntza ematen denean bai ordainketak egiten direnean.

f) Egoitza fiskala paradisu fiskaltzat hartutako lurralde edo herrialde batean ez izatea.

g) EAEko Administrazioak edo haren mendeko erakundeek emandako laguntzen edo dirulaguntzen esparruan, itzultze- edo zehapen-prozeduretako kantitate zehatzen ordainketari dagokionez egunean egotea. Betebehar horien ordainketa egunean dutela ulertuko da, baldin eta zorrik ez badute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko edozein erakunderekin edo haren sektore publikoarekin, betearazpen-aldiko dirulaguntzak itzultzeagatik, edo, onuradunen edo premiamendu-bidea erabili behar ez duten erakunde laguntzaileen kasuan, borondatezko aldian ordaindu ez diren zorrak ez badituzte. Dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketak egunean dituztela ulertuko da zorrak geroratuta edo bermatuta daudenean, edo dagokion ebazpenaren inpugnazioa dela-eta horiek bertan behera uztea erabaki denean. Eskakizun hori bete beharko da hala onuradun izateko nola izaera horri eusteko dirulaguntzaren likidazioa egin arte. Hori dela eta, beharrezko egiaztapenak egingo dira bai dirulaguntza ematen denean bai ordainketak egiten direnean.

h) Ebazpen irmo baten bidez dirulaguntzak jasotzeko aukera galtzeko zigorrik ez izatea.

i) Elkarteen kasuan, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan aurreikusitako debekuen kausetan nahastuta ez egotea. Eta inskripzioaren administrazio-prozedura etena ez izatea ez-zilegitasun penalaren zentzuzko zantzuak egoteagatik, 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, betiere, dagokion erregistroan inskripzioa egitea ahalbidetzen duen ebazpen judizial irmoa izan arte.

j) Eskatzaileak jakinarazi behar du diruz laguntzen den gastu bera ordaintzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik eskatu dion administrazio publiko edo erakunde publiko edo pribaturen bati, baita eskuratu duen ala ez. Eta, VI. kapituluko laguntzen kasuan, minimis erregimeneko beste laguntzarik eskatu duen ala ez, eta jaso duen ala ez.

k) Pertsona juridikoen kasuan, Emakume Nekazarien Estatutuari buruzko urriaren 15eko 8/2015 Legean ezarritakoa betetzea.

l) II. kapitulutik VI. kapitulura bitarteko laguntzen kasuan, mikroenpresa edo enpresa txiki eta ertaintzat hartua izatea, 702/2014 Erregelamenduaren (EB) 1. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

m) II. kapitulutik VI. kapitulura bitarteko laguntzen kasuan, 702/2014 Erregelamenduaren (EB) 2. artikuluaren 14. puntuaren arabera krisian den enpresatzat hartua ez izatea.

Izaera juridikorik ez duten pertsona fisikoen edo juridikoen taldeetako kideek, onuraduntzat har daitezkeenek, 1. apartatu honetan jasotako betekizunak bete beharko dituzte.

Dirulaguntzak lortzeko debekua izango dute, halaber, zuzentzen dituzten pertsonengatik edota beste zirkunstantzia batzuengatik, beste aurreragoko enpresa batzuen jarraipena direla edota beste enpresa batzuetatik eratorriak direla irizten den enpresak, izan eraldatze, bat-egite edo ondorengotza arrazoiengatik.

2.– Era berean, aurkeztutako proiektuek honako baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Diruz laguntzekoak diren jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan egitea.

b) Diruz lagun daitezkeen gastuak 2021ean eginak izatea.

702/2014 Erregelamenduaren (EB) 6. artikuluan araututako efektu sustatzailea bermatzeko, ezingo dira diruz lagundu II. kapitulutik VI. kapitulura bitartekoetan oinarrituta agindu honen 5. oinarrian aipatzen den eskaera aurkeztu aurretik hasitako jarduerak.

5. oinarria.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

1.– Eskabideak aurkezteko hamabost egun naturalekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Eskabide hori oinarri honen 7. paragrafoan ezarritako baldintzetan eskatutako dokumentazioarekin osatu beharko da, baita hurrengo kapituluetan adierazitako betekizun espezifikoetan oinarrituta beharrezkoa den dokumentazioarekin ere.

2.– Pertsona juridikoek bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte eskabideak aurkeztu eta ondorengo izapideak egiteko, hala xedatuta baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen (urriaren 1eko 39/2015 Legea) 14. artikuluan. Pertsona fisikoek modu presentzialean zein elektronikoan aurkez ditzakete eskabideak:

– Bide presentziala: eskabideak Zuzenean zerbitzuaren bulegoetan aurkeztu ahalko dira, aldez aurretik Zuzenean zerbitzuan hitzordua eskatuta (https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean) edo aldez aurreko hitzorduak eskatzeko edo ezeztatzeko berariazko telefono-zenbakira hots eginda: 945 01 90 00.

– Bide elektronikoa: bitarteko elektronikoak erabilita aurkeztu ahalko dira eskabideak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1207001)

Helbide horretan eskuratu ahal izango da eskabide-orria, bai eta eskabideak aurrez aurre nahiz modu telematikoan aurkezten eta justifikatzen laguntzeko informazioa ere.

3.– Eskabidearen ondorengo izapideak elektronikoki egiteko (baita gastua justifikatzeko izapidea ere), Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikora sartu beharko da, «Nire karpeta» atalera:

https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

4.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak izapidetzeko moduari buruzko zehaztasunak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri:

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1207001

5.– Eskabidea ordezkari baten bitartez egiten bada, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluetan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da ordezkaritza, ahalordeen erregistro elektronikoaren bitartez:

https://www.euskadi.eus/ordezkariak

6.– Laguntza-eskabidearen ereduaren oinarrizko edukia oinarri hauen eranskin gisa argitaratu da.

7.– Laguntza eskatu duen pertsona fisiko edo juridiko bakoitzeko dokumentazio hau aurkeztu behar da:

a) Pertsona juridikoek, erakundea eratzeko eskrituraren eta estatutuen kopia, dagokion erregistroan sartu dela adierazten duen zigilua jarrita. Gainera, II. kapitulutik VI. kapitulura bitarteko laguntzen kasuan, mikroenpresa edo enpresa txiki eta ertain bat dela egiaztatzen duen dokumentazioa, 702/2014 Erregelamenduaren (EB) 1. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

b) Erantzukizunpeko adierazpena, oinarriotan eskatutako baldintzak betetzen dituela eta aurkeztutako agiri guztietan egia dioela adierazteko.

c) Erakunde eskatzaileak laguntza kuantifikatzeko aurkeztu nahi duen beste edozein dokumentazio osagarri.

Laguntzak eskatu dituzten eta izaera juridikorik ez duten pertsona fisiko edo juridikoen taldeen kasuan, proiektu pilotuan parte hartzen duten enpresa edo erakunde bakoitzari dagokionez aurkeztu beharko da dokumentazioa.

8.– Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak automatikoki egiaztatuko ditu NAN eta IFK zenbakiak, zerga-betebeharren ordainketak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean direla egiaztatzen duten agiriak, pertsona eskatzaileek edo onuradunek horretarako berariazko baimena eman beharrik izan gabe, berariaz aurka egiten denean salbu, eta, kasu horretan, dagokion ziurtagiria edo dokumentua aurkeztu beharko da. Hori guztia Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen 1/1997 Legegintza Dekretuaren 50.3 artikulua aplikatuz, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 28.2 artikuluari dagokionez.

9.– Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluaren 3. paragrafoan ezarritakoarekin arabera, oinarri honen 8. paragrafoan eskatutako dokumentazioa administrazio honetan edo beste batean jada entregatua izan denean, eta betiere eskatzaileak berariaz deklaratzen badu dokumentu horietan ez dela aldaketarik egin, dokumentazioa aurkeztutzat joko da.

Eskatzaileak adierazi beharko du zein Administraziotan eta noiz aurkeztu diren dokumentuok, eta Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak elektronikoki bilduko ditu bere korporazio-sareen bidez.

10.– Laguntza jasotzeko eskabidea eta eskatutako dokumentazioa nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dira. Gainera, laguntza-eskaeratik eratorritako jardunetan eta prozedura osoan, eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

11.– Eskabideak oinarri honetan eskatutako eskakizunak betetzen ez baditu, osorik ez badago edo akastuna bada, interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela hutsa zuzentzeko edo beharrezkoak diren agiriak eransteko. Halaber, adieraziko zaio horrela egin ezean atzera egin duela ulertuko dela, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak ebazpena eman ondoren eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 4. apartatuko 68. artikuluan xedatutakoa betez, interesduna legez behartuta badago eskabidea modu telematikoan aurkeztera eta modu presentzialean aurkezten badu, betebehar hori bete gabe utzita, eskatuko zaio hori zuzentzeko eta eskabidea legez ezarritako bide elektronikotik aurkezteko. Eskakizun hori bete ezean, presentzialki aurkeztuko eskabidea ez da baliozkoa edo eraginkorra izango. Elektronikoki aurkezteko jarritako epea da eskabidea aurkezteko epea.

Ondorio horietarako, baldin eta, zuzentzeko xedez, eskabide elektronikoa aurkezten bada, baina oinarri honetan ezarritako epetik kanpo, aurkeztu gabekotzat joko da eskabide hori.

12.– Edozein kasutan, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak beharrezkotzat jotzen duen dokumentazio edo/eta informazio gehigarria eskatu ahal izango dio eskatzaileari, aurkeztutako eskabidea behar bezala ulertu, ebaluatu eta izapidetzeko.

13.– Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak:

https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

6. oinarria.– Laguntzen kudeaketa.

1.– Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak du deialdi honetan araututako laguntzak kudeatzeko eskumena.

2.– Balorazio Batzorde bat sortuko da II., III., IV., V., VI. eta VII. kapituluetako laguntza-lerroetako proiektuak ebaluatzeko eta baloratzeko, bai eta balorazio-irizpide objektiboak aplikatzeko eta haztatzeko ere.

3.– Balorazio Batzordea Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzako hiru kidek osatuko dute: Hugo Macía Oliver zerbitzuburua eta Amaia Pérez de Anucita González eta Resurrección Abasolo García teknikariak. Batzordeko presidentea Hugo Macia Oliver jauna izango da. Resurrección Abasolo García andrea, berriz, idazkaria izango da.

Batzordeak, bere eginkizunak betetzeko, arloko aditu diren pertsonei eskatu ahal izango die hala bileretan parte hartzeko nola aholkularitza emateko, beharrezko irizten dionean.

4.– Balorazio Batzordearen egitekoak hauek izango dira:

a) Aurkeztutako eskabide guztiak aztertzea, eta aplikatzekoa den araudia betetzen ez dutenak baztertzea. Gainera, araudia betetzen ez duen eskabide bakoitza baztertzeko arrazoiak zerrendatuko ditu.

b) Aplikatu beharreko araudia betetzen duten eskabideak ebaluatzea. Ebaluazioaren barruan, proiektuak balioetsiko ditu, eta balioetsiko du zenbateraino betetzen dituen bakoitzak agindu honek finkatzen dituen irizpide objektiboak. Laguntzaren ildoan inplikatutako azpisektorearen garrantziari lotutako balorazio-irizpidearen ondorioetarako (29., 41., 47. eta 53. oinarrietan dago), azken hiru urteetan Euskadiko nekazaritzako azken ekoizpenari egindako balio erantsi gordinaren ekarpenaren batez besteko ehunekoaren garrantzia hartuko da kontuan.

c) Balorazio-irizpide eta laguntzak kuantifikatzeko irizpide objektiboetan oinarrituta, onuradun bakoitzari zenbateko laguntza eman proposatzea.

5.– Balorazio Batzordeak ebazpen-proposamena aurkeztuko dio Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari. Proposamenak agindu honen 8. oinarrian aipatzen den edukia jaso beharko du gutxienez.

6.– Balorazio Batzordeak bere barne funtzionamendu-arau propioak ezarri ahalko ditu. Horiek arautzen ez dituzten gaietan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikuluan eta hurrengoetan xedatua aplikatuko da.

7. oinarria.– Laguntzak esleitzeko eta kuantifikatzeko prozedura.

1.– Lehiaketa bidez esleituko dira Agindu honen II., III., IV., V., VI. eta VII. kapituluek arautzen dituzten laguntza-lerro bakoitzeko laguntzak.

2.– Aipatu kapituluek arautzen duten laguntza-lerro bakoitzaren barruan, proiektu bakoitzari ematen zaion laguntzaren hasierako zenbatekoa kalkulatzeko, aurkezten diren proiektuak konparatuko dira, eta aginduak finkatzen dituen hautaketa-irizpide objektiboak eta balioespena aplikatuko zaizkie. Ondoren, laguntza-ildo bakoitzeko aurkeztutako proiektuen zerrenda egingo da, proiektuak puntu gehien duenetik puntu gutxien duenera ordenatuta. Ordena horretan esleituko dira laguntzak, deialdi honen 24., 30., 36., 42. eta 48. oinarriek finkatzen dituzten ehunekoak aplikatuta, funts guztiak agortu arte.

Funtsak mugatuak direla kontuan izanik, lerro bakoitzeko azken laguntzari dagokionez, proposatutako kopurua diru kopuru erabilgarria baino handiagoa bada, esleituko den laguntza diru kopuru erabilgarri hori izango da, baldin eta kopuru hori diruz lagun daitekeen gastuaren % 70ekoa edo handiagoa bada. Diru kopuru erabilgarri hori diruz lagun daitekeen gastuaren % 70 baino gutxiago bada, ez da laguntza esleituko, eta kopuru horrek 1. oinarrian jasotako beste lerro batera zuzendutako funtsak handituko ditu, honako hurrenkera honetan: II., III., V., VII., VI. eta IV. kapituluak, harik eta guztiz agortzen diren arte.

3.– VII. kapituluko laguntzen kasuan, eta lehen aipatutako 1407/2013 Erregelamenduan (EB) ezarritakoaren arabera, enpresa bakar bati emandako minimis laguntzen zenbateko osoa ez da 200.000,00 eurotik gorakoa izango hiru zerga-ekitalditan (2019, 2020 eta 2021).

8. oinarria.– Ebazpena.

1.– Aurkeztutako eskabideak eta dokumentuak aztertu ondoren, Balorazio Batzordeak egin duen proposamena ikusirik, 6. oinarrian xedatutakoaren arabera Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak ebatziko du eskatutako laguntzak eman ala ez, ebazpen bakar baten bitartez.

2.– Ebazpenak informazio hau jaso beharko du, gutxienez:

A) Aintzat hartutako eskabideei dagokienez:

1) Onuradunen izena edo izen soziala, eta IFK edo NAN zenbakia.

2) Diruz lagundutako zenbatekoa.

3) Aplikatutako irizpide objektiboak eta laguntzaren ehunekoa.

4) Izaerarik gabeko pertsona fisikoen edo juridikoen taldeek berariaz adierazi beharko dituzte taldeko kide bakoitzak proiektua gauzatzeko hartzen dituen konpromisoak eta bakoitzari aplikatu beharreko dirulaguntza zenbatekoa.

5) VII. kapituluko laguntzen kasuan, minimis laguntzak direla agerraraztea.

B) Aintzat hartu ez diren eskabideei dagokienez:

1) Eskabidea aurkezten duen pertsonaren edo sozietatearen izena, IFK edo NAN zenbakia.

2) Laguntza ukatzeko arrazoiak.

3.– Zehapen-prozeduraren batean edo dirulaguntzen itzultze-prozeduraren batean egonez gero, hura amaituta izan beharko da dirulaguntza eman ahal izateko. Prozedurak, amaieran, laguntza publikoak eskuratzeko gaitasungabetzea badakar, edo laguntza itzultzeko betebeharra ezartzen badu, emandako laguntza baliogabetu egingo da, onuradun izateko debekua izateagatik.

4.– Agindu hau indarrean jarri eta gehienez sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da ebazpena.

Lehia-konkurrentziako prozeduraren ebazpena, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluaren 1. apartatuko b) letran xedatutakoaren arabera, EHAAn argitaratuko da, eta argitalpena jakinarazpentzat hartuko da.

5.– Agindu hau indarrean jarri eta sei hilabete igaro ondoren berariazko ebazpenik eman ez bada, interesdunek ezetsitzat jo ahal izango dituzte eskabideak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 51.9 artikuluan xedatutakoaren arabera. Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina,Euskal Autonomia Erkidegoko 2021. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen otsailaren 11ko 1/2021 Legearen hirugarren xedapen gehigarriak aldatzen du.

6.– Prozeduraren ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio interesdunak Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, edo, hiru hilabeteko epean administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

7.– Jakinarazpen elektronikoak egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera jo beharko da:

https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

9. oinarria.– Onuradunen betebeharrak.

1.– Agindu honek arautzen dituen laguntzen onuradunek oinarri honetan ezarritako betebeharrak bete behar dituzte, hau da, honako hauek: 2003ko abenduaren 17ko Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetako betebeharrak; Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluko betebeharrak; eta laguntza ezberdinen betebehar espezifikoak, besteak beste, honako hauek direnak:

a) Diruz laguntzen den jarduera egitea 10. oinarrian ezarritako epean.

b) Dirulaguntza eman den xede zehatzerako erabiltzea.

c) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, baldin eta dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena hartu eta hamabost egunean onuradunek ez badiote berariaz uko egiten, onartu egiten dutela ulertuko da.

d) Ebazpen-proposamena eman baino lehen, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

e) Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari jakinaraztea jarduera edo proiektua partez edo osorik gauzatu dela eta haren esku jartzea hala egin dela egiaztatzeko beharrezkoak diren agiri guztiak.

f) Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko Sailari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari, Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eta Europar Batasuneko kontrol-organoei jasotako laguntzak nola erabili diren eta haien helburuak bete diren fiskalizatzeko eskatzen duten informazio guztia eman beharko zaie.

g) Deialdi honen 4. oinarriko 1.j) paragrafoan xedatutakoa eragotzi gabe, baldin eta beste administrazio batek edo erakunde publiko edo pribaturen batek helburu bererako ematen duen beste dirulaguntza edo laguntzarik eskatu eta eskuratzen bada, horren berri ematea Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari, idatziz, beste laguntza edo dirulaguntza eskuratu izanaren berri izan eta hurrengo hamabost egun naturalen barruan eta, betiere, funts publikoen erabilera justifikatu aurretik. Gainera, VI. kapituluko laguntzen kasuan, minimis beste laguntza batzuk eskatu eta, hala badagokio, jaso direla jakinaraztea, aldi eta modu berean.

h) Dirulaguntza emateko kontuan hartzen den egoera subjektibo edo objektiboren bat aldatzen bada, aldaketaren berri ematea Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari, idatziz.

i) Merkataritza-legeriak eskatutako baldintzetan izatea ikuskatutako kontabilitate-liburuak, erregistro izapidetuak eta gainerako dokumentu guztiak, eta deialdi bakoitzean finantzatutako inbertsioarekin lotutako gastu guztietarako kontabilitate-kode egoki bat edo kontabilitate-sistema bereizi bat mantentzea, araudiak finkatzen dituen kontrolak egin ahal izateko.

j) Jasotako dirulaguntza zertan erabili den egiaztatzeko dokumentuak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztapenak edo kontrolak egiteko erabil baitaitezke.

k) Finantzazioaren izaera publikoaren berri behar bezala ematea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 31. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

2.– Foru Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko zerga-betebeharrak egunean dauden, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak egiaztatuko du, automatikoki eta ofizioz. Hala ere, eskatzaileak modu arrazoituan aurka egin ahal izango du eta, hala egiten badu, ziurtagiria edo eskatzen zaion agiria aurkeztu beharko du, betiere urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluko 2. paragrafoan xedatutakoaren arabera.

10. oinarria.– Gehieneko exekuzio-epeak.

Proiektuen gehieneko exekuzio-epea 2021eko abenduaren 31n amaituko da.

11. oinarria.– Gastua justifikatzea.

1.– Laguntzen den proiektua gauzatu dela justifikatzeko, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzan:

a) Egindako jardueren justifikazio-memoria, proiektuaren betetze-mailari, betetze-mailari eta azken emaitzei buruzko informazioa jasoko duena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluan eta aurreko Legearen Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 72. eta 73. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

b) Langile-gastuak, honako hauen bidez justifikatuko dira: ordainsariak, horiek ordaindu izanaren agiriak, Langile Zerrenda Izenduna (LZI), aurreko ekitaldiari dagozkion Kotizazioen Likidazioaren Ordainagiriak (KLO) eta hitzartutako lanordu kopurua adierazten duen agiria. Langile autonomoen kasuan, ordutegi-kostuaren ziurtagiri bat aurkeztuko da, proiektuan parte hartzen duten gainerako langileen ordu-kostuaren batez bestekoaren arabera kalkulatuta.

c) Fakturak eta froga-balio baliokidea duten gainerako dokumentuak, baliozkoak direnak merkataritzako trafiko juridikoan, edo administrazio-efikazia dutenak. Egiaztagiriak zigilu batekin markatuko dira, eta laguntza honetara aurkeztu izana eta egiaztagiriari egotzitako dirulaguntzaren ehunekoa adieraziko dira.

d) Erantzukizunpeko adierazpen bat, zehazten duena fakturak eta ordainketak justifikatzeko gainerako egiaztagiriak ez direla aurkeztu diruz lagundu daitezkeen beste programa batzuk justifikatzeko edo, hartarako aurkeztu badira, zehazten duena zer programa justifikatzeko aurkeztu diren eta faktura edo egiaztagiri bakoitzaren zer ehuneko lagundu den diruz.

e) Proiektu pilotuaren kasuan, «Produkzioko eskuliburu» bat egin beharko da, eta bertan jasoko dira garatutako proiektuaren informazio teknikoa, planteamenduak, lortutako emaitzak eta hirugarrenek pilotua ekoizpen-baldintzetan erreplikatu edo eskalatu ahal izateko behar den informazio tekniko eta ekonomiko guztia.

f) Behar izanez gero, dirulaguntzak itzultzeagatik dagozkion betebeharrak ordaindu dituela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena.

2.– Laguntzak modu egokian kudeatu eta ordaintzen direla bermatzeko, egindako gastua justifikatzeko agiriak aurkezteko epea 2022ko urtarrilaren 15era artekoa izango da.

Luzapena emango balitz, emandako luzapena bukatu eta hurrengo hilabeteko azken eguna izango da egindako gastua justifikatzeko dokumentuak aurkezteko azken eguna.

3.– Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak agiri gehiago eskatu ahal izango ditu, egoki irizten badio. Eskaera horrek arrazoitua izan beharko du.

12. oinarria – Ordainketa.

1.– Ordainketa egiteko, aurretik eskatu eta gastua justifikatu beharra dago, aurreko oinarrian adierazitako agiriak aurkeztuz.

2.– Ez da laguntzen aurrerakinik edo konturako ordainketarik emango.

3.– Ordainketa egiteko eskabidearekin batera, 11. oinarriaren 1. paragrafoan aipatzen diren agiriak aurkeztuko dira. Dokumentazio hori osatu eta gehienez ere bi hilera, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak egin beharreko izapideak egingo ditu Ogasun eta Ekonomia Sailak ordainketa egin dezan.

4.– Diruz lagundutako gastua ez bada ezarritako gehieneko epean egiten, luzapenak barne, edo inbertsioa egin izana egiaztatzeko agiriak ez badira epean aurkezten, onuradunek dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko dute, eta, hala dagokionean, Agindu honen 16. oinarrian aurreikusitako itzulera-prozedura jarriko da abian.

5.– Izaera juridikorik ez duten pertsona fisikoen edo juridikoen elkarteen kasuak, elkarteak funtsen hartzaile izateko izendatu duen kideari egingo zaio ordainketa, eta hark banatuko ditu elkarteko gainerako kideen artean.

6.– Dirulaguntzak ordaintzeko, amaitu egin beharko dira Euskal Autonomia Erkidegoak emandako antzeko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasitako itzultze- edo zehapen-prozedurak, artean izapideetan daudenak. Prozeduraren ondorioz laguntza publikoak jasotzeko desgaikuntza edo itzultzeko betebeharra ezarriko balitz, baldintzapean emandako laguntza indargabetu egingo da, onuradun izateko debekua dakarten egoeretako batean egoteagatik, eta laguntza ez da inolaz ere ordainduko.

7.– Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunak Eusko Jaurlaritzaren dagokion datu-basean jasota egon beharko du. Alta eman edo hirugarren interesduneko datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak emandako hirugarrengoentzako erregistro telematikora jo beharko da, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

13. oinarria.– Azpikontratazioa.

1.– Azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 29. artikulua eta uztailaren 21eko 887/2016 Errege Dekretuaren 68. artikulua aplikatuz, diruz lagundutako jardueraren gauzatzea onuradun ez diren hirugarrenei azpikontratatu ahal izango die onuradunak. Proiektua gauzatzeko azpikontratua diruz lagunduko den jardueraren % 60koa izan daiteke gehienez.

2.– Baldin eta hirugarrenei azpikontratatutako jardueraren zenbatekoa dirulaguntzaren zenbatekoa baino % 20 handiagoa bada, eta, gainera, dirulaguntza 60.000,00 eurotik gorakoa bada, idatzizko kontratua egin beharko da, zeina Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak baimendu beharko baitu kontratua formalizatu aurretik eta eskabidea aurkeztu ondoren.

Kontratua formalizatzeko baimen-eskaera laguntza-eskabidearekin batera aurkeztuko da, eta onartze- edo ukatze-ebazpena, aldiz, aurkezten den egunetik bi hileko epean emango eta jakinaraziko da; epe hori igarota, berariazko ebazpenik eman ez bada, eskabidea onartu dela ulertu ahal izango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 24. artikuluan xedatutakoaren arabera. Prozeduraren ebazpenaren aurka, interesdunak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari. Horretarako, hilabeteko epea izango du ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, edo hiru hilabeteko epea administrazio-isiltasunak ondorioak izan eta hurrengo egunetik aurrera.

3.– Kontratua ezin izango da zatikatu, kontratuaren zenbatekoa murriztu eta 2. paragrafoko betekizunak bete beharrik ez izateko.

4.– Kontratistek onuradunaren aurrean baino ez dute betebeharrik izango, eta onuradunak dauka diruz lagundutako jarduera ondo gauzatzeko erantzukizun osoa Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren aurrean.

5.– Aurreko apartatuan jasotakoa betetzeko, onuradunen erantzukizuna da diruz lagunduko den jarduera itundua gauzatzean Agindu honetan ezarritako mugak errespetatzen direla zaintzea, diruz lagundutako gastuen izaera eta zenbatekoari dagokionez, eta kontratistek, aldiz, agindu honen 9. oinarrian adierazitako lankidetza-betebeharra bete behar dute, eta muga horiek benetan errespetatzen dituzten ala ez behar bezala egiaztatzeko aukera eman.

6.– Alabaina, onuradunak ezin izango du diruz lagundutako jardueraren gauzatze osoa edo partziala honako hauekin itundu:

a) 4. oinarrian ezarritako betekizun orokorrak betetzen ez dituzten pertsona fisiko edo juridikoak.

b) Kontratuaren xede den jarduera egiteko beste dirulaguntza batzuk jaso dituzten pertsona fisiko edo juridikoak.

c) Bitartekari edo aholkulariekin, horiei ordaindu beharrekoak eragiketaren kostu totalaren ehuneko jakin gisa definitzen badira; non eta ordainketa hori ez dagoen justifikatuta egindako lanak edo emandako zerbitzuak merkatuan daukan balioaren erreferentziaren arabera.

d) Pertsona onuradunarekin loturaren bat daukaten pertsona fisikoekin edo juridikoekin, inguruabar hauek gertatzen direnean izan ezik:

1) Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzaren aldez aurretiko baimena lortu izana.

2) Diruz lagundu daitekeen zenbatekoa ez izatea atxikitako entitateak egindako kostua baino handiagoa. Onuradunaren gastuak egiaztatzeko ezarritako baldintza beretan justifikatuta egiaztatuko da kostua.

e) Deialdi eta programa berean laguntza eskatu duten, baina betekizunak betetzen ez dituztelako edo beharrezkoa den balorazioa lortu ez dutelako laguntzarik gabe geratu diren pertsona fisiko edo juridikoak.

14. oinarria.– Beste laguntzarik jasotzea eta dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Beste erakunde publiko nahiz pribatu batetik beste laguntza edo dirulaguntzaren bat jasoz gero, idatziz justifikatu eta jakinarazi beharko zaio Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari, eta, horren ondorioz, gerta liteke dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea; kasu horretan, dena dela, agindu honetan ezarritako gutxieneko betekizunak eta laguntza ematea eragin zuen helburua gorde beharko dira. Horretarako, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak dagokion ebazpena aldatzeko ebazpena emango du, emandako dirulaguntzaren zenbatekoak oinarri berrira egokitzeko, eta, hala badagokio, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak arautzen duen itzulketa-prozedura hasiko du.

VII. kapituluko laguntzen kasuan, beste dirulaguntza eta laguntza batzuekiko konkurrentziak ezin izango du gainditu 7. oinarriko hirugarren puntuan ezarritako muga.

2.– Baldin eta proiektuaren behin betiko benetako kostua txikiagoa bada dirulaguntza emateko erreferentziatzat hartutako aurrekontua baino, eta betiere laguntza helburu bererako erabiltzen bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa txikitu egingo da, dagokion proportzioan, Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendariaren likidazio-ebazpen baten bidez, eta, gero, oinarri berriari aplikatuko zaio dirulaguntzaren ehunekoa.

15. oinarria.– Atzera egitea eta uko egitea.

1.– Laguntza-eskatzaileek atzera egin ahalko dute, betiere laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi aurretik. Horretarako, atzera egiteko eskaera helarazi beharko diote Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari, idatziz, eta hark, ebazpen baten bidez, bete-betean onartuko du eskaera, eta amaitutzat emango du hari dagokion prozedura.

2.– Onuradunak emandako laguntzari uko egin ahal izango dio, baita laguntza onartu ondoren ere –agindu honen 9. oinarriko 1.c). apartatutan ezarritako betebeharrarekin bat–; hori bai, diruz lagundutako gastua egin aurretik egin behar du, eta, betiere, baldin eta Administrazioak inolako ordainketarik egin ez badu. Uko egiteko asmoa idatziz aurkeztuko zaio Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari eta hark, ebazpen bidez, bete-betean onartuko du eta amaitutzat emango du hari dagokion prozedura.

Ukoa onartuta, onuradunak automatikoki galduko du ebazpen bidez onartutako eskubidea, baita emandako laguntza kobratzeko eskubidea ere.

3.– Nolanahi ere, ematen diren atzera egite edo uko kasuetan, urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legea 94. artikuluan ezarritakoari men egingo zaio.

16. oinarria.– Ez-betetzeak.

1.– Baldin eta onuradunek ez badute betetzen agindu honetako betebeharren bat edo dirulaguntza emateko ebazpenak finkatzen duen baldintzaren bat, proiektua ez badute osorik gauzatzen eta horren ondorioz erabat hutsaltzen badute laguntzaren helburua edo dirulaguntzak itzultzera behartzen duen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan aurreikusitako egoeraren batean badaude, laguntzak ematen dituen organo eskudunak, baldintzak ez betetzeagatiko espedientea izapidetu eta interesduna entzun eta gero, ebazpen baten bidez, dirulaguntza jasotzeko eskubidea kenduko dio onuradunari, partez edo osorik, eta, hala dagokionean, kobratu dituen laguntzak eta dagozkion legezko interesak itzuli beharko dizkio onuradunak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, partez edo osorik, proiektuaren gauzatze-mailaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.2 artikuluan xedatuarekin bat. Gainera, dagozkion gainerako neurriak hartuko dira.

Aipatutako diru kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

2.– Itzulketa-prozedura Administrazioko arau-hauste baten ondorioa bada, eskumena duen organoari jakinaraziko zaio, behar den zehapen-prozedurari ekin diezaion, eta interesdunari. Administrazioko arau-hausteak izango dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 56., 57. eta 58. artikuluetan jasotako jokabideak.

17. oinarria.– Bateragarritasunak.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira beste edozein erakunde publiko zein pribatuk helburu bererako emandako beste edozeinekin, betiere dirulaguntza guztien baturak gainditzen ez baditu 30., 36., 42., 48. eta 54. oinarriek egoera bakoitzerako ezarritako gehieneko ehunekoak. Muga hori gaindituz gero, gaindikinari dagokion zenbatekoa kenduko zaio programa honen babespean emandako dirulaguntzari.

Era berean, kontuan izango da agindu honetako laguntza-lerroak bateraezinak direla elkarren artean, eta interesdunek horietako bat baino ezin dutela eskatu.

18. oinarria.– Datuen babesa.

Agindu hau aplikatuta biltzen diren datu pertsonalak Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta gainerako lege aplikagarrietan xedatutakoaren arabera tratatuko dira.

Datuen babesari buruzko informazioa lortzeko: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/datuak-babesteko-ordezkaria/hasiera/

II. KAPITULUA
«EKOIZPEN EKOLOGIKOAN SARTZEKO GIDAK» SORTZEN LAGUNTZEA

19. oinarria.– Xedea eta helburua.

Kapitulu honen xedea honako laguntza-ildo hauek arautzea da:

1.– «Ekoizpen ekologikoan sartzeko gidak» egiteko eredua sortzeko laguntzak: edozein produkzio-orientaziori aplika dakiokeen bide-orriaren oinarrizko gidoia markatuko duen oinarrizko dokumentu bat ezartzea.

2.– «Ekoizpen ekologikoan sartzeko gidak» egiteko laguntzak: gida horiek espezifikoak izango dira ekologikoki garatu beharreko ekoizpen-orientazio bakoitzerako. Konbertsio-prozesua hasi nahi denetik Ekoizpen Ekologikoaren Erregistroan sartzea lortu arte eman beharreko urratsak argitzera bideratuta egon behar du edukiak. Beraz, Egiaztapen Ekologikoaren Kontseiluak eskatutako memoriaren eskakizunetara egokitu behar dira gidok. Elementu garrantzitsu gisa, ekoizpen paralelo bihurtzearen berezitasunak landu behar dituzte.

20. oinarria.– Onuradunak.

Kapitulu honetan araututako laguntzen onuradun izan ahalko dira erakunde publiko edo pribatuak (kooperatibak edo nekazaritzako beste elkarte batzuk, besteak beste), baldin eta beren helburuen artean sektoreko aholkularitza eta/edo informazioa eta laguntza badute eta ekoizpen ekologikoan esperientzia egiaztatua badute.

Pertsona juridikoen kasuan, mikroenpresa edo enpresa txiki eta ertainak izan beharko dira, 702/2014 Erregelamenduaren (EB) 1. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

21. oinarria.– Betekizun espezifikoak.

1.– Giden ereduen kasuan, Agindu honen 4. oinarrian jasotako betekizun orokorrez gain, Eusko Jaurlaritzak baliozkotu beharko ditu ereduok eskabidea ebaluatzen duenean.

2.– Giden kasuan, Agindu honen 4. oinarrian jasotako betekizun orokorrez gain, honako baldintza hauek ere bete behar dituzte:

a) Ezin da hautatu lehendik dagoen edo/eta hiru urte baino gutxiagoko antzinatasuna duen gida bat egitea.

b) Eskabidearekin batera, lan-plan bat aurkeztuko da, garatu beharreko jarduerak deskribatuko dituena, eta kronograma bat, gehienez ere sei hilabeteko lana aurreikusiko duena.

c) Egindako gida sektore interesdunari aurkeztu beharko zaio, amaitutakoan, baliozkotu dezan.

d) Dirulaguntza onartzeak berekin dakar egindako gidak edo ereduak ustiatzeko eskubideak Eusko Jaurlaritzari lagatzea, eta hark ezarriko du gida edo eredu horiek argitaratzeko eta zabaltzeko modurik egokiena, betiere Jabetza Intelektualari buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzako Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz, gaiari buruz indarrean dauden lege-xedapenak erregularizatuz, argituz eta harmonizatuz.

22. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen eta diruz lagundu ezin diren kostuak.

1.– Diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira diruz lagundutako jardueraren izaerari erantzuten diotenak, ezinbestekoak direnak eta deialdi honetan eta emateko ebazpenean edo hark izan ditzakeen aldaketetan ezarritako epearen barruan egiten direnak. Diruz lagundu daitezkeen gastuen erosketa-kostuak ezingo du inoiz gainditu merkatuko balioa.

2.– Honako hauek dira diruz lagundu daitezkeen gastuak:

a) Langile-gastuak.

b) Desplazamendu-gastuak.

c) Gastu orokorrak, gehienez ere langile-kostuaren % 25.

3.– Ez da inolaz ere diruz lagundu daitekeen gastutzat hartuko BEZ kengarriaren zenbatekoa, baldin eta pertsona edo erakunde onuraduna zerga horren aitorpena egitera behartuta badago. Horrelakoetan, gastu gisa egotz daitekeen zenbatekoa egiaztagirien zerga-oinarriari dagokiona izango da.

23. oinarria.– Proiektuak hautatu eta baloratzeko irizpideak.

Aurkeztutako proiektua irizpide hauen arabera baloratuko da:

a) Eredu-proposamena egitea. Gehienez ere 15 puntu emango dira.

b) Gidaren xede den sektorearen garrantzia. Gehienez ere 20 puntu emango dira.

c) Aurretiaz gida bat izatea (gidaren antzinatasuna). Gehienez ere 20 puntu emango dira.

d) Idazle-taldeak gidaren xede den sektorean duen esperientzia. Gehienez ere 20 puntu emango dira.

e) Lan-plana eta kronograma. Gehienez ere 15 puntu emango dira.

f) Idazle-taldean emakumeen presentzia gutxienez orekatua izatea. Gehienez ere 10 puntu emango dira.

24. oinarria.– Laguntzaren zenbatekoa.

Onuradun gisa hautatutako proiektu bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko, banaketa-sistema bat aplikatuko da. Horren arabera, kapitulu honetarako ezarritako eta 3.2 oinarrian aurreikusitako zuzkidura ekonomikoa balorazio-irizpideen arabera lortutako puntuazioaren arabera banatuko da, eta proiektu bakoitzeko laguntzaren gehieneko ehunekoa diruz lagun daitekeen kostuaren % 100 izango da, 1.500,00 euroko mugarekin eredu edo gida bakoitzeko.

III. KAPITULUA
PROIEKTU INTEGRATZAILEEN BIDERAGARRITASUN-AZTERLANAK EGITEN LAGUNTZEA

25. oinarria.– Xedea eta helburua.

Kapitulu honen xedea da produktu ekologikoei balioa emango dioten elkarte-oinarriko proiektu integratzaileen bideragarritasuna ezartzea ahalbidetuko duten azterlanak egiteko laguntzak arautzea.

26. oinarria.– Onuradunak.

Kapitulu honetan araututako laguntzen onuradun izan ahalko dira entitate pribatuak, pertsona fisikoak edo juridikoak, horien artean kooperatibak edo nekazaritzako beste elkarte batzuk daudela, baldin eta beren helburuen artean sektoreko aholkularitza eta/edo informazioa eta laguntza ematea badute eta ekoizpen ekologikoan esperientzia egiaztatua badute.

Pertsona juridikoen kasuan, mikroenpresa edo enpresa txiki eta ertainak izan beharko dira, 702/2014 Erregelamenduaren (EB) 1. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

27. oinarria.– Betekizun espezifikoak.

Agindu honen 4. oinarrian jasotako betekizun orokorrez gain, honako baldintza hauek ere bete behar dituzte:

1.– Erakunde sektorialek proiektuan interesa dutela adierazi beharko dute, eta adierazpen hori aurkeztutako proiektuan islatu beharko da.

2.– Lan-plan bat aurkeztuko da, garatu beharreko jarduerak deskribatuko dituena, eta kronograma bat, gehienez ere sei hilabeteko lana aurreikusiko duena.

3.– Dirulaguntza onartzeak berekin dakar egindako gidak edo ereduak ustiatzeko eskubideak Eusko Jaurlaritzari lagatzea, eta hark ezarriko du gida edo eredu horiek argitaratzeko eta zabaltzeko modurik egokiena, betiere Jabetza Intelektualari buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzako Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz, gaiari buruz indarrean dauden lege-xedapenak erregularizatuz, argituz eta harmonizatuz.

28. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen eta diruz lagundu ezin diren kostuak.

1.– Honako hauek dira diruz lagundu daitezkeen gastuak:

a) Langile-gastuak.

b) Desplazamendu-gastuak.

c) Gastu orokorrak, gehienez ere langile-kostuaren % 25.

2.– Ez da inolaz ere diruz lagundu daitekeen gastutzat hartuko BEZ kengarriaren zenbatekoa, baldin eta pertsona edo erakunde onuraduna zerga horren aitorpena egitera behartuta badago. Horrelakoetan, gastu gisa egotz daitekeen zenbatekoa egiaztagirien zerga-oinarriari dagokiona izango da.

3.– Dirulaguntza jaso dezaketen gastuetan, erosketa-kostua inoiz ez da izango merkatuko balioa baino handiagoa.

29. oinarria.– Proiektuak hautatu eta baloratzeko irizpideak.

Aurkeztutako proiektua irizpide hauen arabera baloratuko da:

a) Azterlanean interesa duen azpisektorearen garrantzia. Gehienez ere 25 puntu emango dira.

b) 4 urte baino gutxiagoko antzinatasuna duen antzeko lanik ez egotea. Gehienez ere 20 puntu emango dira.

c) Idazle-taldeak azterlanaren xede den sektorean duen esperientzia. Gehienez ere 20 puntu emango dira.

d) Lan-plana eta kronograma. Gehienez ere 25 puntu emango dira.

e) Idazle-taldean emakumeen presentzia gutxienez orekatua izatea. Gehienez ere 10 puntu emango dira.

30. oinarria.– Laguntzaren zenbatekoa.

Onuradun gisa hautatutako proiektu bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko, banaketa-sistema bat aplikatuko da. Horren arabera, kapitulu honetarako ezarritako eta 3.2 oinarrian aurreikusitako zuzkidura ekonomikoa balorazio-irizpideen arabera lortutako puntuazioaren arabera banatuko da, eta proiektu bakoitzeko laguntzaren gehieneko ehunekoa diruz lagun daitekeen kostuaren % 100 izango da, 1.500,00 euroko mugarekin azterketa bakoitzeko.

IV. KAPITULUA
ERAKUSKETA-JARDUERAK ETA BISITAK BABESTEA

31. oinarria.– Xedea eta helburua.

Kapitulu honen xedea da erakusketa-jarduerak egiteko laguntzak arautzea, hau da, praktika, makineria edo lan-sistema berriak nola erabiltzen edo egiten diren erakusten duten saio praktikoak. Jarduera ustiategietan edo erakusketa-finketan egingo da.

32. oinarria.– Onuradunak.

Kapitulu honetan araututako laguntzen onuradun izan ahalko dira entitate pribatuak, pertsona fisikoak edo juridikoak, horien artean kooperatibak edo nekazaritzako beste elkarte batzuk daudela, baldin eta beren helburuen artean sektoreko aholkularitza eta/edo informazioa eta laguntza ematea badute eta ekoizpen ekologikoan esperientzia egiaztatua badute.

Pertsona juridikoen kasuan, mikroenpresa edo enpresa txiki eta ertainak izan beharko dira, 702/2014 Erregelamenduaren (EB) 1. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

33. oinarria.– Betekizun espezifikoak.

Agindu honen 4. oinarrian jasotako betekizun orokorrez gain, aurkeztu beharreko proiektuan jaso eta zehaztuko diren honako baldintza hauek ere bete beharko dituzte:

1.– Jarduera berritzaile bat aurkeztu beharko da, bai aurkeztutako praktikaren izaeragatik, bai bertaratutakoengatik. Zirkunstantzia hori adierazi beharko da proiektuaren memorian.

2.– Garatu beharreko erakusketa-jardueraren deskribapena aurkeztuko da, jardueraren izaera berritzailea justifikatuz eta xede-publikoaren ezaugarriak zehaztuz.

3.– Jarduera zabaltzeko eta sustatzeko proposamen bat egingo da, eta proposamen hori proiektuan zehaztuko da.

4.– Erakustaldia garatzen duten pertsonek kontratatutako trebakuntza eta esperientzia izan beharko dute, hau da:

a) Nekazaritzako eta antzeko gaietako titulazioa.

b) Ekoizpen ekologikoko titulazio espezifikoa.

c) Nekazaritzako ekoizleen kasuan, ekoizpen ekologikoan gutxienez 5 urteko esperientzia frogatzeak balioko du.

5.– Erakunde onuradunak konpromisoa hartzen du antolatutako jarduerarako eta, hala badagokio, jarduera grabatzeko sarbide irekia izateko, eta Eusko Jaurlaritzak jarduera hori argitaratzeko eta zabaltzeko modurik egokiena ezarri ahal izango du.

34. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen eta diruz lagundu ezin diren kostuak.

1.– Honako hauek dira diruz lagundu daitezkeen gastuak:

a) Teknikarien gastuak.

b) Erakusketa-jarduerak ematen dituzten nekazarien edo abeltzainen ordutegi-kostuen gastuak.

c) Desplazamendu-gastuak.

d) Jarduerarekin lotutako gastuak (gasolioa, ongarriak, tratamenduak...)

e) Jarduera hedatu eta sustatzeko gastuak.

2.– Ez da inolaz ere diruz lagundu daitekeen gastutzat hartuko BEZ kengarriaren zenbatekoa, baldin eta pertsona edo erakunde onuraduna zerga horren aitorpena egitera behartuta badago. Horrelakoetan, gastu gisa egotz daitekeen zenbatekoa egiaztagirien zerga-oinarriari dagokiona izango da.

3.– Dirulaguntza jaso dezaketen gastuetan, erosketa-kostua inoiz ez da izango merkatuko balioa baino handiagoa.

35. oinarria.– Proiektuak hautatu eta baloratzeko irizpideak.

Aurkeztutako proiektua irizpide hauen arabera baloratuko da:

a) Erakutsi beharreko teknikaren/prozesuaren/ekintzaren berrikuntza-maila. Gehienez ere 50 puntu emango dira.

b) Xede-publikoa osatzen duten pertsonen profila. Gehienez ere 20 puntu emango dira.

c) Erakusketa garatzen duten pertsonen esperientzia eta prestakuntza. Gehienez ere 15 puntu emango dira.

d) Proposamenaren genero-ikuspegia. Gehienez ere 15 puntu emango dira.

36. oinarria.– Laguntzaren zenbatekoa.

Onuradun gisa hautatutako jarduera bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko, banaketa-sistema bat aplikatuko da. Horren arabera, kapitulu honetarako ezarritako eta 3.2 oinarrian aurreikusitako zuzkidura ekonomikoa balorazio-irizpideen arabera lortutako puntuazioaren arabera banatuko da, eta jarduera bakoitzeko laguntzaren gehieneko ehunekoa diruz lagun daitekeen kostuaren % 100 izango da, jarduera bakoitzeko 1.500,00 euroko mugarekin.

V. KAPITULUA
EKOIZPEN EKOLOGIKO BIHURTZEKO AHOLKULARITZA INTEGRALA

37. oinarria.– Xedea eta helburua.

Kapitulu honen xedea da ustiategi osoa edo zati bat ekoizpen ekologiko bihurtzea planteatzen duten ustiategiei ibilbide horretan laguntzeko etengabeko laguntza ematen dieten zerbitzuen laguntzak arautzea. Ustiategiak planteamendua egiten duen unetik konbertsio-aldia amaitu eta bost urtera arteko epea hartzen du.

38. oinarria.– Onuradunak.

Kapitulu honetan araututako laguntzen onuradun izan ahalko dira erakunde pribatuak, pertsona fisikoak edo juridikoak, horien artean kooperatibak edo nekazaritzako beste elkarte batzuk daudela, baldin eta beren helburuen artean sektoreko aholkularitza eta/edo informazioa eta laguntza ematea badute eta ekoizpen ekologikoan esperientzia egiaztatua badute.

Pertsona juridikoen kasuan, mikroenpresa edo enpresa txiki eta ertainak izan beharko dira, 702/2014 Erregelamenduaren (EB) 1. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

39. oinarria.– Betekizun espezifikoak.

Agindu honen 5. oinarrian jasotako betekizun orokorrez gain, aurkeztu beharreko proiektuan zehaztuko diren honako baldintza hauek ere bete behar dituzte:

1.– Nekazaritza-ustiategien titularrei emandako zerbitzuak baino ez dira diruz lagunduko, betiere, baldin eta aholkularitza-zentroak emandako agiri bidez egiaztatzen badute ustiategi osoa edo zati bat ekoizpen ekologiko bihurtzeko konpromisoa.

2.– Zerbitzua ematen duten erakundeek baliabide materialak eta langile kualifikatuak izan behar dituzte, aldian behin prestakuntza jasotzen dutenak eta aholkularitzaren arloan esperientzia eta fidagarritasuna dutenak.

3.– Zerbitzua ematen duten langileek nekazaritza edo albaitaritza arloko unibertsitate ikasketak izan beharko dituzte, eta nekazaritza ekologikoan espezializatuta egon beharko dute.

4.– Erakundeak zerbitzua emateko plan bat aurkeztu beharko du, eta bertan metodologia zehaztu beharko du, aholkatu beharreko ustiategien ezaugarrien arabera (esperientzia, produkzio-orientazioa, dimentsioa).

5.– Erakundeak urteko txosten bat aurkeztuko du, emandako zerbitzuaren ezaugarriak azalduz (ustiategiak, azalerak, UGM, ekoizpen-orientazioak). Txostenean agerian jarri beharko dira aholkatutako ustiategiek ekoizpen ekologikoaren ziurtagiria lortzea errazten edo zailtzen duten faktoreak. Txostenaren helburua da, batez ere, agerian uztea zer baldintzek eragin duten, nahiz eta laguntza teknikoa jaso eta aholkularitza-egin, zenbait ustiategik ziurtagiria lortzeko urratsik ez egitea. Txostena ekitaldia amaitzen den unean entregatuko da.

40. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen eta diruz lagundu ezin diren kostuak.

1.– Honako hauek dira diruz lagundu daitezkeen gastuak:

a) Teknikarien gastuak.

b) Desplazamendu-gastuak.

c) Material-gastuak eta funtzionamendu-gastuak.

2.– Ez da inolaz ere diruz lagundu daitekeen gastutzat hartuko BEZ kengarriaren zenbatekoa, baldin eta pertsona edo erakunde onuraduna zerga horren aitorpena egitera behartuta badago. Horrelakoetan, gastu gisa egotz daitekeen zenbatekoa egiaztagirien zerga-oinarriari dagokiona izango da.

3.– Dirulaguntza jaso dezaketen gastuetan, erosketa-kostua inoiz ez da izango merkatuko balioa baino handiagoa.

41. oinarria.– Proiektuak hautatu eta baloratzeko irizpideak.

Aurkeztutako proiektua irizpide hauen arabera baloratuko da:

a) Zerbitzu-emaileen esperientzia eta prestakuntza. Gehienez ere 20 puntu emango dira.

b) Ustiategiaren azpisektorearen garrantzia. Gehienez ere 30 puntu emango dira.

c) Zerbitzua emateko erabilgarri dauden baliabideak. Gehienez ere 20 puntu emango dira.

d) Zerbitzua emateko aurkeztutako planaren kalitatea. Gehienez ere 20 puntu emango dira.

e) Aholkularitza-taldean emakumeen presentzia gutxienez orekatua izatea. Gehienez ere 10 puntu emango dira.

42. oinarria.– Laguntzaren zenbatekoa.

Onuradun gisa hautatutako jarduera bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko, banaketa-sistema bat aplikatuko da. Sistema horren arabera, kapitulu honetarako ezarritako eta 3.2 oinarrian aurreikusitako zuzkidura ekonomikoa balorazio-irizpideen arabera lortutako puntuazioaren arabera banatuko da, eta jarduera bakoitzeko laguntzaren gehieneko ehunekoa diruz lagun daitekeen kostuaren % 100 izango da, 1.500,00 euroko mugarekin urtean eta laguntzan parte hartzen duen ustiapen bakoitzeko.

VI. KAPITULUA
EKOIZPEN EKOLOGIKOAN ESPEZIALIZATUTAKO AHOLKULARITZA

43. oinarria.– Xedea eta helburua.

Kapitulu honen xedea da ekoizpen ekologikoan ziurtatutako nekazaritza-ustiategietako titularrei emandako aholkularitza-zerbitzu espezializatu eta puntualetarako laguntzak arautzea, izaera berritzaileagatik, jakintzaren alderdi espezifikoagatik edo beste arrazoi batzuengatik aholkularitza-zerbitzu jarraituek eman ezin dituzten gaiak ebazteko.

44. oinarria.– Onuradunak.

Kapitulu honetan araututako laguntzen onuradun izan ahalko dira erakunde pribatuak, pertsona fisikoak edo juridikoak, horien artean kooperatibak edo nekazaritzako beste elkarte batzuk daudela, baldin eta beren helburuen artean sektoreko aholkularitza eta/edo informazioa eta laguntza ematea badute eta ekoizpen ekologikoan esperientzia egiaztatua badute.

Pertsona juridikoen kasuan, mikroenpresa edo enpresa txiki eta ertainak izan beharko dira, 702/2014 Erregelamenduaren (EB) 1. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

45. oinarria.– Betekizun espezifikoak.

Agindu honen 4. oinarrian jasotako betekizun orokorrez gain, honako baldintza hauek ere bete behar dituzte:

1.– Zerbitzua ematen duten langileek nekazaritzako edo albaitaritzako unibertsitate-titulua izan beharko dute, eta nekazaritza ekologikoan espezializatuta egon beharko dute. Kasu batzuetan, zerbitzua ematen duen pertsonaren gaitasun espezifikoa esperientzian oinarrituta egiazta daiteke, eta/edo ekoizpen ekologikoaren arloan ospe handia duten argitalpenen bidez dokumentatuta.

2.– Erakundeak zerbitzua emateko plan bat aurkeztu beharko du, premia justifikatzeko eta jarraitu beharreko metodologia azaltzeko.

3.– Erakundeak urteko txosten bat aurkeztuko du emandako zerbitzuaren ezaugarriak azaltzeko (ustiategiak, azalera, UGM, ekoizpen-orientazioak, aholkatutako gaien tipologia). Txostena ekitaldia amaitzen den unean entregatuko da.

46. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen eta diruz lagundu ezin diren kostuak.

1.– Honako hauek dira diruz lagundu daitezkeen gastuak:

a) Teknikarien gastuak.

b) Desplazamendu-gastuak.

c) Material-gastuak eta funtzionamendu-gastuak.

2.– Ez da inolaz ere diruz lagundu daitekeen gastutzat hartuko BEZ kengarriaren zenbatekoa, baldin eta pertsona edo erakunde onuraduna zerga horren aitorpena egitera behartuta badago. Horrelakoetan, gastu gisa egotz daitekeen zenbatekoa egiaztagirien zerga-oinarriari dagokiona izango da.

3.– Dirulaguntza jaso dezaketen gastuetan, erosketa-kostua inoiz ez da izango merkatuko balioa baino handiagoa.

47. oinarria.– Proiektuak hautatu eta baloratzeko irizpideak.

Aurkeztutako proiektua irizpide hauen arabera baloratuko da:

a) Zerbitzu-emaileen esperientzia eta prestakuntza. Gehienez ere 20 puntu emango dira.

b) Ustiategiaren azpisektorearen garrantzia. Gehienez ere 30 puntu emango dira.

c) Zerbitzua emateko erabilgarri dauden baliabideak. Gehienez ere 20 puntu emango dira.

d) Zerbitzua emateko aurkeztutako planaren kalitatea. Gehienez ere 20 puntu emango dira.

e) Aholkularitza-planaren genero-ikuspegia. Gehienez ere 10 puntu emango dira.

48. oinarria.– Laguntzaren zenbatekoa.

Onuradun gisa hautatutako jarduera bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko, banaketa-sistema bat aplikatuko da. Horren arabera, kapitulu honetarako ezarritako eta 3.2 oinarrian aurreikusitako zuzkidura ekonomikoa balorazio-irizpideen arabera lortutako puntuazioaren arabera banatuko da, eta jarduera bakoitzeko laguntzaren gehieneko ehunekoa diruz lagun daitekeen kostuaren % 100 izango da, 1.500,00 euroko mugarekin erakunde bakoitzeko.

VII. KAPITULUA
NEKAZARITZA EKOLOGIKOKO PROIEKTU PILOTUAK GARATZEA

49. oinarria.– Xedea eta helburua.

Kapitulu honen xedea da produktu ekologikoaren balio-katearen eremuko praktika, prozesu eta teknologia berrien bidez baldintza tekniko eta ekonomikoak ezartzea, bideragarri izatea eta hobetzea ahalbidetuko duten proiektu pilotuak egiteko laguntzak arautzea, bai eta produkzio-orientazio ekologiko berriak modu pilotuan ezartzea ere.

50. oinarria.– Onuradunak.

Kapitulu honetan araututako laguntzen onuradun izan ahalko dira laguntzaren xedearen araberako proiektu pilotu bat garatzeko eratzen diren erakundeak, pertsona fisiko edo juridikoak, publikoak eta/edo pribatuak (horien artean kooperatibak edo nekazaritzako beste elkarte batzuk) edo partzuergoak, pertsona fisikoen edo juridikoen talde gisa ulertuta.

51. oinarria.– Betekizun espezifikoak.

Agindu honen 4. oinarrian jasotako betekizun orokorrez gain, proiektuaren memorian garatuko diren honako baldintza hauek ere bete behar dituzte:

1.– Ezinbestekoa da gutxienez erakunde onuradunetako bat nekazaritzako elikagaien balio-katekoa izatea.

2.– Proiektuak jarduera berriak izan beharko dira nahitaez, eta ekoizpen ekologikoaren balio-katearen sektoreetan produktu, praktika, prozesu eta teknologia berriak garatzera bideratuta egon beharko dira nahitaez.

3.– Plan bat aurkeztu beharko da, probatu beharreko berrikuntza zertan datzan, zer helburu eta emaitza espero diren eta lan-metodologia zehazten dituena, aurrekontu arrazoitu batekin.

4.– Proiektu pilotuaren emaitzak komunikatu eta dibulgatzeko ekintza irekiak ere egingo dira, sektorerako transferentzia teknologikoa bermatzeko.

52. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen eta diruz lagundu ezin diren kostuak.

1.– Honako hauek dira diruz lagundu daitezkeen gastuak:

a) Langile-gastuak.

b) Material-gastuak eta funtzionamendu-gastuak.

c) Pilotatu beharreko praktika, prozesu edo teknologia berritzaileei hertsiki lotutako inbertsio-gastuak.

d) Komunikazio- eta dibulgazio-jardueretarako gastuak.

2.– Ez da inolaz ere diruz lagundu daitekeen gastutzat hartuko BEZ kengarriaren zenbatekoa, baldin eta pertsona edo erakunde onuraduna zerga horren aitorpena egitera behartuta badago. Horrelakoetan, gastu gisa egotz daitekeen zenbatekoa egiaztagirien zerga-oinarriari dagokiona izango da.

3.– Dirulaguntza jaso dezaketen gastuetan, erosketa-kostua inoiz ez da izango merkatuko balioa baino handiagoa.

53. oinarria.– Proiektuak hautatu eta baloratzeko irizpideak.

Aurkeztutako proiektua irizpide hauen arabera baloratuko da:

a) Proiektu pilotuaren planteamenduen berrikuntza-maila: jorratutako gaia punta-puntakoa dela egiaztatzeko aurretiazko azterketa. Gehienez ere 20 puntu emango dira.

b) Proiektu pilotuaren xede den azpisektorearen garrantzia. Gehienez ere 20 puntu emango dira.

c) Pilotua garatzeko eskuragarri dauden giza baliabideak eta baliabide materialak. Gehienez ere 15 puntu emango dira.

d) Pilotuaren garapenerako interes sektoriala, Euskadiko ekoizpen ekologikoaren eremuko erakundeek berariaz egindako adierazpen baten bermearekin. Gehienez ere 20 puntu emango dira.

e) Lantaldean emakumeen presentzia gutxienez orekatua izatea. Gehienez ere 10 puntu emango dira.

f) Komunikazio- eta dibulgazio-plana. Gehienez ere 15 puntu emango dira.

54. oinarria.– Laguntzaren zenbatekoa.

Onuradun gisa hautatutako proiektu bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko, banaketa-sistema bat aplikatuko da. Horren arabera, kapitulu honetarako ezarritako eta 3.2 oinarrian aurreikusitako zuzkidura ekonomikoa balorazio-irizpideen arabera lortutako puntuazioaren arabera banatuko da, eta proiektu bakoitzeko laguntzaren gehieneko ehunekoa diruz lagun daitekeen kostuaren % 100 izango da, 50.000,00 euroko mugarekin proiektu pilotu eta azterketa bakoitzeko.

ESKABIDEA EGITEKO INPRIMAKIAREN EDUKIA

Laguntzaren eskaera-inprimakia webgune honetan dago eskuragarri: http://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1207001

Oinarrizko eduki hau du:

Esparru generikoak:

– Identifikazio-agiri mota.

– Zenbakia.

– Izena (pertsona fisikoek soilik).

– Lehen abizena (pertsona fisikoek soilik).

– Bigarren abizena (pertsona fisikoek soilik).

– Sexua (pertsona fisikoek soilik).

– Entitatearen izena (pertsona juridikoek soilik).

– Telefono finkoa.

– Telefono mugikorra.

– Helbide elektronikoa.

– Lurralde historikoa.

– Jakinarazpen- eta komunikazio-bidea.

– Abisuak jasotzeko helbide elektronikoa.

– Abisuak jasotzeko telefono mugikorra.

– Jakinarazpen, komunikazio eta abisuen hizkuntza.

– Proiektuaren edo jardueraren deskribapena, hasierako eta amaierako datak barne.

– Diruz lagundu daitezkeen kostuen zerrenda.

– Proiektua/jarduera egiteko behar den finantzazio publiko mota eta zenbatekoa.

Eremu osagarriak. Agindu honetan ezarritako baldintza guztiak betetzea adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena, hau da:

– Ez du galdu laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera ebazpen irmo baten bidez ezarritako zehapena dela-eta, edo honako delitu hauetakoren bat egin izanagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

– Konkurtso-deklaraziorik eskatu ez izana; prozeduraren batean kaudimengabetzat deklaratuta ez egotea; konkurtsoan deklaratuta ez egotea, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek; esku-hartze judizialaren eraginpean ez egotea, edo desgaitua ez egotea Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.

– Ez du administrazioarekin egindako kontraturen baten suntsiarazpen irmorik eragin, suntsiarazpen-arrazoi horren errudun deklaratu dutelarik.

– Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo pertsona juridikoen ordezkaritza legala dutenak, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzeko martxoaren 30eko 3/2015 Legean edo Herri-administrazioen Zerbitzura dauden Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean aipatutako kasuren batean sartuta ez izatea edo Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautetsiak ez izatea, bertan ezarritako baldintzetan edo arlo horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudietan ezarritakoetan.

– Egunean izatea indarreko xedapenek zergen eta gizarte-segurantzaren arloan ezartzen dituzten betebeharrak.

– Zerga-egoitza erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean ez izatea.

– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza eta dirulaguntzen esparruan abiarazi duten itzultzeko edo zehatzeko prozeduraren batean sartuta dagoen edo ez.

– EAEko Administrazioak eta haren menpeko erakundeek emandako laguntzen edo dirulaguntzen esparruan, itzulketa- edo zigor-prozeduretako kantitate zehatzak ordaintzeko betebeharrari dagokionez egunean dagoen ala ez. Betebehar horien ordainketak egunean dituztela ulertuko da, baldin eta zorrak atzeratuta eta zatituta badaude, eta, gainera, gaineratutako zor, interes eta gastu guztiak estaliko dituen bermea eratu bada.

– Ez du dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen epai irmorik (zigor- edo administrazio-arloan), ezta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako 2005eko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoarekin bat etorriz.

– Ez du jaso dirulaguntzak lortzeko aukera galtzeko zehapenik ebazpen irmo baten bidez.

– Elkarteen kasuan, horiek elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluaren 5. eta 6. apartatuetan aurreikusitako debekuen kausetan nahastuta ez egotea. Eta inskripzioaren administrazio-prozedura etena ez izatea ez-zilegitasun penalaren zentzuzko zantzuak egoteagatik, 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, betiere, dagokion erregistroan inskripzioa egitea ahalbidetzen duen ebazpen judizial irmoa izan arte.

– Jakinaraztea ea diruz lagundu daitekeen proiektu bererako bestelako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik eskatu zaion administrazio publiko edo erakunde publiko nahiz pribaturen bati, baita eskuratu den edo ez.

Horiek lortuz gero, lortutako kopurua: ______________

– VI. kapituluko laguntzen kasuan, Bai/Ez du eskatu eta Bai/Ez ditu lortu minimis erregimenaren barruko dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabide ekonomikoak.

Horiek lortuz gero, lortutako kopurua: ______________

– Pertsona juridikoen kasuan, nortasun juridikoa izan edo ez, Emakume Nekazariaren Estatutuari buruzko urriaren 15eko 8/2015 Legean ezarritakoa betetzea.

– II. kapitulutik VI. kapitulura bitarteko laguntzen kasuan, pertsona juridikoak mikroenpresatzat edo enpresa txiki eta ertaintzat 702/2014 Erregelamenduaren (EB) 1. eranskinean ezarritako irizpideen arabera hartzen dira.

– Eskabide honekin batera doazen agiri guztiak egiazkoak direla adieraztea.

– II. kapituluko laguntzen kasuan: konpromisoa hartzen du Eusko Jaurlaritzarena izango den gida garatua jendearen eskura jartzeko, eta hark ezarriko du gida argitaratzeko eta zabaltzeko modurik egokiena.

– III. kapituluko laguntzen kasuan: egindako azterlanaren emaitzara sarbide publikoa izateko konpromisoa hartzen du. Azterlana Eusko Jaurlaritzarena izango da eta berak ezarriko du argitaratzeko eta zabaltzeko modurik egokiena.

– IV. kapituluko laguntzen kasuan: konpromisoa hartzen du antolatutako jarduerarako sarbide irekia izateko eta, hala badagokio, jarduera grabatzeko, eta Eusko Jaurlaritzak jarduera hori argitaratzeko eta zabaltzeko modurik egokiena ezarri ahal izango du.

Markatu, hala badagokio:

Ez dut baimenik ematen Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak automatikoki egiaztatzeko NAN eta IFK zenbakiak, eta zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketetan egunean izatea ziurtatzen duten dokumentuak. Ondorioz, eskabidearekin batera eskatzen den dokumentazioa aurkezten dut. Hori guztia, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legeak, urriaren 1ekoak, 28.2 artikuluan ezarritakoa betez.


Azterketa dokumentala