Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

236. zk., 2021eko azaroaren 26a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
5997

242/2021 DEKRETUA, azaroaren 23koa, zeinaren bidez urgentziako deklaratzen baita Gipuzkoako Foru Aldundiak, nahitaez desjabetzeko, honako eskubide eta ondasun hauek okupatzea: Eskoriatzan, AP-1 autobidean, Eskoriatzako Zarimutzeko tunelaren hegoaldeko ahokaduraren buruan, jarduteko eta drainadura hobetzeko proiektua (5-OF-19/2021) burutzeko beharrezko ondasunak eta eskubideak.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, «AP-1 autobidean, Eskoriatzako Zarimutzeko tunelaren hegoaldeko ahokaduraren buruan, jarduteko eta drainadura hobetzeko proiektua (5-OF-19/2021)» delakoaren espedientea formalki onartu eta gero, proiektua gauzatzeko lur guztiak erabiltzeko beharra adierazi zuen.

Bide Azpiegituretako Departamentuko diputatuak 2021eko martxoaren 18an emandako Foru Aginduaren bidez, honako hau ebatzi zen: nahitaezko desjabetze-espedientea hastea eta ondasunen eta eskubideen zerrenda jendaurrean jartzea, hilabeteko epean, prentsan eta 2021eko apirilaren 9ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (64. zk.). Geroago, 2021eko uztailaren 27an egindako bilkuran, Gipuzkoako Foru Aldundiak Eusko Jaurlaritzari proiektuak ukitzen dituen eskubideak eta ondasunak okupatzeko urgentziaren adierazpena eskatzea erabaki zuen, Nahitaezko Desjabetzearen Legearen 52. artikuluan ezarritakoa betetzeko.

Urgentziaz okupatu beharreko ondasunak eta eskubideak zehaztuta eta banakatuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan, identifikazioak egiteko datu askirekin agertu ere. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen egoki zenean, eta alegazio bat aurkeztu zen, administrazio-espedientean adierazten denez.

Zerbitzu teknikoek ikusi dutenez, ez dago espedientea izapidetzeko inolako hirigintza-oztoporik.

Ondasun eta eskubide horiek okupatzea luzaezintzat jotzen da, honako arrazoi hauengatik:

Ahokaduraren burualdean erortze askean goitik amiltzeko arriskua dago. Arrisku horrek ez die soilik AP-1 autobideko mantentze-lanetako langileei eragiten, baizik eta eremuaren inguruan ibili daitekeen edozein pertsonari eta, bereziki, ondoko baserriko bizilagunei, haurrak barne.

Horri dagokionez, proiektuak egungo hesia osatuko du pertsonen segurtasuna bermatzeko, eta, horrela, erortze askean goitik amiltzeko arriskua kenduko da.

Bestalde, kalteak sortu dira, drainatze-sare eskas batek eta ingurune geotekniko konplexu batek eragindakoak. Hala, ezegonkortasun geoteknikoak izan dira hainbat ezpondatan, eta horren ondorioz, AP-1 autobidearen enborra zeharka drainatzeko obraren irteerak, 17+450 KPan kokatzen denak, oinpeko sostengua galdu du.

Horri dagokionez, proiektuak, kalteak konpontzeaz gain, drainatze sisteman ere jardungo du.

Lan horiek egiteko beharrezkoa da sarbide bat sortzea, eta, ingurunearen konplexutasuna dela eta, behin betiko sarbidea proposatu da eremuaren mantentze eta jarraipen lanetarako.

Premiazkoa da, tunelaren inguruan, neurri zuzentzaile eta egonkortzaile horiek hartzea; izan ere, kalteek bere horretan diraute, eta areagotzen ari dira; hartara, AP-1 autobideko erabiltzaileen segurtasunean eragin negatiboa daukate.

Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f artikuluan xedatzen denez, Eusko Jaurlaritzari dagokio nahitaez desjabetu beharreko ondasunak eta eskubideak urgentziaz okupatu behar direla deklaratzea, nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: burutze-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta hiri-lurzoruan egin beharreko banakako jarduketak. Goian aipatutako lege horrek 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, lurralde-antolamenduaren eskumenak dituen sailburuari dagokio horretarako proposamena aurkeztea Jaurlaritzaren Kontseiluari.

Hori dela eta, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak proposaturik, Gobernu Kontseiluak, 2021eko azaroaren 23ko bilkuran gaia aztertu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26. artikuluan xedatutakoari jarraituz, nahitaez desjabetzeko, «AP-1 autobidean, Eskoriatzako Zarimutzeko tunelaren hegoaldeko ahokaduraren buruan, jarduteko eta drainadura hobetzeko proiektua (5-OF-19/2021)» burutzeko beharrezkoak diren ondasunak eta eskubideak Gipuzkoako Foru Aldundiak urgentziaz okupatu beharrekoak direla deklaratzea. Berariaz abiarazitako espedientean jasotako zerrendan daude zehaztuta eta banakatuta ondasun eta eskubide horiek.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aurretiaz berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Epeok, dekretu hau argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira.

Vitoria-Gasteizen, 2021eko azaroaren 23an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.


Azterketa dokumentala