Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

234. zk., 2021eko azaroaren 24a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
5959

AGINDUA, 2021eko urriaren 22koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2021eko ekainaren 18ko Aginduaren babesean aurkeztutako eskabideak ebazten dituena. Aipatu aginduak goi-mailako kirol-lehiaketak antolatzeko dirulaguntzak emateko arauak ezartzen ditu.

AURREKARIAK

1.– 2021eko uztailaren 15eko EHAAn argitara eman zen Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2021eko ekainaren 18ko Agindua, Goi-mailako kirol-lehiaketak antolatzeko dirulaguntzak emateko arauak ezartzeko dena.

2.– 2021eko urriaren 4an, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak ebazpen bat eman zuen (2021eko urriaren 19an argitaratua, 208. zenbakiko EHAAn), Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2021eko ekainaren 18ko Aginduan bideratutako deialdiaren gehieneko zenbateko orokorra aldatzeko, eta gehienez ere 150.000 euro emateko.

3.– 2021eko ekainaren 18ko Aginduaren 10.6 artikuluarekin bat etorriz, Balorazio Batzordeak dirulaguntza-eskabideen gaineko agindu-proposamena egin zuen 2021eko urriaren 19ko bilkuran, baita Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari jakinarazi ere, hura ikusita, aurkeztutako dirulaguntza eskabideen gaineko erabakia har zezan.

Horrela bada, Balorazio Batzordeak egindako agindu-proposamena ikusita, eta aipatutako aginduaren 13 artikuluan emandako ahalmenez baliatuz, honako hau,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– I. eranskinean jakinarazten diren entitateei dagozkien dirulaguntzak ematea.

Bigarrena.– II. eranskineko eskabideak ez onartzea bertan agertzen den arrazoia dela eta.

Hirugarrena.– 2021eko ekainaren 18ko Aginduan arautako dirulaguntzak jasotzen dituztenek testu horren 15. artikuluan jasotako betebeharrak bete beharko dituzte.

Laugarrena.– Dirulaguntza bi ordainketetan pagatuko da: lehena, diruz lagundutako zenbatekoaren ehuneko berrogeita hamarri dagokiona, eta esleipen-ebazpena jakinarazitakoan eta hura onartzeko epea igarotakoan gauzatuko da; eta bigarrena, beste berrogeita hamarrari dagokiona, 2022ko urtarrilaren 1etik hara gauzatuko da, betiere diruz lagundutako lehiaketa justifikatutakoan, zeina 2022ko martxoaren 1a baino lehenago burutu beharko baita.

Hori horrela izateko, emandako dirulaguntza onartu egin beharko dute erakunde onuradunek. Dirulaguntza ematen zaiela jakinarazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean entitate onuradunek ez badiote dirulaguntzari espreski eta idatziz uko egiten, onartu dutela ulertuko da.

Bosgarrena.– Emandako dirulaguntza justifikatzeko, erakunde onuradunek 2022ko martxoaren 1a baino lehen jarraian zehazten diren agiriak aurkeztuko dituzte, http://www.euskadi.eus/nirekarpeta webgunearen bidez:

a) Jarduerari buruzko txostena. Bertan, gutxienez, 2021eko ekainaren 18ko Aginduan baloratzen diren alderdiak azaldu beharko dira.

b) Lehiaketa dirulaguntza-eskaera aurkeztu eta gero egin bada, epailearen aktak eta lehiaketaren behin betiko programa.

c) Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntza berariaz aipatzen duten dokumentu guztien aleak.

d) Jarduera gauzatzean Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak erabili direla egiaztatzen duen dokumentazioa.

e) Ekitaldiaren aurrekontu gauzatua, diru-sarrera eta gastu guztiak adierazita. Bereziki jaso beharko dira helburu berarekin eskuratutako beste laguntzak, eskabideak aurkezteko unean haien eraginkortasunaren berri ez baldin bazegoen (IV. eranskina).

f) Fakturen bidez eta zuzenbide- eta merkataritza-zirkulazioan froga-balio baliokidea duten edo administrazio-efikazia duten gainerako jatorrizko agirien bidez egiaztatuko dira gastuak.

Seigarrena.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –betiere dirulaguntzaren xedea bete bada– edo beste erakunde publiko zein pribatu batzuetatik beste laguntzarik jaso bada, laguntza emateko agindua aldatu ahal izango da. Horretarako, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak likidazio-agindua emango du, esleitutako dirulaguntzaren zenbatekoa doitzeko.

Zazpigarrena.– Ondorengo hauek izango dira ez-betetzeak:

a) Jasotako dirulaguntzak (zenbateko osoa edo zati bat) 2021eko ekainaren 18ko Aginduan onartutako jardueretarako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabiltzea.

b) 2021eko ekainaren 18ko Aginduan ezarritako betebeharrak ez betetzea.

c) Dirulaguntzaren likidazio-aginduan adierazitako kopurua ez itzultzea horretarako ezarritako epean.

d) Xedapen orokorretan nahitaez bete beharrekotzat jotako beste edozer ez betetzea.

Ez betetzeren bat gertatu dela egiaztatzen bada, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera.

Zortzigarrena.– Interesdun guztiei agindu honen berri emango zaie banan-banan, hargatik eragotzi gabe EHAAn ere argitaratzea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari. Beraz, beraren aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo bestela administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, hala adierazten baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko urriaren 22a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala