Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

233. zk., 2021eko azaroaren 23a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
5937

AGINDUA, 2021eko azaroaren 9koa, Hezkuntzako sailburuarena, Getxoko (Bizkaia) «Centro Vasco de Enseñanzas Deportivas EKFB» Kirol Irakaskuntzako ikastetxe baimenduaren baimena aldatzeko dena.

Atletismoko espezialitatea gehitzeko Getxoko (Bizkaia) «Centro Vasco de Enseñanzas Deportivas EKFB» Kirol Irakaskuntzako Ikastetxe Baimenduaren erakunde titularraren ordezkariak hasarazi duen espedientea aztertu da.

Espediente hori ezarritako prozeduraren arabera izapidetu da, indarreko arauek eskatzen dituzten agiriak erantsi zaizkio, eta arlo horretan eskumena duten erakundeek horri buruzko txostena eman dute.

Arau hauek ikusi dira: urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretua (2007ko azaroaren 8ko BOE), araubide bereziko kirol-irakaskuntzen antolamendu orokorra ezartzen duena eta abenduaren 19ko 1913/1997 Errege Dekretua indargabetzen duena; uztailaren 23ko 932/2010 Errege Dekretua, Eskafandra autonomoko Kiroletako Urpeko Igeriketarako Kirol-teknikariaren titulua eta gutxieneko ikasketak eta sarbide-baldintzak ezartzen dituena (abuztuaren 31ko BOE); uztailaren 23ko 932/2010 Errege Dekretuaren huts-zuzenketa (urriaren 8ko BOE); irailaren 5eko EDU/2450/2011 Agindua, Eskafandra autonomoko Kiroletako Urpeko Igeriketarako Kirol-teknikariaren tituluaren maila ertaineko zikloen hasierako eta amaierako kurrikuluma ezartzen duena, eta gai horretan aplikatu beharreko indarreko araudia. Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Ondoren zehazten den ikastetxeari baimena ematen zaio Atletismoko espezialitatea izateko 2021-2022 ikasturtetik aurrera:

Kode-zenbakiak: 015908 eta 48019742.

Izen generikoa: Kirol Irakaskuntzako Ikastetxe Baimendua.

Izen espezifikoa: «Centro Vasco de Enseñanzas Deportivas EKFB».

Titularra: Unión de Federaciones Deportivas Vascas.

Helbidea: Avenida de los Chopos z/g.

Udalerria: Getxo.

Lurralde Historikoa: Bizkaia.

Baimena:

– Atletismoko Erdi Mailako Kirol Teknikaria eta Atletismoko Goi Mailako Teknikariaren graduak.

Ikastetxearen osaera:

– Modalitatea: Saskibaloia.

• Erdi-maila: 2 talde, bakoitza 30 ikaspostuko edukierakoa.

• Goi-maila: 2 talde, bakoitza 30 ikaspostuko edukierakoa.

– Modalitatea: Eskubaloia.

• Erdi-maila: 2 talde, bakoitza 35 ikaspostuko edukierakoa.

• Goi-maila: 2 talde, bakoitza 35 ikaspostuko edukierakoa.

– Modalitatea: Piraguismoa.

• Erdi-maila: 6 talde.

*Ur amiletako piraguismoko kirol-teknikaria: 2 talde, 28 ikasleentzako bakoitza.

*Ur bareetako piraguismoko kirol-teknikaria: 2 talde, 28 ikasleentzako bakoitza.

*Ur amiletako laket-piraguismoko gidaria eta kirol-teknikaria: 2 talde, 28 ikasleentzako bakoitza.

• Goi-maila:

*Ur amiletako piraguismoko goi-mailako kirol-teknikaria: talde bat, 28 ikasleentzako.

*Ur bareetako piraguismoko goi-mailako teknikaria: talde bat, 28 ikasleentzako.

– Modalitatea: Esgrima.

• Erdi-maila: bi ziklo, bakoitza 28 ikaspostuko edukierakoa.

• Goi-maila: ziklo bat, 28 ikaspostuko edukierakoa.

– Modalitatea: Judo eta Babes Pertsonala.

• Erdi-maila: bi ziklo, bakoitza 28 ikaspostuko edukierakoa.

• Goi-maila: ziklo bat, 28 ikaspostuko edukierakoa.

– Modalitatea: Urpeko Igeriketa

• Erdi-maila: Eskafandra autonomoko Kiroletako Urpeko Igeriketako Kirol-teknikarirako bi talde, bakoitza 28 ikaspostuko edukierakoa.

– Modalitatea: Atletismoa

• Erdi-maila: bi ziklo, bakoitza 28 ikaspostuko edukierakoa.

• Goi-maila: bi ziklo, bakoitza 28 ikaspostuko edukierakoa.

2. artikulua.– Ikastetxeak indarrean dauden legeak bete beharko ditu, agindu honen bidez baimentzen zaizkion irakaskuntzak emateko eskatzen diren ikaspostuen kopuruari eta irakasleen titulazioari dagokienez. Bestela, bidezkoa litzateke emandako baimena baliogabetzea.

3. artikulua.– Ikastetxeak martxoaren 17ko 314/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutako Eraikuntzako Kode Teknikoa bete beharko du, bai eta indarreko legeriak ezartzen dituen higiene-, osasun-, akustika-, bizigarritasun-, segurtasun- eta irisgarritasun-baldintzak ere. Ikastetxearen titularraren erantzukizuna izango da baldintza horiek betetzea.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honetan dagoen baimen-emateak ez du esan nahi hezkuntza-itunen araubidearen edo dirulaguntzen deialdien bitartez laguntzarik lortuko denik.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko azaroaren 9a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.


Azterketa dokumentala