Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

233. zk., 2021eko azaroaren 23a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
5934

EBAZPENA, 2021eko urriaren 25ekoa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuaren txostena egiten baita Burgelu eta Vitoria-Gasteiz udal-mugarteetan (Araba) «Gamarra-Altsasu 1 eta 2» 30 kV DC aireko linea elektrikoa 195. eta 229. euskarrien artean aldatzeko proiekturako.

AURREKARIAK

2021eko uztailaren 16an, Eusko Jaurlaritzako Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzak eskaera bat egin zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, «Gamarra-Altsasu 1 eta 2» 30 kV DC aireko linea elektrikoa 195. eta 229. euskarrien artean aldatzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena eman zedin, haren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren esparruan (Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan eta hurrengoetan dago araututa).

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikulua betez, kontsulta-izapidea abiarazi zuen 2021eko uztailaren 26an, eragindako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait txosten jaso dira zenbait erakunderen aldetik, eta haien emaitza espedientean dago jasota. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion hasiera eman zitzaiola izapideari.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak behar beste judizio-elementu dituela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; izan ere, horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2.a) artikuluan ezarritakoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egingo zaie arau horren II. eranskinean biltzen diren proiektuei.

Txosten honen xede den proiektua aipatutako legearen II. eranskineko 4. taldeko b) apartatuan sartuta dago: 15 kV edo gehiagoko tentsioa eta 3 km-tik gorako luzera duten energia elektrikoaren transmisiorako lineak eraikitzea (I. eranskinean sartuta ez dauden proiektuak), lurzoru urbanizatuaren zorupean oso-osorik igarotzen direnak izan ezik, eta haiekin lotutako azpiestazioak. Zehazki, 4.689 km-ko luzera eta 30 kV-eko tentsioa dituen aireko linea elektriko bat eraikitzea da xedea.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-agiria zuzena dela eta bat datorrela indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiekin, ingurumen-inpaktuaren txosten hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, bera baita horretarako eskumena duen organoa, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera. Txosten honetan, proiektuak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren proiektua garatu, eta ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuaren txostena ematea «Gamarra-Altsasu 1 eta 2» 30 kV DC aireko linea elektrikoa 195. eta 229. euskarrien artean aldatzeko proiekturako, honako baldintza hauei jarraikiz:

A) Proiektuaren xedea da «Gamarra-Altsasu 1 eta 2» 30 kV DC aireko linea elektrikoa aldatzea 195. eta 229. euskarrien artean, Burgelu eta Vitoria-Gasteiz udal-mugarteetan hornidura elektrikoaren kalitatea hobetzeko eta zerbitzuaren jarraitutasuna bermatzeko.

B) Ebazpen honetan («Gamarra-Altsasu 1 eta 2» 30 kV DC aireko linea elektrikoa 195. eta 229. euskarrien artean aldatzeko proiektuari buruzko ingurumen-inpaktuaren txostena ematen duena), proiektuaren ingurumen-dokumentuaren edukia aztertzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz:

1.– Proiektuaren ezaugarriak.

Egungo linea elektrikoaren trazadura modu paraleloan doazen zirkuitu sinpleko bi lineak osatzen dute; 15 bat m-ko tartea dago bien artean, eta euskarri independenteak dituzte. Proiektua gauzatuz gero, linea horiek zirkuitu bikoitzeko linea bakar batean batuko dira, eta linea bikoitz horren trazadura gaur egungoen erdiko ardatzean kokatuko da nagusiki. Aldaketa egungo 195. euskarrian hasiko da, eta 229. euskarrian bukatuko.

Jarraian, proiektatutako jarduketak laburbiltzen dira:

– «Gamarra-Altsasu 1» 30 kV-eko linearen gaur egungo zirkuitua desmuntatzea: lehendik dauden 32 euskarri kenduko dira (196.etik 227.era), bai eta LA-95 motako eroaleak ere, 195. eta 229. euskarrien artean; orotara, zirkuitu sinpleko 4.688 m.

– «Gamarra-Altsasu 2» 30 kV-eko linearen gaur egungo zirkuitua desmuntatzea: lehendik dauden 33 euskarri kenduko dira (196.etik 228.era), bai eta LA-95 motako eroaleak ere, 195. eta 229. euskarrien artean; orotara, zirkuitu sinpleko 4.692 m.

– 26 euskarri berri jarriko dira (196N-221N), eta LA-180 motako eroale berriak; orotara, zirkuitu bikoitzeko 4.689 m. Euskarri berrien altuera 22 m-koa izango da gutxi gorabehera.

– Lehendik dauden LA-95 motako eroaleak erregulatuko dira «Gamarra-Altsasu 1» lineako 205N euskarri berriaren eta egungo 1227. euskarriaren arteko tartean (128 m-ko luzera).

Linea desmuntatzeko, sarbideak ireki, lehendik dauden euskarrien zimendatzeak zulatu, sortutako hondakinak kudeatu eta eragindako gainazalen ingurumen-lehengoratzea egin beharko da.

Linea berria eraikitzeko, berriz, euskarriak zimendatzeko zuloak hondeatu eta hormigoiz bete beharko dira; guztira, 171,36 m3 hondeatuko direla aurreikusten da. Aurreikuspenen arabera, ez da landaredia ebaki edo soildu beharrik izango, trazadura berria lehendik dagoen zortasun-eremuaren ardatzetik joango baita. Ez da instalazio lagungarririk beharko, eta obrak egiteko 14 bat hilabete beharko direla zenbatetsi da.

Proiektuak bi aukera proposatzen ditu, 0. aukera edo ez jardutearen aukera barne. Ez jarduteko aukera hori baztertuta gelditzen da, Burgelu eta Vitoria-Gasteiz udal-mugarteetan hornidura elektrikoaren kalitatea hobetzeko eta zerbitzuaren jarraitutasuna bermatzeko beharrezkoa baita; hortaz, 1. aukera hautatzen da, lehen deskribatutakoa. Erabakia justifikatzeko arrazoiak dira ingurumen-zaurgarritasun txikiko eremu batetik igaroko dela, eta, oro har, gaur egungo zortasun-eremuaren ardatzetik igaroko dela.

2.– Proiektuaren kokalekua.

«Gamarra-Altsasu 1 eta 2» 30 kV DC aireko linea elektrikoaren trazadura Burgelu eta Vitoria-Gasteiz udal-mugarteetatik igarotzen da, hego-ekialdetik ipar-mendebalderantz. Zehazki, proiektuaren xede den zatia zuzena da funtsean, eta ADIFen trenbide-linearekiko paraleloan doa. Burgelu udalerriaren iparraldean hasten da, eta Oreitia udalerriaren hegoaldetik igarotzen da, Mataukuraino. Guztira, 4.689 m-ko luzera du.

Proiektuaren eremua Alegria ibaiaren arroan dago, urak Zadorrara isurtzen dituen lekuraino, eta Zadorra Unitate Hidrologikoan dago sartuta. Proposatutako linearen trazadurak ere, gaur egungoak bezala, ibilgu hori zeharkatuko du T9 eta T10 euskarrien artean, beste erreka bat zeharkatuko du T16 eta T17 euskarrien artean, eta Alegria ibaiaren kanala zeharkatuko du T4 eta T5 euskarrien artean.

Alegria ibaiaren ibilgua bisoi europarraren (Mustela lutreola) interes bereziko eremu gisa identifikatuta dago, eta espezie hori galzorian dagoen espezie gisa sailkatuta dago Basoko eta Itsasoko Fauna eta Landaredian Arriskuan dauden Espezieen Euskal Katalogoan; eta, hura kontserbatzeko, kudeaketa-plan bat dago onartuta (322/2003 Foru Agindua, azaroaren 7koa, Arabako Lurralde Historikoan Mustela lutreola bisoi europarra Kudeatzeko Plana onartzen duena. ALHAO, 2003-12-05ekoa). EAEko Espezien Mehatxatuen Katalogoan sartuta dauden zenbait hegazti espezie ere identifikatu dira inguru horretan (mirotz urdina, miru gorria, amiamoko zuria, etab.), gertuko nekazaritza-eremuekin eta baso- eta ur-elementuen multzoekin lotutakoak.

Inguruan nagusi den landaredia zereal- eta patata-laboreak dira. Azpimarratu behar da, gainera, Alegria ibaiaren ertzean Batasunaren Intereseko Habitat (BIH) lehentasunezko bat identifikatu dela, Alnus glutinosa eta Fraxinus excelsior espezieen baso alubialak (91E0* kodea) alegia. Aurreikuspenen arabera, zenbait euskarri berri jarriko dira Belardi lehor erdi-naturalak eta substratu karetsuen gaineko sastraka-faziesak BIHan (Festuco-Brometalia) (6210* kodea); lehentasunezkotzat jota dago, orkidea ugari daudelako. Aurreikusitako T19 eta T20 euskarrien artean, lehentasunezkoa ez den 6210 BIHren beste masa txiki bat dago.

Planaren xede den eremua ez da naturagune babestua, eta ez dago Korridore Ekologikoen Sareko elementurik.

Hezeguneen Lurralde Plan Sektorialari (LPS) jarraikiz, proiektuaren eremuan hainbat putzu txiki daude, EAEko Hezeguneen Inbentarioko III. Taldekoak; Oreitia eta Mataukuko urmaleak esaten zaie.

Proiektua lurzoru urbanizaezinean egingo da; hortaz, Nekazaritza eta Basozaintzako LPSn dago araututa. Zehazki, trazaduran zehar, honako kategoria hauek identifikatu dira: Nekazaritza eta abeltzaintzakoa - Trantsizioko landa-paisaia; Basoa - Mendi barbana, eta Nekazaritza eta abeltzaintzakoa - Balio estrategiko handia (euskarri gehienak kategoria horretako lurretan daude).

Proiektuaren eremutik gertu, kultura-ondareko honako elementu hauek daude: Arrarain herria (Burgeluko 12. Balizko Arkeologia Gunea, 128. EHAA, 1997-07-07koa), Arraraingo San Joan Baseliza (Kultura Ondasun Kalifikatua, Donejakue bidearen 2/2012 Dekretua, 19. EHAA, 2012-01-27koa), Burgeluko errota (Eusko Jaurlaritzaren Burgeluko 36. fitxa) eta Oreitiako errota (Vitoria-Gasteizko 124. Balizko Arkeologia Gunea, 129. EHAA, 1997-07-08koa). Ekialdeko muturreko zati labur batean, linea elektrikoa Barrualdeko Donejakue Bidearekiko paraleloan doa; hori Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistroan sartuta dago, urtarrilaren 10eko 2/2012 Dekretuaren bidez, eta, horren arabera, Kultura Ondasun Kalifikatu gisa aitortuta dago, Monumentu Multzo kategorian, Euskal Autonomia Erkidegotik igarotzen den zatian (urtarrilaren 27ko EHAA, 19. zk.); berriki, Kulturako sailburuordearen 2021eko ekainaren 1eko Ebazpenaren (zeinaren bidez hasiera ematen baitzaio eta jendaurrean jartzen baita 2/2012 Dekretua aldatzeko espedientea; ekainaren 11ko EHAA, 114. zk.) bidez aldatu da.

Balizko arriskuei dagokienez, eremua Gasteizko lurpeko ur-masa alubialaren ekialdeko sektorean dago, interes hidrogeologikoko zona gisa identifikatutako leku batean, eta zati batzuetan akuiferoen kutsadurarekiko oso urrakortasun handia du. Aztertutako eremuak ez du uholde-arriskurik, eta ez da lurzorua kutsa dezaketen jarduerak dituen edo izan dituen inbentariatutako lurzati bat.

3.– Balizko inpaktuaren ezaugarriak.

Proiektuak eragin ditzakeen inpaktu nagusiak obra-fasekoak izango dira; alegia, lurzoru agrologikoa okupatzea eta bertako landaredia galtzea, sarbideak ireki beharko baitira egungo linea desmuntatzeko eta aurreikusitako linea berria jartzeko.

Trazadura berrian kontuan hartu dira lehendik dauden bideak eta bidezidorrak, ahalik eta sarbide berri gutxien irekitzeko. Ingurumen-dokumentuarekin bat, ez da aurreikusten landaredia moztu beharko denik, trazadura lehendik dagoen linearen zortasun-eremutik doalako funtsean; edonola ere, aurkeztutako informazioaren arabera, zenbait euskarri identifikatutako 6210* BIHan jarriko dira, eta horrek hura desagerraraztea ekarriko du ezinbestean.

Obrek aldi baterako eragina izango dute; besteak beste, hondakinak sortuko dira, ustekabeko isurketak gertatzeko arriskua egongo da, zarata areagotuko da eta fauna-habitataren eta biztanleen bizi-kalitatea murriztuko da. Akuiferoari eragiteko arrisku txikia dagoela uste da, egin beharreko zimendatzeak ez direlako sakonak izango, eta maila freatikoa sakona delako.

Ustiapen-fasean, inpaktu nabarmenenak abifaunari eragindakoak izango dira, linea elektrikoarekin talka egin dezaketelako eta elektrokutatu egin daitezkeelako. Horregatik, abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuan (hegaztiek goi-tentsioko linea elektrikoekin talka ez egiteko eta ez elektrokutatzeko neurriak ezartzekoan) xedatutako neurriak beteko dira, abifauna babeste aldera. Ildo horretatik, proiektuan aurreikusten da linea elektriko berria bat etorriko dela aipatutako Errege Dekretuarekin.

Ustiapen-fasean zehar, linearen mantentze-lanek eta haren ondorengo desmuntatzeak ere inpaktu txikia eragingo dute.

Eremuaren eta egin nahi den jardueraren ezaugarriak kontuan hartuta, eta bai sustatzaileak proposatutako babes- eta zuzenketa-neurriak bai ingurumen-inpaktuaren txosten honetan bertan agindutakoak ere aintzat hartuta, ez da aurreikusten proiektuak ingurunearen aipatutako alderdietan inolako eragin negatiborik izango duenik.

Bigarrena.– Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta «Gamarra-Altsasu 1 eta 2» 30 kV DC aireko linea elektrikoa 195. eta 229. euskarrien artean aldatzeko proiektuan ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere, ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

Neurri babesle eta zuzentzaileak gauzatzean, honako hauetan ezarritakoa bete beharko da: indarrean dagoen araudian xedatutakoa, hurrengo apartuetan adierazitakoa, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren aurrean aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa.

Bestalde, neurriak eta kontrolerako langile kopurua behar adinakoak izango dira ingurumen-dokumentuan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-txosten honek finkatzen dituenak bermatzeko.

Neurri horiek guztiak obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Gainera, obretako jardunbide egokiak ere aplikatuko dira.

Honako apartatu hauetan adierazten diren neurriak gehitu beharko dira:

Natura-ondarea babestera zuzendutako neurriak.

– Obrak eta lurzoruaren okupazioa dakarten gainerako operazio osagarriak proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Beharrezkoak diren mozte-, inauste- eta eskokatze-lanak, obra-sarreren irekierak eta kontratistaren instalazio-guneak –makineria-parkea, obra-etxetxoak, obra-materialak aldi baterako metatzeko eremuak eta landare-lurrak eta hondakinak aldi baterako pilatzeko eremuak barne– ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideetan oinarrituz egingo dira, eta, zehazki, drainatze naturaleko sareari eta intereseko landarediari eragitea saihestuko da.

– Eremu osagarri horiek ezin izango dira inola ere jarri instalazioaren eraginpean ez dauden landare-egitura kalteberen eremuetako (Batasunaren Intereseko Habitatak) lursailetan.

– Hori ziurtatzeko, obrak hasi aurretik, kontratistaren instalazioen eremuen mugaketa zehatza egingo da xehetasunezko kartografian.

– Oro har, zuzenean okupatzea aurreikusten ez den eremuetan, ez da kenduko bertako landaredi naturala. Intereseko espezieren baten aleak egoera onean dauden eremuetan, kontu handiz jardun beharko da, proiektua egiteko beharrezkoa den eremutik kanpo ez eragiteko.

– Linearen eragina paira dezaketen eremu kalteberetan eta natura-balio handieneko eremuetan (91E0*, 6210* eta 6210 BIHak), ahal bada inausketak egingo dira, eta behar-beharrezkoa denean soilik moztuko dira zuhaitzak, eta, bakar-bakarrik, haien gehieneko garapenera iristen direnean linea elektrikoaren segurtasuna bermatuta ez dagoela ikusten denean. Dena dela, lehendik dagoen zuhaixka-geruza osoa mantendu beharko da.

– Bertakoak ez diren zuhaitzak osorik moztu daitezke, betiere berehala birlandatzen badira tamaina txikiko espezieak edo hazkuntza motelekoak (esaterako, sahatsak, hurritzak eta haritzak).

– Zein zuhaitz ebaki edo lepatuko den erabakitzeko, Arabako Foru Aldundiko zerbitzu teknikoekin elkarlanean adostuko dira irizpideak.

– Zuhaitzak inaustea, botatzea edo sastrakak kentzea ezinbestekoa bada, motozerrak erabiliko dira horretarako, eta ez makina astunak, modu selektiboan lan egin ahal izateko. Zuhaitzak ipurditik mozteko lana beti era zuzenduan egingo da, bertako gainerako landarediari kalterik ez eragiteko.

– Lurgaineko urak dituzten ibilguak zeharkatzean, ibaiertzeko espezieak dauden tokietan (lizarrak, haritzak, sahatsak, etab.), lineari eragin diezaioketen goiko adarrak bakarrik kimatuko dira. Ez da zuhaitzaren garaiera osoaren 1/3 baino gehiago kimatuko, eta eremuko zaintzaileak gainbegiratuta egingo da hori, geldialdi begetatiboan (negua).

– Euskarri berrien kokapena birplanteatuko da, teknikoki bideragarria den neurrian ez daitezen kokatu identifikatutako eremu kalteberetan (91E0*, 6210* eta 6210 BIHak). Era berean, ahal dela, euskarriak soroetatik kanpo jarriko dira, ez dezaten eragin Balio Estrategiko Handiko lurzoruetan. Nekazaritza-lursailetan jartzea beharrezkoa izanez gero, lurzatiaren ertzetan edo mugetan jarriko dira, ahal bada.

– BIHari eragiten dioten eremuetan, lanak hasi aurretik, zehatz-mehatz mugatuko dira, eta lekuan bertan balizatuko, lanak egiteko nahitaez moztu behar ez diren bertako zuhaitzak eta zuhaitz-unadak. Gainera, kontserbatu beharreko zuhaitzak behar bezala babestuko dira, sustrai-sistemak kolperik eta kalterik ez izateko.

– Zuinketa fasean eta eremu kalteberetan lanak egitean (91E0*, 6210* eta 6210 Batasunaren Intereseko Habitatak), basoetako flora eta faunako aditu batek egon beharko du obran bertan, obra-zuzendaritzari edo obra-arduradunari aholkuak emateko.

– Gainera, BIH horietan, arreta berezia jarriko da euskarriak desmuntatzeko orduan, bertako espezieei kalterik ez egiteko neurriak zorroztuz; eta, hala badagokio, eremua lehengoratuko da.

– Obrak egin behar diren lekuetara sartzeko, lehendik dauden bideak erabiliko dira, ahal den neurrian. Trazadura berriko sarbideak eta lehendik zeuden sarbideak egokitzeko lanak, hala dagokionean, lur-mugimendua murriztuz eta lehen aipatutako eremu kalteberen gaineko eragina saihestuz egingo dira.

– Azaroaren 7ko 322/2003 Foru Aginduarekin bat (Arabako Lurralde Historikoan Mustela lutreola bisoi europarra Kudeatzeko Plana onartzen du), interes bereziko eremuetan espezie horrek ugaltzeko erabiltzen duen habitataren ezaugarriak aldatzea dakarren edozein jarduketa egiteko, Arabako Foru Aldundiko organo eskudunaren aurretiazko baimena beharko da. Gainera, organo horrek mugak ezarri ahal izango dizkio lanak gauzatzeko moduari eta lanak egiteko uneari.

– Obrak egitean, mehatxatutako faunarentzat identifikatutako aldi kritikoa saihestuko da; bereziki, martxoa eta abuztua bitartean.

Ura eta lurzorua babestera bideratutako neurriak.

– Oro har, eraikuntza-fasean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, eta ahalik eta material xehe eta gai kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze-sarera.

– Hidrokarburoak xurgatzeko material espezifikoa jarri beharko da eskura obretan, ustekabeko isuri edo ihesen bat gertatuz gero berehala aplikatu ahal izateko.

– Beharrezkoa bada, obra-eremuetan, lanen eta jarduera osagarrien ondorioz kutsatzen den ur guztia biltzeko eta kudeatzeko gailuak proiektatu eta eraikiko dira. Haien neurriak zehazteko, kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoak ahalik eta hobekien atxikitzeko eta isuriak lokalizatuak eta indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen parametro fisiko-kimikoen araberakoak direla bermatzeko.

– Obrako makinak gordetzeko azalera eta haiek mantentzeko tokia drainatze-sare naturaletik bereizi beharko dira. Zolata iragazgaitzaz gain, efluenteak biltzeko sistema bat ere izango du, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta lantegiko ohiko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako guneetatik kanpo egin.

Paisaia babestera eta eragindako eremuak lehengoratzera zuzendutako neurriak.

– Proiektua gauzatzean kaltetutako gune guztiak lehengoratuko dira (aldi baterako pilaketa-eremuak, aldi baterako lurzoru-okupazioak, obra-eremuetarako sarbidea eta abar). Landareztatze-lanak espezie autoktonoekin eta ahalik eta lasterren egingo dira, higadura-prozesuak eta solidoak ibilguetara herrestatzea ekiditeko.

– Lurrak mugitzerakoan, landare-lurra kenduko da, eta bereizita pilatuko, obrek eragindako inguruen lehengoratze- eta landareztatze-lanak erraztearren.

– Kanpoko landare-espezie inbaditzaileak bertan sartu eta hedatu ez daitezen hartu beharreko neurriak hartuko dira. Bereziki kontrolatu beharko da landare-estalkia lehengoratzeko erabiliko diren lurren jatorria, eta, ahal dela, ez da erabiliko horrelako espezieek kutsatuta egon daitekeen lurrik.

– Erabiltzen diren makina guztiek garbi egon beharko dute, lokatz- edo lur-arrastorik gabe, halakoetan inguruan koka daitezkeen espezie inbaditzaileen propaguluak edo haziak egon baitaitezke.

– Era berean, ahal den guztietan, errotik kenduko dira jarduketa-eremuetan aurkitutako espezie inbaditzaileak.

– Bai baldintza-agiriak eta bai obra kontratatzeko aurrekontuek aipatutako dokumentazioan aurreikusitako baldintza teknikoak eta aurrekontu-partidak jaso beharko dituzte, proposatutako jarduerak behar bezala betetzen direla bermatzeko. Aurrekontuan, partida bat jasoko da hutsarteak betetzeko eta landareak behin betiko errotzeko behar diren mantentze-lanetarako.

Zaraten eta bibrazioen ondorioak minimizatzera zuzendutako neurriak.

– Lanek iraun artean, beharrezkotzat jotzen diren jardunbide egokiak aplikatuko dira, ordutegien mugaketari, obrako makineriaren mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.

– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obretan erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira aire zabalean erabiltzen diren makinen emisio akustikoei buruz indarrean dauden legeetan ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

– Bestalde, proiektua garatzerakoan, eraginpeko eremuan obrek sorrarazitako zaratarengatik ez dira gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarrita daudenak, hori guztia dekretu horretako 35.bis artikuluan aurreikusitakoari kalterik eragin gabe.

– Egunez bakarrik egingo da lan.

Hondakinak kudeatzera bideratutako neurriak.

– Sortutako hondakin guztiak Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, karakterizatu egin beharko dira, hondakin mota eta helmugarik egokiena zehazteko.

– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, prebentzioa sustatu behar da hondakinak sortzean, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu beharko dira hondakinak; hau da, prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.

– Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: aldez aurretik behar bezala justifikatzen denean ezinezkoa dela hondakinak teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren ikuspegitik balorizatzea.

– Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia desberdinetako hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.

– Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak bi xedapen hauen arabera kudeatuko dira: 105/2008 Errege Dekretua, otsailaren 1ekoa, Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko dena, eta 112/2012 Dekretua, ekainaren 26koa, Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko dena.

– Zabortegira bidali beharreko hondakinak, berriz, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta ezabatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuan eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

– Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

– Betelanetarako, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio adierazleetan (EBA-A) ezarritako balioen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean daude jasota adierazle horiek.

– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela eta, isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, Hondakin Toxiko eta Arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Lege Orokorra betearazteko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

– Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa Arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatuko da sortzen den olio erabilia. Olio erabiliak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zolata iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

– Eremu jakin bat egokituko da, aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

Airearen kutsadura ahalik eta txikiena izateko neurriak.

– Aldian-aldian, garbitu egingo da sarbidea, bai eta, atzemandako hauts-emisioen arabera, ureztatuko ere. Sarbideak egoera egokian egon beharko dira une oro.

– Hezetasun-egoera egokietan garraiatuko da indusketa-materiala, hain zuzen ere, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lohi eta partikularik ez barreiatzearren.

Kultura-ondarea babestera zuzendutako neurriak.

Azterketa arkeologiko bat egingo da (Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 65. artikulua); gutxienez, prospekzio bisuala egingo da, interes arkeologikoko beste elementurik badagoen ikusteko, eta obrek eragin dezaketen inpaktua espezifikoki aztertzeko, eta, hala badagokio, neurri zuzentzaile egokiak hartzeko. Azterketa arkeologiko horretan oinarrituta, Arabako Foru Aldundiak erabakiko du proiektu arkeologiko bat egin behar den ala ez.

Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoari jarraituz, lurrak mugitzeko obretan arkeologia-izaerako aztarnarik aurkituz gero, berehala jakinaraziko zaio Arabako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari, eta azken horrek zehaztuko du zer neurri hartu behar diren.

Proiektuan planteatutako azken euskarri berriak (ekialdean daudenak, Burgelu udalerritik gertu) Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistroan jasotako Donejakue Bidearen (barnealdekoa) zati batetiko paraleloan doazenez, hau da, linea elektrikoaren trazaduraren zati bat Donejakue Bidearekiko paraleloan eta hartatik gertu doanez, aplikagarriak dira Kulturako sailburuordearen 2021eko ekainaren 1eko Ebazpenaren (zeinaren bidez hasiera ematen baitzaio eta jendaurrean jartzen baita 2/2012 Dekretua aldatzeko espedientea; ekainaren 11ko EHAA, 114. zk.) eranskineko II. Kapituluan jasotako xedapenak, eta, zehazki, 12.1.a) artikulua (Zortasun-eremua: Donejakue Bidearen alde bakoitzeko lur-zerrenda paraleloa, 3 m-ko zabalerakoa, lur-berdinketaren kanpoko ertzetik neurtuta) eta 16. artikulua (Baimena eman ahal izango zaie azpiegiturak jartzeari eta zerbitzuak bideratzeari, eta, horretarako, baimena eskatu beharko zaio dagokion aldundiko kultura departamentuari, 13.1.2.b) artikuluan ezarritako baldintza berberetan).

Jardunbide egokien sistema bat hartzea.

Langileek jardunbide egokien sistema bat hartu beharko dute, helburu hauek, besteak beste, ahalik eta gehien bermatzeko:

– Obrak okupatzen dituen mugak kontrolatzea.

– Batasunaren Intereseko Habitatetan (91E0, 6210* eta 6210 BIH) eta, hortaz, fauna interesgarriaren habitatetan, izandako eraginak kontrolatzea.

– Hondakin-isurketarik ez egitea, eta olio-isurketen ondorioz edo lurra leku batetik bestera eramateagatik lurzorua eta ura ez kutsatzea.

– Proiektuak eragindako herriguneetako biztanleei enbarazurik ez eragitea zarata eta hautsarekin.

Ingurumen-aholkularitza.

Obra amaitu arte eta horren berme-aldian zehar, Obra Zuzendaritzak ingurumenaren eta, oro har, babes- eta zuzenketa-neurrien inguruko aholkularitza kualifikatua izan beharko du. Obraren zuzendaritzak ebazpenik eman behar badu baldintzen agiriak horrelako gaien inguruan esleitzen dizkion eskumenak erabiliz, aholkulariek txosten bat egingo dute aurrez.

Ingurumen-aholkularitzak, gainera, jardunbide egokien kontrola egingo du obra gauzatzean; besteak beste, proiektuko ekintzen eragina egiaztatuko du, bereziki honako hauei dagokienez: makinen mugimenduak, hautsa eta zarata sortzea, hondakin-kudeaketa, natura- eta kultura-ondarea babestea.

Eremuak kalteberak izanez gero (Batasunaren Intereseko Habitatak), zuinketa-fasean eta obrak egitean, faunan eta floran aditua den espezialista batek egon beharko du obran bertan, obra-zuzendaritzari edo obra-arduradunari aholkuak emateko.

Hirugarrena.– Zehaztea ezen, lehenengo puntuan ezarritakoaren arabera, eta betiere ebazpen honetan jasotako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez badira–, ez dela aurreikusten proiektua gauzatzeak ondorio kaltegarri adierazgarririk izango duenik ingurumenean. Beraz, ez da beharrezkotzat jotzen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea «Gamarra-Altsasu 1 eta 2» 30 kV DC aireko linea elektrikoa 195. eta 229. euskarrien artean aldatzeko proiektuari (i-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU da proiektuaren sustatzailea).

Laugarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Eusko Jaurlaritzako Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzari.

Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua ematea.

Seigarrena.– Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.4 artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen ondorioak sortzeari utziko dio, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean baimenik ematen ez bazaio aipatutako proiektuari. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko urriaren 25a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala