Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

233. zk., 2021eko azaroaren 23a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
5933

AGINDUA, 2021eko urriaren 26koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baita Bidelagun Fundazioaren eraketa.

2021eko ekainaren 28an, Bidelagun Fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskabidea aurkeztu zen, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean. Espedientean jasotako dokumentuak erantsi zitzaizkion eskabideari.

Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzako Aholku Batzordeak, 2021eko irailaren 30ean, akta egin du fundazioaren xedeen zilegitasunari eta interes orokorrari eta haren bideragarritasun ekonomikoari buruz.

Bidelagun Fundazioak honako helburu hauek ditu, estatutuen 3. artikuluaren arabera:

1.– Lan-osasuna eta -segurtasuna sustatzea eta babestea.

2.– ELA – Euskal Sindikatuak eta langile afiliatuek edo haien senideek lan-osasunean eta -segurtasunean behar duten prestakuntza eta laguntza tekniko eta juridikoa eskaintzea.

3.– Lan-osasunaren eta -segurtasunaren berrikuntza eta ikerketa juridikoa sustatzea.

Estatutuen 4. artikuluan ezarritakoaren arabera, fundazioaren helbidea hau izango da: Barrainkua, 13. zenbakia, Bilbao. Fundazioak Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan garatzen ditu bere jarduerak.

Fundazioaren hasierako dotazioa hogeita hamar mila (30.000) eurokoa da, eta honela osatu da, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 12. artikuluko bigarren atalean ezarritakoari jarraituz:

– Euskal Langileen Alkartasuna / Solidaridad de Trabajadores Vascos konfederazio sindikalak hogeita hamar mila (30.000) euroko diru-sarrera eginda Euskadiko Kutxa banku-erakundean. Hala egiaztatu du aipatutako erakundeak, 2021eko maiatzaren 25ean egindako ziurtagiriaren bitartez.

Estatutuen 8. artikuluaren arabera, Patronatua gutxienez hiru lagunek eta gehienez bostek osatuko dute. Estatutuen 12. artikuluaren arabera, patrono-karguak aldi baterako iraungo du.

Eratzeko eskritura publikoan agertzen denez, Patronatua ELA – Euskal Sindikatuko eragile konfederaleko kideek osatuko dute:

– Presidentea: Amaia Ayerbe Belogui andrea.

– Idazkaria: Pello Igeregi Santamaría jauna.

– Diruzaina: Amaia Muñoa Capron-Manieux andrea.

Izendatutako pertsona guztiek onartu dute beren kargua, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 9ko 9/2016 Legearen 16.2 artikuluan aurreikusitako eraren batean.

Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburuak eman behar du, agindu baten bidez, eratzeko espediente honi buruzko ebazpena, bat etorriz honako arau hauetan xedatutakoarekin: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 3.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 7.1.n) artikulua, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 8/2021 Dekretuaren 3.1 artikulua.

Pertsona legitimatu batek sustatu du espediente hau, eta ebazpena emateko oinarrizkotzat jotzen diren dokumentu eta datu guztiak aurkeztu ditu. Horrela, bereziki betetzen da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 7. artikulutik 12. artikulura eta 51.2 artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 41. artikuluan eskatutakoa, eta erregelamenduetan ezarritakoarekin bat etorrita eratu da fundazioa.

Ikusi dira aipatutako arauak eta aplikatu beharreko gainerakoak, eta honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Agindua ematea Bilboko Bidelagun Fundazioa izeneko fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko, egun honetan eta F-472 zenbakiarekin, bai eta Patronatuaren hasierako osaera ere. Patronatuko kideak seigarren egitate-aurrekarian aipatzen dira, eta guztiek espresuki onartu dute beren kargua, hain zuzen ere, 2021eko maiatzaren 27an Juan Ignacio Bustamante Esparza Bilboko notarioaren aurrean (protokolo-zenbakia: 1.837) egiletsitako eskritura publikoan ezarritakoaren arabera.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.

AZKEN XEDAPENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko urriaren 26a.

Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburua,

OLATZ GARAMENDI LANDA.


Azterketa dokumentala