Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

232. zk., 2021eko azaroaren 22a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
5916

EBAZPENA, 2021eko urriaren 25ekoa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Abadiñoko arau subsidiarioen aldaketa puntualaren (Zelaieta eremuari dagokionez) eta UR-6 Torresoloak sektorearen antolamendu xehatuaren ingurumen-adierazpen estrategikoa.

AURREKARIAK

ECIA_2011_003 espedientearen esparruan, orduko Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritzak, 2011ko apirilaren 18ko Ebazpenaren bidez, Abadiñoko Zelaieta eremuari dagozkion arau subsidiarioen aldaketa puntualaren erreferentziako dokumentua formulatu zuen, apirilaren 28ko 9/2006 Legean (Plan eta programa jakin batzuek ingurumenean duten eraginaren ebaluazioari buruzkoan) eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko Lege Orokorrean (3/1998, otsailaren 27koan) ezarritakoaren arabera.

Espediente horren esparruan, 2011ko azaroaren 14ko Ebazpenaren bidez, Abadiñoko Zelaieta eremuari dagozkion arau subsidiarioen aldaketa puntualaren ingurumen-inpaktuaren aurretiazko txostena formulatu zen.

Abadiñoko Udalaren Osoko Bilkurak, 2013ko irailaren 24an, Abadiñoko arau subsidiarioen aldaketa puntualari –UR-6 Zelaieta eremuan– hasierako onarpena emateko erabakia hartu zuen.

Apirilaren 28ko 9/2006 Legearen 10. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Abadiñoko Udalak jendaurrean jarri zuen aldaketa hori, ingurumen-azterketa estrategikoarekin batera; iragarkia 45 egunez egon zen jendaurrean, horren eraginpekoek egoki ikusten zituzten alegazioak egin zitzaten, beren interesak defendatzeko (2013ko urriaren 21eko Bizkaiko Aldizkari Ofiziala, 202. zk.).

Bestalde, apirilaren 28ko 9/2006 Legearen 10. artikuluan ezarritakoa betez, Abadiñoko Udalak kontsulta egin zien ingurumen-organoak aurretik kontsultatutako administrazio publiko eta interesdun ukituei, 2013ko azaroaren 19an, eta 45 eguneko epea eman zien, egoki iritzitako txostenak eta alegazioak aurkez zitzaten. Horien ondoreak espedientean daude jasota.

2017ko azaroaren 28an, Abadiñoko Udalak behin-behinean onartu zuen Abadiñoko arau subsidiarioen aldaketa puntuala UR-6 Zelaieta eremuan.

2021eko uztailaren 20an, Udalak Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzari eskatu zion, Inguruneten bidez, Abadiñoko arau subsidiarioen aldaketa puntualaren (Zelaieta eremuari dagokionez) eta UR-6 Torresoloak sektorearen antolamendu xehatuaren ingurumen-adierazpen estrategikoa egiteko (aurrerantzean, Plana).

2021eko irailaren 16an, Abadiñoko Udalak eskatuta, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, eginbide baten bidez, lehenagoko bi espedienteren harira (EAEO-029 eta EAEO-021) bidalitako dokumentazioa hizpide dugun espedientearen ingurumen-adierazpen estrategikoa emateko eskaeran sartu zuen.

Eskabidearekin batera honako hauek aurkeztu ziren: Abadiñoko Zelaieta eremuari dagozkion arau subsidiarioen aldaketa puntuala behin-behinean onartzeko dokumentua, haren ingurumen-azterketa estrategikoa eta jendaurreko informazioaren izapidea eta eraginpeko administrazio publikoei eta pertsona interesdunei entzunaldia egiteko izapidea azaltzen dituzten zenbait dokumentu.

Abadiñoko Udalak adierazi zuen zazpi alegazio eta zenbait txosten jaso zituzten, eta horien emaitza nahiz edukia administrazio-espedientean daudela jasota; gainera, aipatutako alegazio eta txosten horiek kontuan hartu dira Planaren behin betiko bertsioa idazteko orduan.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko egungo legeria honako arau hauek osatzen dute: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioarena (oinarrizko legeria), eta, lege horren aurka ez doan guztian, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko Lege Orokorrean (otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra) eta Planen Ingurumen Ebaluazio Estrategikoaren Prozedura arautzen duen Dekretuan (urriaren 16ko 211/2012 Dekretua) garatutako aplikazio-erregelamendua.

Hala ere, aztertzen ari garen kasuan, ingurumen-ebaluazio estrategikoa abenduaren 9ko 21/2013 Legea indarrean sartu aurretik hasi zenez, arau hori, lehen xedapen iragankorraren arabera, ez zaio planari aplikatu behar, eta gaur egun indargabetuta dagoen apirilaren 28ko 9/2006 Legea (Plan eta programa jakin batzuek ingurumenean duten eraginaren ebaluazioari buruzkoa) aplikatuko da. Era berean, Planaren hasierako onarpena 2013ko irailaren 24koa denez, urriaren 16ko 211/2012 Dekretua ere aplikatzen zaio.

Plan eta programa jakin batzuek ingurumenari eragindako ondorioen ebaluazioari buruzko apirilaren 28ko 9/2006 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, hauek dira haren helburuak: garapen jasangarria sustatzea, ingurumenaren babes-maila handia erdiestea, eta plan eta programak prestatzean eta martxan jartzean ingurumen-irizpideak txertatzen direla sustatzea. Horretarako, ingurumenean eragin esanguratsua izan dezaketen aspektuen ingurumen-ebaluazioa egingo da.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere aukerarik egokienak hautatzeko asmoz eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Apirilaren 28ko 9/2006 Legearen 3. artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egingo zaie planei eta programei, baita haien aldaketei ere, baldin eta administrazio publiko batek hartzen edo onartzen baditu eta legezko edo arauzko xedapen batek aginduta egiten eta onartzen badira, ingurumen-inpaktua ebaluatu behar zaien proiektuak etorkizunean baimentzeko esparrua zehazten dutenean eta hiri- nahiz landa-lurrak antolatzeko direnean.

Halaber, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 46.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz, ingurumen-inpaktuaren gaineko ebaluazio bateratua egin behar da, hau da, ingurumen-ebaluazio estrategiko bat, aipatutako legearen I. eranskineko A) apartatuan jasotako planak diren kasuan, baldin eta plan horien artean badaude ingurumenean ondorio adierazgarriak eragin ditzaketen planak.

Halaber, apirilaren 28ko 9/2006 Legearen 7. artikuluan eta hurrengoetan eta urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren (Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzekoaren) 8. artikuluan eta hurrengoetan adierazitakoaren arabera, bai Abadiñoko Udalak, bai Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak beharrezkoa den guztia xedatu dute Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura aurrera eramateko ingurumen-azterketa estrategiko baten bidez, zeinaren irismena aurrez ezarri baita kontsulta publikoen eta eraginpeko administrazio publikoen eta herritar interesdunen parte-hartze prozeduraren bitartez.

Aztertu dira Abadiñoko Zelaieta eremuan arau subsidiarioen aldaketa puntuala eta UR-6 Torresoloak sektorearen antolamendu xehatua egiteko ingurumen-adierazpen estrategikoaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak, eta kontuan hartuta ingurumen-azterketa estrategikoa egokia dela, indarrean dagoen araudira egokitzen dela, erreferentziako dokumentuan jasotako baldintzak barne, eta orduko Ingurumen Plangintzako Zuzendaritzaren eta orduko Ingurumen Sailburuordetzaren dokumentukoak betetzen dituela, ingurumen-adierazpen estrategiko hau eman du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, organo eskuduna baita Ingurugiroa Babesteko Lege Orokorraren (otsailaren 27ko 3/1998 Legea) eta otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera, zeinaren bidez ezartzen baita Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala. Esandako adierazpen horretan, ingurumenaren arloko alderdiak Planaren proposamenean txertatzearen aldeko balorazioa egiten da, eta Plan horrek ingurumenean eragingo dituen inpaktu esanguratsuen aipamena ere jasotzen da, azkenean onartuko den Planean sartu beharreko azken zehaztapenak barnean direla, ingurumen-ondorioetarako bakarrik.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra, Euskal Herriko Ingurugiroa Babestekoa; apirilaren 28ko 9/2006 Legea, Zenbait planek eta programak ingurumenean dituzten ondorioak ebaluatzekoa; urriaren 16ko 211/2012 Dekretua, Planen eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura arautzen duena; otsailaren 23ko 68/2021 Dekretua, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena; urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; urriaren 1eko 40/2015 Legea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Abadiñoko Zelaieta eremuari dagozkion arau subsidiarioen aldaketa puntualaren eta UR-6 Torresoloak sektorearen antolamendu xehatuaren ingurumen-adierazpen estrategikoa egitea, honela:

A) Abadiñoko Zelaieta eremuari dagozkion arau subsidiarioen aldaketa puntualaren eta UR-6 Torresoloak sektorearen antolamendu xehatuaren xedea da hiri-lurzoru gisa sailkatutako lurzoruen artean (Gantza eta Zelaieta) dauden eraldatu gabeko lurzoruen hirigintza-garapena ahalbidetzea. Alfredo Baeschlin etorbidearen (BI-636 errepidea), Sagasta errekaren, Zelaietako hiri-lurzoruen eta indarrean dauden arau subsidiarioetako UR-8 sektoreko lurzoru urbanizatuen artean dauden lurzoruak dira. Hutsik dauden lurzoru horiek bizitegirako lurzoru urbanizagarrian (UR-6) eta lurzoru urbanizaezinean daude banatuta, B landa-kategoriaren barruan, arau subsidiarioen arabera.

Aldaketan lau eremu bereizten dira:

– 1. eremua, R-46 (lurzoru urbanizagarri gisa sailkatua egungo arau subsidiarioetan). Planak lurzoruaren sailkapena R-46 hiri-lurzorura aldatzea proposatzen du (10.962 m2-ko azalera). Eraldaketa-maila oso altua duela uste da, eta ia osorik eraikita dago; beraz, egokiagotzat jotzen da finkatu gabeko hiri-lurzoru gisa sailkatzea. Eremu horretan, zuzkidura-jarduketa txikiak egingo dira, egungo lurzati-egitura errespetatuz.

– 2. eremua, UR-6 (lurzoru urbanizagarri gisa sailkatua egungo arau subsidiarioetan). Planean UR-6 lurzoru urbanizagarriaren sailkapenari eusten zaio (13.496,31 m2-ko azalera). Eremu horrek, Planaren R-46 eremuarekin batera, indarrean dauden arau subsidiarioetako UR-6 sektorea osatzen du, eta, beraz, izen horri eusten zaio hiri-lurzoruaren 1. eremua osatzen duen eremua kendu ondoren. 2. eremu horretan sartzen dira indarrean dauden arau subsidiarioetako UR-6 sektoreko lurzati eraikigabeak eta Solozabal baserriko lurzatia. Aldaketa horrek xehe antolatzen du sektore hori.

– 3. eremua, UR-9 (lurzoru urbanizaezin gisa sailkatua egungo arau subsidiarioetan). Planak lurzoruaren sailkapena aldatu eta UR-9 lurzoru urbanizagarri gisa sailkatzen du (10.258 m2-ko azalera). Lurzoruaren sailkapena aldatzea justifikatuta dago, hiri-lurzoruz inguratuta dagoelako. Sektore horren antolamendu xehatua plan partzial batera eraman da.

– 4. eremua, R-47 (lurzoru urbanizaezin gisa sailkatua egungo arau subsidiarioetan) (1.814,72 m2). Planak lurzoruaren sailkapena aldatu eta hiri-lurzoru gisa sailkatzen du. Justifikatuta dago, lurzoru horretan bizitegi-eraikin bat dagoelako eta lurzatiak orube-izaera duelako. Aldaketa horrek eutsi egiten dio lehendik dagoen eraikigarritasunari, eraikin finkatuaren barruan etxebizitza berri bat sortzea baino ez baita baimentzen.

Eremuan jarduteko hiru aukera aztertu dira guztira.

– 0 aukera edo esku ez hartzea, indarrean dagoen hirigintza-antolamenduari eustea dakar: R-6 sektorea (1. eta 2. eremuak) urbanizagarri gisa mantenduko litzateke, nahiz eta sektore horren zati handi bat (1. eremua) dagoeneko garatuta egon. Eremuaren gainerakoa (3. eta 4. eremuak) urbanizaezin gisa mantenduko litzateke, nahiz eta 4. eremuan bi etxebizitza dituen bizitegi-eraikin bat dagoen.

– 1. aukera: 2003ko ekainean aurkeztutako arau subsidiarioen berrikuspenean Zelaieta eremuan planteatutako jarduketa guztiak jasotzen ditu. Jarduketa horiek, ondoren, hasierako bigarren onarpenaren fasean eten ziren, batez ere sailkatutako lurzoruen gaineko eraginengatik, ibai-ibilguetatik hurbil zeudelako eta uholde-arrisku handia zutelako.

– 2. aukera (hautatutako aukera), indarrean dauden egungo arau subsidiarioak eta 2003an egindako arauen berrikuspena aztertu ondoren (azkenean bertan behera utzi zen berrikuspena), Abadiñoko hirigunea indartzea eta zabaltzea ahalbidetuko duen bilakaera bat proposatzen da, aurreko aukeretan planteatutakoa baino dentsitate handiagoko etxebizitza kolektiboak hartzeko gai diren lursailetan. Horrek lurzoruaren erabilera arrazionalagoa eta intentsiboagoa dakar, hiri-segregazioa eta -sakabanatzea saihesten du, eta habitatak mantentzea eta hobetzea ahalbidetzen du.

Planaren eremuak hiri-izaerako eta hiri-inguruko lurzoruak biltzen ditu, eta haietan bizitegi-erabilera belardiekin eta erabilera partikularreko baratze txikiekin nahasten da.

Hauek dira Planaren eremuaren ezaugarri eta baldintzatzailerik adierazgarrienak:

– Nabarmentzekoa da Sagasta erreka eta ibaiertzeko landaredia, zati batzuetan narriatuta baitago. Sagasta erreka interes-eremua da bisoi europarrarentzat (Mustela lutreola); galzoriko espeziea da, ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretuak onartutako Bizkaiko Lurralde Historikorako Kudeaketa Planaren arabera.

– Sagasta errekaren ekialdean dauden 3. eremuko belardiak (R-9) eta 2. eremuaren hegoaldea (UR-6) Batasunaren intereseko habitat gisa kartografiatuta daude, zehazki, larratu gabeko sega-belardi atlantiko gisa (6510 kodea).

– EAEko Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialak UR-9ko lurzoruak Nekazaritza eta Abeltzaintza kategorian sartzen ditu: Balio estrategiko handia.

– Ingurumen-arriskuei dagokienez:

– 2. eremuaren iparraldea (UR-6 sektorea) ES017-BIZ-9-1 Ibaizabal Ibaia UAHEn dago, eta lehentasunezko fluxu-eremuak eta 10, 100 eta 500 urteko uholde-arriskuko orbanek eragiten diote. 3. eremuaren iparraldean ere (UR-9) uholde-arriskuko orban horiek eragina dute.

– Eremua akuiferoen kutsadurarekiko urrakortasun txikikoa bada ere, interes hidrogeologikoa du.

– Ez da identifikatu lurzatirik, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak izan dituzten edo dituzten lurzoruen EAEko inbentarioan dagoenik.

– Inguruan, zarata-iturri nagusia N-636 errepidea da; Planaren eremua haren zortasun-eremuaren barruan dago.

– Arkitektura- eta arkeologia-ondareari dagokionez, Planaren eremuan ez dago kalifikatutako edo inbentariatutako ondasunik edo balizko arkeologia-gunerik.

Planaren xede den eremuaren hirigintza-garapenak eragingo dituen inpaktuei dagokienez, a priori, inpaktu nagusiak obren fasean gertatuko direla uste da. Garapenak gaur egun belardiak diren lurzoruak okupatzea ekarriko du. Lur-mugimenduekin eta makinen joan-etorriekin lotutako inpaktuen artean, honako hauek nabarmentzen dira: Sagasta erreka eta haren ibaiertzeko landaredia (bisoi europarrarentzat interes bereziko eremua da) kaltetzeko arriskua, solido esekiak areagotzearen ondorioz uren kalitatea aldi baterako gutxitzea, eta zarata, hautsa eta abar areagotzearen ondorioz giza habitataren kalitatea gutxitzea. Istripuzko isurketen arriskuak, uren kalitatea gutxitzeaz gain, lurzoruen kalitatea murriztea ekar lezake.

Aipatutako eraginak saihesteko, Plana garatzeko planetan eta proiektuetan behar adina prebentzio-neurri sartu beharko dira, Sagasta errekaren ibilguan, ibaiertzeko landaredian eta uren kalitatean edozein eragin saihesteko; halaber, aipatutako gainerako afekzioak saihesteko edo minimizatzeko neurri zuzentzaileak ezarri beharko dira.

Organo substantiboak bidalitako dokumentazioan, inpaktu akustikoari buruzko azterlan bat dago, eta hartan ondorioztatzen da eremuak betetzen dituela Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsaduraren Dekretuak (urriaren 16ko 213/2012 Dekretua) bizitegi-erabilerarako ezarritako kalitate akustikoaren helburuak, orain zein etorkizunean. Horregatik, zona osorako babes akustiko bereziko eremu bat sortzea planteatzen da, eta, horretarako, zonako plan bat idatzi beharko da, eta neurri zuzentzaileak proposatzen dira (pantaila akustikoak eta abiadura 30 km/h-ra murriztea), baina ez dira nahikoak kalitate akustikoaren helburuak betetzeko, baita etxebizitzen barruan horiek betetzeko beharrezko diren neurriak ere.

B) Txosten hau bat dator ingurumen-azterketa estrategikoaren ondorio nagusiekin, eta Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzaren 2011ko apirilaren 18ko Ebazpenean aurkeztutako ingurumen-irizpideak txertatu izana behar adina justifikatu dela deritzo. Ebazpen horren bidez formulatu zen Abadiñoko Zelaieta eremuari dagozkion arau subsidiarioen aldaketa puntualaren erreferentziako dokumentua.

Planaren ingurumen-azterketa estrategikoa egiteko, ingurumen-organoak emandako erreferentziako dokumentuan eskatutako sakonera, xehetasun-maila eta zehaztasun-maila ziurtatu dira, bai eta orduko Ingurumen Sailburuordetzak emandako Abadiñoko Zelaieta eremuari dagozkion arau subsidiarioen aldaketa puntualaren ingurumen-inpaktuaren aurretiazko txosteneko zehaztapenak ere. Ingurumen-izapidean adierazitako alderdi guztiak bete direla irizten da; planifikazio-prozesuan ingurumenean eragin daitezkeen ondorioak kontuan hartu direla bermatzeko behar bezain zorrotz bete direla, hain zuzen.

C) Plana izapidetzean, ez da gehitu ingurumen-azterketa estrategikoa zabaltzea eskatzen duen jarduketa berririk, eta ez da atzeman birdefinitu edo kendu behar den Planaren jarduketarik.

D) Indarrean dagoen araudiaren arabera hartuko dira neurri babesleak, zuzentzaileak, konpentsatzaileak eta jarraipenekoak, baita hurrengo apartatu hauetan xedatutakoaren arabera eta, aurrekoa galarazten ez dutenetan, ingurumen-azterketa estrategikoan aurreikusitakoaren arabera ere.

Oro har, ingurumen-balioen babesa lehenetsiko duten neurriak aplikatu beharko dira, hau da, Planetik eratorritako jarduketak gauzatzean proposamen zehatzak aztertu beharko dira, eta ingurumen-balioak mantentzen direla bermatzeko neurriak jorratu beharko dira. Zehazki, plana garatzeko proiektuak idazten direnean, kontuan hartuko dira honako alderdi hauek:

D.1.– Jabari publiko hidraulikoaren babesari eta uholde-arriskuari buruzko neurriak.

Uholde-arriskuari dagokionez, eta URA-Uraren Euskal Agentziaren txostenarekin bat etorriz, egokitzat jotzen da sektore eta eremu guztietarako proposatutako antolamendua. Nolanahi ere, plana garatzeko planek eta proiektuek kontuan hartu beharko dute Espainiako zatiko Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren xedapen arautzaileetan ezarritakoa, urtarrilaren 8ko 1/2016 Errege Dekretu bidez onartutakoak. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planeko E.2 apartatuko uholdeen aurkako babesari buruzko berariazko araudiak bete beharko dira.

Gainera, jabari publiko hidraulikoari edo harekin lotura duten babes-eremuei (zortasun- eta zaintza-eremuak) eragiten dieten jarduketek arroko erakundearen aldez aurreko baimena beharko dute. Lanen ezaugarriak eta eraginak bereziki aztertuko ditu erakunde horrek eta, hala badagokio, dagozkion aginduak emango ditu.

Urbanizazio- eta eraikuntza-proiektuek neurriak aurreikusi beharko dituzte lurrazaleko uretara ahalik eta solido gutxien iristeko (adibidez, jalkitze-tangak, sedimentuentzako tranpak edo iragazkiak). Dekantazio-sistema horietatik ibilgura egiten den isurketa orok URA-Uraren Euskal Agentziaren nahitaezko baimena izan beharko du.

D.2.– Natura-balioak babesteko neurriak

Garapen-planek eta -proiektuek Sagasta errekan eta haren ertzetan eragin oro saihestuko dutela bermatuko da, ibilgua eta ibaiertzeko basoa eta, ondorioz, bisoi europarraren habitata (Mustela lutreola) babesteko eta tokiko konektibitate ekologikoa bermatzeko.

Ildo horretan, UR-9aren antolamendu xehatua garatuko duen Plan Partzialak bermatuko du eremu horretan dauden Sagasta errekaren ertzak espazio libreetarako erabiliko direla, eta haietan ibaiertzeko basoa hobetzeko egin beharreko jarduerak egingo direla.

Nolanahi ere, ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretuaren (bisoi europarraren, Mustela lutreola (Linnaeus, 1761), kudeaketa-plana onartu zuen Bizkaiko Lurralde Historikorako, galzoriko espezie izendatuz, eta babes-neurri espezifikoak eskatuz) 10. artikuluak dakarrenarekin bat etorriz, Planaren ondoriozko urbanizazio-proiektuek Bizkaiko Foru Aldundiaren Nekazaritza Sailaren nahitaezko txostena beharko dute.

D.3.– Zaraten eraginak gutxitzera bideratutako neurriak.

Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, ezingo dira gauzatu garapen berriak kanpoko ingurunean kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez diren guneetan, hargatik eragotzi gabe dekretu horren 43. eta 45. artikuluetan xedatutakoa.

Nolanahi ere, eraikinak eraiki ondoren, sustatzaileak ENACek egiaztatutako erakunde batek egindako txostena bidali beharko dio Udalari, fatxaden isolamendu akustikoak eraikuntza-lizentzia emateko kontuan hartu ziren eskakizunak betetzen dituela ziurtatzen duena.

D.4.– Lurraldearen leheneratze ekologikorako neurriak.

Nolanahi ere, ingurumena eta paisaia leheneratzeko lanak egingo dira, hirigintza-garapena gauzatzearen eraginpean dauden gune guztietan, aurreikusiz landareztatze-lanetan espezie autoktonoak erabiliko direla, eta beren-beregi saihestuko dela prozesu inbaditzaileak sor ditzaketen kanpoko espezieak erabiltzea.

Plana garatzeko plan eta proiektuen helburuetako bat izango da Sagasta errekaren ibaiertzeko landaredia hobetzea espazio libreen sistemetan eta, bereziki, zuhaitz-estaldura txikia duten tarteetan. Ibaiertzeko basoa haltzadi kantauriarreko berezko espezieekin leheneratuko da (Alnus glutinosa, Fraxinus excelsior, Salix atrocinerea, Coryllus avellana, etab.).

Nolanahi ere, Planaren esparruko espazio berdeak diseinatzeko, «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» hartuko da kontuan, Udalsarea 21en lan-koadernoa, 20. zenbakia b, 2017ko apirilekoa (http://www.udalsarea21.net/Publicaciones/Ficha.aspx?IdMenu=892e375d-03bd-44a5-a281-f37a7cbf95dc&Cod=ec1f62b8-a941-4c9a-9280-e4202e656a69&Idioma=eu-ES).

Bestalde, Planaren ondoriozko proiektuek neurriak proposatuko dituzte, ahalmen inbaditzaileko espezie aloktonoen zabalkundea saihesteko (Buddleja davidii, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia, Cortaderia selloana, etab.). Ildo horretan, kontrol-neurriak hartuko dira landare-espezie inbaditzailerik sar ez dadin iraulitako eta landarerik gabe utzitako lursailen bidez (prestatutako gainazaletan segituan landatzea eta ereitea, landare-lurren pilaketen babesa eta abar). Gainera, landare-lurrak modu berezituan kudeatzea proposatuko da, baldin eta lur horiek aipatutako espezieak barreia ditzaketen propaguluak badituzte.

D.5.– Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriaren aldeko neurriak.

Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoetarako behar diren ezaugarriei dagokienez, «Etxebizitzen eraikuntza iraunkorrerako gida»n (https://www.ihobe.eus/argitalpenak) jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, honako alderdi hauetan eragin beharko dute:

– Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

– Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortzen den energiaren kontsumoa eta/edo sorkuntza murriztea.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Urbanizazioa drainatze jasangarriko hiri-sistemekin diseinatuko da, eremu urbanizatu berrian sortutako jariatzeen bolumena murrizteko eta solidoen arrasteak murrizteko.

D.6.– Neurri orokorrak, balio naturalak babesteko aurreikusitako garapena gauzatzen den bitartean.

Oro har, ingurumen-balioen babesa lehenetsiko duten neurriak aplikatu beharko dira, hau da, aurreikusitako garapenetarako ingurumen-balioak mantentzen direla bermatzeko neurriak hartu beharko dira. Bereziki:

– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua: gutxienez, obraren okupazio-mugen kontrolarekin lotutako alderdiak jasoko ditu, natura-ondareko elementuen presentzia kontuan hartuta, zehazki, Sagasta erreka eta ibaiertzeko landaredia, eta horietarako babes-perimetro bat ezarriko da obrak hasi aurretik. Gainera, alderdi hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu: lanaldiak, makineriaren mantentze-lana, aldi baterako desbideratzeak, ibilguetarako isurketak, hautsak eta soinuak sortzea eta, oro har, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak, hondakinen kudeaketa, etab.

Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

– Obrek dirauten bitartean bertako landarediari kalterik ez eragiteko, batez ere Sagasta errekaren ertzetan dagoen landaredi naturalari, lanak hasi aurretik teknikari espezialista batek bertako zuhaitzen eta zuhaitz-unaden mugaketa zehatza eta «in situ» balizatua egin beharko du. Obraren mugetatik hurbil kontserbatzen diren zuhaitzen aleak behar bezala babestuko dira, kolpeak saihesteko eta sustrai-sistemak kalterik ez izateko.

– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obretan eta garbiketa-kanpainan sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakin eta Lurzoru Kutsatuen Legean (uztailaren 28ko 22/2011 Legea) eta arau espezifikoetan xedatutakoa beteko da.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza eta Eraispen Hondakinen Kudeaketa arautzen duen Dekretuan (ekainaren 26ko 112/2012 Dekretua) xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

Amiantoa duen hondakinik edo elementurik aurkitzen bada, otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuak ezarritakoa bete beharko da (errege-dekretu hori amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura prebenitzeko eta murrizteko da), baita martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuak ezarritakoa ere (amiantoaren eraginpean egoteko arriskua duten lanei aplikatu behar zaizkien segurtasuneko eta osasuneko gutxieneko xedapenak ezartzen dituena).

Hondakin arriskutsuentzako ontzietarako, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako arauak bete beharko dituzte (hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia onartzen du dekretu horrek); itxita egongo dira baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa arautzen duen Errege Dekretuari (ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretua) jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

Obretan hondeaketa-soberakinak sortzen badira, baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarrean dagoen legediaren arabera kudeatuko dira.

– Lurzoruak eta lurpeko urak babestea: obra-fasean beharrezkoak diren prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak ezarriko dira, arreta handiz, ezusteko isurketen kaltea saihesteko, bereziki makineriaren mantentze-lanak egiten diren bitartean: Obrako makinen parke gisa erabiltzen den lurrazala eta horren mantentze-eremua drainatze naturaleko saretik isolatuko dira. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta lantegiko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako eremuetatik kanpo egin.

– Abadiñoko Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak detektatzearen ondoriozko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko Legearen (ekainaren 25eko 4/2015 Legea) 22.2 artikulua betetzeko.

– Zarata: lanek iraun bitartean, jardunbide egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketa-, eraispen-, zamalan- eta garraio-lanetan, baita erabilitako makineriaren mantentze-lanetan, zaraten eta bibrazioen murrizketan, eta erabilitako ekipamenduen zaraten kontrolean ere.

Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

– Bat etorriz Euskal Kultura Ondarearen Legeak (maiatzaren 9ko 6/2019 Legea) ezarritako gainerako xedapenekin, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako Zuzendaritzari; gero, beharrezkoa izanez gero, hark erabakiko du zer neurri ezarri.

E) Ingurumen-jarraipeneko plana.

Ingurumen-azterketa estrategikoak ikuskatze-programa egoki bat deskribatzen du, Planaren aplikazio egokia bermatzeko eta, hala badagokio, aurreikusitakoak ez diren beste ingurumen-efektu batzuk antzemateko. Hainbat kontrol proposatu dira, aurretiko edo lanen aurreko faserako zein plana garatzeko obrak gauzatzeko faserako; kontrol horietan zenbait jarduketa egingo dira, honako hauek aintzat hartuta: kontrolatuko den eremuko alderdiak, jarraipenaren adierazle diren parametroak, helburuak, maiztasuna, erreferentziako muga-balioak edo atalaseak eta kontrol-metodologia.

Ezarritako kontrolei gainazaleko uren kalitate-kontrolak gehitu beharko zaizkie Plana garatzeko proiektuetan sartu beharreko obretan. Sagasta errekako uren kalitatea kontrolatzea proposatuko da, obratik ibaian gora eta behera, gutxienez parametro adierazle hauen analisiaren bidez: pH-a, solido esekiak eta olio eta koipeak. Era berean, erreferentzia-mugak edo atalaseak eta kontrol-metodologia ezarriko dira.

F) Planetik eratorritako proiektuen ingurumen-ebaluaziorako gidalerro orokorrak.

Planetik eratorritako proiektuen ingurumen-ebaluazioan, kontuan hartuko dira lurraldearen baldintzatzaileak, bai eta 2011ko apirilaren 18ko Ebazpenean adierazitako ingurumen-irizpideak ere; ebazpen horren bidez, orduko Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritzak Abadiñoko Zelaieta eremuari dagozkion Arau Subsidiarioen aldaketa puntualaren erreferentziako dokumentua formulatu zuen. Halaber, 2011ko azaroaren 14ko Ebazpenean adierazitakoak ere hartuko dira kontuan; ebazpen horren bidez, lehen Ingurumen Sailburuordetza zenak Abadiñoko Zelaieta eremuari dagozkion Arau Subsidiarioen aldaketa puntualaren ingurumen-inpaktuaren aurretiko txostena formulatu zuen.

Besteak beste, nabarmendu behar dira jabari publiko hidraulikoa eta haren babes-zortasuna eta ibaiertzeko landaredia babestu behar direla; arrisku naturalak murriztu behar direla, zehazki uholde-arriskutik eratorriak; eremuko zein garapen berrietako kalitate akustikoa zaindu behar dela; ingurumen-baliabideak modu jasangarrian erabili behar direla; eta lurraldean egindako esku-hartzeak modu egokian integratu behar direla paisaian, kalteak saihestea lehenetsiz konpentsazioaren gainetik.

Bigarrena.– Gehienez ere bi urteko epea ezartzea Abadiñoko Zelaieta eremuari dagozkion arau subsidiarioen aldaketa puntuala eta UR-6 Torresoloak sektorearen antolamendu xehatua onartzeko, ingurumen-adierazpen estrategiko hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Epe hori igarotakoan, hura ez bada onartu, ingurumen-adierazpen estrategiko honen indarraldia amaituko da, eta hortik aurrera ez du ondorerik izango. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren izapidea, non eta ez den ingurumen-adierazpen estrategikoaren epea luzatzea adosten. Hori guztiori, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 27. artikuluarekin bat etorriz.

Hirugarrena.– Abadiñoko Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko urriaren 25a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala