Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

231. zk., 2021eko azaroaren 19a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN SAILA
5900

EBAZPENA, 2021eko azaroaren 4koa, Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariarena, zeinaren bidez biztanleria osoari zabaltzen baitzaio gripearen aurkako txertaketa, 2021-2022 denboraldiko kanpainan.

Gripearen aurkako txertaketaren helburua da gripearekin lotutako hilkortasuna eta gaixotze-tasa murriztea, bai eta gaixotasun horrek komunitatean duen inpaktua gutxitzea ere.

Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariaren 2021eko urriaren 25eko Ebazpenaren bidez (2021eko azaroaren 2ko EHAA, 217. zk.), gripearen aurkako 2021-2022 denboraldiko txertaketa-kanpainaren hasiera ezarri zen.

Ebazpen honetan jasotzen da arrisku-taldeetakoak izateagatik zein pertsonen kolektibok jarri beharko lukeen gripearen aurkako txertoa.

Konplikazioak izateko arrisku handia duten beste batzuk gripearekin kutsa ditzaketen pertsonei ere komeni zaie txertoa jartzea. Paziente horiek eta haien kontaktuak txertatzeak sortzen dituzten zalantzak direla eta, gogorarazi nahi dizuegu kanpaina honetan eskuragarri dauden gripearen aurkako txerto guztiak inaktibatuak direla eta kontraindikazio hauek dituztela:

a) Gaixotasun akutu ertain edo larri bat izatea;

b) Erreakzio alergiko larri bat jasan izana (adibidez, anafilaxia) txertoaren osagairen bati, edo aurretik gripearen aurkako txertoaren dosi inaktibatu bat jaso ondoren;

c) Arrautzarekiko erreakzio larriaren aurrekari egiaztatua, oilasko-enbrioiarekin fabrikatutako txertoen kasuan;

d) Guillain-Barré (GBS) sindromearen aurrekariak gripearen aurkako txertoaren aurreko dosi baten ondorengo 6 asteetan.

Immunosupresioa, haurdunaldia eta edoskitzea ez dira kontraindikazioak gripearen aurkako txerto inaktibatuarentzat.

Gripearen aurkako 2021-2022 denboraldiko txertaketa-kanpainari begira, eta bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko txertaketa-egutegi ofiziala eta populazio-txertaketa onartzen dituen Osasuneko sailburuaren 2017ko urriaren 18ko Aginduan ezarritakoarekin, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak ebazpen bat egiten du, arrisku-taldeak urtaroko gripearen aurkako txertatzeko gomendioei eta txertaketa-kanpaina hasteko egunari buruzkoa. Orain, ebazpen berri honek planteatzen du kanpaina biztanleria osoari zabaltzea, arrisku-taldeetakoa ez izanik ere.

COVID-19 pandemiaren ondorioz bizitzen ari garen egoera bereziaren ondorio da 2021eko kanpaina biztanleria osoari zabaltzea Euskal Autonomia Erkidegoan; izan ere, egoera horren ondorioz, gripearen aurkako txertaketaren irizpideak aldatzea gomendatzen da, gripearen eta covidaren koinfekzioaren probabilitatea murrizte aldera, laguntza-zerbitzuen gainsaturazioa prebenitzen laguntzeaz gainera, bereziki ospitaleetako baliabideena, plantan eta zainketa intentsiboetan.

Hori dela eta, aurten, gripeari eta SARS-COV-2 gaixotasunei dagozkien bi birusen eraginpean egongo denez biztanleria, eta birus horiekin batera kutsatzeak ekar dezakeen arriskua kontuan hartuta, erabaki da arrisku-taldeak eta, beraz, txertaketa-kanpainaren xede den biztanleria berriz definitzea. Horregatik guztiagatik, aurten, patologia kronikoa duten arrisku-taldeen eta 65 urtetik gorakoen txertaketa azpimarratuta betiere, gripearen aurkako txertaketa-kanpaina 6 hilabetetik gorako biztanleria osoari zabaltzen zaio.

Gomendio horiek Osasun Sistema Nazionalak adierazitako pertsonei emango dizkien txerto inaktibatu tribalente edo tetrabalenteen erabileran oinarritzen dira. Txertoak dagokien fitxa teknikoko jarraibideen arabera erabiliko dira.

2021-2022 denboraldiko txertoaren konposizioa bat dator Osasun Sistema Nazionaleko Lurraldearteko Kontseiluko Osasun Publikorako Batzordeak emandako gomendioekin.

2021eko urriaren 25an ezarri zen gripearen aurkako 2021-2022 denboraldiko kanpaina hasteko eguna. Lehenago, Euskal Autonomia Erkidegoko adinekoentzako zentro soziosanitarioetako osasun-langileen, langileen eta erabiltzaileen txertaketa hasi zen.

2021eko urriaren 28ko bileran, Euskadiko Txertaketen Aholku Batzordeak egoki iritzi zion gripearen aurkako txertaketa-eskaintza 6 hilabetetik gorako biztanleria osoari zabaltzeari, gripe-birusak infektatzeko arriskua murrizteko xedearekin, kontuan hartuta SARS-COV-2 birusak eragindako pandemiaren egungo egoera, eta gomendagarritzat jotzen da txertoa hartu aurretik anainanamesi bat egitea txertoa hartu nahi duten eta inongo arrisku-taldetakoak ez diren pertsonei, txertaketen eskuliburuan adierazitako kontraindikazio posibleetarako.

Txertaketaren lehentasuna arrisku-faktoreak (adina barne) dituzten biztanleek izan behar dutela ulertuta, arrisku-faktore horiek ez dituzten biztanleen txertaketak ez luke lehentasun horrekin talka egin behar. Horregatik, atzeratu egiten da biztanleria osoaren txertaketa, eta azaroaren 15etik aurrera hasiko da txertatzen.

Azaldutakoagatik, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko txertaketa-egutegi ofiziala onartzen duen Osasuneko sailburuaren 2017ko urriaren 18ko Aginduaren 8. artikuluan eta Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen martxoaren 23ko 116/2021 Dekretuaren 9.1.d) artikuluan xedatutakoarekin, Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari esleitzen diona «gaixotasunak prebenitzea eta osasuna sustatzea, programa bertikalak diseinatuz eta gauzatuz, edo helburu horietara zuzendutako asistentzia-zerbitzuetan jarduerak sartuz», hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Gripearen aurkako 2021-2022 denboraldiko txertaketa-kanpaina zabaltzen zaio sei hilabetetik aurrera gripearen aurkako txertoa eskatzera borondatez joaten diren arrisku-taldeetan sartzen ez den biztanleria osoari.

Bigarrena.– Arrisku-faktorerik ez duten biztanleentzako kanpaina 2021eko azaroaren 15ean hasiko da, hargatik eragotzi gabe, arrazoi epidemiologikoak tarteko, data hori aldatu ahal izatea.

Hirugarrena.– Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa ezarri ahal izango zaio Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko azaroaren 4a.

Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaria,

ITZIAR LARIZGOITIA JAUREGUI.


Azterketa dokumentala