Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

228. zk., 2021eko azaroaren 17a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
5851

AGINDUA, 2021eko azaroaren 9koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez makineria eta/edo ekipamendua erosteko edo errentan hartzeko dirulaguntzen deialdia egiten baita, Lanbide Heziketako heziketa-zikloak ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuetan.

Merkatuen eta ekoizpenen globalizazioaren egungo egoera eta horren ondoriozko lehia handia direla eta, estrategia berriak behar dira euskal enpresa-ehuna lehiatzeko posizio batean jartzeko.

Egoera horretan, Lanbide Heziketa funtsezko aliatua da lanbide-profilak garatzeko eta, horrela, bermatzeko estrategia berri horien diseinuak eta garapenak eta balio berezi baten sorrerak ahalbidera diezaiela gure enpresei etorkizun jasangarri bat eta, ondorioz, pertsonen enplegagarritasuna nabarmen handitzeko bidean aurrera egitea.

Halaber, laugarren industria-iraultza mundua eraldatzen ari da, eta horren lekuko gara: gizartearen kontzeptua aldatzen ari da, beste industria-eredu baterako bidean gaude, hein handi batean, teknologia, konektagarritauna eta digitalizazioa oinarri dituena, eta horrek berekin ekarri du beste estrategia batzuk behar izatea produkzio-prozesuetan. Testuinguru horretan, eta Euskadin ekonomiaren oinarria produkzioa dela jakinik, bereziki garrantzitsua da produkzio-prozesu tradizionalak aldatzea eragingo duten teknologiak eta materiala sartzea.

Sektore produktiboak aldaketa sakonak eskatzen ari dira lanbide-heziketan, eta hauek dira egoera horren arrazoiak: gertatzen hasiak diren gizarte-aldaketak, kalitatezko enplegua eskuratzeko aukera, lan-merkatuaren berregituraketa, berrikuntza teknologikoen aurrerabidea, produkzio-prozesuen automatizazio-maila gero eta handiagoa, antolatzeko eta kudeatzeko modu berriak, beste lanbide-eremu batzuen sorrera, eta tekniken nahiz ekipamenduen eraldaketa bizkorra.

Gaur egun, hainbat berrikuntza, hala nola adimen artifiziala, droneak, 3D inprimagailuak, gauzen Interneta, errealitate birtuala eta sare digitalak, ondasun eta zerbitzuak trukatzeko ohiko arauak aldarazten ari diren fenomenoetako batzuk dira, eta horiek guztiak heldu beharreko erronka dira enpresa-sektorearentzat nahiz pertsonen prestakuntzan. Horren guztiaren ondorioz, Euskadiko lanbide-heziketak ezinbestez egin behar ditu behar beste eraldaketa, 4.0 gizarte baten benetako premietara egokituko den lanbide-heziketa sustatzeko eta garatzeko.

2018ko uztailaren 5ean, Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legea argitaratu zen eta, haren bidez, berrikuntza gisa, LHko eredu konbinatu bat sartzen da Lanbide Heziketan. Eredu horrek Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legean zehaztutako lanbide-heziketa integratua hartzen du barnean, baina baita berrikuntza aplikatuko ikaskuntzak eta ekintzailetza aktiboa ere.

Halaber, Lanbide Heziketako Eredu Konbinatuan Espezializatutako Ikastetxeen Euskal Sarea sortu eta arautzen du, euskal produkzio-sareari jarri zaizkion erronkei erantzuteko. Horrek guztiak, batetik, prestakuntza aurreratu bat hartzen du barnean, LH ikasten duten pertsonen kualifikazio eta espezializazioak altuak izan daitezen; eta, horrekin batera, berrikuntza aplikatu bat, teknologiaren arloan, enpresa txiki eta ertainei produktua, produkzio-prozesua eta zerbitzua hobetzen laguntzea lehenetsita, eta, metodologiaren arloan, ikasteko era aldatuta eta zeharkako konpetentziak hobetuta.

Gainera, Gobernu Kontseiluak Lanbide Heziketako V. Euskal Plana onartu zuen, 2019ko otsailaren 12an. Plan horrek giza garapen jasangarria du helburutzat, eta, xede hori erdiesteko, gizakien talentua sustatzen du, zenbait gaitasun eta kualifikazio txertatuz, ekoizpen-ingurune berri batetik datozen erronkei aurre egite aldera.

Lanbide Heziketako V. Euskal Plan horretan bederatzi eremu estrategiko definitu ziren, eta eremu horietako bakoitzak epe ertainean lortu behar diren helburu espezifikoak eta helburu horiek lortzeko garatu beharreko jarduketa-ildoak zehaztu zituen. Eremu estrategiko horietako batzuk hauek dira: berrikuntza teknologikoa eta sistema adimendunak; biozientziak eta garapen jasangarria; eta Lanbide Heziketako ikastetxeak erakunde adimendun bihurtzeko asmoa. Eremu horietako bakoitzak helburu jakin batzuk ditu, eta Lanbide Heziketako heziketa-zikloak ematen dituzten ikastetxeetan 4.0 inguruneen eremuko teknologiak inplementatzera bideratutako jarduketa-ildoei lotutako helburu hauek zehazten dituzte:

a) 4.0 industria-inguruneetan ikertzea eta berritzea, lortutako ezagutza Euskadiko LHren balio-katera transferitzeko.

b) Errendimendu handiko 4.0 Lanbide Heziketako ikastetxeak garatzea.

c) Lanbide Heziketara aplikatutako berrikuntza eta ikerketa zientifikoa garatzea nekazaritzako elikadura jasangarrian, natura-ingurunean eta itsas ingurunean, etxegintza adimendunean eta eraikuntza jasangarrian, eta osasunean eta biozientzietan.

d) Lanbide Heziketako ikastetxeen erakunde berria. Erakunde adimendunak lortzeko asmoa.

Beraz, hortxe dauzkagu erronkak, eta, horretarako, beharrezkoa da Lanbide Heziketako ikastetxeen parte-hartze aktiboa proiektuak diseinatzeko eta garatzeko, benetan posible izan dadin gero eta ingurune espezializatuago eta konplexuagoetan ikaskuntza-metodo berritzaileak ezartzea, eta, horrela, ikasleek eskuratutako ezagutzak errazago eta benetan transferi daitezen, eta, azken finean, enpresen espezializazio-maila handitu eta, ondorioz, abantaila lehia-abantaila jasangarria lor dezaten.

Teknologia horiek aldaketa disruptiboak sortzen ari dira produkzio-ereduan, bai eta produktuetan eta zerbitzuetan beretan ere, eta, hala, industria berri bat sortzen ari da, digitala eta konektatua. Gauzak horrela, gaur egun ditugun erronkei behar bezala heltzeko ezinbestekoa da etengabe egokitzea lanbide-heziketako euskal sistema, 4.0 industria-inguruneetan ikertzea, errendimendu handiko 4.0 Lanbide Heziketako ikastetxeak garatzea, Lanbide Heziketara aplikatutako berrikuntza eta ikerketa zientifikoa egitea, ikastetxeak erakunde adimendunen eredurantz eraldatzea, ziurtatzeko haiek guztiek antolaketa-dinamika ireki eta konektatu batean parte hartzen dutela, etengabeko autohazkundea lortze aldera.

Deialdi hau Hezkuntza Sailaren 2021. urterako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren baitakoa da, zeina Hezkuntzako sailburuaren agindu bidez onartu baitzen.

Ondorioz, eta hemen xedatutakoekin bat: 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. tituluan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren esparruan dirulaguntzen araubidea arautzekoa), Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Araudia onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan, hau

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
ARAU OROKORRAK

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

Agindu honen xedea da makineria eta/edo ekipamendua erostetik edo errentan hartzetik eta makineria eta/edo ekipamendu hori instalatzetik eratorritako gastuak finantzatzera bideratutako dirulaguntzak emateko prozeduraren deialdia egitea, bi jarduketa-eremuren arabera:

– 1. eremua: aurrez aurreko modalitate osoko Lanbide Heziketako zikloak ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuentzat, heziketa-ziklo bakoitzerako ezarritako makineria eta/edo ekipamendu espezifikoa eguneratzeko eta ikaskuntza-metodologia eta -tresna aurreratuak ezartzea ahalbidetuko duten espazioak egokitzeko, II. kapituluan ezarritakoari jarraikiz.

– 2. eremua: aurrez aurreko modalitate osoko Lanbide Heziketako zikloak ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatu integratuentzat, 4.0 ingurunearen erronkei erantzuteko eta lanbide-heziketako eraldaketa digitalaren eta jasangarritasunaren planak abiatzeko, III. kapituluan ezarritakoari jarraikiz.

2. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

Diruz lagundu daitezkeen gastutzat joko dira jarduketa-eremu bakoitzean agindu honen II. kapituluko 18. artikuluan eta III. kapituluko 25. artikuluan ezarritakoak.

3. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura.

1.– Agindu honen bidez iragartzen diren dirulaguntzen zenbatekoa bi milioi bederatziehun eta hamazortzi mila ehun eta sei (2.918.106) eurokoa da.

Nolanahi ere, artikulu honetan ageri den diru kopurua handitu egin daiteke, indarrean dagoen legerian aurreikusitako kreditu-loturako edo aurrekontu-aldaketako araubideari jarraituz. Hori egitea erabakitzen bada, Lanbide Heziketako sailburuordearen ebazpen bidez iragarriko da deialdi hau ebatzi aurretik.

2.– Zenbateko osoa honela banatuko da deialdi hau osatzen duten bi eremuen artean:

– 1.218.106 euro agindu honetako 1. artikuluan definitutako 1. eremuan sartzen diren makineriaren eta/edo ekipamenduen erosketa edo errentamendu-kuotak finantzatzeko. Eremu honetan aurreikusitako dirulaguntzak emateko, proportzionalki banatuko da goian adierazitako zenbatekoa, eta banaketa hori egiteko, horretarako beren-beregi ezarritako irizpideak beteko dira.

– 1.700.000 euro agindu honetako 1. artikuluan definitutako 2. eremuan sartzen diren makineriaren eta/edo ekipamenduen erosketa edo errentamendu-kuotak finantzatzeko. Eremu honetako dirulaguntzak emateko, norgehiagoka-prozedura erabiliko da.

3.– Eremu bakoitzari esleitutako diru kopuru guztia agortzen ez bada, sobera dagoen zenbatekoa beste jarduketa-eremuari esleitutako kopuruari gehituko zaio, baldin eta hasiera batean esleitutako diru kopurua ez bada nahikoa izan baldintzak betetzen dituzten eskabide guztiak artatzeko.

4. artikulua.– Parte hartzeko eskakizun orokorrak.

Agindu honek jarduketa-eremu bakoitzerako ezarritako bestelako eskakizun espezifikoak ezertan galarazi gabe, agindu honen bitartez deitzen diren dirulaguntzak eskuratzeko, honako eskakizun hauek bete beharko dituzte, ezinbestean, interesdunek:

a) Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera kentzen duen zigor penal edo administratiboren baten eraginpean ez egotea sexu-diskriminazioa dela-eta, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoaren arabera.

b) Indarreko xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, baita dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ere. Emandako dirulaguntzak likidatu arte iraun behar dute eskakizun biek; beraz, bete egiten direla egiaztatuko da, bai emateko orduan, bai ordaintzeko orduan.

c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako egoera batean ere ez egotea.

5. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Interesdunek prozedura honetako izapide guztiak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko baliabide elektronikoak erabiliz eskatu, kontsultatu eta egingo dituzte.

2.– Izapidetze elektronikoa arautzen dute Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak, zeina Administrazio Elektronikoari buruzko Dekretua bigarrenez aldatzen duen apirilaren 21eko 55/2020 Dekretuaren bidez aldatu baitzen, eta Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak, zeinaren bidez onartu baitzen Platea E-Administrazioko Plataforma Teknologikoa.

3.– Honako helbide elektroniko honetan daude eskuragarri eskabideak bide elektronikoz izapidetzeko xehetasunak, erantsi beharreko dokumentazio-ereduak eta deialdi honekin lotutako gainerako izapideak: https://www.euskadi.eus/servicios/0098610

4.– Eskabidearen osteko izapideak, justifikazioa barne, honako helbide honetako Nire karpeta atalaren bidez egin beharko dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

5.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartuta dauden identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide elektroniko honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

6. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua, tokia eta epea.

1.– Eskabideak (I. eranskina), behar bezala eta osorik beteta, modu elektronikoan aurkeztu behar dira, agindu honen 5. artikuluan xedatutakoaren arabera, eta hamabost egun naturaleko epearen barruan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Ezingo da makina edo ekipamendu berbera erosteko edo errentan hartzeko finantzazioa eskatu bi jarduketa-eremuetan.

2.– Eskabideekin (I. eranskina) batera, agindu honen II. kapituluko 20. artikuluan eta III. kapituluko 26. artikuluan jarduketa-eremu bakoitzerako eskatzen den dokumentazio espezifikoa aurkeztu beharko da.

3.– Eskatzaileren batek inbertsioa amaitu badu eskabidea aurkezten duen egunerako, inbertsio hori egin izanaren eta egindako benetako gastuaren egiaztagiriak aurkeztu ahal izango ditu.

4.– Eskabidea aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartu direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

5.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.6 artikulua eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.7 artikulua aplikatuz, eskabidean erantzukizunpeko adierazpena jasoko dute, honako betebehar eta eskakizun hauek egiaztatzeko:

a) Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuei eskatu zaizkien eta, hala badagokio, haietatik jaso diren dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea, eta adieraztea, baiezkoa izanez gero, laguntza eman duen erakundearen izena eta zenbatekoa.

b) Ez egotea dirulaguntza publikoak eskuratu ahal izateko zigor penal edo administratiboren baten edo horretarako ezgaitzen duen lege-debekuren baten eraginpean, berariaz adierazita sexu-bereizkeriagatik izandakoak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoaren arabera.

c) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea.

d) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan zehaztutako debekuetako batean ere.

e) Egiazkoak izatea eskabideko datuak eta emandako dokumentazioa, eta betetzea indarreko araudian dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako baldintzak.

6.– Dirulaguntzaren eskabidea aurkezteak baimena emango dio Lanbide Heziketako Sailburuordetzari zuzenean egiazta dezan dirulaguntzen eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela. Hala ere, eskatzaileak baimena espresuki ukatu ahalko du, eta organo eskudunak emandako administrazio ziurtagiri positiboak aurkeztu beharko ditu.

7.– Balio Erantsiaren gaineko Zerga berreskuratzeari buruzko informazioarentzat, dirulaguntzen eskatzaileek zergaren aitorpenak aurkezteko betebeharrik ez dutela egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko dute, eskumena duen zerga-administrazioak emana, edo, hala badagokio, eskuragarri dagoen azken ekitaldiko zergaren urteko aitorpen-likidazioaren 390 ereduaren kopia.

7. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetako akatsak zuzentzea.

Eskabidea oso-osorik betetzen ez bada, edo eskabidearekin batera behar den dokumentazioa aurkezten ez bada, eskatzaileari eskatuko zaio 10 egun naturaleko epean akatsa zuzentzeko, edo nahitaezko agiriak aurkezteko, eta, gainera, esango zaio aurrekoa egin ezean, eskabideari uko egiten diola ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluaren araberako ebazpena eman ondoren.

8. artikulua.– Prozeduraren instrukzioa.

1.– Plangintza eta Antolaketako zuzendariak izango du emate-prozedura instruitzeko eskumena.

2.– Balorazio-batzorde bakar bat eratuko da aurkeztutako eskabideak aztertu, ebaluatu eta hautatzeko; kide anitzeko organo gisa jardungo du, eta hauek izango dira kideak:

a) Batzordeburua: Nicolás Sagarzazu Alzua jauna, Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzako teknikaria, edo haren ordezkoa.

b) Bokalak:

Lanbide Heziketako Zerbitzuaren arduraduna.

Beatriz Aranaga Elorriaga andrea, Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzako Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzako teknikaria, edo haren ordezkoa.

Maite Lizartza Urrestarazu andrea, Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzako Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzako teknikaria, edo haren ordezkoa.

Mikel Imaz Gorrotxategi jauna, Arabako Lurralde Ordezkaritzako Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzako teknikaria, edo haren ordezkoa.

Pablo Gaztelumendi Martínez jauna, Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzako teknikaria, edo haren ordezkoa; idazkari-lanetan arituko da, hitzarekin baina botorik gabe.

3.– Balorazio-batzordeak, aurkeztutako eskabideak ebaluatutakoan, behin-behineko ebazpenaren proposamena egingo du, behar bezala arrazoituta. Proposamen hori agindu honen 6. artikuluan ezarritako baliabide elektronikoez jakinaraziko zaie onuradunei, eta 10 egun naturaleko epea emango zaie, halaber, jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, egoki iritzitako alegazioak aurkez ditzaten. 10 egun naturaleko epea igarotzen bada jakinarazpenaren edukira sartu gabe, jakinarazpena baztertutzat joko da, eta, prozedurari jarraikiz, izapidea gauzatutzat joko da, salbu eta, ofizioz edo hartzaileak eskatuta, horra sartzea teknikoki edo materialki ezinezkoa dela egiaztatzen bada.

4.– Aurkeztutako alegazioak aztertuta, balorazio-batzordeak prozeduraren ebazpen-proposamena egingo du, dirulaguntza ematea proposatutako eskatzaileen zerrenda adierazita, baita zenbatekoa ere, eta horretarako jarraitutako ebaluazioa eta balorazio-irizpideak zehaztuko ditu proposamen horrek. Plangintza eta Antolaketako zuzendariak, organo instrukzio-egile gisa, Lanbide Heziketako sailburuordeari bidaliko dio proposamen hori, ondoren ebazpena eman dezan.

5.– Ebazpenerako behin-behineko eta behin betiko proposamenek ez dute eskubiderik sortzen onuradun gisa proposatutako pertsonen alde, harik eta emateko ebazpena jakinarazten zaien arte.

9. artikulua.– Emate-prozeduraren amaiera, jakinarazpena eta publikotasun-prozedurak.

1.– 1. eremuan, eskakizunak betetzen dituzten eskabide guztiei emango zaizkie dirulaguntzak, II. kapituluko 22. artikuluan xedatutako banaketa-irizpideen arabera.

2.– 2. eremuan, norgehiagoka-prozedura erabiliko da eskakizunak betetzen dituzten eskaeren artean dirulaguntzak banatzeko. Dirulaguntzak kreditua agortu arte emango dira, puntuazio handiena lortu dutenetatik hasita, III. kapituluko 28. artikuluan xedatutako irizpideen arabera eta 27.2 artikuluan finkatutako mugak kontuan hartuta.

3.– Lanbide Heziketako sailburuordeak egingo du deialdiaren ebazpena, balorazio-batzordearen proposamena jaso eta gero. Ebazpenean bereizi egingo dira bi eremuak, eta bertan adieraziko da eskatutako dirulaguntzak eman ala ukatu egingo diren eta zergatik; ematen diren dirulaguntzen kasuan, onuradunen izena edo izen soziala, ikastetxea, jasotako puntuazioa eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa adieraziko da. Ukatutako eskabideei dagokienez, eskatzaileen izena edo izen soziala eta laguntza zergatik ukatu den adieraziko du ebazpenak.

4.– Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie interesdunei; dena den, haren ezagutza orokorra bermatzearren, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, hauek adierazita: onuradunen zerrenda, zer ikastetxe den, zenbateko puntuazioa lortu duen eta zenbateko dirulaguntza eman zaion.

5.– Prozedura ebazteko eta ebazpena pertsona interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilekoa izango da, deialdiaren agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; epea igaro eta ebazpenik jakinarazi ez bada, dirulaguntzaren eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan xedatutako ondoreetarako.

6.– Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzen ematea eta, hala badagokio, ordainketa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko dirulaguntzen esparruan hasita dauden baina oraindik bideratzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak amaitzeko baldintzapean geratuko da.

7.– Artikulu honetako 3. atalean aipatzen den ebazpenak ez du administrazio-bidea agortzen, eta pertsona interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete horren kontra Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

10. artikulua.– Justifikazioa.

1.– Justifikazio-agiriak aurkezteko, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren bitarteko elektronikoak erabili beharko dira, honako helbide honetako Nire karpeta atalaren bitartez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

2.– Jarduketa-eremu bakoitzeko gastuak justifikatzeko, agindu honen II. kapituluko 23. artikuluan eta III. kapituluko 29. artikuluan beren-beregi adierazitako eranskinak aurkeztu beharko dituzte onuradunek.

Eranskin horiekin batera, gastuak justifikatzeko egiaztagiri hauek ere aurkeztuko dira:

– Makineria eta/edo ekipamendua erosiz gero, fakturen benetako kopiak eta horiek ordaindu direla egiaztatzen duten agiriak.

– Errentamendua bada, finantza-errentamenduaren gastuen hileko kuotaren justifikazioa, errentamendu-kontratuaren benetako kopiaren eta ordainagirien bidez.

3.– Baldin eta jarduketa-eremu batean diruz lagundu daitekeen makineriari eta/edo ekipamenduari eragiten dion faktura edo errentamendu-kontratu batek barne hartzen badu, aldi berean, beste jarduketa-eremuan diruz lagundu daitekeen beste makineria eta/edo ekipamendu bat, egiaztagiri berbera aurkeztu ahal izango da gastu biak justifikatzeko. Dena den, justifikazio bakoitzean adierazi beharko da dokumentu horren zein zati proportzional dagokion eremu bakoitzari.

4.– Onuradunek jatorrizko justifikazio-agiri guztiak izan behar dituzte zaintzapean eta Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzaren eskura, eskatzea du eta.

5.– Agiri horiek aurkezteko azken eguna 2021eko abenduaren 30a izango da.

11. artikulua.– Dirulaguntzak ordaintzea.

1.– Dirulaguntzak ordainketa bakar batean emango dira, behar bezala justifikatu ostean.

2.– Ordainketa hori egin ahal izateko, organo kudeatzaileak egiaztatu beharko du onuradunak azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 34.5 artikuluan adierazitako eskakizun guztiak betetzen dituela. Era berean, ordainketak egiteko baldintza izan daiteke deialdian edo laguntza emateko ebazpenean eskatzen den dokumentazioa aurkeztea.

12 artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketa-prozedura.

1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritako kasuak nahiko arrazoi izango dira dirulaguntzak ezeztatzeko eta berandutze-interesekin batera itzularazteko, dirulaguntza ordaintzen denetik itzularaztea egokia dela erabaki arteko interesak, hain zuzen ere. Horretarako, egoki iritzitakoak egiaztatzeko eskumena izango du Hezkuntza Sailak.

2.– Era berean, erosketa, errentamendu-kuotak eta eskatutako kopuruen ordainketa ez justifikatzeak dirulaguntza osorik edo zati batean kobratzeko eskubidea galtzea ekarriko du.

3.– Dirulaguntza itzultzeko, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako prozedura beteko da. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen da, eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dira. Hori gorabehera, bideratu beharreko beste ekintza guztiak bideratu ahal izango dira. Bestalde, aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.

Horretarako, Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzak likidazio-ebazpena emango du eta, han, eman diren dirulaguntzen zenbatekoak doituko dira.

13. artikulua.– Ebazpena aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatzen badira eta beste erakunde publiko edo pribaturen batetik bestelako dirulaguntzak ere lortzen badira, eta, horren ondorioz, ezarritako mugak gainditzen badira, emate-ebazpena ere aldatu ahal izango da hirugarrenen eskubideak kaltetu gabe.

14. artikulua.– Dirulaguntzen bateragarritasuna.

1.– Deialdi honetan jarduketa-eremu bakoitzerako aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira beste erakunde publiko edo pribaturen batek helburu bererako ematen dituenekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Beste dirulaguntza edo laguntza batzuk jasoz gero, horren berri eman beharko da. Izan ere, gainfinantzaketarik gertatuz gero, dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, behar den gehieneko mugaraino.

2.– Edonola ere, deialdi honetan jarduketa-eremu bakoitzerako aurreikusitako dirulaguntzak bateraezinak izango dira Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak deialdi honetako jarduketa-eremuetarako makineria eta/edo ekipamendua erosteko edo errentan hartzeko emandako dirulaguntzekin, izan dirulaguntza izendunak, dirulaguntza zuzenak edo dirulaguntza-aginduetan ezarritakoari jarraikiz emandako bestelako edozein laguntza.

15. artikulua.– Inbertsioa egiteko baldintzak eta onuradunen betebeharrak.

Dirulaguntzen onuradunek, inbertsioa egiteko, baldintza eta betebehar hauek hartu beharko dituzte kontuan:

1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Horretarako, dirulaguntza eman zaiela jakinarazi eta 15 egun naturaleko epean onuradunek berariaz eta idatziz dirulaguntzari uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.

2.– Dirulaguntzako ekipamenduak dirulaguntzaren xede zehatz horretarako izango dira, eta bi urte baino gutxiago ezin izan daitekeen denboraldi baterako, ekipamendua erosi edo errenta-kontratua egiten den egunetik aurrera.

3.– Lanbide Heziketako Sailburuordetzari justifikatzea deialdian ezarritako eskakizunak eta baldintzak betetzen dituztela.

4.– Jasotako funtsak zertarako erabili diren frogatzen duten agiriak gordetzea, baita elektronikoak ere, baldin eta egiaztatu eta kontrolatu ahal badira.

5.– Lanbide Heziketako Sailburuordetzari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eman beharko diete, beren jardunean ari direla, deialdi honen kargura jasotako dirulaguntzei buruz eskatzen dieten informazioa.

6.– Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatutatik agindu honetako helburu bererako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik eskuratuz gero, horren berri eman beharko diote Lanbide Heziketako Sailburuordetzari.

7.– Laguntza ematerakoan kontuan izandako gorabeheraren bat aldatzen bada, horren berri eman beharko diote Lanbide Heziketako Sailburuordetzari.

8.– Erraztu egin behar diote Lanbide Heziketako Sailburuordetzari diruz lagundutako ekipamenduen kontrola, jarraipena eta ebaluazioa.

9.– Jasotako dirulaguntzen berri emateko neurriak hartzea. Neurri horiek betetzeko erabiltzen diren euskarrietan –informatikoetan zein bestelakoetan– adierazpen hau sartuko da: «Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren Lanbide Heziketako Sailburuordetzak 2021eko deialdian finantzatutako makineria eta/edo ekipamendua».

Dirulaguntzaren bidez ekipamenduaren zati bat bakarrik finantzatu bada, hau adieraziko da: «Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren Lanbide Heziketako Sailburuordetzak 2021eko deialdian kofinantzatutako makineria eta/edo ekipamendua».

10.– Hemen xedatutako betebehar guztiak betetzea: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluak, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategina onartu zuen 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikulua.

16. artikulua.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta tratamendu-jarduera honetan sartuko: Lanbide Heziketarekin lotutako laguntza eta dirulaguntzak.

Arduraduna: Hezkuntza Saileko Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritza.

Xedea: Lanbide Heziketako zikloak ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuei dirulaguntzak ematea makineria eta/edo ekipamendua erosteko edo errentan hartzeko.

Legitimazioa:

– Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzean egin behar den eginkizun bat betetzeko.

– 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

Hartzaileak:

– Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.

– Ekonomia eta Ogasun Saila.

Eskubideak: onuradunek eskubidea dute datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.

Informazio gehigarria: gure web-orrian kontsulta dezakezu datu-babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/047400-capa2-eu.shtml

Araudia:

Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES)

3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673)

II. KAPITULUA
1. EREMUAREN EZAUGARRI ESPEZIFIKOAK: MAKINERIA ETA/EDO EKIPAMENDUA EROSTEKO EDO ERRENTAN HARTZEKO DIRULAGUNTZAK, HEZIKETA-ZIKLO BAKOITZERAKO EZARRITAKO MAKINERIA ETA/EDO EKIPAMENDU ESPEZIFIKOA EGUNERATZEKO ETA IKASKUNTZA-METODOLOGIA ETA -TRESNA AURRERATUAK EZARTZEA AHALBIDETUKO DUTEN ESPAZIOAK EGOKITZEKO.

17. artikulua.– Onuradunak.

Kapitulu honetako dirulaguntzen onuradun izan daitezke 2020-2021 ikasturtean aurrez aurreko modalitate osoan Lanbide Heziketako zikloren bat ematen duten eta 4. artikuluan adierazitako eskakizunak betetzen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuen titularrak diren pertsona fisiko edo juridikoak.

18. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Kapitulu honetan aurreikusitako ondoreetarako, diruz lagundu daitezkeen gastutzat joko dira agindu honetako 1. artikuluan definitutako 1. jarduketa-eremuari erantzuten dion makineria eta/edo ekipamendua erosteko edo errentan hartzeko egindakoak, baita makineria eta/edo ekipamendu hori instalatzetik eratorritako gastuak ere.

2.– Makineria eta/edo ekipamendua erosteko edo errentan hartzeko kostuak ez du, inola ere, merkatuko balioa gaindituko.

3.– Makineria eta/edo ekipamendua erosteak edo errentan hartzeak duen jasandako balio erantsiaren gaineko zerga diruz lagungarritzat joko da baldin eta indarreko zerga-araubidearen arabera berreskuragarria bada.

4.– Espazioen egokitzapenak ikaskuntza-metodologia berrietan sustatzen den lankidetza aktiboa errazten duten gune moldakor, ireki eta elkarlotuak lortzera egon behar dira bideratuta.

5.– Makineriaren eta/edo ekipamenduaren erosketa eta kapitulu honetan xedatutako dirulaguntzen xede diren errentamendu-kuoten ordainketak 2020ko uztailaren 1aren eta 2021eko abenduaren 30aren artean egin behar dira.

Makineria eta/edo ekipamendua erosteko ordainketa agindu honetako 10.5 artikuluan justifikazio-kontua aurkezteko emandako epea amaitu aurretik gauzatu beharko da. Horren ildotik, benetan ordaindu dena hartuko da diruz lagundu daitekeen gastutzat.

19. artikulua.– Diruz lagundu ezin diren gastuak.

Ezin izango dira diruz lagundu mota hauetako makineria eta/edo ekipamenduak:

– Administrazio-elementu arruntak, prestakuntza-gelan ez dauden eta soil-soilik prestakuntzarako erabiltzen ez diren elementu informatikoak (ordenagailuak, inprimagailuak, eta abar) eta irakasleek edo ikastetxeko zuzendaritza-taldeak bakarrik erabiltzeko ekipamendua.

– Erabiliko diren heziketa-ziklorako espezifikoak ez diren aplikazio informatiko edo teknologikoen software eta erabilera-lizentziak.

– Sareko elementu komunak, adibidez: zerbitzariak, wifia eskuratzeko guneak eta erabiliko diren heziketa-ziklorako espezifikoak ez diren beste batzuk.

– Erabiliko den heziketa-ziklorako espezifikoa ez den eta aurreko artikuluko 4. apartatuan ezarritako ezaugarriekin espazioak egokitzea ahalbidetzen ez duen erabilera orokorreko beste edozein elementu.

20. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Eskaerekin (I. eranskina) batera, behar den makineriaren eta/edo ekipamenduaren justifikazio-memoria (III. eranskina) aurkeztuko da. Bertan, honako hauek jasoko dira:

– Diruz lagunduko den makineriari eta/edo ekipamenduari lotutako heziketa-zikloak, eremu estrategikoak eta helburuak.

– Diruz lagunduko den makineriaren eta/edo ekipamenduaren xehetasunak.

– Eskatutako inbertsioen erabilgarritasunaren justifikazioa.

21. artikulua.– Zenbatekoa eta emate-prozedura.

1.– Kapitulu honetan aurreikusitako dirulaguntzen zenbatekoa 1.218.106 eurokoa da.

2.– Dirulaguntza bakoitzaren zenbatekoa zehazteko, 22. artikuluan adierazitako irizpideen arabera banatuko da artikulu honetako 1. atalean adierazitako zuzkidura, eskatutako epean eta moduan aurkeztu diren eta agindu honetako 4. eta 17. artikuluetan xedatutako eskakizunak betetzen dituzten eskabideen artean.

3.– Arestian aipatutako irizpideak aplikatuta, eremuren batean hasieran banatutako kopurua 22. artikuluan adierazitakoa baino txikiagoa bada, sobera dagoen zenbatekoa proportzionalki banatuko da berriro lehenengo banaketan lortutako emaitzen arabera, esleitutako kreditu osoa agortu arte. Aldiz, hasiera batean banatutako diru kopuru osoa esleitutakoa baino handiagoa bada, gehiegizko zenbatekoa murriztu egingo da goian deskribatutako sistema erabilita.

4.– Edonola ere, azkenean ematen den zenbatekoa ezingo da izan diruz lagungarritzat onartutako inbertsioaren % 100 baino handiagoa. Irizpide horiek aplikatuta ateratako kopurua diruz lagungarritzat onartutako kopurua baino handiagoa bada, dirulaguntzaren zenbatekoa doitu egingo da horren parera, eta soberako kopurua proportzionalki banatuko da, deskribatutako sistemaren arabera, egoera berean ez dauden eskabideen artean eta irizpide guztiak aplikatu eta gero lortutako emaitzei jarraikiz.

22. artikulua.– Banaketa-irizpideak.

1.– Eskatzaile bakoitzari diruz lagunduko zaion zenbatekoa kalkulatzeko, 3.2 artikuluan 1. eremurako aurreikusitako aurrekontu-zuzkidurari banaketa-irizpide hauek aplikatuko zaizkio:

a) Ikastetxearen tipologia. Guztirako aurrekontu-zuzkiduraren % 60 honako azpiirizpide hauen arabera banatuko da:

a.1.– 2020-2021 ikasturtean Hezkuntza Sailarekin itundutako Lanbide Heziketako zikloen kopurua, oinarrizkoak, erdi-mailakoak eta goi-mailakoak aintzat hartuta. Heziketa-zikloak multzokatuta agertuko dira, makineria eta/edo ekipamendua zein kostu-talderi dagokion, II. eranskineko taulan ezarritakoari jarraikiz (% 20)

a.2.– 2020-2021 ikasturtean matrikulatutako ikasle kopurua. Heziketa-zikloak multzokatuta agertuko dira, makineria eta/edo ekipamendua zein kostu-talderi dagokion, II. eranskineko taulan ezarritakoari jarraikiz (% 20)

a.3.– 2020-2021 ikasturtean osatutako talde kopurua. Heziketa-zikloak multzokatuta agertuko dira, makineria eta/edo ekipamendua zein kostu-talderi dagokion, II. eranskineko taulan ezarritakoari jarraikiz (% 20)

Azpiirizpide bakoitzeko banaketa ziklo bakoitzari, ikasle bakoitzari eta osatutako talde bakoitzari emandako balioaren arabera egingo da. Horretarako, honako hau egin behar da lehenik: azpiirizpide bakoitzean banatu beharreko zuzkidura zati onartutako eskabideetan dauden zikloen, matrikulatutako ikasleen edo osatutako taldeen guztirako zenbatekoa. Gero, haztatu egin behar da kalkulu horretatik ateratako balioa taula honetan kostu-talde bakoitzerako ezarrita dauden aplikazio-koefizienteekin:

(Ikus .PDF)

Zenbateko osoa kalkulatzeko, honako hau egin behar da: lehenik, ziklo, ikasle eta osatutako talde bakoitzaren balioa bider eskabide bakoitzean guztira ematen diren zikloak, matrikulatuta dauden ikasleak eta osatutako taldeak, hurrenez hurren; eta, gero, kalkulu horietatik ateratzen diren emaitzak gehitzea.

b) Erronketan oinarritutako «ETHAZI» metodologia ezartzea. Aurrekontu-zuzkidura osoaren % 30 ikaskuntza-metodologia hori 2019-2020 ikasturtean erabat edo partzialki edo esperimentalki ezarrita daukaten heziketa-zikloen ehunekoaren arabera banatuko da.

b.1.– ETHAZI metodologia erabat ezarrita daukaten zikloen ehunekoa, eskainitako ziklo kopuru osoa aintzat hartuta (% 20)

b.2.– ETHAZI metodologia erabat edo partzialki edo esperimentalki ezarrita daukaten zikloen ehunekoa, eskainitako ziklo kopuru osoa aintzat hartuta (% 10)

Azpiirizpide bakoitzean banaketa egiteko, balio bat emango zaio jarraian datorren taulako ehunekoen tarte bakoitzari. Horretarako, azpiirizpide bakoitzean banatuko den zenbateko osoa zati metodologia hori erabat edo partzialki edo esperimentalki ezarrita daukaten zikloren bat duten onartutako eskabideen kopurua egin behar da. Hortik ateratako balioa honako taula honetan adierazitako aplikazio-koefizienteen bidez haztatu behar da gero:

(Ikus .PDF)

Eskatzaile bakoitzak azpiirizpide bakoitzean duen ehunekoa kalkulatzeko, ETHAZI metodologia erabat edo partzialki edo esperimentalki ezarrita duten heziketa-ziklo guztiak zati eskatzaileak ematen dituen mota horretako heziketa-zikloak egingo da. Eskatzaile bakoitzari dagokion zenbatekoa bat etorriko da kalkulatutako ehunekoaren arabera kasuan-kasuan aplikatu beharreko tartearekin.

c) Ekintzailetza. Guztirako aurrekontu-zuzkiduraren % 10 Ikasenpresa eta Urratsbat programetan 2019-2020 ikasturtean izandako parte-hartzearen arabera banatuko da.

c.1.– Ikasgeletan eskola-enpresak sortzea lantzen duen Ikasenpresa heziketa-programan parte hartzea (% 5)

2019-2020 ikasturtean Ikasenpresa programan parte hartu duen eskatzaile bakoitzari dagokion zenbatekoa kalkulatzeko, azpiirizpide horretan banatuko den guztirako zenbatekoa zati parte-hartzaileen batura egingo da.

c.2.– Enpresa-sorkuntzan laguntzeko Urratsbat programaren esparruan sortutako enpresa kopurua (% 5).

Banaketa hori egiteko, lehenik, 2019-2020 ikasturtean sortutako enpresa bakoitzaren balioa zehaztuko da. Horretarako, hau egingo da: azpiirizpide honetako zuzkiduraren kopurua zati onartutako eskabideetan sortutako enpresa guztien batura.

Kasu bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, hau egingo da: sortutako enpresa bakoitzaren balioa bider eskabide bakoitzean sortutako enpresa kopurua.

23. artikulua.– Justifikazioa.

1.– Kapitulu honetan xedatutako dirulaguntzen onuradunek justifikazio-kontuari dagozkion agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) IV. eranskina – Justifikazio-memoria ekonomikoa. Dokumentu horretan, errentamendu-kuoten fakturen eta/edo ordainketen zerrenda jasoko da, honako hauek adierazita: hornitzailea/finantza-erakundea, faktura-zenbakia/errentamendu-kontratuaren zenbakia, fakturaren jaulkipen-data/errentamendu-kontratuaren izenpetze-data eta errentamendu-kuoten/fakturen ordainketa-data.

Dirulaguntzaz gain, finantzaketaz ere baliatu badira jarduerak bai baliabide propioez bai bestelako dirulaguntzez edo baliabideez, justifikazio horretan, egiaztatu beharko da zenbatekoa, haren jatorria eta funts horiek diruz lagundutako jardueretarako erabili direla.

b) V. eranskina – Azken memoria, hauek adierazita, besteak beste:

– Egindako inbertsioaren azalpen laburra.

– Programatutako helburuen betetze-mailari buruzko informazioa.

– Emaitzen ebaluazioa eta hobetzeko proposamenak.

2.– Aurreko atalean aipatutako eranskinekin batera, agindu honetako 10.2 artikuluan adierazitako gastuen egiaztagiriak aurkeztuko dira.

III. KAPITULUA
2. EREMUAREN EZAUGARRI ESPEZIFIKOAK: 4.0 INGURUNEAREN ERRONKEI ERANTZUTEKO ETA LANBIDE-HEZIKETAKO ERALDAKETA DIGITALAREN ETA JASANGARRITASUNAREN PLANAK ABIATZEKO MAKINERIA ETA/EDO EKIPAMENDUA EROSTEKO EDO ERRENTAN HARTZEKO DIRULAGUNTZAK

24. artikulua.– Onuradunak.

Kapitulu honetako dirulaguntzen onuradun izan daitezke 2020-2021 ikasturtean aurrez aurreko modalitate osoan Lanbide Heziketako zikloren bat ematen duten eta 4. artikuluan adierazitako eskakizunak betetzen dituzten itunpeko ikastetxe pribatu integratuen titularrak diren pertsona fisiko edo juridikoak.

25. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Kapitulu honetan aurreikusitako ondorioetarako, diruz lagundu daitezkeen gastutzat joko dira agindu honetako 1. artikuluan definitutako 2. jarduketa-eremuari erantzuten dion makineria eta/edo ekipamendua erosteko edo errentan hartzeko egindakoak, baita makineria eta/edo ekipamendu hori instalatzetik eratorritako gastuak ere.

Makineriaren eta/edo ekipamenduaren erosketak edo errentan hartzeak eskabidearekin batera aurkeztuko den ikastetxeko proiektu baten parte izan behar du, eta 4.0 inguruneen esparruan teknologia hauetako bat edo batzuk ezartzea ahalbidetu behar du:

– Internet industriala, enpresara aplikatutako Interneta; horri esker, tokiko kudeaketa-datuen sareak sor daitezke sentsore analogikoen datuekin, eta online informazioa sor daiteke makinen egoerari, prozesuei, produktuen bizitzari eta mantentze-lanari, desbideratzeei, aurreikuspenei eta abarri buruz.

– Sistema ziberfisikoak; sentsore fisikoetatik eta sare digitaletatik lortutako informazioa integratzeari egiten diote erreferentzia (2030ean aurreikusten da 30.000 milioi sentsore egongo direla interkonektatuta), eta horrek eremu fisikoko produktu edo objektuen segimendua egitea dakar, informazioa biltegiratuz eta tratatuz.

– Errealitate areagotua eta errealitate birtuala; simulazioak edo errealitate birtualak aukera ematen du produktu, prozesu eta makinen 3Dko ereduak sortzeko. Eremu fisikoa birtualki hainbat egoeratan birsortzean datza.

– Fabrikazio aditiboa; 3Dko eredu digitaletik abiatuta, molderik gabe, material-geruzak gehituz, objektu bat sortzen duten 3D inprimagailuei egiten dio erreferentzia. Horri esker, denbora gutxiago behar da eta merkeagoa da ereduak egitea, baita piezak konpontzea ere.

– Fabrikazio aditiboa robotikara aplikatuta.

– Robotika kolaboratiboa; adimen artifiziala robotei aplikatzeko urrats logikoa da, langile baten mugimenduak imitatu ahal izan ditzaten, elkarri modu seguruan eraginez eta sentsoreen informazioa integratuz, hala nola droneena.

– Errealitate mistoa; elkarrekintza fisiko eta birtualak eta ingurunea esperimentatzeko modu berri bat biltzen du, belaunaldi berriko detekzio- eta digitalizazio-teknologien sorta baten bidez. Mundu erreala birtualarekin konektatzea du xede, eta munduarekin 360 gradutan elkarrekintzan aritzeko aukera gehiago ematen ditu.

2.– Makineria eta/edo ekipamendua erosteko edo errentan hartzeko kostuak ez du, inola ere, merkatuko balioa gaindituko.

3.– Makineria eta/edo ekipamendua erosteak edo errentan hartzeak duen jasandako balio erantsiaren gaineko zerga diruz lagungarritzat joko da baldin eta indarreko zerga-araubidearen arabera berreskuraezina bada.

4.– Proiektuak ekipo bakarra har dezake barne, eta, kasu horretan, xede duen teknologiarako oinarrizkoa edo enborrekoa izan behar du. Halaber, posible da ondo funtzionatzeko osagarriak edo moduluak gehitzea. Hainbat ekipo ere egon daitezke, batera muntatuta instalazio bat osatzen badute; adibidez, murgilketa-gela bat, gela interaktibo bat, produkzio-kate bat...

5.– Eskatzaile bakoitzak eskabide bakarra egin ahal izango du, proiektu bakarrean.

6.– Makineriaren eta/edo ekipamenduaren erosketa eta kapitulu honetan xedatutako dirulaguntzen xede diren errentamendu-kuoten ordainketak 2021eko urtarrilaren 1aren eta 2021eko abenduaren 30aren artean egin behar dira.

Makineria eta/edo ekipamendua erosteko ordainketa agindu honetako 10.5 artikuluan justifikazio-kontua aurkezteko emandako epea amaitu aurretik gauzatu beharko da. Horren ildotik, benetan ordaindu dena hartuko da diruz lagundu daitekeen gastutzat.

26. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Eskabideak (I. eranskina) honako agiri hauekin batera aurkeztu beharko dira:

a) Proiektuaren aurkezpen-dokumentua. Gutxienez, honako atal hauek izan behar ditu:

– Proiektuaren deskribapen xehea eta proiektuak 4.0 inguruneetako teknologiak ezartzeko duen egokitasunaren justifikazioa.

– Proiektuaren ezarpenak ikastetxean izango duen irismena.

– Hasita edo hasteko dagoen beste proiekturen bati lotutako makineria- eta/edo ekipamendu-eskaerak.

– Eskatutako makineriarekin eta/edo ekipamenduarekin ezarriko den 4.0 teknologia erabiltzeko irakasleek izango duten prestakuntza-plana.

– Proiektuaren bidez ezarriko diren 4.0 inguruneetako teknologiak.

b) Proiektuaren laburpen-memoria (VI. eranskina).

27. artikulua.– Zenbatekoa eta emate-prozedura.

1.– Kapitulu honetan aurreikusitako dirulaguntzen zenbatekoa 1.700.000 eurokoa da.

2.– Onuradun bakoitzari emandako zenbatekoa gutxienez 18.000 eurokoa eta gehienez 150.000 eurokoa izango da.

3.– Kapitulu honetan jasotako dirulaguntzak emateko, norgehiagoka-prozedura erabiliko da. Horretarako, aurkeztu eta onartutako eskabideak erkatuko dira, haien artean lehentasun-hurrenkera ezartzeko, agindu honetako 28. artikuluan finkatutako irizpideei jarraituz. Dirulaguntzak agindu honen 2. eremuari esleitutako aurrekontu-kreditua agortu arte emango dira. Dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa onartutako inbertsioaren % 100 izango da, aurreko apartatuan ezarritako mugekin.

28. artikulua.– Balorazio- eta kuantifikazio-irizpideak.

Dirulaguntza hauen balorazio-irizpideak hauek izango dira:

1.– Aurkeztutako proiektuaren balorazioa (35 puntu, gehienez). Irizpide honetan, honako alderdi hauek baloratuko dira:

a) Proiektuaren deskribapen xehea eta proiektuak agindu honetako 25.1 artikuluan deskribatuta dauden teknologiak ezartzeko duen egokitasunaren justifikazioa (0 - 15 puntu).

b) Proiektuaren ezarpenak ikastetxean izango duen irismena (0 - 10 puntu).

Proiektuak ikastetxeko ikasle eta irakasleengan izango duen eragina baloratuko da, baita ikastetxeko sailetan eta Lanbide Heziketako zikloetan izango duena ere.

c) Hasita edo hasteko dagoen beste proiekturen bati lotutako makineria- eta/edo ekipamendu-eskaerak (0 - 5 puntu).

Eskatutako makineria eta/edo ekipamendua eskatzaileak hasita edo hasteko daukan beste proiekturen bati lotuta dagoen baloratuko da. Proiektua hasteko baldin badago, aurreikusitako ezarpen-epea adierazi behar da.

d) Eskatutako makineriarekin eta/edo ekipamenduarekin ezarriko den 4.0 teknologia erabiltzeko irakasleek izango duten prestakuntza-plana (0 – 5 puntu).

Proiektuaren bidez ezarri nahi diren teknologiak erabiltzeko irakasleek egin duten edo egingo duten prestakuntza-plana baloratuko da.

2.– Eskatutako makineriaren eta/edo ekipamenduaren bidez ezarriko diren 4.0 inguruneetako teknologiak (gehienez ere 26 puntu).

a) Errealitate mistoa, errealitate areagotua eta errealitate birtuala: 8 puntu.

b) Robotika kolaboratiboa. 7 puntu.

c) Fabrikazio aditiboa eta robotikara aplikatutako fabrikazio aditiboa. 6 puntu.

d) Internet industriala eta sistema ziberfisikoak: 5 puntu.

29. artikulua.– Justifikazioa.

1.– Kapitulu honetan xedatutako dirulaguntzen onuradunek justifikazio-kontuari dagozkion agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) VII. eranskina – Justifikazio-memoria ekonomikoa. Dokumentu horretan, errentamendu-kuoten fakturen eta/edo ordainketen zerrenda jasoko da, honako hauek adierazita: hornitzailea/finantza-erakundea, faktura-zenbakia/errentamendu-kontratuaren zenbakia, fakturaren jaulkipen-data/errentamendu-kontratuaren izenpetze-data eta errentamendu-kuoten/fakturen ordainketa-data.

Dirulaguntzaz gain, finantzaketaz ere baliatu badira jarduerak bai baliabide propioez bai bestelako dirulaguntzez edo baliabideez, justifikazio horretan, egiaztatu beharko da zenbatekoa, haren jatorria eta funts horiek diruz lagundutako jardueretarako erabili direla.

b) VIII. eranskina – Azken memoria, hauek adierazita, besteak beste:

– Egindako inbertsioaren azalpen laburra.

– Emaitzen ebaluazioa eta hobetzeko proposamenak.

2.– Eranskin horiekin batera, agindu honetako 10.2 artikuluan adierazitako gastuen egiaztagiriak aurkeztuko dira.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu honetan araututako laguntzek EBko Funtzionamendurako Tratatuaren 107.1 artikuluan ezarritako eskakizun guztiak betetzen ez dituztenez, ez dira estatuaren laguntzatzat hartzen; beraz, ez zaio Europako Batzordeari jakinarazpenik egin behar.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko azaroaren 9a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala