Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

228. zk., 2021eko azaroaren 17a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
5850

EBAZPENA, 2021eko urriaren 29koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez ingurumen-txosten estrategikoa egiten baita Arrasateko Hirigune Historikoa eta errebalak (Gipuzkoa) Birgaitzeko Plan Berezia berrikusteari buruz.

AURREKARIAK

2021eko maiatzaren 28an, Arrasateko Udalak eskabidea osatu zuen ingurumen-organoaren aurrean, Arrasateko Hirigune Historikoa eta errebalak Birgaitzeko Plan Berezia (aurrerantzean, Plana) berrikusteari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa eman zezan, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoari jarraikiz. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.

21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, 2021eko irailaren 28an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eragindako administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Legezko erantzun-epea amaituta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; izan ere, horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Arrasateko Hirigune Historikoa eta errebalak Birgaitzeko Plan Bereziaren berrikusketa abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aipatutako kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein plan eta programari aplikatu behar zaien ingurumen-organoaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera; edo planak edo programak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar dutela, ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, berau baita eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera. Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio adierazgarririk izan dezakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edo, bete behar ez badu, Plana garatzeko zer baldintza ezarri behar diren ingurumena behar bezala babestearren.

Hauek guztiak aztertu dira: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; eta 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Arrasateko Hirigune Historikoa eta errebalak Birgaitzeko Plan Berezia berrikusteari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, honela:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Planaren oinarria da 2000ko uztailaren 18an onartutako Birgaitze Integratuko Plan Berezia (aurrerantzean, BIPB) berrikustea; izan ere, plan horrek zenbait aldaketa izan ditu (testu bategina 2013an onartu zen). Hirigune Historikorako eta errebaletarako 24 arau-proposamen biltzen ditu.

Aipatutako BIPBn definizio hauek jasotzen dira:

– Monumentu-izaerako eraikinak (MI): hirian garrantzi handia duten eraikinak, balio arkitektoniko bereziak dituztelako.

– Izaera estrukturaleko eraikinak (IE): garrantzi bereziko balio arkitektonikorik izan ez arren, eraikitako ondarearen parte interesgarriak diren eraikinak; izan ere, elementu esanguratsuak dira tipologiaren ikuspuntutik, duten barne-banaketagatik, banaketa bertikaleko elementuen kokapenagatik, partzelan duten okupazio eta antolamenduagatik, edo beste edozein ezaugarri morfologikogatik.

– Oinarrizko izaerako eraikinak (OI): balio arkitektoniko, artistiko edo historiko esanguratsurik izan ez arren, eraikitako ondarearen parte interesgarriak diren eraikinak, tipologiaren edo ingurumenaren ikuspuntutik.

– Ingurumen-izaerako eraikinak (II): multzoari ingurumen-ezaugarriak ematen dizkioten eraikinak dira; izan ere, jatorrizko osaeraren, partzelaren eta altueraren inguruko oinarrizko parametroei (alegia, parametro zuzenei) erantzuten diete kontzeptualki. Salbuespen gisa, elementu arkitektoniko interesgarriak izan ditzakete.

– Ingurumen-baliorik gabeko eraikinak (IBG): balio arkitektoniko, artistiko edo historiko esanguratsurik gabeko eraikinak dira, baina beren oinarrizko konposizio-parametroak erabat zuzenak dira.

– BG eraikin desegokiak (BGD): eraikin hauen osaeraren, partzelazioaren eta altueraren inguruko ezaugarriak erabat desorekatuta daude dagokien arkitektura-multzoarekiko.

– Aldaketako lehen proposamena BIPBren eremuaren antolamenduari buruzkoa da. Bi eremu bereiztea proposatzen da:

– A01. Monumentu-izaerako eremua.

– A02. Errebalak eta eremuko gainerako guneak. Monumentu-izaerarik gabeko eremua.

– Beste zenbait arau-proposamen sartu dira, sotoei, olanei, begiratokiei eta/edo galeriei, zurgintzako materialari, beheko solairuko baoen osaerari, igogailuei eta zuntz optikoaren instalazioari eta abarri buruzkoak.

– Sotoei dagokienez, ezin da sotorik eraiki monumentu-izaerako, izaera estrukturaleko eta oinarrizko izaerako eraikinetan, baina bai ingurumen-izaerako eraikinetan, ingurumen-baliorik gabeko eraikinetan eta eraikin desegokietan. Nolanahi ere, ez da kontuan hartuko sotoen eraikigarritasuna, eta erabilera jakin batzuk baino ez dira baimenduko. Sotoetan garajeak erabiltzeko kasu zehatzean, horretarako baimena ematen da ingurumen-izaerako eraikinetan, ingurumen-baliorik gabeko eraikinetan eta eraikin desegokietan, betiere ibilgailuak garajera sartzeko bidea oinezkoen eremutik eta monumentu-multzo izendatutako eremutik kanpo egiten bada, eta arlo arkeologikoan indarrean dagoen araudia betetzen bada.

– Honako irizpide hauek ezartzen dira: partzelak multzokatzea, eraikinetan esku hartzea (profila, eraikigarritasuna, ordeztea, birgaitzea...), araudia betetzea eraikinaren katalogazioaren eta esku-hartze mailaren arabera, eta irisgarritasuna betetzea.

– Zangak noiz eta nola askatu arautzen da, titulartasun-aldaketetako edo jarduera berrien ezarpeneko hirigintza-egokitzapenerako eskakizunak ezartzen dira, eta lokalak erabiltzeko aukerak berrantolatzen dira, kokapenaren eta hiri-espazioaren arabera.

– Espazio libre gisa finkatzen dira denbora luzez (10 urte baino gehiago) eraiki gabe dauden partzela publiko zein pribatuak.

– Azkenik, zenbait proposamen daude eremu jakin batzuetarako:

– Iturriotz 13: baimendu egiten da partzelaren erabilera nagusia aldatzea: ekipamendu pribatuko erabilera izatetik, bizitegi-erabilera izatera; horretarako, hornidura-ekintza bat egingo da eta zenbait baldintza ezartzen dira.

– Zeharkale estalia 1 eta Erdiko kalea 11: udaletxe inguruko hirigune historikoko zuzkidura-partzelak berrantolatzen dira, administrazio-zerbitzua sendotzeko eta zuzkidurak dimentsionamendu handiagoa izan dezan.

– Iturriotz 29: bi alternatiba proposatzen dira: bat ez datorren eraikina egokitzea, edo kentzea.

– Arrasate pasealekua 6: bi aukera proposatzen dira: dagoen bolumenari eustea, fatxadaren konposizio-irizpideetara egokituta (planean ezarritako moduan), edo beheko solairuko eranskinaren zati bat eta goiko terraza kentzea, espazio libre pribatu bat sortzeko.

– Diruz lagun daitezkeen jarduerak eta birgaikuntzarako/kontserbaziorako laguntzak ezartzen dira.

– Zenbait alderdi, adibidez eremuaren edo haren sistema orokorren erabilera globala, ez dira aldatzen; eta, beraz, alderdi horietan indarrean dagoen egiturazko antolamendua betetzen da.

– Hirigintza-eraikigarritasunari dagokionez, Planak zenbait aldaketa proposatzen ditu, indarrean dagoen BPBan aitortutako hirigintza-eraikigarritasunaren antolamendua berrantolatzeko, baimendutako gehienekoa handitu gabe eta egungo eraikigarritasuna murriztuta.

Laburbilduz, plan bereziaren berrikuspenak indarrean dagoen plangintzaren aldaketa txikia dakar, eta babestutako eremu beraren barruko partzela-kopuru mugatu bati baino ez dio eragiten, eraikigarritasun osoa handitu gabe eta erabilera berriak ezarri gabe. Hau da: aldaketa horrek bizitegi-erabilera globalari eusten dio.

Ingurumen-dokumentuak hiru aukera aztertzen ditu. 0. alternatiba: gaur egungo dinamikari eustea, baina horrek ez ditu gustura uzten hirigune historikoko erabiltzaile/bizilagun batzuk, eta ez ditu eremuaren gaur egungo arazoak konpontzen. 1. alternatiba: gaur egungo antolamendua eta haren ondare-balioa desagerraraztea. Eta 2. alternatiba: hartutako aukera, zeinaren bitartez zenbait aldaketa egingo diren BIPBren indarreko araudian, gaur egungo beharrizan eta gorabeheretara egokitzeko. Azken hori da, hain zuzen ere, egingo dena, birpartzelazio-proiektuen, lanen eta/edo eraikuntzen bitartez.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokionez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Planak zenbateraino eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, bai eta hierarkizatuta daudenetan ere: Planak ez du lurzoruaren erabilera aldatzen, bizitegi-erabilerari eusten baitio. Aldatzen duen bakarra Birgaitze Integratuko Plan Bereziaren indarreko araudia da, finkatutako hiri-eremu baten gaur egungo beharrizanetara eta egoeretara egokitzeko. Gainera, Plana obra- edo eraikuntza-proiektuen bitartez garatuko da, eta, beraz, ondorioztatzen da ez duela eragin aipagarririk izango beste ezein plan edo programatan.

c) Plana egokia ote den ingurumen-arloan garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barne hartzeko: Plana egokitzat jotzen da garapen jasangarria sustatzeko irizpideak barnean hartzeko. Ez da artifizializatu gabeko lurzoru berririk okupatu beharko, lehendik dauden hiri-garapenetan eragiten baitu. Eraikinak birgaitu eta ordezteko ekintzek energia aurreztera eta energia-efizientzia lortzera bideratutako jardunbideak ahalbidetuko dituzte.

d) Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman Plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, baldin eta eragindako eremuan egiten diren esku-hartzeak eta jarduerak, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, lurzoru kutsatuei, hondakinen kudeaketari, kutsadura akustikoari eta, batez ere, kultura-ondarearen babesari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira.

e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europako nahiz Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.

2.– Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak:

Planaren lurralde-eremua Arrasateko hirigune historikoa eta errebalak dira, eta, arestian adierazitako moduan, bi eremu bereizten dira: A01 eremua, monumentu izendatutako eremuarekin bat datorrena (otsailaren 11ko 26/1997 Dekretua, zeinaren bitartez onartu baitzen Arrasateko Hirigune Historikoa Monumentu Multzo kategoriako Kultura Ondasun izendatzea); eta A02 eremua, monumentu-izaerarik gabeko eremua.

Ondare arkeologikoari dagokionez, kontuan hartu behar da Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen 1997ko irailaren 4ko Ebazpena, zeinaren bitartez Arrasateko (Gipuzkoa) Balizko Arkeologia Guneen Izendapena egiten baita (1997ko irailaren 29ko EHAA, 185. zk.). 1997ko azaroaren 21ean, ebazpen bidez, hasiera eman zitzaion Arrasateko Hirigune Historikoko Gune Arkeologikoa, Monumentu Multzo kategoriarekin, gehitzeko espedienteari. Gune horren mugak Erdi Aroko herriguneari dagozkionak dira. Ondoren, 1998ko otsailaren 12ko Aginduarekin bat etorrita, Arrasateko Hirigune Historikoko Gune Arkeologikoa Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Orokorrean sartu zen, Monumentu Multzo kategoriako Kultura Ondasun gisa.

Eremua hiri-inguru artifizializatu batean dago, oso berdegune gutxirekin. Jarduketa-eremuan, eremu urbanizatuetako landaredia erruderal-nitrofiloa da nagusi.

Aramaio ibaia lurpean doa Planaren eremuaren iparraldetik eta ekialdetik, eta Deba ibaian isurtzen ditu urak, eremua baino beherago.

Eremuan ez dago ez naturagune babesturik, ez korridore ekologikorik, ez interes geologikoko lekurik. Halaber, ez du bat egiten beste katalogo batzuetako eremuekin (ez EAEko naturagune garrantzitsuen katalogo irekiko eremuekin, ez Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetako interes naturalistikoko eremuen zerrendakoekin), ez eta Plan Hidrologikoko Gune Babestuen Erregistroko elementuekin ere.

Ingurumen-arriskuei dagokienez, kutsagarriak izan daitezkeen jarduerak izan dituzten lurzoruen inbentarioan sartutako sei partzela daude eremuan (20055-00063, 20055-00054, 20055-00053, 20055-00039, 20055-00041, 20055-00042), denak ere industrialak. Ingurumen-dokumentu estrategikoan jasotako informazioaren arabera, 20055-00042 0042 partzela, Malako Arrabala kaleko 31. zenbakian dagoena, inbentariotik kanpo geratu da, Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2020ko uztailaren 21eko ebazpenarekin bat etorriz. Gainera, Planaren eremua akuiferoak kutsatzeko arrisku handikoa da.

Planaren eremua ez dator bat uholde-arriskuko eremuekin.

Arrasateko udal-mugarteko zarata-maparen arabera, planaren eremuan, gaur egun gainditu egiten dira Euskal Autonomia Erkidegoko bizitegi-eremuetako hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuak ezarritako kalitate akustikoaren helburuak, Otalora Lizentziatuaren kalearekin muga egiten duen iparraldeko eremuan.

Proiektatutako jarduketak eta Planaren eraginpeko eremuaren ezaugarriak kontuan hartuta, hasiera batean, uste da ingurumen-baldintzatzaile garrantzitsuenak arlo hauei buruzkoak direla: ondare historiko-arkitektonikoari eta arkeologikoari buruzkoak, akuiferoen kutsaduragatiko kalteberatasun handiaren inguruko arriskuei buruzkoak, eta kutsagarriak izan daitezkeen jarduerak jasan dituzten lurzoruen inbentarioan sartutako partzelek eragindako arriskuei buruzkoak.

Ondare historiko-arkitektonikoari eta arkeologikoari dagokionez, Planaren araudi-proposamenen artean jasotzen da «Araudia betetzeko irizpideak ezartzea, eraikinaren katalogazioaren eta esku-hartze mailaren arabera»; gainera, Planak, arau-proposamen bakoitzerako, ondarearen babesa bermatzeko baldintzak ezartzen ditu, eta, nolanahi ere, Plana behin betiko onartzeko, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak txosten loteslea eman beharko du.

Zenbait jarduketa egiteak (esate baterako, soto berriak egitea, edo bat ez datozen edo antolamenduz kanpo dauden elementuak eraistea) ondorioak izango ditu obra-fasean; besteak beste, lur-mugimendu txikiak, hondakinak sortzea, isuri atmosferikoak eta akustikoak, jariatze-uren kalitatea murriztea, zoruak eta lurpeko urak ustekabeko isurketengatik kutsatzea eta abar. Era berean, obrek irauten duten bitartean, kultura-ondareari eragiteko arriskua egongo da, eta gauza bera gertatuko da lurzorua kutsa dezaketen jarduerak izan dituzten edo dituzten partzelekin ere.

Ondorioz, ingurumen-dokumentu estrategikoak planteatzen dituen neurri zuzentzaileak eta jasangarritasunaren aldekoak aplikatuta, eta aurrerago zehazten diren neurri prebentibo, babesle eta zuzentzaileak ere aplikatuta, ez da espero jarduketek ingurumenean ondorio adierazgarririk izango dutenik, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean aurreikusitakoari jarraikiz.

3.– Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Arrasateko Hirigune Historikoa eta errebalak (Gipuzkoa) Birgaitzeko Plan Bereziaren berrikusketari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira Planean.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dauden arauen arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Planean bertan adierazitakoaren arabera.

Kultura-ondarearen babesa bermatzeko neurriak.

Gune Arkeologiko honetan egin beharreko jarduketa edo obra orok Gipuzkoako Foru Aldundiaren baimena izan beharko du, proiektu arkeologikoa aurkeztu ondoren.

Otsailaren 11ko 26/1997 Dekretuan (zeinaren bitartez onartu baitzen Arrasateko Hirigune Historikoa Monumentu Multzo kategoriako Kultura Ondasun izendatzea) ezarritako zehaztapenak bete beharko dira.

Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 35. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistroan inskribatutako kultura-ondasun bat deklaratzeko balioei eragiten dien edozein esku-hartze gauzatu aurretik, proiektu tekniko espezifiko bat beharko da, ondasunaren izaerarekin eta esku-hartzearen izaerarekin bat datorrena. Proiektu hori ondasunaren titularrak aurkeztu beharko du, Gipuzkoako Foru Aldundian kultura-ondarearen arloan eskumena duen sailak onar dezan. Hain zuzen ere, sail horrek zehaztuko ditu egin beharreko jarduketak. Hori guztia, maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 46.2 apartatuan xedatutakoa alde batera utzi gabe.

Jarraipen arkeologikoa egingo da, indusketa-lanak egiten diren bitartean. Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritako gainerako betebeharrak gorabehera, jarduketak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, berehala jakinaraziko zaio kultura-ondarearen arloan eskumena duen Gipuzkoako Foru Aldundiko sailari, eta hark erabakiko du zer neurri hartu.

Gainera, kontuan izan beharko dira 1998ko otsailaren 12ko Aginduaren zehaztapenak. Agindu horren bitartez, Arrasateko Hirigune Historikoko Gune Arkeologikoa Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Orokorrean sartu zen, Monumentu Multzo kategoriako Kultura Ondasun gisa.

Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko neurriak.

Planaren eremuan lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioko kokalekuak daude. Horrenbestez, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23.1 artikuluak xedatzen duena betez, arau horretan adierazitako egoeraren bat gertatzen bada, ingurumen-organoak ebazpen bidez adierazi beharko du lurzoruaren kalitatea, aipatutako ekainaren 25eko 4/2015 Legeak araututako prozedurari jarraikiz.

Lege horren 23.2 artikuluaren arabera, 23.1 artikuluan jasotako ekintzaren baten ondorioz egin behar diren lur-mugimenduak egiteko, hondeaketa selektiborako plan bat onartu beharko du aldez aurretik autonomia-erkidegoko ingurumen-organoak, lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpenaren prozeduraren esparruan.

Beste neurri prebentibo eta zuzentzaile batzuk.

Bestalde, Planetik eratorritako obra-proiektuak gauzatzean aplikatuko diren neurriak loturik egongo dira obren arloko, lur eta soberakinen kudeaketaren arloko, hondakinen sorkuntza eta kudeaketaren arloko, induskatutako lurzoruen kontrolaren arloko eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearen arloko jardunbide egokien eskuliburuarekin. Besteak beste, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek bete beharko dira Planetik eratorritako obrak gauzatzeko:

– Kultura-ondarea babesteari dagokionez, aurreko paragrafoetan zehaztutakoak.

– Hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak.

Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuaren arabera kudeatuko dira sortutako olio erabiliak.

Obretan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

Kutsadura-arrastoren bat izan dezaketen lur susmagarriak aurkitzen badira, Arrasateko Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari eman beharko zaie egoera horren berri, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

– Lurzoruaren eta lurpeko uren babesa: neurri prebentibo eta zuzentzaileak ezarriko dira obra-faserako, ustekabeko isuriek eragindako eraginak saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea, eta abar).

– Obretako zarata: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Obrak egunez egingo dira.

– Kamioiek obrara sartzeko eta handik irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

– Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriago baterako behar diren ezaugarriei dagokienez, «EAEko etxebizitzen eraikuntza jasangarriaren gida» dokumentuan jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, honako alderdi hauetan eragin beharko dute:

– Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

– Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortzen den energiaren kontsumoa eta/edo sorkuntza murriztea.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez badira–, ez dela aurreikusten Arrasateko Hirigune Historikoa eta errebalak Birgaitzeko Plan Bereziaren berrikusketak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Arrasateko Udalari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarra galduko du eta berezko dituen ondorioak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Arrasateko Hirigune Historikoa eta errebalak Birgaitzeko Plan Bereziaren berrikusketa onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko urriaren 29a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala