Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

218. zk., 2021eko azaroaren 3a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
5578

EBAZPENA, 2021eko urriaren 7koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Lezon (Gipuzkoa) kokatuta dagoen Jaizkibelgo II. Dorrea sendotu, berrerabili, gizarteratu eta hari balioa emateko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena.

AURREKARIAK

Lezoko Udalak Jaizkibelgo II. Dorrea sendotu, berrerabili, gizarteratu eta hari balioa emateko proiektuari buruzko eskabidea osatu du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, ingurumen-inpaktuaren txostena lortzeko, haren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren baitan, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluarekin eta hurrengoekin bat etorriz.

21/2013 Legearen 46. artikulua aplikatuta, 2021eko uztailaren 7an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei. Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri jarri zen Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdunek aukera izan zezaten ingurumen-arloan egoki iritzitako oharrak egiteko.

Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, txostenak jaso dira zenbait erakunderen aldetik, eta haien emaitza espedientean dago adierazita.

Jasotako txostenak aztertuta eta aurretiazko egiaztapenak eginda, egiaztatu da ingurumen-organoak behar beste judizio-elementu dituela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; izan ere, horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2.b) artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren xede izango dira, besteak beste, aipaturiko legearen I. eranskinean eta II. eranskinean ageri ez diren arren, Natura 2000 Sareko gune babestuetan nabarmen eragin dezaketen proiektuak. Lezoko (Gipuzkoa) udal-mugartean kokatuta dagoen Jaizkibelgo II. Dorrea sendotu, berrerabili, gizarteratu eta hari balioa emateko proiektua kasu horretan dago. Horrenbestez, ingurumen-ebaluazioaren arloan indarrean den legeria aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egin behar zaio proiektu horri. Bertan zehaztuko da proiektuak ingurumenaren gaineko ondorio nabarmenak dituen ala ez eta, beraz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatu behar zaion ala ez.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-agiria zuzena dela eta bat datorrela indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiekin, ingurumen-inpaktuaren txosten hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, bera baita horretarako eskumena duen organoa, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera. Txosten horretan, proiektuak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren proiektua garatu eta ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Lezoko (Gipuzkoa) udal-mugartean kokatuta dagoen Jaizkibelgo II. Dorrea sendotu, berrerabili, gizarteratu eta hari balioa emateko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egitea, honako puntu hauen arabera.

A) Proiektuaren xedea da defentsarako eta helburu militarretarako eraikitako II. Dorreari balioa ematea. Horretarako, dorrearen hormak birgaituko dira eta barne-egitura bat eraikiko da, bisitak hara sartu ahal izan daitezen.

B) Ebazpen honetan, zeinaren bitartez aipatutako proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena ematen baita, ingurumen-dokumentuaren edukia aztertzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideen arabera:

1.– Proiektuaren ezaugarriak.

Jaizkibel mendikatearen gailurreko lerroan sei dorre eraiki ziren azken Karlistadan (1872-1876), eta, horietatik, bosten hondarrak ikus daitezke oraindik (horietatik hiru, Lezoko udal-mugartean).

Proiektuaren xedea II. Dorrea sendotu eta zaharberritzea da; hain zuzen ere, dorre hori da ondoen kontserbatzen dena, % 80-90 inguruko portzentajean mantentzen baitu jatorrizko itxura. Defentsarako eta helburu militarretarako egindako eraikin-mota espezifiko honen adibiderik nabarmenenetakoa da. Gaur egun ezin da sartu II. Dorrearen barrualdera, ez eta gainerako dorreetara ere.

Proiektuaren lehenengo fasean, eraikina zaharberrituko da, eta, zehazki, ekintza hauek egingo dira:

– Dorrearen sarrera egokitzea, beharrezkoak diren materialak eta makinak garraiatzeko.

– Eremua garbitzea eta sastrakak kentzea.

– Dorrearen barrualdean dauden hondakinak kentzea.

– Eraikinaren egitura zaharberritzea, harlangaitzezko eta harlanduzko hormen gainazala garbituz, junturak tratatuz eta harlandua jarriz falta den lekuetan.

Inpakturik handiena lan jakin batek eragin dezake: errepidean, dorrearen ondoko obrako plataformaren sarbidea egokitzeko lanak, hain zuzen ere. Sarbidea GI-3440 errepidearen (Hondarribirako norabidean) eskuinaldeko plataforma batetik abiatuko da, eta obrako kanpamentu gisa erabiliko da. Sarbide horrek, aurreneko 140 metroetan, ez du egokitzapenik beharko. Hurrengo 50 metroetan, ibilbide luzeko GI-131 mendi-bidea (Talaia eta Donejakue Bidea) erabiliko da, makineria igarotzeko egokitua. Modu horretan, ez zaio kalterik egingo, edo gutxienez ahalik eta kalte txikiena egingo zaio, trazatuaren alde honetako mendi-bidearen alde bietan dagoen ameztiari/baso mistoari. 50 metroko hasierako tarte hori gainditu ondoren, sarbidea mendi-bidearekiko paraleloan joango da 215 metroko luzeran, eta gainean dagoen bidegurutze batek bi azpitartetan banatuko du tokia, II. Dorrearen ondoko obrako plataformara iritsi arte.

Bigarren fasean, barne-egitura eraikiko da, eta horrela sartu ahal izango da dorrera eta haren zabaltzara. Hain zuzen ere, ekintza hauek egingo dira bigarren fasean:

– Altzairu herdoilgaitzezko profil ijeztuz osatutako barne-egitura bat sortzea. Egitura hori independentea izango da dorrearen hormekiko.

– Plataformak sortzea barne-egituraren gainean.

– Bi eskailera jartzea. Bata kanpokoa izango da, kanpoaldetik dorrearen lehen solairura igotzeko; eta bestea, berriz, barrukoa: bigarren hori helikoidala izango da, eta hortik igo ahal izango da zabaltzara.

Obrek 4 eta 6 hilabete arteko iraupena izango dutela uste da. Lanak ez lirateke udan egin beharko, orduantxe egoten baita jende gehien Donejakue Bidean eta Talaia bidean. Erabiltzaile gutxien dagoen ordu-tarteetan garraiatuko dira materialak bidetik, eta gauza bera makinen joan-etorriei dagokienez ere; hau da: goizeko lehen orduan (goizeko 08:00etatik 10:00etara) eta lanaldiaren azken orduan (18:00etatik 20:00etara).

Ingurumen-dokumentuak obraren eraginpeko lurra eta landaredia lehengoratzeko proiektuaren oinarrizko baldintzak ezartzen ditu. Ingurumen-dokumentuak adierazten du ingurumena eta paisaia lehengoratzeko proiektua KBEaren organo kudeatzailean egin eta aurkeztuko dela.

2.– Proiektuaren kokapena.

II. Dorrea Jaizkibel mendiaren gailurrean dago, gutxi gorabehera 353 metroko altueran. I. Dorrearen (Pasaia) ekialdean dago, harengandik 1.230 metro ingurura; eta III. Dorrearen (Pasaia/Lezo) mendebaldean, harengandik 1.170 metrora. II. Dorrea 2.053.1 zenbakiko OPMan dago.

Harengandik hurbil igarotzen da ibilbide luzeko GR-121 mendi-bidea, euskal kostaldeko GR-rik jendetsuenetakoa. Ibilbide beretik igarotzen da Talaia izeneko ibilbidearen lehen etapa, bai eta Donejakue Bidearen zati bat ere. GI-3440 errepidea, Lezo-Pasaia eta Hondarribia lotzen dituena, Jaizkibel mendiaren gailurrarekiko paraleloan igarotzen da iparraldeko isurialdean, dorretik 140 metro ingurura lerro zuzenean.

II. Dorrea Monumentu Multzo kategoriako Kultura Ondasun gisa dago inskribatuta Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Orokorrean, Eusko Jaurlaritzako Kulturako sailburuaren 1994ko urriaren 21eko Aginduaren arabera (1994ko azaroaren 8ko EHAA, 212. zk.). Prebentzio-neurri gisa, eta Euskal Kultura Ondarearen Legea aplikatuz, Aranzadik esku-hartze arkeologikorako proiektu bat idatzi du (2019), Gipuzkoako Foru Aldundiak 2020ko urtarrilaren 9ko Foru Aginduaren bidez baimendutakoa, eta dagokion zundaketa arkeologikoa egin da. Horren arabera, ondorioztatu da jarduketa hau bateragarria dela.

Beste alde batetik, proiektua Natura 2000 Sareko Jaizkibel Kontserbazio Bereziko Eremuan (2120017 KBE) egingo da. Proiektuak ez du lotura zuzenik lekuaren kudeaketarekin; beraz, behar bezala ebaluatu behar da zer ondorio izan ditzakeen Jaizkibel KBEan, zehazteko ea proiektuak eragin nabarmena izan dezakeen leku horretan, bai banaka, bai beste plan edo proiektu batzuekin batera.

Jaizkibel KBEa (ES2120017) ekainaren 4ko 357/2013 Dekretuaren bidez izendatu zen. Horren bitartez, Ulia (ES2120014) eta Jaizkibel (ES2120017) Kontserbazio Eremu Berezi gisa izendatu ziren, eta eremu horiek kontserbatzeko neurriak ere onartu ziren (2013ko azaroaren 25eko EHAA, 224. zk.). KBEa Pasaia, Lezo eta Hondarribiko udalerrietan hedatzen da, eta Jaizkibel mendiaren iparraldeko isurialdea eta hegoaldeko isurialdearen zati bat hartzen ditu, Pasaiako bokaletik hasi eta Higer lurmuturraren inguruetaraino.

Hauek dira Dekretuan aipatzen diren arrazoietako batzuk, tokia Natura 2000ren parte izendatzeko: itsasertzeko labarrak ditu eta ingurune gazi eta haizetsuko belar-komunitateak eta frutikosa-komunitateak ditu, baita flora kasmofitiko silizikolako espezie batzuk ere; mikrohabitat ugari ditu, non bizi baitira EAEn oso arraroak diren espezieak; inguru honetan itsas hegazti asko daude, tartean habiagile arraroak ere bai, eta, gainera, hegaztien migraziorako inguru interesgarria da. Landare-formazio naturalek eta erdinaturalek azaleraren % 71 hartzen dute; gehienak belardi- edo sastraka-eremu irekiak dira. Hala ere, lursailaren ia % 25ean, zuhaitz-espezie aloktonoen landaketak daude. 942,11 ha-ko azalera (KBEaren % 38) Batasunaren intereseko habitatek okupatzen dute, eta horietatik bost lehentasunezko habitatak dira, nahiz eta horietako batzuek presentzia urria duten KBEan.

3.– Balizko inpaktuaren ezaugarriak.

Uste da proiektuaren ondoriozko inpaktuak obra gauzatzeko fasean pilatuko direla; hain zuzen ere, ekintza hauek egiterakoan:

– Landaredia moztea eta sastrakak kentzea.

– Lur-mugimenduak.

– Makinen mugimenduak.

– Pilaketek eta obra-elementuek espazioa okupatzea.

– Hondakinak sortzea.

– Soberakinak sortzea.

Alde horretatik, proiektuaren eragin-eremu bat ezartzea erabaki da, eta gune hauek sartuko dira bertan:

– 3 metroko zerrenda, sarbidearen ardatzaren alde banatan, nahiz eta zuzeneko eragina 4 metro inguruko zabalerara mugatuko den.

– Materialak pilatzeko plataforma, jasogailua eta II. Dorrearen inguruko egiturak.

Ustiapen-fasean, zaharberritutako II. Dorreak ez du eragin negatiborik sortuko, salbu eta bisitarien jokabidearen ondoriozkoak (hondakinak sortzea edo landareengan eragin ditzaketen ondorio puntualak, hain zuzen ere). Gainerakoan, ez da aurreikusten hondakin-urik sortuko denik funtzionamendu-fasean.

Proiektuaren inpaktuaren ebaluazioa, batez ere, Jaizkibel KBEan kontserbatu beharreko habitat eta espezieen gaineko eraginetan oinarritzen da; izan ere, gerta daitezkeen eraginak dira. Alde horretatik, eragin handiena izan dezakeen jarduketa obrarako sarbidea egitea da (GI-3440 errepidetik). Ekintza horren ondorioz, eremuko landaredia moztu eta sastrakak kendu beharko dira. Hain zuzen ere, hauek dira landaredia nagusiaren habitatak: 9230 (ameztia/hostozabalen baso mistoa, zenbait ordezkapen-etapatan), 4030 (txilardia/otadia) eta 6230* (belardi silikolak). Habitat horiei lotutako espezieak, inguru horretan egon daitezkeenak, honako hauek dira: Schreiber muskerra (Lacerta schreiberi), antzandobi arrunta (Lanius collurio) eta etze-txinboa (Sylvia undata), denak ere LESRPEn (Babes Bereziko Araubidean dauden Basaespezieen Zerrenda) sartutakoak; gainera, Schreiber muskerra Espezie Mehatxatuen Euskal Autonomia Erkidegoko Katalogoan ere badago, «interes berezikoak» kategorian.

Proiektuak habitat horietan duen eragina baloratzeko, ingurumen-dokumentuak jarraibide hauek aplikatu ditu: «Natura 2000 Sarean ingurumen-inpaktua ebaluatzeko gida metodologikoa. Biodibertsitatearen eta Natura Ingurunearen Zuzendariordetza Nagusiak erabilitako irizpideak, zeintzuen bitartez zehazten baita Natura 2000 Sareko espazioen osotasunari eragindako kaltea, Batasunaren intereseko habitatei eragiteagatik» (MITECO, 2019).

«Azalera absolutuaren galera» parametroari dagokionez (9230 BIHaren 1.094 m2; 4030aren 897 m2; 6230*-aren 723,8 m2), ez da inola ere iristen aipatutako gida metodologikoan ezarritako gutxieneko atalasera. «Azalera erlatiboaren galera» parametroaren kasuan (% 0,09koa, 9230 BIHrako; eta % 0,10ekoa, 6230* BIHrako) ere ez da gainditzen % 1ean ezarritako atalasea, 4030 BIHan izan ezik (% 2,24). Azken horri dagokionez, ingurumen-dokumentuak adierazten du Jaizkibel KBEko 4030 BIHren azalera osoaren datua, EAEko Batasunaren intereseko habitaten maparen arabera (1.10.000 eskalan), benetako azalera baino txikiagoa dela; izan ere, kartografia horretan 4040 BIH (Erica vagans itsasertzeko txilardiak) gisa kategorizatutako formazioak, egiaz, 4030 BIHkoak dira, eta, beraz, KBEko habitat horren azalera kontabilizatutako 4 ha-k baino apur bat handiagoa izango litzateke. Zehaztapen hori bat dator kostaldeko habitaten karakterizazioaren eta jarraipenaren emaitzekin; bereziki, kostaldeko txilardiei dagokienez (4040 BIH). Aipatutako karakterizazioa eta jarraipena Aranzadiko botanika atalak egin zuen 2018an, Eusko Jaurlaritzarentzat.

«Kontserbazio-egoerak okerrera egiteko aukera» parametroari dagokionez, eremuan dauden Batasunaren intereseko habitaten gaineko eragina ez da nabaria, kontuan hartuta KBEan gaur egun duten adierazgarritasun eskasa eta kontserbazio-egoera. Gainerakoan, hauek dira obra-fasean gerta daitezkeen beste inpaktu batzuk: lurpeko urak kutsatzeko arriskua, oso zaurgarritasun handiko eremuan izandako istripuen eta isurien ondorioz; paisaiaren gaineko inpaktua, bisualki hauskorra delako eta gailurretik igarotzen den mendi-bidean jende asko egon ohi delako; hautsa eta partikulak isurtzea, eta obra-hondakinak sortzea. Inpaktu horiek aldi baterakoak izango dira, eta itzulgarriak edo berreskuragarriak dira.

Bigarrena.– Ebazpen honetan, neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Lezoko udal-mugartean kokatutako Jaizkibelgo II. Dorrea sendotu, berrerabili, gizarteratu eta hari balioa emateko proiektuan ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

Neurri babesle eta zuzentzaileak gauzatzean, honako hauetan ezarritakoa bete beharko da: indarrean dagoen araudian xedatutakoa, hurrengo apartuetan adierazitakoa, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren aurrean aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa.

Neurrien norainokoa eta kontrolerako langile kopurua egokiak izan beharko dira ingurumen-agirian eta ingurumen-txosten honetan ezarritako kalitate-helburuak bermatzeko.

Neurri horiek guztiak obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Gainera, obretako jardunbide egokiak ere aplikatuko dira.

Honako apartatu hauetan adierazten diren neurriak gehitu beharko dira:

1.– Natura-ondarea babesteko neurriak.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritzak Jaizkibel KBEaren organo kudeatzaile gisa ezarri beharreko neurri babesle eta zuzentzaileak alde batera utzi gabe, honako neurri hauek hartuko dira:

– Obrak ez dira egingo proiektuaren eraginpeko eremuan egon daitezkeen espezieentzat erabakigarriak diren garaietan, baizik eta garai horietatik kanpo.

– Ingurumen-dokumentuan aurreikusten den bezala, obra hasi aurretik, basa-faunan aditua den pertsona batek prospekzio bat egingo du espezie zaurgarrietako animaliarik ote dagoen antzemateko, eta, halakorik badago, behar diren neurriak hartuko dira, bermatu ahal izateko espezie horiek ez direla kaltetuko obrek irauten duten bitartean.

2.– Paisaia babesteko eta ukitutako eremuak lehengoratzeko neurriak.

– Paisaia integratzeko lanak proiektuaren ondorioz ukitutako gune guztietan egingo dira (aldi baterako pilaketa-eremuak eta lurzoru-okupazio guneak, sarbideak, obrako instalazio osagarriak, eta abar).

– Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzaren txostenean adierazten den bezala, KBEa kudeatzen duen organoak (Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritzak) aurreikusita eta baliozkotuta izan beharko luke lehengoratze-plana, gutxienez planteamendu orokorrari dagokionez eta obrak hasi baino lehen, hargatik eragotzi gabe, egin daitezkeen zuinketen ondorioz, doikuntzak egin ahal izatea obretan. Proiektu horretan, eragindako eremuetan erabili beharreko espezieak eta landaketa-esparruak zehaztuko dira, eskala egokiko kartografian islatuta.

– Baldintza-agiriak eta obra kontratatzeko aurrekontuek berariaz adierazi beharko dute zeintzuk diren eragindako azalerak lehengoratzeko baldintza teknikoak eta aurrekontu-partidak, proposatutako jarduerak behar bezala betetzen direla bermatzeko. Aurrekontuan, hutsarteak betetzeko eta landareak behin betiko errotzeko behar diren mantentze-lanetarako partida bat jasoko da.

– Landare-espezie exotiko inbaditzaileak ez agertzeko eta ez hedatzeko kontrol-neurriak, ingurumen-dokumentuan proposatutakoak, egokiak izango dira. Nolanahi ere, erauzi egingo da jarduketa-eremuan detektatzen den edozein espezie inbaditzaile.

3.– Hondakinak kudeatzeko neurriak.

– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.

– Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira ezabatu: behar bezala frogatzen bada hondakinak balorizatzea bideraezina dela teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik.

– Espresuki debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

– Zabortegira bidali beharreko hondakinak, berriz, Hondakinak hondakindegietan utziz desagerraraztea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuan eta Hondakinak hondakindegietan utziz eta betelanak eginda desagerraraztea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira. Soberakinik badago eta betelanerako erabiltzeko badira, otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan zehaztutako baldintzak bete beharko dituzte.

– Gune jakin bat egokituko da aldi batez hondakin arriskutsuak pilatzeko; hala nola, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

– Dorrearen ustiapen-fasean, bisitarien kopurua handitu egingo da Jaizkibelgo eremu horretan, eta, beraz, bermatu beharko da hondakinak gaika bilduko direla eta dorrearen ingurua aldizka garbituko dela, jende-kopuru horri egokitutako maiztasunarekin.

4.– Airearen kutsadura murrizteko neurriak.

– Aldian-aldian, sarbideak garbituko dira, bai eta atzemandako hauts-emisioen arabera ureztatuko ere. Sarbideak baldintza onenetan mantenduko dira une oro.

– Ez da hondarrik erreko, ez eta beste inolako materialik ere.

5.– Garbiketa eta obren akabera.

Obra bukatu ondoren, garbiketa zorrotz bat egingo da; proiektuak ukitutako eremua batere obra-hondakinik gabe utzi beharko da, eta aldi baterako instalazio guztiak desegingo dira.

Ingurumen-dokumentuan proposatutako gainerako neurri babesle eta zuzentzaileak, natura-ondarea eta paisaia babesteari buruzkoak eta uren, lurzoruaren eta airearen kutsadura prebenitzeari buruzkoak, bai eta hondakinak kudeatzeari buruzkoak ere, egokiak dira.

Hirugarrena.– Ingurumena Zaintzeko Programa gauzatzerakoan, sustatzaileak proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa bete beharko da, eta ondoren zehaztuko diren beste kontrol hauek ere erantsi beharko zaizkio.

Programa horrek obra kontratatzeko baldintzen agirian sartuta geratu behar du, eta bete ahal izatea bermatzeko beharrezko aurrekontua izango du.

Organo substantiboak aurkeztutako dokumentazioan proposatutako Ingurumena Zaintzeko Programa alde batera utzi gabe, honako baldintza hauek hartu beharko dira kontuan:

1.– Gorabeheren erregistroa:

Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, bai eta neurri babesle eta zuzentzaileak zenbateraino bete diren jasotzeko erregistroa ere. Erregistro horrek eskuragarri egon beharko du, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak ikuska dezan. Proiektua gauzatzean aldaketarik egin bada, aldaketa horiek xehetasunez adierazi beharko dira. Ingurumenean duten eraginaren ikuspegitik justifikatu behar dira aipatutako aldaketak. Horri dagokionez, obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txosten osoa egin beharko da, eta indarrean dagoen legediak hondakinen kontrolerako, jarraipenerako eta onarpenerako jasotzen dituen agiriak erantsi beharko dira txosten horretan.

2.– Lanen okupazio-mugen kontrola:

Egindako okupazioa proiektuko aurreikuspenekin bat datorrela egiaztatuko da, eta obrek ez dute aurreikusitako azalera baino eremu handiagoa hartuko.

3.– Lehengoratzea ongi egin den kontrolatzea:

Obra amaitu ondorengo urtean, aldizkako jarraipena egingo zaio proiektuaren eraginpeko eremuen lehengoratzeak izan duen arrakasta-mailari.

Laugarrena.– Lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta betiere ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak planteatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez badira–, ez da aurreikusten ingurumenean eragin negatibo esanguratsurik sortuko denik proiektua gauzatzearen ondorioz. Hori dela eta, ez da beharrezkotzat jotzen, Jaizkibelgo II. Dorrea sendotu, berrerabili, gizarteratu eta hari balioa emateko Lezoko Udalak sustatuko proiektuari dagokionez, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea.

Bosgarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Lezoko Udalari.

Seigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua ematea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.4 artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txostena indargabetu egingo da, eta utzi egingo dio ondorioak izateari, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren gehienez ere lau urteko epean ez bada proiektu hori baimendu. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko urriaren 7a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala