Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

216. zk., 2021eko urriaren 29a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
5543

EBAZPENA, 2021eko urriaren 18koa, HABEko zuzendariarena, zeinaren bidez, udalen edo udal erakundeen menpeko euskaltegiei, udal titularitateko euskaltegi publikoei, 2021-2022 ikasturteko dirulaguntzen onuradun izateko ikastaro bakoitzaren hasieran talde bakoitza kokatua dagoen herriaren neurriaren arabera izan behar duten gutxieneko ikasle-kopurua aldatzen baita.

Uztailaren 22ko 179/2003 Dekretuak, helduentzako euskararen irakaskuntza burutzen duten euskaltegien eta beste zentro homologatuen jarduera eta horien finantzaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren aldetik arautzen duenak, bere 16. oinarrian ezarria dauka HABEk dirulaguntza emango duela, bere aurrekontu-bitartekoen muga barruan, Erregistroan inskribaturik dauden euskaltegi eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuak finantzatzeko, helduen euskalduntzegintzan jardunez, HABEk jarritako helburuak lor daitezen, HABEren zuzendari nagusiak ikasturte akademiko bakoitzaren hasieran dirulaguntzen deialdia egingo duelarik.

Ildo horretatik, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak 2021-2024 epealdiko Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartzen duen 2021eko otsailaren 18ko Aginduaren bitartez, Hizkuntza Politika alorrean 6. helburu estrategiko bezala helduen euskalduntzea bultzatzea aurreikusten du, «47130 euskaltegi pribatu eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuei zuzendutako dirulaguntzak» kodea duen ekintza-atalean.

Bestalde, XII. Legegintzaldi honetako Gobernu Programaren 118. Konpromisoaren 5. ekinbidean jasota dago helduen euskalduntze-sistemaren finantzazioa indartzea eta handitzea, irakasleen lan-baldintzak hobetzeko euskaltegien finantziaziorako ohiko deialdien bidez.

2021eko irailaren 8ko HABEren zuzendari nagusiaren Ebazpenaren bidez, udalen edo udal erakundeen menpeko euskaltegiei, udal titularitateko euskaltegi publikoei, 2021-2022 ikasturteko dirulaguntzak emateko deialdia egin eta horiek esleitzeko baldintzak eta prozedura arautu ziren. Ebazpen horren I. eranskinaren 2. oinarrian, euskaltegi publikoek dirulaguntzen onuradun izateko baldintza berezien artean, 2.2 ataleko j) letran, zehazten da euskaltegiek ikastaro bakoitzaren hasieran talde bakoitza kokatua dagoen herriaren neurriaren arabera izan behar duten gutxieneko ikasle-kopurua, eta aldi berean, honako hau aurreikusita dago: «Ikasturte hasieran edo ikasturtean zehar, osasun-agintariek edo eskumena duten gainerako agintariek ezarritako prebentzio eta higiene-neurriak aldatzen badira, zehaztutako gutxieneko ikasle-kopuruak HABEren zuzendari nagusiaren Ebazpenaren bidez aldatu ahal izango dira».

Bada, hain zuzen ere osasun-agintariek edo eskumena duten gainerako agintariek ezarritako prebentzio eta higiene-neurriak aldatu dira: batetik, 2021eko urriaren 6ko Lehendakariaren 39/2021 Dekretuak, COVID-19aren pandemiaren ondoriozko osasun-larrialdiko egoera Euskadin amaitu dela adierazten duena eta normaltasun berri batean sartzeko neurriak zehazten dituenak; eta, bestetik, 2021eko urriaren 6ko Osasun sailburuaren Aginduak, lehendakariak larrialdi-egoera amaitu dela adierazi ondoren, normaltasun berrian COVID-19ak eragindako osasun-krisiari aurre egiteko beharrezkoak diren prebentzio-neurriei buruzkoak (bi arauok urriaren 7ko EHAAn argitaratuak) lehen zeuden prebentzio eta higiene-neurriak aldatu dituzte.

Horregatik guztiagatik, osasun-larrialdiko egoera Euskadin amaituta dagoenez eta prebentzio-neurri berriak ezarri direnez, bidezkoa da aipatutako 2021eko irailaren 8ko Ebazpenak euskaltegiak dirulaguntzen onuradun izateko aurreikusitako gutxieneko ikasle-kopuruak aldatzeko aukera baliatzea. Halaber, aipatutako xedapenek eta HABEren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 13ko 34/1996 Dekretuak aitortutako ahalmenen arabera, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak (aurrerantzean, DLO) eta lege horren uztailaren 21eko 887/2003 Errege Dekretuak onartutako Erregelamenduarekin bat etorriz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Zuzendaritza nagusi honen 2021eko irailaren 8ko Ebazpeneko I. eranskinaren 2. oinarrian 2.2 ataleko j) letran aurreikusitako gutxieneko ikasle-kopurua aldatzea, hau da, udalen edo udal erakundeen menpeko euskaltegiek, udal titularitateko euskaltegi publikoek, 2021-2022ko ikasturteko dirulaguntzen onuradun izateko ikastaro bakoitzaren hasieran talde bakoitza kokatua dagoen herriaren neurriaren arabera izan behar duten gutxieneko ikasle-kopurua. Ondorioz, 2021eko azaroaren 1etik aurrera hasitako taldeetan honako hauek izango dira gutxieneko ikasle-kopuruak:

(Ikus .PDF)

Bigarrena.– Interesdunei jakinaraztea ebazpen honek ez diola amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaioketela Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Donostia, 2021eko urriaren 18a.

HABEko zuzendaria,

JOKIN AZKUE ARRASTOA.


Azterketa dokumentala