Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

213. zk., 2021eko urriaren 26a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIA ETA OGASUN SAILA
5452

AGINDUA, 2021eko urriaren 14koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, 2021eko ekitaldia ixteko eragiketei buruzkoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta bere erakunde autonomoen 2021eko ekitaldiari dagokionez, kontabilitate-prozesuan parte hartzen duten organoen bitartez, ekitaldiko kontuak prestatzeko eta aurrekontuen likidazioa koordinatu eta arintzeko, beharrezkotzat jotzen da ekitaldia ixteko eragiketak arautzea.

Ondorioz, Ekonomia eta Ogasun Sailaren egitura eta zereginak finkatzen dituen otsailaren 23ko 69/2021 Dekretuak esleitutako ahalmenez baliatuz, honako hau,

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Aplikazio-eremua.

Agindu hau Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren 2021eko ekitaldia ixteko eragiketei aplikatuko zaie, baita administrazioko erakunde autonomo hauetako eragiketei ere: Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea (Habe), Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea (Ivap), Euskal Estatistika Erakundea (Eustat), Emakumearen Euskal Erakundea (Emakunde), Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea (Osalan), Polizia eta Larrialdietarako Euskal Akademia, Kontsumoko Euskal Institutua (Kontsumobide), Euskal Enplegu Zerbitzua (Lanbide), Lehiaren Euskal Agintaritza eta Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua (Gogora).

2. artikulua.– Kontabilitate-agiriak jasotzeko egunak.

Honako hauek izango dira Kontrol Ekonomikoko Bulegoan 2021eko ekitaldiari dagozkion kontabilitate-agiriak jasotzeko azken egunak:

1.– 2021eko azaroaren 2ra arte.

a) Aurrekontuetako aldaketei buruzko agiriak eta kontabilitateko egozketa egokitzeko beharrezkoak diren aldaketa teknikoak jasotzen dituztenak. Salbuetsi egiten dira I. kapituluko gastuei eragin eta nominan gerta daitezkeen gorabeherak zuzentzeko beharrezkoak direnak.

b) «A» agiriak, kudeaketaren hainbat alditan burutu behar diren gastuetarako baimenei dagozkienak. Salbuetsi egiten dira I. kapituluko gastuei eragiten dietenak eta nominan gerta daitezkeen gorabeherak zuzentzeko beharrezkoak direnak.

2.– 2021eko azaroaren 19ra arte.

a) «D» eta «AD» agiriak, II. eta VI. kapituluei egotzi beharreko kontratuei dagozkienak. Barne hartzen ditu abenduaren 31 baino lehen gauzatu beharreko kontratu txikiak; nahitaez fase bereiztuetan tramitatu beharko dira. Aurreratutako funtsen erregimenaren bitartez tramitatutako kontratu txikiak kanpo gelditzen dira.

b) «ADO» agiriak, Hezkuntza Saileko lurralde-ordezkaritzen gastuen kontuetarako aurreraturiko funtsak berrezartzekoak eta funtsak bidaltzekoak.

3.– 2021eko azaroaren 30era arte.

a) «AD», «D» eta «DO» agiriak, IV. eta VII. kapituluei egoztekoak diren dirulaguntzei dagozkienak, baita kontabilitateko egozketa zuzenerako beharrezkoak diren kapitulu horien «A/» eta «A» agiriak ere, hilabeteko maiztasuna duten dirulaguntzei dagozkienak izan ezik.

b) «A aurretiaz izapidetzeko» agiriak, gastu-espedienteei dagozkienak.

c) «AD», «D», «O» eta «DO» agiriak, administrazioko erakunde autonomoei, zuzenbide pribatuko ente publikoei, sozietate publikoei eta Euskadiko Autonomia Erkidegoaren sektore publikoko partzuergo eta fundazioei egindako eskualdaketei dagozkienak, IV. eta VII. kapituluei egoztekoak; eta «R», «RI» eta «MI» agiriak, erakunde autonomoetan kapitulu horiei egoztekoak, diru-sarrerak bermatzeko errentaren agiriei dagozkienak izan ezik.

d) «D», «O» «DO» eta «ADO» agiriak, VIII. kapituluari egoztekoak diren gastuei dagozkienak, langileentzako maileguei dagozkienak izan ezik.

e) «DO» agiriak, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren desjabetzeen kontuko funtsak berrezartzekoak.

4.– 2021eko abenduaren 10era arte.

a) «D aurretiaz izapidetzeko» agiriak, gastu-espedienteei dagozkienak.

b) «ADO» agiriak, nomina-aurrerapenei eta langileentzako maileguei dagozkienak. Geroago izapidetzen direnak hurrengo ekitaldiari egotziko zaizkio.

c) 2021eko ekitaldiaren kargurako «EO» agiriak, ordainketa-modua «F Formalizazioa» delakoa dutenak salbu.

d) «RI», «P/» eta «EI» agiriak, taloi bidezko diru-sarrerei dagozkienak. Geroago jasotzen direnak hurrengo ekitaldiari egotziko zaizkio.

e) «MV», «P/», «OR/» eta «OR» agiriak, itxitako ekitaldien hondarrei dagozkienak.

f) «ADO», «DO» eta «O» agiriak, «B Eskuzko transferentzia» ordaintzeko modua dutenak. Geroago izapidetzen direnek, eskuz ordaindu behar direnek, «R Hondarrak, eskuz ordaintzekoak» ordainketa modua izango dute.

5.– 2022ko urtarrilaren 10era arte.

a) 2021eko abenduaren 31ra arte aitortutako eskubideen eta, hala badagokio, sartutakoen kitatzeko agiriak, jasanarazitako BEZa duten eragiketei dagozkienak, eta zerga horri dagozkion kontabilitate-agiriak.

b) 2021eko abenduaren 31ra arte aitortutako eta likidatutako eskubideen eta, hala badagokio, sartutakoen likidazio-agiriak, 7.c) puntuan adierazi ez direnak, eta data horretara arte jasotako fidantzen eta gordailuen agiriak; halaber, horiei dagozkien kontabilitate-agiriak.

6.– 2022ko urtarrilaren 21era arte.

a) «AD», «D», «DO», «O» eta «ADO» agiriak, aurreko ataletan berariaz aipatu gabekoak, artikulu honetako 7. puntuan aipatutakoak izan ezik.

b) Nominan gerta litezkeen gorabeherak zuzentzeko behar diren agiri guztiak.

c) Aurreraturiko funtsen kargurako ordainketetarako eskuordetutako kontuen itxiera-agiriak, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari buruzko irailaren 30eko 211/1997 Dekretuan ezarritakoarekin eta aurreratutako funtsen erregimenari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2000ko martxoaren 30eko eta 2005eko martxoaren 9ko Aginduetan xedatutakoarekin bat etorriz.

d) Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren desjabetzeen kontuaren itxiera-agiriak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren ekainaren 20ko 2/2006 zirkularrean ezarritakoari jarraituz.

7.– 2022ko urtarrilaren 31ra arte.

a) «O» agiriak, VI. kapituluari egoztekoak diren obra-ziurtagiriei dagozkienak.

b) Hezkuntza Saileko finantza-autonomia duten ikastetxeen diru-sarrera eta gastuak kitatzeko agiriak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren 1999ko azaroaren 25eko 4/1999 eta 2000ko urriaren 19ko 2/2000 zirkularretan ezarritakoaren arabera.

c) Hezkuntza Saileko ordezkaritzen gastu-kontu baimenduen itxiera-agiriak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren 2007ko urtarrilaren 30eko 2/2007 zirkularrean ezarritakoaren arabera.

d) Artikulu honetako apartatuetan berariaz aipatu gabeko edozein kontabilitate-agiri.

e) 2021erako programaturiko helburuak zenbateraino bete diren azaltzen duen memoria.

3. artikulua.– 2022rako konprometitutako urte anitzeko gastuen karga.

Aurreko ekitaldietan 2022ko ekitaldirako konprometitutako urte anitzeko gastuen karga Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egingo du.

4. artikulua.– Ordainketak eta diru-sarrerak itzultzea.

1.– 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera, 2021eko ekitaldiari dagozkion ordainketa-itzulera guztiak eta aurretikoak ohiko aurrekontuko diru-sarreratzat hartuko dira, eta 332.00 kontzeptuari («Itzulketak») egotziko zaizkio.

2.– 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera, 2021eko ekitaldiko diru-sarreren itzulerak eta aurretikoak ohiko aurrekontuko gastutzat joko dira.

5. artikulua.– Urteko kontuak prestatzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta horko erakunde autonomoen urteko kontuak prestatzeko, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari zenbait agiri bidaliko zaizkio, 2022ko otsailaren 4a baino lehen; 2021eko abenduaren 31 baino lehenago amaitutako obren espedienteei buruzkoak. Zehazki, honako izenez erregistratutakoak jaso behar ditugu: «Bidean dauden ibilgetuak», «Ibilgetuetarako aurrerakinak» eta «Beste erakunde batzuentzat eraikitako edo eskuratutako aktiboak».

– Inbertsioak behin betiko hartu izanaren akta edo, hala badagokio, inbertsio horiek amaitu direla justifikatzeko memoria, eskumena duen organoak sinatua, kasu bietan ere jasotako inbertsioaren zenbatekoa eta noiz jaso den zehaztuz. Obra-proiektuei dagokienez, aipatutako agiriak ez dira bidaliko harik eta obra amaitu arte, obra egiten ez denean izan ezik. Kasu horretan, egoera zein den adieraziko da.

– Gauzatutako inbertsioari egotzi behar zaion behin betiko ibilgetuaren zenbakia eta azpizenbakia.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko urriaren 14a.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.


Azterketa dokumentala