Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

205. zk., 2021eko urriaren 14a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
5239

EBAZPENA, 2021eko irailaren 9koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Belako Lanak SLUk eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak balorizatzeko Mungiako udal-mugartean (Bizkaia) sustatutako instalazioa ezartzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena.

AURREKARIAK

2021eko ekainaren 28an, Belako Lanak SLU enpresak Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan aurkeztutako eskaera osatu zuen, Mungiako (Bizkaia) Belako industrialdean dituen instalazioetan eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak balorizatzeko instalazio bat ezartzeari buruzkoa. Eskaeran, hain zuzen ere, galdegiten zen proiektu horren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura sinplifikatua hastea, betiere Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluarekin bat etorriz, arau horren 7.2.a) artikuluan xedatutakoaren gainean oinarritzen baita proiektua.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluan xedatutakoaren arabera, 2021eko ekainaren 4an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsultak egiteko izapidea hasi zuen. Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Jasotako txostena aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak behar beste judizio-elementu dituela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko baita, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2.a) artikuluan xedatutakoa betez, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egin beharko zaie arau horren II. eranskinean jasotako proiektuei; ebazpen honen xede den jarduera abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 9. taldeko b) epigrafean dago jasota: «Hondakinak deuseztatzeko edo balorizatzeko instalazioak, I. eranskinean sartuta ez daudenak, industrialde bateko pabiloi baten barruan ez daudenak, edo nolanahiko gaitasuna dutenak, jarduera aire zabalean edo industrialdeetatik kanpo egiten bada».

Horrenbestez, ingurumen-ebaluazioaren arloan indarrean den legeria aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua aplikatu behar zaio Belako Lanak SLUk Mungiako (Bizkaia) Belako industrialdean dituen instalazioetan eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak balorizatzeko sustatutako instalazioa ezartzeko proiektuari. Prozedura horretan zehaztuko da proiektuak ingurumenaren gaineko ondorio esanguratsuak dituen ala ez eta, beraz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatu behar zaion ala ez.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostena aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-agiria zuzena dela eta bat datorrela indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiekin, ingurumen-inpaktuaren txosten hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, bera baita horretarako eskumena duen organoa, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera. Txosten horretan, proiektuak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren proiektua garatu eta ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuaren txostena formulatzea Belako Lanak SLUk eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak balorizatzeko instalazioa Mungiako (Bizkaia) udal-mugartean ezartzeko proiektuari buruz, betiere honako honen arabera:

A) Belako Lanak SLU enpresak Mungiako (Bizkaia) Belako Industrialdean dituen instalazioetan egingo duen jardueraren xedea hondakin ez-arriskutsuen balorizazioa da, zehazki, mota horretako jardueretan sortzen diren eraikuntzako eta eraispeneko hondakinena (EEH). Urtean 4.000 tona tratatzeko ahalmena izango du.

B) Hondakin ez-arriskutsuak balorizatzeko instalazioa ezartzeak ingurumenean duen inpaktuari buruzko txostena ematea xede duen ebazpen honetan, proiektuari buruzko ingurumen-txostenaren edukia aztertzen da, bat etorriz Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideekin:

1.– Proiektuaren ezaugarriak.

Belako Lanak SLU edozein motatako obra zibilen eraikuntzan, ustiapenean, mantentze-lanetan eta kudeaketan eta eraikingintzan (publikoa eta pribatua) aritzen da, eta jarduera horietan sortzen diren eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak (EEH) balorizatzeko instalazio bat jarri nahi du abian. Instalazioak urtean 4.000 tona tratatzeko ahalmena izango du.

Instalazioa ezartzeko aurreikusitako kokalekua Mungiako (Bizkaia) Belako industrialdeko 23 E Lurzatia da. Lurzati horrek 3.158 m2-ko azalera du eta EEHak balorizatzeko jarduerarekin azaleraren 670 m2 inguru hartuko dira, kanpoko zabalgune batean, lurzatiaren iparraldeko mugan. Orubean, gaur egun, enpresaren bulegoetarako eta biltegirako etorkizuneko instalazioak eraikitzen ari dira. Instalazio horiek lurzatiaren zati hartu bat hartuko dute eta EEHen tratamenduarekin zerikusirik ez duten beste jarduera batzuk egingo dira bertan.

Jarduerak EEHen tratamendua egitea proposatzen du. Hondakinak hurbileko obretatik etorriko dira, gehienak titulartasun propiokoak izango dira (% 90 inguru), eta gainerakoak, tratamenduaren gehieneko edukierara iritsi arte, hirugarrenek egindako obretakoak izango dira, eta batez ere hormigoiaren hondakinak izango dira (espaloien konponketa, hormigoizko zolaten eraispena eta abar). Balorizatzean lortzen diren zatikiak agregakin naturalen ordezko gisa erabiliko dira eraikuntzan, bai obra zibilerako, bai eraikingintzarako.

Instalazioan langile bat egongo da eta astean egun batean 5 orduz arituko da (3 ordu birrintzeko eta 2 ordu edukiontziak mugitzeko eta birringailua elikatzeko); horrek esan nahi du urtean 144 orduko lan-denbora izango dela.

Balorizaziora bideratutako eremuan hondakinak birrinduko dira eta birrindutako materiala edukiontzietan metatuko da, kanporatu arte. Prozesua honetan datza:

– Jasotako hondakinak hartzea, deskargatzea eta metatzea: EEHak kamioiz iritsiko dira eta 12 m3 inguruko edukiontzietan metatuko dira (8 edukiontzi astean) pala kargatzaile batez edo atzerako hondeamakina batez, zeinak elikatuko baitu birrintze-ekipamendua, 2,3 m3-ko edukiera duen sarrera-toberaren bidez. Soltean ere metatu ahal izango dira hormigoizko zolataren gainean. Eremuak 79 m2-ko azalera du eta 3 edukiontzi jasotzeko edukiera.

– Birrinketa: bi ardatzeko danbor-birringailu bat, beldarduna, eta eragintza hidraulikokoa, eta birringailu txiki bat, material xehea lortzeko barailak dituena, biak 80 t/h-koak, eta, azkenik, adar eta inausketetarako ezpal-makina bat; guztiak gasoliozkoak.

– Birrindutako EEHak (hormigoiaren agregakin birziklatua, agregakin birziklatu mistoa eta zurezko ezpala) 12 m3-ko edukiera duten aho irekiko edukiontzi metalikoetan metatzen dira birrindutako materiala jasotzeko 6 edukiontzi gehienez metatu daitezkeen azalera duen eremu batean.

– Materiala edukiontzian baztertu ezin denean, edukiontzia instalazioan dagoen atzerako hondeamakinaz kargatuko da kamioian.

Balorizatutako materiala lotura duten erabileretan (zementuzko lurzorua eta legar-zementua egitea errepideen, morteroen eta prefabrikatuen egitura-geruzetan) eta loturarik ez dutenetan (errepideetarako, zabalguneetarako eta abarretarako material pikortsua) erabiliko da. Material hauek lortuko dira:

– Hormigoizko agregakin birziklatua: 3.000 tona/urte.

– Agregakin birziklatu mistoa: 900 tona/urte.

– Ezpala: 100 tona/urte.

Jarduera egiteko erabiliko den azalerak 20 cm-ko lodierako hormigoi armatuzko zolata du. Zolata polietilenozko hondoz iragazgaiztuta dago, eta pintura asfaltikoz margotuta.

Zolataren erdialdean dekantatze-tanga primario bat dago, lan-plataforman jasotako euri-ur «grisak» biltzeko. Dekantatze-tangan pilatutako jalkinak garbiketa-makineriaz (garbitzeko kazoa) kendu ahal izateko diseinatuta dago.

Ur zikinak dekantatze-tangatik harea biltzeko bi kutxatiletara igarotzen dira, eta, ondoren, hidrokarburoen bereizgailu batean sartzen dira. Bereizgailuak 1.730 litroko edukiera du eta laginen kutxatila batean bukatzen da, eta kutxatila horrek, berriz, industrialdeko euri-uren sarera isurtzen du.

Instalazioan sortzen diren ur beltzak udal-kolektoreko ur beltzeko sarera isurtzen dira.

Ur-kontsumoari dagokionez, inguruetan udalaren ur-hornidurako sare bat dago, eta horretara konektaturik dago instalaziorako uraren hargunea. Kalkulatzen da 38 m3 edateko ur kontsumitzen direla urtean.

Gasolioaren hornidura hondakinak kudeatzeko instalazioarekin zerikusirik ez duten baliabideak erabiliz egingo da, eta kalkulatzen da urtean 3.696 litro kontsumituko direla.

Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egiteko sustatzaileak emandako informazioaren arabera, bukatuta daude EEHak kudeatzeko jarduerarako lurzatia egokitzeko obrak.

Aukerak.

Aukeren azterketari dagokionez, ingurumen-dokumentuak baztertu egin du 0 aukera, honela justifikatuz: ez jarduteak berekin dakar uko egitea eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak tratatzeari eta balorizatzeari, zabortegira botata deuseztatzeari bide emanez.

Aukeren azterketan EEHak beste kokaleku batzuetara (Volvas, Enekurin (Bilbao) eta BTB, Ortuellan) eramateko aukera ere aztertu da, baina ezetsi egin dira instalazio horiek dituzten ordutegi-mugengatik, hondakina jasotzen den obren urruntasunak kostua areagotu egiten duelako eta hondakinak bertan uzteko kanonaren beraren kostuarengatik.

2.– Proiektuaren kokalekua.

Lehen esan dugun bezala, jarduera Mungiako (Bizkaia) Belako industrialdeko 23 E Lurzatian egingo da. Lurzatiak 3.158 m2-ko azalera du eta EEHak balorizatzeko jarduerarekin lurzatiaren 670 m2 inguru hartuko dira, kanpoko zabalgune batean, lurzatiaren iparraldeko mugan. Gainazal osoa hormigoituta dago gaur egun. Eremua erabat urbanizatuta dago, eta ez du natura-elementu interesgarririk. Euskal kultura-ondarearen elementurik ere ez dago.

Lurzatia industria-eremu batean dago, hiri-lurzoru finkatugabean, jarduera ekonomikoetarako hiri-lurzoru gisa sailkatuta dagoen lurzoruan. Lurzatiak landa-lurzoruarekin egiten du muga iparraldean (belardi atlantikoak), eta, gainerakoan, Belako industrialdeko eremu eraiki eta urbanizatuekin.

Hauek dira jarduera-ingurunean dauden natura-inguruneko elementu aipagarrienak: alde batetik, Larrauri edo Mantzorriz erreken ibilguak (proiektuaren lurzatitik gutxi gorabehera 150 metro ekialdera; erreka hori bisoi europarrarentzako interes bereziko eremutzat hartzen da), eta, bestetik, erreka horren ibaiadar txiki bat (lurzatitik gutxi gorabehera 80 metro mendebaldera igarotzen da, bideratuta eta partzialki lurperatuta industrialdetik igarotzen denean). Bi ur-ibilguak Butroe UH-koak dira.

Inguruan ez dago gizakien kontsumora bideratutako ur-hargunerik, baina lurzatia interes hidrogeologikotzat hartzen den eremu batean dago. Eremu hori Ipar Antiklinalaren lurpeko ur-masakoa da, eta porositateagatik iragazkortasun ertaina duen akuiferoen kutsadurarekiko urrakortasun txikiko eremua da.

Kokalekua ez dago kutsagarriak izan daitezkeen jarduerak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioan sartuta eta ez du urrakortasun garrantzitsurik beste arrisku batzuen aurrean, 500 urteko errepikatze-denborako uholderako uholde-eremu batetik oso hurbil badago ere.

Gainerakoan, proiektuaren eremua ez dago naturagune babestuen eta natura-intereseko lekuen barnean, eta eremu horretan ez da flora eta fauna espezie berezirik identifikatu, ezta espezie mehatxaturik eta interes arkeologikoko edo arkitektonikoko elementurik ere, eta ez da EAEko korridore ekologikoen sareko elementu.

3.– Balizko inpaktuaren ezaugarriak.

Jarduera honek eragin ditzakeen inpaktu adierazgarrienak airearen kutsadurarekin lotura dutenak dira, birringailuen funtzionamenduak sortutako hautsagatik eta hondakinak aire zabalean manipulatu eta metatzeagatik.

Ildo horretan, adierazi behar da jarduera urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren aplikazio-eremuaren barnean dagoela. Errege-dekretu horrek atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratu zuen, eta hura ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatu. Zehazki, jarduera hau «C» kategoriaren barnean dago eta 04 06 17 51 kodea du: «Biltegiratzea edo manipulazio-eragiketak, hala nola hondakin ez-metalikoak edo hauts-itxurako hondakin metalikoak nahastea, bereiztea, sailkatzea, garraiatzea edo txikitzea; material horiek manipulatzeko gaitasuna 100 eta 500 tona/egun artean bada, edo 1 eta 10 tona/egun artean, hondakin arriskutsuen kasuan».

Araudi horretan ezarritakoa betez, Ebazpen honen xede den jardueraren sustatzaileak baimena eskatu zuen atmosfera kutsa zezakeen jarduera gisa; izapide hori Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2020ko ekainaren 23ko Ebazpenarekin burutu zen. Ebazpen horren bidez, Mungiako (Bizkaia) udal-mugartean dagoen Belako Lanak SLUko instalazioari baimena eman zitzaion atmosfera kutsa dezaketen jarduerak egiteko, eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak balorizatzeko jarduera egiteko, zehazki. Ebazpen horretan, urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuan xedatutakoa betetzeko, EEHak balorizatzeko jarduerari aplikagarriak zaizkion funtzionamendurako baldintzak, emisio atmosferikoaren muga-balioak eta kontrolak azaltzen dira.

Bestalde, EEHak balorizatzeko jarduerak, halaber, inguruko soinu- eta bibrazio-maila handitzea ekarriko du jarduera funtzionatzen hastean. Sustatzaileak aurkeztutako ingurumen-agiriari soinu-inpaktuaren azterketa gehitu zaio. Azterketa horretan adierazten denez, hartutako zuzenketa-neurriekin (besteak beste, aire zabalerako sandwich-panel akustiko bat jartzea ondoko lurzatitik banatzeko horman) immisio akustikoa arauzko balioak baino txikiagoak diren balioetara jaisten da.

Azkenik, kontuan hartu behar da urak, izan dezakeen kutsadura (solido esekiak izan ditzaketen euri-urek edo ur «grisek» eta hidrokarburoek eragindako kutsadura), lurzorua eta lurrazaleko urak kutsatzeko arriskua areagotu baitezakete.

Instalazioak, hondakin balorizatuaz gain, hondakin arriskutsuak eta arriskugabeak sortuko ditu jardun ahala, eta horiek motaren arabera sailkatu, eta kudeatzaile baimenduei entregatuko zaizkie.

Halaber, jarduera lurzorua kutsa dezakeen jardueratzat jotzen denez, xedapen hauek aplikatuko dira: 9/2005 Errege Dekretua, urtarrilaren 14koa, lurzorua kutsa dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoruak kutsatu gisa deklaratzeko irizpideak eta estandarrak ezartzen dituena, eta 4/2015 Legea, ekainaren 25ekoa, lurzoru kutsatua prebenitzeari eta zuzentzeari buruzkoa.

Eremuaren eta egin nahi den jardueraren ezaugarriak kontuan hartuta, eta ondorengo apartatuan zehazten diren zuzenketa-neurriak aplikatuta, ez da ikusten aipatutako ingurune-alderdietan inolako eragin negatiborik izango duenik proiektuak.

Bigarrena.– Ebazpen honetan, honako neurri babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Belako Lanak SLUk eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak balorizatzeko Mungiako udal-mugartean sustatutako instalazioaren proiektuan ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere, ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarrean dagoen araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa kontuan hartuta.

Neurrien norainokoa eta kontrolerako langile kopurua egokiak izan beharko dira ingurumen-agirian eta ingurumen-txosten honetan ezarritako kalitate-helburuak bermatzeko.

Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

Organo eskudunak ezartzen dituen baldintzak betetzeaz gainera, babes- eta zuzenketa-neurri hauek hartuko dira isurketa baimentzearen esparruan:

– Material birziklatuen kudeaketarekin lotuta egiten diren jarduera guztiak gauzatzeko orduan, beharrezkoak diren segurtasun-baldintzak bete beharko dira lurzorua, lurpeko urak eta azaleko urak ez kutsatzeko.

– Euri-ur «grisei» dagokienez, instalaziotik datozen euri-urak drainatze-azpiegituren bitartez bildu beharko dira. Azpiegitura horiek isurkinaren izaerara egokitutako arazketa-gailuak eta beharrezkoak diren kalkulu hidraulikoen araberako neurriak izango dituzte, solidoak ahalik eta hobekien atxiki ahal izateko, isurketa lokalizatua izateko eta isurkinak kolektorera isurtzeko nahitaezko baimenean ezartzen diren parametro fisiko-kimikoekin bat datozela bermatzeko.

– Arazketa-sistemaren mantentze-lanak behar bestetan egingo dira, sistemak ondo funtzionatuko duela bermatzeko. Lan horietan sartzen dira, halaber, lohia kentzea eta, gero, kudeatzaile baimenduari entregatzea.

– Lehengaiak eta balorizatutako materialak horretarako prestatutako kokalekuan bakarrik biltegiratuko dira, eta bertako hormigoizko zola baldintza ezin hobeetan egongo da, hausturarik edo lurzorua eta urak kutsatzeko arrisku-eremurik gabe.

– Produktu eta hondakin arriskutsuen biltegia zein makinak biltegiratzeko, konpontzeko, zaintzeko eta haietan olio-aldaketak egiteko eremua, baita erregaia hornitzeko gunea ere, toki iragazgaiztu estankoetan egon beharko dira, izan litezkeen isurietatik babestuta; eta indarrean dagoen araudiaren araberako edukiera nahikoa eta baldintza egokiak edukiko dituzte. Berariaz debekatuta egongo da mantentze-lanak eginkizun horietarako ez den beste kokapen batean egitea.

– Lurzatian indusketak egitea edo lurrak mugitzea dakarren edozein esku-hartze egin behar bada, hauetan xedatutakoa bete beharko da: 4/2015 Legea, ekainaren 25ekoa, lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa, eta 209/2019 Dekretua, abenduaren 26koa, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatzen duena.

Airearen kutsadura murriztera bideratutako neurriak.

Belako Lanak SLUk Mungiako Belako industrialdean hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko egingo duen jarduerak Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2020ko ekainaren 23ko Ebazpenean ezarritakoari lotu beharko zaio. Ebazpen horren bidez, Mungiako (Bizkaia) udal-mugartean dagoen Belako Lanak SLUko instalazioari baimena eman zaio atmosfera kutsa dezaketen jarduerak egiteko, alegia, eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak balorizatzeko.

Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzera bideratutako neurriak.

– Jardunbide egoki operatiboak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki birrintze-eragiketak egitean, biltegiratzean eta horien zamalanetan eta garraioan, baita erabilitako makineriaren mantentze-lanetan ere, eta zaratak eta bibrazioak jatorrian murriztean. Betiere, emisio-foku berriei aplikatu beharreko muga-balioak bete beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 51. artikuluari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraituz.

– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez aurreikusitakoaren arabera, aire zabaleko jarduera orokorretan erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuak eta arau osagarriek ezarritakora. Hala, makineria behar bezala mantendu beharko da, fabrikatzailearen jarraibideak kontuan hartuz, makineriak baldintza onenetan funtzionatzen duela bermatzeko, bai ekoizpeneko baldintzei bai ingurumenekoei dagokienez.

Hondakinak kudeatzera bideratutako neurriak.

– Proiektuaren ingurumen-ebaluazioa egiteko sustatzaileak aurkeztutako dokumentuen arabera, honako hauek dira Mungiako (Bizkaia) Belako industrialdean dagoen Belako Lanak SLU instalazioan balorizatzeko onartutako hondakinak:

– Hormigoia, EHZ 17 01 01 kodea.

– Adreiluak, EHZ 17 01 02 kodea.

– Teilak eta material zeramikoak, EHZ 17 01 03 kodea.

– 17 01 06 kodean zehaztutakoak ez diren hormigoiz, adreiluz, teilaz eta zeramika-materialez egindako nahasteak, EHZ 17 01 07 kodea.

– Zura, EHZ 17 02 01 kodea.

– 170503 kodean zehaztutakoak ez diren lurrak eta harriak, EHZ 170504 kodea.

– Hondakin biodegradagarriak, EHZ 200201 kodea.

– Ez da inolaz ere onartuko amiantoa eduki dezakeen hondakinik; Belako Lanak instalazioetan onartu aurretik baztertu beharko dira. Dena den, instalazioan jasotzen diren hondakinen artean material horiek egon daitezkeela susmatzen bada, xedapen hauetan ezarritakoa bete beharko da: 108/1991 Errege Dekretua, otsailaren 1ekoa, amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura prebenitzeko eta murrizteari buruzkoa, eta 396/2006 Errege Dekretua, martxoaren 31koa, amiantoaren eraginpean egoteko arriskua duten lanei aplikatu behar zaizkien segurtasuneko eta osasuneko gutxieneko xedapenak ezartzen dituena ezarritakoa ere.

– Instalazioan sortutako hondakin guztiak Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, karakterizatu egin beharko dira, hondakin mota eta helmugarik egokiena zehazteko.

– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, prebentzioa sustatu behar da hondakinak sortzean, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu beharko dira hondakinak, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.

– Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: behar bezala frogatzen bada horiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela. Birsortzea-berrerabiltzea lehenetsiko da balorizatzeko beste edozein modu material edo energetikoren aurretik.

– Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia desberdinetako hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.

– Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoan instalazio baimendurik badago hondakin zehatz batzuk tratatzeko, lehentasunez instalazio haietara bidaliko dira, autosufizientzia- eta gertutasun-printzipioei jarraituz.

– Zabortegira bidali beharreko hondakinak sortuz gero, hauen arabera kudeatuko dira: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duena, eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.

– Hondakinak metatzeko eremuak edo eremuek lurzoru estankoa izango dute. Egoera fisiko likidoan edo oretsuan edo oso bustita egoteagatik, hondakinok isurtzeak edo lixibatuak sor baditzakete, bada, orduan, horiek biltzeko kubeta edo sistema egokiak izan beharko dira, gerta daitezkeen isurketak kanpora irten ez daitezen. Hauts-itxurako hondakinen kasuan, hondakinak euri-urarekin bustitzea edo haizeak herrestan eramatea eragotziko da, eta, beharrezkoa izanez gero, estali egingo dira.

– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela-eta, isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen. Aipatutako ontziak edo bilgarriak argi eta modu irakurgarri eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, baita indarreko araudiaren arabera ere.

– Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatuko da sortzen den olio erabilia. Olio erabiliak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira, behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zolata iragazgaitz baten gainean egon beharko dira, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

– Behar bezalako baldintzetan erretiratuko dira olioen eta baterien hondakinak, makinerien mantentze-lanen hondakin arriskutsuak eta, oro har, substantzien/prestakinen hondakin arriskutsu guztiak, haiek barnean izan dituzten ontzi guztiak, iragazkiak, xurgatzaileak, trapu eta kotoi kutsatuak, hodi fluoreszenteak, merkurio-lurrunezko lanparak eta abar, betiere Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeari jarraikiz, eta Aparatu Elektriko eta Elektronikoen Hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuaren eta hondakinei buruzko gainerako araudiaren arabera.

– Hala badagokio, eremu jakin batzuk egokituko dira, aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko, hala nola olio-poteak, iragazkiak, olioak, margoak eta abar. Gainera, hondakin geldoentzako edukiontziak ere jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, lanek irauten duten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko gailu estankoak jarriko dira lanak egiteko eremu osoan (bidoiak, etab.). Motaren arabera bereiziko dira hondakinak, eta, ondoren, aldi baterako biltegiratuko dira aipatutako garbigunean.

– Obretan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak eduki beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da langileek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, erregai eta produktuak biltegiratzearen, makinen mantentze-lanak egitearen eta hondakinak erretzearen ondorioz ez dira inola ere efluente kontrolatu gabeak sortuko.

Jarduera uztea.

– Instalazioaren bizitza baliagarria amaituta, oro har kutsadura sor dezaketen elementu guztiak desmuntatu eta erretiratu beharko dira, eta dagokion kudeatzaile baimenduari emango zaizkio, kasuan kasuko tratamendu egokia egin dezan, indarrean dagoen legediaren arabera.

– Jarduera eten ondoren, titularrak ebaluatuko du lurzorua nola dagoen eta instalazioak erabilitako, ekoitzitako edo zabaldutako gai arriskutsu esanguratsuek lurpeko uretan zer-nolako kutsadura eragin duten, eta, halaber, organo honi emango dio ebaluazio horren emaitzen berri. Ebaluazioak erakusten badu instalazioak lurzoruaren edo lurpeko uren kutsadura nabarmena eragin duela, betiere lurzoruaren kalitatea adierazteko izapidean lurzoruaren kalitatea ikertzeko idatzi diren txostenetan ezarritako egoerarekin alderatuta, titularrak neurri egokiak hartuko ditu kutsadura horri aurre egiteko eta instalazioa lehengo egoerara ekartzeko, Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen II. eranskineko arauei jarraikiz.

Hirugarrena.– Zehaztea, lehenengo puntuan ezarritakoaren arabera, eta betiere ebazpen honetan jasotako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez badira–, ez dela aurreikusten proiektua gauzatzeak ondorio kaltegarri adierazgarririk izango duenik ingurumenean. Beraz, ez da beharrezkotzat jotzen Mungia (Bizkaia) udal-mugarteko Belako Lanak SLUk sustatutako eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak balorizatzeko instalazioa ezartzeko proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea.

Laugarrena.– Ebazpen honen edukia Mungiako Udalari jakinaraztea.

Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua ematea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.4 artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txostena indargabetu egingo da, eta utzi egingo dio ondorioak izateari, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren gehienez ere lau urteko epean ez bada proiektu hori baimendu. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko irailaren 9a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala