Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

202. zk., 2021eko urriaren 8a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
5167

EBAZPENA, 2021eko irailaren 7koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Zestoako (Gipuzkoa) D3 Ikastola eremuko Irakaskuntza Ekipamenduko Sistema Orokorraren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2021eko ekainaren 10ean, Zestoako Udalak eskabidea osatu zuen ingurumen-organoaren aurrean, Zestoako D3 Ikastola eremuko Irakaskuntza Ekipamenduko Sistema Orokorraren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko (aurrerantzean, Plana) ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituzten, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukiarekin.

21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, 2021eko ekainaren 14an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien administrazio publiko ukituei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Legezko erantzun-epea amaituta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea da helburua; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko.

Zestoako D3 Ikastola eremuko Irakaskuntza Ekipamenduko Sistema Orokorraren Hiri Antolamenduko Plan Berezia abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zer plan eta programek behar duten ingurumen-organoaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua, honako alderdi hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programaren gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar dela, ingurumenerako eragin nabarmenak izan ditzakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa da, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio adierazgarririk izan dezakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edo, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana garatzeko eta ingurumena behar bezala babesteko.

Hauek guztiak aztertu dira: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; eta 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Zestoako D3 Ikastola eremuko Irakaskuntza Ekipamenduko Sistema Orokorraren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa egitea, jarraian jasotzen diren baldintzetan:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Planaren eremua 10 808 m2-ko azalera duen eta Irakaskuntza Ekipamenduko Sistema Orokor gisa kalifikatuta dagoen lurzati bati dagokio, zeina Zestoako D3 Ikastola hirigintza-arloko esku-hartze eremuan bilduta baitago. Eremua arautzen duen hirigintza-araudia Zestoa Udalerriko Planeamendu Arau Subsidiarioak dira, 1996ko maiatzaren 28an behin betiko onartutakoak (1996ko irailaren 30eko GAO, 188. zenbakikoa), eta eremua hiri-lurzoru finkatu gisa dago sailkatuta bertan.

Planaren helburua zera da, indarrean dagoen plangintzaren hirigintza-zehaztapenak aldatzea ZESTOA HLHI (Zestoa Herri Ikastetxea) ikastetxearen zerbitzu-premiei erantzuteko eta dagoen hezkuntza-eskaintza hobetzeko. Funtsean, haur-hezkuntzako bigarren zikloa eta lehen hezkuntza irakasteko baliatzen den ikastetxearen eraikin nagusia handitu nahi da, Hezkuntza Sailak eta Eusko Jaurlaritzaren Eraikuntza Zerbitzuko Azpiegitura, Baliabide eta Teknologia Zuzendaritzak ezarritako programari jarraikiz.

Jarraian, Planak proposatutako jarduerak laburbiltzen dira:

– Zestoako D3 Ikastola Irakaskuntza Ekipamenduko Sistema Orokorreko lurzatien eraikigarritasun fisikoa handitzea, ezarritako lerrokaduren barruan.

– Hirigintza-antolamendu xehatuaren gainerako parametroak ezartzea (altuera, lerrokadurak, etab.), etorkizunean zentroa handitu ahal izateko. Sestra gaineko BS+3 profil bat baimentzen da.

– Gauzatutako eraikigarritasuna finkatzea (nahiz eta eraikinak eraberritu eta/edo ordeztu).

– Eremuan ezar daitezkeen erabilera eta jarduera bereizgarri edo onargarriak garatzeko beharrezkotzat jotzen diren eraikin eta instalazio guztiak sestra gainean ezartzeko baimena ematea. Xehetasun-azterketa bat izapidetuta, irakaskuntza-jarduerarekin lotutako kirol-erabileretarako eta patiorako guneak estali ahalko dira.

Plana urbanizazio-jarduketarako dagozkien programen eta urbanizazio-proiektuen bidez garatuko da.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, hain zuzen ere planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokionez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Planak zenbateraino eragiten dien beste plan edo programa batzuei, hierarkizatuta daudenei barne: Planaren eremua Irakaskuntza Ekipamenduko Sistema Orokor gisa kalifikatutako lurzatia da, 10 808 m2-ko azalerakoa, zeina Zestoako D3 Ikastola hirigintza-arloko esku-hartze eremuan bilduta baitago. Planak zera proposatzen du funtsean, indarreko eraikigarritasun fisikoa handitzea, ZESTOA HLHI (Zestoa Herri Ikastetxea) ikastetxearen hezkuntza-eskaintza hobetzeko. Planaren ezaugarriak kontuan hartuta, ez du ingurumen-eragin nabarmenik izango beste plan edo programa batzuetan. Ez da aurkitu plangintza hierarkikoki nagusiarekiko bateraezintasunik.

c) Planaren egokitasuna ingurumen-alderdiak integratzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin: irizten zaio Plana egokia dela garapen jasangarria sustatzen duten irizpideak barnean har ditzan. Ez dakar artifizializatu gabeko lurzoru berririk okupatzea, lehendik urbanizatuta dagoen eremu batean eragiten baitu. Eraikuntza berriak energia-aurrezpena eta -efizientzia sustatzeko neurriak har ditzake barnean.

d) Planari loturiko ingurumen-arazo esanguratsuak: Plana exekutatzeak ez du ingurumen-arazo esanguratsurik eragingo, baldin eta afektazio-eremuan egin behar diren esku-hartzeak eta jarduerak gauzatzen badira, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari, kutsadura akustikoari eta kultura-ondarearen babesari dagokienez indarrean dagoen araudia betez.

e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europako nahiz Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.

2.– Ondorioen eta ondoriook nozitu ditzakeen eremuaren ezaugarriak:

Planaren eremua 10 808 m2-ko azalera duen eta Irakaskuntza Ekipamenduko Sistema Orokor gisa kalifikatuta dagoen lurzati bati dagokio, zeina Zestoako D3 Ikastola hirigintza-arloko esku-hartze eremuan bilduta baitago. Zestoako hirigunearen hego-ekialdean eta GI-631 errepidearen ekialdean kokatuta dago eremua, Akua haranera sartzeko errepidearen ondoan. Lurzatiak gaur egun ZESTOA HLHI (Zestoa Herri Ikastetxea) ikastetxeari dagozkion eraikina eta instalazioak hartzen ditu.

Ingurumen-balio garrantzitsurik ez duen hiri-eremua da. Eremuan kokaturiko landaredia belarkara eta erruderala da gehienbat eta ikastetxeko lorategi-lurrei lotuta dago, eta urki eta haritz txikien ale bakan batzuk ere identifikatu dira. Planaren eremuan ez dago naturagune babesturik, espezie mehatxaturik edo hezegunerik. Ez dago interes geologikoko gunerik ere. Ez dago Batasunaren Intereseko habitatik, ezta Korridore Ekologikoen Sareko elementurik ere.

Balizko arriskuei erreparatuta, Urola ibaiaren ibilgua eremutik 60 m baino gehiagora dago, eta lurzatiak ez du uholde-arazorik. Aztertutako eremua ez da lurzorua kutsa dezaketen jarduerak dituen edo izan dituen inbentariatutako ezein lurzati. Alabaina, nabarmendu behar da eremua akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasun oso handia duten eremuetan dagoela kokatuta.

Gainera, eremuaren gertueneko inguruan kultura-ondarearen elementurik ere ez dago.

Planaren esparruko jarduketen inpaktuak existitzen diren eraikinak handitzeko obren eta urbanizazio-obra osagarrien ondoriozkoak izango dira. Jarduketa horien ondorioz, giza habitataren kalitatea murriztuko da (zarata, hautsa, bibrazioak, etab.) eta hondakinak sortuko dira, aldi baterako eta eremu jakin batean baino ez bada ere.

Proposatutako garapenaren ezaugarrien arabera, ez da aurreikusten eremua kokatuta dagoeneko akuiferoak kutsatzeko balizko arrisku handia dakarren jarduerarik. Nolanahi ere, neurri egokiak hartu beharko dira ustekabeko isurketen ondorioz (besteak beste) lurzorua eta lurpeko urak paira lezaketen kalteak galarazteko.

Zarata-iturri nagusia hegoaldetik doan GI-631 errepideko trafikoa da, eta, neurri txikiagoan, eremuaren aldamenean dauden gainerako kaleak. Inpaktu akustikoari buruzko azterketa egin da, gaur egungo egoeran eta etorkizuneko egoera batean (20 urtera). Azterlan akustikoak aditzera ematen du planean proposatutako garapena ez dela garapen berritzat hartzen, Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritakoari jarraikiz. Azterketaren emaitzek hau uzten dute agerian: lurzatiaren zonakatze akustiko xehatua kontuan hartuta (E mota: osasun-, irakaskuntza- edo kultura-arlokoak), aztertutako bi agertokietan eta egunez eta arratsaldez, gainditu egiten dira 213/2012 Dekretuan kalitate akustikorako ezarritako helburuak (KAHak), bai kanpoko inguruneari dagokionez, bai fatxadako hartzaileei gagozkiela. 4 dB(A)-rainoko gainditzeak detektatu dira. Zuzenketa-neurri gisa, azterketa akustikoak GI-631 errepidean zehar pantaila akustiko bat jartzeko aukera baloratzen du. Alabaina, KAHak ez betetzen jarraituko denez, fatxadako isolamendua izango da barne-espazioan ezarritako KAHak betetzea ahalbidetuko duen neurria.

Ustiapen-fasean ez da eragin esanguratsurik aurreikusten irakaskuntza-jardueraren areagotzearen eraginez. Nolanahi ere, positibotzat jotzen da lehendik dagoen hezkuntza-eskaintza hobetzea eta jada urbanizatuta dagoen lurzoruaren aprobetxamendua handiagotzea.

Ondorioz, ingurumen-dokumentu estrategikoak planteatzen dituen zuzenketa- eta jasangarritasun-neurriak eta aurrerago zehazten diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak aplikatuta, ez da espero jarduketa horiek ingurumenean ondorio esanguratsurik izango dutenik, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean aurreikusitakoari jarraikiz.

3.– Ebazpen honetan, ondoren adierazitako babes- eta zuzenketa-neurriak ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Zestoako D3 Ikastola eremuko Irakaskuntza Ekipamenduko Sistema Orokorraren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere, ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak Plan horretan txertatzen badira.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarrean dauden arauen arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan adierazitakoaren arabera.

– Identifikatutako arriskuekin lotutako neurriak:

– Lurzoruak eta lurpeko urak babestea: prebentzio-neurriak eta zuzenketa-neurriak ezarriko dira dagokion obra-faserako, istripuzko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea). Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makinen parkea azalera iragazgaitzetan kokatuko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan.

– Ustiapeneko zarata: Planean etorkizunerako aurreikusitako handiagotzeak eremu akustiko horretan barne-espazio bizigarriari zaratarako aplikatzekoak diren kalitate akustikoko helburuak bete beharko ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren I. eranskinaren 1. zatiaren B taulan ezarritakoaren arabera. Fatxadaren isolamendu horiek behar bezala justifikatuko dira eraikuntza-proiektuan.

– Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk.

Bestalde, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatuko diren neurriak loturik egongo dira obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, induskatutako lurzoruen kontrolarekin eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin. Besteak beste, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek bete beharko dira Planetik eratorritako obrak gauzatzeko:

– Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideetan oinarrituz egingo dira beharrezkoak diren mozte- eta eskokatze-lanak, obra-sarreren irekierak eta kontratistaren instalazio-guneak –makineria-parkea, obra-etxolak, obra-materialak, landare-lurren eta hondakinen behin-behineko pilaketen eremuak barne–.

– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: Hondakin eta zoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorriak barne.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa Arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

Obretan hondeaketa-soberakinak sortzen badira, baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarrean dagoen legediaren arabera kudeatuko dira.

Zestoako Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak detektatzearen ondoriozko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

– Kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Obrak egunez egingo dira.

– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa gorabehera, jarduketak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

– Paisaian integratzea: ingurunearen ingurumen-ezaugarriak kontuan izanda, eta handitze berria inguruko paisaian integratzeko asmoz, zenbait eraikuntza-baldintza zehaztuko dira (materialak, koloreak, morfologia, altuerak, bolumenak, etab.), bat etorriko direnak inguruneko eraikinen eta estetikaren tipologiarekin.

– Eraikuntzaren jasangarritasuna: eraikuntza eta eraikingintza jasangarriagoak egiteko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan (https://www.ihobe.eus/argitalpenak) jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen aurrezki eta efizientzia energetikoa eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

– Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

– Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortzen den energiaren kontsumoa eta/edo sorkuntza murriztea.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argiaren emisioak murriztea.

– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Zestoako D3 Ikastola eremuko Irakaskuntza Ekipamenduko Sistema Orokorraren Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Zestoako Udalari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta gehienez lau urteko epean Zestoako D3 Ikastola eremuko Irakaskuntza Ekipamenduko Sistema Orokorraren Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko irailaren 7a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala