Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

202. zk., 2021eko urriaren 8a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
5166

EBAZPENA, 2021eko irailaren 2koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Azpeitian (Gipuzkoa) Ekiola parke fotovoltaikoa ezartzeko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2021eko ekainaren 2an, Azpeitiko Udalak eskabide bat bete zuen, Ekiola parke fotovoltaikoa ezartzeko Plan Bereziari buruzko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura hasteko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Planaren zirriborroa eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritakoaren araberako edukia duen ingurumen-dokumentu estrategiko bat atxiki zitzaizkion eskabideari.

21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, 2021eko ekainaren 16an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien administrazio publiko ukituei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Legezko erantzun-epea amaitu, eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea da helburua; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko.

Ekiola parke fotovoltaikoa ezartzeko Plan Berezia abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean sartzen da; hor ezartzen da zer plan eta programak pasa behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua honako hauek zehazteko: ingurumen-eragin adierazgarririk ez duela –ingurumen-txosten estrategikoaren arabera– edo ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar dela, ingurumenean eragin adierazgarria izan dezakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa da, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana garatzeko eta ingurumena behar bezala babesteko.

Hauek guztiak aztertu dira: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; eta 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Azpeitian Ekiola parke fotovoltaikoa ezartzeko Plan Berezirako (aurrerantzean, Plana) ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, jarraian zehazten den moduan:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Planaren xedea 12.681 m2-ko azalera duen hirigintza-eremu bat mugatu eta antolatzea da, kalkuluen arabera 1,2 MW-eko ekoizpen-horizontea izango duen eguzki-instalazio fotovoltaiko bat ezarri ahal izateko. Proiektuaren bizitza baliagarria 25 urtekoa izatea aurreikusi da.

Azpeitia udalerriak Hiri Antolamendurako Plan Orokorra du, 2013ko irailaren 17an behin betiko onartua. Plan Orokorraren egungo zonakatzeak eta erabileraren arauketak aurreikusitako parke fotovoltaikoaren erabilera ezartzeko aukera ematen dute, betiere onura publikokoa dela eta lurzoru urbanizaezinean ezartzeko beharra dagoela justifikatzen badira.

Instalazio fotovoltaikoa esparru hesitu baten barruan ezarriko da, eta bertara GI-2635 errepidetik sartuko da, hegoaldetik, lursaila errepidearen kotan dagoen tokian.

Plaka fotovoltaikoak altzairu galbanizatuko profilen bidez bermatuko dira lurrean. Eusteko hainbat aukera daude: profilak zuzenean sartzea, aurrezundaketa egitea edo mikropiloteak erabiltzea, gehienez ere 2 metroko sakonerakoak. Profil horien gainean finkatuko dira modulu fotovoltaikoei eutsiko dieten mahaiak, 2,5 metro inguruko altuerakoak. Horrela, lur-mugimenduak minimizatuko dira.

Transformazio-zentro bat instalatzeko asmoa dago, 1.250 kVA-koa, inbertsorearen irteerako tentsioa 680-880 V-tik 12/20 kV-ko goi-tentsiora igotzeko.

Gaur egun 13,2 kV-ko linea elektriko batek zeharkatzen du eremua, instalazioaren konexioa egiteko egokia.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua: Planak energia fotovoltaikoa ekoizteko instalazio bat ezartzeko esparrua finkatzen du. Plana obrak gauzatzeko proiektu baten bidez garatuko da. Aztertutako ingurumen-dokumentu estrategikoak etorkizunean planaren edo programaren esparruan gauzatuko den proiektu motari buruzko nahikoa informazio jasotzen du, eta nahikoa da egiaztatzeko ez dela beharrezkoa izango haren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egitea.

b) Planak zer neurritan eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, hierarkizatuta daudenak barne: Planak Euskadiko 2030erako Energia Estrategian (3E2030) jasotako helburuei erantzuten die. Estrategia horrek energia berriztagarrien potentzia instalatua handitzea planteatzen du, energia-eredu jasangarriago bateranzko pausoak emateko.

Ingurumen-agiri estrategikoaren arabera, Plan Orokorraren egungo zonakatzeak eta erabileraren arauketak aurreikusitako parke fotovoltaikoaren erabilera ezartzeko aukera ematen dute, betiere onura publikokoa dela eta lurzoru urbanizaezinean ezartzeko beharra dagoela justifikatzen badira.

Beraz, Ekiola eguzki-instalazio fotovoltaikoa interes publikokotzat jo beharko da Gipuzkoako Foru Aldundiaren ebazpen baten bidez, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legea garatzen duten premiazko neurriei buruzko ekainaren 3ko 105/2008 Dekretuaren 4.2 artikuluan jasotakoaren arabera.

c) Plana ingurumen-irizpideak barne hartzeko egokia den, bereziki, garapen jasangarria sustatzeko: Planak energia berriztagarriko instalazio bat gauzatzea sustatzen du, beraz, ingurumen-onurak dakartza, garapen jasangarriari eta klima-aldaketaren aurkako borrokari dagokienez.

d) Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, uren, uholde-arriskuaren, biodibertsitatearen eta hondakinen kudeaketaren arloetan indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak.

e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europako nahiz Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.

2.– Ondorioen eta ondoriook nozitu ditzakeen eremuaren ezaugarriak:

Proiektuaren izaera eta ezaugarriak kontuan hartuta, obra-fasean gertatuko dira inpaktu esanguratsuenak, nekazaritza-ahalmen handiko lurzoru bat okupatu eta energia elektrikoaren eroanbideak eta zimenduak barne hartuko dituzten zangak egiteko hondeatzearen ondorioz. Jarduketa horien ondorioz, giza habitataren kalitatea murriztuko da (zarata, hautsa, bibrazioak, etab.) eta hondakinak sortuko dira, aldi baterako eta eremu jakin batean baino ez bada ere.

Balio estrategiko handiko nekazaritzako eta abeltzaintzako zona bati eragiteari dagokionez, Nekazaritza eta Basozaintzako LPSak adierazten duenez, instalazio mota hori erabilera desegokia da eremu horretan (3a), baina, salbuespen gisa, onargarria izango da nekazaritza-arloan eskumena duen organoaren txosten batek bermatzen badu, eta txosten horrek nekazaritzako eta basogintzako jardueraren gaineko eragina eta neurri zuzentzaileak berariaz kontuan hartzen baditu. Horri dagokionez, dokumentazioan Nekazaritzaren Sektoreko Eraginari buruzko ingurumen-agiri estrategikoaren eta Planaren Zirriborroaren eranskin bat sartu da (I. eranskina). Eranskinean ondorioztatzen denez, Planak ukitutako lurzoruak ez du modu iraunkorrean galduko nekazaritzako eta abeltzaintzako ahalmena eta eskualdean dauden mota horretako lurzoruen ehuneko oso txikia osatzen du; beraz, inpaktua bateragarritzat jotzen da.

Eguzki-instalazio fotovoltaikoa lursailaren morfologiara egokituko da, zimendatzerik egin beharrik gabe, eraisten denean lursaila hasierako egoeran egon dadin.

Eremuan 100 eta 500 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskuko guneak daude, baina, aurkeztutako dokumentazioaren arabera, gune horietan plaka fotovoltaikoak jartzeak ez ditu areagotuko eremuko uholde-arrisku baldintzak, ur-fluxua oztopatzen ez duten elementu iragazkorrak baitira. Instalazioko gainerako elementuak (transformazio-zentroa eta inbertsoreak) uholde-arriskurik ez duten eremuetan jarriko dira. Bestetik, aurreikusitako itxiturak jabari publiko hidraulikoaren 5 metroko zortasuna errespetatuko ditu eta lehentasunezko fluxu-eremutik kanpo egongo da.

Ibaieder ibaia, eremuaren iparraldean kokatua, bisoi europarraren (mustela lutreola) interes bereziko gunea da eta espezie horrek Gipuzkoako Lurralde Historikoan kudeaketa-plan bat du. Proposatutako garapenaren ezaugarriak kontuan hartuta, ez da aurreikusten Ibaieder ibaiaren gaineko jarduketarik egitea. Edonola ere, beharrezkotzat jotzen diren neurriak hartu beharko dira habitatari kalterik ez eragiteko, besteak beste, lur-mugimenduetan uren kalitatea murrizteagatik edo gerta daitezkeen istripuzko isurketengatik.

Ez da aurreikusten Ibaieder ibaiari lotutako landarediari zuzenean eragitea, ez parke fotovoltaikoa egitean, ezta martxan dagoen bitartean ere. Hala eta guztiz ere, Planak Ibaieder ibaiaren zati bat landareztatzea proposatzen du, gaur egun ibaiertzeko landaretzarik ez duen zati bat, 573 m2-ko hedadurakoa.

Planaren xede den eremuan ez dago ez naturagune babesturik, ez korridore ekologikorik, ez interes geologikoko lekurik. Halaber, ez dago jasota beste katalogo batzuetan (ez EAEko naturagune garrantzitsuen katalogo irekian, ez Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetako interes naturalistikoko eremuen zerrendan), eta ez da aipatu mehatxatutako flora-espezierik dagoenik.

Kontuan harturik eremuaren gaur egungo egoera, Planetik eratortzen diren jarduketen ezaugarriak, eta, orobat, neurri prebentibo, babesle eta zuzentzaileen aplikazioa, ez da espero jarduketa horiek inpaktu nabarmenik sortuko dutenik ingurumenean.

3.– Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Azpeitian Ekiola parke fotovoltaikoa ezartzeko Plan Bereziari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere, ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ingurumen-txosten estrategikoa formulatzen duen ebazpen honetan adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, Ingurumen Agiri Estrategikoan eta Planean bertan jasotakoarekin bat etorriz.

Honako neurri hauek gehituko dira:

– Jabari publiko hidraulikoari eragin diezaiokeen edo harekin lotutako babes-eremuetan (zortasun- eta zaintza-eremuak) kokatzen den Planetik eratorritako edozein jarduketa egiteko, aurretik arroaz arduratzen den erakundearen baimena beharko da. Erakunde horrek lanen ezaugarriak eta eraginak zehazki aztertu eta, beharrezkoa bada, dagozkion betekizunak ezarriko ditu. Administrazio hidrauliko eskudunak aplikatzekoak diren prozeduretan ezartzen duena betetzeaz gain, honako irizpide hauek ezarriko dira:

• Uholde-arriskuari dagokionez, Planak kontuan izan behar du Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren araudiko VII. kapituluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaiertzak eta Errekaertzak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planeko E.2 apartatuko uholdeen aurkako babesari buruzko berariazko araudian ezarritakoa.

• Jabari Publiko Hidraulikoa babesteari dagokionez, EAEko Ibaiertzak eta Errekaertzak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialean indarrean dauden irizpideak bete beharko dira, Ibaieder ibaiari dagokionez proiektatutako instalazio berrien ubide-atzeratzeetan.

• Ibilguaren ondoko lanek libre utzi beharko dute Jabari Hidrauliko Publikoaren zortasun-eremua. Halaber, lur eta material pilaketak, behin-behineko bideak, makinen aparkalekuak eta abar Ibaieder ibaitik urrun egon beharko dira, eta ezingo dute inola ere aipatutako ibaiaren bost metroko zortasun-eremuaren barnean egon.

• Proiektua gauzatzeko beharrezkoak diren lur mugimenduak egitean ahalik eta hondakin fin gutxien isuriko dira drainatze sarera. Solido esekiak dituzten obretatik ateratako jariatze-urak Ibaieder ibaiaren ibilgura ez iristeko beharrezko neurri babesleak ezarri beharko dira.

• Ibaiertzetatik hurbil egin beharreko jarduketak, ingurumen-agiri estrategikoan adierazitako guneko ibaiertzeko landareztatzea barne, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Mustela lutreola bisoi europarraren (Linnaeus, 1761) kudeaketa-plana onartzen duen 2004ko maiatzaren 12ko Foru Aginduan xedatutakoaren arabera egingo dira.

Bisoi europarraren interes bereziko guneetan edozein jarduketa egiteko, baldin eta espezieak erabiltzen duen habitateko ezaugarriak aldaraztea badakar, aldez aurretik Gipuzkoako Foru Aldundiaren baimena beharko da.

– Oro har, barne-bideen diseinua lurretan edo zabor-legarretan egitea gomendatzen da, asfaltatzea saihestuz.

– Parke fotovoltaikoaren proiektuak konexio elektrikorako proposatzen duen puntua ez bada eremua zeharkatzen duen linea elektrikoa, instalazio fotovoltaikoan sortutako energia elektrikoa husteko linea berria lurpean jarri beharko da, eta trazadura, ahal bada, lehendik dauden bide edo pistetara egokituko da.

– Lur-mugimenduak minimizatuko dira, modulu fotovoltaikoak, lehentasunez, zimendatze jarraiturik gabe eta lur naturalaren gainean kokatzeko. Era berean, panelak muntatzeko etapak planifikatuko dira, materialak pilatzeko guneen azalera murrizteko eta horiek parke fotovoltaikoaren mugaketaren barruan kokatzeko, alboko eremuak okupatu gabe.

– Kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

– Landare-lurra gaika kenduko da zangak, azpiestazio elektrikoa, bideak eta, oro har, lur-mugimenduak egiten diren leku guztietan; landare-lur hori landareztatzeko lanetan berrerabiliko da. Instalazioko gainerako lurrazaletan lurzoruaren gainazaleko horizontea «in situ» gordeko da.

– Instalazio fotovoltaikoaren barruan, landaredi naturala, ahal dela, ardi-aziendaren larratzearen bidez kontrolatuko da, gehiegizko larratzea saihestuz. Edonola ere, debekatuta dago herbizidak erabiltzea instalazioko landaretza naturala kontrolatzeko.

– Panelek hegazti-faunan «dei-efektua» ez izateko, horiek jarri aurretik, sustatzaileak modulu fotovoltaikoei tratamendu kimiko anti-islatzailea emateko aukera aztertu beharko du, argia islatzea minimizatzeko edo saihesteko, baita ilargi beteko gauetan ere.

– Proiektuak sortuko duen argi-kutsadura minimizatzeko, instalazioko argiztapena egokitu beharko da, faunaren gaineko eragina saihesteko. Erabiliko diren argiek argiztapen jasangarriko irizpideak barne hartu beharko dituzte, instalazioetako energia-kontsumoa murrizteko eta gaueko argi-kutsadura gutxitzeko.

– Behar diren neurriak hartuko dira, bestalde, ahalmen inbaditzaileko espezie aloktonoak ezabatzeko eta lur-mugimenduen bitartez hedatzea ekiditeko; orobat, kontrolatu egin beharko dira jarduketen eraginpeko lursailen lehengoratze-lanetan erabiliko diren mailegu-materialen eta landare-lurren jatorria eta osaera ere.

– Lanek dirauten artean, beharrezkotzat jotzen diren obrak egiteko jardunbide egokiak aplikatuko dira, ordutegien mugaketari, obrako makineriaren mantentze orokorrari eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.

– Halaber, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuei eta isuri akustikoei dagokienez, obren fasean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-igorpenei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-igorpenak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

– Hondakin eta zoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorriak eta ebaketak prestatzeko operazioen ondoriozkoak barne.

– Jardunbide egokien sistema bat ezarri beharko da obretako langileek erabiltzeko, honako helburu hauek ahalik eta gehien bermatzeko:

• Lanek okupatzen dituzten mugak kontrolatzea.

• Ur-ibilguen eta ur-bazterreko landarediaren gaineko eraginak kontrolatzea.

• Hondakin-isurketarik ez egitea, eta olio-isurketekin edo lurra leku batetik bestera eramanez lurzorua edo ura ez kutsatzea.

• Planaren eraginpeko herriguneko biztanleei enbarazurik ez eragitea zarata eta hautsarekin.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Azpeitian Ekiola parke fotovoltaikoa ezartzeko Plan Bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Azpeitiko Udalari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen ondoreak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Azpeitian Ekiola parke fotovoltaikoa ezartzeko Plan Berezia onartuko ez balitz. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko irailaren 2a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala