Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

198. zk., 2021eko urriaren 4a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
5047

EBAZPENA, 2021eko irailaren 13koa, Bizkaiko Industria Administrazioko lurralde-ordezkariarena, zeinaren bidez ebazten baita Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako udal-mugartean (Bizkaia) hidrogeno-gas kanalizatua banatzeko administrazio-baimenen eskaeretarako lehia-prozedura.

Espediente-zenbakia: 48-CG-Y-2021-00004.

AURREKARIAK

1.– 2021eko uztailaren 14an, Nortegas Energía Distribución, S.A.U. enpresak administrazio-baimena eskatu zuen hidrogeno-gas kanalizatua banatzeko sarea instalatzeko Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako udal-mugartean (Bizkaia). Eremu horretan, orain arte, ez da banatzen gas erregai hori.

2.– Kanalizazio bidez gas erregaiak banatzeko eta garraiatzeko instalazioei buruzko administrazio-baimenen prozeduren ekainaren 9ko 76/2020 Dekretuan, Hidrokarburoen sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legean eta Gas naturalen instalazioak baimentzeko prozedurak eta gas naturala garraiatu, banatu, merkaturatu eta hornitzeko jarduerak arautzen dituen abenduaren 27ko 1434/2002 Errege Dekretuan aurreikusitakoaren ondorioetarako, eskabide hori jendaurrean jarri zen, lehia-prozeduraren barruan, iragarkia 2021eko abuztuaren 6ko BAOn eta 2021eko abuztuaren 4ko EHAAn argitaratuta.

3.– Erregelamendu bidez aurreikusitako epean ez da alegaziorik aurkeztu, ezta lehia-prozeduraren barruko baimen-eskaera gehiagorik ere.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

1.– Gasa banatzeko sareak eraiki aurretik administrazio-baimena eskatu beharra honako hauetan dago xedatuta: Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legea; Gas naturala garraiatzeko, banatzeko, merkaturatzeko eta hornitzeko jarduerak eta gas naturaleko instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituen abenduaren 27ko 1434/2002 Errege Dekretua; Gas erregaiak erabili eta banatzeko arautegi teknikoa onartu zuen uztailaren 28ko 919/2006 Errege Dekretua, eta Kanalizazio bidez gas erregaiak banatzeko eta garraiatzeko instalazioei buruzko administrazio-baimenen prozedurei buruzko ekainaren 9ko 76/2020 Dekretua.

2.– Kanalizazio bidez gas erregaiak banatzeko eta garraiatzeko instalazioei buruzko administrazio-baimenen prozedurei buruzko ekainaren 9ko 76/2020 Dekretuak ezartzen du eremu geografiko berri bateko baimen-eskaerak lehia-prozeduraren mende jarriko direla.

3.– Espedientearen izapideetan eta edukian egiaztatuta geratu da arlo horretan ezarritako betekizunak eta baldintzak betetzen direla.

4.– Bizkaiko Industria Administrazioko lurralde-ordezkaria da espediente hau ebazteko eskumena duen organoa, halaxe baitago ezarrita Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren 23. artikuluan (2021eko martxoaren 5eko EHAA).

Ondorioz, hau

ERABAKITZEN DU:

Nortegas Energía Distribución, SAUren alde ebaztea Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako udal-mugartean (Bizkaia) hidrogeno-gas kanalizatua banatzeko lehia-prozedura.

Ebazpen hau ematen da aipatutako 76/2020 Dekretuan xedatutakoaren arabera eta baldintza orokor hauek kontuan hartuta:

1.– Lehia-prozeduraren ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean, Nortegas Energía Distribución, SAUk, ekainaren 9ko 76/2020 Dekretuaren 11.2 artikuluari jarraikiz, 19.140 euroko fidantza eratuko du, bere betebeharrak beteko dituela bermatzeko.

2.– Lehiari buruzko ebazpena jakinarazi eta hiru hilabeteko epean, Nortegas Energía Distribución, SAUren aldeko administrazio-baimenaren eta proiektuaren onarpenaren eskaera izapidetuko da, ekainaren 9ko 76/2020 Dekretuaren 11.3 artikuluari jarraikiz.

Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioaren zuzendariaren aurrean, hilabeteko epearen barruan, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita, eta hori guztia Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta hurrengo artikuluen arabera.

Bilbao, 2021eko irailaren 13a.

Bizkaiko Industria Administrazioko lurralde-ordezkaria,

ADOLFO GONZÁLEZ BERRUETE.


Azterketa dokumentala