Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

198. zk., 2021eko urriaren 4a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
5044

55/2021 EBAZPENA, irailaren 29koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena. Ebazpen horren bidez, Jaurlaritzaren Kontseiluak «Getxoko FM 105.6 MHz frekuentziari dagokion irrati-komunikazioko zerbitzua eskaintzeko lizentzia emateko lehiaketa publikoa arautzen duten oinarriak» onartzen dituen erabakia argitaratzen da.

2021eko irailaren 28an egindako bileran, Jaurlaritzaren Kontseiluak «Getxoko FM 105.6 MHz frekuentziari dagokion irrati-komunikazioko zerbitzua eskaintzeko lizentzia emateko lehiaketa publikoa arautzen duten oinarriak» onartzen dituen erabakia onartu zuen. Horrenbestez, beharrezko zabalkundea emateko xedez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako Erabakia argitaratzea, «Getxoko FM 105.6 MHz frekuentziari dagokion irrati-komunikazioko zerbitzua eskaintzeko lizentzia emateko lehiaketa publikoa arautzen duten oinarriak» onartzen dituena. Erabakia ebazpen honen eranskinean dago.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko irailaren 29a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JON IÑAKI URBINA GARCIA DE VICUÑA.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN IRAILAREN 29KO 55/2021 EBAZPENARENA
ERABAKIA, GETXOKO FM 105.6 MHZ FREKUENTZIARI DAGOKION IRRATI-KOMUNIKAZIOKO ZERBITZUA ESKAINTZEKO LIZENTZIA EMATEKO LEHIAKETA PUBLIKOA ARAUTZEN DUTEN OINARRIAK ONARTZEN DITUENA

Maiztasun-modulazioko uhin metrikoetako irratidifusio soinudunaren plan tekniko nazionala onartzen duen irailaren 1eko 964/2006 Errege Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoak esleitu beharreko 34 frekuentzia, osotara, planifikatu zituen. Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko, azaroaren 8ko, 231/2011 Dekretuaren 7.1 artikuluarekin bat etorriz, Euskal Autonomia Erkidegoan maiztasun modulatuko uhin metrikoen bidezko irrati-komunikazioko zerbitzuak eskaintzeko lizentziak emateko lehiaketa publikoaren oinarri arautzaileak onartu zituen Gobernu Kontseiluak 2012ko otsailaren 28ko bilkuran. Azkenik, Kulturako sailburuaren 2012ko otsailaren 29ko Aginduaren bidez, lehiaketa publikorako deialdia egin zen.

Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko azaroaren 8ko 231/2011 Dekretuaren 14. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, Gobernu Kontseiluak, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren proposamenez eta Balorazio Mahaiak egindako proposamena ikusita, lizentziak ematea erabaki zuen. Lehiaketa publiko horretan azkenean onartutako esleipenen ondorioz, Gobernu Kontseiluak 2019ko otsailaren 19an erabaki zuen, besteak beste, Ameba Kultur Elkarteari lizentzia ematea Getxoko 105.6 MHz frekuentzian irrati-difusioko zerbitzua emateko. 2019ko martxoaren 4an, Elkarteak esleipena formalizatzeko administrazio-agiria sinatu zuen, eta, Aurrerapen Digitalerako Estatu Idazkaritzaren 2019ko martxoaren 15eko Ebazpenaren bidez, jabari publiko erradioelektrikoa modu pribatiboan erabiltzeko beharrezko jabari publikoaren emakida eman zitzaion. Hala ere, 2020ko otsailaren 13an, Ameba Kultur Elkarteak formalki aurkeztu zuen irrati-komunikazioko zerbitzuaren lizentziari uko egitea, elkarteak beharrezko erabakia hartu ondoren.

Beraz, 2020ko abuztuaren 25ean, Gobernu Kontseiluak erabaki zuen Getxoko 105.6 MHz frekuentziari dagokion irrati-komunikazioko zerbitzuaren lizentziari Ameba Kultur Elkarteak egindako uko formala onartzea, eta, ondorioz, Ameba Kultur Elkarteari emandako lizentzia iraungitzat jotzea, titularrak formalki uko egin baitio.

Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorraren 27.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, lizentzia bakarra libre geratzen denean, administrazio eskudunak lehiaketaren deialdia egin beharko du, hura esleitzeko, gaikuntza-titulu gehiago liberatu arte itxaron gabe. Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko azaroaren 8ko 231/2011 Dekretuaren 7.1 artikuluaren arabera, Gobernu Kontseiluari dagokio lehiaketaren oinarriak onartzea.

Ondorioz, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren proposamenez eta Gobernu Kontseiluak aztertu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:

Lehenegoa.– Getxoko FM 105.6 MHz frekuentziari dagokion irrati-komunikazioko zerbitzua emateko lizentziaren lehiaketa publikoa arautzen duten oinarriak onartzea. Lehiaketaren oinarriak erabaki honen eranskinean jasotzen dira.

Bigarrena.– Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako Zuzendaritzari baimena ematea aipatutako oinarriak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko.

Hirugarrena.– Administrazio-bidea amaitzen duen lehiaketaren oinarrien aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete egintza eman zuen organoari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112.1 eta 123. eta 124. artikuluekin bat etorriz. Publikoak edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1 eta 46.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

ERABAKIAREN ERANSKINA
GETXOKO 105.6 MHZ FREKUENTZIARI DAGOKION IRRATI-KOMUNIKAZIOKO ZERBITZUA ESKAINTZEKO LIZENTZIA EMATEKO LEHIAKETA PUBLIKOA ARAUTZEN DUTEN OINARRIAK
I. KAPITULUA
HELBURUA ETA ARAUBIDE JURIDIKOA

Lehenengoa.– Helburua.

Oinarri hauen helburua Getxoko (Bizkaia) 105.6 MHz frekuentziari dagokion irratiko ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzua eskaintzeko lizentzia emateko lehiaketa publikoaren araubide juridikoa ezartzea da.

Deialdiaren xede den frekuentzia irailaren 1eko 964/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutako Frekuentzia Modulazioko Uhin Metrikoen bidezko Irrati-hedapenaren Plan Tekniko Nazionalean Euskal Autonomia Erkidegoari esleitutako frekuentzien barruan dago. Gobernu Kontseiluak aurreko titularrak aurkeztutako uko egite formala onartu ondoren, frekuentzia libre dago, Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorraren 27. artikuluaren ondorioetarako.

Hona hemen lehiaketa honen xede den frekuentziaren ezaugarri teknikoak, aipatutako plan teknikoan zehaztuta daudenak:

Lurralde Historikoa: Bizkaia.

Herria: Getxo.

(Ikus .PDF)

Taularen azalpena.

(Ikus .PDF)

Bigarrena.– Araubide juridikoa.

Irrati bidezko ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzua emateko lizentziadunek bete beharko duten araubide juridikoa honako arau hauek osatzen dute, funtsean (aplikagarri diren zatiek, zehazki):

– 7/2010 Lege Orokorra, martxoaren 31koa, Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzkoa (IKLO).

– 231/2011 Dekretua, azaroaren 8koa, Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzkoa.

– 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eraginkorrerakoa.

– 4/2005 Legea, otsailaren 18koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoa.

– 3/2005 Legea, otsailaren 18koa, haurrak eta nerabeak zaintzekoa eta babestekoa.

– 10/1982 Oinarrizko Legea, azaroaren 24koa, Euskararen Erabilera Normalizatzekoa.

– 2/1984 Lege Organikoa, martxoaren 26koa, Zuzenketa-eskubidea arautzen duena.

– 1/1982 Lege Organikoa, maiatzaren 5ekoa, Ohorerako, Norberaren eta Familiaren Intimitaterako eta Norberaren Irudirako Eskubidearen Babes Zibilari buruzkoa.

– 34/1988 Lege Orokorra, azaroaren 3koa, Publizitateari buruzkoa.

– 9/2014 Lege Orokorra, maiatzaren 9koa, Telekomunikazioei buruzkoa.

– 964/2006 Errege Dekretua, irailaren 1ekoa, Soinuaren Maiztasun Modulatuko Uhin Metrikoen bidezko Irrati-hedapenaren Plan Tekniko Nazionala onartzen duena.

– 1066/2001 Errege Dekretua, irailaren 28koa, jabari publiko erradioelektrikoa babesteko baldintzak, emisio erradioelektrikoetarako murriztapenak eta emisio erradioelektrikoetatik babesteko neurriak ezartzen dituen Araudia onartzen duena.

– 123/2017 Errege Dekretua, otsailaren 24koa, Jabari Publiko erradioelektrikoaren Erabilerari buruzko Erregelamendua onartzen duena.

Era berean, aplikatzekoak izango dira oinarri hauek eta aipatutako arauekin bat datozen arauak eta gainerako arau osagarriak.

Hirugarrena.– Gaitasun orokorra.

Lizentzia baten titular izateko, honako baldintza hauek bete behar dira:

1.– Pertsona fisikoek Europako Esparru Ekonomikoko kide den estaturen bateko nazionalitatea izan behar dute; edo beste edozein estatutakoa, baldin eta, estatu horretako barne-araudiaren arabera, espainiarrei eskubide hori aitortzen bazaie.

2.– Pertsona juridikoek Europako Esparru Ekonomikoko kide den estaturen batean izan behar dute egoitza soziala; edo beste edozein estatutan, baldin eta, estatu horretako barne-araudiaren arabera, enpresa espainiarrei eskubide hori aitortzen bazaie.

3.– Titularrak egoitza Espainian duen ordezkaria izan behar du, jakinarazpenak bidaltzeko.

4.– Pertsona juridikoen kasuan, baldin eta haien kapital sozialean Europako Esparru Ekonomikoko kide ez diren herrialdeetako pertsona fisiko edo juridiko nazionalek partaidetza badute, partaidetza horrek elkarrekikotasun-printzipioa bete behar du.

Gainera, Europako Esparru Ekonomikoko kide ez den herrialderen bateko pertsona fisiko edo juridiko nazional baten banakako partaidetza ezin da izan kapital sozialaren % 25 baino handiagoa, ez zuzenean ez zeharka. Orobat, Europako Esparru Ekonomikoko kide ez den herrialderen bateko pertsona fisiko edo juridiko nazional batek baino gehiagok pertsona juridiko berean duten partaidetza, guztira, kapital sozialaren % 50 baino txikiagoa izan behar da.

5.– Pertsona juridikoen kasuan, haien helburu sozialak edo elkarte-helburuak nahitaez jaso beharko du ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuak edo lehiaketa honen xede diren zerbitzuak ematea, deialdia argitaratzen den eguna baino lehen.

Laugarrena.– Mugak, ikus-entzunezko ordena publikoko arrazoiak direla-eta.

Honako egoera hauetakoren batean dauden pertsona fisikoak edo juridikoak ezingo dira inolaz ere izan lizentzia baten titular:

1.– Lizentzia baten titular izan edo edozein estaldura-eremutarako aldez aurreko jakinarazpen bat egin eta jakinarazpen hori atzera botatzearen edo lizentziaren eragina baliogabetzearen bidez zigortu direnak, administrazio-ebazpen irmoaren bitartez, eskaera egin aurreko azken bi urteetan.

2.– Beren kapital sozialean aurreko paragrafoan azaldutako egoeran dauden pertsonen partaidetza handia edo, kasuan-kasuan, kontrol zuzeneko edo zeharkako kontroleko partaidetza duten sozietateak.

3.– Europako Esparru Ekonomikoko kide den beste estatu batean ikus-entzunezko zerbitzuak eman dituzten baina azken bi urteetan jarduteko debekua ezarri zaien pertsonak, Giza Eskubideen Europako Hitzarmeneko printzipioen eta balioen aurka egiteagatik edo Europako eta Espainiako araudietan adingabeak babesteari buruz xedatutakoaren kontra egiteagatik.

4.– Kontratazio publikoari buruzko indarreko araudian aurreikusitako kontratatzeko debekuren bat duten pertsonak.

Bosgarrena.– Mugak, aniztasun-arrazoiak direla-eta.

Lehen aipatutako betekizunez gain, honako muga hauek ere errespetatu beharko dira:

1.– Pertsona fisiko edo juridiko berak ezin du inolaz ere kontrolatu –ez zuzenean ez zeharka– bere estaldura-eremuan funtsean batera izango diren lurreko soinuaren irrati-hedapen zerbitzurako administrazio-lizentzien ehuneko berrogeita hamar baino gehiago. Nolanahi ere, pertsona fisiko edo juridiko berak ezin du izan bost lizentzia baino gehiagoren gaineko kontrola, estaldura-eremu berean.

Deialdi honen xede den lizentziari dagokion estaldura-eremua zehazteko, kontuan hartuko da Getxo, Bilbao eta Barakaldo udalerriak hartzen dituela.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoan, pertsona fisiko edo juridiko batek ere ezin du kontrolatu lizentzia bakar batek estaldura duen esparruetan dauden lizentzien ehuneko berrogei baino gehiago.

3.– Pertsona fisiko edo juridiko batek ere ezin izango du kontrolatu –ez zuzenean ez zeharka– Espainia osoan estaldura osoa edo partziala duten lurreko soinuaren irrati-hedapen zerbitzurako lizentzia guztien herena baino gehiago.

4.– Aldi berean kontrola daitezkeen lizentzien kopurua mugatzeko xedearekin, muga horiek zenbatzeko orduan ez dira kontuan hartuko erakunde publikoek zuzenean kudeatutako soinuaren irrati-hedapenerako emisorak. artikulu honetan zehaztutako ondorioetarako, kontrola dagoela joko da Merkataritza Kodeko 42. artikuluan aipatutako kasuetan.

5.– Lehen aipatutako mugak era independentean aplikatuko zaizkie teknologia digitalarekin emititzeko lizentziei eta teknologia analogikoarekin emititzeko lizentziei.

Seigarrena.– Mugak, irrati-eskaintza dela-eta.

Lizentzia ezin izango da irrati-eskaintzen alde esleitu, ez behintzat aurreko oinarrian zehaztutako estaldura-eremuko zerbitzu-eremuetan egun daudenen funtsean antzekoak diren irrati-eskaintzen alde. Balorazio Mahaiak egingo du balorazioa. Entitate edo pertsona lizitatzailea herri batean badago hirugarren baten titulartasuneko lizentzia baten bidez, eta lizentzia hori ez badago lotuta Merkataritza Kodearen 42. artikuluan ezarritako moduan, lehiaketaren xede den lizentziaren esleipendun izan ahalko da, baldin eta hirugarren baten bitartez jaulkitzen duenaren funtsean antzeko irrati-eskaintza aurkezten badu, betiere titular ez den lizentzia emateari uzteko konpromisoa hartzen badu.

«Irrati-eskaintzatzat» joko da, oro har, eman nahi den irrati-hedapen zerbitzuaren bereizgarri diren ezaugarrien multzoa; eta, zehazki, irrati-formula, programazioaren egitura eta edukia, emisio-hizkuntza eta lortu nahi den entzuleria.

Zazpigarrena.– Ezarritako gaitasun-eskakizunak edo mugak ez betetzea.

Balorazio Mahaiak esleipen-proposamen bat adostu ahal izango du adierazitako gaitasun-baldintzak betetzen dituen eskatzaile baten alde, bai eta aurretik ezarritako mugekin ere, hau da, ikus-entzunezko ordena publikoko arrazoiengatiko mugekin, irratiko ikus-entzunezko merkatuaren aniztasun-arrazoiengatiko mugekin eta irrati-eskaintzarekin lotutako mugekin.

Balorazio Mahaiaren erabaki bidez zehaztuko da, lehiaketa hau izapidetzen den bitartean, zein eskatzaile geratuko diren lehiaketatik kanpo, lizentziaren titular izateko behar diren gaitasun-baldintzak ez egiaztatzeagatik edo, hala badagokio, aurkeztutako eskaintzak oinarri hauetan aurreikusitako zerbitzu-premiak edo eskatutako mugak betetzen ez dituelako.

Zortzigarrena.– Organo eskuduna.

Gobernu Kontseiluak du eskumena irrati bidezko ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzua emateko lizentziak esleitzeko.

Kabinetearen eta Gizarte Hedabideen Zuzendaritzari dagokio lehiaketa honen administrazio-kudeaketa egitea, Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko Dekretuan eta oinarri hauetan Balorazio Mahaiari esleitutako eskumenak gorabehera. Dekretuan ezarritakoaren ondorioetarako, Kabinetearen eta Gizarte Hedabideen Zuzendaritzari dagozkion administrazio-bulegoak honako helbide honetan daude: Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz.

Bederatzigarrena.– Jabari publiko erradioelektrikoa ematea.

Lizentzia esleitzeak berekin dakar jabari publiko erradioelektrikoaren erabilera pribatiboa ematea, Estatuak egindako plangintzaren arabera.

Hamargarrena.– Zerbitzua emateko baldintzak.

Bat.– Esleipendunak ikus-entzunezko komunikabideen eta telekomunikazioen arloan indarrean dagoen araudia bete beharko du, aurkeztutako eskaintzan (esleipenaren zergatia) hartutako konpromisoak bete beharko ditu, eta, era berean, honako betebehar eta baldintza hauek bete beharko ditu:

A) Zerbitzua zuzenean ematea, lizentzia xede duten negozio juridikoak egiteko aukera alde batera utzi gabe, legez ezarritako baldintzetan, autonomia-erkidegoko eta estatuko organo eskudunek emandako beharrezko baimenak aldez aurretik eskatuta eta, betiere, lizentziaren ustiapena ez eskualdatzeko, alokatzeko edo lagatzeko hartutako balizko konpromisoa errespetatuz.

B) Plan tekniko nazionalean zehaztutako emisio-parametro teknikoak errespetatzea, bai eta proiektu teknikoa onartzeko ebazpenean eta Estatuko organo eskudunak emandako zerbitzuan jartzeko baimenean jasotako ezaugarri teknikoak ere. Lizentziaren ezaugarri teknikoei eustea, kokapenari, potentziari, maiztasunari eta indarrean dagoen araudiak ezarritako beste edozein eskakizun teknikori dagokienez, zerbitzua emateko erregimenarekin zerikusia badute, eta ekipamenduen kalitate teknikoa mantentzea eta hobetzea, Telekomunikazioen Nazioarteko Batasunaren (UIT) irrati-komunikazioen sektorearen irizpideekin bat etorriz.

C) Emisioak urtebeteko epean hastea, gaikuntza-titulua formalizatzeko dokumentua sinatzen denetik zenbatzen hasita. Nolanahi ere, emisioak ematen hasi aurretik, nahitaezko administrazio-izapideak bete beharko dira, hogeita zortzigarren eta hogeita bederatzigarren oinarrietan adierazitako baldintzetan eta ondorioetarako.

D) Lizentzia esleitu ondoren organo eskudunek maiztasun- eta potentzia-aldaketei buruz ematen dituzten ebazpenak onartzea eta betetzea.

E) Lankidetzan aritzea eta zerbitzua emateko baldintzak betetzen direla egiaztatzeko egin beharreko egiaztapenak erraztea, bai eta emandako edukiak gainbegiratzeko eta kontrolatzeko eskumena duen agintaritzaren eskumenak behar bezala garatzen direla ziurtatzeko beharrezko informazioa modu arrazoituan ematea ere.

F) Emititutako programa guztiak artxibatzea, komunikazio komertzialak barne, sei hilabeteko epean, lehen emisiotik zenbatzen hasita, eta programa horiei buruzko datuak erregistratzea.

G) Lizentziari buruzko egintza, egitate edo negozioak Euskadiko ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuen emaileen Erregistroan inskriba daitezen eskatzea, erregistro hori arautzen duten xedapenetan ezarritako baldintzetan, araudi horren arabera ofizioz egin behar diren inskripzioei kalterik egin gabe.

H) Lizentziak irauten duen bitartean, lizentzia ematea eragin duen eskaintzan hitzartutako euskarazko programazioaren ehunekoa eta edukia ematea eta bermatzea.

I) Webgune bat izatea, IKLOren 6.1 artikuluan aurreikusitakoa betetzeko, honako datu hauekin:

1.– Zerbitzu-emailearen izena edo, hala badagokio, haren izen soziala eta haren akziodunena.

2.– Establezimenduaren helbidea, posta elektronikoa eta komunikazio zuzen eta azkarra ezartzeko beste bitarteko batzuk.

3.– Lizentziari buruzko datuak eta lizentzia eman zuen organo eskudunari buruzkoak.

4.– Kontrolatzen duen edo bere jabetzakoa den komunikazio-sektoreari lotutako gainerako zerbitzuen identifikazioa.

5.– Ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuen arloan eskumena duen sailaren aipamen bat eta Autonomia Erkidegoko Administrazioaren webgune korporatiboaren dagokion atalerako esteka bat.

J) Bermatzea bai indarrean dagoen araudiak ezarritakoaren araberako emisio jarraitua, bai eta, lizentziaren indarraldi osoan, proposamenean hartutako baldintzak eta konpromisoak, lizentzia emateko oinarritzat hartu zirenak, betetzen direla ere.

K) Lizentzia indarrean dagoen bitartean, behin emisioak hasita, lizentzia emateko oinarri izan zen eskaintzan hartutako konpromisoak benetan bete direla egiaztatzen duen dokumentazioa eskatu ahal izango zaio lizentziaren titularrari, edozein unetan eta ikus-entzunezkoen arloan eskumena duen organo autonomikoaren ekimenez. Programazioan egin daitezkeen aldaketek, nolanahi ere, ereduzko parrillaren oinarrizko ildoak eta lehiaketa honetan hartutako konpromisoak errespetatu beharko dituzte.

L) Indarrean dagoen ordenamendu juridikoan jasotako gainerako betebeharrak betetzea.

Zerbitzuaren funtsezko baldintzatzat hartzen dira aurreko A), B), D), E), F), H) eta J) letretan jasotako betebeharrak.

Lizentziaren titularrari aplika dakizkiokeen funtsezko baldintzak eta, bereziki, lizentzia emateko oinarritzat hartu ziren eskabidean hartutako konpromisoak ez betetzea lizentzia baliogabetzeko arrazoia izan daiteke, aplikatzekoa den araudiaren arabera ezar daitezkeen administrazio-zehapenak alde batera utzi gabe.

Bi.– Lizentziaren esleipendunak eskubide hauek izango ditu:

A) Irratiko ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzua emateko emandako maiztasunari dagokion espektro erradioelektrikoa izatea.

B) Oinarri hauetan edo esleipendun gisa aitortzen zaion beste edozein eskubide, Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko Lege Orokorrean, azaroaren 8ko 231/2011 Dekretuan eta aplikatu beharreko gainerako araudian ezarritakoaren arabera.

Ez du kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik emango zerbitzua ematean lehiakide berriak sartzeak, ez eta indarrean dagoen estatuko edo autonomiako araudia erkidegoko arauetara egokitzearen ondoriozko prestazio-baldintzen aldaketak ere.

Hamaikagarrena.– Lizentzien iraupena eta berritzea.

Oinarri hauetan aipatzen den lizentzia hamabost urterako emango da, gaikuntza-titulua formalizatzen den egunetik aurrera.

Lizentziak automatikoki berrituko dira, hasieran hitzartutako epe bererako, baldin eta:

a) Lizentziaren titular izateko eskatzen diren baldintzak betetzen badira, eta zerbitzua emateko ezarritakoak bete badira.

b) Ez badago bat-batean etorritako edo gaindiezin den eragozpen teknikorik, eraginpeko lizentzien espektroari lotuta.

c) Zerbitzuaren titularrak egunean baditu jabari publiko erradioelektrikoa erreserbatzeagatiko tasen eta Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko Legean ezarritako tasen ordainketak.

Salbuespenez, aurreko paragrafoan azaldutako lizentzia-berritzea ez da automatikoki egingo, eta lehia askeko araubideari jarraikiz esleitu beharko da, baldin honako hauek gertatzen badira:

a) Espektro erradioelektrikoa agortuta badago.

b) Lizentzia lortu nahi duen besteren bat badago.

c) Muga-eguna baino gutxienez 24 hilabete lehenago eskatzen badute.

d) Esleipendunak edo esleipendunek lizentzia eskuratu zutenean aintzat hartu ziren baldintza berak betetzen baditu eskatzaileak edo eskatzaileek.

Hamabigarrena.– Lizentzien gaineko negozio juridikoak.

Irrati-komunikazioko lizentzia bat xede duten negozio juridikoak egiteko, aldez aurretik ikus-entzunezko komunikazioaren arloan eskumena duten Estatuko nahiz autonomia-erkidegoko organoek emandako beharrezko baimenak onartu beharko dira, eta legez ezarritako tasa ordaindu beharko da.

Baimen-eskabidearekin batera, agiri pribatu bat aurkeztu beharko da. Agiri horretan, alderdiek adierazi behar dute negozio juridikoa egiteko asmoa dutela, eta asmo hori gauzatzeko era, epea eta baldintzak ezarri behar dituzte. Edo, kasuan kasu, agiri publiko bat aurkeztu behar dute, eta hori ikus-entzunezko komunikazioaren arloan eskumena duen organoaren baimenak berariaz baldintzatuko du. Halaber, espedientea bideratzeko eta ebazteko beharrezko izango den bestelako informazioa edo agiriak eska daitezke.

Baimena ukatuko da soilik eskatzaileak ez badu egiaztatzen baimena eskuratzeko legez ezarritako baldintza guztiak betetzen dituela, edo ez badago prest aurreko titularraren betebeharrak betetzeko.

Lizentzia eskualdatzeko eta alokatzeko, gainera, oinarrizko legedian ezarritako baldintzak bete behar dira.

Hamahirugarrena.– Ikus-entzunezko lizentziak iraungitzea.

Lizentzia iraungiko da lizentzia eman zenean ezarritako balio-epea bukatu bada eta berritu ez bada, honako arrazoi hauek direla-eta: titularraren nortasun juridikoa iraungi delako, salbu enpresen bategiteak edo kontzentrazioak egiten direnean; titularra hil bada edo ustekabean ezinduta geratu bada; lizentzia baliogabetu delako; titularrak uko egin diolako; eta ikus-entzunezko komunikazio zerbitzua emateko ordaindu behar diren tasak ez ordaintzeagatik.

Administrazio-egintzak ofizioz berraztertzeari buruz 39/2015 Legean, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, xedatutakoa gorabehera, lizentzia baliogabetu daiteke honako arrazoi hauek direla-eta: legez emititzen hasteko betebeharra ezarri zenetik 12 hilabeteko epean erabili ez delako; lizentzia eman zenean ezarritako helburuak eta modalitateak ez diren bestelakoetarako erabili delako; edo administrazio-zigor irmoa ezarri delako, Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko Legean xedatutakoaren arabera.

Baldin eta sozietateak Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko Legeak 26.1.b) artikuluan azaldutako egoeraren batean badaude, lizentzia ez da berrituko, hirugarren batek partaidetza edo, kasuan kasu, kontrol esanguratsua eskuratu duela kausa, baldin eskuratze hori sozietate lizentzia hartzailea kaltetzeko asmoz egin badute. Hala egiten badute, beren lizentzia baliogabetu ahal izango da.

Nolanahi ere, kalte egiteko asmoa izan dela joko da, baldin eta partaidetza eskuratzeko erabakia ez bazaio berehala eta modu fede-emailean jakinarazi sozietateko administrazio-organoari. Eskuratzailea ezingo da izan sozietateko administrazio-organoko kide; ez bera, ez bere ordezkariaren bitartez.

Eskuratzearen berri izan eta gero, sozietateak eskuratutako partaidetza eskuratutako prezio berean atzera eskuratzeko eskubidea erabil dezake, hiru hilabeteko epean. Partaidetza eskuratu ondoren, sozietateak urtebeteko epea izango du partaidetza besterentzeko edo, hala egin nahi ez badu, partaidetza kapital soziala murriztuz amortizatzeko.

Hamalaugarrena.– Zehapen-araubidea.

Zehatzeko ahalmena honako hauetan xedatutakoaren arabera baliatuko da: ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorrak VI. Tituluan xedatutakoa; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean ezarritakoa; Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen Zigortzeko Ahalmenari buruzko otsailaren 20ko 2/1998 Legean agindutakoa; eta Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko azaroaren 8ko 231/2011 Dekretuan xedatutakoa.

II KAPITULUA
PROPOSAMENAK AURKEZTEA

Hamabosgarrena.– Proposamenak aurkezteko era.

Bat.– Eskabideak eta dokumentazio osagarria oinarri hauetan adierazitako moduan eta epean aurkeztuko dira, eta eskatzailearen nortasun juridikoa eta lizentziaren titularra izateko gaitasuna egiaztatu beharko dira, legez ezarritako betekizun eta debekuekin bat etorriz. Lizitatzaileek eskabide bakarra aurkeztu beharko dute, eskatzaileak sinatuta, edo, pertsona juridikoen kasuan, horretarako behar bezala ahalordea duen legezko ordezkariak sinatuta. Eskaera horren nortasuna egiaztatu beharko da.

Eskabidea aurkezteak esan nahi du lizitatzaileak baldintzarik gabe onartzen duela oinarri hauen eduki osoa.

Bi.– Pertsona juridikoek deialdi honetarako berariaz gaitutako bide elektronikoa erabiliz aurkeztu beharko dituzte eskabideak eta dokumentazio osagarria. Bide hori erabiliko da, halaber, espedientearen egoera kontsultatzeko eta harekin lotutako gainerako izapideak betetzeko. Eskabide-orria, eranskin normalizatuak eta behar den informazio guztia eskuragarri egongo dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Gizarte Hedabideen Zerbitzuaren egoitza elektronikoan, URL honetan:

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1056702

Bide elektronikoz aurkezteko, deialdiaren berezko eskabide-eredua eta eranskin normalizatuak erabili beharko dira, eta horiei dokumentazio osagarria erantsiko zaie. Pertsona juridikoek eskabide eta/edo dokumentazio osagarria elektronikoaz bestelako modu batean aurkezten badute, deialditik kanpo geratuko dira.

Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak egoitza elektroniko horretako «nire karpeta» ren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikazio eta sinadura elektronikorako onartutako bitartekoak honako helbide honetan daude eskuragarri:

https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

Pertsona fisiko batek bere proposamena aurkezteko bide elektronikoa ez den beste bide bat erabiltzen badu, modu frogagarrian jakinarazi beharko dio deialdi honetako administrazio-kudeaketarako zuzendaritza eskudunari, eta hori, betiere, proposamenak aurkezteko epea amaitu baino lehen. Era berean, justifikatu beharko du legez onartutako bide elektronikotik ez beste batetik behar bezala egindako aurkezpena proposamenak aurkezteko hamaseigarren oinarrian ezarritako epearen barruan egin dela.

Proposamena ez da onartuko horretarako legez eskatzen diren baldintzak betetzen ez badira. Horretarako, nahitaez erabili beharko dira eskabide-orria eta deialdiaren berezko eranskin normalizatuak. Horiek, adierazitako egoitza elektronikoan ez ezik, Kabinetearen eta Gizarte Hedabideen Zuzendaritzari dagozkion administrazio-bulego eskudunetan ere egongo dira eskuragarri.

Hiru.– Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean, euskaraz edo gaztelaniaz, aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta dokumentazioa. Halaber, eskabidea aurkeztu izanaren ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

Lau.– Proposamen guztiek honako osagai hauek izango dituzte: eskabidea (eranskin normalizatuekin batera: I. eta II. eranskinak), administrazio-dokumentazioa (eranskin normalizatuarekin batera: III. eranskina) eta proposamen teknikoa (eranskin normalizatuarekin batera: IV. eranskina).

Eskatzaileek eskabide bakarra aurkeztu ahal izango dute, eta, gainera, proposamen tekniko bakarra izan beharko du (irrati-eskaintza bakarra), 231/2011 Dekretuaren 11.2 artikulua. Batera proposamen bat aurkezten duten eskatzaileek ezin izango dute beste proposamen bat aurkeztu, ez banaka, ez beste eskatzaile batzuekin batera; bestela, parte hartzen duten guztiak baztertu egingo dira. Era berean, proposamen tekniko bat baino gehiago aurkeztuz gero, eskatzaile horrek aurkeztutako guztiak baztertu egingo dira.

Eskatzaile berak aurkeztutakotzat joko dira sozietate-talde bereko enpresei dagozkien proposamen guztiak, hau da, Merkataritza Kodearen 42. artikuluan xedatutakoa.

Hamaseigarrena.– Eskabideak aurkezteko epea.

Proposamenak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izango da, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

III KAPITULUA
DOKUMENTAZIO ADMINISTRATIBOA ETA PROPOSAMEN TEKNIKOA

Hamazazpigarrena.– Administrazio-agiriak.

Eskabidearekin batera, eskatzailearen nortasun juridikoa egiaztatu beharko da, eta honako administrazio-agiri hauek aurkeztu:

a) Europako Esparru Ekonomikoko kide ez diren estatuetako nazionalitatea duten pertsona fisikoek Espainiak dagokion estatuan duen Ordezkaritza Diplomatiko Iraunkorraren txostena aurkeztu beharko dute, jatorrizko estatuak aldi berean Espainiako herritarrei ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuak ematea onartzen diela egiaztatzen duena. Pertsona fisiko atzerritarren kasuan, pasaportea edo nortasuna egiaztatzen duen beste edozein agiri ofizial aurkeztu beharko dute.

b) Pertsona juridikoen kasuan, eraketa-eskritura aurkeztu beharko dute, bai eta aldaketa- edo eraldaketa-eskritura ere, hala badagokio, Merkataritza Erregistroan inskribatuta, betekizun hori aplikatzekoa den merkataritza-legeriaren arabera eska daitekeenean.

Hala ez bada, eratze-agiria, estatutuak edo sortze-akta aurkeztu beharko dute, egoitza soziala eta jarduera arautzen duten arauak jasotzen dituena, eta, hala badagokio, nahitaezko erregistro ofizialean inskribatuko dira.

c) Europar Batasuneko estatu kideetako edo Europako Esparru Ekonomikoari buruzko Akordioa sinatu zuten estatuetako pertsona juridiko ez espainiarrek dagokien erregistroan erregistratuta daudela egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu behar dute, finkatuta dauden estatuko legediaren arabera; edo, erregistratze hori nahitaezkoa ez bada, jarduteko gaitasuna dutela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu behar dute.

d) Aurreko paragrafoan aipatu ez diren estatuetako pertsona juridiko atzerritarrek jarduteko gaitasuna dutela egiaztatzen duen txostena aurkeztu behar dute. Txosten hori kasuan kasuko estatuan Espainiak duen ordezkaritza diplomatikoak egin behar du. Halaber, dagokien Espainiako Ordezkaritza Diplomatiko Iraunkorraren txostena aurkeztu beharko dute, eta txosten horrek adierazi behar du beren jatorri-estatuak Espainiako enpresei ere aukera ematen diela ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzua emateko.

e) Eskatzaileak ordezkari bidez diharduenean, ordezkari horrek agiri fede-emailea aurkeztu beharko du, lehiaketa honi dagokionez ahalmena ematen dion ordezkaritza badagoela egiaztatzeko; ordezkaritza hori, hala badagokio, pertsona juridiko motaren arabera dagokion erregistro publikoan behar bezala inskribatuta egongo da.

f) Sozietate-izaera duten pertsona juridikoek kapital sozialaren osaerari eta egiturari buruzko ziurtagiria aurkeztu beharko dute, dagokion gobernu-organoak egina. Horretarako, oinarri hauei erantsitako III. eranskina izeneko eredu normalizatua bete beharko da. Horrela, kapital sozialean partaidetza esanguratsua duten titularren izen-abizenak edo, hala badagokio, izena edo izen soziala aurkeztu beharko dira, identifikazio fiskaleko zenbakia barne, bai eta dagozkien ehunekoak ere, zuzenean nahiz zeharka. Alde horretatik, partaidetza esanguratsutzat hartzen da, zuzenean edo zeharka, honako hauek ordezkatzen dituena:

– kapital sozialaren % 5 bada.

– bozkatzeko eskubideen % 30 edo gutxiago bada, horrek partaidetza eskuratu eta hurrengo 24 hilabeteetan sozietateko administrazio-organoko kideen erdiak baino gehiago izango den kontseilari-kopurua izendatzeko balio izanez gero.

Baldin eta kapital sozial horretan Europako Esparru Ekonomikoko kide ez diren herrialdeetako pertsona fisikoek edo juridikoek partaidetza badute, ziurtagiriaz gain, dagokion estatuan egongo den Espainiako Ordezkaritza Diplomatiko Iraunkorraren txostena eman beharko da. Txosten horrek egiaztatu behar du jatorri-estatuak ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuak ematea xede duten pertsona juridikoetan espainiarrek partaidetza izatea onartzen duela.

Bestalde, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta daudela eta ekonomia-jardueren gaineko zergari buruzko beharrezko informazioa ofizioz egiaztatu ahal izango da, lehiaketa ebazteko fasean horretarako aurreikusitako izapidean, baldin eta eskabidearen I. eranskinean ez badago horren aurkako adierazpenik. Aurkakotasun hori agertzen bada, beharrezko egiaztagiriak aurkeztu beharko dira hogeita bosgarren oinarrian aurreikusitako dagokion izapidean. Izapide horretan, nolanahi ere, aurreikusitako gainerako dokumentazio galdagarria eskatuko da.

Hemezortzigarrena.– Proposamen teknikoa.

Eskabidearekin batera, proposamen teknikoa aurkeztu beharko da, eta, bertan, proposamena sinatzen duen lizitatzailea identifikatu beharko da, bai eta aurkeztutako irrati-eskaintzari dagokion izen komertziala ere. Proposamen teknikoa pdf formatuan aurkeztuko da, gehienez ere 30 MBkoa, eta edukia gehienez ere 100 orrialde zenbakidunekoa izango da, tarte bikoitzean, Arial letra-tipoarekin, 12 tamainarekin.

Proposamen teknikoaren egitura eta edukia klausula honen hurrengo ataletan zehaztatukoaren araberakoa izan behar da, nahitaez.

Proposamen teknikoa osatzen duten elementuek bat etorri behar dute batak bestearekin. Era berean, proposamen teknikoa eratzen duten atalei dagozkien konpromisoak argi eta zehatz azaldu behar dira. Hogeita hirugarren oinarrian jasotakoaren ondorioetarako, eskainitako datuak edo informazioa bat ez badatoz, inkongruentzia edo kontraesanak badaude.

Bat.– Laburpena.

Bost orrialde izango ditu gehienez ere, eta honako informazio hau jaso behar du, gutxienez:

a) lizitatzailearen aurkezpen laburra;

b) bere irrati-eskaintzaren ezaugarriak: irrati-formatu mota (orokorra, espezializatua –gaia adierazi behar da– edo mistoa), programazioaren egitura eta edukiak, nahiz xede izango den entzuleria;

c) ustiapen-eredua;

d) zerbitzuaren ustiapenerako esleitutako baliabide teknikoak, giza baliabideak eta baliabide ekonomikoak.

e) soinuaren bidezko irrati-zerbitzuak ematearen arloan edo beste hedabide batzuk kudeatzearen alorrean duen esperientzia; eta

f) garrantzitsutzat joko duen beste edozein informazio.

Proposamenean aurkeztuko den emisora-proiektuko irrati-eskaintzarako pentsatutako izen komertziala adierazi behar da. Baldin eta irrati-eskaintza hori lehendik badago EAEn edo beste edozein esparrutan, izen komertzialak bat etorri behar du enpresa lizitatzailea erabiltzen ari den markarekin. Baldin eta aurkeztuko den proiektua guztiz berria bada, lizitatzaileak adieraziko duen izen komertziala bere emisorarako aurreikusita duena izango da. Gero, esleipendun bada, izen hori alda daiteke.

Bi.– Emisora-proiektua.

Emisora-proiektua garatzeko orduan, aintzat hartu behar dira honako hauek:

a) Programazio-proposamena.

b) Proposamen ekonomikoa eta egiturarena.

c) Proposamen teknologikoa.

d) Ikus-entzunezko komunikazioaren zerbitzu-emaileen eskaintzak aniztasunari egingo dion ekarpena.

e) Enplegua sustatzea.

f) Programazioa euskaraz emititzeko konpromisoa.

A) Programazio-proposamena.

Programazio-proposamenak ereduzko parrilla bat izango du (IV. eranskina), asteko zazpi egunetan eta eguneko hogeita lau orduetan emango diren programak adierazita (ordu-tarteren batean emititu nahi ez bada, «Ez emititzea» koadroan adieraziko da), programa bakoitzaren iraupena argi eta garbi ikusteko moduan. Birzabalkunde-kasuak adieraziko dira, bai eta grabatutako programazio-tarterik dagoen ere. Ildo horretan, programa bakoitzeko, honako hauek adieraziko dira:

– Izena edo identifikazioa (baldin izenik ez badu).

– Iraupena; eguna eta hasiera– eta amaiera-orduak adierazi behar dira.

– Ekoizpenaren jatorria; ea EAEn bertan ekoitzitako programa den edo beste edozein tokitan ekoitzia den adierazi behar da. Baldin EAEn ekoitzia bada, ea programa osorik emisoraren estaldura eremuan ekoitzi den ala ez adierazi behar da. Emisorako bertako ekoizpena eta kanpokoa biltzen dituen programa bada, bertako ekoizpenari dagokion denbora adierazi behar da.

– Programa-mota (berri-emankizuna, entretenimendua, musika, kirola, kultura, gizartea edo beste mota batekoa). Baldin programa bat kategoria batean baino gehiagotan sailka badaiteke, kategoria bakoitzari zenbat denbora dagokion azaldu behar da.

– Xede izango den entzuleria.

– Emisorako langile ez diren kanpoko beste pertsona batzuen parte-hartzea, baldin halakorik badago (gonbidatuak, gizarte-taldeak, adituak eta abar).

– Programa zein hizkuntzatan emango den.

– Kate-emisioa (halakoetan, identifikatu katea).

– Programaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko lotura; hau da, ea programaren edukiak EAEko eduki espezifikoak diren ala ez. Baldin EAErekiko eta estaldura-eremuarekiko lotura partziala bada, EAEko eta, hala badagokio, estaldura-eremuko gaietarako edo kontuetarako zenbat denbora erabiliko den adierazi behar da.

Horrez gain, eredu-parrillaren bitartez azaldutako programazioaren deskribapenarekin bat etorriz, hogeita laugarren klausulako A.1 atalean aipatutako balioztatze-atalei loturiko konpromiso zehatzak adierazi behar dira, hots:

– Euskal Autonomia Erkidegoan ekoitziko den programazioaren ehunekoa.

– Emisoraren estaldura-eremuan bertan berariaz ekoitziko den programazioaren ehunekoa.

Era berean, programazioa genero-ikuspegiarekin (hizkuntzaren erabilera ez-sexista, emakumeen parte-hartze aktiboa eta bi sexuen presentzia orekatua eta irudi plurala, kanon eta estereotipo sexistak alde batera utzita, sustatutako edo emakumeei zuzendutako jarduera politiko, sozial eta kulturalak berdintasun- eta aniztasun-baldintzetan hedatzea...) eta emakumeen aurkako indarkeriaren berariazko tratamenduarekin garatzen dela bermatuko duten mekanismoak adieraziko dira; era berean, emakumeen presentzia eta edukiak adieraziko dira. Horri dagokionez, hala badagokio, beharrezkoa izango da hogeita hirugarren oinarriko A.3 atalean aurreikusitako edukiari dagozkion egiaztagiriak aurkeztea.

Programazioari loturiko balioztatze irizpideetan, ez zaie punturik emango lizitatzaileak azaldutako konpromisoaren eta eredu-parrillatik aterako diren datuen artean desadostasunen bat izango duten atalei.

Programazioan, gero, aldaketak egiteko, eredu-parrillako oinarrizko ildoak eta lehiaketa honetan hartutako konpromisoak errespetatu beharko dira.

B) Proposamen ekonomikoa eta egiturarena.

Proposamen ekonomikoa.

Lizitatzaileak EAEn FMko soinu bidezko irrati-hedapenaren merkatua nola ikusten duen azaldu behar du labur, bai eta estaldura-eremuko errealitatearen gainean duen ikuspegi berezia ere. Zehazki, lizitatzaileak azaldu behar du, bere ustez, FMko irrati-hedapenak autonomia-erkidegoan eta lizentziak hartzen duen estaldura-eremuan zein erronka, aukera eta mehatxu dituen. Bere irrati-eskaintza egiteko garrantzitsutzat jo dituen alderdiak nabarmendu behar ditu, bai eta bere eskaintzak estaldura-eremuan nahiko sendo egoteko eta lizentziaren indarraldian mantentzeko interes nahikoa izango duela pentsarazten dioten elementuak ere.

Aurrekoarekin bat, lizitatzaileak lizentzia eta zerbitzua kudeatzeko pentsatu duen estrategia orokorra aurkeztu behar du, eta negozio-plana egin behar du. Negozio-planak honako hauek izan behar ditu barnean:

1.– Inbertsioen eta kostuen plana. Emisora-proiektua ezartzeak ekarriko dituen inbertsioen eta kostuen aurreikuspena; honako hauek jaso behar dira aurreikuspen horretan:

– Azpiegituretan egin beharreko inbertsioa: ekoizpen-estudioak, ekipamendua...

– Sarea ustiatzearen kostuak: kontribuzioa, garraioa eta hedapena.

– Ekoizpen-kostuak eta programazioko edukien kudeaketa.

– Amortizazioen plana.

2.– Merkatu-azterketa; honako informazio hau jaso behar da:

– Publizitate-estrategia:

• Lehia.

• Bezero izan daitezkeenak (publizitatea).

• Entzule izan daitezkeenak.

– Sustapenean eta publizitatean jarraitu beharreko salmenta-estrategia.

– Etorkizuneko aurreikuspenak.

– Merkataritza-estrategiari loturiko beste edozein alderdi, aipatu beharrekotzat jotzen dena.

3.– Finantza– eta negozio-plana. Honako informazio hau jaso behar da:

– Finantzaketa-aurreikuspenen zerrenda (finantzaketaren zenbatekoak, zehaztapenak eta baldintzak zehaztu behar dira) eta lizitatzailearen aktiboen gainean ezarri beharreko fidantzak.

– Indarraldian izandako galeren eta irabazien kontua (sarreren eta gastuen xehetasunak banakatuta adierazi behar dira, sarrera eta gastu moten arabera).

– Lizentziaren indarraldiko lehen hiru urteetarako aurreikusitako balantzeak.

Egitura-proposamena. Lizentzia ez besterentzeko edo alokatzeko konpromisoa.

Lizentziaren titularrak zerbitzua emateko zein ustiapen-erregimen aurreikusi duen azaldu behar du, eta soinu bidezko irrati-hedapeneko zerbitzurako lizentzien titular diren beste enpresa batzuekin programak emititzeko hitzarmenak egin dituela adierazi behar du, baldin halakorik egin badu. Orobat, zerbitzua emateko, oro har, hirugarrenek parte hartuko dutela aurreikusi bada, lankidetza hori ere aipatu behar da.

Horrez gain, berariazko konpromiso bat sar daiteke, eta konpromiso horretan adieraz daiteke guztira zenbat urtez ez den lizentzia besterenduko edo alokatuko, edo ez den lizentziaren ustiapena lagako, lizentzia hasieran esleituko den egunetik bi urte igaro eta gero.

C) Proposamen teknologikoa.

Honako atal hauek izango ditu:

1.– Obrak eta instalazioak egiteko plana.

Eskatzaileak emisorak funtziona dezan beharrezko izango diren obrak eta instalazioak egiteko plana aurkeztu beharko du, administrazio-izapideetan ezarri bezala. Lanak zein ordenatan egin behar diren eta aldi berean egin daitezkeen ala ez ikusteko moduan antolatu behar du. Estudioak hornitzeko zer-nolako ekipamendu teknikoa eta materiala erabiltzeko asmoa duen azaldu behar du, eta bereziki nabarmendu behar ditu errealizazioari eta ekoizpenari loturiko alderdiak. Horrez gain, estudioak zein tokitan jartzea aurreikusi duen ere adierazi behar du (kale-izendegia).

Estazio igorlea non jartzeko asmoa duen jakinarazteko proposamenean xehetasunak eman behar ditu, plano zehaztuen bitartez, longitudea eta latitudea ETRS89 DATUMean adieraziz. Instalazioaren bermeak ere adierazi behar ditu, eta kokatuko den jabetza-eremuaren titularra nor den eta eremu hori okupatzeko titulu juridikoa ere aipatu behar ditu.

Emisio-estazioa jartzeko aukeratutako lekuaren inguruaren, lur-eremuaren, zuhaiztiaren, eraikinen eta urbanizazioaren deskribapen zehatza egin behar da, bai eta hedapenean eragina izan dezaketen eta norabide jakin batzuetan estaldura muga dezaketen beste azpiegitura batzuena ere. Eskaerako parametro teknikoak kontuan hartuta proposatu duen kokalekua zergatik aukeratu duen ere xehetasunez azaldu behar du. Honako alderdi hauek aipatu behar ditu, gutxienez:

– Zentro igorlearen izena eta kokalekua (longitudea eta latitudea ETRS89 DATUMean eta kota).

– Zentro igorlearen ezaugarriak, harako sarbidearen deskribapena, segurtasun hesiak, dorrearen deskribapena eta garaiera.

– Zentro igorlerako proposatutako parametro teknikoen deskribapena: igorlearen potentzia nominala eta irteerako potentzia, antena unitarioa eta proposatutako sistema erradiatzailearen osaera, azimuta eta proposatutako erradiazio-diagrama mota (norabidekoa edo norabide gabekoa), irabazia, ondoriozko erradiatutako itxurazko potentzia eta FMko irrati-difusio soinudunaren plan tekniko nazionalarekin bat datorrela justifikatzen duen beste edozein.

– Kalkulatutako estaldura: lurraldeko estalduraren simulazioa, GIS kalkulu-tresnaren bidez, aurreko puntuan proposatutako parametroekin; eta, egindako kalkuluen arabera, estaldura zein biztanle-eremutan izango duen ere adierazi behar da.

Orobat, seinalea estazio igorlera eramateko sistemak xehetasunez azaldu behar dira, baldin ekoizpen-estudioak dauden tokian jarriko ez bada.

2.– Kalitate-, jarraipen- eta fidagarritasun-plana.

Eskatzaileak, zerbitzua kalitatezkoa izango dela eta jarraipen teknikoa izango duela bermatzeko, eta instalazioak seguruak izango direla ziurtatzeko, bere irrati-proiektuan zein teknika, baliabide eta tresna erabiliko diren zehaztuko du.

Zerbitzua kalitatezkoa izateko zerbitzu emango dion telekomunikazioetako operadorearekin sinatutako kalitate-hitzarmenak ere aipa ditzake, baldin halakorik egiten badu. Hitzarmenaren irismena eta xehetasunak ere adierazi behar ditu.

Eskatzaileak zerbitzuaren kalitate-plan bat aurkeztu behar du. Plan horretan honako gai hauek zehaztu behar ditu:

a) Egin duen proposamenaren arabera, eskaintza egingo duen zerbitzu-eremuan nola emango duen kalitate handiko zerbitzua, soinuaren maiztasun modulatuko uhin metrikoen bidezko irrati hedapenerako; kalitate- eta funtzionamendu-alderdi eta -parametro zehatzak aipatu behar ditu.

b) Zerbitzua fidagarria izango dela eta funtzionatzen jarraituko duela bermatzeko prozesuak, ekipamenduen erredundantzia-prozeduren bitartez; jarraitutasuna eta energia hornitzeko larrialdiko sistema alternatiboak erabiliko direla bermatzeko mekanismoak baliatuz; eta matxura zehatzak gertatzen direnerako automatikoki birbidaltzeko prozedurak izanik. Laneko ingurumen baldintzetarako proposatutako ekipamenduko funtsezko elementuen fabrikatzaileen arabera fidagarritasun-parametroak direnak zehaztu beharko dira.

c) Instalazioetan mantentze-lanak egiteko planak, bai prebentziozkoak bai zuzentzekoak; erantzun-denborak adierazi behar dira.

d) Matxurei antzemateko sistema, zerbitzua 24 orduz mantenduko dela ziurtatzeko, bai ekoizpen-estudioetan, bai hedapen-zentroan; matxuretan arreta emateko zerbitzua azaldu beharko da (entzulearen telefonoa, gorabeherak kudeatzeko CAU zentroa eta abar).

3.– Ingurumenerako eta osasuna babesteko plana.

Atal honetan, eskatzaileak honako informazio hau eman beharko du, zehaztuta:

a) Eskatzaileak nola proposatu duen emisora ezartzeak -bereziki, azpiegiturak jartzeak-ingurumenean izango duen eragina minimizatzea. Horrez gain, zehaztu beharko du nola bermatu nahi duen pertsonak era seguruan babestuta izango direla igorpen elektromagnetikoetatik, eta ez dela interferentziarik eragingo legez ezarrita dauden beste irrati-komunikazioko zerbitzu batzuetan.

b) Hondakinak jasotzeko eta tratatzeko ingurumen-plana, bai instalazioak egiteko fasean, bai ekipoetan mantentze-lanak egiteko eta ekipoak ordezkatzeko prozesuetan, bai eta instalazioen ingurua zaintzeko ere. Lizitatzaileak, halaber, proiektua egiteko energia berriztagarriak erabiltzeko planak zehaztu beharko ditu, baldin halakorik balego.

Eragin meteorologikoetatik babesteko baliabideak ere xehetasunez azaldu beharko ditu, bereziki tximistetatik babestekoak; hurbileko ingurunean sor daitezkeen suetatik babesteko baliabideak ere zehaztu beharko ditu.

c) Langileen osasuna babesteko planak, dela instalazioak egiteko fasean, dela zerbitzua funtzionatzen ari denean, mantentze-lanak barne.

Eremu elektromagnetikoetatik babesteko osasun-neurriak ere zehaztu beharko dira, irailaren 28ko 1066/2001 Errege Dekretuaren arabera (Dekretu horren bidez onartu zen erregelamendu batean datoz jasota jabari publiko erradioelektrikoa babesteko baldintzak, emisio erradioelektrikoetarako murriztapenak eta emisio erradioelektrikoetatik babesteko neurriak).

4.– Azpiegiturak partekatzeko plana.

Baldin eta lehendik dauden telekomunikazio-azpiegiturak erabiltzea aurreikusi bada, esplizituki adierazi beharko da zein azpiegitura erabiliko den, eta zer helbururekin, bai eta ea bere jabetzakoak edo telekomunikazio-operadoreren batenak diren ere.

Azken kasu horretan, honako hauek adierazi beharko dira: telekomunikazio-operadore horren sozietate-izena; eskumen-titulua, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalaren arabera; eta azpiegiturak partekatzeko sinatu diren aurre hitzarmenak.

Baldin azpiegiturak bere jabetzakoak badira, leku horretan zein beste irrati-komunikazio zerbitzu duen adierazi beharko du, eta espektro erradioelektrikoaren arloan eskuduna den administrazioak erreserbatuta dituen edo erabiltzen ari den maiztasunak zein diren azaldu behar du.

5.– Teknologia-berrikuntzako plana.

Atal honetan, eskatzaileak honako informazio hau eman beharko du, zehaztuta:

a) Multimedia-zerbitzuen eta –edukien ekoizpenean informazioaren gizartea eta inbertsioak sustatzeko egingo diren jarduerei buruzko informazioa.

b) Eskaintza egingo duen zerbitzu-eremuko teknologia eta industria garatzen laguntzeko jarduerei buruzko informazioa.

c) Sistema aurreratuen erabileraren konpromiso-maila (RDS, TMC, DGPS, Netcasting); eta, zehazki, ekoizpen–, biltegiratze– eta hedatze-prozesu osoaren digitalizazio osoa, hasieratik bukaerara, honako hauekin: irrati-hedapenaren eta Internet bidezko hedapenaren arteko sinergiak, irratia nahieran eta abar.

d) Aurkeztuko den eskaintzak hartuko duen estaldura-eremuan eta hurbileko beste eremu batzuetan ez dauden zein zerbitzu ezarriko eta emango dituen.

e) Programak ekoizteko prozesuetara eta transakzio-prozesuetara eta seinaleak transmititzeko prozesura kontribuzio-bideetan zein banaketa-bideetan teknologia-berrikuntza ekarriko duten alderdiei buruzko informazio zehatza.

D) Ikus-entzunezko komunikazioaren zerbitzu-emaileen eskaintzak aniztasunari egingo dion ekarpena.

Lizitatzaileak lizentziaren xede den zerbitzu-eremuan eta EAEko beste zerbitzu-eremu batzuetan dagoela adierazi behar du, eta eremu horietan maiztasun modulatuko zein irrati-eskaintza duen eta zerbitzu emateko araubide juridikoa zein den zehaztu beharko du (lizentziaren titularra edo hirugarrenekin egindako hitzarmena). Idatziz jasota izan beharko dira herria eta maiztasuna, bai eta izen komertziala edo izango duen programazioa ere.

Orobat, baldin lizitatzaileak maiztasun modulatuan irrati-komunikazioko zerbitzuen lizentziadun diren beste sozietate batzuetan partaidetza badu, dagokion partaidetzaren ehunekoa adierazi behar du.

Deialdi honen xede den lizentziaren zerbitzu-eremuan besteren lizentziaren bitartez dagoen lizitatzaileak erantzukizunpeko adierazpen bat ere eman dezake. Adierazpen horren bitartez, bere titulartasunekoa ez den lizentzian emititzeari utziko diola agindu behar du, baldin lizentziaren esleipendun bada.

Lizitatzaileak zehazki zer-nolako ezarpena izango duen jakiteko, enpresa horren titulartasunekoak diren emisoren kopuruari buruzko datuak osatu behar dira elkartze-kontratu, afiliatze-kontratu edo beste mota bateko kontratu pribaturen baten bitartez enpresa horri lotuta dauden emisorekin.

Gainera, arrazoitu beharko du lizitatzaileak eta bere emisora-proiektuak zergatik egiten dioten mesede irrati-komunikazioaren zerbitzu-emaileen aniztasunari, zerbitzuak estaldura izango duen eremuan, nolanahi ere, IKLOren 37. artikuluan ezarritako muga kontuan hartuta.

E) Enplegua sustatzea.

Atal honetan, lizitatzaileak azalduko du lizentzia lortzeak zer neurritan laguntzen duen epigrafe honetako edukiak sustatzen. Eduki horiek azpiatal hauek dituzte:

E.1.– Enplegua sortzea eta lan-egonkortasuna.

Irratiak urtero arloka edo sailka izango duen plantilla- eta antolaketa-egitura zehaztuko da, eta sexuen arabera bereizitako informazioa emango da, kontratazio-modalitateak eta enpleguan aurreikusitako prestakuntza-ekintzak edo -planak zehaztuta. Ildo horretan, lanpostu bakoitzerako lanbide-profilak zehaztuko dira, eskatzen den prestakuntza akademikoa eta lanbide-kualifikazioa zehaztuta. Kontratazio berriekin beteko diren lanpostuak esplizituki adieraziko dira, aurreikusitako kontratu motak eta erakunde eskatzaileko edo erakunde horretako bazkide guztietako langileekin egingo direnak adierazita. Bereziki baloratuko dira enpleguaren egonkortasuna, emakumeen eta gizonen aukera-berdintasuna, egoera ahulenean dauden kolektiboen gizarteratzea eta indarkeria matxistaren biktima diren emakumeak bultzatzen dituzten enpresak.

E.2.– Emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzea enpleguan.

Bestalde, emakumeen eta gizonen berdintasuna eta kontziliazio erantzukidea sustatzeko jarduera, programa edo plan guztiak zehaztuko dira. Gainera, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko prestakuntza-ekintzak eta -planak zehaztuko dira. Erakundeko langileen bizitza pertsonala eta/edo familiakoa bateratzeari dagokionez, kontziliazioa errazteko neurri zehatzak aurkeztuko dira.

Bereziki baloratuko da sexu-jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurririk dagoen erakunde esleipendunari atxikitako langileei dagokienez, hala nola jardunbide egokien kodeak egitea eta zabaltzea, informazio-kanpainak edo prestakuntza-ekintzak egitea, edo jazarpena jasan dutenek egin ditzaketen salaketak edo erreklamazioak bideratzeko berariazko jarduketa-protokoloak ezartzea.

Lizitatzaileari dagokionez, zehaztuko da erakundearen sorrera-eskrituran edo estatutuetan erakundearen helburu gisa emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzea agertzen den. Era berean, zuzendaritza-organoen organigrama adieraziko da, informazioa sexuaren arabera bereizita.

Azkenik, berdintasunaren arloko enpresa-ziurtagiriak edo -bereizgarriak sartuko dira, edo emakumeen eta gizonen berdintasunerako erakunde laguntzaile gisa, edo antzeko beste edozein ziurtagiri edo bereizgarri ofizial; edo, hala badagokio, horiek lortzeko prozesuan dagoela agiri bidez egiaztatuko da.

Aurkeztutako konpromiso bakoitzari dagozkion egiaztagiriak aurkeztu beharko dira.

F) Programazioa euskaraz emititzeko konpromisoa.

Lizitatzaileak adieraziko du hitzematen duen euskarazko programazioaren emisioaren ehunekoa. Ehuneko horrek koherentea izan behar du klausula honetan A) atalean aipatzen den parrilla-eredua osatzen duten programen deskribapenean emandako datuekin.

Hemeretzigarrena.– Zigorrak.

Balorazio Mahaiak ahalmena izango du edozein unetan egiaztatzeko administrazio-dokumentazioan eta proposamen teknikoan emandako datuak egiazkoak direla, eta, horretarako, beharrezko errekerimenduak egin ahal izango zaizkie lizitatzaileei, Administrazioak lizentziaren indarraldian egiaztapen-ahalmen hori duen bezala, ofizioz egiaztatuta edo beharrezko dokumentazio edo txosten osagarriak egiteko errekerimendua eginda. Datu horiek faltsuak edo zehatzak ez badira, lizitaziotik kanpo gera daitezke, edo, hala badagokio, lizentzia baliogabetu.

Ildo horretan, aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpenetan jasotako datuak edo informazioa zehaztugabeak, faltsuak edo omisiozkoak izatearen ondorioei dagokienez, gogorarazten da, gainera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69. artikuluan aurreikusitakoa aplikatuko dela.

Bestalde, lizitatzaileek fede txarreko edo ausarkeriazko jarduerak edo esleipen-prozeduran parte hartzeko iruzurrak egiteak lizitaziotik kanpo geratzea ekar dezake.

IV KAPITULUA
PROPOSAMENEN BALORAZIOA

Hogeigarrena.– Balorazio Mahaia.

Balorazio Mahaia Kabinetearen eta Gizarte Hedabideen Zuzendaritzari atxikiko zaio. Gobernu Kontseiluak izendatutako bost pertsonak osatuko dute. Balorazio Mahaiko kide izango dira Kontrol Ekonomikoko Bulegoko kontu-hartzaile bat eta Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien Zuzendaritzako teknikari bat. Teknikari horiek dagozkien sailek proposatuta izendatuko dira. Gainerako pertsonak Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak proposatuta izendatuko dira.

Izendapen-proposamenak Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko titularrak aurkeztuko dizkio Gobernu Kontseiluari.

Balorazio Mahaiko kideak hutsik badaude, kanpoan badira edo gaixorik badaude, maila bereko funtzionarioek edo agintariek ordezkatuko dituzte.

Balorazio Mahaiak berak izendatuko du batzordeko idazkaria, bere kideen artetik. Balorazio Mahaiak, prozesuaren edozein unetan, kanpoko aholkulariak bertaratzeko eskatu ahal izango du. Aholkulariak bileretara joan ahal izango dira, hitzarekin baina botorik gabe, eta egoki iritzitako txosten teknikoak eskatu ahal izango dituzte.

Hogeita batgarrena.– Administrazio-dokumentazioa aztertzea.

Proposamenak aurkezteko epea amaitutakoan, Balorazio Mahaia bilduko da garaiz eta behar bezala aurkeztutako dokumentuak aurretiaz kalifikatzeko.

Administrazio-dokumentazioa aztertu ondoren, Balorazio Mahaiak konpon daitekeen akatsik edo omisiorik dagoela ikusiz gero, lizitatzaileei hamar eguneko epea emango zaie akatsa zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko, eta adieraziko zaie, hala egin ezean, eskabidean atzera egin dutela ulertuko dela.

Eskabideak aurkezteko eta, hala badagokio, zuzenketak egiteko epea amaitu ondoren, Balorazio Mahaiak erabakiko du zein geratzen diren lehiaketatik kanpo, ikus-entzunezko komunikazio-lizentzien titular izateko beharrezkoak diren gaitasun-baldintzak ez egiaztatzeagatik.

Balorazio Mahaiak erabakitako baztertzearen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko titularrari, baztertzea jakinarazten den egunetik hilabeteko epean.

Hogeita bigarrena.– Proposamen teknikoaren azterketa.

Aurreko fasea amaitutakoan, baztertu gabeko eskatzaileen proposamen teknikoa aztertuko da.

Balorazio Mahaiak egoki iritzitako argibideak eskatu ahal izango dizkie eskatzaileei, proposamen teknikoaren edukiari dagokionez. Eskatzaileak bost egun balioduneko epea izango du azalpen hori emateko.

Hogeita hirugarrena.– Lehiaketa baloratzeko irizpideak.

Balorazio Mahaiak proposamen teknikoak ebaluatuko ditu, 0 eta 200 puntu arteko puntuazioaren bidez, ondoren adierazten diren irizpideen arabera, kasu bakoitzean azaltzen den haztapenarekin. Proposamenaren guztizko puntuazioa ebaluazio-talde bakoitzean lortutako puntuazio partzialak gehitzearen emaitza izango da. Balorazio Mahaiak berak erabaki ahal izango ditu, eman beharreko puntuazioak zehazteko eta, betiere, aurkeztutako eskaintzen edukia aztertu aurretik, bigarren mailako balorazio-parametroak, oinarri hauetan aurkeztutako proposamenak baloratzeko eta haztatzeko ezarritako irizpideak zehaztu eta zehaztuko dituztenak; betiere, oinarri honetan jasotako balorazio-irizpideak betez eta oinarri honetan jasotako irizpideekin bat etorriz, eta haien xedearekin zuzenean bat etorriz.

A) Programazio-proposamena. Gehienez 50 puntu emango dira.

B) Proposamen ekonomikoa (B1) eta egiturazkoa (B2). Gehienezko puntuazioa 30 puntukoa izango da, B1 atalari 21 dagozkionak eta B2 atalari 9.

C) Proposamen teknologikoa. Gehienezko puntuazioa 30 puntukoa izango da.

D) Ikus-entzunezko komunikazio-emaileen eskaintza aniztasunari ekarpena egitea. Gehienezko puntuazioa 30 puntukoa izango da.

E) Enplegua sustatzea. Gehienezko puntuazioa 30 puntukoa izango da.

F) Programazioa euskaraz emateko konpromisoa. Gehienezko puntuazioa 30 puntukoa izango da.

231/2011 Dekretuaren 7.2.e) artikuluan aurreikusitakoaren arabera, A), B1) eta C) ataletan irizpide horietako bakoitzari esleitutako guztizko puntuazioaren % 50 lortu beharko da gutxienez. Bestela, ulertuko da eskaintza teknikoak ez duela bermatzen zerbitzuaren beharrak asetzea, ez baita iristen ezarritako gutxieneko puntuazio-atalasera; beraz, lizitaziotik kanpo geratuko da, Dekretuaren 13.2 artikuluan xedatutakoa betez.

A) Programazio-proposamena.

Ebaluazio-talde honetan honako atal hauek baloratuko dira:

A.1.– Ekoizpen propioaren ehunekoa (20 puntu).

Parrilla tipoan deskribatutako programazio propioaren ehunekoa baloratuko da, gehienez 20 puntu, jarraian adierazten den moduan banatuta.

Euskal Autonomia Erkidegoan ekoitzitako programazioa % 75 edo gehiago ematen duen lizitatzaileari 15 puntu emango zaizkio.

Euskal Autonomia Erkidegoan ekoitzitako programazioa % 25ekoa edo hortik gorakoa eta % 75etik beherakoa ematen duen lizitatzaileari 10 puntu emango zaizkio.

5 puntu emango zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoan ekoitzitako programazioa % 10 edo gehiago eta % 25 baino gutxiago ematen duen lizitatzaileari.

0 puntu emango zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoan ekoitzitako programazioa % 10etik beherako ehunekoan ematen duen lizitatzaileari.

Horrez gain, 5 puntu emango zaizkio lizitatzaileak irratiaren estalduraren lurralde-eremuan berariaz egindako programazio propioaren ehuneko handiena proposatzen duen lizitatzaileari. Gainerako proposamenei zuzeneko proportzionaltasun-arauak aplikatzearen ondoriozko puntuazioa emango zaie.

A.2.– Proiektuaren berezitasuna eta xede duen eremuari egindako ekarpen espezifikoa (20 puntu).

Atal honetan programazio proposamenaren dibertsifikazioa eta ezaugarriak baloratuko dira: programen aniztasuna (kopurua eta iraupena), mota, helburu duten audientzia eta funtzionamenduaren dinamika edo metodologia.

Kontuan hartuko da irrati-eskaintzaren izaera berezia, irrati-formatuen dibertsifikazio handiagoa eta programazioaren aniztasun eta aniztasun handiagoa lortzeko, estaldura-eremuaren barruan.

A.3.– Genero-ikuspegia duen programazioa (10 puntu).

Genero-ikuspegia duen programazioa garatzeko eta sustatzeko eta emakumeen aurkako indarkeria behar bezala tratatzeko, mekanismo hauek hartuko dira kontuan:

– Emakumeen eta gizonen berdintasuna eta emakumeen ahalduntzea sustatzeko berariazko programazioko edukiak sustatzea.

– Programazioaren diseinuan berdintasunaren arloko aditu akreditatuen aholkularitza.

– Publizitate eta komunikazio ez-sexistarako dekalogo edo kode deontologiko bat edukitzea eta aplikatzea.

– Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legearen printzipioekin bat datorren emakumeen aurkako indarkeriaren informazio-tratamendu egokirako kode edo estilo-liburu bat edukitzea eta aplikatzea.

– Emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko prestakuntza espezifikoa komunikazioaren arloan.

B) Ekonomia- eta egitura-proposamena.

B.1.– Proposamen ekonomikoa (21 puntu).

1.– Inbertsioen eta kostuen plana (7 puntu).

Inbertsioen programa oso har hartuta balioztatuko da, proposatutako inbertsio-motaren banakatzearen arabera: ekoizpenean egindako inbertsioa eta edukien kudeaketa, ekoizpen estudioetako azpiegiturak, irrati-hedapen sareko azpiegiturak, emisioak bermatzeko sistema eta abar. Erakutsiko den zehaztasun-maila aintzat hartuko da, bai eta aurkeztutako negozio planarekiko koherentzia ere.

2.– Merkatu-azterketa (7 puntu).

Lor daitezkeen audientzia-kuotak eta gaur egungo lehia-maila abiapuntu hartuta, eta publizitatea merkaturatzeko estrategiaren eta entzuleak erakartzeko marketin-estrategiaren azalpena eta horren berezko bermeak ikusita, zenbateko negozioa lor daitekeen ezagutzea balioetsiko da.

3.– Finantza– eta negozio-plana (7 puntu).

Kontuan hartuko dira, besteak beste, finantzaketa-aurreikuspenei loturiko alderdiak, kasuan kasuko plan ekonomikoak gauzatzeko eta, beraz, bideragarri izateko bermeak emango dituztenak. Negozio-planari dagokionez, galdu-irabazien kontua aintzat hartuko da, sartutako kostuen eta sarreren zentzuzkotasuna abiapuntu hartuta, bai eta lortutako marjina operatiboak eta horien balio positiboak lortzeko beharrezko denbora ere. Era berean, lizentziaren indarraldiko lehen hiru urteetarako aurreikus daitezkeen balantzeen arrazoiketa eta funtsa ere kontuan izango dira.

B.2.– Egitura-proposamena. Lizentzia ez besterentzeko edo alokatzeko eta lizentziaren ustiapena ez lagatzeko konpromisoa (9 puntu).

Denbora-aldi jakin batean lizentzia hirugarrenei ez besterentzeko edo alokatzeko eta lizentziaren ustiapena ez lagatzeko konpromisoa balioetsiko da. Puntuazio handiena emango zaio lizentziaren lehen iraunaldiaren barruan urte-kopuru handieneko konpromisoa hartuko duen lizitatzaileari. Gainerako eskaintzak era proportzionalean balioztatuko dira.

Horren ondorioetarako, lizentzia besterentzearen pareko izango da esleituko den lizentzia xede duten beste negozio juridiko batzuk egitea, Merkataritza Kodeko 42. artikuluko baldintzetan kontrol-aldaketa ekarriko bailukete.

C) Proposamen teknologikoa.

C.1.– Obrak eta instalazioak egiteko plana (7 puntu).

Proposatutakoaren zuzenketa teknikoaren arabera, eta egin beharrekoa gauzatzeko eta emisora martxan jartzeko proposatutako epeak ikusita, obrak eta instalazioak (ekoizpen-estudioak eta zentro igorlea) egiteko plana zenbateraino egokituta dagoen balioztatuko da.

C.2.– Kalitate–, jarraipen– eta fidagarritasun-plana (7 puntu).

Kalitate-plana balioztatzeko, aintzat hartuko dira soinu bidezko irrati-hedapenerako kalitate handienean emitituko dela eta horrek jarraitutasuna izango duela ziurtatzeko aukera emango duten mekanismoak (energia hornitzeko larrialdiko sistemak, ekipo erredundanteak, prebentziozko eta zuzentzeko mantentze-lanak egiteko planak, matxuretan arreta emateko 24 x 7 zerbitzua, segurtasun-plana eta abar).

C.3.– Ingurumenerako eta osasuna babesteko plana (7 puntu).

Ingurumenerako eta osasuna babesteko plana egitea balioetsiko da. Plan horrek aukera eman behar du azpiegiturek, hondakinak jasotzeko eta tratatzeko erak, instalazioen ingurua zaintzeko moduak eta langileen osasuna babesteko erak izan ditzaketen eraginak txikiagotzeko. Eremu elektromagnetikoetatik babesteko neurriak ere balioztatuko dira. Era berean, energia berriztagarriak erabiltzeko planak eta eragin meteorologikoetatik eta suetatik babesteko bitartekoak balioztatuko dira.

Alde horretatik, instalazioak egiteko zein mantentze-lanetarako eta hedapen-zerbitzua emateko, lizitatzaileak ingurumenarekiko konpromiso-ziurtagiriak dituzten enpresak proposatu baditu, proposamen horiek balioetsiko dira.

C.4.– Azpiegiturak partekatzeko plana (5 puntu).

Telekomunikazio-azpiegiturak lehendik dauden beste irrati-komunikazioko zerbitzu batzuekin partekatzea eta arrazionalizatzea balioetsiko da, beste telekomunikazio-azpiegitura batzuk ezartzeak baino eragin txikiagoa izan dadin.

C.5.– Teknologia-berrikuntzako plana (4 puntu).

Atal honetan, honako hauek balioetsiko dira: informazioaren gizartea sustatzea, zerbitzu eremuko teknologia eta industria garatzen laguntzea eta teknologia digitala erabiltzea (RDS), bai eta audioa era digitalean biltegiratzeko sistema, Internet bidezko irrati-eskaintza, emisoraren webgunea eta teknologia berriak ere.

D) Ikus-entzunezko komunikazioaren zerbitzu-emaileen eskaintzak aniztasunari egingo dion ekarpena.

D.1.– Aniztasuna sustatzea, lizentzia honi dagokion estaldura-eremuaren eremuan gaur egun dagoen presentziaren arabera (20 puntu).

Lizitatzaileak eskaintza egingo duen herrian irrati-komunikabideetan ezarpen-maila txikiagoa izatea positiboki baloratuko da. Ondorio horietarako, ulertuko da lizitatzaileak ezarpena duela joko da baldin herri horretan edo herri hori hartzen duen estaldura-eremua duen beste zerbitzu-eremu batean lizentzia propioaren bidez edo besteren lizentziaren bidez presente badago.

Lizitatzailearen presentzia zehazteko orduan, Merkataritza Kodeko 42. artikuluan xedatutakoa hartuko da aintzat.

Zerbitzu-eremuan ezarpenik ez duten lizitatzaileek 20 puntu lortuko dituzte.

Besteren lizentziaren bitartez zerbitzu-eremuan ezarpena duten lizitatzaileek 10 puntu lortuko dituzte. Dena den, 20 puntu emango zaizkio lizitatzaileari, baldin eta, esleipendun bada, bere titulartasunekoa ez den lizentzian emititzeari uzteko konpromisoa hartu duela ziurtatuko duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten badu.

Zerbitzu-eremuan bere lizentzia propioaren bitartez ezarpena duten lizitatzaileek 0 puntu lortuko dute.

D.2.– Aniztasuna sustatzea, EAEko gainerako eremuetan gaur egun dagoen presentziaren arabera (10 puntu).

Positiboki baloratuko da lizitatzaileak gainerako EAEko irrati-komunikabideetan ezarpen-maila txikiagoa izatea. Ondorio horietarako, ulertuko da lizitatzailea gainerako EAEko ezarrita dagoela, baldin eta deialdi honen xede den lizentziaren estaldura-eremutik kanpo badago, lizentzia propio baten edo besteren baten bidez.

Lizitatzailearen presentzia zehazteko orduan, Merkataritza Kodeko 42. artikuluan xedatutakoa hartuko da aintzat.

EAEn ezarrita ez dauden lizitatzaileek 10 puntu lortuko dituzte.

EAEn besteren lizentziaren bidez ezarpena duten lizitatzaileek 5 puntu lortuko dituzte.

EAEn beren lizentziaren bidez ezarritako lizitatzaileek 0 puntu lortuko dituzte.

E) Enplegua sustatzea.

E.1.– Enplegua sortzea eta lan-egonkortasuna (15 puntu).

Gehienez ere 15 puntuko puntuazioa emango zaie enplegua eta haren egonkortasuna, prestakuntza akademikoa eta lanbide-kualifikazioa eta enpleguan aurreikusitako prestakuntza-ekintzak edo -planak sustatzeari buruz proposatutako konpromisoei; era berean, emakumeen eta gizonen aukera-berdintasuna sustatzea, kolektibo behartsuenak gizarteratzea eta indarkeria matxistaren biktima diren emakumeak ere baloratuko dira.

E.2.– Emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzea enpleguan (15 puntu).

Gehienez ere 6 punturekin baloratuko dira emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko jarduera, programa edo planei, horri zuzendutako prestakuntza-ekintza eta -planei eta kontziliazio erantzukidearen eraginkortasunari dagokienez proposatutako konpromisoak.

Gehienez ere 6 punturekin baloratuko dira sexu-jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak, bai eta jardunbide egokien kodeak egin eta zabaltzekoak, informazio-kanpainak edo prestakuntza-ekintzak egitekoak eta horri buruzko berariazko jarduera-protokoloak ezartzekoak ere.

Gehienez ere 3 puntu emango dira, alde batetik, erakundearen sorrera-eskrituran edo estatutuetan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzea helburu bada, eta, bestetik, zuzendaritza-organoen organigramak, sexuen arabera bereizita, hala adierazten badu. Bestalde, kontuan hartuko da berdintasunaren arloko enpresa-ziurtagiriak edo -bereizgarriak izatea, edo emakumeen eta gizonen berdintasunerako erakunde laguntzaile gisa, edo antzeko beste edozein ziurtagiri edo bereizgarri ofizial izatea, edo, hala badagokio, lortzeko prozesuan egotea, agiri bidez egiaztatu ahal denean.

F) Programazioa euskaraz emateko konpromisoa.

Gehienez ere 30 puntu emango zaizkio euskara hutsean emititzeko konpromisoa hartzen duen erakunde edo lizitatzaileari. Gainerako proposamenei zuzeneko proportzionaltasun-arauak aplikatzearen ondoriozko puntuazioa emango zaie, euskaraz emititzeko konpromisoa hartzen duten programazio-ehunekoaren arabera.

Euskarazko emisio osotzat hartuko da euskara emisio-hizkuntza bakartzat erabiltzen den emisioa. Musikan espezializatutako irratien kasuan, euskarazko emisiotzat hartu ahal izateko, programazioaren aurkezpen-hizkuntza euskara hutsezkoa izateaz gain, musika kantatuaren programazioan gutxienez ehuneko 25 euskaraz interpretatutako abestiak izatea bermatu beharko dute. Nolanahi ere, ehuneko hori 07:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara bitartean errespetatu behar da.

Lizitatzaileak adierazitako konpromisoaren eta parrilla-tipoaren datuen artean desadostasunik balego, atal hau 0 punturekin baloratuko da.

Azkenik, eta, oro har, oinarri honetan ezarritako edozein balorazio-irizpideren arabera egin beharreko balorazioan aplikatu beharrekoa, Balorazio Mahaiaren irizpidearen arabera, eskaintzetan eskainitako datuen edo informazioaren artean eta horien eta lizitatzaileek adierazitako konpromisoen artean dagoen desadostasuna, inkongruentzia edo kontraesana dela eta ezinezkoa izan daiteke balorazio egokia egitea, eta, horren ondorioz, Mahaiak hala erabakita, dagokion lizitatzailearen eskaintzari dagozkion atalak ez baloratzea.

V KAPITULUA
LEHIAKETAREN EBAZPENA

Hogeita laugarrena.– Esleipen-proposamena.

Proposamen teknikoak baloratu ondoren, lizitazioan lortutako puntuazio-ordenaren arabera, Balorazio Mahaiak lizentzia esleitzeko proposamena egingo du, eta proposamen horrek ez dio inolako eskubiderik sortuko proposatutako esleipendunari.

Berdinketa gertatuz gero, hogeita hirugarren klausulan (programazio-proposamena) aipatutako A) atalean puntuazio handiena lortu duen lizitatzailearen aldeko proposamena egingo da. Atal horretan lortutako puntuazioa berdina bada, gainerako ataletan lortutako puntuazioa hartuko da kontuan, klausula horretan ezarritako ordenaren arabera. Hala ere, berdinketak jarraitzen badu, zozketa bidez erabakiko da.

Hogeita bosgarrena.– Agiriak aurkeztea.

Esleipen-proposamena egin ondoren, eta Gobernu Kontseiluari helarazi aurretik, esleipendunak legezko betebehar hauek betetzen dituela egiaztatuko da:

– Lizitatzaile esleipendunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete dituela egiaztatzea, azken hamabi hilabeteei dagokienez.

– Dagokion lurralde-eremuan jarduera gauzatzeko ahalmena ematen duen lizentziaren xede den jarduerari dagokion epigrafean Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren ordainketa egunean duela egiaztatzen duen agiria.

Horretarako, eskabidearen I. eranskinean datu horiek ofizioz egiaztatzeko berariazko aurkakotasuna adierazi bada, proposatutako erakundeak edo pertsonak hamabost egun balioduneko epea izango du aurretik jasotakoari buruzko egiaztagiri hauek aurkezteko:

– Estatuko Administrazioko organo eskudunak emandako administrazio-ziurtagiria, azken horrekiko zerga-betebeharrei dagokienez.

– Dagokion Aldundiko organo eskudunak emandako administrazio-ziurtagiria, harekiko zerga-betebeharrei dagokienez.

– Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren azken ordainagiria edo bertan alta emateko agiria, oraintsukoa bada eta ordaintzeko betebeharra oraindik sortu ez bada. Dokumentazio horrek lizentziaren xede den jarduerari dagokion epigrafea izan beharko du, dagokion lurralde-eremuan jarduteko ahalmena ematen diena.

Zerrendatzen diren zerga-betebeharrei dagozkien aitorpen edo agiri guztiak edo batzuk aurkeztera behartuta ez dagoen lizitatzaileak erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatu beharko du inguruabar hori.

– Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela egiaztatzeko, administrazio-agintaritza eskudunak emandako ziurtagiri positiboa aurkeztu beharko du. Salbuespenen bat kontuan hartu behar bada, erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatu beharko da.

Bestela, hau da, aurkeztutako eskabidearen edukia ikusita aurkakotasun espresua adierazten ez bada, Balorazio Mahaiak lehiaketa kudeatzen duen organoari eskatuko dio informazio hori egiaztatzeko, horretarako gaitutako administrazioen arteko elkarreragingarritasun-sistemen bidez.

Era berean, Balorazio Mahaiak hamabost egun balioduneko epe horretan bertan honako dokumentazio administratibo hau aurkezteko eskatuko dio proposatutako erakundeari edo pertsonari:

– Martxoaren 31ko 7/2010 Legearen 25. artikuluan ezarritako gaitasun-baldintzak betetzeari buruzko I. eta II. eranskinetan jasotako erantzukizunpeko adierazpenak, baldin eta lege horren 26. eta 37. artikuluetan ezarritako muga edo debekuren baten eraginpean ez badaude, eta kontratazio publikoari buruzko indarreko araudian aurreikusitako kontratatzeko debekuen eraginpean ez badaude.

– Egoitza fiskala Espainian ez duten pertsona fisiko edo juridiko atzerritarrek, Europar Batasuneko estatu kideetakoak izan edo ez, jatorrizko herrialdean eskumena duen agintaritzak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko dute, zerga-betebeharrak egunean dituztela egiaztatzen duena. Era berean, agintari eskudunak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko dute, eta bertan egiaztatu beharko dute beren nazionalitateko herrialdean eskatzen diren betebehar sozialak egunean dituztela.

Oinarri honetan aurreikusitako dokumentazioa aurkezteko ezarritako hamabost eguneko epe bakarra igarotakoan, edo, hala badagokio, aurkeztutako dokumentazioa ikusita emandako zuzenketa-epea igarotakoan, interesdunek ez badute aurkeztu eskatutako dokumentazioa, edo, dokumentazio hori edo ofizioz egindako egiaztapenak aztertuta, ondorioztatzen bada proposatutako eskatzaileak ez dituela betetzen lizentziaren titular izateko baldintzak, hurrengo eskatzailearen aldeko proposamena egingo da, haren eskaerak sailkatu diren hurrenkeraren arabera. Ahal den guztietan egingo da hori, baldin eta oinarri hauetan proposamen adjudikaziodun izateko ezarritako baldintzak betetzen badira, eta proposatutako berriak proposamenarekin bat egin badu; kasu horretan, klausula honetan aurreikusitako hamabost eguneko epea emango zaio proposamenari dagokion dokumentazioa aurkezteko. Era berean jardungo da, hala badagokio, hemeretzigarren klausulan aurreikusitako egoeraren batean dagoen esleipenduna lizitaziotik kanpo uztearen ondorioz (zehaztasunik eza, datuak edo informazioa faltsutzea edo ez ematea; fede txarreko jarduketak, ausarkeria edo iruzurra).

Nolanahi ere, lizentzia esleitu eta zerbitzuan jarri arte beharrezkoak diren proposamenak egingo dira, betiere oinarri hauetan aurreikusitako beharrezko izapideak bete ondoren.

Hogeita seigarrena.– Lizentziak ematea.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak proposatuta, eta Balorazio Mahaiak egindako proposamena ikusita, Gobernu Kontseiluak lizentziak ematea erabakiko du. Hala ere, lizentziak esleitu gabe utz daitezke, baldin aurkeztutako eskaera batek ere ez baditu eskatutako baldintzak betetzen.

Lizentzia emateko erabakia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta banan-banan jakinaraziko zaie interesdunei.

Lehiaketaren ebazpena jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, hargatik eragotzi gabe epe hori luzatzea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera. Epe hori igaro eta ebazpenik jakinarazi ez bada, interesdunek eskabideak ezetsi direla ulertu ahal izango dute.

VI KAPITULUA
ONDORENGO JARDUERAK

Hogeita zazpigarrena.– Gaikuntza-titulua formalizatzea.

Lizentzia eman dela jakinarazi ondoren, hilabeteko epean dagokion administrazio-agiria sinatuko da, eta bertan jasoko dira esleipendunak bere eskaintza teknikoan hartutako konpromisoak, lizentzia emateko oinarri izan zirenak. Nolanahi ere, zerbitzu-emaileak nahitaez bete beharko ditu konpromiso horiek lizentziaren indarraldian.

Hogeita zortzigarrena.– Proiektu teknikoa.

Lizentziaren titularrak Estatuko Idazkaritza eskudunean aurkeztu beharko du irratiaren proiektu teknikoa, horretarako legez ezarritako modu eta epeetan.

Proiektu teknikoa Estatuko Administrazioaren arloan eskumena duen erakundeak argitaratutako arauen arabera aurkeztuko da, dagokion egoitza elektronikoan horretarako eskuragarri dagoen prozedura elektronikoa erabiliz.

Era berean, lizentziaren titularrak Estatuko Idazkaritza eskudunean aurkeztutako proiektu teknikoaren kopia aurkeztu beharko du, eta Kabinetearen eta Gizarte Hedabideen Zuzendaritzari jakinarazi beharko dizkio Estatuko Administrazioko organo eskudunak proiektu teknikoa zuzentzeko egiten dituen errekerimendu guztiak, bai eta aipatutako errekerimenduari erantzuteko proiektu teknikoan egindako aldaketak ere.

Nolanahi ere, proiektu teknikoa behin betiko onartzeak ez du esan nahi instalazioari indarreko legeriaren arabera eska dakizkiokeen beste baimen batzuk emango direnik.

Hogeita bederatzigarrena.– Martxan jartzeko baimena eta emisioak hasteko aurretiazko jakinarazpena.

Proiektu teknikoa onartu ondoren, lizentziaren titularrak irratiaren funtzionamendurako beharrezkoak diren obrak eta instalazioak gauzatuko ditu. Instalazioa amaitu ondoren, eta jabari publiko erradioelektrikoa erabili aurretik, esleipendunak estazioa zerbitzuan jartzeko eskatu beharko du, egindako instalazioa aldez aurretik baimendutako parametro teknikoetara egokitzen dela egiaztatzeko, bai eta aldeko nazioarteko koordinaziora eta jabari publiko erradioelektrikoa babesteko baldintzak, emisio erradioelektrikoetarako murriztapenak eta emisio erradioelektrikoetatik babesteko neurriak ezartzen dituen Erregelamenduak, irailaren 28ko 1066/2001 Errege Dekretuak, zehaztutako emisio erradioelektrikoekiko esposizio-mugak ez gainditzera. Baldintza horiek bete ezean, ezingo dira emisioak hasi.

Estazioa martxan jartzeko eskaera Estatuko idazkari eskudunari eskatuko zaio, horretarako legez ezarritako modu eta epeetan.

Era berean, titularrak Estatuko administrazioan aurkeztutako zerbitzuan jartzeko eskaeraren kopia aurkeztu beharko du, eta Kabinetearen eta Gizarte Hedabideen Zuzendaritzari jakinarazi beharko dizkio Estatuko Administrazioko organo eskudunak zerbitzuan jartzeko eskaerak zuzentzeko egiten dituen errekerimendu guztiak, bai eta aipatutako errekerimenduari erantzuteko egindako zerbitzuan jartzeko eskabidearen aldaketak ere.

Lizentziaren titularrak ezin izango ditu emisio erregularrak hasi, harik eta martxan jartzeko baimena eman arte. Nolanahi ere, eta emisioak hasi aurretik, lizentziaren titularrak berariaz jakinarazi beharko dio Kabinetearen eta Gizarte Hedabideen Zuzendaritzari, dagokion jakinarazpenaren bidez.

Azkenik, esleipendunak urtebeteko epean hasi beharko ditu emisioak, gaikuntza-titulua formalizatzen denetik zenbatzen hasita. Epe hori zenbatzean, salbuetsita geratuko dira lizentziaren titularrari egotz ezin dakizkiokeen arrazoi objektiboengatik igaro diren aldiak, betiere titularrak kasuan kasuko izapideak epearen barruan izapidetu ondoren. Aurreikusitako administrazio-izapideak betetzeko igarotako aldiak zenbatzeko, kasu bakoitzean eskumena duen administrazioak egindako oharrak eta emandako informazioa hartuko dira kontuan.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala