Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

195. zk., 2021eko irailaren 29a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
4969

EBAZPENA, 2021eko irailaren 8koa, HABEko zuzendariarena, euskaltegi pribatu eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuei zuzendutako 2021-2022 ikasturteko dirulaguntzen deialdia egin eta horiek emateko baldintzak eta prozedura arautzen dituena.

Uztailaren 22ko 179/2003 Dekretuak, Helduentzako euskararen irakaskuntza burutzen duten euskaltegien eta beste zentro homologatuen jarduera eta horien finantzaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren aldetik arautzen duenak, bere 16. artikuluan ezarria dauka HABEk dirulaguntzak emango dituela, bere aurrekontu-bitartekoen muga barruan, Erregistroan inskribaturik dauden euskaltegi eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuak finantzatzeko, helduen euskalduntzean egiten duten lanagatik. HABEren zuzendari nagusiak ikasturte akademiko bakoitzaren hasieran dirulaguntzen deialdia egingo du.

Ildo horretatik, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak 2021-2024 epealdiko Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartzen duen 2021eko otsailaren 18ko Aginduaren bitartez, Hizkuntza Politikaren alorrean 6. helburu estrategiko bezala helduen euskalduntzea bultzatzea aurreikusten du, «47130 euskaltegi pribatu eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuei zuzendutako dirulaguntzak» kodea duen ekintza-atalean.

Bestalde, XII. Legegintzaldi honetako gobernu-programaren 118. konpromisoaren 5. ekinbidean jasota dago helduen euskalduntze-sistemaren finantzazioa indartzea eta handitzea, irakasleen lan-baldintzak hobetzeko euskaltegien finantzaziorako ohiko deialdien bidez.

Bidezkoa da, beraz, euskaltegi pribatuei eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuei 2021-2022 ikasturterako zuzendutako dirulaguntzen deialdia egitea eta finantzaketa-moduluak ezartzea.

Horregatik, aipatu xedapenek eta otsailaren 13ko 34/1996 Dekretuak, HABEren egitura organikoa ezartzen duenak, ematen dizkidaten eskumenez, eta indarrean dauden Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bitartez onartutakoak, eta Dirulaguntzen Lege Orokorrak (azaroaren 17ko 38/2003 Legeak, aurrerantzean DLO) eta lege hori garatzen duen Erregelamenduak, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onartuak, ezartzen dutenaren arabera, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Euskaltegi pribatu eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuei zuzendutako 2021-2022 ikasturteko dirulaguntzen deialdia egitea, ebazpen honen I, II, III eta IV. eranskinetan aurreikusitako oinarrietan ezarritako baldintza, prozedura eta formularioen arabera.

Bigarrena.– Interesdunei jakinaraztea ezen, ebazpen honen aurka, administrazio bidea agortzen ez duenez, gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaioketela Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Donostia, 2021eko irailaren 8a.

HABEko zuzendaria,

JOKIN AZKUE ARRASTOA.

I. ERANSKINA

1. oinarria.– Helburua eta zuzkidura ekonomikoa.

1.– Oinarri hauen helburua da 2021-2022 ikasturteko (2021eko urria eta 2022ko iraila bitarteko) euskara-ikastaroengatik euskaltegi pribatuei eta autoikaskuntzarako zentro homologatuei zuzendutako dirulaguntzen baldintzak arautzea.

2.– Dirulaguntza hauetan emango diren diru-kopuruak HABEren aurrekontuetan horretarako dauden partiden konturakoak izango dira: 26.085.000 euro.

3.– Diru-kopuru hori eskari guztien beharrei erantzuteko behar bestekoa ez balitz, hainbanatu egingo da dirulaguntza onuradunen artean.

2. oinarria.– Onuradunak.

1.– Deialdi honen bitartez banatuko diren laguntzen onuradun izan daitezke euskaltegi pribatuak eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuak edo horiek eratutako Aldi Baterako Enpresa Elkarteak, betiere ondoren zehazten diren baldintzak eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean eta DLOren 13. artikuluan jasotakoak betetzen badituzte.

2.– Honako hauek dira eskatzaileek bete beharreko baldintzak:

2.1.– Baldintza orokorrak.

a) HABEren euskaltegien eta euskararen autoikaskuntzarako zentroen Erregistroan inskribatuta egotea, eta datu guztiak egunean edukitzea.

b) DLOren 13. artikuluaren 2. atalean aurreikusitako egoeretan ez egotea, eta batez ere zerga guztiak ordainduta edukitzea eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean izatea, baita dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea ere.

c) Dirulaguntza-eskaria zuzen osatzea, deialdiaren IV. eranskinean jasotako ereduaren arabera eta, eskariarekin batera 3. oinarrian eskatzen diren agiriak zuzen betetzea eta aurkeztea.

d) Dirulaguntza hauen onuradunek giza eskubideak eta pertsonen arteko bizikidetzaren balioak errespetatuko dituzte eta, ondorioz, ezin izango dituzte agerian eduki, horiei dagokienez, herritarrentzako laidogarriak izan daitezkeen, erabiltzaileen duintasuna urra dezaketen edo indarkeria iradokitzen duten ikurrak edo elementuak.

2.2.– Bestelako baldintzak.

a) Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2015eko uztailaren 22ko Aginduaren bitartez ezarritako Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculuma (HEOC) unez une aplikatzea (uztailaren 31ko 144. EHAA).

b) Euskaltegi eta autoikaskuntzarako zentroetako ikasleek Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumean ezarritako gaitasun-mailen ziurtagiriak eskura ditzaten, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2020ko irailaren 9ko Agindua, euskarazko komunikagaitasun-mailen ebaluazioa eta egiaztatzegintza arautu eta euskara-ikasle helduentzako dirulaguntzen deialdietarako irizpideak finkatzen dituena betetzea eta aipatu Aginduan oinarrituta ikasturtearen hasieran HABEren zuzendari nagusiak emango dituen jarraibideak unez une aplikatzea.

c) Material didaktikoari dagokionez, uztailaren 22ko 179/2003 Dekretuaren 15. artikuluan ezarritakoa betetzea (uztailaren 31ko 149. EHAA).

d) Irakaskuntzan erabiliko dituzten lokalek bete beharko dituzte aipatu 179/2003 Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako baldintzak. Gainera, oinarri hauetan aipatzen diren laguntzak eskatzen dituztenek konpromisoa hartu beharko dute osasun-agintariek edo eskumena duten gainerako agintariek, dena delakoa ere, prebentzio eta higiene-neurriak ezarriko balituzte neurriok betetzeko, oinarri hauetan aipatzen den deialdiaren bidez diruz lagundutako jarduerari, jardueraren antolamenduari, jarduera gauzatzeko erabiltzen diren lokalen ezaugarriei eta jarduera horri aplikagarri zaion beste edozein neurriri dagokionez.

e) Helduentzako euskalduntze-ikastaroak ematen dituzten irakasleek 179/2003 Dekretuak 14. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

Halaber, diruz lagundutako C2 mailako ikastaroetako irakasleek C2 mailako euskara-agiria edo baliokidea izan beharko dute, edo maila hori egiaztatzetik salbuetsita egon beharko dute, apirilaren 3ko 47/2012 Dekretuaren eta otsailaren 26ko 28/2019 Dekretuaren arabera. Eta C2 maila helburu duten ikasleek C1 mailako euskara-agiria edo baliokidea izan, edo aipatu Dekretuen arabera maila hori egiaztatzetik salbuetsita egon beharko dute.

f) Ikasleei matrikula-saria kobratu beharko diete. Ikasleek kopuru horren herena, gutxienez, ikastaroa hasi baino lehen edo beranduenik hasi eta lehenengo hamar eskola-egunetan ordainduta eduki beharko dute. Honetatik at geratzen dira matrikula erakunde batek ordaintzen dien ikasleak.

g) Euskaltegiek edo autoikaskuntzarako zentroek jasota eta egunean edukiko dituzte matrikulen banku-agiriak, ikasleek matrikulak garaiz ordaindu dituztela frogatzeko. Dirulaguntzen ondorioetarako, matrikula banku bidez ordaindu duten ikasleak bakarrik hartuko dira kontuan, eta ordainagirian ordainketa nori dagokion ere nabarmen azaldu beharko da.

h) 2021-2022 ikasturterako HABEren zuzendariak ematen dituen jarraibideak bere osotasunean betetzea. Gainera, helduen euskalduntzean egiten duten jardun osoaren berri eman beharko diote HABEri.

i) Diruz lagungarria den jardueraren aldetik, deialdi honen II. eranskinean jasotzen diren irizpideak bete beharko dituzte. Hala ere, ikasturte hasieran edo ikasturtean zehar, osasun-agintariek edo eskumena duten gainerako agintariek ezarritako prebentzio eta higiene-neurriak betetzeko, II. eranskineko zenbait ikastaro-modulu HABEren zuzendari nagusiaren Ebazpenaren bidez aldatu ahal izango dira.

j) Aurrez aurreko, jardun biko eta urrutiko aurrez aurreko talde-irakaskuntza ikastereduetan, COVID-19ren eraginez sortutako ezohiko egoeraren aurrean bete beharreko osasun-baldintzak kontuan hartuta eta deialdi honetarako salbuespen bezala, euskaltegiek ikastaro bakoitzaren hasieran gutxieneko ikasle-kopuru hauek bete beharko dituzte dirulaguntzetan onartuak izateko, talde bakoitza kokatua dagoen herriaren neurriaren arabera:

(Ikus .PDF)

Barnetegi erako ikastaroetako taldeek, edozein herritan antolatuta ere, 10.001-25.000 biztanleko herrietakoen trataera bera izango dute.

Ikasturte hasieran edo ikasturtean zehar, osasun-agintariek edo eskumena duten gainerako agintariek ezarritako prebentzio eta higiene-neurriak aldatzen badira, zehaztutako gutxieneko ikasle-kopuruak HABEren zuzendari nagusiaren Ebazpenaren bidez aldatu ahal izango dira.

k) HABEren zuzendari nagusiak ikasturtearen hasieran ebazpenez emango dituen jarraibideak bete beharko dituzte, jakinaraziko diren euskarriak erabiliz eta bertan adieraziko diren epeetan. Halaber, diruz lagungarria den jardueraren berri emateko, euskaltegiek edo autoikaskuntzarako zentroek HABEra luzatuko dituzten agirien bitartez, hauen berri eman beharko dute:

– Euskaltegiaren edo autoikaskuntzarako zentroaren oinarrizko informazioa, aurreko ikasturteko informazioarekiko aldaketarik eman bada.

– Euskaltegiaren edo autoikaskuntzarako zentroaren barruko karguak, aurreko ikasturteko informazioarekiko aldaketarik eman bada.

– Ikasturtean aritzen diren irakasle eta beste langile guztiak, hauen jarduera eta titulazioarekin batera.

– Ikasle guztiak, eta hauetako bakoitzaren oinarrizko datuak eta ezaugarriak. Halaber, ikasle bakoitzaren matrikula-ordainketak, ikasten emandako denbora eta aprobetxamenduaren berri. Barnetegien kasuan, ikaslea zein pentsio-motatan dagoen ere adieraziko da.

– Ikastalde bakoitzaren berri, bere ezaugarriak adieraziz (maila, ordutegia, egutegia, eta abar).

3. oinarria.– Eskarien aurkezpena, epeak eta aurkeztu beharreko dokumentuak.

1.– Interesatuta dauden euskaltegiek eta autoikaskuntzarako zentroek, izaera juridikokoak izanik, dirulaguntza-eskariak eta ondoko izapideak bide elektronikoa erabiliz soilik aurkeztuko dituzte, Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1045507 helbidean eskuragarri egongo den formularioaren bitartez. Eskabidearekin batera aurkeztu beharko den dokumentazioa bide elektronikoa erabiliz aurkeztuko da soilik.

Identifikazio eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak honako helbide honetan eskura daiteke: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak Era berean, eskaria elektronikoki ordezkari baten bidez ere izapidetu ahal izango da, horretarako ordezkaritza Eusko Jaurlaritzaren Ordezkarien Erregistroan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak.

Hirugarrenen alta ere elektronikoki izapidetu beharko da, egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen zerbitzuaren bidez, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

2.– Eskariak eta dagokion dokumentazioa aurkezteko epea, Ebazpen hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasi eta 2021eko azaroaren 5era bitartekoa izango da.

3.– Aurkeztu beharreko dokumentuak.

Hauek dira eskariekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak:

a) Egun osoko jarduera duen irakasleari ordainduko zaion ikasturteko ordainsaria, emango dituen eskola-orduen kopurua eta antzinatasuna berezita ordainduko zaion ala ez biltzen dituen agiria. Euskaltegi pribatu homologatuak edo autoikaskuntzarako zentroak egun osoko jarduera baina ordainsari edota eskola-ordu kopuru desberdinak dituzten irakasleak baditu, horiek guztiak zehaztuko ditu eskarian.

b) XII. Legegintzaldi honetako finantzazio sistema berri honi erantzuteko euskaltegiak duen behin behineko aurreikuspena (2022-2023, 2023-2024 eta 2024-2025 ikasturteetarako).

c) 2021-2022 ikasturterako Plana.

d) Erantzukizunpeko adierazpenak. Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak ezartzen duenaren arabera (1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua), erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatuko dira honako betebehar hauek:

1) Euskaltegia edo autoikaskuntzarako zentro homologatua ez dagoela azaroaren 17ko DLOren 13.2 artikuluan aurreikusitako egoeretan, ez duela zigorrik, ezta ere administrazioaren arloan dirulaguntza publikoak jasotzeko debekurik, eta ez dagoela laguntzak jasotzeko ezgaitzen dituen legezko debekuetan sartuta, ezta sexua dela-eta eragindako bereizkeriengatik ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoaren arabera.

2) Euskaltegiak edo autoikaskuntzarako zentro homologatuak administrazio publikoen edo erakunde pribatuen eskutik helburu berbera izan eta jaso ditzakeen dirulaguntzak bateragarriak direla.

3) Euskaltegia edo autoikaskuntzarako zentro homologatua ez dela parte dirulaguntzen itzulketagatik hasitako prozeduretan, ezta ere artean izapidetzen ari direnetan, eta horrelakoren batean parte hartu izan badu, prozedura horiek amaituta daudela, eta horrela egokitu denetan, ondoriozko obligazioak ordainduta daudela.

4) Euskaltegiak HABEri helarazten dizkion datuen gaineko interesdunei beren datuekin gauzatzen duen tratamenduari eta transmisioari buruzko informazioa aldez aurretik helarazi diela, alor horretan indarrean dagoen araudiak xedatutakoaren arabera.

e) Zerga-obligazioak eta gizarte-segurantzarekiko obligazioak egunean dituela ziurtatzen duten dokumentuak, baldin eta eskatzaileak ukatu badio HABEri baimena egiaztapen horiek zuzenean lortzeko.

4. oinarria.– Aurkeztutako eskariaren hutsuneak zuzentzea.

Aurkeztutako eskarian dokumenturen bat falta bada, edota okerren bat balego, eskaria luzatu duenari jakinaraziko zaio, eta hamar eguneko epea emango okerrak zuzen ditzan, eta adierazi, horrela egin ezean, eskabideari uko egin diola ulertu beharko dela, dagokion Ebazpenaren bitartez Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 68. artikuluan jasotako baldintzetan.

5. oinarria.– Dirulaguntzen organo kudeatzailea.

HABEren zuzendaritza nagusiari dagokio, Kudeaketa Zerbitzuko Ekonomia eta Administrazio Unitatearen eta Ikuskatzailetzaren bitartez, deialdi honetan aurreikusitako kudeaketa-lanak burutzea.

6. oinarria.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1.– Finantzaketa publikoa (Europako edo Estatuko Erakundeetatik, Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundi edo Udaletatik edo Administrazio Publikoaren baitako beste Erakunde Autonomoetatik edo zuzenbide pribatuaren menpeko erakunde publikoetatik datorrena), gehienez, diruz lagunduko den jardunaren gastu kontuaren % 70 izango da.

2.– Esleipen-irizpideak.

Euskaltegien eta autoikaskuntzarako zentro homologatuen dirulaguntza-deialdi honek 2021-2022 ikasturteko (2021eko urria eta 2022ko iraila bitarteko) euskara-ikastaroengatik euskaltegi pribatuei eta autoikaskuntzarako zentro homologatuei zuzendutako dirulaguntzen baldintzak arautzea du helburu, esleipen-irizpide hauen arabera:

a) Ikasturteko ordainsaria: deialdi honetarako egun osoko jarduera duen irakaslearen erreferentziako ordainsaria 27.168,91 eurokoa izango da.

b) Irakaslearen eskola-orduak: deialdi honetarako erreferentziazko ikasturteko eskola-orduak 952 izango dira.

c) Ikasturteko eskola-orduaren kostua: deialdi honetarako erreferentziako eskola-orduaren kostua (ordainsaria zati eskola-orduak) 28,54 eurokoa izango da.

d) Jarduera-unitatea: euskaltegiek edo autoikaskuntzarako zentroek burutzen dituzten ikasteredu guztiak biltzen ditu: aurrez aurreko talde-orduak (1 = 1,0 jarduera-unitate), jardun biko tutoretza-orduak (1 = 1,0 jarduera-unitate), autoikaskuntzako matrikulak (1 = 19,3 jarduera-unitate), udako barnetegi egunak (1 = 0,4 jarduera-unitate) eta barnetegi iraunkorretako egun osoz (1 = 0,5 jarduera-unitate), erdiz (1 = 0,2 jarduera-unitate) eta ikasleak familietan (1 = 0,1 jarduera-unitate) egindako pentsio-egunak.

Onuradun bakoitzari dirulaguntzetarako abiapuntu bezala onartuko zaizkion jarduera-unitateak 2015-2016 ikasturtetik 2019-2020 ikasturtera bere ekimenez ikasteredu guztietan HABEk onartu zizkion jardueren batez bestekoak izango dira.

e) Talde-ratioa: euskaltegien erreferentziako talde-ratioa 2015-2016 ikasturtetik 2019-2020 ikasturtera bitartean berezko ekimeneko talde onargarriek (AISA, Dendaketan, Ostalaritza, hitzarmenpekoak edo esparru-akordiokoak kenduta) hasieran izan duten ikasle-kopuruen batez bestekoa izango da eta hurrengo deialdietan abiapuntuko jarduera-unitateak ezartzeko aintzat hartuko da. Dirulaguntzaren onuradunak edo euskaltegi batek taldeak biztanle-kopuruaren araberako neurri desberdinetako udalerrietan dituenean, talde-ratio haztatua kalkulatuko da hurrengo irizpideak aplikatuz eta lortutako emaitzen batez bestekoa izango da: 5.000 biztanle edo gutxiagoko udalerrietan talde-ratioari 3 puntu gehituz; 5.000tik 10.000ra bitarteko udalerrietan talde-ratioari 2 puntu gehituz; 10.000tik 25.000ra bitarteko udalerrietan talde-ratioari puntu bat gehituz eta 25.000tik gorako udalerrietan dagokion talde-ratioa.

Deialdi honen III. eranskinean ematen dira euskaltegi eta autoikaskuntzako zentroen deialdi honetarako abiapuntuko jarduera-unitateak eta talde-ratioak.

Aipatutako abiapuntua aplikatuta, euskaltegi pribatu homologatuak edo autoikaskuntzarako zentroak 2021-2022 ikasturtean gutxienez 2020-2021 ikasturteko kitapenean jasotako dirulaguntza jasoko du, deialdi honetarako irakasleen lan-baldintzak bete eta 2020-2021 ikasturteko jarduera mantentzen baditu.

2020-2021 ikasturtean diruz lagundu gabeko euskaltegien edo autoikaskuntzarako zentroen kasuan, euskaltegiak edo autoikaskuntzarako zentroak 2021-2022 ikasturterako aurreikusitako jarduera-unitateen kopurua onartuko da, betiere aurreikuspen horrek ez badu urrian hasitako taldeen orduek edo autoikaskuntzako matrikulek eta horiei erantsitako % 20ko gehikuntzak osatzen duten jarduera-unitateen kopurua gainditzen. Talde-ratioari dagokionez, urrian hasitako euskaltegiaren berezko ekimeneko talde onartuena izango da.

3.– Kopuruak.

Dirulaguntzaren zenbatekoa jarduera-unitateen arabera kalkulatuko da eta onuradun bakoitzarentzat egokitua eta bakoiztua izango da, bakoitzak eskariarekin batera aurkeztutako egun osoko jarduera duen irakaslearen ordainsari txikienaren, dagozkion eskola-orduen kopuruak eta horien araberako eskola-orduaren kostua, oinarri honen aurreko puntuan ezarritako erreferentziako ordainsariarekin, eskola-orduekin eta eskola-orduaren kostuarekin alderatu eta haztatu ondoren.

Jarduera-unitate bakoitzeko laguntzaren gehieneko modulua 54,18 eurokoa izango da eta gutxienekoa 44,83 eurokoa izango da. Antzinatasuna berezita ordaindu ezean, gehieneko modulua 50,01 eurokoa izango da. Onuradun bakoitzaren laguntza-modulua zehazteko haztapen-irizpide hauek aplikatuko dira:

a) Eskarian adierazitako datuen araberako eskola-orduaren kostua erreferentziakoa edo handiagoa bada, gehieneko laguntza-modulua aplikatuko da.

b) Eskarian adierazitako datuen araberako eskola-orduaren kostua erreferentziakoa baino txikiagoa bada, gehieneko laguntza-modulua ehuneko berean doituko da, gutxienekora heldu arte.

7. oinarria.– Dirulaguntzarako esleipen-ebazpena.

1.– HABEren zuzendari nagusiaren Ebazpenaren bitartez erabakiko dira onuradun bakoitzari, ikasturte osorako eskariaren eta 6. oinarrian ezarritako irizpideen arabera, onartzen zaion laguntza-modulua eta, ondorioz, bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa. Ebazpenak adieraziko du esleitutako zenbateko hori baldintzatuta egongo dela egingo diren azken doikuntzetara, datu errealen eta 12. oinarriak dioenaren arabera.

2.– Esleipen-ebazpena 2021eko abenduaren 22a baino lehen emango da. Epe horretan organo erabakitzaileak jakinaraziko ez balu, eskaria ez dela onartua izan ulertuko da.

3.– Izapide elektronikoa izanik, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren 30.2 artikuluan xedaturikoari jarraikiz, aipatu ebazpen horren jakinarazpena egindakotzat joko da euskaltegiak edo autoikaskuntzarako zentro homologatuak jaso duela elektronikoki sinatzen duenean, eta kasu bakoitzean ezarritako epea hark jakinarazpeneko egintza jaso izana elektronikoki sinatu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da zenbatzen. Nolanahi ere, aplikagarria den araudian aurreikusita dagoen baliabide edota posta elektronikoaren bidezko abisua aplikatuko da.

Interesdunaren edo haren legezko ordezkariaren edo baimendutako pertsonaren esku jartzen denetik hamar egun naturaleko epea igaro eta gero, interesdunak haren edukia eskuratzen ez badu, jakinarazpena ezetsitzat joko da. Horrela, izapidea egindakotzat joko da eta prozedurak aurrera egingo du, salbu eta ofizioz edo hartzaileak jakinarazita, jakinarazpena ikustea teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela egiaztatzen bada.

4.– Interesdun bakoitzari egin dakiokeen Ebazpenaren jakinarazpenaz gain, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira emandako dirulaguntzak eta horien onuradunak.

5.– Betiere, onuradunen aldeko dirulaguntza-aitorpena baldintzatuta egongo da dirulaguntzen itzulketa- edo zehapen-prozedura oro amaituta egotera, eta hala dagokionean, dirulaguntzak itzultzearen ondoriozko obligazioak ordainduta izatera Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrarekin.

8. oinarria.– Beste dirulaguntzen bateragarritasuna.

1.– Deialdi honen kontura ematen diren dirulaguntzak bateragarriak izango dira helburu horretarako beste edozein entitatek eman ditzakeen laguntzekiko, betiere diruz lagundutako jardueraren gainfinantzaketa gertatzen ez bada.

2.– Gainfinantzaketa gertatuko balitz, edota finantzaketa publikoetan aurreikusitako mugak gaindituko balira, murriztu egingo da dirulaguntza, dagokion neurrira doitu arte.

3.– Gainfinantzaketa hori itzulketa egiteko obligazio bera eskatzen duten beste laguntzekin batera gertatuko balitz, itzuli beharreko diru-kopurua, proportzionala izango da, jarduera burutzeko kostu osoaren eta esleitutako laguntzaren araberako proportzioan.

9. oinarria.– Dirulaguntzak ikuskatzea eta jarraitzea.

HABEren Ikuskatzailetza arloko langile baimenduek noiznahi ikuska ditzakete euskaltegiak eta autoikaskuntzarako zentroak berauek emandako datuak egiaztatzeko, eta bertako arduradunari eska diezazkiokete eskolak emateko erabiltzen dituen lokalei buruzko berriak, eta bai ikasle, ikastalde, irakasle, beste langile eta erabiltzen duten material didaktikoari buruzkoak ere.

Ikusketan bertan jasotako informazioa, edo ikuskatzaileak gehienez ere hamabost eguneko epean euskaltegiak edo autoikaskuntzarako zentroak emateko eskatutakoa, ikusketa-aktan jaso beharko du ikuskatzaileak, euskaltegiaren edo autoikaskuntzarako zentroaren arduradunak eta ikuskatzaileak sinatuta.

HABEren Ikuskatzailetzak aldian-aldian egiten dituen ikusketetan jasotako informazioa euskaltegiak edo autoikaskuntzarako zentroak HABEri ematen dion informazioarekin bat ez badator, edo deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen ez badira, HABEren zuzendari nagusiari helaraziko dio akta, besterik ezean, aitortutako dirulaguntzei dagozkien ondorioak erabaki ditzan.

Ikusketa baten ondorioz ez-betetze bat ohartuko balitz, HABEren zuzendari nagusiak behin betiko erabakia hartu baino lehen, euskaltegiaren edo autoikaskuntzarako zentroaren arduradunari ikuskatutakoaren akta helarazi beharko dio, honek hamabost eguneko epean dagozkion alegazioak egin ahal izateko.

10. oinarria.– Dirulaguntzen ordainketa.

1.– Dirulaguntzak jarraian azaltzen diren epe eta eran ordainduko dira:

a) Dirulaguntzen esleipen-ebazpena ematen den momentuan erabakitakoaren % 25,057 ordainduko da.

b) 2022ko martxotik aurrera, 2021eko urritik aurrerako gastuen bitartez lehen ordainketan jasotako dirulaguntza osoa egoki zuritu eta HABEk egiaztatu ondoren, dirulaguntzaren Ebazpenean ezarritako zenbatekoaren % 64,943 ordainduko da.

c) Ebazpenean erabakitako gainerako dirulaguntza, bakoitzari dagokiona eta, hala behar denetan, HABEren zuzendariak egingo duen kitapen-ebazpenaren araberakoa, onuradunak bere jardun osoa ondo zuritu eta agiriak bidali ondoren, ordainduko da.

2.– Dirulaguntzaren ordainketa baldintzatuta egongo da, betiere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo erakunde autonomoek ezaugarri bereko beste laguntza edo dirulaguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitzera.

11. oinarria.– Zuriketa.

1.– Laguntzaren onuradunek lagundutako jarduera osoa zuritu behar dute izan dituzten sarrera eta gastu guztiak aurkeztuz eta izapide elektronikoan dagoen galeren eta irabazien formularioari jarraikiz.

2.– HABEren dirulaguntzen zuriketarako honako sarrera hauek onartuko dira:

a) Babestutako jardueren matrikulak: ikasleek edo euren ordezkari legalek edo tutoreek matrikula kontzeptuan ordaindutako kopuruak. Atal honetan ere, herri langileen ikastaroengatik HABEk edo beste herri administrazioek zein erakunde pribatuek edo enpresek ordaindutako matrikulak sartuko dira.

b) Babestutako jardueren ikas-materialak: ikasleek edo euren ordezkari legalek edo tutoreek ikas-materialengatik ordaindutako kopuruak. Atal honetan ere, herri langileen ikastaroengatik HABEk edo beste herri administrazioek zein erakunde pribatuek edo enpresek ordaindutako ikas-materialak sartuko dira.

c) Babestutako jarduerengatik erakunde pribatuetatik edo enpresetatik jasotako beste sarrerak.

d) Deialdiaren bidez HABEtik jasotako dirulaguntza.

e) Babestutako jarduerengatik beste herri erakundeetatik jasotako dirulaguntzak.

f) Dirulaguntzen Lege Orokorraren 30. artikuluaren arabera, funts-propioekin edo beste dirulaguntza edo baliabide batzuekin lortutako sarrerak.

3.– HABEren dirulaguntzen zuriketarako honako gastu hauek onartuko dira:

a) Irakasleen eta irakasle ez diren langileen gastuak. Onuradunek lagundutako jardueraren burutzapenean parte hartu eta euskaltegien kudeaketarako aplikazio informatikoan jasota dauden langile guztien zerrenda aurkeztuko dute egoitza elektronikoan dagoen formularioari jarraituz, honako hauek adieraziz: bakoitzaren izen-abizenak eta NAN; bakoitzari ordaindutako soldata gordina, gizarte segurantza eta antzinatasunaren osagarriari dagokion kopurua bereizita adieraziz; izan duen jarduera-mota, eta murriztua izan bada, dagokion ehunekoa zehaztuz; izan duen ardura (irakasle, zuzendari, etab.) eta eman dituen eskola-orduak. Langileen gastuen bitartez, ebazpen honetako 6.2 oinarrian zehaztutako jarduerak babesteko emandako dirulaguntzaren % 77 gutxienez zuritu beharko da.

b) Lokalen alokairuak: soilik euskaltegien edo autoikaskuntzarako zentroen Erregistroan jasotako lokalen alokairuak hartuko dira kontuan. Legezko gutxienekoak (BEZ, Ogasunerako atxikipena...) betetzen dituzten agiriak soilik onartuko dira. Errentatzailea erakunde publikoa denean, bankuaren bidez luzaturiko erreziboak onartuko dira.

c) Barnetegi iraunkorretako pentsiotarako mantenu-gastuak eta jabari publikoko emakidei dagokien tasa.

d) Azpiegituren garbiketa-gastuak eta mantentze-lanak.

e) Gastu didaktikoak: klaseak ematearekin zuzenki lotuta dauden gastu arruntak (material didaktikoa, liburuak, dokumentazioa, etab.).

f) Irakaskuntzaren kalitatea hobetzeko helburuarekin sortutako beste edozein gastu: irakasleen formazioan (barruko zein kanpoko formazio-jarduerak), Informazio eta Komunikaziorako Teknologietan (IKT), materialgintzan eta kudeaketaren hobekuntzan.

g) Dirulaguntzen Lege Orokorraren 31. artikuluaren arabera diruz lagungarria izan eta diruz lagundutako jarduerarekin zuzenean lotuta dagoen beste edozein gastu.

Onuradunek a) azpiatalean zehaztutako pertsonalaren zerrendaz gain, diruz lagundutako jardueraren gainerako gastu guztien zerrenda aurkeztuko dute egoitza elektronikoan dagoen formularioari jarraikiz.

4.– Halaber, euskaltegiak edo autoikaskuntzarako zentroak 2021-2022 ikasturteko Memoria aurkeztu beharko du.

5.– Oinarri honetako 1., 3.a) eta 4. puntuetan eskatutako agiriak aurkezteko azken eguna 2022ko urriaren 14a izango da. Hala ere, HABEk dirulaguntzaren kitapena egiteko beharrezkotzat joko balu, oinarri honetako 3. puntuan zehaztutako gastuen agiriak, eta batez ere, langileen gastuen nominen Gizarte Segurantzari eta PFEZari dagozkion ordainketen agiriak, bide elektronikoa erabiliz aurkezteko eskaria egin diezaioke edozein euskaltegiri edo autoikaskuntzako zentrori, eta eskatzen zaion unetik hamar eguneko epea izango du eskatutakoa aurkezteko.

6.– Zuriketan egindako ez-betetzeak dirulaguntzarako eskubidea galtzea eta jasotako zenbatekoa itzultzea ekarriko du, ez-betetzeak dituen gainontzeko lege-ondorioez gain.

12. oinarria.– Esleitutako dirulaguntzaren kitapena.

Ikasturtea bukatu ondoren, esleitutako dirulaguntzaren kitapena honela egingo da:

1.– Ikasturteko behin betiko datuak (emandako eskolak eta barnetegi-egunak) eta zuriketaren agiriak jaso ondoren, dirulaguntzaren kopurua erabakitzeko baliatu den 6. oinarrian adierazitako irizpideren bat aldatu bada, dirulaguntzak emateko erabakia aldatu egingo da, HABEren zuzendari nagusiaren kitapen-ebazpenaren bitartez laguntza-kopuruak doituz. Aipatutako doikuntza era eta hurrenkera honetan egingo da:

1.1.– Euskaltegi edo autoikaskuntzarako zentro bakoitzari esleitutako diru-kopurua deialdi honetako 11. oinarrian zehaztutako kontzeptuen bitartez, eta oinarri horretan, 11.3.a) atalean ezarritako proportzio-mugak errespetatuz, zuritzen ez bada, proportzio berean doitu egingo da esleitutako dirulaguntza.

1.2.– Euskaltegi edo autoikaskuntzarako zentro bakoitzari esleitutako diru-kopuruak deialdi honetako 6.1 oinarrian zehaztutako % 70eko muga gainditzen badu, gainditzen duen ehuneko berean doitu egingo da esleitutako dirulaguntza.

Finantzaketa publikoa % 70era iristen ez bada, puntu-aldea deialdi honen 11.3.a) oinarrian zehaztutako langileen gastuen ehunekoa murrizteko aplikatuko da.

1.3.– Lagundutako jardueraren irabaziak galerak baino handiagoak badira, doitu egingo da esleitutako dirulaguntza aldea kenduz.

2.– Dirulaguntza emateko kontuan izandako edozein baldintza aldatu egiten bada, eta edozein kasutan, horrekin batera beste administrazio batzuen edo erakunde publiko edo pribatuen dirulaguntzak eskuratu baldin badira, edo, bestela, helburu bera aurrera eramateko bestelako diru-sarrera edo baliabideak lortu badira, laguntza ematea ekarri duen erabakia aldatu egin ahal izango da, betiere deialdi honek onuradun izateko ezartzen dituen gutxieneko baldintzak betetzen badira, eta gauzatuko den aldaketak dirulaguntza jasotzeko funtsezkoak izan diren aspektuei eragiten ez badie edo dirulaguntza jasotzeko erabakigarria izan diren aspektuei ezta ere.

13. oinarria.– Onuradunaren betebeharrak.

Ebazpen honetan araututako dirulaguntzen onuradunek azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50. artikuluan eta DLOren 14. artikuluan araututako betebeharreko hauek izango dituzte:

1.– Jarduera aurrera eramatea edo dirulaguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea.

2.– Dirulaguntza eman duen erakundearen aurrean justifikatzea emate hori eragin duten edo laguntzaz baliatzea eragin duten baldintzak betetzen direla eta jarduera bera aurrera eramango dela.

3.– Oinarri hauetan eta deialdiaren beste eranskinetan ezarritakoak, ondoren zehazten diren xedapenetan oinarrrituz: uztailaren 22ko 179/2003 Dekretua, helduentzako euskararen irakaskuntza burutzen duten euskaltegien eta beste zentro homologatuen jarduera eta horien finantzaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren aldetik arautzen dituena (uztailaren 31ko EHAA, 149. zk.); Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren 2015eko uztailaren 22ko Agindua (uztailaren 31ko EHAA. 144. zk.) Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculuma ezartzen duena; baita Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2020ko irailaren 9ko Agindua, euskarazko komunikagaitasun-mailen ebaluazioa eta egiaztatzegintza arautu eta euskara-ikasle helduentzako dirulaguntzen deialdietarako irizpideak finkatzen dituena; eta Agindu horretan oinarrituta ikasturtearen hasieran HABEren zuzendari nagusiak emango dituen jarraibideak ere bai.

4.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duenaren arabera, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Kontu Publikoen Euskal Epaimahaiak deialdi honen bitartez esleitutako dirulaguntzak kontrolatzeko dituzten bere eginbeharrak betetzeko eska ditzaketen informazio oro ematea. Halaber, xedapen horretan ezarritakoaren arabera eta DLOren arabera, beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatuk, helburu bererako emandako dirulaguntzak, laguntzak, dirua edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea HABEri. Era berean, laguntza ematerakoan kontuan izan zen dena delako egoera objektibo edo subjektiboa aldatu egin baldin bada, horren berri ematea laguntza eman duen erakundeari.

5.– Onuradunek publizitate egokia eman beharko diote aitortutako dirulaguntzaren izaera publikoari, DLOren 18.4 artikuluan araututakoari jarraikiz.

Horretarako, laguntza-mota honen bidez diruz lagundutako egitasmo orok HABEk emandako babesaren berri adierazi beharko du egitasmoaren argitan kaleratutako euskarri guztietan, Eusko Jaurlaritzaren eta HABEren logotipo normalizatua eta «HABEk diruz lagundua» esaldia agerian jarriz.

14. oinarria.– Arau-hausteak eta ez-betetzeak.

Edozein kasutan, deialdi honetako onuraduna lotuta dago azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean eta DLOren 13. artikuluan jasotako oinarrizko xedapenetan zehaztuta dauden lege-hausteen eta ez-betetzeen erregimenarekin.

Ez-betetze kasuetan, onuradunak jasotako diru-kopurua, bere legezko interesekin, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzuli beharko du, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak (1992ko otsailaren 7ko EHAA) ezarritakoaren arabera.

15. oinarria.– Datuen tratamendua.

Dirulaguntza deialdi honetan adierazitako datu pertsonalak eta egiaztatze-prozeduran sortzen direnak, abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoak eta Europako Legebiltzarraren eta Batzordearen 2016/679 (UE) Erregelamenduak araututakoari jarraikiz, «Euskaltegien eta Autoikaskuntzarako Zentro Homologatuen Erregistroaren Kudeaketa» eta «Ikaslegoaren kudeaketa» izeneko tratamenduetan tratatuko dira, ondoren zehazten diren helburuetarako:

– HABEk euskaltegien eta autoikaskuntzarako zentro homologatuen finantzaziorako bideratzen dituen dirulaguntzen kudeaketa.

– HABEri atxikita dagoen euskaltegien eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuen Erregistroaren kudeaketa.

– HABEk egingo duen euskaltegien eta autoikaskuntzarako zentro homologatuetako ikasleen kudeaketarako: ikas-prozesua, euskara-mailaren egiaztapena eta dirulaguntzaren proposamena.

HABEren zuzendari nagusia izango da tratamenduaren administrazio-organo arduraduna.

Tratamendua beharrezkoa da legez ezarritako betebeharrak gauzatzeko eta interes publikokoa den jarduera sustatzeko.

Interesdunak bere datuak ikusteko, zuzentzeko zein ezabatzeko eskubidea izango du, baita haien tratamendua mugatzeko nahiz haren aurka egiteko, informazio gehigarrian adierazten den moduan.

Halaber, bere datuen tratamenduari buruzko informazio osagarria eskura dezake helbide honetan: http://www.habe.euskadi.eus/datu-pertsonalen-babesa-haben/s23-edukiak/eu/

16. oinarria.– Aplikagarriak diren arauak.

Ebazpen honetan aurreikusitakoaz gain, azaroaren 11ko 1/1997ko Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak eta DLOn jasotako oinarrizko xedapenek ezarritakoa erabiliko da.

II. ERANSKINA
IKASTURTEA ETA IKASTARO-MODULUAK

Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculuma ezartzen duen Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren 2015eko uztailaren 22ko Aginduaren arabera, honako hauek dira, HABEren dirulaguntzen deialdian partaide izateko, euskaltegi eta euskararen autoikaskuntzarako zentro guztiek 2021-2022 ikasturtean euskara-ikastaroak antolatzeko jarraitu beharreko irizpideak:

1.– Ikasturtea.

Euskaltegi eta autoikaskuntzarako zentroen ikasturtea, 2021eko urriaren 1ean hasi eta 2022ko irailaren 30ean amaituko da. Betiere, helduen euskalduntzearen antolaketaren baitan, irizpide hauen ardatzetan:

– Irailean zehar hasi eta urritik aurrera luzatzen diren ikastaroak, hurrengo ikasturtekotzat hartuko dira. Ikastaro hauen iraileko orduak dirulaguntzetan onartuak izateko baldintza hauek bete beharko dira:

a) Taldeek dirulaguntzen deialdi honen 2. oinarriko 2.2.j) puntuan taldeak antolatzeko ezarritako gutxieneko ikasle-kopurua izan beharko dute.

b) Taldeei matrikulazioaren jarraipenerako aplikazio informatikoan aipatutako gutxieneko ikasle-kopurua betetzen denean hasierako itxiera eman beharko zaie.

c) Diruz lagunduko diren orduak gutxieneko ikasle-kopurua bete eta hasierako itxiera ematen den egunetik ikastaroaren azken egunera artekoak izango dira.

– Iraila baino lehen hasi eta urritik aurrera luzatzen diren ikastaroak, bi ikasturtetan zatituko dira, irailaren 30era bitartekoa batean eta urriaren 1etik aurrerakoa beste ikasturtera bilduz.

Matrikulazioaren jarraipenari dagokionez, HABEren zuzendari nagusiak ikasturtearen hasierako ebazpenaren bitartez jakinaraziko ditu urrian hasten diren ikastaroen datuak aurkezteko azken eguna, baita azarotik aurrera hasten diren ikastaroen datuak aurkezteko epeak ere.

2.– Aurrez aurreko ikasteredua.

Aurrez aurreko ikastereduaren oinarria taldea da, gutxienez irakasle baten ardurapean ikasgela batean aurrez aurre eta taldeko ikasle guztiekin batera ikastaroa burutzen duen taldea, hain zuzen ere. Dirulaguntzaren esleipenean, deialdi honen I. eranskinaren 2.2.j) atalean araututako gutxieneko ikasle-kopuruak betez gero, taldearen ordu teorikoak eta kitapenean burututakoak hartuko dira kontuan. Irakasleari taldean emandako orduak aitortuko zaizkio, eta taldean aritutako irakasle guztien orduen batura gehienez taldean emandakoak izango dira.

Hala ere, baliteke, COVID-19ren eraginez sortutako ez-ohiko egoera eta herri-administrazioek emandako osasun-neurriak bete ahal izateko, taldea onargarria izan dadin, deialdiaren 2.2.j) atalean araututako gutxieneko ikasle-kopuruarekin, guztiekin batera, ezin aurrez aurre jarduera burutzea. Kasu hauetan, salbuespen-gisa, taldearen jarduera modu presentziala eta ez presentziala uztartuz antola daiteke.

Dena den, ikasgelaren edukiera mugatuagatik taldeko ikasle guztiak batera aurrez aurre aritzea ezinezkoa denean, salbuespenez HABEk lehenesten duen aukera taldearen jarduera modu presentziala eta ez presentziala, biak uztartuta ematekoa, euskaltegiak baztertzen badu, taldeko ikasleak multzo txikiagoetan banatuz antola dezake taldearen jarduera euskaltegiak, bakoitzak, eskuragarri dituen azpiegitura eta baliabideen arabera. Antolaketaren nolakotasunak dirulaguntzaren onuradunek erabakiko dituzte. Dirulaguntzen esleipenean salbuespenezko arau honen babesean antolatutako taldearen ordu teorikoak eta kitapenean burututakoak soilik hartuko dira kontuan, eta ez euskaltegiak antolatutako azpimultzoetakoak.

Salbuespenezko egoera horretan antolatuko diren ikastaldeei 19 kolektiboa jarriko zaie matrikulazioaren jarraipenerako Q87 izeneko aplikazioan.

Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumean maila bakoitzerako ezarritako erreferentziazko irakastorduen kopuruak kontuan hartuta, euskaltegiek antolatuko dituzten ikastaroek ondoren zehazten diren gutxienekoak bete beharko dituzte:

2.1.– Urritik ekainera bitarteko ikastaroak.

a) Barnetegi iraunkorretako barnetegi ikastaroak: egunean 6 irakastordu eta gutxienez 80 irakastordu osatzen dituzten ikastaroak.

b) Euskaltegietako eta barnetegi iraunkorretako kanpo ikastaroak: A1 mailan gutxienez 125 irakastordu jarraian eta A2, B1, B2, C1 eta C2 mailetan gutxienez 165 irakastordu jarraian osatzen dituzten ikastaroak.

2.2.– Udako ikastaroak, ekainetik irailera bitartekoak.

a) Euskaltegietako eta barnetegi iraunkorretako udako kanpo ikastaroak: gutxienez 80 irakastordu era jarraituan eta zatikatu gabe.

b) Euskaltegietako eta barnetegi iraunkorretako udako barnetegi ikastaroak: 2, 3 edo 4 astekoak eta egunean, gehienez, 8 irakastordu.

c) Baldintza hauetatik kanpo udako ikastaro hauek antolatu ahal izango dira ekainetik irailera bitartean B1, B2, C1 eta C2 mailetan, zenbait kolektibo edo helburu zehatzetarako direnean:

c.1) Udako aurrez aurreko ikastaro trinkoak: gutxienez 30 irakastordu, era jarraituan eta zatikatu gabe. Ikastaro hauetako ikasle guztien abiapuntua, salbuespenik gabe, lortu nahi den mailaren aurreko azpimaila izango da.

c.2) Uda-ikastaroak barnetegian: aste beteko udako barnetegiak eta egunean gutxienez 8 irakastordu. Ikastaro hauetako ikasle guztien abiapuntua, salbuespenik gabe, lortu nahi den mailaren aurreko azpimaila izango da.

c.1) eta c.2) azpiatal hauetako udako ikastaroek, HABEren dirulaguntzapean onartuak izateko, maila burutzeko eta trebetasun zehatzak lantzeko helburua izan behar dute eta ikasleek ondoko baldintzak bete behar dituzte:

– Ikasturtean zehar euskaltegiren batean ikasitako ikasleak izan.

– Euskara-mailen agiriak eskuratzeko ikasturteko lehen azterketa-deialdian aurkezteko aukerarik izan ez duten edo egiaztatze-probak gainditu ez dituzten ikasleak izan.

2.3.– Maila burutzeko ikastaroak.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren 2015eko uztailaren 22ko Aginduak ezartzen duen Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumaren A1, A2, B1, B2, C1 eta C2 mailak burutzeko helburu zuzena duten ikastaroak:

a) A1 maila burutzeko helburua duten ikastaroak: gutxienez 60 irakastordu era jarraituan eta zatikatu gabe; ikasle guztien abiapuntua A1A0 salbuespenik gabe.

b) A2, B1, B2, C1 eta C2 mailak burutzeko helburua duten ikastaroak: gutxienez 120 irakastordu era jarraituan eta zatikatu gabe; ikasle guztien abiapuntua, salbuespenik gabe, burutu nahi den mailaren aurreko azpimaila.

Aurreko puntuetan zehaztutako aurrez aurreko ikastaro-moduluetako orduen kontaketa emandako irakastorduena izango da, hauen arteko atsedenaldiak kanpoan utzita.

3.– Tutorizatutako autoikaskuntza ikasteredua.

Tutorizatutako autoikaskuntza ikastereduan oinarria ikaslea da. Dirulaguntzetarako, berriz, esleipenean ikasleak ikastaro-moduluaren arabera egiten duen matrikula izango da oinarria, eta kitapenean, atal honetako 3.2 azpiatalean zehaztutako irizpideen arabera burututakoa izango da.

Autoikaskuntza burutzeko euskaltegiek edo autoikaskuntzarako zentroek IKTen bidezko plataformak erabili ditzakete eta ikaskuntza hiru ataletan banatuko da:

– Ikasleak bakarkako lana egiteko saioak. Atal honetara ikasleak bakarka egindako jarduera bilduko da. Halaber, euskaltegien edo autoikaskuntzarako zentroen erabakiz, ikasleen arteko interakzioa bultzatuz trebetasun zehatzak lantzeko helburuarekin taldean burutu daitezkeen jarduerak ere bilduko dira. Honelakoetan, ekintza horien burutzapenean taldean emandako orduak parte hartu duen ikasle bakoitzari zenbatuko zaizkio. Dirulaguntzetarako kasu guztietan bakarkako saioetako orduak atal honetako 3.2 azpiatalean zehaztutako irizpideen arabera hartuko dira kontuan gehienez.

– Mintzamena edo ikasleen arteko interakzioa lantzeko saioak. Atal honetako saioetan euskaltegiak edo autoikaskuntzarako zentroak ikasleak taldeetan elkartuta burutzen saiatuko dira. Saio hauetan ikasleak hartu dituen orduak zenbatuko zaizkio ikasle bakoitzari. Irakasleari, berriz, atal honetan ikasleekin emandako orduak aitortuko zaizkio. Dirulaguntzetarako mintzamena edo ikasleen arteko interakzioa lantzeko saioetako orduak atal honetako 3.2 azpiatalean zehaztutako irizpideen arabera hartuko dira kontuan gehienez.

– Tutoretza-saioak. Ikasle bakoitzarekin burutuko dira. Saio hauetan ikasleak hartu dituen orduak zenbatuko zaizkio ikasle bakoitzari. Irakasleari, berriz, atal honetan ikasleekin emandako orduak aitortuko zaizkio. Dirulaguntzetarako tutoretza-saioetako orduak atal honetako 3.2 azpiatalean zehaztutako irizpideen arabera hartuko dira kontuan gehienez.

3.1.– Ikastaro-moduluak.

Euskaltegiek eta autoikaskuntzarako zentroek antolatu ditzaketenak:

a) 190 eskola-ordu matrikula bakoitzeko, 9 hilabetez bakarlanean, mintza- eta tutoretza-saioetan banatuta eta hasiera hilabetea urria, azaroa, abendua edo urtarrila delarik. Ikasle bakoitzeko ikasturtean zehar matrikula bakarra onartuko da.

b) 75 eskola-ordu matrikula bakoitzeko, 3 hilabetez bakarlanean, mintza- eta tutoretza-saioetan banatuta eta hasiera hilabetea urria, urtarrila, apirila edo uztaila delarik. Matrikula bakoitza 190 eskola-orduko modulu estandarraren 0,40 izango da.

c) 25 eskola-ordu matrikula bakoitzeko udako ikastaro berezia, bakarlanean, mintza- eta tutoretza-saioetan banatuta, uztailetik irailera bitartean B1, B2, C1 eta C2 mailetan, zenbait kolektibo edo helburu zehatzetarako denean. Matrikula bakoitza 190 eskola-orduko modulu estandarraren 0,13 izango da. Azpiatal honetako udako autoikaskuntzako ikastaroek, HABEren dirulaguntzapean onartuak izateko, maila burutzeko eta trebetasun zehatzak lantzeko helburua izan behar dute eta ikasleak ondoko baldintzak bete behar ditu:

– Ikaslearen abiapuntua, salbuespenik gabe, lortu nahi den mailaren aurreko azpimaila izango da.

– Ikasturtean zehar euskaltegiren batean ikasitako ikaslea izan.

– Euskara-mailen agiriak eskuratzeko ikasturteko lehen azterketa-deialdian aurkezteko aukerarik izan ez duen edo egiaztatze-probak gainditu ez dituen ikaslea izan.

– Ikasleko uztailetik irailera bitartean matrikula bakarra onartuko da.

3.2.– Bestelako baldintzak.

Ikasleak bakarlanean emandako ordutzat astean 10 ordu arteko jarduna onartuko da dirulaguntzetarako. Beraz, ikastaroaren gehieneko orduak eman eta hartutako mintza-saio edo ikasleen arteko elkarreragina lantzeko saioa eta tutoretzakoak gehi ikasleak bakarlanean emandako orduen batura izango da.

Gainera, ikasle bakoitzaren jardueragatik diruz lagunduko diren 6 ordutatik batek, gutxienez, hartutako mintza ordukoa edo ikasleen arteko interakzioa lantzekoa izan beharko du. Salbuespen gisara, A1 eta A2 mailetara bitarteko jardueran diruz lagunduko diren 10 ordutatik batek, gutxienez, izan beharko du mintzakoa edo ikasleen arteko interakzioa lantzekoa. Mintzamen-saioak edo ikasleen arteko interakzioa lantzekoak aurrez-aurre eta euskaltegian edo autoikaskuntzarako zentroan zein IKTen bidezko bideokonferentziaz burutuko dira eta gutxienez saio bakoitzean bi ikaslek parte hartu beharko dute. Kasu bietan, aurrez aurreko edo bideokonferentziaz eginiko mintza-saioak edo ikasleen arteko interakzioa lantzekoak ikastaroaren zehar indarrean egongo diren asteko egun eta ordutegi zehatzetan burutuko dira.

Tutoretza-saioetan, bakarlanean emandako 10 orduko, gehienez ere, 30 minutu lagunduko dira diruz. Tutoretza-saioak aurrez aurre zein IKTen bidezko bideokonferentziaz burutuko dira.

HABEko teknikariek edozein unetan dirulaguntzaren onuradunek autoikaskuntza bideratzeko erabiltzen dituzten plataformetara sarbidea izango dute, burutzen diren jarduerak ikusteko.

Euskaltegi pribatu eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuen kasuan, dirulaguntzetarako ikasle/orduak kontabilizatzerakoan, bakarkako jardun, mintza-saioei edo ikasleen arteko interakzioa lantzeko saioei eta tutoretza-saioei dagokienez, eman eta gauzatu ez den ordua ez zaio ikasleari emandakotzat jarriko datutegian.

IKTen bidezko ikaskuntza-prozesuak bere osotasuna gorde dezan, trebetasunen arteko oreka gorde beharko da, 179/2003 Dekretuak bere 6. artikuluan esaten denari jarraituz, non gutxieneko bezala eskatzen baita «erabilitako sistemak aurrerapen egokia eta orekatua bermatzea trebetasun guztietan eta bakoitzean, mintzamena barne».

4.– Jardun biko ikasteredua.

Jardun biko ikastereduaren oinarria taldea da, gutxienez irakasle baten ardurapean ikasgela batean aurrez aurre eta taldeko ikasle guztiekin batera ikastaroari dagozkion taldeko jarduerak burutzen dituen taldea, hain zuzen ere, eta horrekin batera, ikasle bakoitzak bakarka burutu behar duen jardunarekin eta ikasleen tutoretza-saioekin osatzen den ikasteredua da. Dirulaguntzaren esleipenean, deialdi honen I. eranskinaren 2.2.j) atalean araututako gutxieneko ikasle-kopuruak betez gero, taldearen aurrez aurreko ordu teorikoak eta gehienez atal honetako c) azpiataleko irizpidearen araberako tutoretza-saioetako orduak hartuko dira kontuan. Kitapenean, berriz, taldearen aurrez aurreko jardunean burututakoak eta gehienez atal honetako c) azpiataleko irizpidearen arabera ikasleek burututako tutoretza-saioetako orduak hartuko dira kontuan. Irakasleari, batetik, taldean aurrez aurreko jardunean emandako orduak aitortuko zaizkio eta taldean aurrez aurreko jardunean aritutako irakasle guztien orduen batuketa gehienez taldean emandakoak izango dira; eta bestetik, gehienez atal honetako c) azpiataleko irizpidearen arabera burututako tutoretza-saioetan ikasleekin emandakoak.

Bestalde, HABEren dirulaguntzen barruan onartuak izan daitezen, ikastaro hauek, gutxienez, hiru hilabeteko iraupena izan behar dute aurrez aurreko jardunean, bakarkako jardun tutorizatuan eta tutoretza-saioetan banatuta:

a) Aurrez aurreko jardunean, gutxienez, 40 eta gehienez 120 irakastordu.

b) Bakarkako jardun tutorizatuan, gutxienez, aurrez aurreko jardunaren irakastorduen kopurua. Atal hau ez da diruz lagunduko.

c) Tutoretza-saioetan, aurrez aurreko jardunean emandako 10 orduko, gehienez ere, 30 minutu lagunduko dira diruz.

Tutoretza-saioak aurrez aurre edo bideokonferentziaz egin ahal izango dira.

5.– Urrutiko aurrez aurreko talde-irakaskuntza.

Urrutiko aurrez aurreko talde-irakaskuntzaren oinarria taldea da, gutxienez irakasle baten ardurapean IKTen bidezko plataformak erabiliz taldeko ikasle guztiekin batera eta gela birtual batean ikastaroa burutzen duen taldea, hain zuzen ere. Dirulaguntzaren esleipenean, deialdi honen I. eranskinaren 2.2.j) atalean araututako gutxieneko ikasle-kopuruak betez gero, taldearen ordu teorikoak eta kitapenean burututakoak hartuko dira kontuan. Irakasleari taldean emandako orduak aitortuko zaizkio eta taldean aritutako irakasle guztien orduen batura gehienez taldean emandakoak izango dira.

5.1.– Ikastaro-moduluak.

Aurrez aurreko ikastereduan onartzen diren guztiak erabili ahal izango dira.

5.2.– Bestelako baldintzak.

5.2.1.– Urrutiko aurrez aurreko saioetan ikastaro-moduluaren ordu guztiak emango dira eta ikastaldearen jarduerak ordutegi zehatzetan eta ikasle guztiekin batera burutuko dira. Urrutiko aurrez aurreko saioek gutxienez 40 minutuko iraupena izango dute eskola-eguneko.

5.2.2.– Urrutiko aurrez aurreko saioak edozein e-learning edo b-learning plataforma erabiliz (GoToWebnar, Zoom, Jitsi, Microsoft Teams, Moodle/MoodleCloud,...) egingo dira.

5.2.3.– Ebaluazioak e-learning edo b-learning plataformak (Google Forms, Questbase, Socrative...) erabiliz burutuko dira.

5.2.4.– HABEko teknikariek edozein unetan plataforma horietara sarbidea izango dute, burutzen den jarduera ikusteko.

5.2.5.– Era honetan antolatuko diren ikastaldeei 70 kolektiboa jarriko zaie matrikulazioaren jarraipenerako Q87 izeneko aplikazioan.

6.– Helburu zehatzetarako ikastaro bereziak.

6.1.– AISA, DENDAKETAN eta OSTALARITZA ikastaroak: 60 irakastordu. Euskaltegiak ikastaro berezi hauek hasi baino lehen bideratu beharko du eskaria, eta bukaeran ebaluazio-fitxa osatua helaraziko du HABEra. Euskaltegi pribatu homologatuen kasuan, onartutako taldearen eskola-ordua, oinarrizko moduluaren bitartez babestuko da, euskaltegiaren ratioan eraginik izan gabe.

6.2.– Herri-administrazioek, erakunde pribatuek eta gizarte-eragileek, euskararen sustapena eta erabileraren normalizazioa helburu izanik, ESEP, LanHitz edo gutxienez udal-mailako zein erakunde pribatuen nahiz gizarte-eragileen plangintza batean sortuak eta txertatuak dauzkaten ikastaroak: gutxienez 60 irakastordu.

Kasu bakoitzean, eskariarekin batera dagokion erakundeak egin edo onetsitako txostena aurkeztu beharko du euskaltegiak. Eskarian ikastaro bereziaren bitartez lau hizkuntza-trebetasunetan lortu nahi diren helburuak zehaztuko dira. Honelako ikastaroen eskariek hamar eguneko epean ezezko erantzuna jasotzen ez badute, onartuak izan direla ulertuko da.

6.3.– Barnetegi iraunkorretan trebetasun zehatzak lantzeko Gabonetako eta Aste Santuko barnetegi ikastaro bereziak: egunean 6 edo 7 irakastordu, eta gutxienez, 30 irakastordu.

6.4.– Euskaltegietan aurrez aurreko jardunean trebetasun zehatzak lantzeko Gabonetako eta Aste Santuko ikastaro bereziak: egunean 6 edo 7 irakastordu, eta gutxienez, 30 irakastordu.

7.– Malgutasuna.

Aurreko artikuluetan aurreikusitako ikastaroez gain, euskaltegiak edo autoikaskuntzarako zentroak Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak jarritako irizpideen arabera helduen euskalduntzearen esparruan beste ikastarorik emateko asmorik badu, eskabide arrazoitua aurkez lezake HABEren zuzendari nagusiaren aurrean ikastaroa hasi baino hamabost egun lehenago. Zuzendaritza honek helduen euskalduntzearen sustapenari begira eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak jarritako lehentasunak kontuan hartuz ebatziko du eskariaren gainean. Ebazpena ezezkoa bada, HABEren finantzaketatik at gelditzen dela ulertuko da.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala