Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

192. zk., 2021eko irailaren 24a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
4905

AGINDUA, 2021eko irailaren 14koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez deialdia egiten baita itunpeko ikastetxe pribatuetako lanbide-heziketako irakasleak, 2021eko ekitaldian enpresekin lankidetzan, zientziaren eta teknologiaren arloetan eguneratzea sustatzeko dirulaguntzetarako.

Zientziaren eta teknologiaren aurrerapenek gaitasun handiko profesionalak arintasunez garatzea eskatzen dute, hau da, ekoizpen-inguruneetako beharrei erantzungo dieten profesionalak garatzea. Oso espezializatuak dauden, eskakizun teknologikoen etengabeko bilakaeratik eta eraldaketa digitaletik eratorritako aldaketa azkarretara egokitzeko prestatuta dauden langileen beharrei erantzuna emateko, Euskadiko Lanbide Heziketako irakasleek etengabe eguneratu behar dituzte beren konpetentzia zientifiko, teknologikoak eta digitalak, eta, horrez gain, daukaten ezagutza ikaskuntza-metodologia berrien bidez ikasleei transmititzeko gaitasuna hobetu behar dute etengabe.

Agindu honen helburu nagusia hauxe da: Lanbide Heziketako irakasleen ezagutza zientifiko eta teknologikoa eguneratzea beren hezkuntza-zentroen inguruko enpresa-errealitatea aztertuz eta ikasiz, ondoren zentroaren eta enpresaren arteko lankidetzetan aplikatzea, eta eskuratutako ezagutza hala Lanbide Heziketako ikasle eta irakasleei nola EAEko industriako profesionalei transferitzea.

Horrek zuzeneko eragina izango du gure ikasleen enplegagarritasun eta lehiakortasunean, gaitasuna izango baitute EAEko ekoizpen-sektorearen oraingo eta etorkizuneko eskari aurreratuenei erantzuteko.

Enpresen epe ertaineko beharrak ezagutzea funtsezkoa da lanbide-prestakuntza hori garatzeko orduan. Horretarako, beharren eta prospektiben azterketak egingo dira Lanbide Heziketaren fokutik, enpresek alor horretan duten eskariaren ikuspegi orokorra lortzeko. Azterketa horrek KET teknologien inpaktuan jarriko du arreta batez ere (Berrikuntzaren Funtsezko Teknologia Bideratzaileak), era horretan Lanbide Heziketak gaur egun erantzunik ez duten beharrak aurreratu ahal izan ditzan.

KET teknologiak berrikuntzarako oinarrizko iturri bat dira eta, Europako Batzordearen beraren hitzen arabera, ezinbesteko elementu teknologikoak ematen dituzte, eta horiei esker, askotariko material berriak, produktuak, prozesuak eta balio erantsi handiagoa duten zerbitzuak garatu ahal dira.

KET teknologia horiek honako hauek dira: nanoteknologia; mikroelektronika eta nanoelektronika; fotonika; material aurreratuak; sistema adimendunak; industria-bioteknologia, fabrikazio aurreratua eta Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKTak) zeharkako KET teknologia gisa.

Euskadiko Lanbide Heziketan erabiltzen ari diren ikaskuntza aktibo-kolaboratiboko metodologia berriek erakutsi dute tresna egokienak direla ikasleen ikaskuntza garatzeko. Metodologia horiek benetako erronken gainean lan egitea dute oinarri, ikastetxearen eta enpresaren arteko lankidetzaren ondorio dira, eta irtenbideak ematen dizkiete benetako egoera eta kasuistikei.

Honako arau hauetan xedatutakoari jarraituko diote agindu honetan jasotako laguntzek:

1.– 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.

2.– 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartuta).

4.– Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean eta azken horren erregelamendua onesten duen 887/2006 Errege Dekretuan jasotako oinarrizko arauak.

Eta honako hauetan ezarritakoan oinarritzen dira:

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legea, haren 3.2.g), 7.3, 7.6 eta 31. artikuluak batez ere.

2.– Lanbide Heziketaren V. Euskal Plana, 1. eremu estrategikoan: Ikaskuntza 4.0 testuinguruan, jarduketa-ildo hauek planteatzen dira: 1.2 «Irakasleen trebakuntza indartzea» eta 2.2 «Enpresak ikaste-prozesuetan parte har dezan sustatzea».

3.– Osnabrückeko adierazpena.

4.– Europako Batzordearen 2021-2027 Hezkuntza Digitalaren Ekintza Plana, 2020ko irailaren 30ean hartua.

5.– 2/2006 Lege Organikoa, maiatzaren 3koa, Hezkuntzari buruzkoa, bereziki haren 102.1 artikulua; eta 3/2020 Lege Organikoa, abenduaren 29koa, Hezkuntzari buruzkoa, batez ere 102.2 artikulua.

71/2021 Dekretuak, otsailaren 23koak, Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duenak, Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzari esleitzen dizkio, beste funtzio batzuen artean, hauek:

1.– Hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketan digitalizazioaren aurrerapena eta garapena bultzatu eta zuzentzea, Lanbide Heziketako Sailburuordetzaren jarraibideak betez.

2.– Lanbide-heziketako ikastetxeetan, egungo eta etorkizuneko teknologia aurreratuak aztertzea, sustatzea eta ezartzea, ingurune konplexuetan irakasleen eta ikasleen konpetentziak hobetzeko xedez.

3.– Irakasleen prestakuntzara zuzendutako ekintzak diseinatu eta gauzatzea, ingurune teknologikoki oso aurreratuetan behar bezala erantzuteko gai izan daitezen.

Agindu honen jarduerak 5414 «Berrikuntza Funtsa» programaren baitan daude. Programa horrek ekimen eta proiektu estrategikoen garapena sustatzen du, baldin eta bat egiten badute 2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planarekin eta Euskadi RIS3 espezializazio-estrategia adimendunarekin.

Horregatik guztiagatik,

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
DEIALDIAREN XEDEA ETA BALDINTZAK

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea honako hau da: ikastetxe itunduetako lanbide-heziketako irakasleak zientziaren eta teknologiaren arloetan eguneratzea –ikastetxe eta enpresen arteko lankidetzaren bitartez eta, ondotik, eskuratutako ezagutza Lanbide Heziketako ikasle eta irakasleei zein EAEko industriako profesionalei transferituz– sustatzeko dirulaguntzak arautzea 2021eko ekitaldian.

Transferentzia hori gauzatzeko, material didaktiko berriak, argitalpen berriak eta hura zabaltzeko jardunaldiak egingo dira.

2. artikulua.– Jardueren esparru orokorra.

Dirulaguntzaren xede diren jarduerak 2021eko urtarrilaren 1etik abenduaren 15era egingo dira.

Irakasleak zientziaren eta teknologiaren arloetan eguneratzeko, jarduera horiek bi bloketan egingo dira:

1. blokea: teknologia berriek enpresen produktuetan edo produkzio-prozesuetan duten inpaktuaren gaineko azterketa sakona egingo da, hezkuntza-zentroaren eremu geografikoari egokituta.

Horretarako, ikastetxearen eta enpresaren artean izan litezkeen lankidetza-eremuak identifikatuko dira, enpresaren arazo zehatz eta errealei erantzuteko irtenbideak garatuz:

Irtenbideek irakasleak zientziaren eta teknologiaren arloetan eguneratzea ekarriko dute.

Eguneratze hori ikasleei eta ikastetxean dagozkien irakasleei transferitzeko modukoa izango da.

Irtenbideak enpresarentzat interesgarriak izan behar dira.

2. blokea: ikastetxearen eta enpresaren arteko lankidetzak egingo dira. Urrats hauei jarraikiz egingo dira lankidetza horiek:

1. urratsa: behaketa.

Enpresetako behaketatzat hartuko da Lanbide Heziketako ikastetxeko irakasleek enpresara egindako bisita programatua. Bisita horretan enpresaren produkzio-prozesua eta produktuak aztertuko dituzte, irakasleek beraiek zientziaren eta teknologiaren arloetako gaitasunak eguneratu ahal dituzten eremuak aurkitzeko, betiere horrek enpresari hobekuntza ekartzea aintzat hartuta, eta horrela, agindu honetan zehaztutako ezaugarriak betetzen dituen ikastetxearen eta enpresaren arteko lankidetza bihurtuta.

Bisitaren ondotik, ikastetxeak bildutako informazioa aztertuko du. Behaketa-fasea hor amaitu ahal da, edo hurrengo fasera igaro daiteke, hau da: izan litekeen lankidetza-proposamena identifikatu eta enpresari aurkeztea.

Lehen fase hori egiteko, gehienez 5 ordu erabiliko dira behaketa eta enpresa bakoitzeko.

2. urratsa: proposamena.

Hezkuntza-zentroak ikastetxearen eta enpresaren arteko lankidetza-proiektuaren berariazko proposamen bat idatziko du, eta proposamen horrek enpresan dagoen arazo erreal bati erantzun beharko dio. Horretarako, honako alderdi hauek sakon aztertuko ditu:

Enpresak arazo horri dagokionez zer beharrizan dituen.

Merkatuan zer irtenbide dauden.

Horretarako behar den lankidetza-ahalmena.

Lankidetza-proiektuaren proposamen horrek enpresaren oniritzia izan beharko du.

3. urratsa: gauzatzea.

Hezkuntza-zentroak enpresak onetsitako proiektua gauzatuko du; hala bada, irakasleek lan-orduak bideratuko dituzte Lanbide Heziketako ikastetxearen eta enpresaren artean hitzartutako irtenbidea garatu, mamitu eta gauzatzeko.

Horren ondoriozko zientziaren eta teknologiaren arloetako ikaskuntzak eta eguneratzeak proiektuak zuzenean parte hartzen duten jakintza areagotzeaz gain, zuzeneko eragina izan beharko du, orobat, lankidetza-proiektuan garatutako eremuari lotutako gainerako irakasleen jakintza-eguneratzean, bai eta ikastetxeko ikasleetan eta enpresako langileetan ere.

Eragin hori bermatu beharko da, halaber, ondoren egiten diren lankidetzetan.

3. artikulua.– Erakunde eskatzaileak eta horretarako betekizunak.

1.– Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute Lanbide Heziketako heziketa-zikloak ematen dituzten eta ofizialki baimenduta dauden itunpeko ikastetxe pribatuek.

2.– Erakunde eskatzaileek betekizun hauek bete beharko dituzte deialdian parte hartzeko:

TKNIKAk (Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntzako EAEko Zentroa) koordinatutako TKGUNE programan parte hartzen duten ikastetxeen sarekoak izatea.

Eskabidearen egunean TKGUNE programaren teknologiaren alorreko gaitasunak garatzeko ikastaroan parte hartzeko izen-ematea egina izatea.

Ikastaro hori irakasleentzako KET teknologien eremuko prestakuntza-programa bat da. Parte hartzen duten irakasleak teknologia horietan gaitzea du xede, teknologiokin bat datozen ikastetxearen eta enpresaren arteko lankidetza-proiektuak antzeman eta garatu ahal izateko.

Prestakuntza horrek honako hau hartzen du barne: KET teknologiak definitzea ikastetxeen enpresa-inguruneari aplikatuta; prestakuntza-zentroetan praktikoki aplikatzea; aukerak aztertzea eta aukera horiek inguruko ETEetan (enpresa txiki eta ertainak), MIKROETEetan eta autonomoetan aplikatzea.

Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003 Legea) 13. eta 14. artikuluetan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen Legegintzako Dekretuaren (azaroaren 11ko 1/1997 Dekretua) 50.5 eta 6. artikuluan ezarritakoa betetzea.

Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean edukitzea.

Organo kudeatzaileak behar bestetan egiaztatuko du automatikoki hori horrela dela, eta ez du erakundearen baimenik beharko horretarako, 1/1997 Legegintzako Dekretua betez.

Erakunde eskatzaileak espresuki uka dezake horretarako baimena. Horrela bada, dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.

Dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko aukerarik gabe zigortuta ez egotea, eta ez izatea horrelakoak jasotzeko legezko debekurik ere, barne hartuta sexu-bereizkeriaren ondoriozkoak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen (otsailaren 18ko 4/2005 Legea) azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoari jarraikiz.

Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta edukitzea.

Eskatu beharreko beste edozein betebehar eta eskakizun betetzea, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2 eta 3 apartatuetan aurreikusitakoaren arabera.

3.– Aurreko apartatuan adierazitako eskakizunez gain, erakundeak, eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, honako hau egiaztatuko du:

Ez duela helburu bererako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo bestelako baliabiderik eskatu edo lortu beste administrazio edo erakunde publiko edo pribaturen batetik.

Deialdiaren oinarri guztiak ezagutzen eta onartzen dituela eta, laguntza ematen bazaio, haren xedeak betetzea hitzematen duela.

Betetzen dituela laguntza hauen onuradun izateko indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen eskakizunak. Hori egiaztatzen duten agiriak dauzkala. Erakundeak administrazioari helaraziko dizkiola horiek, horrela egiteko eskatuz gero.

Aitorpenari dagokion aldi osoan beteko dituela aurreko betebeharrak.

Ebazpenean kontuan hartutako egoeren edozein aldaketa jakinarazteko konpromisoa hartzen duela.

Egiazkoak direla eskabidean eta horrekin batera aurkeztutako agirietan emandako datuak.

4. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura.

Agindu hau gauzatzeko guztira 380.000 euro zuzenduko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituen arabera.

5. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa.

Deialdi honetan diruz lagun daitezkeen gastuak irakasleek proposatutako ekintzetara bideratutako irakatsi gabeko orduei dagozkie.

1.– Honako apartatu hauen batura izango da:

1. blokea garatzeko (2.a artikulua):

a.1 12.520,00 euroko dirulaguntza jasoko dute hiru lanbide-arlo baino gehiagoko 10 enpresatan baino gehiagotan egindako KET teknologien inpaktuaren azterketek, 212.840,00 euro gehienez.

5.a.1 artikuluan adierazitako 12.520,00 euroko dirulaguntza emango da, KET teknologien azterketa 10 enpresatan baino gehiagotan egiteak duen zailtasunagatik, eta azterketa hori hiru lanbide-arlo baino gehiagoko enpresetan egiteko behar diren irakasleen ahalmena, esperientzia eta inplikazioa direla eta.

a.2 2.520,00 euroko dirulaguntza jasoko dute lanbide-arlo bakar bateko 10 enpresatan baino gutxiagotan egindako KET teknologien inpaktuaren azterketek, 12.600,00 euro gehienez.

5.a.2 artikuluan adierazitako 2.520,00 euroko dirulaguntza emango da, KET teknologien azterketa 10 enpresatan baino gutxiagotan eta lanbide-arlo bakar batean egiteak duen irakasleen ahalmen, esperientzia eta inplikazio txikiagoa eskatzen duelako; hala, egindako ahaleginaren araberakoa da laguntza.

2. blokea garatzeko (2.b artikulua):

TEKNIKAk (Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntzako EAEko Zentroa), Lanbide Heziketako Sailburuordetzaren mendekoak, baliozkotuko du ikastetxe bakoitzak proposatutako enpresen zerrenda, TKgune aplikazioan bildutako informazioaren arabera (ikastetxearen eta enpresaren arteko lankidetzak kudeatu eta koordinatzeko softwarea).

Hasieran eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa ikastetxe bakoitzak aurkeztutako eta TKNIKAk baliozkotutako enpresa-zerrendaren arabera kalkulatuko da.

Honako apartatu hauen batura izango da:

150,00 euro baliozkotutako enpresa batean behaketak egiteagatik.

400,00 euro * baliozkotutako enpresa kopurua % 30, ikastetxearen eta enpresaren arteko lankidetza-proiektuen proposamenak diseinatzeko.

1.300,00 euro * baliozkotutako enpresa kopurua % 10, aurkeztutako proiektu-proposamenak gauzatzeko.

II. bloke honetan 45.000,00 euro emango dira gehienez ikastetxe bakoitzeko.

6. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateraezintasunak.

Agindu honetan araututako dirulaguntzak bateraezinak dira xede bera duten erakunde publikoen edo pribatuen dirulaguntzekin.

II. KAPITULUA
ESKAERAK, AUKERAKETA ETA PROZEDURA

7. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Erakunde eskatzaileek laguntza-deialdi honen izapide guztiak telematikoki egin behar dituzte.

Izapide-jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak eskura dauden eta eskaera-inprimakirako sarbidea dagoen administrazio-prozeduraren informazio-fitxa, helbide honetan dago:

www.euskadi.eus/zerbitzuak/1075403

2.– Eskabidea egin ondorengo izapideak, kanal elektronikoaren bidez, baita jakinarazpen eta justifikazioak ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «nire karpeta» gunearen bitartez egingo dira:

https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartuta dauden identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide elektroniko honetan daude eskuragarri:

https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Eusko Jaurlaritzaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan:

https://www.euskadi.eus/ordezkariak

4.– Erakunde eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta gainerako dokumentuak. Halaber, prozedura osoan zehar, eskatzaileak hautatzen duen hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko Oinarrizko Legearen (azaroaren 24ko 10/1982 Legea) 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatzen den moduan.

Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

8. artikulua.– Eskabideak aurkezteko eta zuzenketak egiteko epea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Ikastetxeko legezko ordezkariari dagokio eskabidea egitea, Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendariari zuzenduta.

3.– Eskabideak ez baditu eskaturiko baldintzak betetzen, hamar eguneko epean akatsa zuzentzeko edo behar diren agiriak aurkezteko eskatuko zaio erakunde interesdunari. Horrelakorik egin ezean, eskaeran atzera egin duela pentsatuko da. Hori guztia, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legean (urriaren 1eko 39/2015 Legea) xedatutakoaren arabera.

9. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Ikastetxe eskatzaileek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

Eskabide-formularioa behar bezala beteta, Agindu honetako I. eranskinaren arabera.

Lankidetza izan nahi den enpresen zerrenda, II. eranskineko ereduaren arabera eta hau adierazita:

Izena, udalerria, lurralde historikoa, langile kopurua, ETEak, MIKROETEak eta autonomoak, enpresaren lehentasunezko sektorea.

Enpresetan behaketa zein hilabetetan egin den edo zein hilabetetan egitea aurreikusten den (behaketa-data).

Lehentasunezko heziketa-zikloa.

Helburua.

Aurreikusitako transferentziaren plangintza-proposamena.

Transferentziaren noranzkoa: irakasleak irakasleari, irakasleek ikasleei, irakasleak enpresari, beste batzuk.

Transferentziaren ebidentzia: Ethazi erronka, unitate didaktikoa, ariketa, prestakuntza, prototipoa, beste batzuk.

TKGUNE programaren teknologiaren alorreko gaitasunak garatzeko ikastaroko izen-ematearen egiaztagiria.

10. artikulua.– Dirulaguntzak kudeatzen dituen organoa.

Hezkuntza Saileko Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendaria izango da agindu honetan araututako dirulaguntzen organo kudeatzailea.

11. artikulua.– Ebaluazio-batzordea.

Jardueren balorazioa, agindu honen 12. artikuluan xedatutako irizpideen arabera, honako hauek kide izango dituen batzorde batek egingo du:

Batzordeburua: Rikardo Lamadrid Intxaurraga jauna, Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendaria.

Batzordekideak:

Pili Alonso Suárez andrea, TKNIKAko Lanbide Heziketaren esparruko Ingurune Estrategikoetako Berrikuntza Aplikatuaren arloaren zuzendaria.

Inge Gorostiaga Luzarraga andrea, Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzako zerbitzuburua; idazkari-lanak egingo ditu, eta hitza izango du, baina botorik ez.

12. artikulua.– Balioztatzeko irizpideak eta esleitzeko prozedura.

1.– Eskabideak banan-banan balioztatuko dira, deialdi honetako betebeharrak betetzen direla egiaztatu ondoren. Balorazioa ebaluazio-batzordeak egingo du TKGUNE programaren jarraipen-aplikazioan dagoen informazioan oinarrituta.

Balorazio horretarako, honako irizpideak jarraituko dira:

Gehienez 2 puntu emango dira, azken 2 urte naturaletan (2019 eta 2020) eginiko TKgune proiektuen diseinu kopuruagatik. Bi puntu lortuko ditu proiektu gehien aurkezten duen ikastetxeak, eta gainerakoen puntuazioa proportzionalki kalkulatuko da [(X / Geh.) x 2, non X eskabideak aipatutako proiektuen kopurua den].

Gehienez 5 puntu emango dira, azken 2 urte naturaletan (2019 eta 2020) gauzatutako Tkgune proiektuen kopuruagatik. Bost puntu lortuko ditu proiektu gehien aurkezten duen ikastetxeak, eta gainerakoen puntuazioa proportzionalki kalkulatuko da.

Gehienez 7 puntu emango dira, azken hiru urte naturaletan (2019, 2020 eta 2021) egindako lankidetza-proiektuekin lotuta, ikasgelari edo irakasleei eginiko TKgune transferentzien kopuruagatik. Zazpi puntu lortuko ditu proiektu gehien aurkezten duen ikastetxeak, eta gainerakoen puntuazioa proportzionalki kalkulatuko da.

Irizpide horiek aplikatu ondoren berdinketa badago, 2020-2021 ikasturtean baimendu eta emandako zikloen kopurua balioetsiko da.

Berdinketak jarraitzen badu, 2020-2021 ikasturtean matrikulatutako ikasleak (pertsona kopurua) balioetsiko dira.

2.– Eskabideak balioetsi ondoren, ordenatu egingo dira guztira lortutako puntuazioaren arabera, eta balioespen-sailkapena egingo da.

Agindu honetako 4. artikuluan adierazitako zuzkidura ez bada aski 5. artikuluan ezarritakoaren arabera hautatutako ikastetxeentzat hasieran kalkulatutako laguntzen zenbateko osoari erantzuteko, hainbanatu egingo dira laguntza horiek, hau da, proportzionalki banatuko dira ikastetxeen artean kalkulatutako laguntzaren guztizko zenbatekoan oinarrituta.

Baldin eta, aitzitik, hautatutako ikastetxeei dagokien laguntzaren guztizko zenbatekoak ez badu gainditzen 4. artikuluan ezarritako aurrekontu-zuzkidura, gainerako ikastetxe eskatzaileak lortutako puntuazioaren arabera hartuko dira kontuan, eta balioespenik onena lortutakoei esleituko zaie laguntza, harik eta aurrekontu-kreditu erabilgarria agortzen den arte.

3.– Deialdi honen xede den emateko prozedura norgehiagoka izango da, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003 Legea) 22. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategina onartzen duen 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 49. artikuluan xedatutakoa betez (azken artikulu horrek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren laguntzen eta dirulaguntzen araubidea erregulatzen du); hau da, aurkeztutako eskabideak alderatu egingo dira, haien arteko hurrenkera ezartzeko jarduera bakoitzarentzat aldez aurretik ezarritako balorazio-irizpideekin bat etorriz, eta irizpide horiek aplikatuz balorazio handiena lortu dutenei laguntzak esleitzeko, kontuan harturik erabilgarri dagoen kreditua eta finkatutako muga.

13. artikulua.– Prozedura ebaztea.

1.– Lanbide Heziketako sailburuordeak ebatziko du deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak ematea edo, hala badagokio, ukatzea edo ez onartzea, horren arrazoiak zehaztuta, Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendariak egindako proposamena ikusita.

2.– Ebazpen hori Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren taula elektronikoan argitaratuko da (https://www.euskadi.eus/). Eskabideak aurkezteko gehieneko epea hiru hilabetekoa izango da, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Ebazpena argitaratzeaz gain, organo kudeatzaileak erakunde interesdunei jakinarazpen-abisuak bidaliko dizkie, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara SMSak edo mezu elektronikoak bidaliz. Abisu horiek inoiz ez dira jakinarazpentzat hartuko.

3.– Epea amaitu eta erakunde interesdunari ebazpenik jakinarazi ez bazaio, eskabidea ezetsi egin dela ulertuko da.

4.– Prozeduraren ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari. Aurkezteko epea hilabetekoa da egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

14. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.

Dirulaguntza bi zatitan ordainduko da (biak 2021eko ekitaldian):

Lehen ordainketa, emandako zenbateko osoaren % 40koa, laguntza onartu ostean, 17.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Bigarren ordainketa, dirulaguntzaren zenbatekoaren gainerako % 60koa, justifikazioa 18. artikuluan adierazitako epean eta baldintzetan aurkeztu ondoren.

15. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea.

Dirulaguntzak emateko ebazpena kasu hauetan aldatu ahal izango da:

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzea, betiere haren xedea beteta dagoela uste bada, gerora sortutako ezinbesteko inguruabarrek hura betetzea eragotzi badute eta behar bezala justifikatzen badituzte Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzan.

Hala badagokio, beste edozein erakunde publiko edo pribatuk emandako bestelako dirulaguntzak eta laguntzak eskuratuz gero.

Horrelakoetan, Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzak likidazio-ebazpena emango du eta, han, eman diren dirulaguntzen zenbatekoak berriz doituko dira.

16. artikulua.– Dirulaguntza itzultzea.

Itzultzeko prozedurari ekingo zaio, baldin eta laguntzaren erakunde onuraduna kasu hauetako batean badago:

Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan adierazitako kasuetan.

Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan adierazitako kasuetan.

Ez badu betetzen agindu honetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan aipatutako edozein baldintza eta betebehar.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak ez betetzea, betiere gerora sortutako ezinbesteko inguruabarrek hura betetzea eragotzi ez badute eta behar bezala justifikatzen badituzte Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzan.

Dirulaguntza ematea ekarri duten baldintzak bete ezean, erakundeak jasotako zenbateko osoa edo horren zati bat, dirulaguntzen arloan aplika daitekeen berandutze-interesak gehituta, itzuli beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari.

Dirulaguntzaren 15. eta 16. artikuluetan jasotako aldaketa eta itzulketa honako araudi honetan dago araututa:

1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.

698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko dirulaguntzak bermatzeko eta itzultzeko araubide orokorra arautzen duena.

III. KAPITULUA
IKASTETXE ONURADUNEN BETEBEHARRAK, JUSTIFIKAZIOA, JARRAIPENA ETA EBALUAZIOA

17. artikulua.– Ikastetxe onuradunen betebeharrak.

1.– Ikastetxe onuradunen betebeharra izango da:

Behaketak zein enpresetan egin nahi diren planifikatzea, ETEetan, MIKROETEetan eta autonomoetan, ahal izanez gero, betiere mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruzko Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioarekin bat etorriz.

Enpresako behaketetan, enpresarekin lankidetzan, ikastetxearen eta enpresaren arteko balizko lankidetza-proiektuak detektatzea, zeinek, produkzio-ingurunearen arazo erreal baterako irtenbidea garatuz, irakasleentzat zientziaren eta teknologiaren arloetan eguneratzea dakarten, eta, aldi berean, enpresarako hobetzeko aukera bat.

Ikastetxearen eta enpresaren arteko balizko lankidetza bat detektatuz gero, proposamen-agiri batean gauzatuko da hori, eta, bereziki, ikastetxeko irakasleek zer lan egingo duten zehaztuko da, eta enpresari aurkeztuko zaio kontuan har dezan.

Onartutako enpresa batean behaketa ezin bada egin, beste batekin ordeztu ahal izango da TKNIKAk baimendu ondoren.

Proposamena interesgarria bada enpresarentzat, hitzartutako moduan garatu, mamitu eta gauzatuko da.

2.– Halaber, honako betebehar hauek izango dituzte:

Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, erakunde onuradunek, esleitzeko erabakia jakinarazi eta hurrengo hamar egun naturaleko epean berariaz eta idatziz dirulaguntzari uko egiten ez badiote, onartutzat joko da.

Diruz lagundutako jarduerak Ikastetxeko Urteko Planean sartzea.

Emandako dirulaguntza justifikatzea 18. artikuluan jasotakoaren arabera.

Dirulaguntza zertarako eman den, horretarako erabiltzea.

Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribaturengandik agindu honetako helburu bererako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik eskuratuz gero, horren berri eman beharko diote Lanbide Heziketako Sailburuordetzari.

Laguntza ematerakoan kontuan izandako inguruabarren bat aldatzen bada, horren berri eman beharko diote Lanbide Heziketako Sailburuordetzari.

Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 50.2 artikuluko gainerako betebehar guztiak betetzea; zehazki, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari ematea haiek eskatzen duten edozein informazio, laguntzen xedea fiskalizatu ahal izan dezaten.

Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003) 14. artikuluan ezarritako gainerako baldintza guztiak bete beharko dituzte.

Jakinaraztea ekimena Eusko Jaurlaritzaren Berrikuntza Funtsak finantzatu duela; horrela, enpresa parte-hartzaileek jakingo dute Funts horrek ematen duen babesa.

Planifikatzea irakasle parte-hartzaileek eskuratutako ezagutza ikastetxeko ikasleei eta irakasleei nola transmitituko dieten eta ikastetxean egindako aplikazio praktikoak erregistratuko dituzte.

Diruz lagundutako jarduerak TKGUNE, TKNIKA Lanbide Heziketarako Ikerketa eta Berrikuntza Aplikaturako Zentroko Lanbide Heziketaren esparruko Ingurune Estrategikoetako Berrikuntza Aplikatuaren arloak koordinatutako programan sartzea.

18. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa.

Ikastetxe onuradunek, 2021eko abenduaren 15a baino lehen, aurkeztu beharko dute dokumentazio hau:

Teknologiaren alorreko gaitasunak garatzeko oinarrizko programan parte hartzeko ziurtagiria.

III. eranskina (jarduera-memoria): Enpresa-zerrenda eta horietan egindako jarduera. Kasu bakoitzean, dagokiona adieraziko da: behaketa, proiektu-proposamena egitea eta proiektua gauzatzea. Era berean, memoriak ikastetxe eta enpresaren arteko lankidetzen bidez lortutako ikaskuntza eta transferentziaren deskribapen laburtu bat izango du.

Informazio horrek bat egin beharko du 2021eko abenduaren 15ean TKGUNE aplikazioan sartutako informazioarekin. Beraz, bertan egindako eta memoria laburtuan adierazitako ekintza bakoitzaren zehaztasuna egiaztatu ahal izango da.

IV. eranskina (txostena): KET teknologiek ingurunean 2021eko abenduaren 15 baino lehen izandako inpaktuaren berri jasoko du. Teknologia horiek aztertutako enpresetan izandako inpaktuaren deskribapen laburra izango du txosten horrek.

V. eranskina (memoria ekonomikoa): dirulaguntzan dagokion amaierako zenbatekoaren kalkulua jasoko du. Kalkulu horretan oinarriturik, hasieran ebatzitako laguntzaren zenbatekoa zuzenduko da.

Horretarako, ikastetxeak kalkulu hau egingo du:

Behaketa bakoitzari eskainitako ordu bakoitzeko 40,00 euro kontatuko dira, behaketa bakoitzeko 200,00 euro gehienez kontatu arte.

Egindako behaketen kalitatea ziurtatzeko, justifikazioan gehienez onartutako behaketen kopurua haien efikaziak mugatuko du, izan ere, honako betekizun hauek izango dituzte:

Gehienez 6 ohar zenbatuko dira enpresari proposatutako proiektu bakoitzeko. Era horretan, ziurtatu nahi da egindako behaketen % 15ek baino gehiagok proposamen bat aurkeztea eragin dutela.

Gehienez 20 behaketa zenbatuko dira gauzatutako proiektu bakoitzeko. Era horretan, ziurtatu nahi da egindako behaketen % 5ek baino gehiagok lankidetza oso bat egitea eragin dutela.

Baldin eta ikastetxeak dedikazio handiko lankidetza bat egiten badu (125 ordu baino gehiagoko proiektuak, alegia), proiektu bat baino gehiago izango balitz bezala zenbatu ahal izango da hori. Horretarako, 125 orduko tarteak jarriko dira, eta hortik aurrera beste proiektu bat bezala zenbatuko da.

40,00 euro zenbatuko dira enpresari eman eta aplikazioan behar bezala erregistratzen den lankidetza-proiektuko proposamen bakoitzari eskainitako ordu bakoitzeko, gehienez 400,00 euro proposamen bakoitzeko. Gainera, kontuan izango da entregatutako proiektuak diruz lagunduko direla baliozkotutako enpresen % 40ra arte gehienez.

40,00 euro zenbatuko dira gauzatu eta aplikazioan behar bezala erregistratutako lankidetza-proiektu bakoitzari eskainitako ordu bakoitzeko. Ikastetxeko irakasleek horretan eman dituzten ordu guztiak adieraziko dira. Ordu kopuru hori egokia den edo ez enpresarekin egiaztatu ahal izango da. Apartatu honetan proiektu bakoitza egiteko erabilitako ordu kopuruaren % 25 kontuan hartuko da eta orduko 40,00 euro zenbatuko dira.

Amaierako dirulaguntza aurreko apartatuen batura izango da, betiere lortzen den zenbatekoa ez bada hasieran emandako dirulaguntza baino handiagoa. Kasu horretan, amaierako dirulaguntzak bat egingo du hasierakoarekin.

TKNIKAko Lanbide Heziketaren esparruko Ingurune Estrategikoetako Berrikuntza Aplikatuaren arloak, ikastetxeek igorritako amaierako memorian eta kontuan hartzekoa dela uste duen beste edozein datu edo txostenetan oinarrituta, lortutako emaitzen ebaluazio-memoria bidaliko dio Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzari, laguntzak justifikatzeko epea amaitu eta 3 hilabeteko epean. Ebaluazio-memoria horretan, datu hauek egongo dira jasota: parte hartu duten ikastetxeen zerrenda, bakoitzak egindako jarduerak, eta onartutako jardueretan aurreikusitako helburuen betearazpen-maila. Era berean, proposatutako helburuen gutxienekoa bete ez denean, berariaz emango da egoera horren berri.

19. artikulua.– Jarraipena.

1.– Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzak jarraipena egingo die diruz lagundutako jarduerei, TKNIKAko Lanbide Heziketaren esparruko Ingurune Estrategikoetako Berrikuntza Aplikatuaren arloaren bitartez, haiek egiten direla bermatzeko.

2.– Baldin eta, ikasturtean zehar, gorabeheraren bat gertatzen bada diruz lagundutako prestakuntza-jardueren garapenean, TKNIKAko Lanbide Heziketaren esparruko Ingurune Estrategikoetako Berrikuntza Aplikatuaren arloak komeni bada, egoki irizten dion txostena bidaliko dio Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzari, agindu hau betearazteko neurriak har ditzan.

20. artikulua.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta tratamendu-jarduera honetan sartuko dira: Laguntzak eta dirulaguntzak Lanbide Heziketako ikastetxeentzat eta erakunde laguntzaileentzat.

Arduraduna: Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.

Xedea: Laguntza ekonomikoen eskabideak izapidetzea, parte-hartzaileak eta/edo interesdunak identifikatuta. Dirulaguntzak erakunde laguntzaileei.

Legitimazioa:

Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzean egin behar den eginkizun bat betetzeko.

38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.

Hartzaileak:

Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.

Ekonomia eta Ogasun Saila.

Eskubideak: Datuak eskuratu, zuzendu eta ezabatzeko eskubidea duzu, bai eta informazio gehigarrian jasotako bestelako eskubideak ere.

Informazio gehigarria: Gure web-orrialdean begira dezakezu datu-babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza.

Araudia:

Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra.

3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek jasotzen ez dituen alderdiak arautzeko, aplikatzekoak izango dira Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legea (urriaren 1eko 39/2015 Legea) eta laguntza eta dirulaguntza publikoei buruzko araudia.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean. Era berean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean. Agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko dira bi epe horiek.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean agindu hau.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko irailaren 14a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

I. ERANSKINA
IRAKASLEAK ZIENTZIAREN ETA TEKNOLOGIAREN
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
ENPRESA LAGUNTZAILEEN ZERRENDA
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
JARDUERA-MEMORIA
(Ikus .PDF)
IV. ERANSKINA
TXOSTENA: KET-EN INPAKTUARI BURUZKO AZTERKETA
(Ikus .PDF)
V. ERANSKINA
MEMORIA EKONOMIKOA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala