Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

191. zk., 2021eko irailaren 23a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4869

EBAZPENA, 2021eko abuztuaren 9koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Zumaiako plangintzako arau subsidiarioen aldaketaren, Zumaiako (Gipuzkoa) «12.2 Torreaga» eremuari eta «1. Puntanueta II» sektoreari buruzko ingurumen-adierazpen estrategikoa.

AURREKARIAK

2019ko azaroaren 26ko ebazpenaren bidez, orduko Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak arau subsidiarioen aldaketa puntualaren ingurumen-azterketa estrategikoaren irismenari buruzko dokumentua formulatu zuen, Zumaiako (Gipuzkoa) 12.2 Torreaga eremuaren antolamendu xehaturako (aurrerantzean, Plana), urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren, planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzekoaren, 10. artikuluan eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko Legean (abenduaren 9ko 21/2013 Legea) ezarritakoarekin bat etorriz.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 21. artikuluan eta Planen eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 12. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Zumaiako Udalak Planaren jendaurreko informazioaren izapidea bete zuen, plana bera eta haren ingurumen-azterketa estrategikoa 45 egunez jendaurrean jarrita (2020ko abuztuaren 24ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala, 160. zk., eta ondoren, hutsak zuzentzeko, urte horretako abuztuaren 31ko GAO, 165. zk.), haren eraginpean zeudenek egoki ikusten zituzten alegazioak egin zitzaten, beren interesen defentsan.

Era berean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 22. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, Zumaiako Udalak kontsulta egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei, zeinak aurretik ere kontsultatuak izan baitziren arauaren 19. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta 45 eguneko epea eman zien egoki iritzitako txostenak eta alegazioak aurkez zitzaten. Horien ondorioak espedientean daude jasota.

2021eko uztailaren 2an, Zumaiako Udalak Planaren ingurumen-adierazpen estrategikoaren eskabidea osatu zuen, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko Lege Orokorrean (otsailaren 27ko 3/1998 Legea) eta abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoari jarraikiz. Eskaerarekin batera, honako hauek ere aurkeztu zituen: Zumaiako plangintzako arau subsidiarioen aldaketa behin-behinean onartzeko dokumentua, «12.2 Torreaga» eremuari eta «1. Puntanueta II» sektoreari buruzkoa; horren ingurumen-azterketa estrategikoa, eta jendaurrean jartzeko eta eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei entzunaldia emateko izapideak azaltzeko zenbait dokumentu.

Zumaiako Udalak ohartarazi zuenez, alegazio bat eta zenbait txosten jaso zituzten, eta horien emaitza nahiz edukia administrazio-espedientean daude jasota; gainera, aipatutako alegazio eta txosten horiek kontuan hartu dira Planaren behin betiko bertsioa idazteko orduan.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumen-efektu nabarmenak izan ditzaketen planen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea, eta ingurumenaren babes-maila handia bermatzea, garapen jasangarri bat sustatzeko.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Era berean, 21/2013 Legeak, abenduaren 9koak, 6.1.b) artikuluan ezarritakoa aplikatuta, planei eta programei ere ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egingo zaie, bai eta haien aldaketei ere, baldin eta administrazio publiko batek onartzen baditu eta horiek legezko edo arauzko xedapen batek aginduta egiten eta onartzen badira, Natura 2000 Sareko guneei eragiteagatik ebaluazio bat behar dutelako, Natura Ondare eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legeak aurreikusitako baldintzetan.

Halaber, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 46.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz, ingurumen-inpaktuaren gaineko ebaluazio bateratua egin behar da, hau da, ingurumen-ebaluazio estrategiko bat, aipatutako legearen I. eranskineko A) apartatuan jasotako planak diren kasuan, baldin eta plan horien artean badaude ingurumenean ondorio adierazgarriak eragin ditzaketen planak.

Halaber, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 17. artikuluan eta hurrengoetan eta planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzeko urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 8. artikuluan eta hurrengoetan adierazitakoaren arabera, bai Zumaiako Udalak, bai Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak beharrezkoa den guztia xedatu dute planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura aurrera eraman ahal izateko ingurumen-azterketa estrategiko baten bidez, zeinaren irismena aurrez ezarri baita kontsulta publikoen eta eraginpeko administrazio publikoen eta herritar interesdunen parte-hartze prozeduraren bitartez.

Plangintzako Arau Subsidiarioen aldaketaren, Zumaiako «12.2 Torreaga» eremuari eta «1. Puntanueta II» sektoreari buruzkoaren, ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ondoren, eta kontuan hartuta ingurumen-azterketa estrategikoa egokia dela, indarrean dagoen araudiari egokitzen zaiola eta irismen-dokumentuan jasotako baldintzak betetzen dituela, ingurumen-adierazpen estrategiko hau eman du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, organo eskuduna baita Ingurugiroa Babesteko Lege Orokorraren (otsailaren 27ko 3/1998 Legea) eta otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera, zeinaren bidez ezartzen baita Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala. Esandako adierazpen horretan, ingurumenaren arloko alderdiak Planaren proposamenean txertatzearen aldeko balorazioa egiten da, eta Plan horrek ingurumenean eragingo dituen inpaktu esanguratsuen aipamena ere jasotzen da, azkenean onartuko den Planean sartu beharreko azken zehaztapenak barnean direla, ingurumen-ondorioetarako bakarrik.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra, Euskal Herriko Ingurugiroa Babestekoa; abenduaren 9ko 21/2013 Legea, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; urriaren 16ko 211/2012 Dekretua, Planen eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura arautzen duena; otsailaren 23ko 68/2021 Dekretua, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena; urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; eta urriaren 1eko 40/2015 Legea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Zumaiako plangintzako arau subsidiarioen aldaketaren, «12.2 Torreaga» eremuari eta «1. Puntanueta II» sektoreari buruzkoaren (aurrerantzean, Plana), ingurumen-adierazpen estrategikoa egitea, honela:

A) Zumaiako plangintzako arauen aldaketak, 12.2 Torreaga eremuari eta 1. Puntanueta II sektoreari buruzkoak,12.2 Torreaga sektorean indarrean dagoen antolamendu xehatua aldatzeko helburu orokorra du (funtsean, indarrean dagoen antolamenduaren eraikigarritasuna eta ezaugarri nagusiak atxikita: hirigintza-garapen kuantitatibo eta kualitatiboki dentsoa, trinkoa, behar diren espazio libreez, ekipamenduez eta abarrez hornitua); Planak «1. Puntanueta II» sektorearen eremuan duen eragina, aldiz, puntuala da, honako hau, hain zuzen: gaur egun bi eremuen artean dagoen hirigintza-lotura ezabatzea (Puntanueta IIn Torreagari dagokion etxebizitza babestuaren estandarra betetzeari lotuta), eta gainerakoan, azken sektore horretan indarrean dagoen hirigintza-araubideari eustea.

«12.2 Torreaga» eremu hori Zumaiako hirigunearen ekialdean dago, eta muga hauek ditu: iparraldean, Zumaiako itsasadarra; mendebaldean, N-634 errepidea eta herrigunera sartzeko haren biribilgunea, eta geltokiko auzoa; hegoaldean, tren-geltokia, eta ekialdean, Batusta industrialdea. Indarreko plangintzaren arabera, eremuaren azalera 20.157 m2-koa da. Lehen, industria-erabilera izan zuen eremuak; 2008an, eraikin gehienak eraitsi zituzten, eta UCIN eraikineko pabiloietako batzuk atxiki zituzten.

«12.2 Torreaga» eremuan, lehendik dagoen eta finkatuta dagoen bide-sistema orokorrari lotutako lursailek hiri-lurzoru finkatuko sailkapena dute gisa, eta gainerakoek finkatu gabeko hiri-lurzorukoa, urbanizazio finkaturik ez dagoelako edo hura nahikoa ez delako.

«1.– Puntanueta II» eremua hiriaren erdialdearen hegoaldean dago, GKN enpresaren ondoan, eta indarrean dagoen plangintzan aurreikusitako hirigintza-garapena ez da egin bertan, lehengo sailkapenari eutsita. Lur-betegarriek aldatutako eremu bat da.

Honako hauek dira Planaren helburu zehatzak:

– Torreagan eta Puntanueta IIn etxebizitza babestuen estandarra modu bereizian betetzea eta haren hirigintza-garapen independentea egitea.

– «12.2 Torreaga» eremuko hirigintza-antolamenduko araubidea egokitzea, etxebizitza babestuaren estandarra bete ahal izateko, honako irizpide hauen arabera:

– Mutur guztietan ingurunera irekitako hirigintza-garapena antolatzea, itsasadarra eta ibaiaren ertzean dagoen pasealekua barne.

– Ingurunearekin bat datorren eraikuntza- eta bolumen-garapen atsegina antolatzea, eragozpen fisikorik, ikusmen- eta paisaia-oztoporik, espazio ilunik eta abarrik sortu gabe.

– Kalitatezko espazio eta zuzkidura publikoez hornitzea (hiri-garapenaren ardatz gisa).

– Eremuaren hirigintza-antolamendua egitea, Zumaiako hiri-ingurunea eta Euskotrenen geltokia lotzeko hiri-korridore atsegina eta segurua izan dadin.

– «1. Puntanueta II» sektorean indarrean dagoen hirigintza-araubidea finkatzea, gaur egun Torreagarekin duen hirigintza-loturari dagokionez izan ezik, aurreikusita baitago Puntanuetan betetzea beste eremu horri dagokion etxebizitza babestuaren estandarra.

Horrez gain, Planak indarrean dagoen hirigintza-plangintzan ezarritako «12.2 Torreaga» eremuaren muga grafikoa zuzentzen du, eta eremu horretatik ateratzen du Hego Kalea 3 zenbakian dagoen lurzati mugakidearen zati puntuala eta hondar-zatia; ondorioz, 20.157 m2-tik 19.974 m2-ra murrizten du.

Eremuan jarduteko 3 aukera aztertu dira guztira.

– 0 aukera edo ez esku hartzea: indarrean dagoen hirigintza-antolamenduari eustea. Bizitegi-eraikin luze eta jarraitu bat antolatzea dakar, j formakoa (beso bat bestea baino luzeagoa eta goiko aldean mailakatua); itsasadarrera irekita egongo litzateke, eta antolatutako espazio publikoa haren barruan bilduta geldituko litzateke. Gainera, bizkarra ematen die Torreagaren hegoaldean dauden eraikinei.

– 1. aukera: Torreagaren eta Puntanueta IIaren arteko hirigintza-lotura ezabatzea, eta, bestalde, Torreagako antolamendua egokitzea, indarrean dagoen hirigintza-antolamenduan planteatutakoaren oso antzeko antolamendua eginez. Honen arabera, itsasadarrera irekitako bizitegi-garapen bat antolatuko litzateke, antolatutako espazio publikoa haren barruan bilduta. Honen eta 0 aukeraren arteko aldea, funtsean, hauxe da: bizitegi-garapen horrek hiru zati edo eraikin desberdinetan bananduta egongo da. Horietako batek, luzeen eta jarraituenak, U forma du eta aipatutako espazio publikoa hartzen du barnean. Beste biek oinplano-okupazio txikiagoa dute, eta aipatutako U horren muturretan daude.

– 2. aukera: Torreagaren eta Puntanueta IIaren artean dagoen hirigintza-lotura ezabatzea, eta, horrez gain, Torreagako antolamendua egokitzea; hots, hiri-ingurune jasangarri eta ireki bat sortzea, lehen aipatutako helburu guztiei erantzun orekatua emateko. Sestra gaineko bost eraikin exentu antolatzen dira, haien erdiguneko erabilera publikoko espazio edo zuzkidura handiaz osatuta. Hori dela eta, Torreagako hirigintza-garapena irekita dago mutur guztietan, baita iparraldean (itsasadarrerantz) eta hegoaldean (Euskotrenen geltokirantz) ere, eta espazio publiko irekia sortzen da horri esker. Horregatik planteatzen da aukera hau behin betiko proposamen hautatzea.

12.2 Torreaga eremuaren ezaugarriei dagokienez, ingurumenaren ikuspegitik degradatutako hiri-eremua da; industria-erabilera izan zuen lehen, eta orduko zenbait eraikin gelditzen dira gaur egun, antolamendutik kanpo; horrez gain, landaredi erruderal edo nitrofiloa dago, baita lurzoruaren sakonune bat, eta ura pilatzen da bertan. Eremuak ez du elementu natural garrantzitsurik.

Hauek dira Planaren aldaketaren eremuko ingurunearen ezaugarri eta baldintzatzaile adierazgarrienak:

– Urolako Itsasadarra KBEtik gertu dago (ES2120004), eremuaren iparraldean baitago, eremutik oso hurbil, baina Trenbide Pasalekua kaleaz bestaldean. Urolaren itsasadarrean, Planetik hurbilen dagoen eremuan, Batasunaren intereseko 1130 (Estuarioak) eta 1140 (itsasbeheran urez estalita ez dauden lautada lohitsu edo hareatsuak) habitatak daude.

– Eremua Euskal Kostaldeko Geoparkearen barruan dago; ez dator bat interes geologikoko eremu, gune edo lekuekin.

– Eremua «Urolaren itsasadarra» hezegunearen barruan dago, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Hezeguneen Lurraldearen Arloko Planak (II. taldea) xehetasunez antolatzen du hori.

– Urolaren itsasadarraren arroa 200 eta 400 km2 artekoa da eremu honetan (IV. maila), eta egoera ekologiko, kimiko eta global ona du.

– Eremua bat dator ferra-saguzar mediterraneoaren interes bereziko eremuarekin.

– Eremua akuiferoen kutsadurarekiko urrakortasun txikikoa bada ere, interes hidrogeologikoa du.

– Eremuko bi lurzati EAEko lurzorua kutsa dezaketen jarduerak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan daude (20081-00001 / 20081-00019).

– Aldatu nahi den eremua Uholde Arrisku Handiko Eremutik (UAHE) ibaian gora dago (ES017-GIP-UR0-01 Zumaia). 100 eta 500 urteko errepikatze-denborako uhaldiek eragiten diote eremuaren gehienari, baina ez lehentasunezko fluxu-guneak.

– Eremua ez dator bat itsas-lehorreko jabari publikoarekin (ILJP), baina haren ipar-muturreko zerrenda txiki bat, Urola itsasadarraren mugakidea, horren babes-zortasuneko eremuaren barruan dago; nolanahi ere, ILJParen babes-zortasuneko eremutik kanpo gelditzen dira Planean proposatutako jarduketa guztiak (bizitegi-garapena, komunitate-ekipamendua, sestra azpiko sotoak eta garajeak eta lurrazaleko aparkalekua); Planak eremu hori espazio libreetarako erabiltzea aurreikusten du.

– Ingurunean dauden zarata-foku nagusiak N-634 errepidea (hiriaren erdialdera eta geltokiko auzora sartzeko haren biribilgunea barne) eta eremuaren hegoaldeko mugatik 75 m-ra dauden trenbideak dira.

– Eusko Jaurlaritzaren «Ondarea» kultura-ondarearen informazio-sistemaren arabera, eremuan ez dago ondare eraikiaren elementurik, ezta ondare arkeologikorik ere.

Aurreikusitako hirigintza-garapenaren ondoriozko inpaktu nagusiei dagokienez, Planak antolamendu berri bat proposatzen du «12.2 Torreaga» eremurako; indarrean dagoen antolamenduarekin alderatuta, proposamen horrek 1.500 m2 murrizten du eraikigarritasuna, eta, horri dagokionez, Urola itsasadarrera eta, oro har, ingurura irekiago dagoen urbanizazio bat diseinatu nahi du, indarrean dagoen antolamenduaren ezaugarri nagusiei eutsita: hirigintza-garapen kuantitatibo eta kualitatiboki dentsoa, trinkoa, behar diren espazio libreez, ekipamenduez eta abarrez hornitua.

A priori, Planaren garapenetik eratorritako inpaktuak, oro har, indarrean dagoen plangintzaren garapenetik eratorritakoen antzekoak izango direla uste da; paisaiari dagokionez, Planak proposatutako antolamenduak printzipioz eragin txikiagoa izango du gaur egun indarrean dagoenak baino, antolamendu irekiagoa planteatzen baitu eta eraikuntza-bolumen txikiagoak sortzen baititu.

Plana garatzearen ondoriozko inpaktu nagusiak obra-fasean gertatuko dira, eta eremuaren uholde-arriskugarritasunari lotutako eraginak eta horrek ingurumenean izan ditzakeen ondorioak nabarmentzen dira. Nabarmentzekoak dira, halaber, dauden eraikinak eraitsi ondoren sortutako hondakinen inpaktuak, ustez handiak baitira, eta kutsatuta egon daitezkeen lurzoruen kudeaketatik eratorritakoak. Azken horiei dagokienez, uren kalitateari eragiteko arriskua hartu beharko da kontuan, eremua Urolako itsasadarra KBEaren mugakide den interes hidrogeologikoko eremu baten gainean baitago. Eremua gaur egun urpean dagoela kontuan hartu behar da, eta drainatu egin beharko da, beraz, lurrak mugitu aurretik.

Era berean, lur-mugimenduen eta makinen joan-etorrien ondoriozko beste inpaktu batzuk sortuko dira, hala nola giza habitataren kalitatea aldi baterako murriztea zarata, hautsa eta abarrak areagotzearen ondorioz. Ezusteko isurketak gertatzeko arriskua dela-eta baliteke uren eta lurzoruen kalitatea murriztea.

Horregatik guztiagatik, neurri babesle eta zuzentzaileak garatu behar dira. Neurri horiek plana garatzeko proiektuetan sartu beharko dira, herritarrei eta giza habitatari, Urolako itsasadarra KBEari eta hari lotutako balioei eta itsasadarreko uren kalitateari eragin ez diezaieten, obrak hiri-eremutik eta Urolako itsasadarretik gertu baitaude.

Organo sustatzaileak bidalitako dokumentazioan inpaktu akustikoari buruzko azterlan bat dago, eta, bertan, ondorioztatzen da aztertzen ari garen lurzatiak betetzen dituela Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuak bizitegi-erabilerarako ezarritako kalitate akustikoaren helburuak, orain zein etorkizunean.

B) Ingurumen-adierazpen estrategiko hau bat dator ingurumen-azterketa estrategikoaren ondorio nagusiekin, eta, haren arabera, behar adina justifikatu da Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren azaroaren 26ko Ebazpenean aurkeztutako ingurumen-irizpideak txertatu izana. Zumaiako (Gipuzkoa) 12.2 Torreaga eremuaren antolamendu xehaturako Arau Subsidiarioen Aldaketa Puntualaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren irismen-dokumentua egin zen ebazpen horren bidez.

Ingurumen-organoak emandako irismen-dokumentuan eskatutako sakonera, xehetasun-maila eta espezifikazio gradua bermatuz egin da Planaren ingurumen-azterketa estrategikoa. Ingurumen-izapidean adierazitako alderdi guztiak bete direla irizten da; planifikazio-prozesuan ingurumenean eragin daitezkeen ondorioak kontuan hartu direla bermatzeko behar bezain zorrotz bete direla, hain zuzen.

C) Plana izapidetzean, ez da gehitu ingurumen-azterketa estrategikoa zabaltzea eskatzen duen jarduketa berririk, eta ez da atzeman birdefinitu edo kendu behar den Planaren jarduketarik.

D) Indarrean dagoen araudiaren arabera hartuko dira neurri babesleak, zuzentzaileak, konpentsatzaileak eta jarraipenekoak, baita hurrengo apartatu hauetan xedatutakoaren arabera eta, aurrekoa galarazten ez dutenetan, ingurumen-azterketa estrategikoan aurreikusitakoaren arabera ere.

Oro har, ingurumen-balioen babesa lehenetsiko duten neurriak aplikatu beharko dira, hau da, Planetik eratorritako jarduketak gauzatzean proposamen zehatzak aztertu beharko dira, eta ingurumen-balioak mantentzen direla bermatzeko neurriak jorratu beharko dira. Zehazki, plana garatzeko proiektuak idazten direnean, kontuan hartuko dira honako alderdi hauek:

D.1.– Itsas-lehorreko jabari publikoaren babesari eta uholde-arriskuari buruzko neurriak.

Uholdeak izateko arriskuari dagokionez, Planak kontuan hartu beharko du Espainiako zatiko Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren xedapen arautzaileei dagokien I. eranskineko VII. kapituluan ezarritakoa, urtarrilaren 8ko 1/2016 Errege Dekretu bidez onartutakoa. Bidenabar, itsasoko eta lurreko jabari publikoarekiko mugakide diren lurretarako Itsasertzen Legeriak ezartzen dituen mugapenez eta 196/1997 Dekretuak, itsasoko eta lurreko jabari publikoko babeserako zortasun-zonetako erabileren baimenei buruzkoak, araututako jardunbideaz gain, nahitaez bete beharko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planeko E.2 ataleko uholdeen aurkako babesari buruzko berariazko erregulazioak.

Hain zuzen ere, Planaren eremuan aplikagarria da aipatutako Plan Hidrologikoaren araudiko 40.4 artikuluan ezarritakoa, lurzoruaren oinarrizko egoera urbanizatuta den kasuetan, Lurzoruaren eta Hiri Birgaitzearen Legearen testu bateginaren 21. artikuluan finkatutakoarekin bat etorriz.

Espediente honen inguruan URA-Uraren Euskal Agentziak egindako txostenaren arabera, Plan Hidrologikoaren araudiaren 40.4 artikuluan ezarritako mugak berariaz jaso beharko dira Planaren hirigintza-araudian. Araudi horretan jaso beharko da, halaber, drainatze jasangarriko sistemak sartzeko betebeharra, Plan Hidrologikoaren 44.1 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, proposatutako hirigintza-garapenak eragindako arroan drainadura-sarea behar baino gehiago alda ez dadin.

Halaber, Plan Hidrologikoaren 41. artikuluarekin bat, eremuan proposatutako jarduketak itsas-lehorreko jabari publikoaren (ILJP) babes-zortasuneko eremutik kanpo daudenez, lurralde-antolamenduan eta hirigintzan eskumena duten administrazioen ardura da 12.2 Torreaga eremuan proposatutako erabilerak eta jarduerak baimentzea, bai eta babes-zortasuneko eremutik kanpo dagoen uholde-arriskuko eremu horretan 40. artikuluan ezarritako mugak betetzen direla zaintzea.

Ildo horretatik, eta lehen adierazitako URA-Uraren Euskal Agentziaren txostenari jarraikiz, aurreko lerrokadan zehaztutako nahitaezko baimenarekin lotuta, xehetasun-azterketa hidrauliko bat aurkeztu beharko da, jarduketak, gauzatuko bada, behar dituen neurri zuzentzaileak zehaztu eta justifikatzeko. Neurriok, edonola ere, ingurumen-irizpideen araberakoak izango dira, eta ez dute eremuko uholde-arriskua areagotuko.

Urbanizazio- eta eraikuntza-proiektuek neurriak aurreikusi beharko dituzte lurrazaleko uretara ahalik eta solido gutxien iristeko (adibidez, jalkitze-tangak, sedimentuentzako tranpak edo iragazkiak).

D.2.– Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko neurriak.

Plana egingo den eremuan, bi lurzati lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan sartuta daude (kodeak: 20081-00001 eta 20081-00019); lehenengoa burdin galdategi eta piezen mekanizatuko jarduerari dagokio, eta bigarrena, berriz, makina-erreminta egiteko jarduerari. Horrenbestez, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23. artikuluak xedatzen duena betez, arau horretan adierazitako egoeraren bat gertatzen bada, ingurumen-organoak lurzoruaren kalitatea adierazteko ebazpen bidez adierazi beharko ditu lurzati horiek, aipatutako ekainaren 25eko 4/2015 Legeak araututako prozedurari jarraikiz.

Oro har, inbentariatutako kokaleku batean edozein esku-hartze abian jarri aurretik, beharrezkoa da, lehenik eta behin, lurzoruaren kalitatearen azterketa bat egitea bermatzeko ez dela lurzoruaren kutsadurarekin lotutako arriskurik izango ez langileentzat ez ezarritakoarekin bat lurzatiak izango duen erabilera berriko erabiltzaileentzat; bigarrenik, bertan utzitako hondakinak, eraikinak eta hondeatuko diren lurrak egoki kudeatuko direla bermatu beharko da, indarrean den arloko legedia betez.

Alde horretatik, lurzoruaren kalitatearen adierazpen-ebazpenean ezartzen diren erabilera-mugak bete beharko dira. Ebazpena, bestalde, honako hauek baino lehen eman beharko da: lurzorua kutsa dezaketen jarduera edo instalazioren bat izan dituzten edo dituzten lursailen antolamendu xehatua jasotzen duten hirigintza-bitartekoak behin betiko onartu baino lehen, edo bitarteko horiek aldatu baino lehen, eta, ahal dela, prozedura horien hasierako faseetan. Hala ere, kokaleku horretan guztian edo zati batean lurzoruaren kalitatea ikertzea eragozten duten inguruabarrak gertatzen badira, kasuan kasuko antolamendu-bitartekoa behin betiko onartu ahal izango da, lurzoruaren kalitatearen deklaraziorik gabe. Kasu horretan, Hirigintzako Ekintzen Programari hasierako onespena eman aurretik egin beharko da adierazpen hori; edo, horrelako programarik ezean, lekua barne hartzen duen kudeaketa-esparruko birpartzelazio- eta urbanizazio-proiektuei hasierako onespena eman aurretik.

D.3.– Kultura-ondareari dagozkion neurriak.

6/2019 Legeak, maiatzaren 9koak, Euskal Kultura Ondareari buruzkoak, ezarritako gainerako xedapenekin bat etorriz, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kulturako Zuzendaritzari; gero, beharrezkoa izanez gero, hark erabakiko du zer neurri ezarri.

D.4.– Zaraten eraginak gutxitzera bideratutako neurriak.

Lanek iraun bitartean, jardunbide egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketa-, eraispen-, zamalan- eta garraio-lanetan, baita erabilitako makineriaren mantentze-lanetan, zaraten eta bibrazioen murrizketan, eta erabilitako ekipamenduen zaraten kontrolean ere.

Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Beste alde batetik, Plana garatzetik eratortzen diren proiektuen ondoriozko obrek sortutako soinu-mailak, obra horien eragin-eremuan, ezingo ditu gainditu Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarrita dauden kalitate akustikoaren helburuak.

Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, ezin izango dira gauzatu garapen berriak kanpoko ingurunean kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez badira, hargatik eragotzi gabe dekretu horren 43. eta 45. artikuluetan xedatutakoa.

D.5.– Lurraldearen leheneratze ekologikorako neurriak.

Nolanahi ere, ingurumena eta paisaia leheneratzeko lanak egingo dira, hirigintza-garapenaren exekuzioaren eraginpean dauden gune guztietan, aurreikusiz landareztatze-lanetan batez ere espezie autoktonoak erabiliko direla, eta beren-beregi saihestuko dela prozesu inbaditzaileak sor ditzaketen kanpoko espezieak erabiltzea.

Planaren esparruko espazio berdeak diseinatzeko, Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua hartuko da kontuan, Udalsarea 21en lan-koadernoa, 20. zenbakia b, 2017ko apirilekoa (http://www.udalsarea21.net/Publicaciones/Ficha.aspx?IdMenu=892e375d-03bd-44a5-a281-f37a7cbf95dc&Cod=ec1f62b8-a941-4c9a-9280-e4202e656a69&Idioma=eu-ES).

Neurriak hartuko dira ahalmen inbaditzaileko espezie aloktonoen zabalkundea saihesteko (Buddleja davidii, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia, Cortaderia selloana, etab.). Ildo horretan, kontrol-neurriak hartuko dira landare-espezie inbaditzailerik sar ez dadin iraulitako eta landarerik gabe utzitako lursailen bidez (prestatutako gainazaletan segituan landatzea eta ereitea, landare-lurren pilaketen babesa eta abar). Gainera, landare-lurrak modu berezituan kudeatzea proposatuko da, baldin eta lur horiek aipatutako espezieak barreia ditzaketen propaguluak badituzte.

D.6.– Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriaren aldeko neurriak.

Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoetarako beharrezko ezaugarriei dagokienez, Etxebizitzen eraikuntza iraunkorrerako gidan (https://www.ihobe.eus/argitalpenak) jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

– Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

– Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortutako energiaren ekoizpena, eta/edo energiaren kontsumoa murriztea.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

D.7.– Neurri orokorrak, balio naturalak babesteko aurreikusitako garapena exekutatzen den bitartean.

Oro har, ingurumen-balioen babesa lehenetsiko duten neurriak aplikatu beharko dira, hau da, aurreikusitako garapenetarako ingurumen-balioak mantentzen direla bermatzeko neurriak hartu beharko dira. Bereziki:

– Obrako langileek erabili behar duten jardunbide egokien gidaliburuak gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: obraren okupazio-mugak kontrolatzea, kontuan hartuz natura-ondareko elementuak daudela (horietan, babes-perimetroa ezarriko da), lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, ibilguetara isurketarik ez egitea, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.

Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obretan eta garbiketa-kanpainan sortutako hondakinak kudeatzeko, hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta arau espezifikoetan xedatutakoa beteko da.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta Eraispen-hondakinen Ekoizpena eta Kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

Amiantoa duen hondakinik edo elementurik aurkitzen bada, otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuak ezarritakoa bete beharko da (errege-dekretu hori amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura prebenitzeko eta murrizteko da), baita martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuak ezarritakoa ere (amiantoaren eraginpean egoteko arriskua duten lanei aplikatu behar zaizkien segurtasuneko eta osasuneko gutxieneko xedapenak ezartzen dituena).

Hondakin arriskutsuentzako ontzietarako, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako arauak bete beharko dituzte (hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia onartzen du dekretu horrek); itxita egongo dira baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa Arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

Obretan hondeaketa-soberakinak sortzen badira, baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarrean dagoen legediaren arabera kudeatuko dira.

Zumaiako Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak detektatzearen ondoriozko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

– Lurzoruak eta lurpeko urak babestea: obra-fasean beharrezkoak diren prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak ezarriko dira, arreta handiz, ustekabeko isurketen kaltea saihesteko, bereziki makineriaren mantentze-lanak egiten diren bitartean: Obrako makina-parketarako erabiliko den azalera eta berorren mantentze-lanetarako eremua isolatuko egingo dira drainatze naturaleko saretik. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta tailerreko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako eremuetatik kanpo egin.

E) Ingurumen Jarraipeneko Plana.

Azterketak ikuskatze-programa egoki bat deskribatzen du, Planaren aplikazio egokia bermatzeko eta, hala badagokio, aurreikusitakoak ez diren beste ingurumen-efektu batzuk antzemateko. Hainbat kontrol proposatu dira, aurretiko edo lanen aurreko faserako zein plana garatzeko obrak gauzatzeko faserako; kontrol horietan zenbait jarduketa egingo dira, honako hauek aintzat hartuta: kontrolatuko den eremuko alderdiak, jarraipenaren adierazle diren parametroak, helburuak, maiztasuna, erreferentziako muga-balioak edo atalaseak eta kontrol-metodologia.

F) Planetik eratorritako proiektuen ingurumen-ebaluaziorako gidalerro orokorrak.

Planetik eratorritako proiektuen ingurumen-ebaluazioan kontuan izan beharko dira lurraldearen baldintzatzaileak, baita Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren azaroaren 26ko Ebazpenean adierazitako ingurumen-irizpideak ere. Zumaiako (Gipuzkoa) 12.2 Torreaga eremuaren antolamendu xehaturako Arau Subsidiarioen Aldaketa Puntualaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren irismen-dokumentua egin zen ebazpen horren bidez.

Besteak beste, honako hauek nabarmendu behar dira: itsas-lehorreko jabari publikoa eta haren igarotze- eta babes-zortasunak babestea; arrisku naturalak arintzea, batez ere uholde-arriskuaren ondoriozkoak; kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak eta dauden eraikinak eraitsita sortutako materialak egoki kudeatzea; eremuko zein garapen berrietako kalitate akustikoa zaintzea; ingurumen-baliabideak modu jasangarrian erabiltzea, eta lurraldean egindako esku-hartzeak paisaian egoki integratzea, kalteak saihestea lehenetsiz konpentsazioaren gainetik.

Bigarrena.– Gehienez ere bi urteko epea ezartzea Zumaiako Plangintzako Arau Subsidiarioen aldaketa, «12.2 Torreaga» eremuari eta «1. Puntanueta II» sektoreari buruzkoa, onartzeko, ingurumen-adierazpen estrategiko hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Epe hori igarota, proiektua ez bada onartu, ingurumen-adierazpen estrategiko honen indarraldia amaituko da, eta hortik aurrera ez du ondorerik izango. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren izapidea, non eta ez den ingurumen-adierazpen estrategikoaren epea luzatzea adosten. Hori guztiori, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 27. artikuluarekin bat etorriz.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Zumaiako Udalari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko abuztuaren 9a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala