Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

185. zk., 2021eko irailaren 16a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4766

AGINDUA, 2021eko uztailaren 30ekoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko kostaldean kuskubiko moluskuak ekoizten diren eremuen sailkapena ezartzeko dena.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2004ko apirilaren 29ko 854/2004 (EE) Erregelamenduaren bidez, animalia-jatorriko produktuen kontrol ofizialak antolatzeko arau espezifikoak finkatu ziren. Bada, erregelamendu horretako II. eranskinean ezarritakoarekin bat etorriz, agintari eskudunak bere aplikazio-eremuan dauden espezieen ekoizpen- eta berrezarpen-eremuak izendatu eta sailkatu beharko ditu, betiere erregelamendu horretan aurreikusitako hiru kategorien arabera. Erregelamenduak eremu-sailkapen hau egiten du: A mailakoak, zeinetan bildu baitaitezke kuskubiko moluskuak giza kontsumo zuzenerako; B mailakoak, zeinetan bildutako kuskubiko moluskuak, giza kontsumorako merkaturatu ahal izateko, arazketa zentroan tratatu edo berrezarri beharko baitira; eta C mailakoak, zeinetan bildutako kuskubiko moluskuak, giza kontsumorako merkaturatu ahal izateko, aldi luzean berrezarri beharko baitira.

Agindu honen helburua da, beraz, Euskal Autonomia Erkidegoko kostaldean moluskuak ekoizten diren eremuak izendatzea eta sailkatzea. Horretarako, kuskubikoak ekoizten diren eremuetan aldiro egindako analisiak eta laginketak hartu dira aintzat.

B eta C multzoan sailkatutako eremuei dagokienez, ohartarazi beharra dago halakoetan debekatuta dagoela moluskuak biltzea, arazketa zentrorik eta berrezarpen-eremurik ez dagoelako.

Itsasoko Kirol Arrantzaren Arautegia onartzen duen urriaren 3ko 198/2000 Dekretuaren azken xedapenak arrantza gaietan eskudun den sailburua ahalmentzen du, dekretuan ezarritakoa garatu eta betearazteko eta Dekretuaren II. eranskinaren bigarren puntuan zehazten diren espezieak harrapatzeko aldia eta baldintzak urtero-urtero aldatu ahal izateko, itsaski-baliabideen egoerari buruz egiten diren azterlan eta analisi zientifikoetatik ateratzen diren ondorioen arabera. Ikerketek erakusten duten Escherichia coli-ren kontzentrazio datuak ikusita, beharrezkotzat jotzen da ez baimentzea 198/2000 Dekretuaren II. eranskinak aurreikusten zuen kuskubikoen bilketa esperimentala.

Horregatik guztiagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko kostaldeko itsas-eremuen sailkapena egitea, uraren kalitatea eta horrek akuikulturaren eta itsaski-bilketaren gainean duen eragina aintzat hartuta, eta Euskal Autonomia Erkidegoan moluskuak ekoizten diren eremuak izendatzea.

Bigarrena.– Hondarribia (Bidasoa ibaiaren estuarioa). Ikusi I. eta II. eranskinak:

Sailkapeneko C eremua: ibai-ahotik aireportuaren muturrera bitarteko eremu osoa; bertan, debekatuta dago kuskubiko moluskuak biltzea (PAV 1/01).

Eremu itxiak: honako eremu hauetan ezin da moluskurik ekoitzi, eta biltzea debekatuta dago:

– Aireportuaren muturretik barrualdera doan eremua.

– Hondarribiko arrantza-portua.

– Hondarribiko kirol-portua.

– Beteranoen dartsena.

Hirugarrena.– Mundaka (Oka ibaiaren estuarioa). Ikusi I. eta II. eranskinak:

Sailkapeneko B eremua: Arketako azpieremua PAV 1/02-1 (ibai-ahotik Sandinderi uhartera bitarteko eremuaren eskuinaldea) eta Kanalako azpieremua PAV 1/02-3 (Sandinderi uhartetik Muruetako Ontziolara bitarteko eremua). Debekatuta dago kuskubiko moluskuak biltzea.

Sailkapeneko C eremua: ibai-ahotik Sandinderi uhartera bitarteko eremuaren ezkerraldea (Portuondo azpieremua PAV 1/02-2); bertan, debekatuta dago kuskubiko moluskuak biltzea.

Eremu itxiak: honako eremu hauetan ezin da moluskurik ekoitzi, eta biltzea debekatuta dago:

– Itsasadarrean gora, Muruetako Ontziolatik Gernikara bitarteko eremua.

– Txatxarramendi uharteko zubipeko aldea.

– Mundakako portua.

Laugarrena.– Plentzia (Butroe ibaiaren estuarioa). Ikusi I. eta II. eranskinak:

Sailkapeneko C eremua: ibai-ahotik Arrainolara bitarteko eremua PAV 1/03, Plentziako portua salbu; bertan, debekatuta dago kuskubiko moluskuak biltzea.

Eremu itxiak: honako eremu hauetan ezin da moluskurik ekoitzi, eta biltzea debekatuta dago:

– Plentziako portua.

– Estuarioaren barnealdea, hau da, Arrainolatik gorako urak.

Bosgarrena.– Mendexa-Ondarroa.

Sailkapeneko A eremua: koordenatu hauen barrukoa:

(Ikus .PDF)

Seigarrena.– Agindu honetan ezarritako ekoizpen-eremuen sailkapena aintzat hartu beharko da, honako espezie hauek bildu nahi izanez gero:

– Ostra (Ostrea edulis, Crassostrea angulata eta Crassostrea gigas).

– Datila (Pharus legumen, Solen marginatus, Ensis ensis eta Ensis siliqua).

– Berberetxoa (Cerastoderma edule edo Cardium edulis).

– Muxila (Venerupis pollastra, Ruditapes edo Tapes pullastra, Venerupis decussata, Ruditapes edo Tapes decussata, Venerupis semidecussata, Tapes semidecussata edo Ruditapes philippinarum, Venerupis aurea eta Venerupis rhomboides).

– Txirla (Venus striatula eta Chamelea gallina).

– Muskuilua (Mytilus edulis eta Mytilus galloprovincialis).

Zazpigarrena.– Debekatuta dago, bai eremu itxietan, bai B eta C motako eremuetan, baita sailkatu gabeko eremuetan, agindu honetako seigarren ebazpen-zatian zehaztutako espezieak biltzea.

Zortzigarrena.– Ebazten da ez baimentzea 198/2000 Dekretuaren II. eranskinak aurreikusten zuen itsaskien bilketa, zeinak, saiakera moduan, espezie hauetako 50 ale harrapatzea baimentzen baitzuen eguneko: txirla lingirdatsua (Venerupis pullastra), txirla handia (Tapes decussatus) eta txirla (Chamelea gallina), urriaren 1a eta abenduaren 31 bitartean.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ahalmena ematen zaio Arrantza eta Akuikulturako zuzendariari agindu honetan xedatutakoa gauzatzeko behar diren neurriak har ditzan.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko uztailaren 30a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala