Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

182. zk., 2021eko irailaren 13a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4711

AGINDUA, 2021eko uztailaren 28koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategiak lekuz aldatzeko laguntzen oinarri arautzaileak ezartzen baitira eta 2021. urterako deialdia egiten baita.

Landaguneetako herriguneetan nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategi zaharrak daude, jarduera-lizentziarik gabe, eta konpontzen zaila den arazoa eragin du horrek, horrelako ustiategiek ez baitute betetzen ingurumen-, osasun- eta hirigintza-araudi modernoa. Kasu batzuetan, agintari administratiboek edo judizialek ustiategi horien jarduera bertan behera uztea erabaki dute.

Jarduera bertan behera uzteak ustiategiei dakarzkien galerak eta ondorioak arindu nahian, haien titularrak kalte-ordainerako eskubidea izango duela xedatzen du Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikari buruzko Legearen (abenduaren 23ko 17/2008 Legea) 10.2.a) artikuluak, betiere jarduera-lizentziarik ez duten ustiategien jarduera bertan behera uztea erabaki behar bada dena delako jarduera indarrean den araudiarekin bateraezina delako.

Era berean, irailaren 22ko 55/2009 Dekretuak, nekazaritza-ustiategien arau teknikoak, higieniko-sanitarioak eta ingurumenekoak ezartzen dituenak, honako hau xedatzen du 7. artikuluan: «Euskal Autonomia Erkidegoaren botere publikoek 2. artikuluko b) eta c) idatz-zatietan adierazitako abeltzaintzako ustiategietako instalazioak eta eraikinak eraberritzea eta lekuz aldatzea bultzatuko dute, dekretu honen eranskinean ezarritako arau teknikoak, higieniko-sanitarioak eta ingurumenekoak arian-arian betetze aldera. Horretarako, laguntzak eta dirulaguntzak ezarri ahalko dira. Laguntzak emateko orduan, lehentasuna izango dute ebazpen edo epai baten indarrez lekuz aldatzera behartuta dauden ustiategiek».

Europako araudiari dagokionez, Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduak laguntzak xede horrekin emateko baimena ematen du, betiere baldintza jakin batzuk betetzen badira. Erregelamendu horren bidez nekazaritza- eta basogintza-sektoreetako eta landa-eremuetako zenbait laguntza-kategoria bateragarritzat jotzen dira barne-merkatuarekin Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

Horrela, bada, agindu honen bidez, 2021 ekitaldirako laguntzen deialdia egiten da nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategietarako, baldin eta jarduera-lizentziarik ez dutelako nekazaritza-jarduera utzi behar badute eta ustiategia indarrean dagoen araudia betetzen duen leku batera eramatea erabakitzen badute.

Deialdia egitea baimentzen dute honako hauek: otsailaren 11ko 1/2021 Legea, Euskal Autonomia Erkidegoko 2021eko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituena; 18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzekoa eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzekoa, eta 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzekoa).

Agindu honetan jasotako laguntzei aplikatuko zaie, halaber, honako hau: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean xedatutakoa.

Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Xedea eta helburua.

1.– Agindu honen xedea da ustiategietarako 2021. urteko laguntzak emateko deialdiaren oinarriak ezartzea, betiere agintari judizialen ebazpen bidez jarduera bertan behera utzi behar badute eta ustiategia indarreko araudia betetzen duen kokaleku batera eramatea erabakitzen badute, Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren babesean. Erregelamendu horren bidez nekazaritza- eta basogintza-sektoreetako eta landa-eremuetako zenbait laguntza-kategoria bateragarritzat jotzen dira barne-merkatuarekin Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

2.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzen helburua da ukitutako ustiategiak birkokatzea ahalbidetzea.

Bigarrena.– Onuradunak eta betekizunak.

1.– Laguntza hauen onuradun izan ahalko dira nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategien titularrak, baldin eta agintari judizialen ebazpen baten bidez jarduera, egungo kokalekuan, bertan behera uztera behartuta badaude eta beren ustiategia indarreko araudia betetzen duen kokaleku batera eramatea erabakitzen badute.

2.– Laguntza hauen onuradun izateko, eskabidea egiten dutenek honako betekizun hauek bete beharko dituzte:

a) Nekazaritzako ustiategi baten titularrak izatea eta berau EAEko Nekazaritza Ustiategien Erregistro Orokorrean inskribatuta egotea.

b) Agintari judizialen ebazpen bat izatea, jarduera egungo kokapenean bertan behera uztera behartzen duena.

c) Ustiategia beste leku batera eramatea, dagokion jarduera-lizentziarekin.

d) Ustiategia Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza Ustiategien Erregistro Orokorrean inskribatzea.

e) Zergen arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea.

f) Jakinaraztea diruz laguntzen den gastu bera ordaintzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik eskatu dioten ala ez administrazio publiko edo erakunde publiko edo pribaturen bati, eta eskuratu duten ala ez. Hala bada, laguntza ematen duen erakundearen identitatea eta laguntzaren zenbatekoa jakinarazi beharko dira.

3.– Honako hauek ezin izango dira laguntza hauen onuradun izan:

a) Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003 Legea) 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan jasotako egoeraren batean daudenak.

b) Dirulaguntzak edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen epai irmoren batekin zigortuta edo kondenatuta daudenak, eta horretarako legezko debekuren bat dutenak, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako 4/2005 Legearen (otsailaren 18ko 4/2005 Legea) azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoarekin bat etorriz.

c) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza izan, ekainaren 26ko 1/2014 Legean (Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Haien Interes Gatazkak arautzen dituena) ezarritako kasuren batean sartuta daudenak.

d) Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003 Legea) IV. tituluan aipatzen diren arau-hausteen zigorra ezarri zaienak eta Eusko Legebiltzarraren Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legean (otsailaren 18ko 4/2005 Legea) eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eraginkorrerako Lege Organikoan (martxoaren 22ko 3/2007 Legea) jasotako egoerak betetzen ez dituztenak.

Hirugarrena.– Eskabideak, aurkezteko epea eta agiriak.

1.– Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari aurkeztuko dizkiote eskabideak, eta hilabeteko epea egongo da horretarako, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Pertsona juridikoek bide elektronikoak erabiliz aurkeztu beharko dute eskabidea. Pertsona fisikoek aurrez aurre zein bide elektronikoa erabiliz aurkez ditzakete eskabideak. Eskabidea eta dokumentuak aurrez aurre aurkezteak edo bide elektronikoa erabiltzeak ez du esan nahi nahitaez baliabide horiek erabili behar direnik prozeduraren ondorengo izapideetan, edozein unetan alda daitezke eta.

Eskabideak bide elektronikoz nahiz presentzialez aurkezteko, inprimaki-eredu normalizatua erabiliko da. Ebazpen-zati honen 3. apartatuan jasotako helbideetan dago eredu hori.

a) Eskabideak aurrez aurre aurkeztuz gero, zuzenean aurkeztuko dituzte Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren bulegoetan (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz), edo Zuzenean Zerbitzuan, aldez aurretiko zita eskatuta (honen bidez: https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean/), edo aurretiko zita eskatzeko edo ezeztatzeko baino ez den telefonoaren bitartez (945 01 90 00), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen (urriaren 1eko 39/2015 Legea) 16.4 artikuluak xedatzen dituen tokietariko edozeinetan, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuarekin.

b) Eskabidea elektronikoki aurkeztuz gero, hurrengo 3. atalean adierazitakoaren arabera jardungo da.

3.– Euskadi.eus egoitza elektronikoan sartuta aurkeztuko dira eskabideak elektronikoki. Eskabide-eredua (agindu honen eranskinean aurreikusitako edukiarekin bat etorri beharko da), eskabidea izapidetzeko zehaztapenak eta gainerako dokumentazioa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren helbide hauetan egongo dira eskuragarri:

https://www.euskadi.eus/servicios/1206601

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1206601

Eskaera egin ondorengo izapideak, kanal elektronikoaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» gunearen bitartez egingo dira:

https://www.euskadi.eus/micarpeta eta

https://www.euskadi.eus/nirekarpeta.

Helbide hauetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak:

https://www.euskadi.eus/certificados-electronicos

https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

4.– Eskabidea ordezkari baten bitartez egiten bada, artikulu hauetan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da ordezkaritza: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluak.

5.– Honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da eskabidearekin batera:

a) Hirugarrenen alta. Egoitza elektronikoan izapidetu ahal izango da, esteka honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/web01-tramite/eu/

b) Ustiategia EAEko Nekazaritza Ustiategien Erregistro Orokorrean inskribatuta dagoela azaltzen duen ziurtagiria.

c) Jarduera egungo kokapenean bertan behera uztera behartzen duen agintari judizialen ebazpenaren kopia.

d) Egin beharreko inbertsioa edo gastua deskribatzen duen memoria. Bertan, aurreikusitako gauzatze-epeak, kokalekua, finantzaketa eta proiektu teknikoa eta/edo aurrekontua adierazi beharko dira, behar beste xehatuta, eta/edo proformako fakturak.

e) Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak automatikoki eta ofizioz egiaztatuko ditu zerga-betebeharrak egunean dituela eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean dituela egiaztatzen duten ziurtagiriak, arrazoituta aurka egiten ez badu behintzat, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.3 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

f) Erantzukizunpeko adierazpena, agindu honetan eskatzen diren baldintzak betetzen dituela eta aurkeztutako agiri guztiak egiazkoak direla dioena; ebazpen irmo baten bidez dirulaguntzak lortzeko aukera kentzen zaion zehapenik jaso ez badu; dirulaguntza eskatu duen ala ez, eta diruz lagun daitekeen gastu bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik jaso duen ala ez, edozein administrazio publikotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik.

g) Eta laguntza kuantifikatzeko, erakunde eskatzaileak aurkeztu nahi duen agiri osagarri oro.

6.– Laguntza jasotzeko eskabidea nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da, eskatutako dokumentazioarekin batera. Era berean, laguntza-eskabidearen ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legean (azaroaren 24ko 10/1982 Legea) ezarritakoaren arabera.

7.– Dirulaguntza-eskabideek baldintza guztiak betetzen ez badituzte edo eskatutako agiri guztiak ez badituzte, erakunde interesdunari eskatuko zaio 10 eguneko epean hutsa zuzentzeko edo nahitaezkoak diren dokumentuak aurkezteko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak (urriaren 1eko 39/2015 Legea) 68. artikuluan xedatutako ondorioekin.

8.– Horiek horrela, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak beharrezkotzat jotzen duen dokumentazio edo/eta informazio gehigarria eskatu ahal izango dio eskatzaileari, aurkeztutako eskabidea behar bezala ulertu, ebaluatu eta izapidetzeko.

Laugarrena.– Finantzaketa eta emateko prozedura.

1.– Agindu honetan jasotako laguntzak finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoek Euskal Autonomia Erkidegoko 2021eko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen otsailaren 11ko 1/2021 Legean zehaztutako aurrekontu-kredituetan izango dute jatorria (105.000 euro zehazki).

2.– Laguntza horiek emateko prozedura segidako konkurrentzia bidezkoa izango da eta, beraz, espedienteak eskabideak aurkeztu diren ordenaren arabera aztertu eta izapidetuko dira; horiek behar bezala formulatu eta osatu diren ordenaren arabera ebatziko dira.

3.– Laguntzetara bideraturiko aurrekontua agortuz gero, egoera horren berri emango da Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariaren ebazpen baten bidez, zeina argitara emango baita Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, eta ez da laguntza gehiago emango.

Bosgarrena.– Laguntzaren zenbatekoa eta bateragarritasunak.

1.– Laguntzaren zenbatekoa egin beharreko inbertsioaren % 100ekoa izango da, aurkeztutako proiektuaren arabera, eta gehienez 100.000,00 euro emango dira.

2.– Diruz lagundu daitezkeen gastutzat joko dira lursaila erosteko gastuak, egin beharreko obra-proiektuak egiteko gastuak, eta obra egiteko beharrezko diren lizentziak eta baimenak lortzeko gastuak. Eta bete beharko dituzte Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003) 31. artikuluan ezarritako betebeharrak.

3.– Laguntza horiek bateragarriak izango dira beste administrazio publiko, sail, organismo edo erakunde publiko zein pribatu batek emandako xede bererako laguntzekin, laguntzen pilaketak jardueraren kostuaren ehuneko ehun gainditzen ez badu eta gainfinantzaketarik ez badakar.

Seigarrena.– Kudeaketa, ebazpena eta publizitatea.

1.– Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak kudeatuko ditu agindu honetan aurreikusitako laguntzak. Zeregin horien barruan diruz lagundutako jardueren kontrola eta jarraipena egin beharko ditu, orobat. Horrela, egoki iritzitako ikuskapenak egin ahal izango ditu zuzendaritzak, dirulaguntza lortu duten proiektuak modu egokian gauzatzen direla ziurtatzeko; horretarako, onuradunak eskatzen zaizkien agiriak eta informazioa aurkeztera behartuta daude.

2.– Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak berariaz emandako ebazpenaren bidez emango edo ukatuko dira agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen. Beraren aurka, interesdunak gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango dio Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako sailburuordeari hilabeteko epean, horrela xedatzen baitu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak (urriaren 1eko 39/2015 Legea) 121. eta 122. artikuluetan.

3.– Ebazpena, gehienez ere, 3 hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko zaie interesdunei, Agindu honek ondorioak dituenetik kontatzen hasita. Epe hori igaro ondoren ez bada ebazpena berariaz jakinarazi, eskabidea ezetsi dela ulertu beharko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen (urriaren 1eko 39/2015 Legea) 25. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

4.– Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie onuradunei eta, horrez gain, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian esleipendunen zerrenda eta emandako dirulaguntzen zenbatekoa argitaratuko dira urtean behin, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 49.2 artikuluan xedatutakoari jarraituz (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen testu bategin hori).

Zazpigarrena.– Onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradunek beti bete beharko dituzte Dirulaguntzei buruzko Legearen (azaroaren 17ko 38/2003 Legea) 14. eta 46. artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartuaren– 50. artikuluan ezarritako betebeharrak, bai eta honako betebehar hauek ere:

1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Dirulaguntzaren onuradunak ez badio berariaz eta idatziz dirulaguntzari uko egiten laguntza eman izanaren jakinarazpena hartu eta hamabost egunean, onartu egiten duela ulertuko da.

2.– Eskatutako informazio guztia ematea Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, jasotako laguntzak nola erabili diren eta haien helburuak bete diren fiskalizatzeko eginkizunetan.

3.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuk eskatzen badizkiote administrazioren bati edo erakunde publiko edo pribaturen bati helburu bererako, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari jakinarazi behar diote, eta, hala badagokio, eman egin dizkietela ere jakinarazi behar diote, idatzi baten bidez. Horren berri izan eta hamabost egun naturaleko epean egin beharko da jakinarazpen hori, eta, edozein kasutan, jasotako funtsei eman zaien erabilera justifikatu baino lehen.

4.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetako bat, objektiboa zein subjektiboa, aldatuz gero, horren berri ematea idatzi bidez Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari. Horren berri izan eta hamabost egun naturaleko epean egin beharko da jakinarazpen hori, eta, edozein kasutan, jasotako funtsei eman zaien erabilera justifikatu baino lehen.

5.– Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten agiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatzeko eta kontrolatzeko ekintzetan erabil baitaitezke.

6.– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean mantentzea. Laguntza honen organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du betebehar hori betetzen dela, onuradunen aldetik berariazko baimenik behar izan gabe; berariaz uko egiten zaionean salbu, kasu horretan, egiaztatu egin beharko baitu kontu hori.

7.– Inbertsio edo jarduketa horien finantzaketaren izaera publikoaren publizitate egokia egitea.

Hori guztia Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.3 artikulua eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 28.2 artikulua aplikatuz.

Zortzigarrena.– Dirulaguntzen justifikazioa eta ordainketa.

1.– Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003 Legea) 30. artikuluan ezarritako justifikazio- eta ordainketa-erregimenari jarraikiz, dirulaguntza ordainketa batean ordainduko da, dokumentazio hau bidali ondoren:

a) Diruz lagundutako jarduerak eragindako gastuen zerrenda sailkatu bat.

b) Merkataritza-zirkulazio juridikoan baliokide diren fakturak edo dokumentuak, edo administratiboki eraginkorrak direnak, aurreko apartatuan aipatutako zerrendan jasotzen direnak, eta erakunde finantzarioak egindako ordainketaren ziurtagiria (egindako ordainketaren banku-ziurtagiria, aurkeztutako ordainagiriekin bat datorrena).

c) Inbertsioa gauzatzeari buruzko azken txosten teknikoa.

d) Ustiategia kokapen berri batera lekualdatu izanaren egiaztagiria, dagokion jarduera-lizentziarekin.

Ustiategia EAEko ustiategien erregistroan inskribatu izanaren egiaztagiria.

2.– Kudeaketa egokia eta artikulu honen 1. apartatuan aipatzen diren laguntzen ordainketa bermatzeko, justifikazio-agiriak aurkezteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, laguntza emateko ebazpena jakinarazten den egunetik edo jarduerak bukatzen diren egunetik hasita, egun hori geroagokoa bada. Nolanahi ere, justifikazioa 2022ko urtarrilaren 20a baino lehen egin beharko da, eta inbertsioak 2021eko abenduaren 31 baino lehen amaitu beharko dira.

3.– Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak agiri gehiago eskatu ahal izango ditu beharrezkoa baderitzo, betiere arrazoiak emanda.

4.– Onuradunei dirulaguntza hauek ordaintzeko, ezinbestekoa da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren edo haren erakunde autonomoen antzeko dirulaguntzak edo laguntzak direla eta bideratzen hasitako itzulera- edo zigor-prozedurak amaituta edukitzea.

5.– Dirulaguntzak xede duen proiektua 2021. urtean zehar egiten ez bada, edo ezarritako epean hori egiaztatzeko agiriak aurkezten ez badira, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da.

Bederatzigarrena.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Beste edozein erakunde publiko nahiz pribatuk emandako dirulaguntzak eta laguntzak lortzen badira, hori justifikatu eta jakinarazi beharko zaio, idatziz, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari, egoera horren berri izan eta hurrengo hamabost egun naturalen barruan, eta, edonola ere, jasotako funtsen erabilera justifikatu baino lehen. Horretarako, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak dagokion ebazpena aldatzeko ebazpena emango du, emandako dirulaguntzaren zenbatekoak oinarri berrira egokitzeko, eta, hala badagokio, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak arautzen duen itzulketa-prozedura hasiko du.

2.– Dirulaguntza emateko kontuan izandako edozein baldintza aldatzen bada, eta, edonola ere, beste administrazio batzuen edo erakunde publiko edo pribatuen dirulaguntzak eskuratu baldin badira lehia bidez, edo, bestela, helburu bera aurrera eramateko bestelako diru-sarrera edo baliabideak lortu badira, laguntza ematea ekarri duen erabakia aldatu ahal izango da, betiere dirulaguntzaren arauak onuradun izateko ezartzen dituen gutxieneko baldintzak bete egiten baldin badira.

3.– Honako hauek hartuko dira funtsezko aldaketatzat:

a) Eskabidean hasieran ezarritako helbururen bat aldatzea edo ezabatzea.

b) Aurreikusitako jarduerak gauzatzeko epea.

c) Gastu-kontzeptuak aldatzea, hasieran onartutako gastuez gain beste batzuk ere sartuz.

d) Onuradunaren izaera juridikoa aldatzea.

Aldaketak direla-eta ez da inoiz emandako laguntza handituko.

Aldaketak ez badira funtsezkoak, ez dute biderik emango laguntza emateko ebazpena aldatzeko.

4.– Baldin eta diruz lagundutako jardueraren behin betiko eta benetako kostua onetsitako gastuaren aurrekontua (laguntza zehazteko baliatu zena) baino txikiagoa bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa txikitu egingo da, dagokion proportzioan, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariaren ebazpen baten bidez, eta, ondoren, dirulaguntzaren ehunekoa oinarri berriari aplikatuko zaio.

Hamargarrena.– Atzera egitea eta uko egitea.

1.– Eskatzaileak eskabide horretan atzera egiteko aukera izango du. Eskatutako laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi baino lehen egin beharko du atzera. Atzera-egitea jasota uztea ahalbidetzen duen edozein bide erabiliz egin ahal izango da, baldin dagozkion sinadurak baditu, betiere. Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak, ebazpen baten bidez, guztiz onartuko du atzera-egite hori, eta prozedura bukatutzat joko du pertsona horri dagokionez.

2.– Emandako laguntzari uko egin ahal izango dio onuradunak. Laguntza onartu ondoren eta gastua egiten bukatu aurretik egin ahal izango dio uko laguntzari, baldin eta Administrazioak ez badu inolako ordainketarik egin, betiere. Uko-egitea jasota uzten duen edozein bide erabiliz egin ahal izango da, baldin eta dagozkion sinadurak baditu. Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak, ebazpen baten bidez, berariaz onartuko du uko-egite hori, eta prozedura bukatutzat joko du pertsona horri dagokionez.

Hamaikagarrena.– Ez-betetzeak.

1.– Ez-betetzeen kausak izango dira, gutxienez, hauek guztiak:

a) Agindu honetan ezarritako edozein betebehar ez betetzea, bai eta, hala badagokio, dirulaguntza emateko ebazpenean ezartzen diren baldintzak ere, eta horren ondorioz dirulaguntzaren xedea erabat indargabetzea; edo Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan edo Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan dirulaguntza itzuli behar izateko aurreikusitako egoeraren batean izatea.

b) Laguntza emateko xedea ez betetzea edo mantentzea.

c) Laguntza emateko ebazpenean emandako laguntzaren xede den proiektuaren zenbatekoaren % 60 ez gauzatzea gutxienez.

2.– Onuraduna aurreko letretan zerrendatutako ez-betetzeen kausetako baten egoeran balego, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak, 15 egun naturaleko epean, interesdunari entzunaldia emango dion ez-betetze espedientea egin ondoren, egokitzat jotzen dituen alegazioak egin ditzan, ebazpen baten bidez, dirulaguntza jasotzeko eskubidea kenduko dio onuradunari, partez edo osorik, eta, hala dagokionean, kobratu dituen laguntzak eta berandutze-interesak itzuli beharko dizkio onuradunak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, partez edo osorik, proiektuaren gauzatze-mailaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluan eta 2003ko Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003 Legea) 37. artikuluan xedatuarekin bat. Gainera, dagozkion gainerako neurriak hartuko dira. Aipatutako diru-zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

3.– Arau-hauste administratibotzat har daitezkeen gertakarien ondorioz hasten bada itzultze-prozedura, organo eskudunari jakinarazi behar zaizkio gertakariok, dagokion zehapen-prozedura has dezan.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira epeak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko uztailaren 28a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala