Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

176. zk., 2021eko irailaren 3a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
4645

AGINDUA, abuztuaren 31koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez aldatzen baita 2018-2019 ikasturteko Batxilergoko Sari Berezietarako deialdia egiten duen Agindua.

2019ko apirilaren 5eko Aginduaren bidez (2019ko maiatzaren 3ko EHAA, 82. zk.), 2018-2019 ikasturteko Batxilergoko Sari Berezien deialdia egin zen, agindu horren I. eranskinean jasotako oinarriekin bat etorriz.

3.2 oinarriak ezartzen du Batxilergoko Sari Berezia lortzen dutenek hori egiaztatzen duen ziurtagiri bat jasoko dutela eta, gainera, Hezkuntza Sailak antolatzen duen bidaia-programan parte hartu ahal izango dutela, ingeleseko ikastaroak atzerrian egiteko, dagokion deialdian ezarritakoaren arabera.

COVID-19k sortutako egoera kontuan hartuta, programa hori bertan behera geratu da gaur egun. Hala ere, Hezkuntza Sailak bidezkotzat jotzen du saritutako ikasleak konpentsatzea, egindako ahaleginagatik eta dedikazioagatik. Horregatik, salbuespen gisa eta pandemiak eraginda, gaur egun inplementatu ezin diren bidaien ordez, gailu digitalak erosteko dirulaguntzak emango dira.

Beraz, indarrean dagoen legeriak ematen dizkidan ahalmenez baliatuz, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– 2018-2019 ikasturteko Batxilergoko Sari Bereziak deitzen dituen Hezkuntzako sailburuaren 2019ko apirilaren 5eko Aginduaren I. eranskinaren hirugarren oinarriaren 2. puntua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

2.– Batxilergoko Sari Berezia lortzen dutenek horren egiaztagiria jasoko dute. Gainera, 1.000 euroko dirulaguntza gordina emango zaie Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzak kudeatuko dituen gailu digitalak erosteko, baldintza hauen arabera:

– Onuradunak hamar eguneko epea izango du, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, organo kudeatzaileari bidaltzeko laguntzaren onarpena, dirulaguntza publikoen onuradun izateko baldintzei buruzko galdetegi betearekin batera (https://www.euskadi.eus/saria_lehiaketa/2019/bsb/web01-tramite/eu/ URLan dago eskuragarri). Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izateko betebeharrak zuzenean kontsultatuko dizkie laguntza horiek kudeatzen dituen organoak organo eskudunei.

– Emandako dirulaguntza zerga-araudiaren araberako ondare-irabazia denez, dirulaguntza eman duen Administrazioak adierazitako dirulaguntzari dagokion PFEZaren konturako atxikipena aplikatu beharko zaio, eta dagokion Foru Ogasunean sartuko da.

– Aipatutako zerga-atxikipena aplikatuta, saridun bakoitzak 814,33 euro arteko (BEZa barne) dirulaguntza likidoa izango du. Zenbateko hori gailu digital hauetako bat edo bi erosteko erabili beharko du: ordenagailua, tableta.

– Saritutako pertsonek gailu digitalak erosi beharko dituzte, eta dagokion establezimendu fisiko edo birtualaren fakturaren bidez justifikatu beharko dute zenbatekoa, BEZa barne. Erosketa eta justifikazioa Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzan egin beharko da 2021eko abenduaren 20a baino lehen.

– Lehen aipatutako baldintzak bete ondoren, organo kudeatzaileak aginduko du justifikatutako zenbatekoa ordaintzeko, onuradunaren administrazioak duen banku-kontuan. Faktura bidez justifikatutako zenbatekoa ordainketa bakarrean ordainduko da; onuradun bakoitzak 814,33 euro jasoko ditu gehienez (BEZa barne). Erositako gailuaren edo gailuen zenbatekoa kopuru hori baino txikiagoa bada, erosleak ordaindutakoa bakarrik lagunduko da diruz. Erosketan fakturatutako zenbatekoa 814,33 eurotik gorakoa bada (BEZa barne), saritutako ikasleak bere kontura hartuko du gehieneko zenbateko hori gainditzen duen zenbatekoa.

AZKEN XEDAPENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko abuztuaren 31.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.


Azterketa dokumentala