Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

175. zk., 2021eko irailaren 2a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4629

EBAZPENA, 2021eko uztailaren 7koa, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez Astigarragako HJE 21 Zarkumendegiko Plan Partzialeko 4. aldaketaren ingurumen-adierazpen estrategikoa formulatzen baita.

AURREKARIAK

Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzaren 2019ko abuztuaren 14ko Ebazpenaren bidez, Astigarragako HJE 21 Zarkumendegiko Plan Partzialeko 4. aldaketaren ingurumen-azterketa estrategikoaren irismen-dokumentua egin zen, bai Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean bai Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean jasotakoari jarraikiz.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 21. artikuluan eta Planen eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 12. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Astigarragako Udalak Planaren jendaurreko informazioaren izapidea bete zuen, plana bera eta haren ingurumen-azterketa estrategikoa 45 egunez jendaurrean jarrita (2021eko otsailaren 4ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala, 22. zk.), haren eraginpean zeudenek egoki ikusten zituzten alegazioak egin zitzaten, beren interesen defentsan.

Era berean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 22. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, Astigarragako Udalak kontsulta egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei, zeinak aurretik ere kontsultatuak izan baitziren arauaren 19. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta 45 eguneko epea eman zien egoki iritzitako txostenak eta alegazioak aurkez zitzaten. Horien ondorioak espedientean daude jasota.

2021eko ekainaren 1ean, Astigarragako Udalak Planaren ingurumen-adierazpen estrategikoaren eskabidea osatu zuen, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean zein ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoari jarraikiz. Eskabidearekin batera honako hauek aurkeztu ziren: Astigarragako HJE 21 Zarkumendegiko Plan Partzialeko 4. aldaketa behin-behinean onartzeko dokumentua, haren ingurumen-azterketa estrategikoa eta jendaurreko informazioaren izapidea eta eraginpeko administrazio publikoei eta pertsona interesdunei entzunaldia egiteko izapidea azaltzen dituzten zenbait dokumentu.

Astigarragako Udalak ohartarazi zuenez, alegazio bat eta zenbait txosten jaso zituzten, eta horien emaitza nahiz edukia administrazio-espedientean daude jasota; gainera, aipatutako alegazio eta txosten horiek kontuan hartu dira Planaren behin betiko bertsioa idazteko orduan.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumen-efektu nabarmenak izan ditzaketen planen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea, eta ingurumenaren babes-maila handia bermatzea, garapen jasangarri bat sustatzeko.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.1 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, administrazio publiko batek abian jarritako edo onetsitako planei ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar zaie, lege-xedapen batek beharturik prestatu eta onartu badira, betiere ingurumen-eraginaren ebaluazioa egitera legez behartutako proiektuak etorkizunean baimentzeko esparrua ezartzen badute eta arlo jakin batzuei erreferentzia egiten badiete, hala nola hiri- eta landa-lurraldearen edo lurzoru-erabileraren antolamenduari.

Halaber, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 46.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz, ingurumen-inpaktuaren gaineko ebaluazio bateratua egin behar da, hau da, ingurumen-ebaluazio estrategiko bat, aipatutako legearen I. eranskineko A) apartatuan jasotako planak diren kasuan, baldin eta plan horien artean badaude ingurumenean ondorio adierazgarriak eragin ditzaketen planak.

Halaber, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 17. artikuluan eta hurrengoetan eta planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzeko urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 8. artikuluan eta hurrengoetan adierazitakoaren arabera, bai Astigarragako Udalak, bai Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak beharrezkoa den guztia xedatu dute planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura aurrera eraman ahal izateko ingurumen-azterketa estrategiko baten bidez, zeinaren irismena aurrez ezarri baita kontsulta publikoen eta eraginpeko administrazio publikoen eta herritar interesdunen parte-hartze prozeduraren bitartez.

Astigarragako HJE 21 Zarkumendegiko Plan Partzialeko 4. aldaketaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-azterketa estrategikoa egokia dela, indarrean dagoen araudiari egokitzen zaiola eta irismen-dokumentuan jasotako baldintzak betetzen dituela, ingurumen-adierazpen estrategiko hau eman du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, organo eskuduna baita Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren eta otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera, zeinaren bidez ezartzen baita Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala. Esandako adierazpen horretan, ingurumenaren arloko alderdiak Planaren proposamenean txertatzearen aldeko balorazioa egiten da, eta Plan horrek ingurumenean eragingo dituen inpaktu esanguratsuen aipamena ere jasotzen da, azkenean onartuko den Planean sartu beharreko azken zehaztapenak barnean direla, ingurumen-ondorioetarako bakarrik.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra, Euskal Herriko Ingurugiroa Babestekoa; abenduaren 9ko 21/2013 Legea, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; urriaren 16ko 211/2012 Dekretua, Planen eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura arautzen duena; otsailaren 23ko 68/2021 Dekretua, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena; urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; eta urriaren 1eko 40/2015 Legea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Astigarragako HJE 21 Zarkumendegiko Plan Partzialeko (aurrerantzean, Plana) 4. aldaketaren ingurumen-adierazpen estrategikoa formulatzea, jarraian zehazten den moduan:

A) Plan partzialaren 4. aldaketaren helburu orokorra da, Astigarragako Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean (aurrerantzean, HAPO), Zarkumendegi 21 hirigintza-jarduerarako eremuan (aurrerantzean, HJE 21) indarrean dagoen antolamendu xehatua aldatzea. HAPOaren arabera, eremua jarduera ekonomikoetarako lurzoru urbanizagarria da.

Planaren helburu espezifikoagoen artean, honako hauek daude: eremuaren urbanizazioa sinplifikatzea, kostuak murrizteko; industria-lurzati eraikigarriaren azalera handitzea eta sektorean ezar daitezkeen industria-erabileren aukera zabaltzea, bulegoen hirugarren sektoreko erabilerari uko eginez; gainera, HAPOak zehaztutako esparru orokorrean ezar daitezkeen industria-jardueren aukera zabaldu nahi da, antolamendutik eratorritako lurzati batzuetarako.

Helburu espezifikoak honako hauek dira:

– Eremua berrantolatzeko aukera ematea, lur-mugimenduek sortutako urbanizazio-kargak murriztuz. Horretarako, bideen sestrak eta lurren konpentsazioa berraztertu dira. Gainera, eremuaren hegoaldeko mendi-hegalean esku hartzea saihestuko da; izan ere, bertan daude gunerik ezegonkorrenak, eta mendi-hegalari eusteko lan garestiak egin beharko lirateke. Antolamendutik kendu da eremuko lurzati zaharretako bat (B lurzatia), hura hiritartzeak kostu handiak eragingo lituzkeelako.

– Antolamenduaren barne-bide egituratzailea aldatzea, lurzatira sarbidea ematen duena, erdiko lurzatiak lurzati handi batean bateratzean, murriztu egiten baita bidearen kostua. Bide hori GI-2132 errepidera irtengo da, hau da, Astigarraga eta Oiartzun komunikatzen dituen errepidera.

– Babesteko eta bereizteko zerrenda berde garrantzitsuak sortzea eremuaren ondoko lurzoru urbanizaezineko mugetan.

– Bestalde, futbol-zelaitik ibaian gora, eremu honetan estalita dauden Galtzaur eta Mokorregi (edo Zarkumendegi) erreken zati bat desestaltzea proposatu da.

– Añarbeko Urak (AGASA) sozietateak eskatutako zehaztapenak errespetatzea, urak ekartzeko beheko kanaleko sifoia kenduz; hark Donostialdeko ingurunea hornitzen du urez, eta Planaren eremua zeharkatzen du.

– Egun dagoen kirol-lurzatia eta aparkaleku-ingurua berrantolatzea: futbol-zelaia finkatzea, bere inguruan espazio- eta zuzkidura-erreserbak bilduz.

– Lurzati guztietarako industria-erabilera hartzea, hala, eremuan industria-erabilera anitzak eta malguak ahalbidetzeko; horretarako, indarrean dagoen erabileren araudia aldatu behar da. Hirugarren sektoreko bulego-erabilerari uko egin zaio, lurzati batean izan ezik (A lurzatian).

Zarkumendegi 21 HJE eremua Astigarragako hirigunearen ekialdean dago, kilometro eta erdira. Oiartzundik Hernanira doan GI-2132 eskualde-errepidearekin muga egiten du iparraldean, eta urbanizaziorik gabeko lursailekin gainerako zati guztietan (baso-landaketak, baso naturalak –harizti azidofiloa– eta belardiak). Eremuaren azalera 12,4 ha-koa da; gutxi gorabeherako luzera, 770 metrokoa eta zabalera, 150 eta 300 metro artekoa. Eremu osoa lurzoru urbanizagarri gisa sailkatuta dago (jarduera ekonomikoetarako).

Zarkumendegi eremua ibarbide bat da eta kanalizatutako bi errekaren bi alboetan zehar hedatzen da (Galtzaur eta Mokorregi errekak, zati batzuetan estalita daudenak). Lurzati urbanizagarriak kokatuko diren lursaila berdindu egin zen joan den mendeko 70eko hamarkadan, Mercaeaso eskualdeko fruta-merkatua ezartzeko, baina, azkenean, ez zen asmoa gauzatu. Eremuaren erdigunetik igarotzen da Añarbeko Urak sozietatearen urak ekartzeko beheko kanala. Hark Donostialdeko eremua hornitzen du urez eta baldintzatzaile garrantzitsua da eremua antolatzeko orduan.

Eremu horretan, ibarbidearen berdindutako zatian gainazal antropizatuak dira nagusi; bertan kokatuko dira industria-lurzatiak, baina landazabal atlantikoko landa-paisaiaren berezko elementuak kontserbatzen dira, batik bat berdindutako gunea inguratzen duten gainazaletan (horiek ere Zarkumendegi 21 HJE osatzen dute). Horrela, eremua hegoaldetik inguratzen duten ezpondak zuhaitzekin (harizti azidofiloaren berezko espezieekin) eta landare-espezie aloktono batzuekin (radiata pinua) estalita daude. Iparraldean, eremuak GI-2132 errepidearekin eta belardi txiki batekin egiten du muga. Futbol-zelai batek, hondakinak kudeatzeko jarduera baten instalazioek, autoak desegiteko gune batek eta hondatuta dauden beste azalera batzuek hartzen dute ibarbidearen atzealdeko zatirik handiena, baina zati horretan harizti-baso misto atlantiarreko zati bat dago oraindik ere.

Planaren eremua Urumea Unitate Hidrologikoan kokatuta dago eta hiru erreka txikik zeharkatzen dute, Zarkumendegi, Galtzaur eta Mokorregi errekek, hain zuzen ere, zati batzuetan kanalizatuta edo estalita daudenak. Estaldura horiek ez dira nahikoak 100 eta 500 urteko errepikatze-denborako uholde-emariak husteko. Arazo horiek arintzeko, Planak azterketa bat hartzen du barne, «Galtzaur errekaren azterketa hidraulikoa Astigarragako Zarkumendegi industria-eremuan», 2020ko ekainekoa. Azterketa horretan, hainbat jarduketa proposatzen dira uholde-arriskuak saihesteko, hala nola Galtzaur eta Zarkumendegi errekak azaleratzea 500 m eta 300 m inguruko luzeran, hurrenez hurren, eta errekan behera zubi bat ordeztea. Horrela, gune horretan uholde-arazoei irtenbidea emateko proposatutako helburua beteko litzateke, eta ingurumen-hobekuntza nabarmena lortuko litzateke Planaren eremutik igarotzen den erreken naturalizazioari dagokionez.

Eremuak ez du interes geologikoko punturik. Gainera, akuiferoek oso kutsadura-arrisku txikia dutela irizten zaio. Ez dago, ezta ere, bateragarritasunik naturagune babestuekin, korridore ekologikoekin, Batasunaren intereseko habitatekin ez kultura-ondareko elementuekin.

Ingurumen-arriskuei dagokienez, aipatutako uholde-arriskuez gain, nabarmendu behar da eremuko baldintza geoteknikoak baldintzatzaile garrantzitsuak direla eta, beraz, hura garatzeko betelan handiak egin beharko liratekeela; beste gune batzuetan, berriz, indusketa handiak egin beharko lirateke (hegoaldeko mendi-hegalean) materialen ezegonkortasuna dela-eta, edo lursailari eusteko neurri garestiak hartu. Horregatik, mendi-hegal horretako jarduketak ahalik eta gehien murriztea erabaki da.

Era berean, nabarmendu behar da Añarbeko Urak sozietatearen urak ekartzeko beheko kanala igarotzen dela. Hark Donostialdeko eremua hornitzen du urez eta baldintzatzaile garrantzitsua da eremua antolatzeko orduan.

Balizko lurzoru kutsatuei dagokienez, eremuko 3 kokaleku «Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan» sartuta daude (kodeak: 20903-00012, 20903-00007, 20903-00008); lehenengoa hondakinen isurketari dagokio, eta beste biak bi industria-jarduerari.

Egoera akustikoari dagokionez, AP 1 autobidea eta GI-2132 errepidea dira Planaren inguruan identifikatutako zarata-iturriak. Aurkeztutako azterketa akustikoarekin bat etorriz, hirigintza-garapen berriari aplikagarriak zaizkion kalitatearen helburuak betetzen dira gaur egungo agerlekuan nahiz etorkizuneko agerlekuan, 20 urtera begira.

B) Ingurumen-adierazpen estrategiko hau bat dator ingurumen-azterketa estrategikoaren ondorio nagusiekin, eta, haren arabera, behar adina justifikatu da Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzaren 2019ko abuztuaren 14ko Ebazpenean aurkeztutako ingurumen-irizpideak txertatu izana. Ebazpen horren bidez formulatu zen Astigarragako Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko HJE 21 Zarkumendegiko Plan Partzialeko 4. aldaketaren ingurumen-azterketa estrategikoaren irismen-dokumentua.

Aipatutako ingurumen-organo horrek emandako irismen-dokumentuan eskatutako sakonera, xehetasun-maila eta espezifikazio gradua bermatuz egin da Planaren ingurumen-azterketa estrategikoa. Planifikazio-prozesua aurrera eramaten den bitartean ingurumen-eragin posibleak kontuan hartzen direla bermatzeko, irizten zaio behar besteko zorroztasunez heldu zaiela ingurumen-izapideetan adierazitako irizpide guztiei.

C) Plana izapidetzean, ez da gehitu ingurumen-azterketa estrategikoa zabaltzeko eskatzen duen jarduketa berririk, eta ez da antzeman Planean birdefinitu edo kendu behar den jarduketarik.

D) Indarrean dagoen araudiaren arabera hartuko dira neurri babesleak, zuzentzaileak, konpentsatzaileak eta jarraipenekoak, baita hurrengo apartatu hauetan xedatutakoaren arabera eta, aurrekoa galarazten ez dutenetan, ingurumen-azterketa estrategikoan aurreikusitakoaren arabera ere.

Oro har, ingurumen-balioen babesa lehenetsiko duten neurriak aplikatu beharko dira, hau da, Planetik eratorritako jarduketak gauzatzean proposamen zehatzak aztertu beharko dira, eta ingurumen-balioak mantentzen direla bermatzeko neurriak jorratu beharko dira. Zehazki, plana garatzeko proiektuak idazten direnean, kontuan hartuko dira:

1.– Jabari Publiko Hidraulikoa babesteari buruzko neurriak.

Jabari publiko hidraulikoari eragiten dioten jarduketak garatzeko orduan behar bezala bete beharko dira Uraren Euskal Agentziak 2021eko martxoaren 8an administrazio publikoen entzunaldi-izapidean aurkeztutako txosteneko irizpideak eta baldintzak, espediente honi dagokionez. Txosten horren arabera, honako neurri hauek hartuko dira jabari publiko hidraulikoa eta lurrazaleko uren kalitatea babesteko:

Proposatutako antolamendutik eratorritako urbanizazio- eta eraikuntza-proiektuetan zehaztu eta xedatu egin beharko dira Galtzaur errekaren azterketa hidraulikoa Astigarragako Zarkumendegi industria-eremuan izeneko azterketan adierazten diren errekak naturalizatzeko jarduketa guztiak; azterketa 2020ko ekainekoa da eta sustatzaileak aurkeztu zuen.

Ibaiak leheneratzeko, jatorrizkoaren antzekoak diren erabat naturalizatutako ibilguak proiektatu beharko dira, trazadura bihurgunetsu eta ohantze naturalekoak; bestela, antzeko beste bat diseinatu beharko da, osaera zimurtsu eta irregularrekoa, gutxieneko sakonera bat izango duen ur-lamina jarraitua bermatuko duena. Alboetako ezpondak ingeniaritza naturalistikoko teknikekin gauzatu behar dira guztiz, modu egokian landarezta daitezen, behar bezala justifikatutako zatietan salbu, harri-lubetak erabiltzea behar-beharrezkoa denean.

Kantauri ekialdeko arroen Plan Hidrografikoaren Berrikuspena onartzen duen urtarrilaren 8ko 1/2016 Errege Dekretuaren 44.1 artikuluaren arabera, proposatzen diren hirigintza-garapenek zeharkatuko duten arroaren drainatzea gehiegi ez eraldatzeko, drainatze jasangarriko sistemak ezarri beharko dira.

EAEko ibaiertzak eta erreka-ertzak antolatzeko indarrean den Lurralde Plan Sektorialean ezarritako irizpideekin bat etorriz, ibilguetatik hurbil dauden azpiegiturei dagokienez, lurpeko azpiegitura linealak urbanizazio berriko bide edo espaloien azpian instalatuko dira ahal izanez gero, ur-bazterreko korridoreko ibai-ekosistema ez kaltetu edo hondatzeko. Edonola ere, kolektoreek erreken 5 metroko zortasuna errespetatu beharko dute, eta horietatik kanpo igaroko dira.

Urbanizazio- eta eraikuntza-proiektuek neurriak aurreikusi beharko dituzte lurrazaleko uretara ahalik eta solido gutxien iristeko (adibidez, jalkitze-tangak, sedimentuentzako tranpak edo iragazkiak).

Dena den, arroko organismoaren aldez aurreko baimena beharko da, baldin eta Jabari Publiko Hidraulikoari eragin diezaioketen jarduketak egin nahi badira, edo hari lotutako babes-eremuetan egin nahi badira jarduerok (zortasun- eta zaintza-eremuak). Organismo horrek obren ezaugarriak eta eraginak aztertuko ditu, eta, hala badagokio, dagozkion aginduak ezarriko ditu.

2.– Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko neurriak.

Plana egingo den eremuan, 3 lurzati lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan sartuta daude (kodeak: 20903-00012, 20903-00007, 20903-00008); lehenengoa hondakinen isurketari dagokio, eta beste biak bi industria-jarduerari. Inbentariatutako bi lurzatitan (kodeak: 20903-00012 eta 20903-00007), Lurzoruaren Kalitate Adierazpena lortzea ekarri duten jarduketak egin dira. Adierazpen hori Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2019ko urtarrilaren 17ko Ebazpen bidez eman zen eta, haren bitartez, 20903-00007 eta 20903-00012 kokalekuei dagokien lurzoruaren kalitatea adierazten da, HJE 21 Zarkumendegin.

Horrenbestez, Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2019ko urtarrilaren 17ko Ebazpen horretan adierazitako kokalekuetan, bertan adierazten diren xedapenak eta baldintzak aplikatuko dira.

Gainerako lurzatiari (kodea: 20903-00008) dagokionez, lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko 4/2015 Legean xedatzen denez, lurzoruaren kalitate-adierazpena izapidetu beharko da, baldin eta lege horren 23. artikuluan jasotako egoeraren bat gertatzen bada. Edonola ere, inbentariatutako kokaleku horretan edozein esku-hartze abian jarri aurretik, beharrezkoa izango da, lehenik eta behin, lurzoruaren kalitatearen azterketa bat egitea bermatzeko ez dela lurzoruaren kutsadurarekin lotutako arriskurik izango ez langileentzat ez ezarritakoarekin bat lurzatiak izango duen erabilera berriko erabiltzaileentzat; bigarrenik, bertan utzitako hondakinak, eraikinak eta hondeatuko diren lurrak egoki kudeatuko direla bermatu beharko da, indarrean den arloko legedia betez.

3.– Kultura-ondareari dagozkion neurriak.

6/2019 Legeak, maiatzaren 9koak, Euskal Kultura Ondareari buruzkoak, ezarritako gainerako xedapenekin bat etorriz, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kulturako Zuzendaritzari; gero, beharrezkoa izanez gero, hark erabakiko du zer neurri ezarri.

4.– Zaraten eraginak gutxitzeko neurriak.

Lanek iraun bitartean, jardunbide egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketa-, eraispen-, zamalan- eta garraio-lanetan, baita erabilitako makineriaren mantentze-lanetan, zaraten eta bibrazioen murrizketan, eta erabilitako ekipamenduen zaraten kontrolean ere.

Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Beste alde batetik, Plana garatzetik eratortzen diren proiektuen ondoriozko obrek sortutako soinu-mailak, obra horien eragin-eremuan, ezingo ditu gainditu Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarrita dauden kalitate akustikoaren helburuak.

Erabilera industrialeko lurzatietan ezarriko diren jarduerak, betiere, zarata-foku berriei aplikatu beharreko muga-balioak bete beharko ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 51. artikuluari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraituz.

5.– Lurraldearen leheneratze ekologikorako neurriak.

Nolanahi ere, ingurumena eta paisaia leheneratzeko lanak egingo dira, proiektuaren exekuzioaren eraginpean dauden gune guztietan, aurreikusiz landareztatze-lanetan batez ere espezie autoktonoak erabiliko direla, eta beren-beregi saihestuko dela prozesu inbaditzaileak sor ditzaketen kanpoko espezieak erabiltzea.

Zehazki, eremua drainatzen duten errekak eta haien ingurua ekologikoki lehengoratzeko, haltzadi kantauriarreko espezieak erabiliko dira, hala nola haltza (Alnus glutinosa), lizarra (Fraxinus excelsior), sahats iluna (Salix atrocinerea) eta hurritza (Corylus avellana). Gainerako eremu libreetan, ingurumena leheneratu beharko da harizti edo baso misto atlantikoko zuhaitz- eta zuhaixka-espezieekin.

Planeko esparruko espazio berdeak diseinatzeko hauek hartuko dira kontuan: «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua», Udalsarea 21 lan-koadernoa (20b. zenbakia, 2017ko apirilekoa) eta Eusko Jaurlaritzaren «Ibaien eremuko ingeniaritza naturalistikoko tekniken eskuliburua».

Neurriak hartuko dira ahalmen inbaditzaileko espezie aloktonoen zabalkundea saihesteko (Buddleja davidii, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia, Cortaderia selloana eta abar). Ildo horretan, kontrol-neurriak hartuko dira landare-espezie inbaditzailerik sar ez dadin iraulitako eta landarerik gabe utzitako lursailen bidez (prestatutako gainazaletan segituan landatzea eta ereitea, landare-lurren pilaketen babesa eta abar). Gainera, landare-lurrak modu berezituan kudeatzea proposatuko da, baldin eta lur horiek aipatutako espezieak barreia ditzaketen propaguluak badituzte.

6.– Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriaren aldeko neurriak.

Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoetarako beharrezko ezaugarriei dagokienez, «Etxebizitzen eraikuntza iraunkorrerako gidan» jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, honako alderdi hauetan eragin beharko dute:

– Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

– Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortutako energiaren ekoizpena eta/edo energiaren kontsumoa murriztea.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

7.– Neurri orokorrak, balio naturalak babesteko aurreikusitako garapena exekutatzen den bitartean.

Oro har, ingurumen-balioen babesa lehenetsiko duten neurriak aplikatu beharko dira, hau da, aurreikusitako garapenetarako ingurumen-balioak mantentzen direla bermatzeko neurriak hartu beharko dira. Bereziki:

– Landaredia babestea: oro har, zuzenean okupatzea aurreikusten ez den eremuetan, ez da kenduko bertako landaredia naturala.

– Obrako langileek erabili behar duten jardunbide egokien gidaliburuak gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: obraren okupazio-mugak kontrolatzea, kontuan hartuz kultura-ondareko elementuak daudela (horietan, babes-perimetroa ezarriko da), lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, ibilguetara isurketarik ez egitea, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.

– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obretan eta garbiketa-kanpainan sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta arau espezifikoetan xedatutakoa beteko da.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen Dekretuan (ekainaren 26ko 112/2012 Dekretua) xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

Amiantoa duen hondakinik edo elementurik aurkitzen bada, otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuak ezarritakoa bete beharko da (errege-dekretu hori amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura prebenitzeko eta murrizteko da), baita martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuak ezarritakoa ere (amiantoaren eraginpean egoteko arriskua duten lanei aplikatu behar zaizkien segurtasuneko eta osasuneko gutxieneko xedapenak ezartzen dituena).

Hondakin arriskutsuentzako ontzietarako, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako arauak bete beharko dituzte (hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia onartzen du dekretu horrek); itxita egongo dira baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa Arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

Obretan hondeaketa-soberakinak sortzen badira, baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarrean dagoen legediaren arabera kudeatuko dira.

Astigarragako Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak detektatzearen ondoriozko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

– Lurzoruak eta lur azpiko urak babestea: obra-fasean beharrezkoak diren prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak ezarriko dira, arreta handiz, ustekabeko isurketen kaltea saihesteko, bereziki makineriaren mantentze-lanak egiten diren bitartean: obrako makinen parke gisa erabiltzen den lurrazala eta horren mantentze-eremua drainatze naturaleko saretik isolatuko dira. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta lantegiko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako eremuetatik kanpo egin.

E) Ingurumen-jarraipenaren plana.

Azterketak ikuskatze-programa egoki bat deskribatzen du, Planaren aplikazio egokia bermatzeko eta, hala badagokio, aurreikusitakoak ez diren beste ingurumen-efektu batzuk antzemateko. Hainbat kontrol proposatu dira, «0» faserako edo lanen aurreko faserako zein plana garatzeko obren eraikuntza-faserako; kontrol horietan zenbait jarduketa egingo dira, aintzat hartuz kontrolatuko den eremuko alderdiak, jarraipenaren adierazle diren parametroak, kontrol-puntuen kokapena, maiztasuna, erreferentziako muga-balioak eta helburuak.

F) Planaren ondoriozko proiektuen ingurumen-ebaluaziorako gidalerro orokorrak.

Planetik eratorritako proiektuen ingurumen-ebaluazioan kontuan izan beharko dira lurraldearen baldintzatzaileak, baita Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzaren 2019ko abuztuaren 14ko Ebazpenean adierazitako ingurumen-irizpideak ere. Ebazpen horren bidez, Astigarragako HJE 21 Zarkumendegiko Plan Partzialeko 4. aldaketaren ingurumen-azterketa estrategikoaren irismen-dokumentua formulatzen da.

Besteak beste, nabarmendu behar da ondare naturala eta Jabari Publiko Hidraulikoa eta haren babes-zortasuna babestu behar direla; arrisku naturalak murriztu behar direla; potentzialki kutsatutako lurzoruak zuzen kudeatu behar direla; eremuko zein garapen berrietako kalitate akustikoa zaindu behar dela; ingurumen-baliabideak modu jasangarrian erabili behar direla; eta lurraldean egindako esku-hartzeak modu egokian integratu behar direla paisaian, kalteak saihestea lehenetsiz konpentsazioaren gainetik.

Bigarrena.– Bi urteko gehieneko epea ezartzea Astigarragako HJE 21 Zarkumendegiko Plan Partzialeko 4. aldaketa onartzeko (Astigarraga Lantzen SAk sustatua), ingurumen-adierazpen estrategiko hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Epe hori igarota, proiektua ez bada onartu, ingurumen-adierazpen estrategiko honen indarraldia amaituta geratuko da, eta hortik aurrera ez da eraginkorra izango. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren izapidea, non eta ez den ingurumen-adierazpen estrategikoaren epea luzatzea adosten. Hori guztiori, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 27. artikuluarekin bat etorriz.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Astigarragako Udalari jakinaraztea.

Laugarrena.– Argitara dadila ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko uztailaren 7a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala