Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

167. zk., 2021eko abuztuaren 23a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
4534

AGINDUA, 2021eko uztailaren 7koa, Hezkuntzako sailburuarena. Honen bidez, dirulaguntzen deialdia egiten zaie itunpeko sareko ikastetxeei eta Euskal Autonomia Erkidegoan dauden unibertsitatez kanpoko itunpeko ikastetxe pribatuekin estatutu- zein erregelamendu-harremanak dituzten erakundeei eta federazioei, Sare_Hezkuntza Gelan izeneko berrikuntzako proiektuan parte har dezaten, 2021-2022 ikasturtean.

«Hezkuntza-eredu pedagogikoaren esparruak» berez dakar paradigmaren aldaketa nabarmena, konpetentzietan oinarritutako hezkuntzatik abiatzen baita. Konpetentzien araberako pedagogiaren ikuspegiaren ezaugarria hauxe da: eskuratutako ikaskuntzak transferitzea, bideratzea eta konbinatzea, egoera funtzional konplexuak konpontze aldera.

Bada, oinarrizko konpetentziak hartuz lortzen da ikasleentzat definitutako abiapuntuko profil orokorra, hau da, oinarrizko hezkuntzaren helburua. Oinarrizko konpetentzien artean, batzuk zeharkako edo generiko gisa definitzen dira: beharrezkoak dira arazoak konpontzeko edo bizitzako zenbait egoerari aurre egiteko. Beste batzuk, berriz, espezifikoak dira, diziplina-alor batekoak edo batzuetakoak. Oinarrizko zehar-konpetentzietako bat da komunikaziorako konpetentzia (hitzezkoa, hitzik gabekoa nahiz digitala).

Aipatutako komunikaziorako konpetentzia (hitzezkoa, hitzik gabekoa nahiz digitala) eskuratzeko, Hezkuntza Saila proiektuak eta esperientziak bultzatzen ari da unibertsitatez kanpoko ikastetxeetan, deialdi espezifikoen bidez zein zuzenean aldaketak sartzeko jarduerak proposatuta, irakaskuntza- edo antolakuntza-praktikak hobetuko dituztenak, eta, horrenbestez, hezkuntza-sistemaren kalitatea hobetzeko aukera emango dutenak.

Gizartean izandako aldaketa eta aurrerapenek eta gizartearen eskura jarri diren baliabide digitalek ekarri dute hezkuntzaren alorrean ere sartzea gizarteak berak ohiko jarduera guztietan erabiltzen dituen bitarteko berriak. Hainbat programaren bidez sartu dira pixkanaka IKTak gure ikastetxeetan; esaterako, Eskola 2.0-ren bidez. Une honetan, sare eta gailu digitalak erabili nahi dira aldaketa pedagogikoa eta metodologikoa sustatzeko. Baliabide teknologikoen erabilerak ikasketa-erritmo desberdinetara egokitzen laguntzen du, berdinen arteko ikasketa bultzatzen, ikasten ikasteko gaitasuna indartzen eta gelaren espazio fisiko eta denborazkoa zabaltzen ikasketarako ingurune birtual eta nonahikora. Horrez gain, hezkuntza-plataforma digitalen bidez, ikasgela kanpoaldera zabaltzen da, eta ikasleek eta haien familiek edozein unetan izan ditzakete baliabide gehiago, eduki analogikoen mende soilik zertan egon gabe. Horri guztiari bide emateko, beharrezkoa da irakasteko eta ikasteko prozesuan baliabide digitalen (baliabide metodologikoak eta tresnak) erabilera eta ezaguera pixkanaka hartzen joatea.

Euskal Autonomia Erkidegoko oinarrizko hezkuntzaren curriculuma sortu eta ezartzen duen 236/2015 Dekretuak zuzeneko ehun bat erreferentzia egiten dizkie eskumenei eta errealitate digitalari, sarreratik hasi («Oinarrizko Hezkuntza amaitu duen ikasleak konpetentzia digitala eta mediatikoa izan behar du, konpetentzia digitalaren arloko esparru europarraren ildoan, egungo herritarrek eskatzen duten alfabetatze eta gaikuntza funtzional osoa bermatzeko»), komunikaziorako konpetentzia (hitzezkoa, hitzik gabekoa nahiz digitala) oinarrizko zehar-konpetentzietako bat bezala zehazten duen 7.2.a artikulutik igaro, eta 30.4.h artikulura arte, non zehazten baita beharrezkoa dela «irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesuetan prestakuntza sustatzea, baliabide digitalen bidez». «Informazio eta Komunikazio Teknologiak txertatzea irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesuetan» kontzeptua zehaztasunez definitzeko erabiltzen da 12. artikulu guztia, bere lau atalekin.

Ikastetxeei bultzada eman nahi zaie zenbait proposamen pedagogiko esplora ditzaten eta garatzen jarrai dezaten, eta, alde horretatik, 174/2012 Dekretua eta 174/2012 Dekretuaren eranskina eguneratzen duen 2017ko urriaren 16ko Agindua dira proposamen horien oinarrietako batzuk. Ikastetxeetako teknologia-heldutasuneko eredua zehazten du dekretu horrek, eta titulartasun publiko nahiz pribatuko zentroetan aplikatzen da.

Konpetentzia digitalen esparrua oso dinamikoa da; beraz, beste ikastetxeentzako hezkuntza-praktika ona osatzen duten bokazio berritzailedun ikastetxeak bultzatu, lagundu eta ezagutzera emateko unea da orain, baita Sare_Hezkuntza izeneko lehendabiziko ikastetxe-sarea sortzekoa, eta, horrela, sare horren bilakaera eredu bihurtu eta beste ikastetxe batzuei hobetzeko bideak erakutsi ahal izatekoa ere.

Ikasketarako eta jakintzarako teknologiak erabiltzeko, beharrezkoa da hezkuntza-baliabide digitalak bilatu, hautatu eta erabiltzea; dagokion ikasturteko programazio didaktikoa osatzen duten ikasketa-jarduerak aurrera eramatea erraztuko duten baliabide digitalak, hain zuzen. Proiektu honek eskatzen du ikasleekin egiten diren hezkuntza-prozesuak aldatzea. Horretarako, Ikasketarako eta Jakintzarako teknologiak jarriko dira ikastetxeen eskura, baliabide horiek erabil ditzaten. Eta horren osagarri, irakasleak prestatzeko zenbait jarduera egingo dira, banaka zein taldean, teknologia horiek erabiltzeko eta curriculumean ezartzeko beharrezkoak diren ezaguerak eta trebetasunak eskura ditzaten.

Gailu digitalak erosteko laguntzen (laster iragarriko dira) onuradun izan ahal izango dira hautatutako ikastetxe hauetako ikasleak, betiere beka baten onuradun izan badira unibertsitateaz kanpoko mailetako ikasleak eskolatzeko beka eta ikasketa-laguntzen ebatzitako azken deialdian, eskola-materialetarako.

COVID-19ak eragindako osasun-krisialdiak hankaz gora jarri du ikastetxeen ohiko funtzionamendua eta, zehazki, ondorio nabarmenak izan ditu ikastetxeek aurreko ikasturteetan aurreikusitako proiektu eta programen betetze-mailan. Horrenbestez, 2021-2022 ikasturteko plangintzan ezinbestean aurreikusi behar da aurretiaz programatutako jarduerak irakaskuntza ez-presentzialera egokitu beharra.

Ildo beretik, agindu hau Hezkuntza Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jaso da, zeina Hezkuntzako sailburuaren 2021eko martxoaren 23ko Aginduaren bidez onartu baitzen.

Horregatik, kontuan hartu da, batetik, agindu hau Hezkuntzako sailburuaren 2021eko martxoaren 23ko Agindu bidez onartutako Hezkuntza Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jaso dela eta, bestetik, prozedura hori finantzatzera bideratutako gastua Euskal Autonomia Erkidegoko 2021. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen otsailaren 11ko 1/2021 Legean aurreikusita dagoela, eta bat datorrela bai Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. tituluarekin eta VII. tituluaren III. kapituluarekin (Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren eremuko dirulaguntzak erregulatzeari buruzkoa), bai, halaber, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan ezarritako oinarrizko araudiarekin eta Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 71/2021 Dekretuarekin. Aintzat hartu dira, halaber, aplikatu daitezkeen gainerako xedapenak. Hori horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea eta zuzkidura ekonomikoa.

1.– Agindu honen xedea da dei egitea itunpeko sareko ikastetxeei eta Euskal Autonomia Erkidegoan dauden unibertsitatez kanpoko itunpeko ikastetxe pribatuekin estatutu- zein erregelamendu-harremanak dituzten erakundeei eta federazioei, parte har dezaten Sare_Hezkuntza Gelan izeneko berrikuntzako proiektuan 2021-2022 ikasturtean. Proiektu horren helburua da sustatzea irakaste-ikaste prozesuan material eta baliabide digitalak prestatu eta gelan erabili daitezela, eta horiek gauzatu ahal izateko prestakuntza teknologikoa eta pedagogikoa ematea.

2.– Helburu hori lortzeko, oro har, 300.000 euro bideratuko dira 2021-2022 ikasturterako Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-partiden kontura.

3.– Lehiaketa-prozeduraren bidez ebatziko da deialdi hau.

2. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Sare_Hezkuntza Gelan hezkuntza-berrikuntzako proiektuan parte hartu ahal izango dute Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza edo Batxilergoa irakasten duten itunpeko sareko ikastetxeek, bakarka, eta Euskal Autonomia Erkidegoan dauden eta maila horiek irakasten dituzten unibertsitatez kanpoko itunpeko ikastetxe pribatuekin estatutu- zein erregelamendu-harremanak dituzten erakundeek eta federazioek.

Edonola ere, salbuespen gisa eta urtebetez, aurreko edizioetan parte hartu eta heldutasun teknologikoan maila aurreratua dutela egiaztatu duten ikastetxeek berriz ere eskatu ahal izango dute proiektua. Aitzitik, ikastetxe berriek, hau da, deialdian lehen aldiz parte hartzen dutenek, izango dute lehentasuna.

2.– Aurreko apartatuan aipatutako erakundeen eta federazioen kide diren ikastetxeek ezin izango dute bakarka hezkuntza-berrikuntzako Sare_Hezkuntza Gelan proiektuan parte hartu, baldin eta dirulaguntzaren onuradun den erakundea edo federazioa deialdi honetara aurkezten bada.

3.– Ikastetxe bakoitzeko, banakako proiektu bat aurkeztu beharko dute erakundeek eta federazioek.

4.– 50 ikastetxe hautatuko dira, gehienez.

3. artikulua.– Proiektuaren baldintzak eta edukia.

1.– Sare_Hezkuntza Gelan proiektuak ikasturte akademiko bat iraungo du. Hautatutako ikastetxeek eta Sare_Hezkuntza Gelan proiektuaren 2015-2016 ikasturteko eta ondorengoetako deialdietan hautatuak izan zirenek osatzen dute Sare_Hezkuntza Gelan sarea, baldin eta Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzak ez badu aurkako ebaluazioa ematen edo OOGk berak ez badu uko egiten.

2.– IKT heldutasunaren egiaztagiririk ez duten ikastetxeek edo heldutasun teknologikoaren oinarrizko maila egiaztatuta dutenek ezinbestean hartu beharko dute parte IKT heldutasunaren ebaluazioan, eta nahitaez areagotu beharko dute beren heldutasun-maila Sare_Hezkuntza Gelan berrikuntzako proiektuan parte hartzen duten bitartean.

3.– Hautatutako ikastetxeetan proiektuan diharduten irakasleek, bestalde, parte hartu beharko dute dagokien berritzeguneak antolatzen duen Sare_Hezkuntza izeneko prestakuntzan eta/edo koordinazioan.

4.– Komunikazioaren teknologien erabileran jarduera berritzaileak martxan jartzeko, aparatu eta/edo gailu espezifikoak erabili behar dira. Esperimentazio pedagogikoa baliabide horri lotuta dago, horren erabileraren eraginkortasuna kontrastatzeko. Hori dela eta, deialdiaren xedearekin lotura eta/edo koherentzia duten materialak eskuratu ahalko dira.

5.– Eskatzaileek egiaztatu behar dute ikastetxeko zein erakundeko zuzendaritza-organoek badutela proiektuaren berri eta onartu egin dutela.

6.– Ikastetxe edo erakunde eskatzaileek Sare_Hezkuntza Gelan proiektuan duten parte-hartzea zehaztuko dute proiektu baten bidez, edo hainbat proiekturen bidez, bakarka, ikastetxez ikastetxe, elkarteen eta federazioen kasuan. Alderdi hauek jaso beharko dira:

a) Inplikazioa eta presentzia ikastetxearen hezkuntza-proiektuan.

b) Ikasketa digitaleko metodologia pedagogikoak, ikastetxearen, gelaren eta ikasleen eskalan.

c) Irakasleen trebakuntza teknologikorako zein pedagogikorako jardueren planifikazioa.

d) Proiektua koordinatzeko, haren jarraipena egiteko eta emaitzak ebaluatzeko prozeduraren xehetasunak eta garapena.

e) Gailu berriak eskuratzeko beharrak zehaztea.

f) Ikasketa digitaleko proiektuetan aurretik izandako esperientzia berritzaileak.

g) Proiektuan parte hartuko duten hezkuntza-taldeak edo -lerroak, irakatsiko diren arloak edo ikasgaiak eta esku hartuko duten irakasleak.

h) Hezkuntza-komunitatean planaren berri zabaltzeko eta familien parte-hartzea sustatzeko aurreikusitako neurriak.

i) Proiektuaren edukiak beste talde eta irakasle batzuei transmititzeko aurreikuspena.

j) Sare_Hezkuntza Gelan esperientzian parte hartzearen ondorioz ikasitakoa hedatzeko eta hezkuntza-alorreko beste eragile batzuk edo ikastetxe batzuk trebatzeko aurreikuspena.

k) Aurkeztutako aurrekontuaren justifikazioa eta banakapena.

7.– COVID-19aren epidemiak eragindako egoeraren eboluzioa ezin da zehatz-mehatz aurreikusi, eta, horregatik, nahitaezkoa da ikastetxeek proiektua irakaskuntza ez-presentzialera egokitzeko aukera aurreikustea.

4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako laguntza ekonomikoen helburua da ikasturte akademiko bateko proiektu bat egitea laguntza eskatzen duen ikastetxean ezartzeko, edo erakunde edo federazioen bidez parte hartzen duten ikastetxe elkartuetan. Proiektu horretan, honako ildo hauetakoren bat edo gehiago landu beharko dira:

a) teknologia zein material berrien eta baliabide digitalen erabilera ikasgelan, irakasteko eta ikasteko prozesuan.

b) irakasleak teknologia eta pedagogia aldetik prestatzea, irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan material eta baliabide digitalak erabil eta landu ditzaten.

c) material digitalak sortzea ikasgelan erabiltzeko. Material hori hezkuntza-sisteman erabiltzeko eskuragarri jartzea adostuko da Hezkuntza Sailarekin.

2.– Diruz lagunduko dira 2021-2022 ikasturtean eta 2022ko uztailaren 1a baino lehen egiten diren proiektuari lotutako gastu hauek:

a) proiektuaren zuzendaritza-, koordinazio-, jarraipen- eta ebaluazio-kostuak oro har, eta prestakuntza-jarduerak eta material digitala prestatzeko lanen kostuak zehazki. Proiektuaren zuzendaritzari, koordinazioari, jarraipenari eta ebaluazioari egotz dakizkiokeen gastuek orduko 25 euroren muga izango dute. Ordainketa eskuordetuak ez du inola ere estali beharko irakasleak kontratatzeko ordainsari-kostua.

b) prestakuntza-jarduera ematearen kostua, prestakuntza ematen duen erakundeak aurkeztutako aurrekontuaren arabera (gehienez ere 90 euroko muga orduko), eta ikastaroa emango duen irakaslearen joan-etorriek, ostatu-hartzeak edo otorduek eragindako gastuak, baldin eta prestakuntza-erakundeaz kanpokoa bada eta prestakuntza-saio horiek beharrezkotzat jotzen badira. Prestakuntza-jarduera hori osorik azpikontratatu ahal izango da.

Inolaz ere ez dira prestakuntza-jardueraren kostutzat joko jardueran parte hartzen duten irakasleen joan-etorrietarako edo jan-edanetarako gastuak.

c) lizentzien kostua eta tresna digitalak erabiltzeko behar diren material curricularrena.

d) esperimentazioan erabiliko diren gailu teknologikoen kostua (ordenagailuak, tabletak eta arbel digitalak), emandako laguntzaren % 50eko gehienekoarekin, betiere ikastetxeak aurkeztutako proiektuarekin lotura zuzena badaukate. Ebaluazio-batzordeak erabakiko du zein gailu diren diruz lagungarriak proiektuarekin duten loturaren arabera.

5. artikulua.– Gutxieneko betekizunak.

1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan azaldutako egoeraren batean dauden erakundeak ezingo dira onuradun izan.

2.– Erakunde eskatzaileak ez du izan behar dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zigor administratibo edo penalik, ezta dirulaguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, batez ere sexuagatiko bereizkeriaren ondoriozkorik, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren arabera.

3.– Erakunde eskatzaileak nahitaez izan behar ditu egunean zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak onuradun bihurtzen den unean eta ordainketak egiten direnean.

4.– Erakunde eskatzaileak egunean izan behar ditu dirulaguntzak itzultzeko ordainketa-betebeharrak; betekizun hori eskatuko da bai onuradun bihurtzeko, bai emandako dirulaguntza likidatu arte onuradun izaten segitzeko.

5.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko beste laguntza batzuen esparruan horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei laguntzak hauek eman edo, hala badagokio, ordaindu ahal izateko.

6. artikulua.– Betekizunak egiaztatzea.

1.– Dirulaguntzaren eskabidea aurkeztuta, eskatzaileak baimena ematen dio laguntza ematen duen organoari zuzenean egiaztatzeko laguntzak eskatzen dituzten erakundeek betetzen dituztela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak; izan ere, organo kudeatzaileak automatikoki eta behar beste aldiz egiaztatuko du hori, eta ez du eskatzaileen baimenik beharko horretarako, hala ezarrita baitago Dirulaguntzei buruzko Erregelamendu Orokorra onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan. Erakunde eskatzaileak berariaz egin diezaioke uko baimen horri, eta, hala eginez gero, ziurtagiria aurkeztu beharko du, Dirulaguntzei buruzko Erregelamendu Orokorraren 22. artikuluan azaltzen den eran.

2.– Eskarietan aukera izango da laguntzak eskatzen dituen erakundeak berariaz adieraz dezan baimena ematen diola organo kudeatzaileari gainerako datu edo dokumentu guztiak lortu edo egiaztatzeko, hargatik eragotzi gabe Administrazio Publikoak egiaztapen, kontrol eta ikuskaritzaren alorrean dituen ahalmenak. Onartzen ez badu, prozeduran eskatutako dokumentu guztiak aurkeztu beharko ditu.

3.– Erantzukizunpeko adierazpen baten bidez (eskabide-orrian bertan azaltzen da), betekizun hauek egiaztatuko dira:

a) Ez jasotzea xede eta helburu bererako laguntza edo dirulaguntzarik, administrazio publiko eta erakunde pribatuetatik.

b) Pertsona edo erakunde eskatzaileak ez izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zehapen administratibo edo penalik, eta dirulaguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexuagatiko diskriminazioaren ondoriozko lege-debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenari jarraikiz.

c) Ez egotea sartuta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo dirulaguntzak direla-eta hasitako edozein itzultze- edo zigor-prozeduratan.

d) Egiazkoak izatea eskabidean eta horrekin batera aurkeztutako agirietan adierazitako edukiak.

e) Egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak onuradun bihurtzen diren unean eta ordainketak egiten direnean.

f) Eskabidea egin duen erakundeko zuzendaritza-organoek proiektuaren berri izatea eta bera onartzea.

g) Adieraztea laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela eta ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan jasotako egoeraren batean.

7. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak elektronikoki aurkeztuko dira egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa/). Hilabeteko epea egongo da horretarako, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera. Epe hori hurrengo hilabetean bukatuko da, argitalpena egin zen egutegiko egun berean. Hurrengo hilabete horretan ez badago egun hori, epea hilabeteko azken egunean bukatuko dela ulertuko da, eta azken egun hori baliogabea bada, epe hori lehen egun baliodunera luzatuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 30. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

2.– Eskabide-eredua egoitza elektroniko honetan egongo da eskuragarri (I. eranskina): https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2021/sare-hezkuntza-gelan/web01-tramite/es

3.– Erakunde eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta gainerako dokumentuak. Prozedura osoan zehar, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezartzen den moduan.

Eskabidea egin ostean, telematikoki eta https://www.euskadi.eus/nirekarpeta web-orriaren bidez egin beharko dira hura onartzeko edo ukatzeko ebazpena eman arte egin beharreko izapide guztiak, bai eta justifikazio-izapidea ere.

4.– Eskabideekin batera, honako agiri hauek aurkeztu behar dira:

– III. eta VI. eranskinetan ageri den «Laburpen fitxa eta proiektua», segun eta eskabidea ikastetxe bati bakarka dagokion ala federazio edo elkarte bati.

– Erakundeen kasuan, federazio edo elkarte eskatzailearekin estatutu- edo erregelamendu-harremana duten EAEko ikastetxeen zerrenda, haren kodea adierazita.

8. artikulua.– Organo kudeatzailea.

Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzak kudeatuko ditu agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak.

9. artikulua.– Ebaluazio-batzordea.

1.– Batzorde batek egingo du onartutako eskarien aukeraketa. Batzorde horrek kide hauek izango ditu:

– Etengabeko Ikaskuntzako eta Irakasleen Prestakuntza Hobetzeko Zerbitzuko burua.

– Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzako hiru lurraldeburuak.

– Berritzegune Nagusiko aholkulari bat.

– Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzako teknikari bat, idazkari gisa jardungo duena.

2.– Batzorde horrek beharrezkotzat jotzen dituen txosten teknikoak eskatu ahal izango ditu, proiektuak behar bezala ebaluatu ahal izateko.

3.– Batzordeak proposamenak Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren zuzendariari helaraziko dizkio.

10. artikulua.– Dirulaguntzak emateko irizpideak.

Sare_Hezkuntza Gelan proiektuan parte hartuko duten proiektuak hautatzeko, II. eranskinean eskabideak balioesteko ezarritako baremoa hartuko da kontuan. Baremoaren 2. apartatuetan gutxienez 9 puntu lortzen ez dituzten proiektuak baztertu egingo dira esleipen-prozeduratik.

11. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa.

1.– Hautatutako 50 ikastetxeen proiektuen artean banatuko da deialdi honetako zuzkidura ekonomikoa, proiektuan lortzen duten puntuazioaren arabera.

2.– Hautatutako ikastetxeak, haien puntuazioaren arabera, 25 ikastetxeko bi taldetan banatuko dira. Puntuaziorik onena duten ikastetxeen erdiek 8.000 euro jasoko dituzte gehienez, baldin eta proiektua egiteak daukan kostua gainditzen ez bada. Gainerako 25 ikastetxeen artean, geratzen den diruaren bidezko banaketa egingo da, 300.000 eurora arte (muga: 8.000 euro ikastetxeko), baldin eta kasu bakoitzean ez bada gainditzen proiektua egiteak daukan kostua. Azpitalde bien artean berdinduta dauden ikastetxeen kasuan, hogeita bosgarrenak daukan puntuazio bera daukaten ikastetxe guztiak lehentasuna daukan lehen azpitaldean sartuko dira.

12. artikulua.– Dirulaguntzen bateraezintasuna.

Deialdi honetan aurreikusten diren dirulaguntzak bateraezinak dira 4. artikuluan xedatutako helburu berbererako beste edozein erakunde publikok edo pribatuk eman dezakeen beste edozein dirulaguntzarekin.

13. artikulua.– Ebazpena.

1.– Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren zuzendariak egingo du behin-behineko ebazpena, ebaluazio-batzordearen proposamena oinarritzat hartuta. Ebazpen horretan, beren-beregi adieraziko da onuradun bakoitzari emandako zenbatekoa, baita, hala badagokio, laguntza ukatzeko arrazoiak ere. Behin-behineko ebazpen hori bitarteko elektronikoen bidez jakinaraziko zaie interesdunei. Eskatzaileek hamar egun izango dituzte, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, egokitzat jotzen dituzten erreklamazioak aurkezteko.

2.– Behin betiko ebazpenak behin-behineko ebazpenaren datu berdinak jasoko ditu, eta elektronikoki jakinaraziko zaie interesdunei behin-behineko ebazpena argitaratu eta gehienez ere hilabeteko epean. Behin betiko ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, jende orok jakin dezan.

3.– Behin betiko ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote interesdunek, telematikoki, Hezkuntzako sailburuordeari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta biharamunetik aurrera, hala xedatzen baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan.

4.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa interesdunei jakinarazteko gehienezko epea sei hilabetekoa izango da, deialdia argitaratzen denetik aurrera. Epe hori bukatu eta ebazpen espresurik eman eta jakinarazten ez bada, interesdunek ezetsitzat jo beharko dituzte eskabideak, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan.

5.– Erakunde onuradunei dirulaguntza horiek emateko –eta, hala badagokio, ordaintzeko– ezinbestekoa izango da amaiera ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiei.

14. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Agindu honetako dirulaguntzak jasotzen dituzten onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotakoak (finantzaketa publikoa dela jakinarazteko publizitate egokia emateko neurriak ere hartu beharko dituzte, dirulaguntzei buruzko lege horren 18. artikuluaren 3. eta 4. apartatuetan jasotakoarekin bat etorriz).

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua) ezarritakoak.

a) Jarduera gauzatzea edo dirulaguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea.

b) Laguntza eman dien erakundeari justifikatzea baldintzak eta betekizunak betetzen dituztela, bai eta laguntza ematea edo laguntzaren onura jasotzea ekarri duen jarduera egin dutela ere.

c) Dirulaguntza ematen duen administrazioak egiaztatzeko egiten dituen jarduketak egiteko laguntza ematea, bai eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren kontrol-jarduketetarako ere.

d) Laguntza ematerakoan kontuan izan zen dena delako egoera objektiboa edo subjektiboa aldatu bada, horren berri ematea laguntza eman dien erakundeari.

3.– Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, erakunde onuradunek, hamar eguneko epean –deialdiari buruzko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera–, berariaz eta idatziz dirulaguntzari uko egiten ez badiote, onartutzat joko da.

4.– Proiektua ikastetxeko urteko planean sartzea.

5.– Laguntza zertarako eman den, hartarako erabili beharko da, ez beste ezertarako.

6.– Hezkuntza Ikuskaritzari helarazi egin behar zaio ikastetxean garatzen diren programen inguruan eskatzen duen informazio guztia.

7.– Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzarekin eta unibertsitateekin lankidetzan aritzea, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako graduetako praktiketako irakasleak onartuz, bai eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa, Lanbide Heziketa eta Hizkuntzen Irakaskuntzako Irakasleen Prestakuntzako Unibertsitate Masterra ikasten diharduten praktiketako ikasleak ere, etorkizuneko irakasleak ikastetxe berritzaileetako benetako hezkuntza-praktiketan integra daitezen laguntze aldera.

8.– Berritzeguneen eskura jartzea programa honen barruan sortutako materialak, hezkuntza-komunitate osoarekin partekatzeko.

15. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea eta justifikatzea.

1.– Ikastetxe onuradunei eman beharreko dirulaguntzak bi epetan ordainduko zaizkie:

a) Lehendabizikoan, hautatutako parte-hartze proiektu bakoitzari dagokion zenbatekoaren % 60; zenbateko hori esleipen-ebazpena jakinarazi, eta, gehienez, bi hileko epean ordainduko da.

b) Bigarrenean, gainerako % 40a, hurrengo paragrafoan adierazitako justifikazio-dokumentazioa dagokion epean jaso ondoren.

2.– 2022ko uztailaren 1a baino lehen, erakunde onuradunek, https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/ helbidean, «Justifikazio-kontua» agiria aurkeztu beharko dute behar bezala beteta (V. eranskina). Agiri hori modu elektronikoan aurkeztu beharko da Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2021/sare-hezkuntza-gelan/web01-tramite/es

«Justifikazio-kontua» agiriak jardueraren gastu eta inbertsioen zerrenda sailkatua izango du, eta honako hauek zehaztuko dira zerrendan: hartzekodunaren eta dokumentuaren identifikazioa, zenbatekoa, jaulkipen-data eta, ordainduta badago, ordainketa-eguna. Dirulaguntza aurrekontu zenbatetsi baten arabera eman bada, gertatutako desbideratzeen berri ere eman beharko da.

Onuradunek zaintzapean eduki beharko dituzte justifikazio-kontuan gastu eta inbertsio gisa egiaztatzen dituzten agiriak.

3.– 2022ko uztailaren 1a baino lehen, erakunde onuradunek proiektuaren garapenari, gauzatzeari eta haren ebaluazioari buruzko txosten bat aurkeztu beharko dute http://www.euskadi.eus/miscarpeta webgunean (Excel formatuko VI. eranskina).

4.– Hezkuntza Sailak dirulaguntza egoki erabiltzen ari dela frogatzeko modukoak iruditzen zaizkion ziurtagiriak egiaztatu ahal izango ditu, eta horretarako, justifikazio-kontuan adierazitako gastuen jatorrizko fakturak bidaltzeko eskatu ahal izango dio onuradunari.

16. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Halaber, laguntza emateko kontuan izandako baldintzetan jazotako aldaketa oro jakinarazi beharko da, eta hura emateko ebazpena aldatzea eragin ahal izango du, baldin eta onuraduna izateko ezarritako baldintza minimoak errespetatzen badira, betiere. Proiektuari egoztekoak diren justifikatutako gastuek ez badute onartutako zuzkiduraren zenbatekoa gainditzen, zuzkidura hori murrizteko ebazpena emango da eta, hala badagokio, sobera emandako zenbatekoa itzultzeko eskatuko zaio ikastetxe onuradunari.

17. artikulua.– Ez-betetzearen araubidea.

1.– Dirulaguntzen onuradunek, nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontuen kargurako laguntza publikoak erabiltzeagatik ezartzen den zehapen-araubideari eutsi beharko diote, eta –Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoa aplikatuz– honako kasu hauetan, berriz, onartutako eta jasotako zenbatekoa itzuli beharko dute, osorik edo partzialki, baita aplika daitezkeen legezko interesak ere (berandutze-interesa barne dela):

a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluaren 1. apartatuan jasotako itzulketa-kausaren bat egoteagatik edo Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 91. artikulutik 93. artikulura bitartean jasotako itzulketa-kausaren bat egoteagatik.

b) Erakunde onuradunak dirulaguntza ez erabiltzea eskatu zen eta eman zen xede bererako.

c) Ez gauzatzea dirulaguntza ematea eragin zuen jarduera.

d) Ez justifikatzea interesa erakutsi zuen xede jakinetarako aplikatu izana.

e) Oro har ez betetzea Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. tituluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua), agindu honetan edo dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako betekizunak.

2.– Itzulketarako, abenduaren 17ko 698/91 Dekretuan horretarako ezarritako prozedura beteko da, hargatik eragotzi gabe bidezkoak diren gainerako ekintzak; dekretu horren bidez arautzen da Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra, eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen. Aipatutako diru kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

18. artikulua.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta tratamendu-jarduera honetan sartuko dira: Hezkuntza berriztatzearen arloko laguntzak eta dirulaguntzak.

Arduraduna: Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.

Helburua: Hezkuntza berriztatzearen arloko laguntzak eta dirulaguntzak.

Legitimazioa:

– Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzean egin behar den eginkizun bat betetzeko.

– 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

– 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.

Hartzaileak:

– Ekonomia eta Ogasun Saila.

Eskubideak: Eskubidea duzu datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.

Informazio gehigarria: Gure web-orrian kontsulta daiteke datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatz guztia: https://www.euskadi.eus/clausulas-informativas/web01-sedepd/es/transparencia/050400-capa2-es.shtml

Araudia:

Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).

3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntza Sailburuordetzari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honetan aipatutako dirulaguntzak honako hauetan xedatutakoaren mende egongo dira: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legean (urriaren 1eko 39/2015 Legea); Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean; Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutakoa) VI. tituluan eta VII. tituluaren III. kapituluan; eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean jasotako oinarrizko araudian (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua).

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko uztailaren 7a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

I. ERANSKINA
LAGUNTZA-ESKABIDEA
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
ESKABIDEAK BALORATZEKO BAREMOA
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
IKASTETXE ESKATZAILEARENTZAKO LABURPEN-FITXA ETA PROIEKTUA
(Ikus .PDF)
IV. ERANSKINA
FEDERAZIO/ELKARTE ESKATZAILEARENTZAKO LABURPEN-FITXA ETA PROIEKTUA
(Ikus .PDF)
V. ERANSKINA
JUSTIFIKAZIO-KONTUA - GASTU-EGIAZTAGIRIEN BALANTZEA - BEHIN BETIKO BALANTZE EKONOMIKOA
(Ikus .PDF)
VI. ERANSKINA
IKASTETXEAREN BALORAZIOA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala