Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

164. zk., 2021eko abuztuaren 18a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
4484

AGINDUA, 2021eko uztailaren 21ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez baimena ematen baita Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko unibertsitate-titulu ofizial batzuk ezartzeko eta beste batzuk kentzeko.

Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 8.2 artikuluaren arabera (apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoak aldatu zuen lege organiko hori), autonomia-erkidegoek erabakiko dute estatu osoan ofizialtasuna eta baliozkotasuna duten titulu ofizialak lortzeko ikasketak ezartzea eta kentzea, bai erkidegoaren beraren ekimenez –Unibertsitatearen Gobernu Kontseiluaren adostasunarekin–, bai unibertsitatearen ekimenez –Gobernu Kontseiluaren proposamenaren bidez–, eta, betiere Gizarte Kontseiluak aldeko txostena eman ondoren.

Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legearen 51. artikuluan arautzen da nola egokitu Goi Hezkuntzako Europar Eremura. Unibertsitate-gaietan eskumena duen sailak eta unibertsitateek bultzatuko dituzte ikasketa-planetako eta kreditu- eta balorazio-sistemetako nahitaezko egokitzapenak, eta, horiekin batera, behar diren gainerako neurriak hartuko dituzte euskal unibertsitate-sistema Europako unibertsitate-eremuan sartzeko eta titulazioaren Europako gehigarriaren diploma emateko.

Ikasketa ofizialak nola ezarri araututa dago Unibertsitate-ikasketa ofizialen antolaketa ezartzen duen urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuan (eta gerora izan dituen aldaketetan), eta Gradu, master eta doktorego tituluak lortzeko egin behar diren unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzeari eta kentzeari buruzko abenduaren 19ko 274/2017 Dekretuan.

Hain zuzen ere, urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuaren 8. artikuluak xedatzen duenez, estatu osoan ofizialtasuna eta baliozkotasuna duten titulu ofizialak lortzeko egin behar diren unibertsitate-ikasketak hiru ziklotan egituratuko dira: gradua, masterra eta doktoregoa.

Abenduaren 19ko 274/2017 Dekretuaren 15. artikuluan dago araututa zer prozedura bete behar den gradu, master eta doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzeko baimena lortzeko. artikulu horren arabera, Unibertsitate Kontseiluak horiek egokiak direla ziurtatzen duen ebazpena eman ondoren, agindu-proposamena prestatu behar du Hezkuntza Sailak, gradu, master eta doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzea baimentzeko.

Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte Kontseiluaren osokoak aldeko txostena egin dio, 2021eko apirilaren 21ean, 2021-2022 ikasturterako gradu, master eta doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzeko eta kentzeko proposamenari, zeina Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak aurkeztu baitzuen.

Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziak edo ebaluazio-agentzia eskudunak, unibertsitatearteko masterren koordinazioa beste unibertsitate bati dagokion kasurako, urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuaren 25.6 artikuluan xedatuarekin bat, aldeko ebaluazio-txostena egin die Euskal Herriko Unibertsitateak aurkeztutako masterreko unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzeko eta kentzeko proposamenei; I. eta II. eranskinean daude zerrendatuta ikasketa horiek.

Unibertsitate Kontseiluak ebatzi du baieztatzea I. eranskinean zerrendatutako masterreko unibertsitate-ikasketa ofizialei dagozkien ikasketa-planak.

Horrenbestez, Gradu, master eta doktorego tituluak lortzeko egin behar diren unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzeari eta kentzeari buruzko abenduaren 19ko 274/2017 Dekretuaren 15. artikulua aplikatuta, eta 2021eko uztailaren 20ko bilkuran Unibertsitate Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseiluari eta Euskadiko Unibertsitate Kontseiluari aurkeztu ondoren, jakinaren gainean eta informatuta egon daitezen, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Baimena ematea I. eta II. eranskinetan zerrendatzen diren unibertsitate-masterreko ikasketa ofizialak ezartzeko eta kentzeko.

2. artikulua.– Automatikoki baimentzea III. eranskinean jasotzen diren unibertsitate-masterreko ikasketa ofizialak ezartzea, betiere Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 8.2 artikuluan eta uztailaren 2ko 861/2010 Errege Dekretuaren (Unibertsitate-ikasketa ofizialen antolaketa ezartzen duen urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretua aldatzen duena) 25.8 artikuluan xedatutakoa bete ondoren.

2. artikulua.– Ikasketak xedapen hauen arabera kenduko dira: urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuaren bigarren xedapen iragankorra (uztailaren 2ko 681/2010 Errege Dekretuak aldatu zuen errege-dekretu hori) eta Gradu, master eta doktorego tituluak lortzeko egin behar diren unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzeari eta kentzeari buruzko abenduaren 19ko 274/2017 Dekretuaren 18.2 artikulua.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu hau Unibertsitate Politikako Biltzar Nagusiari eta Unibertsitate Ministerioari jakinaraztea, azken horrek proposamena Gobernuari igor diezaion tituluaren ofizialtasuna ezartzeko, Unibertsitate, Zentro eta Tituluen Erregistroan (RUCT) inskriba dezan eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitara eman dezan.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Lau urte igaro aurretik berritu beharko da baimendutako master-ikasketa ofizialen egiaztapena, hasierako ikuskapenaren egunetik hasita. Berritze horrek bat etorri behar du urriaren 16ko 205/2012 Dekretuan xedatutakoarekin (dekretu horren bidez, Gradu, master eta doktoregoko unibertsitate-tituluen egiaztapena berritzeko prozedura eta epeak ezartzen dira).

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko uztailaren 21a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

I. ERANSKINA
UNIBERTSITATE-MASTERREKO TITULU OFIZIALAK EZARTZEA
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
UNIBERTSITATE-MASTERREKO TITULU OFIZIALAK KENTZEA
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
UNIBERTSITATE-MASTERREKO TITULU OFIZIALAK EZARTZEA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala