Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

164. zk., 2021eko abuztuaren 18a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
4483

AGINDUA, 2021eko uztailaren 21ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez baimena ematen baita Mondragon Unibertsitateko unibertsitate-titulu ofizial batzuk ezartzeko eta kentzeko.

Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 8.2 artikuluaren arabera (apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoak aldatu zuen lege organiko hori), autonomia-erkidegoek erabakiko dute estatu osoan ofizialtasuna eta baliozkotasuna duten titulu ofizialak lortzeko irakaskuntzak ezartzea eta kentzea, bai erkidegoaren beraren ekimenez –Unibertsitatearen Gobernu Kontseiluaren adostasunarekin–, bai unibertsitatearen ekimenez –Gobernu Kontseiluaren proposamenaren bidez–, eta, betiere Gizarte Kontseiluak aldeko txostena eman ondoren.

Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legearen 51. artikuluan arautzen da nola egokitu Goi Hezkuntzako Europar Eremura. Unibertsitate-gaietan eskumena duen sailak eta unibertsitateek ikasketa-planetako eta kreditu- eta balorazio-sistemetako nahitaezko egokitzapenak bultzatuko dituzte, eta, horiekin batera, behar diren gainerako neurriak hartuko dituzte euskal unibertsitate-sistema goi-mailako irakaskuntzako Europako sisteman sartzeko eta titulazioaren Europako gehigarriaren diploma emateko.

Irakaskuntza ofizialak nola ezarri araututa dago Unibertsitateko ikasketa ofizialak arautzen dituen urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuan (eta gerora izan dituen aldaketetan), eta Gradu, master eta doktorego tituluak lortzeko egin behar diren unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzeari eta kentzeari buruzko abenduaren 19ko 274/2017 Dekretuan.

Hain zuzen ere, urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuaren 8. artikuluak xedatzen duenez, estatu osoan ofizialtasuna eta baliozkotasuna duten titulu ofizialak lortzeko egin behar diren unibertsitateko irakaskuntzak hiru ziklotan egituratuko dira: gradua, masterra eta doktoregoa.

Abenduaren 19ko 274/2017 Dekretuaren 15. artikuluan dago araututa zer prozedura bete behar den gradu, master eta doktoregoko unibertsitate-irakaskuntza ofizialak ezartzeko baimena lortzeko. artikulu horren arabera, Unibertsitate Kontseiluak horiek egokiak direla ziurtatzen duen ebazpena eman ondoren, agindu-proposamena prestatu behar du Hezkuntza Sailak, gradu, master eta doktoregoko unibertsitate-irakaskuntza ofizialak ezartzea baimentzeko.

Mondragon Unibertsitateko Kontseilu Errektoreak 2020ko azaroaren 26an onartu du I. eranskinean zerrendatutako masterreko ikasketa ofizialak ezartzea 2021-2022 ikasturtean.

Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziak edo ebaluazio-agentzia eskudunak, urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuaren 25.6 artikuluan xedatuarekin bat etorriz, aldeko ebaluazio-txostena egin du Mondragon Unibertsitateak aurkeztutako masterreko unibertsitate-irakaskuntza ofizialak ezartzeko eta kentzeko proposamenei buruz; I. eta II. eranskinean daude zerrendatuta irakaskuntza horiek.

Unibertsitate Kontseiluak aldeko emaitzarekin egiaztatu ditu I. eranskinean zerrendatutako masterreko unibertsitate-irakaskuntza ofizialei dagozkien ikasketa-planak.

Hori dela eta, Gradu, master eta doktorego tituluak lortzeko unibertsitate-ikasketa ofizialak nola ezarri eta kendu arautzen duen abenduaren 19ko 274/2017 Dekretuaren 15. artikulua aplikatuz, proposamena Euskadiko Unibertsitate Kontseiluari aurkeztu zaio, 2021eko uztailaren 20ko bilkuran, jakitun egon dadin eta txostena egin dezan. Horrenbestez, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Baimena ematea I. eta II. eranskinetan zerrendatzen diren masterreko unibertsitate-irakaskuntza ofizialak ezartzeko eta kentzeko.

2. artikulua.– Irakaskuntzak xedapen hauen arabera kenduko dira: urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuaren bigarren xedapen iragankorra (uztailaren 2ko 681/2010 Errege Dekretuak aldatu zuen errege-dekretu hori) eta Gradu, master eta doktorego tituluak lortzeko egin behar diren unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzeari eta kentzeari buruzko abenduaren 19ko 274/2017 Dekretuaren 18.2 artikulua.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Lehenengoa.– Agindu hau Unibertsitate Politikako Biltzar Nagusiari eta Unibertsitate Ministerioari jakinaraztea, azken honek proposamena Gobernuari igor diezaion, tituluaren ofizialtasuna ezar dezan, Unibertsitate, Zentro eta Tituluen Erregistroan inskriba dezan eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitara eman dezan.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Lau urte igaro aurretik berritu beharko da baimendutako master-ikasketa ofizialen egiaztapena, hasierako ikuskapen-egunetik hasita. Berritze horrek bat etorri behar du urriaren 16ko 205/2012 Dekretuan xedatutakoarekin (dekretu horren bidez, Gradu, master eta doktoregoko unibertsitate-tituluen egiaztapena berritzeko prozedura eta epeak ezartzen dira).

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko uztailaren 21a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

I. ERANSKINA
MASTERREKO UNIBERTSITATE-TITULU OFIZIALAK EZARTZEA
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
MASTERREKO UNIBERTSITATE-TITULU OFIZIALAK KENTZEA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala