Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

163. zk., 2021eko abuztuaren 17a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4462

AGINDUA, 2021eko uztailaren 28koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez deitzen eta arautzen baitira, 2021eko ekitaldirako, Euskal Autonomia Erkidegoko klusterren antolakunde dinamizatzaileentzako babes-laguntzak.

Lehiakortasun eta hazkundeko Europako estrategien barnean, klusterrak berrikuntza- eta eraldaketa-eragile garrantzitsutzat jotzen dira, eta aitortzen da klusterren erakunde dinamizatzaileek funtsezko eginkizuna betetzen dutela RIS3 estrategia (espezializazio adimenduneko estrategiak) xedatzeko orduan. Indarguneetan oinarritzen da, banakoak eta taldeak berrikuntza-arloko zein eremu lehenetsitan jardun behar diren identifikatzeko.

Euskadiko RIS3 estrategia berrikusteko, espezializazio-arloak identifikatu dira; horiek Giza Garapen Jasangarrirako estrategiekin eta Euskadi Basque Country Agendarekin bateratu dira, 2030 Horizontean, eta ZTBP berrian jasotzen dira: Industria adimenduna, Energia garbiagoak eta Osasun pertsonalizatua, bai eta lau aukera-esparru osagarri ere: Elikadura osasungarria, Ekoberrikuntza, Hiri jasangarriak eta Euskadi sortzailea. Gizarte-erronken eta RIS3 estrategiaren artean integrazio handiagoa lortzearren, Lankidetzan Oinarritutako hiru Ekimen Bultzatzaile berri sartu dira zahartze osasungarriaren, mugikortasun elektrikoaren eta ekonomia zirkularraren arloetan.

Ekimen horiek eremu estrategiko zehatzetan RIS3 arloen arteko lankidetza indartuko duen tresna gisa ulertzen dira. Gainera, horiei esker Euskadik behar bezala aurre egin ahal izango dio trantsizio hirukoitzari (trantsizio teknologiko eta digitala, trantsizio energetiko eta klimatikoa, eta trantsizio sozial eta sanitarioa), gizarte digitalago, berdeago eta inklusiboago bat bihurtzeko.

Espezializazio-arloen bilakaera eta trantsizio hirukoitzarekiko egokitzapena hiru zutabe estrategikotan oinarrituz eraikitzen da: «Bikaintasun Zientifikoa», «Lidergo Teknologiko Industriala» eta «Berrikuntza Irekia», betiere «talentua» ardatz nagusitzat hartuta. Horretarako, lau helburu operatibo nagusi ezarri dira: «Emaitzetarako orientazioa», «Berrikuntzaren garapena», «Nazioartekotzea» eta «Talentuaren eta emakume ikertzaileen sustapena».

Testuinguru horretan, klusterren antolakunde dinamizatzaileek (KAD), klusterren lehiakortasuna hobetzea dutenez misio, trantsizio handiek eskaintzen dituzten aukera-eremuak aprobetxatu behar dituzte lankidetzaren bitartez, hala nola digitalizazioan eta automatizazioan oinarritutako antolakuntza-prozesu berriak txertatuz, erregai fosiletan oinarritutako ekoizpen-ereduak karbonoan neutroak diren beste aukera energetiko batzuekin ordeztuz, eta laguntza- eta industria-jarduerak garatuz, erronka demografiko-sozialari aurre egiteko eta zahartze osasungarrian eta osasun pertsonalizatuan laguntzeko. Horrela, klusterreko kideen arteko lankidetza sustatzen lan egiten dute, bereziki, berrikuntza-sistemako eragileen eta enpresa txiki eta ertainen artekoa, balio-kate globaletan txertatzea bultzatuz. Hala, ETEek erronka globalei banaka aurre egiteko dituzten zailtasunak (dimentsiorik ez dutelako) gainditzen laguntzen dute. Gainera, kluster indartsuek talentua eta inbertsioa erakartzen dute lurraldera, ezagutza eta berariazko gaitasunak sortzeak, garatzeak eta kontzentratzeak dakarten eraginari esker.

Klusterren antolakunde dinamizatzaileek (KAD) lurralde- eta produkzio-eremu jakin batean jarduten dute. Gainera, beren kideei lehiakortasun-informazioa eta -inteligentzia ematen dizkiete eta ETEen arteko interes-taldeei hasiera ematen diete, berrikuntzako, teknologiako, I+Gko, nazioartekotzeko eta abarreko alorretan erronka komunak identifikatzeko. Horrez gain, laguntza ematen diete eragileei, helburu estrategiko komunak zehazteko eta erronka horiei ekitearren lankidetza-proiektuak ezartzeko.

Horretarako, klusterren antolakunde dinamizatzaileak (KAD) funtsezkoak dira industriaren digitalizazioarekin lotutako berrikuntza-prozesuak dinamizatzeko, horiek osatzen dituzten enpresen artean eta, bereziki, ETEetan; izan ere, azken horiek zailtasunak izan ditzakete digitalizazioari bakarka ekiteko, eta beraz, beharrezkoa da klusterren antolakunde dinamizatzaileek proiektu horiek egin ditzaten sustatzea.

Klusterren antolakunde dinamizatzaileak (KAD) «helize hirukoitzaren» ikuspegian, berrikuntza irekian eta lankidetza publiko-pribatuan oinarritzen dira. Horregatik, eskualde-garapenean eta lurraldeko eraldaketa ekonomikoan laguntzen dute, Jaurlaritzaren berrikuntza, lehiakortasun eta jasangarritasunerako planak, estrategia sektorialak eta politika publikoak ezartzen lagunduz.

Esparru horretan, funtsezkotzat jotzen da klusterren antolakunde dinamizatzaileek (KAD) Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) betetzen lagun dezatela, trantsizio energetikoa eta emisioen murrizketa sustatuz, eta berrikuntza-, digitalizazio- eta nazioartekotze-mailetan aurrera eginez.

Klusterren antolakunde dinamizatzaileak (KAD), orokorrean, dimentsio txikikoak dira. Horregatik, multzokatzen dituzten ETEek bezala, antolakunde dinamizatzaileek elkarrekin eta antzeko beste erakunde batzuekin elkarlanean arituz indartu behar dute, aldi berean, klusterra osatzen duten beste elkarte batzuekin elkartuz edo konbergentzia- eta finkatze-prozesuak eginez. Baliabide eta gaitasun gehiagoz hornitu behar dute, klusterren antolakunde dinamizatzaileen (KAD) eginkizunari eraginkortasunez erantzuteko, eta ordezkatzen duten klusterraren erronka lehiakorrei eta globalei aurre eginez.

Bestalde, COVID-19ak sortutako krisialdiak gure berehalako errealitatea markatu du; izan ere, parekorik gabeko krisialdi sozioekonomikoa eragin du, gaur egungo egoera ekonomikoa eta etorkizuneko aurreikuspen ekonomikoak erabat aldatuz. Trantsizio hirukoitzak (teknologiko eta digitalak, energetiko eta klimatikoak, eta sozial eta sanitarioak) markatutako nazioarteko testuinguru batean gertatu da, eta trantsizio hirukoitz horri ekiteko aukera baten gisa hartu behar dugu, hark herrialde, negozio, industria, gizarte eta pertsonen etorkizuna eraldatzeko gaitasuna izango baitu.

Krisiak hasiera-hasieratik kaltetu ditu klusterren eta, oro har, ekonomiaren balio-kateak. Hori dela-eta, aurreko deialdian ezinbestekotzat jo zen klusterren antolakunde dinamizatzaileentzako berariazko laguntza bat txertatzea, sortutako krisiaren ondorioak arintzeko ekimenak eta ekintzak gauzatu ahal izateko. Pandemiaren aurretiko mailak eta lehiakortasuna berreskuratzeko unea da, KADek erronkei aurre egiteko eta agerleku berri honetatik eratorritako aukerak aprobetxatzeko aukera izan dezaten, eta, beraz, eraldaketa sakon bat sustatu ahal izan dezaten.

Zentzu horretan, Jaurlaritzak «Euskadi Martxan» 2020-2024 Esparru Programa onartu du. Programa horrek ekonomia suspertzea eta enplegua berreskuratzea du ardatz nagusietako bat, industria aurreratuan, inbertsioan, berrikuntzan eta nazioartekotzean oinarritutako estrategia baten bidez. Programa horrek Kluster politikaren jarduketa-konpromiso gisa jasotzen du Euskadin eraldaketa industriala sustatzea eta trakzio-proiektuak garatzea, ekosistema industrialetan eta balio-kate globaletan integratuta.

Ildo horretan txertatzen da laguntzei buruzko Agindu hau, Dirulaguntzei buruzko Plan Estrategikoan jasotzen dena. Plan hori Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak 2021eko martxoaren 17ko Aginduaren bidez onartu zuen, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan ezarritakoa betez.

Jarraibide horien arabera, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorreko printzipio arauemaileei buruzko Legearen IV. eta VI. tituluetan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onetsitako testu bateginean) eta aurreko legearen erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak garatutako Dirulaguntza Orokorrei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legean xedatutakoarekin bat etorriz, 2021eko otsailaren 11ko Legeko (Euskal Autonomia Erkidegoko 2021eko ekitaldirako aurrekontu orokorrak onartu dituena) aurrekontu-kredituen kontura finantzatuko da Aginduko deialdi hau.

Era berean, Agindu honi 651/2014 Erregelamendua, Batzordearena, 2014ko ekainaren 17koa, aplikatuko zaio, EBko Funtzionamendu Tratatuaren 107. eta 108. artikuluekin bat laguntza-kategoria jakin batzuk barne-merkatuarekin bateragarri izendatzeari buruzkoa (AO, L 187 seriea, 2014ko ekainaren 26koa) (aurrerantzean, salbuespen-erregelamendua), enpresa talde berritzaileentzako laguntzei dagokienez, 27. artikuluan deskribatzen den moduan.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko klusterren antolakunde dinamizatzaileentzako (KAD) 2021eko ekitaldirako laguntzak arautzea eta haien deialdia egitea, hurrengo artikuluetan jasotzen diren terminoetan, ETEen eta, orokorrean, EAEko ekonomiaren lehiakortasuna sustatzeko.

2.– Klusterraren antolakunde dinamizatzaile (KAD) bat irabazi-asmorik gabeko erakunde bat da, nortasun juridiko propioa duena, edo erakunde-elkarte bat, klusterraren, eta bereziki ETEen lehiakortasuna hobetzea xede duena, lankidetzaren bitartez. Enpresa bultzatzaileak, ETEak, eragile zientifiko-teknologikoak eta ikastetxeak eta prestakuntza-zentroak biltzen ditu.

Klusterraren antolakunde dinamizatzaileak (KAD) erronka komunak identifikatzen lagundu behar du eta klusterreko kideen baterako jarduketak sustatu behar ditu nazioartekotzeko eremu estrategikoetan, berrikuntza teknologikoaren eta enpresa-berrikuntzaren alorretan, eta I+Gn, eta hori guztia RIS3 estrategiaren espezializazio-lehentasunekin eta/edo aukera-nitxoekin bat etorriz, interes-talde desberdinen premiak kontuan hartuta eta Eusko Jaurlaritzaren politikek eskatzen dutenari erantzunez.

3.– Agindu honen ondorioetarako, honako hau hartzen da klustertzat: erakundeen, hala nola enpresak (handiak, ertainak eta txikiak), eragile zientifiko-teknologikoen, ikastetxeen eta prestakuntza-zentroen, erakunde publikoen eta haien elkarteen multzo bat, hurbileko eremu geografiko batetik jardunda elkarrekin erlazionatuta daudenak balio-kate bateko edo produkzio-eremu bateko eta zerbitzu-eremu bateko kide direlako, antzeko ezagutzak edo teknologiak dituztelako, azken merkatu berera edo merkatuko segmentu berera bideratuta daudelako eta abar.

4.– Deialdi honen xede diren laguntzei 651/2014 Erregelamendua (EB), Europako Batzordearena, 2014ko ekainaren 17koa, aplikatuko zaie (L 187 Europar Batasuneko Egunkari Ofizialean argitaratua, 2014ko ekainaren 26an); horren arabera zenbait laguntza-kategoria bateragarri jotzen dira barne-merkatuarekin, Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz, enpresa talde berritzaileentzako laguntzen 27. artikuluan sartuta daudelako eta aipatutako Erregelamenduaren I. eta II. kapituluetan ezarritakoa bete beharko dute (aurrerantzean, kategorien araberako salbuespen-erregelamendu orokorra).

2. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan xedatutakoaz gain, beren jarduera ekonomikoa Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen duten eta ondoren aipatuko diren baldintzak betetzen dituzten klusterren antolakunde dinamizatzaileek (KAD) eskatu ahal izango dituzte laguntzak. Baldintzak honako hauek dira:

a) Klusterraren zenbait urtetarako Plan Estrategikoa (KPE) izatea, eguneratua eta erakunde onuradunen gobernu-organoek onartua, «Klusterren Plan Estrategikoak Egiteko Gidaren» arabera garatua eta www.euskadi.eus orrialdean argitaratua.

b) Klusterraren urteko Jarduketa Plana (KJP) izatea, honako hauek barne hartuko dituena: egin beharreko ekintzak, bideratu beharreko baliabideak eta Klusterraren Plan Estrategikoa hedatzeko eta ezartzeko lortu nahi diren emaitzak, hala badagokio, urteko nazioartekotze-proiektua identifikatuz.

c) Masa kritiko nahikoa izatea. Antolakunde dinamizatzailera (KAD) kuotarekin atxikitako enpresen kopuruak 30etik gorakoa izan behar du, eta atxikitako enpresen fakturazio osoak Euskal Autonomia Erkidegoko BPGd-ren % 1etik beherakoa.

d) Enpresa txikiek eta ertainek parte hartzea. Bildutako erakundeen % 60 enpresa gutxienez txiki eta ertainak izatea. Enpresa txiki eta ertaintzat hartzeko, baldintza hauek bete behar dituzte:

– 250 langile baino gutxiago izatea.

– Urteko negozio-bolumena gehienez 50 milioi euro izatea, edo, bestela, urteko balantze orokorra gehienez 43 milioi euro izatea.

Atxikitako enpresa elkartuen kasuan, 651/2014 Erregelamenduaren, Batzordearenaren, ekainaren 17koaren, 4., 5. eta 6. artikuluetan xedatutakoa kontuan hartuta egingo da langileen eta mugen zenbaketa.

e) Bere kideen artean alderdi interesdun guztien eta klusterra osatzen duten balio-kateen ordezkaritza izatea: enpresa bultzatzaileak edo integratzaileak, hornitzaile ertain eta txikiak, eragile zientifiko-teknologikoak, prestakuntza-zentroak, unibertsitateak eta abar.

f) Nazioartekotze-poltsan sartzeko egitura espezializatuak izatea: nazioartekotze-batzordea, nazioartekotze-taldea edo antzekoa.

g) Bere jarduera-eremua, lurraldeari dagokionez, gutxienez Euskal Autonomia Erkidegoa izatea.

h) Klusterraren zenbait urtetarako Plan Estrategikoa (KPE), Klusterraren urteko Jarduketa Plana (KJP) eta lankidetzaren bidez enpresen lehiakortasuna sustatzeko egiten diren jarduketak behar bezala egokitu daitezela Eusko Jaurlaritzaren Lehiakortasun, Teknologia eta Berrikuntza Estrategiara eta XII. Legealdiko Industria eta Nazioartekotze Planera, horiekin bat etortzea, eta haiek ezartzen laguntzea.

i) Elkartutako erakundeak ordezkatuko dituen zuzendaritza-batzorde bat izatea, eta proposatutako jarduerak Plan Estrategikoarekin bat etorriz gauzatzeko erantzukizuna bere gain hartzea.

j) Kudeatzailearen kontratua eta lanaldi osoan ariko den pertsona bat izatea; hark erantzukizun exekutibo gorena izan beharko du Klusterraren urteko Jarduketa Plana (KJP) koordinatzeko eta gauzatzeko orduan.

k) Antolakunde dinamizatzailea erakunde elkarte bat bada, bakoitzaren kopuruak hartuko dira kontuan artikulu honetan aipatzen diren baldintzak betetzeko.

2.– Klusterren antolakunde dinamizatzaile onuraduna erakundeen elkarte bat denean (elkartutako KAD), horietako bat izango da ekintzen gauzatzea koordinatzeko ardura izango duen erakunde eskatzailea; era berean, hark hartuko du bere gain ordezkaritza, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarekin egin beharko diren elkarrizketa eta harremanetarako.

Eskabideetan eta emate-ebazpenean berariaz adierazi beharko dira elkartutako KAD osatzen duen antolakunde bakoitzak zer konpromiso hartzen dituen, baita bakoitzak aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa ere, horiek ere onuradun gisa hartuko baitira. Elkartutako KADaren ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute, elkartutako KADari onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko ahalmen nahikoa izango duena, eta ez dute hura desegin beharko Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 39. eta 65. artikuluetan aurreikusitako preskripzio-epea igaro arte.

Klusterren antolakunde dinamizatzaileek (KAD) eta elkartutako antolakunde dinamizatzailea (elkartutako KAD) osatzen duten gainerako erakundeek itzultze-obligazioak bete beharko dituzte hala badagokio, Dirulaguntzei buruzko Legearen 40. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

3.– Agindu honetan jasotzen diren dirulaguntzak Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak ez ezik, dirulaguntzak itzultzeagatiko betebeharrak ere eskaera egin duten unean ordainduta dauzkaten erakundeek soilik eskuratu ahal izango dituzte.

4.– Agindu honetan aipatzen diren dirulaguntzak eskuratu ahal izateko, erakundeek inskribatuta egon beharko dute elkarteen erregistro publikoan. Hau da, elkartutako KADetan parte hartzen duten guztiek baldintza hori bete beharko dute.

5.– Honako hauek ezin izango dute laguntza hau lortu:

a) Zigor- eta administrazio-arloko dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zehatuta dauden erakundeak, eta horretarako ezgaitzen duen legezko debekuen eraginpean daudenak, sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barnean hartuta, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean ezarritakoarekin bat.

b) Laguntza bat legez kanpokoa eta merkatu erkidearekin bateraezina dela deklaratu duen Europar Batasuneko Batzordearen aurretiazko erabaki baten ondoren, berreskuratze-agindu artean bete gabe baten mende dauden erakundeak.

c) Krisian dauden enpresak, krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko gidalerroetan xedatutakoaren arabera.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan jasotako kasuren batean dauden erakundeak.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Programa honen xedera bideratutako baliabide ekonomikoek Euskal Autonomia Erkidegoko 2021eko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen otsailaren 11ko 1/2021 Legean zehaztutako aurrekontu-kredituetan izango dute jatorria (3.049.184 euro zehazki).

4. artikulua.– Dirulaguntzak jaso ditzaketen jarduerak.

1.– Diruz lagundu daitezkeen jardueratzat hartzen dira klusterren antolakunde dinamizatzaileek (KAD) lankidetzaren bidez enpresen lehiakortasuna hobetzeko egiten dituztenak, eta jarduketak eskabidea aurkezten duten egunaren ondoren hasten dituztenak.

Dena den, eskabidea edo, hala badagokio, aurre-eskabidea aurkeztu aurretik egiten diren ekintzak kontuan izango dira, baldin eta eskatzaileak, ekintzak hasi aurretik, idazkiaren bidez, laguntzaren aurre-eskabide bat aurkeztu badu. Aurre-eskabide horretan, 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Salbuespen Erregelamendu Orokorraren 6.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, honako informazio hau azalduko da: klusterraren antolakunde dinamizatzailearen (KAD) izena, egingo diren ekintzak deskribatzen dituen urteko jarduketa-plana (planaren hasiera- eta amaiera-datak barne), ekintzen kokapena, kostuen zerrenda eta eskatutako laguntza mota. Kasu horretan, eskabidea aurkezteko epea ireki ondoren, interesdunak behin betiko eskabidea aurkeztu beharko du agindu honen 9. eta 10. artikuluetan adierazten dena kontuan hartuta.

2.– Klusterraren Plan Estrategikoa garatzeko jarduketek jaso ahal izango dute laguntza; ekintza horiek klusterraren antolakunde dinamizatzailearen (KAD) Klusterraren urteko Jarduketa Planean (KJP) azaldu beharko dute, Eusko Jaurlaritzaren lehiakortasun- eta teknologia-estrategiara egokitu eta harekin bat egin beharko dute, eta ondoren azalduko diren jarduketa estrategikoko eta tipologiako eremuen barnean egon behar dute. Eremu horien xehetasunak agindu honen I. eranskinean deskribatzen dira:

a) Jarduketa estrategikoko eremuak:

• Nazioartekotzea.

• Teknologia.

• Berrikuntza.

• Estrategia.

• COVID-19.

b) Jarduketen tipologiak:

1.– Laguntza-zerbitzuak eta nazioartekotze-jarduketak.

2.– Enpresentzako partaidetza- eta laguntza-zerbitzuak proiektuetan (nazioartekotze-jarduketetan salbu).

3.– Zaintza Zerbitzuak, Informazioa, Benchmarking eta Estrategia.

4.– Hedapen-zerbitzuak, jardunaldiak, topaketak eta ekitaldiak (nazioartekoak salbu).

5.– Jarduketa-lerroak eta lankidetza-proiektuak finkatzeko foroak dinamizatzea.

6.– Erronka partekatua duten proiektu taldeak dinamizatzea (DIN1 fasean aztertua).

7.– Elkarteko talde teknikoaren gaitasunen garapena.

8.– Klusterraren sustapena eta garapena, bazkideak erakartzea, komunikazioa (webguneak, buletinak eta abar).

9.– COVID-19tik eratorritako jarduketak. Ekintza pilotuak.

5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

Dirulaguntzak jaso ditzaketen gastuak izango dira: klusterren antolakunde dinamizatzaileek (KAD) aurreko artikuluan aipatzen diren ekintzak garatzeko ordaindu beharko dituztenak, barnekoak (soldatak eta egiturako ohiko gastuak) zein kanpokoak (azterketak edo bestelako zerbitzuak azpikontratatzea).

1.– Barneko gastuak.

a) Klusterraren antolakunde dinamizatzaileko (KAD) langileen gastuak, aurkeztutako ekintzak egiteko beharrezkoak direnak, eta soldatak nahiz gizarte-segurantza aintzat hartuko dira. Langileei dagozkien gastuak benetako zenbatekoaren arabera xedatuko dira, eta, hala balegokio, justifikatuko dira. Aintzat hartuko da benetako urteko lanaldia, dagokion ordutegi-tasa kalkulatzeko. Diruz lagundu daitekeen banakako soldata-gastua ez da izango 2021eko ekitaldian indarrean dagoen Euskal Autonomia Erkidegoko Sailburuordetzako titular baten ordainsaria baino handiagoa.

b) Klusterraren antolakunde dinamizatzailearen egitura mantentzeko gastuak (alokairua, telefonoa, argia eta abar), Euskal Autonomia Erkidego barruan egindako bidaiak eta barne-kudeaketako eta gobernu-organoetako gastuak (biltzarrak, zuzendaritza-batzordeak eta abar). Azken horiek langileen gastuen ehuneko gisa kalkulatuko dira, eta ez da beharrezkoa izango dokumentuaren bidez egiaztatzea. Ehuneko hori % 15 da.

2.– Kanpoko gastuak. Aurkeztutako ekintzak garatzeko beharrezkoak diren zerbitzuak emateko, kontsultoretzetako, hainbat formatutako promozio-ekintzetarako (formatu birtualak barne), nazioartean laguntzeko ekintzetarako eta abarretako kontratazio-gastuak eskatu ahal izango dira.

3.– Ez dira onartuko Administrazio instituzionaleko edo sektore publikoko erakundeek egindako gastuak, ezta Basque Trade & Investment agentziaren bulego-sareak eskainitako zerbitzuei dagozkienak ere (AEBn, Alemanian, Argentinan, Brasilen, Erresuma Batuan eta Irlandan, Errusian, Kolonbian, Indian, Italian, Mexikon, Polonian, Txekiar Errepublikan eta Eslovakian, Txilen, Txinan eta Singapurren).

4.– Diruz lagundutako jarduerak azpikontratatzen badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren (dirulaguntzen lege orokorraren erregelamendua onartzen duena) 68. artikuluan xedatutakoa beteko da. Onuradun batek azpikontratatu egin duela ulertuko da hirugarren batzuekin hitzartu duenean dirulaguntzaren xede den jarduera guztia edo haren zati bat haiek egitea. Onuradunak berak egiten badu diruz lagundutako jarduera, kontzeptu honetatik kanpo geldituko da horretarako behar diren gastuen kontratazioa.

Proiektuaren zati bat azpikontratatu egiten denean, onuradunak diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 50 azpikontratatu ahal izango du gehienez.

Inola ere ezingo dira dirulaguntzaren kostua handiagotzen duten jarduerak azpikontratatu, jardueraren edukiari balio erantsirik gehitzen ez badiote.

Azpikontratazioak dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko 20tik gora hartzen badu eta kopuru hori 60.000 eurotik gorakoa bada, azpikontratazioak baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Kontratua idatziz egitea.

b) Dirulaguntza ematen duen erakundeak aldez aurretik kontratua egiteko baimena ematea.

Ezingo da kontratua zatikatu haren zenbatekoa murriztu eta aurreko apartatuan zehaztutako baldintzak ez betetzeko.

Kontratistak onuradunaren mende soilik egongo dira, eta hark hartuko du bere gain diruz lagundutako jarduera gauzatzearen erantzukizun osoa Administrazioaren aurrean.

Aurreko apartatuan jasotakoa betetzeko, onuradunei dagokie dirulaguntza jasoko duen jarduera gauzatzeko beste inorekin ezer itunduz gero, beste horrek ere dirulaguntzak arautzen dituen araudiak ezarritako mugak errespetatuko dituela ziurtatzea, diruz laguntzeko modukoak diren gastuen zenbatekoari eta izaerari dagokienez; kontratistek lankidetza-betebeharra bete behar dute, muga horiek benetan errespetatzen dituzten ala ez behar bezala egiaztatzeko aukera emateko.

Alabaina, onuradunak ezin izango du diruz lagundutako jardueraren gauzatze osoa edo partziala honako hauekin itundu:

a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan zehaztutako debekuetako bat duten pertsona edo erakundeekin.

b) Kontratuaren xede den jarduera egiteko beste dirulaguntza batzuk jaso dituzten pertsona edo erakundeekin.

c) Bitartekari edo aholkulariekin, horiei ordaindu beharrekoak eragiketaren kostu osoaren ehuneko jakin bat badira, non eta ordainketa hori ez dagoen justifikatuta egindako lanak edo emandako zerbitzuak merkatuan daukan balioaren erreferentziaren arabera.

d) Erakunde onuradunarekin loturaren bat daukaten pertsona fisikoekin edo juridikoekin, inguruabar hauek gertatzen direnean izan ezik:

1.– Kontratazioa merkatuko baldintza normalen arabera egin izana.

2.– Aldez aurretik erakunde emailearen baimena lortzea oinarri arautzaileetan finkatutako baldintzetan.

e) Deialdi edo programa berean laguntza eskatu duten baina betekizunak ez betetzeagatik edo behar den balorazioa ez lortzeagatik laguntzarik gabe geratu diren pertsonak edo erakundeak.

5.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakora egokituko dira. Diruz lagundutako inbertsioen edo gastuen kostuak ez du gaindituko merkatu-balioa inola ere. Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean txikizkako kontratuetarako ezartzen diren kopuruak gainditzen dituenean, onuradunak erakunde hornitzaile ezberdinen hiru eskaintza eskatu beharko ditu gutxienez, obrarako konpromisoa, zerbitzuaren prestazioa edo ondasunaren entrega kontratatu aurretik, zerbitzu edo ondasun horren ezaugarri bereziengatik merkatuan horiek egiten, ematen edo hornitzen duen behar besteko erakunderik ez dagoenean izan ezik edo gastua dirulaguntza eman aurretik egin bada izan ezik.

Aurkeztutako eskaintzen artetik aukeraketa egiteko (inbertsioak justifikatzeko fasean edo, hala badagokio, dirulaguntzaren eskabidean aurkeztuko dira), efizientzia eta ekonomiako irizpideak erabiliko dira, eta txosten baten bidez berariaz justifikatu beharko da proposamen ekonomikorik onena aukeratzen ez denean.

6. artikulua.– Laguntzen modalitateak eta zenbatekoak.

1.– Agindu honetan jasotako laguntzak itzuli ezingo diren dirulaguntzak dira eta honako laguntza-muga hauek dituzte:

a) Nazioartekotze-prozesurako laguntza-zerbitzuak eta jarduketak: onartutako gastuen % 40, gehienez.

BasqueTrade & Investment agentziarekin elkarlanean egindako proiektuak eta jarduketak izanez gero, laguntzaren gehieneko intentsitatea onartutako gastuen % 50era arte handituko da.

b) Enpresek proiektuetan parte hartzeko eta haiei laguntzeko zerbitzuak (nazioartekotzean salbu): onartutako gastuen % 40, gehienez.

c) Zaintza-, informazio-, benchmarking- eta estrategia-zerbitzuak: onartutako gastuen % 40, gehienez.

d) Hedapen-zerbitzuak, jardunaldiak, topaketak eta ekitaldiak (nazioartekoak salbu): onartutako gastuen % 40, gehienez.

e) Foroak dinamizatzea, jarduketa-ildoak eta lankidetza-proiektuak zehazteko: onartutako gastuen % 50, gehienez.

f) Erronka partekatuko proiektu-taldeak dinamizatzea (aurrez garatu da, DIN1ean): onartutako gastuen % 50, gehienez.

g) Elkarteko talde teknikoaren gaitasunak garatzea: onartutako gastuen % 40, gehienez.

h) Klusterraren sustapena eta garapena, bazkideak erakartzea, komunikazioa (webguneak, buletinak eta abar): onartutako gastuen % 40, gehienez.

i) COVID-19tik eratorritako jarduketak. Ekintza pilotuak: onartutako gastuen % 50, gehienez.

2.– Kanpoko gastuek honako laguntza-muga hauek dituzte:

a) Zuzeneko merkataritza-misioak: 2. eranskinaren arabera helmugako herrialderako ezarritako bidaia-poltsen zenbatekoaren % 50 gehienez ere.

b) Alderantzizko merkataritza-misioak: misioa behar bezala garatzeko beharrezkoak diren gastuen % 50 gehienez ere. Misioko kideen bidaiak, egonaldiak eta mantenuak eragindako gastuetarako, laguntzaren gehieneko muga pertsona bakoitzeko honako hau da: jatorrizko herrialdeari buruzko bidaia-poltsaren zenbatekoa, 2. eranskinaren araberakoa.

c) Atzerriko azokak: 2. eranskinaren arabera helmugako herrialderako ezarritako bidaia-poltsen zenbatekoaren eta standak eta dekorazioak eragindako gastuen % 50 gehienez ere.

d) Nazioarteko sustapen- eta hedapen-elementuak: proiektu bakoitzaren % 50 gehienez ere.

e) Klusterrarekin komunikazio-jarduerak (webguneak, buletinak eta abar), sustapena eta bazkideak erakartzea: beharrezkoak diren gastuen % 50 gehienez ere, 6.000,00 euroko mugarekin urteko eskabide bakoitzeko.

f) Jardunaldiak, mintegiak eta ekitaldiak: beharrezkoak diren gastuen % 50 gehienez, urteko eskaera bakoitzeko 8.000,00 euroko mugarekin.

Laguntza-zerbitzuei eta nazioartekotze-jarduketei dagozkien kanpoko gastuen kasuan –a), b), c) eta d) apartatuetan deskribatzen dira–, 50.000,00 euroko dirulaguntza emango da gehienez ere, banaka egingo diren azoka, misio edo jarduketa bakoitzerako, eta 180.000,00 euro urteko eskabidean aurkeztutako jarduketa guztietarako.

3.– Onuradun bakoitzak 450.000,00 euroko laguntza jaso ahal izango du gehienez.

7. artikulua.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Agindu honetan ezarritako dirulaguntzak bateragarriak dira gainerako erakunde publiko edo pribatu guztiek helburu berarekin ematen dituztenekin, betiere guztira jasotako dirulaguntzek onartutako gastu guztien % 60 gainditzen ez badute. Laguntza guztien baturak esandako muga gaindituz gero, agindu hau dela bide emandako laguntzari muga horretatik gorako kopurua kenduko zaio.

8. artikulua.– Dirulaguntzak emateko eta eskabideak aurkezteko epea.

1.– Itzuli beharrik gabekoak izango dira dirulaguntzak, eta publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-printzipioei jarraituz emango dira prozedura bakar batean.

2.– Eskabideak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, 09:00etan; amaitu, berriz, 2021eko irailaren 22ko 12:00etan amaituko da.

9. artikulua.– Eskabideak.

1.– Klusterren antolakunde dinamizatzaileek (KAD), agindu honetan ezarritakoaren arabera, aurreikusitako dirulaguntzak eskuratu ahal izateko baldintzak betetzen badituzte, eskabide bat aurkeztu beharko dute baliabide elektronikoen bitartez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

2.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako dokumentuak elektronikoki aurkeztuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitzan (https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/10112909), baita eskabidearen ondorengo izapideak ere, jakinarazpenak barne, eta helbide beraren bidez egingo dira.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak honako helbide honetan eskuratu daitezke: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

3.– Behar bezala beteta aurkeztu behar da eskabidea, erakunde eskatzailea ordezkatzeko legezko gaitasuna duen pertsonaren sinadura aitortua daramala, eta hurrengo artikuluan adierazten diren agiriak izan behar ditu. Helbide honetan eskura daiteke Eusko Jaurlaritzaren Ordezkarien Erregistroa: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

4.– Laguntza jasotzeko eskabidea nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da, eskatutako dokumentazioarekin batera. Halaber, laguntza-eskabidearen ondoriozko jardueretan, eta prozedurak irauten duen bitartean, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean xedatutakoa betez.

5.– Dagoeneko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren esku dauden indarreko dokumentuak ez dira nahitaez aurkeztu beharko. Kasu horretan, eskaeran bertan adierazi beharko da agiriok zein datatan eta zein organo edo bulegotan aurkeztu ziren.

6.– Dirulaguntzarako eskabiderik aurkezten bada, klusterraren antolakunde dinamizatzaile (KAD) eskatzaileak edo, elkartean jarduten badu, partaideak baimena emango dio organo emaileari zuzenean eskura ditzan zerga-betebeharren eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharren gaineko egiaztapenak. Hala ere, berariaz ukatu ahal izango da baimen hori, eta, halakorik gertatzen bada, betebehar horiek bete dituela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu eskatzen zaizkion bakoitzean.

7.– Orobat, dirulaguntzarako eskabiderik aurkezten bada, klusterraren antolakunde dinamizatzaile (KAD) eskatzaileak edo, elkartean jarduten badu, partaideak baimena emango dio organo emaileari zuzenean eskura ditzan Eusko Jaurlaritzak emandako laguntzen egiaztapena eta dagozkion egiaztagiriak.

10. artikulua.– Eskabideen edukia.

1.– Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte klusterren antolakunde dinamizatzaileek (KAD):

a) Klusterraren Plan Estrategikoa (KPE). Plan horretan, erronka komunak identifikatuko dira, erantzunak lankidetzatik planteatzen zaizkienak alegia. Klusterraren Plan Estrategikoa egiteko, Klusterren Plan Estrategikoak Egiteko Gidaren adierazpenak jarraitu beharko dira. Planak behar bezala islatuko du taldeak zer posizionamendu duen eta zer ekarpen egiten duen ezarritako lehentasunei eta Eusko Jaurlaritzaren lehiakortasun- eta teknologia-estrategiaren ezarpenari dagokienez.

b) Klusterraren urteko Jarduketa Plana (KJP), aurreko puntuan deskribatutako KPEtik eratorria. Bertan, 2021eko ekitaldirako aurreikusi diren jarduketak xedatuko dira eta aurrekontua jasoko da, ekintzen, gastuen eta finantzaketa-iturrien banakapenarekin, eta ekintza horietan lanean diharduten langileen zerrenda.

c) Aurreikusitako finantza-egoerak eta ikuskatutako azkenak.

d) Parametro sozioekonomikoen egiaztagiria, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialeko (KAEO) auditore batek egina, klusterraren antolakunde dinamizatzailera (KAD) bildutako enpresak enpresa txiki eta ertainak direla egiaztatzeko. Egiaztagiri horretan ondorengoa zehaztuko da:

– Atxikita dauden eta elkartze-kuota ordaintzen duten zuzenbide osoko erakundeen kopurua; horietatik EAEkoak eta ETEak zenbat diren adierazi beharko da, agindu honen 2.1.c) artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

– Elkartze-kuotengatiko diru-sarrerak.

– Ekintza Planari egindako ekarpenengatiko diru-sarrerak.

e) Identifikazio Fiskaleko Txartela.

f) Eskatzailearen ordezkari-ahalmena. Elkarteen kasuan, izendatu behar da taldearen ordezkari edo ahaldun bat, nahiko ahal duena taldeari onuradun gisa dagozkion obligazioak betetzeko.

g) Eskritura edo eratze-akta eta ondorengo aldaketak eta inskripzioa dagozkion erregistroetan.

h) Sozietateen gaineko zergaren azken aitorpena.

i) Antolakunde dinamizatzaileari (KAD) dagozkion klusterreko enpresen eta kideen zerrenda, eta horiek ordaindutako kuotei eta parametro sozioekonomikoei buruzko informazioa (enplegua, fakturazioa, esportazioen ehunekoak, I+G eta abar).

j) Antolakunde dinamizatzailea elkartutako antolakunde dinamizatzaile bat bada, Klusterraren Plan Estrategikoan sinergien aprobetxamendua justifikatu beharko da, baita kideen osagarritasuna ere, Klusterraren urteko Jarduketa Plana egiteko. Era berean, kideek horietako bat izendatuko dute antolakunde koordinatzaile gisa eta, programaren ondoreetarako, hura arduratuko da elkarteak aurkeztutako proposamena gauzatzeaz, eman daitekeen laguntza administratzeaz eta programari dagozkion kudeaketa-organoekiko harreman eta elkarrizketez.

k) Erantzukizunpeko adierazpena –datu-faltsutzerik gertatuz gero, indarreko zehapen-araubidearen mende geratuko da, dela administratibo dela penal– alderdi hauen egiazkotasunari buruzkoa:

– Erakunde eskatzailea ez dela ari armak egiten, merkaturatzen edo finantzatzen, betiere Herrialde Txirotuekiko Justizia eta Elkartasunerako Kartari buruzko abenduaren 28ko 14/2007 Legean ezarritakoa betez.

– Erakunde eskatzaileak ez duela jaso dirulaguntza publikoak eskuratzeko aukera eragozten dion zehapen administratiborik edo penalik, eta ez duela horretarako desgaitzen duen legezko inolako debekurik, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean zehaztutakoarekin bat etorriz.

– Erakunde eskatzaileak hitzematea bere egingo dituela Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 2.3 artikuluko betebeharrak, Administrazioarekin kontratuak eta hitzarmenak egiten dituzten erakundeei eta harengandik dirulaguntzak jasotzen dituztenei ezarritakoak, hala nola printzipio hauen mende jardun beharra: tratu berdina, aukera-berdintasuna eta langileen aniztasunari eta diferentziei zor zaien errespetua.

– Europar Batasuneko Batzordeak legez kanpokotzat edo merkatu erkidearekin bateraezintzat jotako laguntzarik ez duela jaso entitateak, edo, jaso badu, hura itzuli izana edo itzuli ez izana.

– Erakunde eskatzailea ez dela krisian dagoen enpresa bat, krisian dauden eta finantzarioak ez diren enpresen salbamendu eta berregituraketarako estatu-laguntzei buruzko jarraibideetan ezarritakoaren arabera.

– Erakunde eskatzailea ez dela izan kondenatua laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez, delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, influentzia-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

– Erakundeak ez duela eskatu borondatezko konkurtsoaren deklaraziorik, prozeduraren batean kaudimengabetzat ez dela jo, konkurtsoan deklaratuta ez dagoela, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren pean ez dagoela edota ez dutela desgaitu Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, artean konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaikuntza-aldia amaitu gabe dagoela.

– Ez duela administrazioarekin egindako kontraturen baten suntsiarazpen irmorik eragin, suntsiarazpen-arrazoi horren errudun deklaratu dutelarik.

– Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez daudela honako lege hauetan jasotako kasuren batean: 3/2015 Legea, martxoaren 30ekoa, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duena; 53/1984 Legea, abenduaren 26koa, administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunena; edo Hauteskunde Erregimen Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako kargu hautetsiak izatea, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.

– Zerga-egoitzarik ez duela erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean.

– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta dituela.

– Honako enpresa hauei ere eragiten dieten dirulaguntzak jasotzeko debekurik ez duela: zuzendaritzan dauden pertsonei edo bestelako inguruabarrei erreparatuz, presuntzioa ezar badaiteke debekua jaso duten beste enpresa batzuen jarraipena edo ondorena direla, eraldatze, bat-egite edo ondorengotza bitartez.

– Klusterraren erakunde dinamizatzaileko (KAD) kudeatzaile bat duela, lanaldi osokoa, eta langile kualifikatuz osatutako talde bat, bildutako enpresa kopuruarekin eta dinamizatu nahi dituzten jarduketekin bat datorrena.

l) Beste instituzio publiko edo pribatu batzuei helburu bererako eskatutako eta/edo haiengandik jasotako laguntzen zerrenda.

m) Berdintasun-planak eta/edo kontziliazio-planak dituen ala ez dituen adieraztea.

2.– Klusterren antolakunde dinamizatzaileek (KAD) artikulu honetan zerrendatutako dokumentazioa aurkeztu behar dute. Klusterren antolakunde dinamizatzaileek laguntza taldekatuak eskatzen badituzte, erakunde lankideen arteko akordioa gehitu beharko da, eta horietatik liderra zein izango den adieraziko da, baita akordioa zein ekintza gauzatzeko sinatu duten ere.

3.– Erakunde guztiek zerga-betebeharren eta Gizarte Segurantzarekikoen ordainketa egunean dutela egiaztatzen duten ziurtagiriak (sailari horiek eskatzeko baimena ematen ez badio soilik).

4.– Eskabideak ez badira osorik betetzen, edo haiekin batera ez bada adierazitako dokumentazioa aurkezten, erakunde eskatzaileari hamar egun balioduneko epea emango zaio (bitarteko elektronikoen bidez eskatuko zaio) hutsegitea bitarteko berak erabiliz konpontzeko edo behar diren dokumentuak aurkezteko. Horrez gain, adieraziko zaio hori egin ezean eskabidean atzera egin duela ulertuko dela.

5.– Nolanahi ere, laguntza hauen organo kudeatzaileak (Industriaren eta Energia Trantsizioaren zuzendaria) beste edozein agiri edo informazio eskatu ahal izango die erakunde eskatzaileei, beharrezkotzat jotzen badu haiek aurkeztutako eskabidea behar bezala ulertu, ebaluatu eta tramitatu ahal izateko. Agindu honetan berariaz aurreikusi ez diren gaietan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoa aplikatuko da.

11. artikulua.– Eskabideak balioestea.

1.– Horretarako sortutako ebaluazio-organoaren egitekoa izango da aurkeztu diren eskabideak aztertzea eta ebaluatzea, baita laguntzak emateko proposamenak egitea ere.

2.– Ebaluazio Organoan, Rosa M.ª Murillas izango da presidentea, eta Agustín García izango da haren ordezkoa (Industriaren eta Energia Trantsizioaren Zuzendaritzako arduradunak). Kideak honako hauek izango dira: Juan Domingo Olabarri (ordezkoa, Susana Larrea), David Fernández (ordezkoa, Mikel Oregui) (SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako teknikariak), Maite Subinas (ordezkoa, Azucena Castro), Basque Trade & Investment-eko zerbitzu eta programen arduraduna, eta Alexander Armentia; azken horrek ebaluazio-organoaren idazkaritzako eginkizunak beteko ditu, eta Jorge García izango da haren ordezkoa (Industriaren eta Energia Trantsizioaren Zuzendaritzako teknikariak).

3.– Aurkeztutako eskabideetan bildutako agiriak aztertuko ditu ebaluazio-organoak, eta Agindu honetan ezarritako betekizunak betetzen diren ikusiko du. Agindu honen 15. artikuluko terminoetan, SPRI – Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak txosten tekniko bat egingo du aurkeztutako jarduketak diruz laguntzeko proposamenarekin. BasqueTrade & Investment agentziaren balorazio teknikoa izango du horretarako, nazioartekotze-jarduketa espezifikoetarako.

4.– Ebaluazio-organoaren osaera baliozkoa izango da bilerak eta deliberazioak egiteko eta erabakiak hartzeko, eta, funtzionamenduari dagokionez, arau honetan aurreikusita ez dagoenerako, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatuko da.

5.– Eskabideen analisian honako alderdi hauek izango dira kontuan:

a) Urteko Jarduketa Planean proposatutako jarduketak 1. eranskinean xedatzen direla 4.1 artikuluko eremuetan koka eta hauta daitezkeela.

b) Jarduketen eta Klusterraren Plan Estrategikoaren artean koherentzia dagoela, baita Eusko Jaurlaritzaren Lehiakortasun eta Teknologia Estrategiarekin lerrokatuta daudela, behar bezala egokitzen direla eta ekarpena egiten dutela ere.

c) Aurreikusitako gastuak jarduketetara egokitzen direla eta, bere izaera kontuan hartuta, hautagarriak direla, baita agindu honetan ezarritako zenbatekoak, ehunekoak eta mugak ere.

d) Eskatzaileak proposatu dituen ekintzen lehentasun-ordena egokia dela, honako hauek kontuan hartuta: ekintza plan estrategikoarekin bat datorrela eta aurreikusten den eragina, enpresen parte-hartzearen maila eta kalitatea, eta behar diren baliabideen eta proposatutako finantzaketaren arteko oreka.

6.– Deialdiko baliabide ekonomikoak hiru poltsatan banatuko dira. Poltsa horien zuzkidura KADen artean banatuko da, III. eranskinean xedatutakoaren arabera horietako bakoitzerako ezarritako irizpideen pisua kontuan hartuta:

• Jarduketa Espezifikoetarako Poltsa (COVID-19 eta Pilotua); 350.000 euroko zuzkidura izango du.

• Nazioarteko laguntza-jardueretarako poltsa; 950.000 euroko zuzkidura izango du.

• Poltsa orokorra (teknologia, estrategia eta abar); 1.749.184 euroko zuzkidura izango du.

Poltsa bakoitzaren zuzkidura poltsa bakoitzaren eskatzaileen artean banatuko da, poltsa bakoitza zehazten duten irizpideek duten pisuaren arabera, eta eskatzaile bakoitzak irizpide horietara egindako ekarpenaren arabera.

Eskatzaile bakoitzari proposatu dituen ekintzetarako kalkulatu den dirulaguntza esleituko zaio, lehentasun handienetik txikienera, dirulaguntza guztiz agortu arte.

Eskatzaile batek proposatutako ekintzei kalkulatutako dirulaguntza esleitu ondoren dirulaguntza agortzen ez bada, soberakina ondoz ondoko txandetan esleitu ahal izango zaie, irizpide berdinekin, aurreko txandan berariazko poltsan aurkeztu dituzten jarduera guztietarako kalkulatutako dirulaguntza lortu ez duten eskatzaileei.

Hala ez bada, gainerakoa poltsa orokorrean sartuko da, gero banatu ahal izateko.

Antolakunde dinamizatzaile (KAD) bakoitzeko diruz lagundu behar diren jarduketak, eta, beraz, jarduketa horietatik eratorritako diruz lagundu beharreko zenbatekoa aurreko urratsetan adierazitako poltsa bakoitzean lortutakoen batura da.

12. artikulua.– Laguntzak emateari buruzko ebazpena.

1.– Aurkeztutako eskabideak prozedura bakar batean izapidetuko dira. Prozedura horren ebazpena, ebaluazio-organoak proposatuta, Industriaren eta Energia Trantsizioaren zuzendariari dagokio, zuzendaritza hori izango baita laguntza horiek kudeatuko dituen organoa.

Laguntzak puntuazio-ordenaren arabera emango dira, agindu honen 5. eta 6. artikuluetako mugak errespetatuz, deialdi honen 3. artikuluan esleitutako kreditua agortu arte.

2.– Ebazpenean erabakiko da eskatutako dirulaguntzak ematen diren edo ukatzen diren. Ematen badira, honako hauek zehaztuko dira:

– Dirulaguntzen onuradun izango direnen zerrenda. Erakunde, lider eta parte-hartzaileen izena adierazi beharko da, hala badagokio.

– Lagundutako jarduketa-plana, onuradun bakoitzak duen partaidetza eta onuradun bakoitzari bideratuko zaion dirulaguntzaren zenbateko xehatua, planeko jarduketa bakoitzeko.

– Eskabide ukatuen kasuan, ukatzeko arrazoiak adieraziko dira.

3.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa erakunde interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igarota ebazpenik jakinarazi ez bada, dirulaguntzaren eskabidea ezetsi dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

4.– Ebazpenak bakarka jakinaraziko zaizkio interesdun bakoitzari, betiere alde batera utzi gabe esleipendunen zerrenda bat eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan xedatutakoaren arabera emandako laguntzen zenbatekoak urtero argitaratzea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

5.– Hartzen den ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Industriako sailburuordeari, hilabeteko epean, baldin eta egintza espresua bada, edo edozein momentutan aurkeztu ahal izango da, presuntziozko egintza gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluekin bat etorriz. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzien jurisdikzioan jarri ahal izango da, bi hilabeteko epean, egintza espresua bada, edo edozein momentutan aurkeztu ahal izango da, presuntziozko egintza gertatu eta hurrengo egunetik aurrera.

6.– Agindu honetan ezarritako dirulaguntzak erakunde onuradunei emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasitako edozein itzultze- edo zehatze-prozedura, oraindik izapidetzen ari bada.

13. artikulua.– Dirulaguntzen justifikazioa eta ordainketa.

1.– Dirulaguntza ordaintzeko, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatutakoa bete beharko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubidea arautzen duena. Erakunde onuradunari bi ordainketa egingo zaizkio, organo kudeatzaileak aginduta, modu honetara:

a) Lehen ordainketan, emandako dirulaguntzaren % 50 ordainduko da; ordainketa dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hamabost eguneko epea igaro ondoren egingo da, berariaz uko egin ezean.

b) Bigarren ordainketa batean dirulaguntzaren gainerako zatia ordainduko da, eta aldez aurretik, bitarteko elektronikoak erabilita, diruz lagundutako ekintzak eta haiei dagozkien gastuak egikaritu direla egiaztatzeko agiriak aurkeztuko dira. Justifikatzeko aldia 2022ko otsailaren 28an bukatuko da. Horretarako, egindako gastutzat hartuko dira justifikatzeko epea amaitu aurretik egiazki ordaindu direnak.

2.– Klusterraren antolakunde dinamizatzaileak (KAD), lagundutako jarduketen zerrenda xehatuaz gain, dagozkien gastuak eta zenbatekoak (BEZik gabe) aurkeztu beharko ditu. Horiekin batera, dagozkien fakturak ere aurkeztuko dira, jaulkitze-datarekin eta erakunde hartzekodunaren identifikazioarekin (erakunde edo enpresa hornitzailearen IFZ eta izen soziala), bai eta ordainketa-dokumentuak ere, zenbatekoa (BEZ banakatua) eta ordaintzeko data adierazita. Era berean, azpikontratazioen kasuan, Dirulaguntzen Lege Orokorraren 31.3 artikulua aplikatuz, onuradunak eskatu behar izan dituen hiru aurrekontuak.

Egiaztagirien artean, klusterraren antolakunde dinamizatzailearen (KAD) jarduketetan parte hartzen duten pertsona guztien 10T ereduak eta langileen izen-zerrenda aurkeztu beharko dira, Klusterraren urteko Jarduketa Planaren (KJP) barnean gauzatutako jarduketetan egiten dituzten orduen kopurua adieraziz.

Era berean, gauzatutako diru-sarrera eta gastu guztien justifikazio-kontua aurkeztu beharko da, baita edozein erakunderekin (enpresa parte-hartzaileak, horien elkarteak, zerbitzuen hornitzaileak, erakunde publikoak eta abar) egindako kobrantzenak eta ordainketenak ere, horiek aurkeztutako Klusterraren Jarduketa Planeko ekintzekin lotuta daudenean.

Ez dira onartuko Administrazio instituzionaleko edo sektore publikoko erakundeek egindako gastuak, ezta Basque Trade & Investment agentziaren bulego-sareak eskainitako zerbitzuei dagozkienak ere (AEBn, Alemanian, Argentinan, Brasilen, Erresuma Batuan eta Irlandan, Errusian, Kolonbian, Indian, Italian, Mexikon, Polonian, Txekiar Errepublikan eta Eslovakian, Txilen, Txinan eta Singapurren).

3.– Ezin izango da dirulaguntzaren ordainketarik egin, baldin eta erakunde onuradunak edo, elkartea bada, elkarteko parte-hartzaileren batek ez baditu egunean bere zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, edo dirua itzuli behar duela dioen ebazpenen batean zordun bada.

4.– Organo kudeatzaileak beharrezkotzat jotzen dituen agiri eta argibide osagarriak eska ditzake edozein momentutan, onuradunak aurkeztutako agirien eta datuen egiatasuna frogatze aldera.

14. artikulua.– Dirulaguntza emateko baldintzen eta dirulaguntzaren aldaketa.

1.– Laguntza eman zuen ebazpena aldatu ahal izango da, baldin eta laguntzaren xedea betetzat jotzen bada, eta laguntzak ematerakoan kontuan hartu zen betekizunetako bat aldatzen bada, edota beste laguntza edo dirulaguntza bat lortzen bada beste edozein erakunde publiko nahiz pribatu batetik; baina horretarako, dirulaguntzaren aginduak onuradun izateko ezarritako betekizunak bete behar dira. Horrelakoetan, Industriaren eta Energia Trantsizioaren zuzendariak dagokion ebazpena emango du, emandako dirulaguntzen zenbatekoak egoera berrira egokitzeko.

2.– Jarduketek dirulaguntza emateko ebazpenean 2021eko ekitaldirako jasotako jarduketak barne hartuko dituzte; dena den, aldaketak onartu ahal izango dira aurreikusitako jarduerak egiten diren bitartean, Industriaren eta Energia Trantsizioaren zuzendariaren berariazko baimena lortu bada. Horien justifikazioa zuzendaritza kudeatzaileari jakinarazi beharko zaio, Industriaren eta Energia Trantsizioaren Zuzendaritzari, horien berri izan bezain laster, baita laguntza ematea ebatzi gabe geratu bada ere.

3.– Aldaketek ez dute inolaz ere handituko hasieran emandako dirulaguntzaren zenbatekoa.

15. artikulua.– Erakunde laguntzaileak.

1.– Agindu honetan jasotako araudiari jarraikiz ematen diren dirulaguntzen ondoreetarako, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia erakunde laguntzaile izendatzen da, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritako terminoetan. Dirulaguntzei buruzko abenduaren 17ko 38/2003 Legearen 15. eta 46. artikuluetan ezarritako betekizunak eta elkarlanean aritzeko betebeharra izango ditu, eta artikulu honetan eta lankidetza-hitzarmenean jasotako zehaztapenei jarraitu beharko die.

2.– SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak, erakunde laguntzailea den aldetik, honako funtzio hauek izango ditu:

a) Antolakunde dinamizatzaileak (KAD) aurkeztutako Klusterraren Plan Estrategikoa aztertzea, hauek baloratzeko: «Klusterren Plan Estrategikoak Egiteko Gidaren» araberakoa den, XII. Legealdiko Industria, Teknologia eta Nazioartekotze Estrategiarekin bat datorren eta zer ekarpen egiten dion, eta proposatzen den jarduketa-plana plan estrategikoarekin bat datorren.

b) Txosten tekniko bat egitea Ebaluazio Organoarentzat garrantzitsuak diren azterketa indibidualekin eta erantsiekin, eta agindu arautzailearen 11. artikuluan zehaztutakoarekin bat etorriz.

c) KADekiko lotura-lanak egitea.

3.– SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak, agindu honetan arautzen diren dirulaguntzen kudeaketan erakunde kolaboratzailea denak, honako hauetan ezarritako betekizunak eta ardurak izango ditu: Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duten arauak; Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua; eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituen 1991ko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua.

16. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Horren ildotik, dirulaguntza eman zaiela jakinarazteko komunikazioa jaso eta hamabost eguneko epean onuradunak dirulaguntzari esanbidez uko egiten ez badio aplikazio informatikoaren bitartez, onartu egiten duela ulertuko da.

2.– Laguntza hori eman den helbururako erabiltzea.

3.– Elkartutako enpresen parte-hartzea modu eraginkor, adierazgarri, aske eta informatuan bermatzea, lankidetzan jorratu beharreko erronka komunak zehazteko eta lehenesteko. Baita Klusterraren Plan Estrategikoa (KPE) zehaztean eta hura ezartzeko jarduerak egitean ere, horiekin osatu behar baita Klusterraren urteko Jarduera Plana (KJP).

4.– Klusterraren urteko Jarduketa Plana (KJP) eta dirulaguntzak jaso dituzten jarduketak betetzea eta bete direla egiaztatzea. Jarduketak egiten diren bitartean, erakunde onuradunak Klusterraren urteko Jarduketa Planaren (KJP) aurrerapen-mailari eta exekuzioaren aurreikuspenari buruzko informazioa eman ahal izango dio kudeaketa-organoari, hark jarduketa horiek garatzen ari direla frogatzeko eta, hala badagokio, dirulaguntza emateko ebazpenean kasuan kasuko aldaketak egin beharra ebaluatzeko.

5.– Industriaren eta Energia Trantsizioaren Zuzendaritzak eskatzen duen informazioa ematea, jasotako dirulaguntzen erabilerari, ekintzetan parte hartzen dutenei, jasotako emaitzei eta abarri dagokionez. Horrela, administrazioak egokitzat jotzen dituen egiaztapenak egin ahal izango ditu, dirulaguntzak jaso dituzten ekintzak eta plana garatzeari eta betetzeari dagokionez.

6.– Helburu berdinarekin edo antzekoarekin beste edozein Administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatutatik laguntza, diru-sarrerak edo baliabideak jasoz gero, horren berri ematea.

7.– Industriaren eta Energia Trantsizioaren Zuzendaritzari dirulaguntza emateko kontuan hartutako edozein gorabehera objektiboren zein subjektiboren aldaketa jakinaraztea.

8.– Jarduketa-planarekin eta planaren ekintzekin lotutako behin betiko fakturak artxibatzea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku mantentzea 5 urtez.

9.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, Agindu honen kargura jasotako dirulaguntzari dagokionez beren betekizunak betetzen ari direla, onuradunei eskatutako informazio guztia erakundeoi ematea.

10.– Dirulaguntzaren xede diren jardueretan, ageriko egitea Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak parte hartzen duela. Horretarako, lehentasunezko lekuan jarri behar dira, eta ikusizko identifikazio-elementuek bat etorri beharko dute abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuak ezarritakoarekin (Dekretu horrek Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburua arautzen du). Era berean, KADaren irudi korporatiboa txertatu beharko da, lankidetzarako antolamendu-izaerarekin bat etorriko dena. Elkartutako KAD baten kasuan, zatiketa saihestuko da, alegia, kide bakoitzaren irudi korporatiboen erabilera; irudi korporatibo komun bat hartuko da, estrategia partekatu baten eta kluster kohesionatu baten isla gisa.

11.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginean, azaroaren 17ko Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan eta horien garapen-arauetan ezarritakoari jarraikiz eska daitekeen beste edozein betebehar.

17. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Erakunde onuradunak betetzen ez baditu agindu honetan ezarritako betekizunak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 37. artikulukoak eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritakoak, organo eskudunak, ez-betetze espedientea egin eta interesdunari entzun eta gero, administrazio-ebazpen bidez deklaratuko du onuradunak laguntza jasotzeko eskubidea galdu duela eta, hala badagokio, jasotako dirulaguntzaren tronkoa eta berandutze-interesak Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari bi hilabeteko epean itzuli behar dizkiola, betiere honako xedapen hauetan ezarritakoari jarraituz: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikulua, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 4.1 artikulua. Aipatutako diru kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

2.– Arau-hauste administratibotzat har daitezkeen gertakarien ondorioz hasten bada itzultze-prozedura, organo eskudunari jakinarazi behar zaizkio gertakariok, dagokion zehapen-prozedura has dezan.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira epeak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko uztailaren 28a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala