Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

157. zk., 2021eko abuztuaren 9a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
4348

ERABAKIA, 2021eko uztailaren 21ekoa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluarena, zeinaren bidez onartzen baitira toki-korporazioei laguntzak emateko 2021. urteko deialdia eta oinarri-arauak.

Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legean jasotako xedapenen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak behar sanitarioei egokitutako titulartasun publikoko baliabide-hornidura izatea bermatuko da, eta baliabide horiek arrazionaltasun-irizpideen arabera planifikatuko dira.

Zerbitzu sanitario egokiak emateko, beharrezkoa da lokal eta ekipamendu egokiak erabilgarri izatea, eta baldintza horri lotuta dago estu-estuan zerbitzuaren kalitatea. Hala ere, egiaztatu denez, askotan, lokalak eta ekipamenduak ez zaizkie ondo egokitzen gaur egungo beharrizanei, eta, beraz, hobetu beharrekoak hobe daitezen, laguntza-programa bat sortu da, eta laguntzak emateko modua arautu.

Ildo horretatik, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak bere gain hartu du osasun-zerbitzuak hobetzeko sustapen-lan hori, herritarren behar sanitarioei osasun-zerbitzu egokiekin erantzun nahian, eta, hain zuzen ere, helburu horrekin egiten du toki-korporazioei laguntzak emateko deialdi hau.

Hala, kontuan hartuta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak (Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena) VI. tituluan jasotako aurreikuspenak eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan laguntzei eta dirulaguntzei buruz ezarritako araudia, eta aintzat hartuta azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuaren bidez onartutako Ente Publikoaren Estatutuek emandako eskumenak, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoko Administrazio Kontseiluak honako hau erabaki du:

ERABAKIA

Lehenengoa.– Toki-korporazioei 2021. urtean laguntzak emateko deialdia eta oinarri-arauak onartzea, I. eranskinean ezarritakoaren arabera.

Bigarrena.– Erabaki hau EHAAn argitaratzeko agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko uztailaren 21a.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluko lehendakaria,

MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.

I. ERANSKINA

1.– Xedea.

Deialdi honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko toki-korporazioei laguntzak esleitzean nola jokatu zehaztuko duten oinarri arauemaileak ezartzea. Laguntza horiek helburu izango dute toki-korporazioen mendeko osasun-zentroak eta mediku-kontsultategiak handitzeko, eraberritzeko edo konpontzeko lanak egitea, oin berriko obrak egitea, haiei buruzko proiektuak idaztea, eta beharrezko diren altzariak eskuratzea.

2.– Finantzazioa.

Deialdi honetako laguntzak finantzatzeko, honako kontabilitate-kontu hau erabiliko da: «Beste batzuei emandako kapital-laguntzak»; 65310000 zenbakia.

Programaren diru-zenbatekoa 500.000,00 euro izango da, guztira.

3.– Onuradunak.

Laguntza hauen onuradun izango dira funts publikoen hartzaileak, Euskal Autonomia Erkidegoko toki-korporazio diren aldetik, baldin eta 2021ean osasun-zentroetan edo mediku-kontsultategietan altzariak erosi badituzte edo obrak edo proiektuak egiten hasten badira (edo lehenago hasitakoekin jarraitzen badute).

Hartzekodunak laguntza-eskaera aurkezteko epean egiaztatu beharko du izaera hori duela, eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agirien bidez, I. eranskin honen 5. apartatuarekin eta II.1 eta II.2 eranskinekin bat etorriz.

4.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

4.1.– Laguntzak honako gastu hauek ordaintzen lagunduko du:

– Proiektuak idaztea.

– Oin berriko obrak.

– Handitze-lanak.

– Eraberritze-lanak.

– Osasun-zentroa konpontzeko lanak.

– Altzariak erostea.

Proiektu eta obra horiek laguntzaren onuradun den toki-korporazioaren jabetzako orube, eraikin eta lokalei buruzkoak izango dira.

4.2.– Hala dagokionean, egin beharreko inbertsio osoa ere estal lezake laguntzaren zenbatekoak.

5.– Eskabideak eta eskatutako dokumentazioa aurkeztea.

5.1.– Eskabidea eta dokumentazioa aurkezteko epea 15 egunekoa izango da, Erabaki hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

5.2.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 13., 14. eta 16. artikuluetan xedatutakoaren arabera, eskabideak Osakidetzaren Zuzendaritza Nagusira bidaliko dira (Araba kalea 45, 01006 PK, Vitoria-Gasteiz), ondoren zehazten den sarbide orokorreko / egoitza elektronikoko puntuaren bidez:

Azpiegituren Zuzendariordetza: azpiegiturak-infraestructuras@osakidetza.eus.

5.3.– Eskabideak II.1 eranskineko ereduaren arabera egingo dira, eta horri erantsita aurkeztuko dira II.2 eranskinean eskatutako dokumentuak.

5.4.– Eskabidea jasotakoan akatsen bat edo okerren bat dagoela ikusten bada, horren berri emango zaio eskatzaileari aipatu bideak erabiliz, eta 7 eguneko epea emango zaio dena delako akatsa edo okerra zuzen dezan. Epe hori amaituta okerra edo akatsa zuzendu ez badu, eskabidea artxibatu egingo da, bestelako izapiderik egin gabe.

6.– Aurkeztutako eskabideak eta dokumentuak balioestea.

6.1.– Eskabideak balioesteko, batzorde bat izendatuko da, Osakidetzako zuzendari nagusiak horretarako emandako ebazpen baten bidez. Ebazpen hori EHAAn argitaratuko da.

6.2.– Eskabideak balioesteko, honako irizpide hauek erabiliko dira:

a) Eskatzen den hobekuntza finantzatzeko arrazoizko beste aukerarik ez egotea.

b) Aintzat hartuko da tokian-tokian nolako ezaugarriak dauden, esaterako: kontuan izan behar da konpondu edo eraberritu beharreko eraikina salbuetsia den edo eraikinak zor historiko-artistikorik ba ote duen.

d) Lehentasuna emango zaie zentroen kanpoaldean eta barrualdean dauden arkitektura-oztopoak kentzeko obrei eta zentroetarako sarbidea irisgarri egiteko obrei.

6.3.– Ebazpen honetan azaldutako baldintza guztiak betetzeak ez du esan nahi besterik gabe laguntza jasotzeko eskubidea lortu denik.

6.4.– Bateraezinak izango dira laguntza hau jasotzea eta xede eta kontzeptu berbera duen beste edozein eratako laguntzak jasotzea, baldin eta gainfinantzaketa gertatzen bada.

Kofinantzaketa badago, helburu bererako hartutako laguntza guztien zenbateko osoa handiagoa denean kostu osoa bera baino, Erabaki honen arabera emandako laguntzaren zenbatekoa ere murriztu egingo da: kostutik gora zenbat, horrenbeste.

6.5.– Batzordearen balioespenean hauek adierazi beharko dira:

a) Onuradunen zerrenda eta diruz lagundutako kontzeptuak.

b) Dirulaguntzak zenbatekoak diren guztira, diruz lagundutako kontzeptuetako bakoitzari zenbat dagokion ondo zehaztuta.

7.– Ebazpena.

7.1.– Balioespena aztertuta, Osakidetzako zuzendari nagusiak –Administrazio Kontseiluak eskuordetuta– laguntzak esleitzeko ebazpena emango du Balioespen Batzordearen proposamenean oinarrituta, eta ebazpen hori EHAAn argitaratuko da.

Aldi berean, laguntza-esleipenean onuradun izan den toki-korporazioari onarpen-agiria bidaliko zaio, eta dokumentu hori behar bezala beteta itzuli behar du 10 eguneko epean, hura jasotzen denetik zenbatzen hasita.

Onarpen-agiria epe horretan itzultzen ez bada, laguntzari uko egin zaiola ulertuko da, eta, orduan, hura jasotzeko eskubidea ere galduko da, Erabaki honen 7.2 puntuan ezarritakoari jarraituz.

7.2.– Balioespenean kontuan hartutako baldintzaren bat gerora aldatzen bada, emandako ebazpena ere aldatu ahal izango da.

Zehatzago esanda, esleitutako laguntzari uko egiten bazaio edo baldintzak ez betetzeagatik jasotako dirua itzularazi egin behar bada, eskabidea aurkeztu duten gainerakoen artean esleituko da berriz bueltan jasotako kopuru hori, betiere, hasieratik aintzat hartutako irizpide berberak oinarri hartuta.

Horrez gain, aldi berean beste laguntza bat lortuz gero, horren ondorioz, Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiak dagokion likidazio-ebazpena emango du, eta, horren bidez, emandako laguntzen zenbatekoak egokituko dira. Aldez aurretik ordainketarik egin bada, jasotako gehiegizko zenbatekoak itzuli beharko dira.

7.3.– Osakidetzako zuzendari nagusiaren Ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Administrazio Kontseilari, hilabeteko epean, Ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, betiere Osakidetza Ente Publikoaren Estatutuak ezartzen dituen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuaren 5.2 artikuluan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112.1 eta 121. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

7.4.– 2021eko abenduaren 31n esanbidezko ebazpenik eman ez bada, ebatzi gabeko eskaerak ezetsitzat joko dira Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, hargatik eragotzi gabe lege horrek Administrazioari esanbidez ebazteko ezartzen dion betebeharra.

8.– Esleitutako laguntzak ordaintzea.

Esleitutako laguntza transferentzia bidez ordainduko da, onuradunak laguntza onartu duela jakinarazi ondoren. Ordainketa egin ahal izateko, onuradunak aurrez justifikatu beharko du laguntzaren helburua bete duela, kasuan-kasuko egiaztagiriak aurkeztuta.

Aipatutako agiriak aurkezteko azken eguna 2021eko abenduaren 31 da. Salbuespen modura, ordainketa egiteko epea atzera liteke, baldin eta onuradunak, gehienez ere epea bukatu baino 20 egun lehenago, horretarako eskaera egiten badu, betiere behar bezala justifikatuta eta nahikoa arrazoi emanda.

Lehenago esandakoa horrela izanda ere, konturako ordainketak egin ahalko dira, laguntza dela-eta hala egitea justifikatzen denean. Konturako ordainketa horiek zatikako ordainketak izan ahalko dira, eta, beraz, diruz lagundutako ekintzak burutu ahala ordainduko dira: aurkeztutako justifikazioa zenbatekoa den, ordainduko den laguntza-zatia ere horrenbestekoa.

Salbuespen modura, aurreratutako ordainketak ere egin litezke; alegia, inoiz funtsak eman litezke aurrez justifikatu gabe, baldin eta finantzazio hori diruz lagundutako jardun horiek burutu ahal izateko beharrezkoa bada.

9.– Onuradunen obligazioak.

9.1.– Ebazpen honetan araututako laguntzen onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

a) Dirulaguntza ematea zilegi egiten duen egoeran egon behar dute.

b) Onuradunak egiaztatu behar du, laguntza emango duen erakundearen aurrean, hura jasotzeko eta baliatzeko ezarritako betebehar eta baldintza guztiak betetzen dituela, bai eta egin beharreko jarduna egin duela ere.

c) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari, Herri Kontuen Euskal Epaitegiari edota gainerako erakunde ikuskatzaileei euren eginkizunetan dihardutela eskatzen duten informazioa ematea deialdi honen kontura jasotako laguntzei dagokienez.

d) Onuradunak laguntza eman dion erakundeari jakinarazi behar dio ea beste administrazio edo ente publiko zein pribatu batetik bestelako laguntzarik, diru-sarrerarik edo baliabiderik jaso duen xede berbererako.

e) Laguntza emateko orduan kontuan hartu den edozein gorabehera objektibo nahiz subjektiboren aldaketak jakinaraztea. Berariaz eskatzen da osasun-zentroaren kalifikazioa ez aldatzea.

9.2.– Onuradunak, zehazki, honako konpromiso hauek hartuko ditu:

a) Esleitu zaion laguntza onartzea, deialdi honetako 7.1 puntuan ezarritakoari jarraituz.

b) Laguntza eman den xederako erabiltzea.

c) Proiektuak idatzi eta obrak egitean, Osasun-arloko zentro, zerbitzu eta establezimenduak baimentzeari buruzko Eusko Jaurlaritzaren urriaren 11ko 396/1994 Dekretuan ezarritakoa bete beharko da.

d) Osasun Sailarekin eta Osakidetzarekin lankidetzan jardun behar du onuradunak, haiek hasitako jarduera-programetan laguntzen.

e) Osasun Sailak ezartzen dituen ikuskapenak eta kontrolak onartu behar ditu.

f) Era berean, laguntzaren arauak eta baldintzak benetan betetzen direla egiaztatzeko Osakidetzaren iritziz beharrezkoak diren gainbegiratze, ikuskapen eta egiaztapen guztiak ere onartu behar ditu.

g) Baldin eta Azpiegituren Zuzendariordetzak, txosten tekniko baten bidez, beste agiri osagarri batzuk edo aldaketa batzuk eskatzen baditu, 15 egun naturaleko epean erantzun beharko zaio.

10.– Laguntza itzultzea edo baliogabetzea.

10.1.– Ondoren adieraziko diren egoeretako bat gertatuz gero, onuradunak ezin izango du eskatu laguntza ordain diezaioten, eta, gainera, hala dagokionean, jaso duen diru kopurua ere itzuli beharko du, dirua jaso zuenetik sortutako interes eta guzti:

a) 8. apartatuan ezarritakoaren arabera justifikazio-beharra betetzen ez badu.

b) Laguntzaren helburua betetzen ez badu.

c) Laguntzaren ondorioz ezarritako baldintzak betetzen ez baditu.

d) Ezarritako kontrol-jarduerak ukatzen edo oztopatzen baditu.

e) Beste laguntza batzuekin batera gainfinantzaketa lortzen badu.

10.2.– Balorazioan kontuan hartutako baldintzak aldatzeagatik baliogabetu ahalko da laguntza, osorik edo zati bat, 7.2 puntuarekin bat etorriz.

Bereziki, baliogabetuta geratuko da laguntza, baldin eta 9.1.d), 9.1.e), 9.2.b), 9.2.g) eta 10.1 apartatuetan jasotakoa betetzen ez bada.

10.3.– Abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 4. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan ezarritakoaren arabera eta dekretu horren 5. artikuluko prozedurari jarraikiz zehaztuko da halako kasuetarako organo eskuduna.

11.– Araubide juridikoa.

Oinarri hauetan ezarri ez diren prozedura-alderdi guztietan Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoa aplikatuko da.

II.1 ERANSKINA
(ESKAERA-EREDUA)

(Eskaeran agertu behar diren datuak):

Toki-korporazioa:

Kontsultategia edo osasun-zentroa...................................................... (udalerria).

Osasun-zentroaren edo kontsultategiaren helbidea:

Harremanetarako telefonoa:

Harremanetarako helbide elektronikoa:

Erakunde Sanitarioa:

Deialdia:

Laguntza eskatzeko arrazoia:

(proiektua idaztea, oin berriko obrak, handitze-lanak, eraberritze-lanak, konpontzeko lanak).

Inbertsioaren zenbatekoa, guztira:

Jarduketaren azalera:

Aipatutako korporazioak, deialdian oinarrituta

HAU ESKATZEN DU:

Euro aipatutako inbertsioak eragindako gastuak ordaintzeko. Eta, inbertsio hori egiaztatzeko, jarraian zerrendatzen den agiriak eransten dira:

(Zehaztu zein dokumentu eransten den, deialdiaren II.2 eranskinari jarraituz).

(data)

(Alkatearen sinadura)

II.2 ERANSKINA

(Erantsi beharreko dokumentuak):

Kontsultategi bat eraikitzeko proiektua idatzi behar bada, honako hauek erantsi behar dira:

Kontzesiorako:

– Eraikitzeko asmoa dagoen tokiaren kokapen-planoa.

– Plan funtzionala, dagokion osasun-eskualdeak egindakoa.

– Aurreproiektua edo oinarrizko proiektua, halakorik egonez gero.

Ordainketa justifikatzeko:

– Dokumentazio grafiko eta informatizatuaren proiektua.

Kontsultategi mediko edo osasun-zentro berri bat eraikitzeko, oin berri baterako edo birgaitzeko lanak badira, honako hauek erantsi behar dira:

– Aurreproiektua edo egikaritze-proiektua, onartua izan dadin.

– Plan funtzionala, dagokion osasun-eskualdeak egindakoa.

Uneko kontsultategia edo osasun-zentroa handitzeko edo eraberritzeko lanak badira, honako hauek erantsi behar dira:

– Uneko egoeraren planoa.

– Eraberritzeko proposamenaren planoa.

– Kanpoaldetik zentroko irisgarritasuna baloratzeko aukera ematen duten urbanizazioaren edo sarreraren planoak edo argazkiak.

(Bi kasuetan arkitektura-oztopoak kentzeko eta irisgarritasuneko arauak bete behar dira).

Zentroa konpontzeko lanak badira, honako hauek erantsi behar dira:

– Uneko egoeraren planoa.

– Kanpoaldetik zentroko irisgarritasuna baloratzeko aukera ematen duten urbanizazioaren edo sarreraren planoak edo argazkiak.

Altzariak erosteko bada, honako hauek erantsi behar dira:

– Kontsultategiaren edo osasun-zentroaren planoa.

– Erosiko diren altzarien aurrekontu xehea.

Kasu guztietan, honako hauek erantsi behar dira:

5.3.a) Laguntza zein helbururekin erabiliko den azaltzen duen memoria.

5.3.b) Aurrekontu xehea.

(Egikaritze-proiektua eransten denean, bertan agertuko da a) eta b) apartatuen dokumentazioa).

5.3.c) Udalerriak dituen baliabide sanitarioen (langile sanitarioak) txostena.

5.3.d) Inbertsioa osorik ala toki-korporazioak estali beharreko zatia bakarrik eskatzen den adierazten duen dokumentua.

5.3.e) Beste erakunde bati laguntza eskatu zaion edo ez azaltzen duen ziurtagiria.

Toki-korporazioak helburu berbererako beste laguntza bat hartzen badu gerora, beharrezkoa da hala jakinaraztea.

Orubea, eraikina edo lokala toki-korporazioaren jabetzakoak direla egiaztatzen duen dokumentua, behar bezala konpultsatuta (dokumentuan ez bada jabetza kontsultategi mediko gisa islatzen, aurkeztutako dokumentazioa horri egiten diola erreferentzia adierazten duen ziurtagiria entregatuko da).

Aurkezten den dokumentazio tekniko guztia teknikari eskudunak sinatuta egon beharko du.


Azterketa dokumentala