Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

155. zk., 2021eko abuztuaren 4a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
4299

EBAZPENA, 2021eko uztailaren 2koa, Hezkuntza Saileko Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearena, Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzaren eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen arteko kudeaketa-gomendioko hitzarmena argitaratzea xedatzen duena.

2020ko azaroaren 3an, Hezkuntza Saileko Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzak eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak hitzarmen bat izenpetu zuten. Hitzarmen horren bidez Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari gomendio uzten zaio Hezkuntzako sailburuaren 2020ko otsailaren 18ko Aginduaren bidez egindako deialdiko hautaketa-prozedurako oposaketa-aldiko lehen probaren A eta B zatiak garatzeko behar diren jarduketen kudeaketa. Agindu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan sartzeko eta horra iristeko eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoetan sartzeko hautaketa-prozedurak deitzen dira, baita aipatutako kidegoetako karrerako funtzionarioek espezialitate berriak eskuratzeko ere (2020ko otsailaren 27ko EHAA, 40. zk.).

Hitzarmena ebazpen honen eranskinean argitaratzea erabaki da, jendeak horren berri izan dezan.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko uztailaren 2a.

Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordea,

PATXI XABIER AIZPURUA TELLERIA.

ERANSKINA
HEZKUNTZA SAILAK ETA HERRI ARDURALARITZAREN EUSKAL ERAKUNDEAK SINATUTAKO KUDEAKETA-GOMENDIOKO HITZARMENA

Vitoria-Gasteiz, 2020ko azaroaren 3a.

BILDURIK:

Alde batetik, Xabier Aizpurua Telleria, Hezkuntza Saileko Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordea, eta, bestetik, María Teresa Iruretagoyena Ibarguren, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria.

ADIERAZTEN DUTE:

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Unibertsitatekoez kanpoko Irakaskuntzarako Irakasleen Kidegoei buruzko otsailaren 19ko 2/1993 Legearen 4. artikuluak dioenez, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari (gaur egun, Hezkuntza Sailari) dagokio «karrerako irakasle funtzionarioa edo lan-legepeko behin betiko irakaslea izan ahal izateko hautaproben oinarri-arauak, egitarauak eta edukiak finkatu, deialdiak egin, proben epaimahaikideak izendatu eta probak gainditu dituztenak izendatu eta lanpostua ematea edo, hala behar badu, kontratatzea.»

Bigarrena.– Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 79/2017 Dekretuaren 10.2.a) artikuluak dioenez, Langileria Kudeatzeko Zuzendaritzak «lan-kontratuko langile finko edo karrerako funtzionario kondizioa lortzeko hautaketa-proben oinarriak, programak eta edukiak prestatzea, betiere bat etorriaz Hezkuntza Sailburuordetzak eta Lanbide Heziketako Sailburuordetzak bakoitzak bere eskumenpeko arloan zehaztutakoarekin; eta, halaber, proba horietarako epaimahai kalifikatzaileak izendatzea, eta hautaketa-prozesua antolatu eta kudeatzea».

Hirugarrena.– Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariaren 2018ko abenduaren 18ko erabakiaren bidez xedatzen da honako hau baimentzen duen erabakia argitara ematea: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere Organismo Autonomoen 2018rako lan eskaintza publikoa eta Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Administrazioaren bigarren lan-eskaintza publikoa onartzen dituen Erabakia. Halaber, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariaren abenduaren 17ko 121/2019 Ebazpenaren bidez xedatzen da honako erabaki hau argitaratzea: ERABAKI honen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren organismo autonomoen 2019rako Enplegu Publikoaren Eskaintza eta Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Administrazioaren Enplegu Publikoaren bigarren Eskaintza onartzen dituena.

Guztira Hauek dira eskainitako lan-postuak:

Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoa: 1.021.

Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoa: 127.

Laugarrena.– Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuak 61.4 artikuluan ezartzen duenez, «Herri Administrazioek organo espezializatuak eta iraunkorrak eratu ahal izango dituzte hautaketa-prozesuak antolatzeko, edo Herri Administrazioen Institutu edo Eskolen esku utzi ahal izango dituzte zeregin horiek».

Bosgarrena.– Funtzio Publikoaren uztailaren 6ko 6/1989 Legeak hautaketa-probak homogeneizatzeko zeregina esleitu zion Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari, bai epaimahai kalifikatzaileen osaketan nahitaez parte hartuz, bai, batez ere, legeak berak 29. artikuluan herri administrazioei ematen dien aukera –langileen hautaketa erakunde autonomiadunaren bitartez egitea– erabiliz.

Seigarrena.– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen egitura eta eginkizunak arautzen dituen urriaren 16ko 200/2012 Dekretuak ere ideia hori berresten du; izan ere, 2.b) artikuluan, erakundearen helburuen artean, honako hau aipatzen du: «Beste euskal administrazio publiko batzuetako langileak hautatzea, administrazio horiek berek eskatzen badiote, eta euskal administrazio publiko guztiek sustatutako hautaketa-prozesuetako epaimahaietan parte hartzea, funtzio publikoari buruzko legerian esaten denaz bat».

Zazpigarrena.– Hori guztia ikusita, eraginkortasun-arrazoiengatik, Hezkuntza Saileko Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzak eskatu egiten dio Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari bere gain har dezan Hezkuntza sailburuaren 2020ko otsailaren 18ko Aginduaren bidez deitutako hautaketa-prozeduretako oposaketa-aldiko lehen probaren A eta B zatiak garatzeko behar diren jarduketen kudeaketa materiala (Agindu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan sartzeko eta horra iristeko eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoetan sartzeko hautaketa-prozedurak deitzen dira; EHAA, 40. zk., 2020ko otsailaren 27koa). Beraz, esparru horretan, erakunde biek kudeaketa-gomendioko hitzarmen bat sinatzea erabaki dute, betiere 40/2015 Legearen 11. artikuluaren arabera.

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluan xedatutakoari jarraituz, Hezkuntza Saileko Administrazio eta Zerbitzuetako Sailburuordetzak eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak hitzarmena egitea erabaki dute. Horren bitartez, eraginkortasun arrazoiengatik, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak bere gain hartzen du Hezkuntzako sailburuaren 2020ko otsailaren 18ko Aginduan jasotako hautaketa-prozedurako oposizioaldiko lehen probaren A eta B zatiak garatzeko behar diren jarduketen kudeaketa materiala (Agindu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan sartzeko eta horra iristeko eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoetan sartzeko hautaketa-prozedurak deitzen dira; EHAA, 40. zk., 2020ko otsailaren 27koa).

Bigarrena.– Kudeaketa materialerako gomendio honetan, jarduera hauek sartuko dira, kasu bakoitzean zehazten den neurrian:

a) Lokalen kontratazioa kudeatzea.

b) Lokalak behar bezala hornitzea, hautatze-prozedurako lehen probaren A eta B zatiak egiteko.

c) Hautaketa-prozesu jendetsu bat behar bezala burutzeko behar diren jarduketa guztiak: mediku arreta, polizia-zaintza, urrituen arreta...

d) Hautaketa-prozesuaren oposizio-aldiarekin lotutako beste edozein kudeaketa-lan, betiere, eskumenaren titulartasuna aldatzen ez bada eta, eskumen hori gauzatzean, funtsezko elementuak aldatzen ez badira.

Hirugarrena.– Gomendio honen helburu den kudeaketa materialak sortzen dituen gastuak Hezkuntza aurrekontu-atalaren kontura izango dira.

Laugarrena.– Hitzarmen hau sinatzen denean jarriko da indarrean, eta amaitu, berriz, arestian adierazitako 2020ko otsailaren 18ko Aginduaren bidez onartutako hautatze-prozeduratik datorren oposaketa-aldiko lehen probaren A eta B zatiak burutzean.

Bosgarrena.– Kudeatzeko gomendioa sinatzeak ez du esan nahi eskumenen titulartasuna lagatzen denik edota, eskumen horiek gauzatzean, funtsezko elementuak lagatzen direnik, horiek denak Hezkuntza Saileko Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzak baititu esleituta.

Seigarrena.– Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzaren erantzukizuna da izaera juridikoko ebazpenak edo egintzak ematea, kudeatzeko gomendio honen xedea den jarduera material zehatzaren euskarri izan daitezen edo jarduera bera ebazpen edo egintza horietan integra dadin.

Alderdi biak agiri honen edukiarekin ados daudenez, eta horrela jasota gera dadin, Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariak kudeaketa gomendioa formalizatzeko tresna hau sinatzen dute.

Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordea,

XABIER AIZPURUA TELLERIA.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria,

MARÍA TERESA IRURETAGOYENA IBARGUREN.


Azterketa dokumentala