Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

152. zk., 2021eko uztailaren 30a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

SEGURTASUN SAILA
4236

180/2021 DEKRETUA, uztailaren 20koa, Ertzaintzako langileen garapen profesionalerako sistemarena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen bosgarren aldaketaren ekainaren 27ko 7/2019 Legeak II bis kapitulua («Karrera profesionala») eransten zion Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legearen III. tituluari. Kapitulu horren arabera, Segurtasun Sailak eta udalerriek laneko garapen profesionalerako sistemak ezarri ahal izango dituzte polizia-kidegoetako langileentzat, jardun eta jokabide profesionala baloratzearen ondorio gisa, betiere lege-erregulazioan oinarritzen diren printzipioen arabera. Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuaren 107. artikulura eta hurrengoetara eta azken xedapenetako hirugarrenera eraman da erregulazio hori.

Legean jasotako garapen profesionalerako sistemak berekin dakar aitormen-mekanismo bat ezartzea, urteetan zehar eskala bakoitzean aurreikusitako garapen profesionaleko maila desberdinetara sartu ahal izateko, lanpostua aldatu beharrik gabe. Horretarako, bi fase daude aurreikusita: lehenengoa, eskala bakoitza garapen profesionalaren mailetan kokatzekoa –mailaketa–, eta, bigarrena, jardunaren urteko ebaluazioarena. Azken hori gainditzea ezinbestekoa da legeak produktibitate-osagarriaren zati gisa aurreikusten duen garapen profesionalaren osagarria sortzeko. Legeak aurrez azaltzen ditu mailaketa-prozesuan eta jardunaren ebaluazioan kontuan hartu beharreko gutxieneko faktoreak.

Gainera, legeak garapen profesionalaren maila aurreikusten du lanpostuak betetzeko prozeduretan balora daitekeen elementu gisa eta, logika berarekin, barne-sustapeneko prozeduretan balora daitekeen elementu gisa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen testu bateginak garapen profesionalerako sistema horiek ezartzea aukera gisa jasotzen duela dirudi; baina, Ertzaintzaren kasuan, testu beraren azken xedapenetako hirugarrenak behartzen du sistema hori erregelamendu bidez garatzera ekainaren 27ko 7/2019 Legea indarrean jarri eta urtebeteko epean, eta abian jartzeko mekanismoak osatzera. Horretarako, legeak berak aurreikusi zuen hasierako ezarpen-aldi bat, araubide berezi batekin, zeina 2023ko abenduaren 31n amaituko baita. Aldi horretan, mailaketa-prozedura bakar baterako deialdia egingo da garapen-dekretua indarrean jarri eta lehenengo hiruhilekoan.

Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legea eta lege horren testu bategina erregelamendu bidezko garapenari lotzen zaizkio, garapen profesionalaren osagarria ordaintzeko gainditu beharreko parametroak eta urteko jarduna ebaluatzeko modua zehazteko, bai eta maila eta eskala bakoitzari dagozkion zenbatekoak zehazteko ere. Halaber, legeak eta legegintzako dekretuak aurrez zehazten dituzte eskala bakoitzeko beheragoko mailei dagozkien garapen profesionalaren osagarriaren zenbatekoak 2020. urterako, eta zehazten dute zenbateko horiek osagarri horri dagokion zenbateko osoaren % 25 izango direla, ezarpen-aldia amaitzen denetik aurrera. Era berean, ehuneko hori urtez urte pixkanaka handitzea aurreikusten dute ezarpen-aldian zehar.

Karrera profesionaleko sistema ezartzeko ekainaren 27ko 7/2019 Legearen mandatua aurreikusitako epean bete ez denez, arau-garapena aurreikusitako epe horretan egin izan balitz beteko ziren egoerei erantzuteko irizpide zehatzak ezartzen dira. Epe horren atzerapenean, eragina izan du tratatu, erabaki eta negoziatu beharreko gaien konplexutasunak.

Dekretu honen bidez, lege-mandatua betetzen da, garapen profesionalaren diseinu egoki batekin. Horri esker, bateratu egingo dira, batetik, Ertzaintzak erakunde gisa dituen antolaketa-premiak eta, bestetik, langile bakoitzak egitura horretan aurrera egiteko dituen interes indibidualak. Horrela, garapen profesionala Segurtasun Sailaren lehentasunezko helburu estrategiko gisa ezartzen da giza baliabideen arloan.

Helburu horrek garrantzi handia du Ertzaintzaren kasuan, ez baitago langileen absentziak ordezkatzeko aukerarik; horregatik, funtsezkoa da lanean inplikazio-maila handiagoa duten langileak nolabait aintzat hartzea.

Segurtasun publikoaren eremuan kudeaketa eraginkorra garatzeko, profesionalek motibatuta parte hartu behar dute, etengabe garatu behar dira delitu-prebentzioaren eta -ikerketaren eremuan planteatzen diren erronka berrietan, eta ahaleginak egin behar dira ezagutzak etengabe eguneratzeko eta dauden baliabideak modernizatzeko, Ertzaintzaren jardun-arlo guztietan emaitzarik onenak lortu ahal izateko.

Ertzaintzako langileen ekarpen hori planifikatu, kudeatu eta ebaluatu egin behar da, Segurtasun Sailak finkatuta dituen helburuei langile bakoitzak egiten dien ekarpen diferentziala berariaz aitortu ahal izateko. Esparru horretan, pizgarri-, motibazio- eta aitormen-sistema bat ezartzen da, Ertzaintzaren helburuetan lortutako bikaintasun profesionalean oinarritua, horrela, ertzainen lanaren kalitate-mailak handitzeko.

Garapen-sistema horrek aukera emango die Ertzaintzako langileei beren ezagutza, trebetasun eta jardunengatik profesionalki dagokien mailan kokatuko dituen garapen-sistema batean beren borondatez parte hartzeko. Hori pizgarria da gaitasun pertsonalak eta motibazio-maila pixkanaka garatzeko, etengabeko prestakuntzari eta hobekuntzari dagokienez, eta erakundeari egiten dioten ekarpen bereizgarria ebaluatzea eta aitortzea ahalbidetuko du.

Eta, era berean, garapen profesionalerako sistema aukera bat da polizia-zerbitzuen kudeaketa hobetzeko; izan ere, Ertzaintzari eta bertako langileei efikazak eta efizienteak izateko konpetentziak eta portaerak emateko kudeaketa-sistema bat da, horrela, herritarrei eskaintzen dieten zerbitzua etengabe hobetzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen testu bateginaren 125. artikuluan ezarritako negoziazio-mahaian, nahitaezko negoziazioa egin da, eta Ertzaintzaren Kontseiluak dagokion txostena egin du.

Horrenbestez, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, eta Gobernu Kontseiluak 2021eko uztailaren 20an eginiko bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, hau

XEDATZEN DUT:
KAPITULUA
GARAPEN PROFESIONALERAKO SISTEMA ERTZAINTZAN

1. artikulua.– Xedea eta esparrua.

1.– Dekretu honen xedea da Ertzaintzako langileen garapen profesionalerako sistema ezartzea lan-jardunean, jarduerak eta jokabide profesionala baloratzearen ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen testu bateginaren IV. tituluaren IV. kapituluan aurreikusitakoaren arabera.

2.– Arautzen den garapen profesionalerako sistemaren eremu subjektiboa zerbitzu aktiboko edo bigarren jarduerako administrazio-egoeran dauden Ertzaintzako langileak dira, hargatik eragotzi gabe garapen profesionalaren osagarriari buruz dekretu honetan aurreikusitakoa.

3.– Sistema hori independentea da karrera profesionalerako beste aukera batzuen aldean, hala nola barne-sustapenaren edo espezialitateetara sartzeko aukeren aldean; izan ere, bi horiek bateragarriak dira lortutako garapen-maila ebaluatu eta aitortzeko, dekretu honetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan aurreikusitako zehaztapenen arabera.

4.– Mailakatzeko eta jarduna ebaluatzeko, prozeduran alegatu eta egiaztatzen diren alderdiak aintzat hartu eta baloratu edo ebaluatuko dira, deialdian zehaztutako moduan eta datan, eta ez da beharrezkoa izango dagoeneko Giza Baliabideen Zuzendaritzan daudenak egiaztatzea.

2. artikulua.– Helburuak.

Hauek dira garapen profesionalerako sistemaren helburuak:

a) Ertzaintzako funtzionarioak inplikatzea Ertzaintzaren helburuen eta funtzionarioen igurikimenen arteko konbergentzia-maila handia lortzeko, langile horien hazkunde profesionalak polizia-zerbitzua hobetzen lagun dezan.

b) Hobekuntza profesionalerako jarrera indibidual iraunkorra sustatzea, ertzainei erantzukizun konplexuagoak eta zorrotzagoak eskainiz epe ertain edo luzerako ikuspegiarekin.

c) Ertzaintzako funtzionario bakoitzak arlo hauetan egindako ekarpena aitortzea: jardun profesionala hobetzea; gaikuntza eta kualifikazio profesionalaren maila hobetzea; edo Ertzaintzaren helburuekiko inplikazio-maila eta konpromiso pertsonala hobetzea.

d) Pertsonen kudeaketa integratuaren barruan, tresna bat izatea, Ertzaintzako funtzionarioak beren garapenean bertan eta erakundearen etorkizuneko beharren arabera orientatzeko.

3. artikulua.– Garapen profesionalerako sistema Ertzaintzan.

1.– Ertzaintzako garapen profesionalerako sistemak bi fase ditu:

Mailakatzeko fasea, antzinatasunaren eta dagokion eskala profesionalaren arabera.

Jardunaren urteko ebaluazioaren fasea; fase hau gainditu egin behar da, garapen profesionalaren osagarria jasotzeko.

2.– Garapen profesionalerako sistema ondoz ondoko bi alditan ezarriko da:

Ezarpen-aldia: 2023ko abenduaren 31ra arte.

Aldi arrunta: 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera.

3.– Ezarpen-aldian, mailaketarako deialdi bakarra egingo da, hiru hilabeteko epean, dekretu hau argitaratzen denetik hasita, eta 2020ko urtarrilaren 1etik 2023ko abenduaren 31ra bitarteko aldiari dagokio.

4.– 2023an, mailaketarako bigarren deialdia egingo da, eta, hortik aurrera, mailaketarako hurrengo deialdiak urtero egingo dira.

II. KAPITULUA
ERTZAINTZAKO GARAPEN PROFESIONALERAKO SISTEMAN SARTZEA

4. artikulua.– Mailaketa.

1.– Garapen profesionalerako sisteman sartzea borondatezkoa da, eta mailaketa-prozedura batean parte hartzeagatik gertatzen da. Prozedura horretan parte hartzeko, betekizun hauek bete behar dira:

a) Ertzaintzako karrerako funtzionarioa izatea eta zerbitzu aktiboan edo bigarren jarduerako egoeran egotea Ertzaintzako edozein kategoriatan eta eskalatan deialdiaren egunean, hargatik eragotzi gabe ezarpen-faseko mailaketa-prozesurako zehaztutakoa.

b) 5. artikuluan maila bakoitzerako ezarritako antzinatasun-urteak beteta izatea Ertzaintzan. Ondorio horietarako, betekizun hori betetzat joko da kasu bakoitzean dagokion mailara iristeko behar den zerbitzu-urte kopurua betetzea aurreikusita dagoen urtearen hasieran, eta urte horretan bertan antzinatasuna benetan betetzearen mende egongo da neurri hori.

c) Dagokion eskabidea egitea, ezarritako formalitateen arabera eta epean.

2.– Sisteman sartu ondoren, goragoko mailara baino ezin izango da aldatu mailaketa, hargatik eragotzi gabe dekretu honetan mailaketa galtzeari buruz aurreikusitakoa.

3.– Beste eskala bateko kategoriara igotzeak ez du eraginik izango aitortuta duen mailaketan, baina ordainsarien ezaugarriak eskala berriari dagozkionak izango dira, hurrengo urteko urtarriletik aurrera.

5. artikulua.– Tipologia profesionalak eta garapen profesionalaren egitura.

1.– Garapen profesionala ebaluatzeko, bost tipologia profesional ezarri dira, eta horiek bat datoz Ertzaintzan dauden bost eskalekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen testu bateginak eskala bakoitzari esleitzen dizkion atazekin.

2.– Dekretu honetan araututako garapen profesionalerako sistema lau mailatan dago egituratuta, Ertzaintzaren eskala orokorren arabera (oinarrizkoa, ikuskapenekoa, betearazpenekoa eta goi-mailakoa), edo fakultatiboen eta teknikarien eskalaren arabera, Ertzaintzan maila horietako bakoitzera sartzeko beharrezkotzat jotzen diren antzinatasun-urteak aintzat hartuta; honela zehatuko dira:

(Ikus .PDF)

3.– Ertzaintzako antzinatasuna zenbatzeko, zerbitzu aktiboan eta bigarren jarduerako egoeran emandako denbora hartzen da kontuan, praktiketako funtzionario gisa igarotako denbora barnean dela. Era berean, egoera hauetan emandako denbora ere zenbatzen da: seme-alabak edo senideak zaintzeko eszedentzian; ordezkaritza-organo publikoetarako hauteskundeetan hautagai gisa parte hartzeko borondatezko eszedentzian; genero-indarkeriagatiko eszedentzian; nahitaezko eszedentzian; zerbitzu berezietan; eta beste administrazio publiko batzuetan emandako zerbitzuen administrazio-egoeran. Zerbitzu aktiboaren edo bigarren jardueraren egoera aldatzen ez duten lizentziek eta baimenek ez dute antzinatasunaren zenbaketa eteten.

Ertzaintzan sartzeko prozeduran, praktiketako funtzionario izendatzeak –izangaiak Ertzaintzako karrerako funtzionarioaren izaera hartu du– ondorioak dituen egunetik aurrera hasiko da zenbatzen antzinatasunaren kontzeptua.

Falta arinagatiko eginkizun-etendurak ez du etengo antzinatasunaren zenbaketa. Falta astunen kasuan ere ez da antzinatasun-denbora murriztuko, baldin eta eteteko zehapena Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen testu bateginaren 146. artikuluko bosgarren apartatuan ezarritako modalitatearen bidez bete bada.

6. artikulua.– Deialdia eta eskabideak aurkeztea.

1.– Segurtasun Saileko Giza Baliabideen Zuzendaritzaren deialdiaren bidez hasiko da eskala bakoitzari dagokion garapen profesionaleko mailaketa-prozedura. Deialdi hori Gurenet intranet korporatiboan argitaratuko da.

2.– Deialdiak, gutxienez, prozesuarekin zerikusia duten beste alderdi batzuen artean, hauek zehaztu beharko ditu: parte hartzeko eskabidea betetzeko eta betekizunak eta merezimenduak egiaztatzeko epea eta bidea, eta deialdia ebazteko epea.

3.– Ertzaintzako funtzionario interesdunek Segurtasun Saileko Langileen Erregistroan jasota ez dauden merezimendu guztien egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte eskabidean.

7. artikulua.– Mailaketaren prozedura eta ebazpena.

1.– Giza Baliabideen Zuzendaritzak onartutakoen eta bazter utzitakoen zerrenda onartzen duen ebazpena onartu eta Gurenet intranet korporatiboan argitaratuko du.

2.– Deialdia egin eta gehienez ere sei hilabeteko epean, Segurtasun Saileko Giza Baliabideen Zuzendaritzak ebazpena emango du mailaketa-eskaerei buruz, bai eta eskala-igoeren kasuan ofizioz egin beharreko mailaketei buruz ere. Ebazpen hori Gurenet intranet korporatiboan argitaratuko da.

3.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta hurrengo artikuluetan xedatutakoaren arabera.

III. KAPITULUA
MAILAKETARAKO IRIZPIDEAK

8. artikulua.– Ezarpen-aldiko mailaketa.

1.– Ezarpen-aldiko mailaketa-deialdian, zeina Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko baita, 2021eko abenduaren 31n dagokion mailara iristeko dekretu honen 4. artikuluko betekizunak betetzen dituzten Ertzaintzako funtzionarioek baino ezin izango dute parte hartu. Horretarako, dekretu honen 4.1.b) artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.

Ertzaintzako langileek, zerbitzu aktiboko edo bigarren jarduerako administrazio-egoeretan 2019ko, 2020ko eta 2021eko ekitaldietan zerbitzuak eman ondoren, funtzionario-izaera galdu badute urte horietako batean eta ezarpen-aldiko mailaketa-deialdia argitaratu baino lehen –heriotzagatik, adinagatiko erretiroagatik edo ezintasun iraunkorragatik–, eta eskatutako antzinatasuna jada beteta badute 2020ko abenduaren 31rako edo 2019ko abenduaren 31rako, deialdian parte hartu ahal izango dute, dagokion eskabidea aurkeztu ondoren. Paragrafo honetan aipatutako pertsonen heriotzagatik bada, jaraunsleek kasuan kasuko eskabidea egin ahal izango dute, zuzenbide zibilaren arabera.

2.– Ezarpen-aldian egingo den mailaketa-deialdi bakarrean, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen testu bateginaren azken xedapenetako hirugarrenean xedatutakoarekin bat etorriz, bi faktore hauek hartuko dira kontuan: Ertzaintzan antzinatasuna, eta lana eta kualifikazio profesionala.

3.– Ertzaintzako antzinatasuna dekretu honen 5.3 artikuluan xedatutakoaren arabera zenbatuko da.

4.– Lana eta kualifikazioa honako alderdi hauen arabera baloratuko dira:

a) Egindako lana: egindako lantzat hartuko dira Ertzaintzako funtzionario gisa benetan lanean emandako zerbitzu-denboraldiak, bai zerbitzu aktiboan, bai bigarren jardueran, bai antzinatasunerako zenbatzen diren gainerako egoeretan.

b) Kualifikazio profesionala, prestakuntza- eta hobekuntza-ikastaroak barnean hartuta; titulazio akademiko ofizialak eta hizkuntzak.

c) Merezimenduzko jarduketak: baloratzekoak izango dira polizia-zereginaren aintzatespenerako dominak, polizia-zerbitzurako diplomak, diziplina-zehapenik ez izatea, ekitaldietan Ertzaintzaren ordezkari gisa parte hartzea, hobekuntza-jarduera, -lantalde edo -ekimenetan parte hartzea, edo goragoko kategoria bateko edo beste espezialitate bateko zerbitzu-eginkizunen esleipenduna izatea.

d) Erakundearekiko inplikazioa eta konpromisoa: baloratzekoa izango da zer inplikazio eta konpromiso pertsonal duen funtzionarioak Ertzaintzaren helburuei begira, hala islatuko baita lanean emandako denboran, helburuak lortzen eraginkortasunez laguntzeko bide gisa.

5.– Guztizko puntuazioari dagokionez, eskala bakoitzaren dimentsioak haztapen hauen arabera ebaluatuko dira:

(Ikus .PDF)

6.– Mailaketaren ebaluazioa gainditzeko, Ertzaintzako funtzionarioak % 50etik gorako puntuazioa izan beharko du bi ebaluazio-faktoreetako bakoitzean. Hori baloratzeko, dekretu honen 1. eranskineko A apartatuan ezarritako irizpideak aplikatuko dira.

7.– Mailaketa egiteko baldintzak betetzen dituzten langileei mailaketako maila bat edo bat baino gehiago esleituko zaie 2019. edo 2020. edo 2021. urteetako antzinatasun-urteen arabera, dekretu honen 5.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

9. artikulua.– Ezarpen-aldiko mailaketa.

1.– Bigarren deialdian eta hurrengoetan, mailaketa egiteko faktoreak hauek izango dira:

Jardun profesionala.

Gaitasun eta kualifikazio profesionala.

Erakundearekiko inplikazioa eta konpromisoa.

2.– Mailaketaren ebaluazioa gainditzeko eta maila jakin bat lortzeko, Ertzaintzako funtzionarioak % 50etik gorako puntuazioa izan beharko du, hiru ebaluazio-faktoreetan lortutako puntuazioen baturatik aterata. Hori baloratzeko, dekretu honen 2. eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira.

3.– Hiru faktoreen haztapena honako hau izango da:

(Ikus .PDF)

4.– Eskatutako mailaketarako eskabidea ukatuz gero, beste mailaketa bat eskatzeko, bi urte igaro beharko dira deialdiaren datatik aurrera.

5.– Langileek eskatzen badute arestian aitortutakoa baino maila handiagoko mailaketa bat, bakarrik baloratuko zaizkie parte hartzen duten mailaketa-deialdian zehaztutako datara arte lortutako merezimenduak edo inguruabarrak, eta, hala badagokio, mailaketaren bat aitortu zaien azken deialdian adierazitako dataren ondoren lortutakoak. Ezein kasutan ezin izango dira kontuan hartu beste prozedura batzuetan jada baloratu diren merezimenduak edo inguruabarrak, baldin eta prozedura horietan mailaketaren bat lortu bada.

10. artikulua.– Jarraipen-batzordea.

1.– Ezarpen-aldiaren ondoren, mailaketa-deialdi bakoitzaren aurretik, jarraipen-batzorde aholku-emaile bat eratuko da, gai hauetarako prozedura aztertzeko:

Egindako aurreko deialdia ebaluatzea, eta, hala badagokio, sistemaren kudeaketa hobetzea proposatzea.

Deialdi bakoitzaren definizioa eta plangintza hobetzeko proposamenak egitea.

2.– Jarraipen-batzorde hori zazpi kidek osatuko dute: Administrazio eta Zerbitzuen sailburua izango da batzordeburua; bi, Giza Baliabideen Zuzendaritzakoak; beste bi, goi-mailako edo betearazpeneko eskaletakoak, eta sektore horretan egindako azken hauteskunde sindikaletan boto gehien lortu duten erakunde sindikal biek izendatuko dituzte beste biak, bana. Batzordearen osatzeko, gizonen eta emakumeen ordezkaritza orekatua bermatuko da, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/205 Legearen 20.4.b) eta 20.6 artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Segurtasuneko sailburuak izendatuko ditu batzordekideak, bai titularrak bai ordezkoak, eta Gurenet intranet korporatiboan argitaratuko dira izendapen horiek.

IV. KAPITULUA
MAILAKETAREN ONDORIOAK ETA GALERA

11. artikulua.– Mailaketaren ondorioak.

1.– Garapen profesionalaren maila jakin bat aitortzeak berekin dakar jardunaren urteroko ebaluazioa egitea, mailaketak irauten duen bitartean. Ebaluazioa gaindituz gero, garapen profesionalaren osagarria jasotzeko eskubidea emango du, eta urtero jasoko da produktibitate-osagarri gisa.

2.– Dekretu honen 14. artikuluan xedatutakoa alde batera utzi gabe, garapen profesionalaren osagarria mailaketa eskatu eta hurrengo urtean ordainduko da, baldin eta, maila onartzeaz gain, dagokion jardunaren ebaluazioa gainditu bada.

3.– Funtzionarioren bat bere mailaketakoa ez den beste eskala bateko kategoria profesional batean sartzen bada, Giza Baliabideen Zuzendaritzak ofizioz mailakatuko du eskala berrian, nahiz eta aitortutako antzinatasunaren arabera mailari eutsi, eta hurrengo urteko urtarriletik aurrera izango ditu ondorio ekonomikoak.

4.– Ezin izango da jaso eskala bateko baino gehiagoko garapen-osagarria aldi berean. Maila eta eskala jakin bateko mailaketa aitortzeak ondorerik gabe utziko du aurreko mailaketa, halakorik badago.

5.– Garapen profesionala aitortzeko, norberaren eskalari bakarrik egingo zaio erreferentzia, nahiz eta beste eskala batzuei dagozkien kategorietako eginkizunak edo lanpostuak bete.

6.– Aitortutako garapen profesionalaren maila baloratu daiteke lanpostuak betetzeko deialdietan edo barne-sustapeneko deialdietan.

12. artikulua.– Mailaketa galtzea.

1.– Aitortutako mailaketa arrazoi hauengatik galduko da:

Falta astun edo oso astunagatik 6 hilabete edo gehiago enplegua eta soldata etenda izatea.

Norberaren ardurapeko langileen ebaluazioa ez egitea, horretarako ezarritako epean, salbu eta horretarako arrazoi justifikaturik badago.

Ertzaintzako funtzionariotza galtzea.

Interes partikularrak direla eta, borondatezko eszedentzia hartzea.

2.– Segurtasun Saileko Giza Baliabideen Zuzendaritzak ebatziko du mailaketaren galera hori ebazpen arrazoitu baten bidez, eta ebazpen hori interesdunari jakinaraziko zaio.

3.– Ebazpen horrek ez dio amaiera emango administrazio-bideari, eta, berorren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta hurrengo artikuluetan xedatutakoaren arabera.

4.– Hurrengo urteko deialdian, funtzionarioak berriz ere eskatu ahal izango du eskuratutako mailaketa aitortzeko, kasu hauetan:

a) Lehenengo apartatuko a) letraren kasuan, zehapena bete ondoren.

b) Lehenengo apartatuko b) letraren kasuan, norberaren ardurapeko langileen ebaluazioa egiteko epea amaitu eta urtebete igaro ondoren.

c) Lehenengo apartatuko c) letraren kasuan, polizia-funtzionariotzarako birgaituz gero.

d) Lehenengo apartatuko d) letraren kasuan, zerbitzu aktibora edo bigarren jarduerako egoerara itzuliz gero.

V. KAPITULUA
JARDUNAREN EBALUAZIOA ETA GARAPEN PROFESIONALAREN OSAGARRIA

13. artikulua.– Jardunaren urteroko ebaluazioa.

1.– Urte naturalean zehar mailaketari eutsi dioten Ertzaintzako langileei hurrengo urtean jardunaren ebaluazioa egingo zaie manu honetan aurreikusitakoaren arabera, hargatik eragotzi gabe dekretu honen 14. artikuluan ezarpen-aldi osorako ezarritakoa.

2.– Jardunaren urteroko ebaluazioak alderdi hauek hartuko ditu kontuan: jokabide profesionala, erakundearen helburu estrategikoetarako laguntza, eta lan-ordutegia eta lan-asistentzia betetzea, haztapen honen arabera:

(Ikus .PDF)

3.– Giza Baliabideen Zuzendaritzak jardunaren urteroko ebaluazioa ofizioz egingo du, Segurtasun Sailburuordetzak erakundearen helburu estrategikoetarako laguntza baloratzeko nahitaezko txostena egin ondoren. Txosten hori urteko lehen hiruhilekoan emango da.

Ebaluatutako urtean zehar, langileek unitate batean baino gehiagotan lan egin badute, erakundearen helburu estrategikoetan emandako laguntza proportzionalki baloratuko da unitate horietako bakoitzean emandako denboraren arabera.

4.– Jardunaren urteroko ebaluazioan parte hartzeko, eutsi behar izan zaio ebaluatu beharreko urte osoan mailaketari, hargatik eragotzi gabe 15.5 artikuluan adierazitakoa; izan ere, kasu horietan, mailaketari gutxienez hilabete natural batez eutsi izana eskatuko da.

5.– Jarduna ebaluatzeko prozeduretan aplika daitezkeen irizpideak dekretu honen 1. eta 3. eranskinetan ezarritakoak dira, horietako bakoitzean adierazitako denboraldietan.

6.– Ebaluazio-aldian, behin-behineko eginkizun-etenduran dauden langileei ez zaie jardunaren ebaluaziorik egingo, harik eta diziplina-espedientea ebatzi arte, salbu eta, hala badagokio, aitortuta duten mailaketa galtzea dakarten inguruabarrak gertatzen badira.

14. artikulua.– Ezarpen-aldiari dagokion garapen profesionalaren osagarria.

1.– 2021. urtean, mailaketa-deialdi bakarra egingo da, 2020. urtetik 2023. urtera bitarteko aldiari dagokiona. Urte berean ordainduko zaie 2020. eta 2021. urteetako garapen profesionalaren osagarria mailaketa jaso duten eta 2019. edo 2020. urteko jardunaren ebaluazioa gainditu duten langileei, urte horiei dagozkien kasuetan, dekretu honen 1. eranskinaren arabera.

Dekretu honen 8.1 artikuluaren bigarren paragrafoan aipatutako langileei osagarria ordainduko zaie ofizioz, dekretu honen 15. artikuluaren arabera, mailaketa aitortzen bazaie eta dagokion urteko jardunaren ebaluazioa gainditzen badute.

2.– Ezarpen-aldiaren hurrengo ekitaldietan, epealdi horretarako aitortutako mailaren edo mailen araberako osagarria ordainduko da, betiere jardunaren ebaluazioa gaindituta.

3.– Ezarpen-aldiari dagokion garapen profesionalaren osagarria ordaintzeko, dekretu honen 15. artikuluko 4. eta 5. apartatuak eta 13. artikuluko 6. apartatua aplikatuko dira.

15. artikulua.– Garapen profesionalaren osagarria.

1.– Sortzapen-urteko garapen profesionalaren osagarria urte horri dagokion jardunaren ebaluazioa gainditu duten langileek jasoko dute. Ebaluazioa hurrengo urteko lehen lauhilekoan egingo da.

Garapen profesionalaren osagarria jasotzeko, 3. eranskineko irizpideen araberako jardunaren urteroko ebaluazioa gainditu beharko da, aitortutako garapen profesionalaren maila aintzat harturik.

2.– Garapen profesionalaren osagarria produktibitate-osagarriaren zati bat da, eta kontzeptu horretan epealdi batean jasotako zenbatekoek ez dute inola ere sortuko eskubide indibidualik hurrengo epealdiei dagozkien balorazioetan.

3.– Osagarri hori urte bakoitzeko maiatzean ordainduko da, aurreko urteko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarteko epealdiko jardunaren ebaluazioa gainditu ondoren.

4.– Garapen profesionalaren osagarriaren zenbatekoak, maila eta eskala bakoitzerako, dekretu honen lehenengo xedapen gehigarrian daude, hargatik eragotzi gabe, hala badagokio, zenbatekoak eguneratzea aurrekontu-legeek edo xedapen aplikagarriek xedatzen dutenaren arabera.

5.– Funtzionariotza galduz gero ebaluatu beharreko urtean hiltzeagatik, adina dela-eta erretiratzeagatik edo ezintasun iraunkorra izateagatik, baldin eta langileek dekretu honen 13.4 artikuluan adierazitako jardunaren ebaluazioa gainditzen badute (ebaluazioa hurrengo urtean egingo da), dagokien osagarria jasoko dute, zerbitzu aktiboan edo bigarren jardueran egindako denborarekiko proportzioan.

Ebaluatzen den urtean lanaldi-murrizketa edo norberaren gauzetarako baimena hartu bada, proportzionala izango da osagarriaren zenbatekoa benetako lanean emandako lanaldiaren arabera.

Zerbitzu aktiboa edo bigarren jarduera ez den beste administrazio-egoera batera igaroz gero, eta horregatik mailaketa galtzen ez bada, edo zerbitzu aktibora edo bigarren jarduerara itzuliz gero, produktibitate-osagarrien zenbatekoa proportzionala izango da administrazio-egoera horietan igarotako denboraren arabera.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Garapen profesionalaren osagarriaren zenbatekoak.

1.– 2020an:

(Ikus .PDF)

Fakultatiboen eta teknikarien eskala:

(Ikus .PDF)

Zenbateko horiek garapen profesionalerako sistemaren bigarren epealdia hasten denetik jaso beharreko zenbateko osoaren % 25 dira.

2.– Sistema ezartzeko aldiaren ondorengo urteetan, Ertzaintzako funtzionarioek, aitortutako mailaketan oinarrituta, eta jardunaren urteroko ebaluazio-fasea gainditu ondoren, garapen profesionalerako sistema ezartzeko bigarren aldia hasten den urtetik aurrera jaso beharreko guztizko zenbatekoaren gaineko ehuneko hauek sortuko dituzte:

2021. urtea % 50

2022. urtea % 75

2023. urtea % 100

Aurrekoarekin bat etorriz, % 100i dagozkion zenbatekoak hauek dira, nahiz eta, hala badagokio, eguneratu egin ahal izango diren, aurrekontu-legeek edo xedapen aplikagarriek xedatzen dutenaren arabera:

(Ikus .PDF)

Fakultatiboen eta teknikarien eskala:

(Ikus .PDF)

3.– 2024tik aurrera, Ertzaintzako funtzionarioek zenbatekoaren % 100 jasoko dute, aitortutako mailaketan oinarrituta, eta jardunaren urteroko ebaluazio-fasea gainditu ondoren, nahiz eta, hala badagokio, eguneratu egin ahal izango diren, aurrekontu-legeek edo xedapen aplikagarriek xedatzen dutenaren arabera.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Fakultatiboen eta teknikarien eskala.

1.– Dekretu honetan arautzen den karrera profesionaleko sistema fakultatibo eta teknikarien eskalari aplikatuko zaio.

2.– Fakultatibo eta teknikarien eskalan, beste eskaletarako ezarritako puntuazioa aplikatuko da, dagokion titulazio-taldearen arabera.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Epeak zenbatzeko irizpidea.

Aplikatzekoak diren eta berariazko formularik ezarrita ez duten hilabetekako zenbaketa guztiak honen bidez egingo dira:

(Ikus .PDF)
LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Egoera bereziak.

1.– Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendari nagusiak, urteko lehen hiruhilekoan, dekretu honen 13.3 artikuluan aipatutako nahitaezko txostena egingo du, erakundearen helburu estrategikoei laguntzeko faktoreak baloratzeko, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian irakaskuntzako, hautaketako edo prestakuntzako eginkizunak betetzen dituzten Ertzaintzako langileei dagokienez, eginkizun horiek bete dituzten denboran. Ebaluatutako urtean, eginkizun horiek gutxieneko hilabeteko iraupena izan behar izan dute.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian irakaskuntzako, hautaketako edo prestakuntzako eginkizunetan emandako aldiak norberaren kategoriaren arabera baloratuko dira.

2.– Jarduera sindikala lanaldi osoan egiteko baimena duten langileei atxikita dauden unitateko eskalan lortutako batez besteko puntuazioa emango zaie erakundearen helburu estrategikoetarako ekarpen-faktorearen puntuazio gisa, egoera horretan dauden bitartean.

BOSGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Publikotasuna eta datu pertsonalak.

1.– Mailaketa egiteko eta jardun profesionala ebaluatzeko prozeduretan ematen diren egintza eta xedapen guztiak Gurenet atarian argitaratuko dira.

2.– Datu pertsonalen tratamenduek baldintza hauek bete beharko dituzte: datu pertsonalen babesari buruzko egungo araudia; Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 Erregalamendua (EB), pertsona fisikoen babesari buruzkoa, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio eskeari dagokienez, eta Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa.

3.– Ezarritako segurtasun-neurriak bat datoz urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuak onartutako II. eranskinekoekin (Segurtasun-neurriak) –3/2010 Errege Dekretua, urtarrilaren 8koa, Administrazio Elektronikoaren eremuan Segurtasun Eskema Nazionala arautzen duena–.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Dekretu hau aplikatzeak, 2023an eta 2024an, absentismoa murrizketan eta Prebentzio Zerbitzuaren errefortzuan izan duen eragina baloratzeko, ohiko aldiaren hasieran, kontuan hartuko da ertzainak Prebentzio Zerbitzuaren esanetara jartzea aldi baterako ezintasun-egoeran badaude Akordio Arautzailearen 43.2 artikuluan ezarritako moduan. Ondorio horietarako, urteko jardunaren ebaluazioan, 2023ko eta 2024ko ordutegia eta laneratzea zenbateraino bete diren zehazteko, kontuan hartuko dira Prebentzio Zerbitzuaren txostenak; beraz, aldi baterako ezintasunaren jarraipenari buruzko aldeko txostenik badago, 30 puntuko gehieneko balioa zenbatuko da.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2021eko uztailaren 20an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala