Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

150. zk., 2021eko uztailaren 28a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
4211

AGINDUA, 2021eko uztailaren 6koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez Karrantza Haraneko (Bizkaia) Soscañoko Andre Mariaren eliza eta haren arkeologia-gunea, monumentu-multzo kategoriarekin, babes ertaineko kultura-ondasun izendatzen baita.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioko 148.1.16 eta Autonomia Estatutuko 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondareari dagokionez. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

Karrantza Haraneko (Bizkaia) Soscañoko Andre Mariaren elizak eta haren arkeologia-guneak kultura aldetik dituzten balio arkitektonikoa eta arkeologikoa ikusita eta haren balio kulturalean oinarrituta, eta indarrean dagoen legerian xedatutakoari jarraituz, Kulturako sailburuordeak erabaki zuen eliza eta haren arkeologia-gunea, monumentu-multzo kategoriarekin, babes ertaineko kultura-ondasun izendatzeko espedienteari hasiera ematea, 2021eko maiatzaren 10eko Ebazpenaren bidez (maiatzaren 19ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 97. zk.).

Espediente horren administrazio-izapidean, jendaurrean jarri zen espedientea, eta interesdunei entzunaldia emateko epea ireki zen, betiere lehen aipaturiko 6/2019 Legearen 12. eta 13 artikuluetan eta harekin bat datozen gainerako xedapenetan ezarritakoarekin bat etorriz.

Jendaurrean jarri eta interesdunei entzunaldia emateko izapidea irekita, ez zen alegaziorik aurkeztu.

Hori guztia dela eta, aipaturiko 6/2019 Legearen 18. artikuluan oinarrituz, aintzat hartuta Euskal Kultura Ondarearen EAEko Zentroko Zerbitzu Teknikoek egindako txostena, eta Kulturako sailburuordearen proposamenez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Kultura-ondasunaren babes-maila.

Karrantza Haraneko (Bizkaia) Andre Mariaren eliza eta haren arkeologia-gunea, monumentu-multzo kategoriarekin, babes ertaineko kultura-ondasun izendatzea. Ondorioz, agindu honek ezarritako berezko babes-araubidea eta Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean jasotako babes-araubide erkidea eta espezifikoa aplikatu behar zaizkio.

Bigarrena.– Kultura-ondasun babestuaren deskribapen formala.

Ondasuna Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistroan inskribatzea, agindu honen I. eranskinean agertzen den mugaketaren arabera, II. eranskineko deskribapenarekin bat etorrita eta III. eranskineko babes-araubide partikularra kontuan izanik, betiere Euskal Kultura Ondareari buruzko Legean ezarritakoa betetzeko.

Hirugarrena.– Kultura-ondasun babestua hirigintza-plangintzan sartzea.

Eskaera egitea Karrantza Haraneko Udalari higiezin hori babes dezan udal hirigintza-plangintzan sartuz.

Laugarrena.– Argitaratzea.

Izendatze-agindu hau argitara ematea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Agindua jakinaraztea.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak agindu honen berri emango die Karrantzako Asociación Gure Griña de Defensa y Conservación del Patrimonio Eclesiástico izeneko elkarteari, Bilboko Gotzaindegiari, Karrantza Haraneko Udalari (Bizkaia), Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailari eta Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko Sailari, bai eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari ere.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Jabetza-erregistroa.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak agindu honen berri emango dio jabetza-erregistroari, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 20. artikuluan ezarritakoaren arabera.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Kultura-ondasun babestuan esku-hartzeak baimentzea.

Oro har, Bizkaiko Foru Aldundiaren ardura izango da agindu honek babesten dituen kultura-ondasunetan egin beharreko esku-hartzeak baimentzea, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 33. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Hirigintzako lizentziak eman baino lehen, nahitaez lortu beharko dira monumentuari eragiten dioten obrak edo jarduerak egiteko aurreko apartatuan aipatu diren baimenak.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Karrantza Haraneko (Bizkaia) Udalari eskatuko dio udalaren hirigintza-araudia egokitzeko, babestutako ondasun higiezina babestu eta kontserbatuko dela bermatzeko beharrezkoak diren zehaztapenak jaso ditzan, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 47.3 artikuluan ezarritakoa betez.

XEDAPEN IRAGANKORRA.– Hirigintza-plangintza egokitzea.

Udal-plangintza agindu honetan ezarritako aldaketei egokitu arte eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak oniritzia eman arte, kultura-ondasun babestuen gainean egin beharreko esku-hartzeak egiteko, beharrezkoa izango da Bizkaiko Foru Aldundiaren organo eskudunen baimena eskuratzea, eta baimen hori udal-lizentzia baino lehen lortu beharko da.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoa.

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta, beronen aurka, interesdunek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, azken argitalpenaren hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bertan jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko uztailaren 6a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.

I. ERANSKINA
MUGAKETA

a) Mugaketa.

Mugaketak elizaren eraikuntzak eta haren inguruak osatzen duten unitate morfologikoa hartzen du.

Hala, mugaketa-eremua honako elementu hauek definitzen dute: iparraldean, Soscañoko errekaren eskuinaldea; hegoaldean, sarbideko plazatxoa 31. zenbakiko Soscaño etxearekin bereizteko horma; ekialdean, elizara sartzeko bidea; eta, mendebaldean, apaizetxeari lotutako lursailaren muga.

b) Mugaketaren justifikazioa.

Proposatutako mugaketa tokiko kultura- eta ingurumen-balioak babestu beharrak justifikatzen du, bai egungo eraikuntzari dagokionez, bai aurreko tenpluaren hondakinei eta nekropoliari dagokienez.

Mugaketak egungo eliza kokatuta dagoen lurzatia babestea dakar, baita elizaren ekialdean eta iparraldean dagoen berdegunea ere, elizarako sarbidearen bi aldeetako arteen bidez mugatuta, bilera-leku zibil eta erlijioso horren berezko izaera zaintzeko eta balioa emateko.

Hori dela eta, ezarritako mugaketak, eraikina bera ez ezik, erantsitako planoaren gainean definitutako eremu mugakidea ere hartzen du, hau da, eraikin-multzoa eta hari lotutako belardia, lurpean dauden hondakin arkeologikoen ondoan.

(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
DESKRIBAPENA

Arkitektura erlijioso garaikidearen adibide da Soscañoko Andre Mariaren eliza; XX. mendeko eliza bat da, leku historiko baten gainean kokatua. Bertan, XVI. mendeko eliza zaharraren aztarnak dokumentatu dira, baita VIII. mendetik XI. mendearen lehen erdialdera bitarteko tarte kronologiko luzeko materialez osatutako nekropoliaren aztarnak ere.

Elizaren bolumena multzoaren goiko aldean eraikita dago, BI-3622 errepidetik nahiz hilerritik igotzen den bidezidorretik zuzenean iristen den plazatxo baten ondoan. Inguruan artadi bat, iturri bat eta erreka baten sorrerak definitutako trazadura dago.

Eliza oinplano sakoneko tenplua da, oinplanoan markatutako gurutzadura du, eta burualdea bost horma-ataletan amaitua. Fatxada nagusia elizaren oinaldean dago, dorre berezi baten azpian. Dorre hori hiru arku zorrotzek zulatzen dute, horietako bat, sarrera nagusikoa, kareharrizko harriz egina.

Alboetako fatxadek baoak dituzte kontrahormen artean, Erdi Aroko bao gotiko zorrotzaren interpretazio modernoa proposatzen duen traza bati jarraituz. Beirate soilez itxita daude, eta kolore urdinak, gorriak eta berdeak konbinatzen dituzte.

Sarrera nagusiko arku lantzeolatu horren gainean, formalki eta eraikuntza aldetik hari lotuta, Mirarietako Ama Birjinaren kareharrizko irudi bat dago.

Elizaren itxitura-hormen aparailua harlangaitzezkoa da, hareharrizko harri itsatsiz egina, eta harlanduz eta kareharrizko errematez egina dago. Horien bidez, elizaren baoen forma berezien eraikuntza mugatzen da. Emaitza horrek efektu estrukturala eta kromatikoa lortzen du, eta hori berrikuntza bat da garaiko arkitektura erlijiosoaren hizkuntzan, eklektizismoak ezarritako tradizioa gainditzera bideratua.

Barrualdean, elizak habearte bakarra du, guztia maila berean, lau ataletan banatuta eta gurutze-ganga batez estalia. Barruko espazioan bi kapera daude gurutzadura gisa, eta bost horma-ataleko abside poligonala. Oro har, ondo argitutako espazio erlijiosoa da.

Gangaren egitura zutabe faszikulatuen bidez egindako harroinen gainean bermatuta dago; hain zuzen ere, zutabe horien kapitelen garaierak, proportzioak eta landare-dekorazioak estilo neogotiko, moderno eta esentzializatuaren interpretazioa proposatzen du, eta hizkuntza modernistaren baliabideak sartzen ditu.

Hormen jatorrizko diseinuak, azaleko akabera gisa, harrizko piezakatze baten trazadura hartu zuen, lerro gorriz egina, gaur egun desagertuta dagoena, eta, espazioaren karakterizazioan duen eraginagatik, berreskuratu egin beharko litzatekeena. Horretarako, lehenengo eta behin, analisi kromatikoa egin beharko litzateke kolore eta pigmentu jakin batzuk hautatzeko, hain zuzen ere bateragarriak izango direnak elizaren hormak estaltzeko hasieran erabili ziren kolore eta pigmentuekin.

Aitortutako multzoaren zati dira honako elementu hauek, egungo Elizaren eraikinaren garaikideak direlako, modu finkoan lotuta daudelako eta eraikinaren erabilera bereizgarriari lotutako elementuak direlako, eta, halaber, tenpluaren itxura eta giroa hobetzen eta aberasten laguntzen dutelako:

Bataiontzia eta bedeinkatze-ontziak, biak marmol beltzez eginak; beirateak; zurezko konfesatokiak, erretaulak eta gurutze-bidearen egonaldiak; barruko kapitelen eta ateetako atalaseen motibo apaingarriak, igeltsuz eraikiak; eta jatorrizko kanpandorreko bi kanpaiak.

Era berean, monumentu-multzoaren izendapenari lotutako ondasun higigarritzat hartzen da Soscañoko Mirarietako Andre Mariaren tailu erromaniko-gotikoa, zeina, egungo eraikinaren garaikidea ez bada ere, ondasun higiezinetik bereiztezintzat hartu behar baita, balio artistikoak dituen elementu bat delako eta lekuaren historiari eta harekin lotutako kolektibitateei lotutako balio esanguratsuak dituelako.

Kanpoaldean, eraikinak arkupe bat du, dorrearen ondoko sarrera nagusia estaltzen duena, bai eta ekialdeko alboko fatxadan zehar ere.

Elizak korua du, habeartearen oinaldean dagoen goiko solairu batean, eta bertara iristeko eskailera bat dago, beheko solairuan hasten dena, burdin sarez inguratutako ataritik.

Eraikinaren proiektua Manuel María de Smith Ybarra arkitektoak idatzi zuen, eta zimendatze-planta bat sartu zuen, ondo landutako zapata jarraituak dituena, itxituren hormen azpian zein arkupeen itxituraren azpian, arkitektoak berak aurreko tenpluan egiaztatu eta dokumentatu zituen finkatze-arazoak konpontzeko. Hala ere, egungo elizaren eraikinak pitzadura bat du, zimendatze-zoruaren mugimenduei lotuta, eta konponketa-prozesuan dago.

Ekialdeko fatxadan, Soscañoko elizaren bolumena atal itxi batekin osatu zen; atal hori alboko ataripean txertatuta zegoen, eta landa-eskola zen. Gainerako eraikuntzetan bezala, diseinu modernistako elementuak sartu ziren bertan. Ekipamendu-erabilera zuten eraikinak eraikitzea izan zen estilo berriak arkitekturan sartzeko bide bat, bai eta modernismoaren eragina agerrarazteko moduetako bat ere.

Inguruko espazio libreari dagokionez, zelai edo belardi batek inguratzen du eliza; hain zuzen ere, han egin izan dira Karrantza Haraneko kontzeju guztien batzarrak, eta, halaber, han egon ziren lehengo hilerria eta aurreko tenpluaren zati bat ere.

III. ERANSKINA
BABES-ARAUBIDE PARTIKULARRA
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Babes-araubide hau justifikatuta dago Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 16. artikuluan ezarritako premian oinarrituta, eta Karrantza Haraneko Soscañoko Andre Maria eliza eta haren arkeologia-gunea Monumentu-multzo kategoriako Babes Ertaineko Kultura Ondasun deklaratzeko prozedurari hasiera eman izanagatik.

2. artikulua.– Arkeologia-eremuari dagokionez.

Kultura, Gazteria eta Kiroleko sailburuordearen 1997ko maiatzaren 5eko Ebazpenaren bidez (1997ko maiatzaren 30eko EHAA, 102 zk.), eliza hau kokatzen den eremua, besteak beste Karrantza Haranekoa, Balizko Arkeologia Gune izendatu zen, orduan agertzen ziren aztarnetan oinarrituta. Euskal Kultura Ondareari buruzko 6/2019 Legearen 65.1 artikuluan aipatutako azterketa egin ondoren, eta positiboa dela egiaztatuta, egokia da errealitate horrekin bat datorren babes-maila deklaratzea, aipatutako 65. artikuluaren 3. apartatuan ezarritakoarekin bat etorriz.

3. artikulua.– Aplikazio-eremua.

Ondoren zehaztuko den babes-araubidea I. eranskinean ezarritako mugaketaren barruan aplikatuko da, ebazpenaren II. eranskinean ezarritako deskribapenarekin bat etorriz.

4. artikulua.– Kultura-balioak.

1.– Karrantza Haraneko Soscañoko Andre Mariaren eliza izenarekin ezagutzen den elementuaren kultura-baliotzat jotzen dira, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 2. artikuluan ezarritakoaren arabera, kultura-ondasunaren aintzatespenerako eta belaunaldien arteko transmisiorako interesgarritzat hartzen diren eta garrantzia ematen dioten elementuak.

2.– Multzoaren kultura-balioak, ikuspegi historiko-arkeologikotik, eraikinaren lekuaren eta eraikinaren beraren historiari dagozkionak dira, eraikina eraiki zuen gizartearen historiari dagozkionak eta egungo eraikuntzaren aurretik eta ondoren espazioa erabili zutenen historiari dagozkionak. Osagai metatzailea da, eta gaur egungo eraikina eta aurreko tenpluaren aztarna arkeologikoak hartzen ditu, lurpean kontserbatzen direnak eta eremuan izandako gertakarien eta bizipenen berri ematen dutenak. Mota horretako balioak honako hauek dira:

– Estratifikazio historikoa, erabilera zibila eta erlijiosoa behin eta berriz berrerabili izanaren emaitza, kultura-estratuak dauden leku batean. Estratu horiek, hasiera batean, XI. mendearen erdialdeko materialekin bat etor daitezke, eta, gero, XIV. eta XVI. mendeetako geruzekin, eta, azkenik, XX. mendeko geruzekin, egungo eraikina eraikitzeko unearekin batera.

– Karrantza Haraneko kontzeju guztietako batzarrak biltzeko lekua izatea.

3.– Honako hauek dira elizaren kultura-balioak, artearen, teknikaren, arkitekturaren eta teknologiaren ikuspegitik:

– Balio morfologikoak, elizako eraikinaren konposizio- eta forma-balio bereziagatik; izan ere, atxikitako lurzatiarekin batera, paisaiarako unitate morfologiko interesgarria osatzen dute.

– Eraikuntza-izaerako balioak, zimenduetan, itxituretan, arotzerian, errementaritzan eta beiragintzan erabilitako eraikuntza-sistema, -soluzio eta -gauzatzeetatik eratorriak.

4.– Berritasunaren eta berezitasunaren balioa; izan ere, ekarpena egiten du hizkuntza formala bilatzeari dagokionez, eta, hain zuzen ere, hizkuntza formal horrek askatu egiten du arkitektura, oro har, garai hartan nagusi zen eklektizismotik, eta arkitektura erlijiosoa, zehazki, estilo neo-Erdi Arokotik eta historizistatik. Ondorioz, beste planteamendu batzuk proposatu zituen, arkitekturaren historiaren garai hartan modernismoaren bidez agertzen hasi zirenak.

5.– Zelaiaren paisaia-balioa. Bertan dauden harrizko hormen ertzetik igarotzen dira elizara heltzeko bidezidorrak, eta zelaia bidezidor horien trazaduratik eratortzen da, baita arte handiek (Quercus ilex) osatutako landare-masetatik ere. Zuhaitz horiek kontserbatu egin behar dira, eta horiek desagertzeak edo gaizki tratatzeak kalte egingo lieke monumentuaren paisaia-balioei.

5. artikulua.– Izaera loteslea.

Babes-araubide honetako aginduak lotesleak dira, eta higiezina araubide horren arabera kontserbatu beharko da. Era berean, araubide honetako preskripzioek hirigintza-, lurralde- eta ingurumen-antolamenduko tresnak lotzen dituzte. Tresna horiek araubide honetara egokitu beharko dira, eta babestutako kultura-ondasunaren babesa eta kontserbazioa bermatzeko behar diren zehaztapenak jaso beharko dituzte, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 47.3 artikuluak aurreikusten duen bezala. Aipatutako lege-agindua betetzeko, tresna horiek Eusko Jaurlaritzan kultura-ondarearen eskumena duen sailaren aldeko txostena izan beharko dute.

6. artikulua.– Preskripzio orokorrak.

1.– Babes-araubide honek babesten duen ondasuna Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoaren mende egongo da baimen, erabilera, jarduera, defentsa, zehapen, arau-hauste eta bestelakoei dagokienez.

2.– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 29. artikuluak ezartzen duenez, babes-araubide honen eraginpean dagoen ondasunaren jabeek, edukitzaileek eta ondasunaren gaineko eskubide errealen gainerako titularrek nahitaez bete beharko dituzte hirigintzaren eta kultura-ondarearen arloan indarrean dagoen legeriak ezartzen dituen kontserbazio-, zaintza-, babes- eta erabilera-betebeharrak, haren osotasuna bermatzeko eta hura galtzea, suntsitzea edo hondatzea saihesteko.

3.– Babestutako kultura-ondasunaren titularrek beharrezkoa den informazioa eman beharko diete agintaritza eskudunei edo funtzionario arduradunei, bai eta haietarako sarbidea ere, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legea betearazteko. Halaber, ikertzaileek berariaz baimendutako ikertzaileei horiek aztertzen utzi beharko diete, bai eta bisita publikoa egiten ere, 6/2019 Legearen 32.2 eta 32.3 artikuluetan adierazitako baldintzetan.

4.– Babestutako ondasuna osorik edo zati batean eraitsi ahal izango da, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 51. artikuluan xedatutakoaren arabera.

II. KAPITULUA
ESKU HARTZEKO ARAUBIDEA
1. ATALA
ESKU HARTZEKO ETA KONTSERBATZEKO IRIZPIDE KOMUNAK

7. artikulua.– Esku-hartzeak baimentzea.

Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 33. artikuluan ezarritakoaren arabera, babes-araubide honen eraginpeko kultura-ondasunaren gaineko esku-hartzeek Bizkaiko Foru Aldundian kultura-ondarearen arloko eskumena duen organoaren baimena beharko dute. Era berean, eta lege horren 46. artikuluak ezartzen duen bezala, baimena nahitaezkoa izango da hirigintza-lizentziak eman aurretik.

8. artikulua.– Esku hartzeko irizpide orokorrak.

Babestutako ondasunaren gaineko esku-hartzeek zientziaren eta teknikaren bitarteko guztien bidez bermatuko dute haren ezagutza, kontserbazioa, zaharberritzea eta birgaitzea, haren balioa nabarmentzeko, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 34. artikuluan ezarritakoaren arabera, babes-araubide honetan zehaztu ez den guztian.

9. artikulua.– Araudi sektoriala eta Irisgarritasun-araudia aplikatzea.

1.– Indarrean dagoen araudi sektoriala betetzera bideratutako esku-hartzeak baimenduko dira, babes-araubide honetan finkatutako jarduketa-mugekin, betiere eta, nolanahi ere, babestutako ondasunaren kultura-balioak kaltetu gabe, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 34.10 artikuluak ezartzen duen bezala.

2.– Irisgarritasunari dagokionez, eta Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 16. eta 32. artikuluetan ezarritakoa betez, arrazoizko doikuntza eta proposamen batzuk aurreikusten dira mugikortasun urriko pertsonek modu autonomoan sartzeko aukera izan dezaten, betiere egiten diren jarduketak bateragarriak badira ondasunaren kultura-balio babestuekin. Horri dagokionez, elizpearen tenplurako sarreran eta elizpearen kanpoaldeko sarbidean egingo dira egokitzapenak irisgarritasunari dagokionez. Honako hauek egin daitezke:

– Atalaseen irtengunea lautu, babestutako ondasunaren balioekin bateragarriak diren eta itzulgarritasun izaera duten materialez egindako arrapalen bidez.

– Kanpoko oinezkoentzako ibilbide irisgarri bat gehitu, zapaldutako lurrekin, oinezkoak atariraino modu egonkor eta seguruan igarotzeko behar den trinkotzearekin. Ezin da zoladura zurrunik jarri.

3.– Irisgarritasuna bermatzeko esku-hartze horiek edo beste batzuk gauzatzea planteatzen bada, proiektu tekniko baten bidez zehaztu eta justifikatu beharko dira, jarduketa posiblearen bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa frogatzeko, bai eta babes-araubide honen 12. artikuluan ezarritako ondasunaren eta babestu beharreko elementuen kultura-balioei eusteko ere. Horretarako, Foru Aldundiari dagokio proiektuaren edukia zehaztea eta esku-hartzea baimentzea.

10. artikulua.– Esku-hartzearen proiektua eta memoria.

1.– Babes-araubide honen eraginpeko ondasunaren balioei eragiten dieten esku-hartzeek proiektu tekniko espezifiko bat izan beharko dute, ondasunaren eta esku-hartzearen beraren izaerarekin bat datorrena. Proiektu hori ondasunaren titularrak aurkeztu beharko dio foru-aldundian kultura-ondarearen eskumena duen sailari, onar dezan, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 35. artikuluan ezarritakoaren arabera.

2. ATALA
ESKU HARTZEKO BERARIAZKO BABES-ARAUBIDEA

11. artikulua.– Esku hartzeko berariazko irizpideak.

Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 43.1 artikuluan ezarritakoa betez, babes-araubide honen eraginpeko ondasunean egiten diren esku-hartzeen helburua eraikuntza-sistema guztiak lehengoratzea izango da.

Era berean, eraikinean onar daitekeen erabilerari dagokionez, erlijio-erabileraz gain, kultura-erabileretara eta erabilera zibikoetara bideratutako konkurrentzia publikoko erabilerak bateragarriak dira ondasunarekiko, betiere ondasunaren benetakotasunari eta osotasunari kalterik egiten ez badiote.

12. artikulua.– Babestutako kultura-ondasunetik babestu beharreko elementuak.

Babestutako kultura-ondasunetik babestu beharreko elementuak honako hauek dira:

– Karga-egitura nagusia: zimenduak, kargatzeko elementu bertikalak, hormak eta fatxadak, pilastrak eta kontrahormak, gangak, nerbioak, plementeria, arkuak eta arbotantea.

– Sare-formako egitura nagusi bertikala, kolomak eta zutabeak, eta koruaren eta kanpandorrearen sareta-egitura horizontala, habeekin, gapirioekin, zertxarekin, txintxekin eta kargategiekin.

– Estalkiaren egitura nagusia: zertxak, besoak, uhalak, besoak, pareak eta kabioak.

– Estalkia, isurialde triangeluarrekin eta materialekin, teilatu-hegalekin eta erlaitzekin.

– Fatxadak, hormak, baoak, moldurak, apaingarriak eta tailatze- eta lantze-lanak, testurak eta aparailuak barne.

– Kanpoaldeko baoak, osorik hartuta, leihoak eta ateak, eta horien konformazio-zatiak, arkuak, ateburuak, inpostak eta kargategiak, bai eta horien moldurak, dobelak eta giltzarriak ere.

– Ate eta leihoetako arotzeria, egurrezkoa nahiz burdinazkoa, eta beirate guztiak.

– Korura sartzeko eskailera eta koruko baranda.

13. artikulua.– Babestutako kultura-ondasunaren elementu degradatzaileak.

Elementu degradatzaileak dira, eta horien gainean energia-horniduren instalazio, zutoin eta kableen kutsadura bisuala edo pertzepziozko kutsadura arintzeko neurriak txertatu behar dira.

Halaber, elementu degradatzailetzat jotzen dira elizaren ekialdean dauden mahaiak eta erretegiak.

14. artikulua.– Babestutako kultura-ondasunean esku hartzeko berariazko zehaztapenak.

1.– Oro har, ez da baimenduko higiezinaren balio historiko-arkitektonikoei kalte egiten dien esku-hartzerik, ez aztarna arkeologikoei, ez babestu beharreko elementuei kalterik eragiten dienik, ez eta babes-araubide honetako beste edozein xedapenen aurka doan esku-hartzerik ere. Aitzitik, baimendutako esku-hartzeak eraikuntzaren elementu tipologikoak, formalak eta egiturazkoak errespetatzen dituztenak izango dira.

2.– Horretarako, jarraian, babestutako ondasunean eta babestu beharreko elementuetan aplikatu beharreko esku-hartze araubidearen berariazko zehaztapenak aipatzen dira, babes-araubide honetako 12. artikuluan definituta daudenak:

a) Eraikinaren bolumena ezin izango da aldatu, ezta azalera aldatu ere, baldin eta aldaketa horiek jatorrizko eraikinari erantsitako eraikinak badakartzate, edo oinplanoaren luzera edo zabalera handitzea badakarte. Halaber, ez da onartzen estalkiaren jatorrizko antolamendua aldatzea.

b) Fatxaden egungo osaera eta materialak, fatxaden osagaiak eta apaingarriak mantendu behar dira, bai eta fatxadako bao kopurua ere, eta bao horien jatorrizko forma, tamaina eta proportzio guztiak ere mantendu behar dira. Fatxadetan egiten den esku-hartze oro fatxadak eta fatxadetako konposizio- eta apaindura-elementuak berreskuratzera eta zaharberritzera bideratu behar da.

c) Jatorrizko arotzeriako edozein elementu zaharberritu behar da, hala fatxadako baoetan nola ateetan, errementeriakoak, hala nola barandak, apaindurazkoak, hala nola inpostak eta zokaloak, edo beste elementu interesgarri batzuk. Era berean, materiala jatorrizkoa ez den beste material batera aldatu duten arotzerietako jatorrizko materiala berreskuratu behar da.

d) Beirateak zaharberritzean, ahalik eta esku-hartze txikienaren printzipioa beteko da. Gainazalaren tratamenduaren helburu nagusia beira kontserbatzea da, eta ez hainbeste korrosiozko produktuak eta biltegiak ezabatuz gardentasuna berreskuratzea. Beiratearen egitura sostengatzaileari dagokionez, haren kontserbazioa funtsezko helburua bada ere, ordezkapena onar daiteke, betiere jatorrizko beiraren kontserbazioaren alde.

e) Egoera txarrean dauden egitura-elementuak beste batzuekin ordeztea onartzen da, bai eta egituraren eta zimenduen osaeran egonkortasuna eta segurtasuna areagotzea dakarten beste operazio batzuk egitea ere, betiere eraikinaren egitura orokorrari eusten bazaio, egituraren material generikoari eta tipologiari dagokienez, eta finkatzeko eta indartzeko jarduketak onartzen dira, kontrol-agintaritzaren iritziz material-aldaketa partzialak eskatzen dituztenak, material-klasearen aldaketa eskatzen dituztenak, bai eta merkatuan eskuragarri dauden eta ondarearekin bateragarriak diren teknika bereziak aplikatzea ere.

f) Aldi berean, gangak sendotzeko eta pitzadurak josteko obrak baimendu ahal izango dira, betiere eraikuntza-sistemen arabera eta obra-lizentziaren kontrol-agintaritzak horretarako zehazten dituen materialekin egiten badira.

g) Jatorrizko obra arkitektonikoaren figuratibitatea berreskuratzeko, ekialdeko fatxadako arbotantea birkokatu beharko da.

h) Hormen gainazaleko akaberan, jatorrizko diseinua berreskuratu behar da. Diseinu horrek barne hartu zuen harrizko piezakatze baten trazadura, lerro gorriz egina, gaur egun desagertuta dagoena, eta, espazioaren karakterizazioan duen eraginagatik, berreskuratu egin behar da, elizaren hormak estaltzeko hasieran erabilitako koloreak eta pigmentuak aukeratzeko beharrezko den analisi kromatikoa egin ondoren.

i) Baimendu egingo dira 13. artikuluan zehaztutako elementu degradatzaileak edo 4. artikuluan zehaztutako kultura-balioak nahiz 12. artikuluan zehaztutako babestutako kultura-ondasunetik babestu beharreko elementuen balioak kaltetzen dituztenak ezabatzeko esku-hartzeak. Era berean, higiezinak kontserbatzeko eginbeharrari buruz aplikatu beharreko hirigintza-legeriak baimentzen dituen esku-hartzeak baimenduko dira.

j) Beharrezko instalazioak ahalik eta modu diskretuenean sartu beharko dira, eta erregistroak integratuta geratuko dira, 12. artikuluan zehaztutako eta zaindu beharreko elementuak ahalik eta gehien errespetatuz.

15. artikulua.– Babestutako kultura-ondasunaren ingurunea.

1.– Eraikinen ingurunean egiten diren esku-hartzeek multzo hori osatzen duten ingurumen- eta historia-alderdiak ezagutu beharko dituzte, eta bateragarriak izan beharko dute multzoa kontserbatzearekin eta balioztatzearekin. Mantentzeko, sendotzeko eta berreskuratzeko esku-hartzeek elementu kultural eta naturalei eragingo diete, hondakin arkeologikoen gainean kokatutako sail garaikide inbaditzaileak mozteko behar diren eguneratzeekin, lurpean ezkutatutako egituren kontserbazioa bermatu ahal izateko.

2.– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 50. artikuluan ezarritakoaren arabera, debekatuta dago babestutako kultura-ondasunean kutsadura bisual edo akustikoa eragiten duten elementuak instalatzea, monumentua behatzea eragotziz, zailduz edo distortsionatuz eta monumentuaren testuinguru-balioak degradatuz.

Horri dagokionez, I. eranskinean mugatutako ingurune babesturako, kutsadura bisual eta akustikoa sortzen duten elementu hauek definitzen dira, beren eraikuntza- edo diseinu-ezaugarriengatik kultura-ondasunaren nahasmendu bisual eta/edo akustikoa eragiten duten kasuetan:

– Eraikin berriak babestutako ondasunaren inguruan.

– Altuera, bolumetria edo distantziagatik monumentuaren pertzepzioa nahas dezaketen aldi baterako eraikuntzak edo instalazioak.

– Energia-hornidura, -sorkuntza eta -kontsumorako eta telekomunikazioetarako instalazioak, duten forma edo tamainagatik ingurune babestuan eragin garrantzitsua dutenak.

– Kultura-irisgarritasunarekin lotuta ez dauden errotuluak, seinaleak, hesiak eta kanpo-publizitatea jartzea, baldin eta babes-araubide honi lotutako ondasunaren kultura-balioak kaltetzen badituzte haien ezaugarriengatik eta kokapenagatik.

– Hiri-hondakinak biltzeko elementuak, duten tamaina handiagatik (zabor-edukiontziak) eta kokapenagatik babestutako kultura-ondasunaren pertzepzioa zaildu dezaketenak.

– Zarata-maila handiak sortzen dituzten eta monumentuaren pertzepzioa ongizate akustikoko baldintzetan oztopatzen duten jarduerak edo instalazioak.

16. artikulua.– Lotutako elementu higigarriak.

Aitortutako multzoaren zati dira honako elementu hauek, egungo Elizaren eraikinaren garaikideak direlako, modu finkoan lotuta daudelako eta eraikinaren erabilera bereizgarriari lotutako elementuak direlako, eta, halaber, tenpluaren itxura eta giroa hobetzen eta aberasten laguntzen dutelako: bataiaontzia eta bedeinkatze-ontziak, biak marmol beltzez eraikiak; gurutze-bidearen egonaldiak, konfesatokiak eta erretaulak, egurrez eginak; eta kanpandorreko bi kanpaiak, brontzez eginak, kultura-ondasun higiezinaren parte dira, eta kontserbatu egin behar dira. Horretarako, beharrezkoa den ikerketa egingo da esku-hartzeetan jarraitu beharreko irizpideak eta lan-metologia ezartzeko, elementu horien materialtasuna eta diseinua mantentzearren. Kasu bakoitzean, egindako esku-hartzearen txostena eskatu beharko du kontrol-agintaritzak.

Era berean, monumentu-multzoaren izendapenari lotutako ondasun higigarritzat hartzen da Soscañoko Mirarietako Andre Mariaren tailu erromaniko-gotikoa, zeina, egungo eraikinaren garaikidea ez bada ere, ondasun higiezinetik bereiztezintzat hartu behar baita, balio artistikoak dituen elementu bat delako eta lekuaren historiari eta harekin lotutako kolektibitateei lotutako balio esanguratsuak dituelako.

Haren gainean egiten diren esku-hartzeek Aldundiaren baimena izango dute, eta neurriak babesteko segurtasun-, biltegiratze-, esposizio- eta garraio-baldintzak bermatu beharko dituzte, hondatze- eta suntsitze-modu guztien aurka. Esku-hartzearen irismena memoria xehatu batean dokumentatuta geratuko da.

Lotutako ondasun higigarri horien lekualdaketa Eusko Jaurlaritzan kultura-ondarearen arloko eskumena duen sailak baimendu beharko du, aldez aurretik hala aholkatzen duen txostena eginda, dela segurtasun-arrazoiengatik, dela ondasunak oso-osorik kontserbatuko direla bermatzeko beharragatik.

3. ATALA
ONDASUN ARKEOLOGIKOETAN ESKU HARTZEKO BERARIAZKO BABES-ARAUBIDEA

17. artikulua.– Proiektu arkeologikoa egiteko betebeharra.

Babestutako eremuko lur azpian eragina izan dezakeen edozein lan edo esku-hartze egin aurretik, ikerketa arkeologikoko proiektu bat egin beharko da, eta horren emaitzak baldintzatuko du proiektatutako obra edo esku-hartzea gauzatzeko lizentzia ematea.

Landako ikerketa arkeologikoa amaitu ondoren, dauden ingurunean bertan agerian jarritako egiturak eta aztarna higiezinak integratzea sustatuko da, egin nahi den obra edo esku-hartzea egitura horien kontserbazioarekin bateragarri eginez.


Azterketa dokumentala