148. zk., 2021eko uztailaren 26a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (258 KB - 2 orri.)
- EPUB (223 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
IRAGARKIAK
Beste iragarki ofizial batzuk
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4181
IRAGARKIA, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez jendaurrean jartzen baitira abeltzaintza intentsiboko zenbait instalazioren ingurumen-baimen integratua berrikusteko espedienteak.
Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko legearen testu bateginaren arabera, ingurumen-baimen integratua behar da 1. eranskinean aipatzen diren jardueraren bat garatzen duten instalazioak eraikitzeko, muntatzeko, ustiatzeko, lekuz aldatzeko nahiz funtsezko beste aldaketaren bat egiteko.
Ingurumen-baimen integratuaren helburua da atmosferaren, uraren eta lurzoruaren kutsadura saihesteko baldintzak ezartzea, eta, hori ezinezkoa bada, kutsadura prebenitu eta kontrolatzeko sistema integratu bat ezartzea eta kutsadura hori gutxitu eta kontrolatzea behintzat, ingurumena ahalik eta gehien babesteko.
Aipatutako testu bateginaren 26. artikuluak agintzen duenez, ingurumen-baimen integratuak ofizioz berrikusi behar dira, baldin eta instalazio bateko jarduera nagusiari dagozkion teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak argitaratzen badira. 2017ko otsailaren 21eko Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Batzordearen 2017ko otsailaren 15eko 2017/302 Exekuzio Erabakia (EB), zeinaren bidez ezartzen baitira teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak, hegaztitegiko hegaztien edo txerrien hazkuntza intentsiborako Europako Parlamentuak eta Kontseiluak emandako 2010/75/EB Zuzentarauaren arabera.
Berrikuspena egiteko prozedura, bestalde, aipatutako testu bateginaren 26. artikuluan eta Industriako Emisioen Erregelamenduaren 15. eta 16. artikuluetan araututa dago (urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuak onartzen du Industriako Emisioen Erregelamendua, eta Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen du). Prozedura horretan xedatzen da, halaber, informazioa jendaurrean jarri beharra, gutxienez 20 eguneko epean.
Adierazitakoa dela eta, eranskinean zehazten diren espedienteak jendaurrean jarri behar dira, 20 egun balioduneko epean, iragarki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, egoki ikusten diren alegazio edo oharrak aurkezteko. Herritarrek eskuragarri izango dituzte espediente horiek, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-taula elektronikoan: https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa
Vitoria-Gasteiz, 2021eko uztailaren 5a.
Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,
JAVIER AGIRRE ORCAJO.