Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

144. zk., 2021eko uztailaren 21a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
4111

AGINDUA, 2021eko uztailaren 13koa, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuarena, gizarte-ekonomiako enpresen arteko lankidetzarako laguntzen deialdia egiten duena eta laguntza horiek arautzen dituena.

Gizarte-ekonomiaren arloan aplikatzen den doktrinaren arabera, gizarte-ekonomiako enpresen arteko lankidetza sozietate-mota horien nortasun-balioetako bat da, eta bere egiten du seigarren printzipio kooperatiboa. Agindu honen bidez, enpresa-aliantzak bultzatu eta lagundu nahi dira, hori azaltzen duten bi arrazoi intrintsekoetan oinarrituta: batetik, gizartearekin etikoki konprometituta dauden enpresen arteko elkartasuna eta elkarrekiko laguntza; eta, bestetik, aztertzea eta onura ekonomikoak lortzea, gizarte-ekonomiako enpresen arteko zuzeneko lankidetzako negozioen ondorioz.

Ekitaldi honetarako, diruz laguntzeko modukotzat hartzen dira baterako lanak egiteko eta lan horiek egingo dituzten erakunde berrietan gauzatzeko alorrak ikertzen dituzten azterlanak. Enpresa-egiturei buruzko jarduerak erregularizatu dira, eta berrikuntza gisa sartu da jasangarritasunaren eta ingurumenaren arloan enpresa-sinergiak bateratzeko pizgarria.

Gizarte-ekonomiako erakundeek bat egin ondoren sortutako lankidetza-enpresa berrietan bazkideak sartzeagatik laguntza-lerro berri bat abiarazi da. Aurreko ekitaldietan, bat-egite jakin batzuei laguntza eman zitzaien baliabide publikoekin, batez ere nekazaritzako elikagaien sektorean. Lortutako emaitzak aztertuta, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak dirulaguntza mota hori finkatzearen alde egitea erabaki du.

Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoko 2021. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen otsailaren 11ko 1/2021 Legea onartu ostean, deialdia finantzatzeko aurrekontu-kreditu nahikoa dagoela egiaztatuta, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluarekin bat etorriz, eta Lan eta Enplegu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko urtarrilaren 19ko 7/2021 Dekretuak ematen dizkidan eskumenen arabera, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen helburua da Eusko Jaurlaritzak, Lan eta Enplegu Sailaren bitartez, 2021eko ekitaldian gizarte-ekonomiako erakundeek enpresa-lankidetzarako ekintzak burutzeko eman ahal izango dituen laguntzak arautzea eta laguntza horietarako deialdia egitea.

2. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak dirulaguntzatzat hartuko dira, eta gastuak honako jarduera hauek finantzatzeko izango dira:

a) Lankidetza-proiektu bat lantzea eta ezartzea.

Lankidetza-akordioak egiteko aukeraren eta bideragarritasunaren inguruan egindakoak hartuko dira lankidetza-proiektutzat eta, besteak beste, gai hauei buruzkoak izango dira: ondasun eta zerbitzuen salerosketari buruzko lankidetza-tresnak ezartzea, berrikuntzarako estrategiak elkarrekin diseinatzea, kostua murriztea eta kalitatea hobetzea, teknologia elkarrekin erostea, baterako finantzaketa-tresnak erabiltzea, ingurumenaren arloan jasangarritasun-neurriak ezartzeko koordinatuta jardutea, eta, oro har, zerbitzuak batera kontratatzea.

b) Akordioak prestatzea eta formalizatzea, eta enpresak nahiz enpresak elkar-lankidetzan aritzeko egiturak sortzea.

c) Gizarte-ekonomiako enpresen bat-egitea prestatzea eta formalizatzea.

d) Gizarte-ekonomiako erakundeek bat egin ondoren enpresaren batean bazkide langile gisa sartu diren pertsona fisikoek kapital sozialari egindako ekarpena. Bat egindako edo xurgatutako erakundetik ez datorren kapital soziala bakarrik hartuko da kontuan.

e) EAEko gizarte-ekonomia ordezkatzen duten erakunde gorenek beren bazkideentzat egiten dituzten lankidetza-jarduerak, 2.1.a) artikuluan zehaztutako helburuetako bat betetzea ahalbidetzen edo errazten dutenak, bai eta elkartekideen artean elkarlanean diseinatutako mekanismoak eta tresnak ezartzea ere.

2.– Agindu honen indarrez diruz lagunduko diren jarduerak abian den urtean hasiko dira, eta 2022ko ekainaren 30a baino lehen amaitu.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta emakidaren muga.

1.– Agindu honen xedea betetzeko, ehun eta hamar mila (110.000) euroko gehieneko kopurua erabiliko da guztira, honela banatuta: hirurogeita hamar mila (70.000) euroko ordainketa-kreditua 2021eko ekitaldirako, eta berrogei mila (40.000) euroko konpromiso-kreditua 2022ko ekitaldirako.

2.– Agindu honetan ezarritako baldintzak eta irizpideak betetzen dituzten eskabideek izango dute dirulaguntza. Agindu honetan zehaztutako irizpideez kalkulatutako dirulaguntza guztiak batuta, xede honetarako baimendutako aurrekontu-zuzkiduraren zenbatekoa gainditzen bada, murriztu egingo da dirulaguntzaren zenbatekoa, eta, horretarako, gutxitze proportzional bat aplikatuko zaie onartu diren eskabide guztiei.

4. artikulua.– Pertsona eta erakunde onuradunak.

Agindu honetako laguntzak jaso ahal izango dituzte baldintzak betetzen dituzten erakundeek edo pertsonek, honako hauen arabera:

a) 2.1.a), 2.1.b) eta 2.1.c) artikuluetan jasotako jardueretarako: Batez ere Euskal Autonomia Erkidegoan diharduten kooperatiba-sozietateak, lan-sozietateak eta gizarte-ekonomiako enpresen arteko lankidetzarako egiturak.

b) 2.1.d) artikuluan jasotako jardueretarako: gizarte-ekonomiako enpresen bat-egite prozesuan xurgatzen diren erakundeetako bazkideak.

c) 2.1.e) artikuluan jasotako jardueretarako: enpresen familietan ordezkaritza handiena duten elkarteak eta gizarte-ekonomiako erakundeak, beren jarduera batez ere Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen dutenak.

5. artikulua.– Onuradun izateko betekizunak.

1.– Agindu honetako laguntzak lortu ahal izateko, pertsona eta erakunde onuradunek honako baldintza orokor hauek bete behar dituzte, egoki denean:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzea, Ekonomia eta Ogasun Sailak horretarako ezartzen duenari jarraikiz. Eskabidea aurkeztearekin batera, baimena ematen zaio Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari zuzenean azter dezan erakunde eskatzaileak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituen ala ez. Hala ere, baimena berariaz ukatu ahal izango da, eta, kasu horretan, eskatzaileak ogasun-agintaritzaren eta Gizarte Segurantzaren administrazio-instantziek eginiko ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu. Betebehar horiek egunean izatea nahitaezkoa da onuradun izateko, bai eta onuradun izaten jarraitzeko ere, onartutako dirulaguntza likidatu arte; hortaz, betebehar horiek betetzen direla egiaztatuko da dirulaguntza emateko unean eta ordainketak egiteko unean.

b) Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen zehapen penal edo administratiborik ez izatea, edo horretarako desgaitzen duen legezko debeku baten pean ez egotea. Halaber, agindu honetan aurreikusitako laguntzak pertsona eta erakunde onuradunei ematea eta, hala badagokio, ordaintzea, baldintzapean geratuko da; hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta horren organismo autonomoek emandako izaera bereko dirulaguntzen esparruan hasita dauden baina oraindik bideratzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak amaitzearen baldintzaren pean.

c) Laneko segurtasunari eta osasunari buruzko arauek ezarritako betekizunak betetzea, Prebentzio Zerbitzuen Arautegia onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuak xedatutakoaren arabera.

d) Hala badagokio, dirua itzultzeko betebeharra egunean izatea, bai eskabidea egiteko unean, bai ordainketen unean.

e) Entitate eskatzaileak erantzukizunez deklaratzea zer egoeratan dagoen administrazio honi edo beste administrazio publiko batzuei xede eta helburu berberaz eskatutako beste edozein laguntza (emanda, eskatuta nahiz izapideak egiten).

2.– Era berean, ezin izango dira agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradunak izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan aipatutako egoeraren batean dauden pertsonak edo erakundeak.

3.– Erakunde eskatzaileari dirulaguntza izateko eskubidea aitortzen bazaio, behar diren zabalkunde-neurriak hartuko ditu era egokian iragartzeko agindu honen kargupeko jardueren finantzaketa publikoa dela, eta, era berean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14. artikuluan jasotako gainerako baldintzak bete beharko ditu. Beharrezkoa da egindako jardueren justifikazio-memoria bat egitea, nahitaezkoa baita dirulaguntzaren bigarren ordainketa eskatzeko; memoria horretan, betebeharrak gauzatzeko hartu diren neurriak adieraziko ditu esplizituki.

6. artikulua.– Pertsona eta erakunde eskatzaileen betekizunak egiaztatzea.

1.– Eskabidearekin batera aurkeztuko duten erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, pertsona eta erakunde onuradunek deklaratu behar dute bete egiten dituztela aurreko artikuluan zehazten diren betekizunak, baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan adierazitako gainerako betekizunak ere. Kasu horretan, dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena egin aurretik, eskatu beharko da aipatutako adierazpenean jasotako datuak egiazkoak direla egiaztatzen duen dokumentazioa aurkezteko, gehienez ere 15 eguneko epean.

2.– Eskabidea aurkezten bada, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari baimena ematen zaio zuzenean egiazta dezan zerga-betebeharrei eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrei lotutako baldintzak betetzen diren, baldin eta berariaz horren aurka agertzen ez bada. Izan ere, egiaztapen horren aurka agertuz gero, erakunde eskatzaileak berak aurkeztu beharko ditu frogagiriak, bai Ogasuneko bai Gizarte Segurantzako administrazio-agintaritza eskudunek egindakoak. Betebehar horiek egunean izatea nahitaezkoa da onuradun izateko, bai eta onuradun izaten jarraitzeko ere, onartutako dirulaguntza likidatu arte; hortaz, betebehar horiek betetzen direla egiaztatuko da dirulaguntza emateko unean eta ordainketak egiteko unean.

3.– Administrazio publikoen egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmenak gorabehera, eskabideetan pertsona edo erakunde onuradunei aukera emango zaie berariaz uka dezaten organo kudeatzaileak haien datuak edo agiriak lortu edo egiaztatu ahal izango dituela. Horretarako, pertsona edo erakunde eskatzaileak eskatutako nahitaezko dokumentuak aurkeztu beharko ditu.

7. artikulua.– Bitarteko presentzialak eta elektronikoak erabiltzea.

1.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluan eta harekin bat datozenetan xedatutakoarekin bat etorriz, 2.1.d) artikuluko laguntzak jaso nahi dituzten eskabideek bitarteko presentzialak edo elektronikoak erabil ditzakete, indarrean dagoen araudian ezarritakoa betez. Gainerako jardueretarako eskabideak bitarteko elektronikoen bidez baino ez dira izapidetuko.

2.– Administrazio-prozeduraren informazio-fitxan jasotzen dira izapidetzeko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak, baita eskabide-inprimakia ere. Bada, informazio-fitxa hori hemen eskura daiteke: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1011708

3.– Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak eta jakinarazpenak «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

4.– Helbide honetan daude eskuragai Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

5.– Prozedura osoa ordezkari baten bidez izapidetu ahal izango da; horretarako, ordezkaritza inskribatu behar da Eusko Jaurlaritzako Ordezkarien Erregistroan, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

8. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua eta epea.

1.– Eskabidea egoitza elektroniko honetan egongo da eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1011708

2.– Eskabideak aurkezteko epea 2021eko irailaren 17an amaituko da, egun hori barnean dela.

3.– Pertsona eta erakunde eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez dezakete, nahi duten eran. Orobat, prozeduran zehar, pertsona edo erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

9. artikulua.– Nahitaezko dokumentazioa.

1.– Eskabidearekin batera dokumentu hauek aurkeztu behar dira:

a) 2.1.a), 2.1.b), 2.1.c) eta 2.1.e) artikuluekin lotuta dauden jardueretarako:

– Proiektuaren edo lankidetza-jardueraren azalpen-memoria, hauek adierazita:

● Jarduera-mota: azterlana, akordioak formalizatzea, enpresa-lankidetzako egiturak sortzea eta bat-egitea.

● Parte hartzen duten enpresak, eta horietako bakoitzaren bazkide kopurua.

● Kalkulatutako aurrekontua.

● Erakunde bakoitzak kostuetan dituen partaidetza-ehunekoak.

● Faseak, iraupena, metodologia eta, bat-egiteen kasuan, bat egindako entitateen xedea betetzeko lankidetza-era horrek duen egokitasun handiagoaren azalpena.

● Aholkularitza-erakunde batek parte hartzen badu: aholkularitza-enpresaren datuak, azterlana egiteko lankidetza-akordioa eta agindu honen 11.5 artikuluan ezarritako baldintzak betetzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena.

b) 2.1.d) artikuluarekin lotuta dauden jardueretarako:

– Bazkide-izaera egiaztatu behar da, administrazio-organoaren erabakiari buruzko ziurtagiriaren bidez, non zehaztuko baita noiz hartu den iraupen mugagabeko eta eskubide osoko bazkide-izaera.

– Sozietateak emandako ziurtagiria, non adieraziko baita zenbateko kapitala harpidetu duen eskatzaileak enpresan bazkide gisa sartzeko. Ziurtagiri horretan, kasuan-kasuan, banaka adierazi beharko dira sarrera-kuotari eta hasierako ekarpenari buruzko kopuruak.

2.– Pertsona edo erakunde eskatzaileari dirulaguntza jasotzeko eskubidea onartzen bazaio, dirulaguntzaren abonua jasotzeko Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistroan eman beharko du izena. Erregistratu gabe egonez gero edota jasota dauden datuak aldatu nahi izanez gero, alta edo aldaketa egin daiteke https://www.euskadi.net/hirugarrenak helbidean.

10. artikulua.– Eskabidean egindako hutsak zuzentzea.

Dirulaguntzen eskaeren termino guztiak beteta ez badaude edo beharrezko dokumentazioarekin batera ez badatoz, pertsona edo erakunde eskatzaileari eskatuko zaio akatsa konpon dezala edo beharrezko dokumentuak gainera ditzala, betiere hamar eguneko epean, eta jakinaraziko zaio hori egiten ez badu atzera botako zaiola eskaera. Administrazioak eskaera horri buruzko ebazpen espresua eman beharko du, eta ebazpen hori jakinarazi, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21.1 eta 68.1 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

11. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak, dirulaguntzen zenbatekoa eta zenbateko hori zehazteko irizpideak.

1.– Diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira, 2.a) artikuluko kasuetan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakora egokitzen direnak.

2.b) eta 2.c) artikuluetako kasuetarako, goian aipatutako 31. artikuluan jasotakoez gain, diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira lege- edo ekonomia-arloko aholkularitzaren minutaren gastuak eta akordioak formalizatzeko notario- eta erregistro-kostuak; lehendik diruz lagundutako egiturak eta akordioak finkatzeari dagokionez (artikulu horretan jasotakoak), diruz lagun daitezkeen gastuak izango dira finkatze hori egiteko behar direnak.

2.d) artikuluko kasuetarako, bat-egitearen ondoren sozietate xurgatzaileko bazkide berriak izenpetutako jatorrizko ekarpenari gehitu zaion kapitala hartuko da diruz laguntzeko modukotzat.

2.e) artikuluko kasuetarako, halako jarduerak egiteko beharrezkoak direnak, diruz lagundutako ekintza egiteko barne-kostuak barne.

2.– Dirulaguntzaren xede diren jarduerak gauzatzeari zuzenean lotutako kostu garbien % 50eraino emango du Lan eta Enplegu Sailak, muga hauekin:

a) 2.a) artikuluko jarduerak: hamabi mila eurora arte (12.000).

b) 2.b) artikuluko jarduerak: hogeita hamar mila eurora arte (30.000).

c) 2.c) artikuluko jarduerak: hogeita hamar mila eurora arte (30.000).

d) 2.d) artikuluko jarduerak: mila eta bostehun eurora arte (1.500).

e) 2.e) artikuluko jarduerak: hamabi mila eurora arte (12.000).

3.– 2.1.a) artikuluaren kasuan, honako hauek izango dira dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko irizpideak:

a) Tamaina, bazkideen eta esku hartzen duten sozietateen kopuruaren arabera; tamaina txikienekoei emango zaie lehentasuna.

Proiektuan bigarren mailako kooperatiba-sozietate batek edo elkarte batek esku hartzen badu, irizpidea beste bat izango da: proiektuaren eraginpeko pertsona fisikoen kopuruarekiko batezbestekoa.

b) Esku hartzen duten sozietateen kopurua; parte hartzaile gisa enpresa gehien dutenek izango dute lehentasuna.

c) Esku-hartzaileen inplikazio-maila, parte-hartzaile bakoitzak egin beharko duen ekarpenaren muntaren arabera.

d) Proiektuaren iraupena; iraupen luzeena duten proiektuek izango dute lehentasuna.

e) Lankidetzaren nolakotasuna; integrazio-maila handiena duten proiektuek izango dute lehentasuna.

4.– 2.1.e) artikuluan jasotako lankidetza-proiektuen kasuan (langile bazkideek kapitalean duten partaidetza eskualdatzea errazten duten mekanismoak lankidetzan diseinatu eta prestatzekoak), artikulu honetako bigarren paragrafoan aipatzen den diruz laguntzeko moduko ehunekoa % 75eraino igoko da.

5.– 2.a) eta 2.c) artikuluetako jarduerak egiteko aholkularitza-erakunde batek parte hartzen badu, erakunde horrek honako baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan izatea edo lantokiren bat bertan edukitzea.

b) Euskal Autonomia Erkidegoan dituen lantokietan goi-mailako tituludunak edukitzea, eta tituludun haiek enpresa-kudeaketako lankidetza-sistemen gaineko azterlanetan eta ezarpenean esperientzia egiaztatua izatea.

c) Lanaren gaineko ardura duen aholkulariak aholkularitza-enpresan gutxienez hiru urteko esperientzia edukitzea ziurtatu beharko du.

6.– Agindu honen arabera onuradun bakoitzak lortu ditzakeen dirulaguntzen baturaren muga orokorra hogeita hamar mila euro izango da (30.000).

12. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Deialdi honetan araututako dirulaguntzak bateratu daitezke arrazoi eta xede beragatik beste edozein administraziok edo ente publikok ematen dituen bestelako laguntzekin. Nolanahi ere, dirulaguntzen zenbatekoak ezin izango du diruz lagundutako jardueraren kostu osoa gainditu, ezta agindu honen 11. artikuluan aurreikusitako gehieneko zenbatekoak ere.

2.– Entitate onuradunak beste administrazio publiko edo ente publiko batzuetatik arrazoi eta xede beragatik jasotzen dituen laguntzak eta agindu honetako laguntzak pilatzen badira, eta laguntza horien baturak laguntza-gai den jardueraren kostua edo agindu honetako 9.5 artikuluan aurreikusitako gehieneko zenbatekoa gainditzen badu, soberakin horren bateraezintasuna deklaratuko da, eta, hala badagokio, murriztu egingo da Lan eta Enplegu Sailak eman beharreko laguntzaren zenbatekoa.

13. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, epea eta publikotasun-prozedura.

1.– Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritza izango da agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzeko organo eskuduna.

2.– Gizarte Ekonomiaren zuzendariak emandako ebazpen bakar baten bidez eman edo ukatuko dira agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak. Ebazpen bakar hori eskatzaileei banaka jakinaraziko zaie, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoa betez.

Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea agortuko; horrenbestez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuordeari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

3.– Agindu honen babesean egindako eskabideak espresuki ebazteko eta jakinarazteko epea sei hilekoa izango da gehienez, aginduak ondorioak dituenetik zenbatzen hasita. Epe horretan ez bada ebazpen espresurik eman eta jakinarazi, eskabideak ezetsi direla ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, ezertan eragotzi gabe Administrazioak espresuki ebazteko duen betebeharra.

4.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, honako hau argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Gizarte Ekonomiaren zuzendariaren ebazpen baten bidez: alde batetik zer erakundek jaso duten dirulaguntza agindu honen babesean, eta zenbateko laguntza jaso duten; bestetik, zer erakunderi aldatu zaizkien emandako dirulaguntzak. Nolanahi ere, ebazpena espresuki eta banan-banan ere jakinaraziko da.

14. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko eta justifikatzeko modua.

1.– Deialdi honen babesean ematen diren dirulaguntzak, 2.a), 2.b), 2.c) eta 2.e) artikuluetan jasotako jarduerei lotutakoak, honela ordainduko dira:

a) Lehenengo zatia, hau da, guztirako dirulaguntzaren % 60, dirulaguntza ematea erabakitzen denean.

b) Bigarren ordainketa, gainerako kopurua, diruz lagundutako jarduera amaitzen denean.

2.– Dirulaguntzaren bigarren ordainketa egiteko, erakunde onuradunak emandako dirulaguntzaren justifikazio-kontu sinplifikatua aurkeztu beharko du, honako informazio honekin:

a) Egindako jardueren eta lortutako emaitzen justifikazio-memoria.

b) Jarduerako gastuen eta inbertsioen zerrenda sailkatua. Dirulaguntza aurrekontu zenbatetsi baten arabera eman baldin bada, harekiko zer alde izan diren azalduko da.

c) Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera eta dirulaguntza batzuen zerrenda, zenbatekoa eta jatorria adierazita.

d) Hala badagokio, itzulketaren ordainketa-gutuna, baldin eta aplikatu gabeko soberakinik badago edo soberakin horietatik eratorritako interesik badago.

3.– Dirulaguntza ematen duen organoak, erakunde onuradun bakoitzari egotzitako eta behar bezala justifikatutako zenbateko nagusien laginketa baten bidez, egokitzat jotzen dituen frogagiriak egiaztatuko ditu, dirulaguntzaren aplikazio egokiari buruzko arrazoizko ebidentzia lortu ahal izateko; horretarako, erakunde onuradunei eskatuko die hautatutako gastu-egiaztagiriak bidaltzeko.

4.– Aurreko paragrafoan adierazitako agiriak aurkezteko epea 3 hilekoa izango da gehienez, diruz lagundutako ekintzak amaitzen direnetik aurrera.

5.– 2.d) artikuluko jardueretarako emandako dirulaguntzetan ordainketa bakar bat egingo da, laguntza onartu ondoren edo jakinarazpenetik hamabost egun igaro ondoren, berariaz uko egin ez bazaio.

15. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Xedea bete denean, dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetan edozein aldaketa izanez gero, aldi berean beste administrazio batzuen edo ente publiko zein pribatuen laguntzak nahiz dirulaguntzak lortuz gero, eta, kasua bada, helburu bera duten bestelako diru-sarrerak edo baliabideak lortuz gero, dirulaguntza emateko ebazpena alda daiteke. Ondorio horietarako, Gizarte Ekonomiaren zuzendariak aldaketa egiteko ebazpena emango du, zeinaren bidez emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokituko baitira, eta, hortaz, erakunde onuradunek itzuli egin beharko dituzte neurriz gain jasotako zenbatekoak.

16. artikulua.– Ez-betetzeak eta erantzukizunak.

1.– Erakunde onuradunak ez baditu betetzen dirulaguntzak emateko ebazpenean ezarritako arauak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarriko arauak eta aplikatu behar diren gainerako xedapenak; edo aurkeztutako datuak egiazkoak ez badira; edo emandako dirua, dagokion helbururako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabili bada; orduan, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak berariaz horretarako hasitako espedientea izapidetuko du, eta interesdunari hamabost eguneko epea emango dio esan behar duena entzuteko, eta, ondoren, hala badagokio, onuradunak dirulaguntza galduko du, eta, bi hileko epean, ordura arte jasotako dirulaguntzak (osorik edo partez) eta berandutze-interesak itzuli beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari; horretaz gainera, legez egin daitezkeen gainerako egintzak ere egingo dira. Hori guztia hala izango da, honako hauek oinarri hartuta: abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritakoa, zeinaren bidez onartu baitzen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina.

2.– 2.a), 2.b), 2.c) eta 2.e) artikuluetako jardueren kasuan: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.2 artikulua aintzat hartuta, ez-betetzeak mailakatzeko eta beti proportzionaltasun-printzipioari jarraikiz, honako hau ezartzen da: erakunde onuradunak hasieran aurkeztutako aurrekontuaren gutxienez % 60 erabili duenean, itzulketa egin beharko da, edo, hala badagokio, erabili ez den zatiaren ordainketa partziala egin beharko da eta zati horren kobrantza proportzionala jasotzeko eskubidea galduko da, betiere proiektuaren helburuen edo fasearen betetze-maila ia erabatekoa bada, eta erakunde onuradunak zalantzarik gabe egiaztatzen badu konpromisoak betetzeko lan egiten duela.

3.– Dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboak dira honako hauek: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren IV. tituluan tipifikatutako ekintzak eta ez-egiteak; eta zehagarriak dira, zabarkeria arin gisa bada ere. Dirulaguntzen arloko arau-hausteak diruzko zehapenen bidez zigortuko dira eta, hala dagokionean, zehapen ez-diruzkoen bidez.

17. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

Aurreko artikuluan aurreikusitako ez-betetzeen kasuan, honako hau izango da jasotako laguntzak itzultzeko prozedura:

a) Gizarte Ekonomiaren zuzendariak ebazpen bidez jakinaraziko dio erakunde onuradunari dirua itzultzeko prozedura hasi dela eta zergatik hasi den prozedura hori; horretaz gainera, 15 eguneko epea emango dio, egoki iritzitako alegazioak egin ditzan.

b) Alegazioak jasota edo batere aurkeztu gabe igaro bada epea, Gizarte Ekonomiaren zuzendariak ebazpena emango du, zeinean ezarriko baita, hala badagokio, zenbat diru itzuli behar zaion EAEko Diruzaintza Nagusiari; horretarako, bi hilabeteko epea emango da, ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita. Epe hori borondatezko epea izango da.

Itzultzeko prozedura ebazteko gehieneko epea hamabi hilabetekoa izango da.

c) Borondatezko epean itzuli ezean, horren berri emango zaio Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko Finantza eta Aurrekontu Sailburuordetzari, premiamendu-bideari ekin diezaion, indarrean dauden xedapenetan ezarritakoari jarraikiz.

18. artikulua.– Datuen babesa.

Agindu hau aplikatuz jasotzen diren datu pertsonalak Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta aplikatu beharreko gainerako araudian xedatutakoaren arabera tratatuko dira.

Datuen babesari buruzko informazio zehatzagoa jasotzeko, helbide honetara jo daiteke: https://www.euskadi.eus/rgpd/1011708

XEDAPEN GEHIGARRIA.– De minimis araua.

Onuradunak kooperatiba-sozietateak edo lan-sozietateak direnean bakarrik, Europako Batzordeak ezarritako de minimis arauari lotzen zaio dirulaguntzen araudi hau (Batzordearen 1407/2013 (EE) Erregelamendua, 2013ko abenduaren 18koa). Hortaz, Lan eta Enplegu Sailak beharrezkoak diren neurriak hartu beharko ditu, agindu honetan aurreikusitako laguntzen onuradun diren erakundeek zuzenean enplegua sortzeko jasotako de minimis laguntzen bidez hiru urteko epean 200.000 euro baino gehiago jaso ez dezaten, abian den zerga-ekitaldia eta aurreko bi zerga-ekitaldiak aintzat hartuta.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatu beharreko araudia.

Agindu honetan adierazitako dirulaguntzetarako, honako hauetan ezarritakoa aplikatuko da: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua (testu bategin hori azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen); Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko manuak (lege orokor hori Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez garatu zen).

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.

Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango diote Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuari, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien salan, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik bi hileko epean.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko uztailaren 13a.

Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.


Azterketa dokumentala