Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

142. zk., 2021eko uztailaren 19a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4055

EBAZPENA, 2021eko ekainaren 24koa, Bizkaiko Industria Administrazioko lurralde-ordezkariarena, zeinaren bidez Repsol LNG Holding, S.A. sozietateari administrazio-baimena ematen baitzaio Bilboko Portuan itsasontziak hornitzeko GNL biltegiratze-instalazio bat jartzeko Zierbenako udal-mugartean (Bizkaia).

Espedientea: 48-CG-Y-2020-00001 GHC/JMG.

Francisco de Asís Maza Luque jaunak (NAN: 22998571C), Repsol LNG Holding, S.A. sozietatearen ahaldunak (IFZ: A-79787420), 2020ko irailaren 11n, Bilboko Portuan (Bilboko Portuko A-6 kaiaren eremua, itsasontzirako terminala, Zierbenako udal-mugartea) GNL biltegiratzeko instalazioak eraikitzeko aurretiazko administrazio-baimena eskatzeko oinarrizko proiektua aurkeztu zuen.

AURREKARIAK

1.– 2020ko otsailaren 11n, Repsol LNG Holding, S.A.k, Ingurumen-inpaktuaren Ebaluazio Sinplifikatua egin ahal izateko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearekin bat etorriz, hasierako dokumentua aurkeztu zuen proiektu horretarako. Dokumentu horren bidez, Bilboko Portuan GNL biltegiratzeko instalazioetarako ingurumen-inpaktuari buruzko azterketa sinplifikatua aurkeztu zuen, aurretiazko kontsulten izapidea ahalbidetzeko eta, horrela, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren eta kasuan kasuko instalazioen eraikuntza-proiektuaren irismena zehazteko.

2.– 2020ko abenduaren 17an, Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren Ebazpena eman zen (2021-02-01eko EHAA), zeinaren bidez formulatzen baita Repsol LNG Holding, S.A.k sustatutako itsasontziak hornitzeko GNL gas natural likidotua biltegiratzeko instalazio-proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko txostena, Zierbenako Bilboko Portuan.

3.– 2021eko otsailaren 11n, Repsol LNG Holding, S.A.k proiektu osagarria, instalazioen administrazio-baimena eskatzeko oinarrizko proiektuaren gehigarria, EIA neurriak betetzeko justifikazioa eta EIA ebazpena aurkeztu zituen, Ingurumen-organoko 2020ko abenduaren 17ko Ebazpenean jasotako neurriak egokituz.

4.– 2021eko martxoaren 18an, Repsol LNG Holding, S.A.k Bilboko Portuko Agintaritzaren Administrazio Kontseiluaren Ebazpena aurkeztu zuen, Repsol LNG Holding S.A.ri Zierbenako Zabalkundeko A-6 Kaian azalera bat okupatzeko herri-jabariko emakida emateari buruzkoa.

5.– Administrazio-baimenaren eskaeraren espedientea, egikaritze-proiektuaren onarpena, konkurrentziakoa eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa jendaurrean jarri ondoren, zegokion iragarkia argitaratu zen 2021-04-08ko EHAAn, 2021-04-09ko BAOn eta 2021-04-06ko Deia eta El Correo egunkarietan. Era berean, iragarkia bidali zen, Zierbenako Udaleko iragarki-taulan sartzeko. Horretarako ziurtagiriaren arabera, 2021eko apirilaren 8tik maiatzaren 10era ikusgai egon ondoren, lehian ez zen proiekturik aurkeztu, ezta instalazio-proiektu horren aurkako alegaziorik ere.

6.– 2021eko apirilaren 22an, Zierbenako Udalak Repsol LNG Holding S.A.ren aldeko ziurtagiria eman zuen, «Bilboko portuan itsasontziak hornitzeko GNL biltegiratzeko instalazioari» aplikatu beharreko Hirigintza-araudiarekin bateragarria dela egiaztatzen duena, Zierbenako Udalaren Plangintzako Arau Subsidiarioetan eta Plan Berezian adierazitakoaren arabera.

7.– Repsol LNG Holding S.A.k, 2021eko maiatzaren 5ean egitekotan den instalazio-proiektua egiteko legezko gaitasuna eta gaitasun teknikoa eta ekonomiko-finantzarioa egiaztatu zituen.

ARRAZOIBIDE JURIDIKOAK

Lehenengoa.– Hidrokarburoen sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legearen 55.1 artikuluaren arabera, «Erabiltzaileei kanalizazio bidezko gas-erregaiak hornitzeko instalazio hauek aldez aurreko administrazio-baimena beharko dute, lege honetan eta lege hau garatzen duten xedapenetan ezarritakoaren arabera»: eta b atalean, «Gas naturala biltegiratzeko, garraiatzeko eta banatzeko instalazioak», baimena eskatzen duena sartzen da, «Bilboko Portuan GNL biltegiratzeko» instalazioa».

Bigarrena.– Ebazpen hau emateko eskumena Bizkaiko Industria Administrazioko lurralde-ordezkariari dagokio, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren 23. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Hirugarrena.– Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legearen 67. artikuluak instalazio horien eskatzaileek egiaztatu beharreko baldintzak ezartzen ditu:

a) Proposatutako instalazioen baldintza teknikoak eta segurtasun-baldintzak.

b) Ingurumena babesteko baldintzak behar bezala betetzea.

c) Instalazioaren kokapena lurralde-antolamenduaren araubidera egokitzea.

d) Proiektua egiteko gaitasun legala, teknikoa eta ekonomiko-finantzarioa. Repsol LNG Holding, S.A eskatzaileak egiaztatua.

Laugarrena.– Gas erregaiak banatzeko eta garraiatzeko instalazioei buruzko administrazio-baimenen prozedurei buruzko ekainaren 9ko 76/2020 Dekretuan eta aurreko atalean adierazitakoaren arabera, espedientea izapidetzean egiaztatuta geratu da aipatutako legerian ezarritako betekizunak eta baldintzak betetzen direla.

Aipatu legezko aginduak eta oro har aplika daitezkeen gainontzekoak ikusita, Bizkaiko Lurralde-ordezkariak honako hau

EBAZTEN DU:

Repsol LNG Holding, S.A.ri baimena ematea tanke kriogeniko bidez itsasontziak hornitzeko GNL biltegiratzeko instalazioak egiteko Bilboko Portuko A-6 Kaian, Zierbenako udal-mugartean. Instalazio horien ezaugarri nagusiak honako hauek dira:

– 1000 m3-ko edukiera duen GNL biltegiratzeko tankea, tankea kargatzeko eta itsasontzia hornitzeko instalazio osagarriekin.

• Transferentziaren gehieneko emaria: 600 m3/h.

• Gehieneko eragiketa-presioa: 5,9 bar.

• Beso kriogeniko bikoitza likidorako eta gaserako.

Ebazpen hau Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren ekainaren 9ko 76/2020 Dekretuaren arabera ematen da, baldintza orokor hauekin:

1.– Baimendutako instalazioa, 2020-09-08ko eta 2021-03-11ko «Bilboko Portuan GNL Biltegiratzeko Instalazioak baimentzeko Oinarrizko Proiektuaren» eta «Proiektuaren Gehigarriaren...» arabera egin beharko da, Josep Aleu Fabré ingeniariak sinatuta eta Enginyers Industrials de Catalunya Elkargoak ikus-onetsita, 2020-09-08ko eta 2021-03-15eko B-554369 eta B-557562 zenbakiekin, hurrenez hurren.

2.– Instalazioek bete beharko dituzte, batetik, gas-erregaiak erabili eta banatzeko arautegi teknikoan eta haren jarraibide tekniko osagarrietan xedatutakoa (uztailaren 28ko 919/2000 Errege Dekretua) eta, bestetik, egoki diren bestelako xedapen eta arau teknikoak.

3.– Instalazio horien eskualdaketa baimen hori emateko eskumena duen Administrazioak baimendu beharko du.

4.– Dagokion baimena lortu beharko da onartutako proiektuan dauden oinarrizko datuak aldatzeko.

5.– Baimendutako instalazioa gauzatzeko epea 2 urtekoa izango da, baimena ematen den egunetik aurrera.

6.– Repsol LNG Holding, S.A.k, urriaren 7ko 34/1998 Legearen 73.4 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, 183.600,00 euroko fidantza eratuko du hilabeteko epean, bere betebeharrak beteko dituela bermatzeko.

7.– Instalazioetan egin beharreko azterketak, entseguak eta probak, orokorrak nahiz zatikakoak izan, indarrean dauden xedapenen arabera egin beharko dira, eta Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzari jakinarazi beharko zaizkio behar adinako aurrerapenaz.

8.– Instalazio-lanak amaituta, Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzan honako agiri hauek aurkeztu behar dira: Obra Zuzendaritzako Ziurtagiriak; proben aktak, erregistro grafikoak barne; eta as-built planoak.

9.– Repsol LNG Holding, S.A.k instalazioak amaitu direla jakinarazi beharko dio lurralde-ordezkaritza honi, behin betiko gainbegiratu eta martxan jartzeko akta egin dezan.

10.– Baimen hau emateak ez du esan nahi lanak egiteko behar diren udalen, probintzien edo besteren eskumeneko baimenak edo lizentziak lortu behar ez direla, eta ez du salbuesten eskatzailea haiek eskuratzeko obligaziotik.

Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta bere aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzaren aurrean, hilabeteko epearen barruan, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita, eta hori guztia Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 121. eta hurrengo artikuluen arabera.

Bilbao, 2021eko ekainaren 24a.

Bizkaiko Industria Administrazioko lurralde-ordezkaria,

ADOLFO GONZÁLEZ BERRUETE.


Azterketa dokumentala