Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

139. zk., 2021eko uztailaren 15a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA / BASQUE INSTITUTE
4025

EBAZPENA, 2021eko ekainaren 15ekoa, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariarena, euskara eta euskal kulturako bi irakurle hautatzeko deialdia irekitzeko dena.

Etxepare Euskal Institutua (aurrerantzean, EEI) Sortzeko eta Arautzeko 3/2007 Legearen 3.b) artikuluak honako helburu hau xedatzen du aipatutako Institutuarentzat: «Euskal Kultura bere hizkuntza ofizialetako edozeinetan eta zeinahi adierazpen, euskarri, bide eta adierazmoldetan kanpoan ezagutarazten eta hedatzen laguntzea, bereziki euskaraz sortutako kultura eskaintza sustatuz eta hedatuz».

Etxepare Euskal Institutuaren antolaketa- eta jarduera-araudia onartzen duen maiatzaren 13ko 88/2008 Dekretuaren 19. artikuluak xedatzen du Institutuaren helburuen artean dagoela munduan zeharreko unibertsitateetan eta beste zentro batzuetan euskararen presentzia, azterketa eta ikasketak sustatzea, batik bat unibertsitateetan irakurletzak ezartzea bultzatuz.

Ondorioz, Etxepare Euskal Institutuak erabaki du Mexikoko Universidad Nacional Autónoma de México Unibertsitaterako (UNAM) eta Argentinako Universidad Nacional de La Plata Unibertsitaterako euskara eta euskal kulturako irakurleak hautatzeko lehiaketa publikoaren deialdia egitea.

Hori dela eta,

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren helburua.

Deialdi honen helburua da euskara eta euskal kulturako irakurleak hautatzea, honako unibertsitate hauetan aritzeko:

– Irakurle bat Mexikoko Universidad Nacional Autónoma de México Unibertsitaterako.

– Irakurle bat Argentinako Universidad Nacional de La Plata Unibertsitaterako.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Deialdi honetan, ikasturte bakoitzean bideratutako guztizkoa:

– Universidad Nacional Autónoma de México Unibertsitaterako hamazazpi mila (17.000) euro ikasturteko.

– Universidad Nacional de La Plata Unibertsitaterako hogei mila (20.000) euro ikasturteko.

Aurreko baliabide ekonomiko guztiak irakurletzak mantentzeko gastuak finantzatzeko erabiliko dira. Bideratutako zenbateko hori ez da bat etorriko, zehatz-mehatz, irakurlearen soldatarekin. Kontuan hartu behar da irakurletza kokatuta dagoen herrialdeko eta unibertsitateko araudiarekin bat zergak eta bestelako kenkari eta atxikipenak daudela.

Unibertsitateetako transakzio guztietan dibisa patroia euroa izango da Universidad Nacional La Platako Unibertsitatearen kasuan; aldiz, peso mexikarra izango da Universidad Nacional Autónoma de México Unibertsitatearen kasuan. Beste dibisa batzuekiko euroaren aldaketek ez dute eraginik izango Etxeparek egindako ordainketaren kopuru ekonomikoan.

3. artikulua.– Hautagaiek bete behar dituzten baldintzak.

Deialdi honetan parte hartu ahal izateko baldintza hauek bete beharko dira:

– Universidad Nacional Autónoma de México Unibertsitaterako:

Unibertsitate graduko titulua izatea (edo lizentzia) eta Euskarazko C1 (3HE) maila edo baliokidea izatea. Euskal Filologia, Euskal Ikasketak edo Itzulpengintza eta Interpretazioan (A Hizkuntza Euskara) Gradua dituztenak lehenetsiko dira, baita euskararen 4HE egiaztatuta izatea ere; 11 Artikuluko hautapen-irizpideen arabera.

Horretaz gain, euskararen irakaskuntzan eskarmentu egiaztatua izan behar da, eta bereziki baloratuko da euskararen unibertsitate mailako irakaskuntzan eskarmentua.; 11 Artikuluko hautapen-irizpideen arabera.

– Universidad Nacional La Platako Unibertsitatetarako:

Unibertsitateko graduko titulua izatea (edo lizentzia) eta Euskarazko C1 (3HE) maila edo baliokidea izatea. Euskal Filologia, Euskal Ikasketak edo Itzulpengintza eta Interpretaziokoak (A Hizkuntza: euskara) dituztenak lehenetsiko dira; baita euskararen 4HE egiaztatuta izatea ere; 11. artikuluko hautapen-irizpideen arabera.

4. artikulua.– Lan-baldintza zehatzak helburuko unibertsitatearen arabera.

1.– Universidad Nacional Autónoma de México Unibertsitaterako:

Eskola orduak: irakurleak asteko 8 eskola orduko lan-karga izango du

2.– Universidad Nacional La Platako Unibertsitaterako:

Eskola orduak: irakurleak asteko 9 eskola orduko lan-karga izango du.

5. artikulua.– Egonaldiaren baldintzak helburuko unibertsitatean.

Hautatuak deialdi honen helburu diren tokian tokiko unibertsitateei atxikiko zaizkie, 4. artikuluan agertzen diren baldintzen arabera. Tokian tokiko unibertsitatearen herrialdean indarrean dagoen legediaren araberako eta unibertsitate bertako araudiaren araberako kontratua sinatuko dute eta unibertsitate kontratugilearen klausula zehatzak bete beharko dituzte, bereziki kontratuak irauten duen bitartean aplikagarri zaien ordainsarien eta zergen erregimenari dagokionez.

Euskara eta euskal kulturako irakurle izateak ez dakar inolako lan- edo administrazio-harremanik Etxepare Euskal Institutuarekin eta, ondorioz, Institutu honek ez du bere gain hartuko irakurleak helburuko unibertsitatearekin duen kontratu-harremanetik edo bere ekintzetatik eratorritako erantzukizunik, bereziki bere funtzioak betetzean sor daitezkeen kalteengatik.

Etxepare Euskal Institutuak bere gain hartuko ditu tokian tokiko unibertsitatera lehenengo joan-etorriaren gastuak, irakurlea bere lanpostuan hasten dela bermatzeko.

6. artikulua.– Irakurle izateak Etxepare Euskal Institutuarekiko honako konpromisoak onartzea ekarriko du eta honako eskubideak izatea:

– Onartze-agiria sinatzea.

– Emandako ordutegia betetzea.

– Euskara eta euskal kulturaren programa didaktikoa egitea (ikasturte hasierako fitxa) ikasturtearen hasieran. Programa hori Etxepare Euskal Institutura bidali beharko da.

– Ikasleen ebaluazioa egitea eta ikastaroa kudeatzea, baita ekintza akademikoak antolatzea ere (hitzaldiak, literatura jardunaldiak...) euskara ikertzeko eta euskal kultura sustatzeko asmoz.

– Tokian tokiko irakasleak eta ikertzaileak euskara, euskal kultura eta antzeko gaiekin zerikusia duen guztian lagundu eta orientatzea.

– Behean zehazturiko datarako helburuko unibertsitatera bertaratzea, klaseak ematen hasteko. Klaseak ematea ikasturte amaiera arte, hala badagokio luzatzeko aukerarekin. Kontratuaren luzapena urtez urte egingo zaio irakurleari, betiere urteroko berritzea, Unibertsitateak egindako aldeko txostenera baldintzatuta dagoelarik. Universidad Nacional Autónoma de Mexico eta Universidad Nacional de La Plata Unibertsitateei dagokionez, hautatutako pertsona (irakurlea) gehienez 4. ikasturtea osatu arte izan liteke irakurle postuan. Kasu hauetan guztietan, salbuespen gisa, eta betiere Etxepare Euskal Institutuak eta unibertsitateak euskal ikasketen sendotze estrategiarako egokitzat adostutako irizpide eta prozeduraz, aztertu ahal izango da behin-behinekoa izango den luzatzeko aukera. Luzapen horren gehienezko epea urtebetekoa izango da edo unibertsitatearekin euskal ikasketen indartzeko estrategiarako adostutako trantsizio epea.

Bertaratze-datak:

– Universidad Nacional Autonoma de México Unibertsitatera bertaratzea 2022ko urtarrilaren 17a baino lehen, klaseak ematen hasteko.

– Universidad Nacional de La Plata Unibertsitatera bertaratzea, 2022ko otsailaren 1a baino lehen, 2022ko martxoko bigarren hamabostaldian klaseak ematen hasteko.

– 2021-2022 ikasturtea amaitutakoan Mexikon eta 2022 ikasturtea amaitutakoan La Platan zerbitzuak ematen dituen departamenduaren oniritzia duen irakasle-memoria bat idaztea. Memoria hori Etxepare Euskal Institutura bidali beharko da, azken honek hitzarmena eta irakurlearen lana behar bezala doan ebaluatzeko.

– Goian aipatutako konpromisoak ez betetzeak irakurleak ez jarraitzea ekar dezake.

– Irakurleak konpromisoa hartzen du, baita ere, Etxepare Euskal Institutuak antolatzen dituen prestakuntza ikastaroetan parte hartzeko, bereziki euskara atzerriko hizkuntza gisa irakasteko ikastaroan.

– Irakurleak egindako irakasle-lana ziurtatzen duen egiaztagiri akademikoa jasotzeko eskubidea izango du, bertan ordu guztiak, irakasgaiak, ikastaroak... zehaztuta.

7. artikulua.– Irakurletzei dagozkien zenbatekoak ordaintzea.

Etxepare Euskal Institutuak egingo dizkio tokian tokiko unibertsitateari irakurletzak mantentzetik eratorritako gastuen finantzaketarako zenbatekoen ordainketak. Etxepare Euskal Institutuak Universidad Nacional Autonoma de Mexico Unibertsitateari ikasturteko berrogeita hemeretzi mila hirurehun eta laurogeita hamabi (59.392) peso mexikar ordainduko zaizkio eta 17.000 €ko zenbatekoa osatu artekoa zuzenean irakurleari, unibertsitatearen izenean.

Irakurleari hemengo araudia aplikatuko zaio ordainsarien eta zergen erregimenari dagokionez eta horren arabera dagozkion atxikipenak ezarriko zaizkio.

Tokian tokiko unibertsitateari dagokio Etxepare Euskal Institutuak egindako diru ekarpenak justifikatzea.

8. artikulua.– Eskabideak aurkezteko lekua eta epea.

1.– Hautagaiek eskabideak aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz aurkeztu ahalko dituzte:

– Aurrez aurre: eskabideak helbide honetan aurkeztuta: Etxepare Euskal Institutua, Tabakalera eraikina, Andre Zigarrogileen Plaza 1, 3. solairua, 20012 Donostia, goizeko 08:30etik 14:00etara. Halaber, Eusko Jaurlaritzako Zuzenean bulegoetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean. Eskabidea aurrez aurre aurkezteko hitzordua eskatu behar da.

– Bide elektronikoa: www.euskadi.eus gunean aurkeztu ahalko dira eskabideak, artikulu honetako 2. atalean adierazitako helbidean. Eskabidea egiteko eta dokumentazioa aurkezteko bide horietako bat erabiltzeak –presentziala edo elektronikoa– ez du esan nahi bidez aldatu ezin denik prozeduraren ondorengo izapideetan, alegia, edonoiz aldatu daiteke bidea.

2.– Eskaerak nola tramitatu aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz, erantzukinzunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak azaltzen dituzten argibideak euskadi.eus-en honako helbide hauetan daude ikusgai:

– Universidad Nacional Autónoma de Mexico Unibertsitatea:

www.euskadi.eus/zerbitzuak/1042314

– Universidad Nacional de La Plata Unibertsitatea:

www.euskadi.eus/zerbitzuak/1042315

3.– Eskabidearen ondoko izapideak, bide elektronikoa erabiliz egin daitezke: https://www.euskadi.eus//nirekudeaketak

4.– Identifikazio elektronikorako, onartutako eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan argitaratuta dagoen bitarteko elektronikoren bat izan beharko du eskatzaileak.

5.– Hautagaiek, eskabidea egiterakoan, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

– Nortasun Agiria, AIZ edo pasaportearen kopia.

Espainiakoa Nortasun Agiria baduzu, hautazkoa duzu fotokopia aurkeztea.

– Unibertsitate mailako Tituluaren kopia.

Espainiako Unibertsitate bateko Titulua baduzu hautazkoa duzu fotokopia aurkeztea.

– Euskara Maila egiaztatzen duen agiriaren kopia.

HABE, EGA, IVAP edo Hizkuntza Eskola Ofizialeko Agiria baduzu, hautazkoa duzu fotokopia aurkeztea.

– Proiektu pedagogikoa, euskarako eta euskal kulturako programazioek osatua. Euskarako lehen mailetan irakasteko programazio laburra aurkeztu beharko da, helburuak, edukiak, metodologia, baliabideak (teknikoak eta didaktikoak), eskoletarako ikasleekin erabiliko den oinarrizko bibliografia eta ikasleek bere gisara erabiltzeko bibliografia adieraziz. Euskal Kulturako gai ezberdinei (musika, zinema, antzerkia, eskultura...) buruzko programazio laburra ere aurkeztu beharko da, helburuak, edukiak, metodologia, baliabideak (teknikoak eta didaktikoak), eskoletarako ikasleekin erabiliko den oinarrizko bibliografia eta ikasleek bere gisara erabiltzeko bibliografia adieraziz. Proiektu pedagogiko guztiaren luzera gehienez 9000 karakterekoa (zuriuneak barne) izango da. Karaktere kopurua gainditzen duten proiektuak ez dira onartuko. Proiektu pedagogikoa euskaraz idatzia egongo da.

– Hautagaiek aipatzen dituzten meritu guztiak (hizkuntzak, emandako ikastaroak, jasotako formazioa...) ziurtagirien bidez frogagarriak izan beharko dira. Horretarako, hautagaiek agiri guztien fotokopiak aurkeztu beharko dituzte eskaera egitean. Bestalde, aukeratutako hautagaiak notarioak konpultsatutako fotokopiak edo aurkeztutako fotokopien jatorrizko agiriak aurkeztu beharko ditu Etxepare Euskal Institutuak eskatutakoan, horrela Etxepare Euskal Institutuan agiri horiek egiaztatu ahal izango dira. Hala egin ezean, deialditik kanpo geratuko da dagokion hautagaia.

– Eskatzaileak Euskal Autonomia Erkidegoko zein-nahi hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango du eskaera, atxikitako agiriekin batera. Halaber, eskabidearen ondoriozko jardunetan, eta prozedura osoan, eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2 a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

6.– Eskabideak aurkezteko, hilabeteko epea egongo da, EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

9. artikulua.– Hautagaiaren betekizun jakin batzuk egiaztatzea.

1.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluarekin bat etorriz, interesdunek eskubidea dute eskatutako agiriak ez aurkezteko Administrazio jardulearen esku badaude edo beste administrazio batek egindakoak badira. Horrela, Administrazioak horiek kontsultatu eta eskuratu ahal izango ditu, interesdunak aurka egin ezean. Kasu horretan, eskatzaileak aurkeztu beharko ditu.

Hautagaiak espainiar nortasun agiri edo pasaporterik ez duenean, pasaportearen fotokopia aurkeztu beharko du. Hautagaiak espainiarra ez den unibertsitate bateko titulua duenean, fotokopia aurkeztu beharko du.

2.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuarekin aldaketarekin bat eginez, betebehar hauek egiaztatuko dira, eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpen baten bidez:

– Hautagaiak ez duela zigor administratibo edo penalik, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarrenik, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik ere.

– Hautagaiak eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela.

10. artikulua.– Hautapen-batzordea.

Eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, hautapen-batzordea eratuko da. Batzordeko kideak izendatzean, Gizonen eta Emakumeen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 artikuluan xedatutakoa beteko da.

Batzordearen osaera EHAAn argitaratuko da.

11. artikulua.– Hautapen-irizpideak.

Hautagaien hautapena honako baremo honen arabera egingo da, eta gehienez 25 puntu lortu ahal izango dira guztira:

1.– Unibertsitateko titulua eta HE. Gehienez 5 puntu, honako irizpide hauen arabera:

Euskal Filologia, Euskal Ikasketak, Itzulpengintza eta Interpretazioa (A hizkuntza euskara): 5 puntu.

Giza zientzien, Gizarte-zientzien eta Letretako gradu edo lizentziak, baldin eta 4HE egiaztatuta badute: 4 puntu.

Giza zientzien, Gizarte-zientzien eta Letretako gradu edo lizentziak baldin eta EGA edo 3HE egiaztatuta badute: 3 puntu.

Gainerako gradu edo lizentziak, baldin eta 4HE egiaztatuta badute: 3 puntu.

Gainerako gradu edo lizentziak, baldin eta EGA edo 3HE egiaztatuta badute: 2,5 puntu.

2.– Eskarmentua euskara eta beste hizkuntzak irakasten. Gehienez 5 puntu, honako irizpide hauen eta egiazta daitekeen ordu kopuruen arabera.

Euskara irakatsi izana unibertsitateetan: 3 puntu ikasturteko.

Euskara irakatsi izana euskaltegi eta ikastetxeetan: puntu 2 ikasturteko.

Bestelako hizkuntzak irakatsi izana unibertsitatean: 1 puntu ikasturteko.

Bestelako hizkuntzak irakatsi izana ikastetxeetan: 0.5 puntu ikasturteko.

3.– EAEko hizkuntza ofizialak ez diren beste hizkuntzak ezagutzea eta agiri ofizial bidez egiaztatuta izatea, Gehienez 3 puntu, hizkuntza bakoitzeko, honako irizpide hauen arabera, betiere tokian tokiko unibertsitatearen berariazko eskakizuna ez bada:

A2= 0.25 puntu.

B1= 0.50 puntu.

B2= 0.75 puntu.

C1= puntu 1.

C2= 1.5 puntu.

4.– Bestelako prestakuntza. Gehienez 5 puntu, honako irizpide hauen arabera, betiere tokian tokiko unibertsitatearen berariazko eskakizuna ez bada:

Euskararekin zuzenean loturiko doktoregoa: 5 puntu.

Euskararekin zuzenean loturiko doktoregoa egiten ari diren ikasleak: 3 puntu.

Bestelako doktoregoa: puntu 1.

Euskararen arloko masterra: 2 puntu.

Hezkuntzarekin edota hizkuntzekin erlazionaturiko masterra/ euskal gaiekin erlazionaturiko masterra: puntu 1.

Bestelako masterra: 0.5 puntu.

Atzerriko Unibertsitateetan euskara irakasteko prestakuntza ikastaroa: puntu 1.

IGI-CAP: 0.5 puntu.

Glotodidaktika ikastaroa: 0.5 puntu.

Excellence in Basque Studies / Bikaintasuna Euskal Ikasketetan ikastaroa: 0.25 puntu.

5.– Proiektu pedagogikoa. Gehienez 5 puntu.

Proiektu pedagogikoaren ebaluazioan, honako irizpide hauek erabiliko dira bai euskarako eta baita euskal kulturako programazioa aztertzean: zehaztasuna, tokian tokiko unibertsitatearekiko eta hartzaileekiko egokitasuna eta koherentzia honako atal hauetan (helburuak, edukiak, metodologia, baliabideen eta bibliografia). Proiektu pedagogikoko gehienezko puntuazio hori aipatutako atal horietako bakoitzean lortutako puntuen batezbestekoa izango da.

6.– Beste meritu batzuk: gehienez 2 puntu. Honakoak hartuko dira kontuan: euskal kulturarekin zerikusia duten jardueretako antolakuntza, argitalpenak, lan eskarmentua humanitateen irakaskuntzan. Irakaskuntzako egindako lan eskarmentuari dagokionez lan egindako ordu kopuru zehatza eta lan hori zein hizkuntzatan egin den/irakaskuntzan emandako gaia zein izan den frogatzeko modua eman beharko da (kontratua/ziurtagiri ofiziala) eskarmentu hori baloratu ahal izateko.

12. artikulua.– Onartuen eta baztertuen zerrenda.

Hautagaien profila ezarritako baldintzekin bat datorrela egiaztatu ondoren, eta eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik gehienez hamabost eguneko epean, Eusko Jaurlaritzako iragarki-taula elektronikoan onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratuko da. Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumenturen bat falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, eskatzaileei jakinaraziko zaie 10 egun balioduneko epea dutela akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, edo dagokion izapidea egitea galduko duela.

Epe hori igarota, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariaren ebazpen baten bidez, onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko da. Eusko Jaurlaritzako iragarki-taula elektronikoan.

Hautapen-batzordeak behin betiko zerrendako hautagaien merituak 11. artikuluan agertzen diren irizpideen arabera aztertuta eta hautapen-batzordeak ezarritako hurrenkeraren arabera, Etxepare Euskal Institutuak hiru hautagai proposatuko ditu. Unibertsitateak hiru hautagai horien artean egokien deritzona aukeratuko du.

Hiru hautagai horiek aztertuta, Unibertsitateak hautagai egokirik ez dagoela irizten badio, zerrendaren hurrenkera jarraituta, Etxepare Institutuak zerrendako hautagai berriak proposatuko dizkio. Unibertsitateak hurrengo dauden hautagaien artean aukeratu ahal izango du irakurletzat nahi duena.

Irakurlearen egokitasuna baloratzeko, unibertsitatetako ordezkariek eskubidea izango dute proposatutako hiru hautagaiak elkarrizketa batera deitzeko.

Deialdi honetan eskainitako plazak esleitu gabe gelditu ahal izango dira honako kasu hauetan:

Eskabide bat bera ere aurkeztu ez bada.

Deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen ez badituzte hautagaiek.

Deialdi hau argitaratu ondoren, dagokion unibertsitateak Etxepare Institutuaren eta bien arteko lankidetza-hitzarmenetan ezarritako baldintzak aldatzen dituenean edo dena delako arrazoiarengatik hitzarmena gauzatzen ez bada edo bertan behera gelditzen bada.

13. artikulua.– Ebazteko eta izapideak egiteko organo eskuduna.

Etxepare Euskal Institutuaren zuzendariak ebatziko du deialdi hau, zioak behar bezala azalduz, Etxepare Institutuak Unibertsitateei proposatutako hautagaiak zehaztuz. Unibertsitateak izango dira azken erabakia hartuko dutenak.

Ebazpena Eusko Jaurlaritzako iragarki-taula elektronikoan argitaratuko da.

Etxepare Euskal Institutuaren zuzendaria izango da betearaztean sor daitezkeen zalantzak eta gertaerak kudeatu eta argitzeko organo eskuduna.

14. artikulua.– Lanpostua esleitzea.

Unibertsitateak hala eskatzen badu, hautatuek medikuaren ziurtagiri ofiziala aurkeztu beharko dute, beren esku utzitako funtzioak inolako eragozpenik gabe bete ditzaketela egiaztatzen duena. Gainera, tokian tokiko unibertsitateko euskara eta euskal kulturako irakurle izaera onartu beharko dute, xede horretarako dokumentu bat sinatuz.

15. artikulua.– Lan-poltsa, ukoak eta ordezkapenak.

Behin Unibertsitate bakoitzeko irakurlea aukeratua izan denean, irakurletza bakoitzerako hautatuak izan ez diren hautagaiekin osatuko dira lan-poltsak eta hautapen-batzordeak emandako puntuazioaren araberako hurrenkera jarraituko dute. Etxepare Euskal Institutuak irakurle postuan hutsuneak sortzen direnean, egokia ikusiz, gero lan-poltsa horietara joko du.

Hautatuek 2021-2022 ikasturtea edo 2022 ikasturtea amaitu baino lehenago euren lanpostuei uko egiten badiote, ezingo dute berriz hautagai izan Etxepare Euskal Institutuko irakurleak hautatzeko hurrengo deialdietan, beraien ukoa behar bezala justifikatutako ezinbesteko arrazoietan oinarritu ezean.

Aurretik aipatutako ukoa onartzen bada, Etxepare Euskal Institutuak dagokion lan-poltsara joko du.

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

Eskatzailearen datu pertsonalak erabiliko dira, eta tratamendu-jarduera honi erantsiko zaizkio: Euskal hizkuntza eta kultura irakurleak eta katedretarako irakasle gonbidatuak.

Arduraduna: Etxepare Euskal Institutua

Helburua: Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko unibertsitateetara bidalitako euskal hizkuntza eta kultura irakurleen zein katedretako irakasle gonbidatuen erregistroa eta kudeaketa.

Legitimazioa:

• Tratamendua beharrezkoa da, aplikagarriak diren lege-eginbideak betetzeko.

• Tratamendua beharrezkoa da, interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean.

• Apirilaren 20ko 3/2007 Legea, Etxepare Euskal Institutua Sortzeko eta Arautzekoa (2007-05-10eko EHAA, 89. zk.).

Hartzaileak: ez da daturik lagatzen.

Eskubideak: datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea du eskatzaileak, baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere.

Informazio osagarria: honako web-orri honetan kontsulta daiteke Datuen Babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua:

https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/057400-capa2-eu.shtml

Araudia:

• Datuak babesteko Erregelamendu Orokorra (www.euskadi.eus/contenidos/informacion/normativa_dpd/eu_def/adjuntos/RGPD-2016_0679_eu.pdf)

• 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta eskubide digitalak bermatzekoa (www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf)

ID: 0574

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Administrazio-bidea amaitzen duen ebazpen honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete interesdunek EEIko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edota administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko dagokion aretoan, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.

Donostia, 2021eko ekainaren 15a.

Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria,

IRENE LARRAZA AIZPURUA.


Azterketa dokumentala